- EBAZPENA, 2012ko otsailaren 16koa, Ingurumen sailburuordearena. Honen bidez ebatzi da Excavaciones Fundi SLk Amorebieta-Etxanon sustatutako Aveleta harrobia handitzeko proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko otsailaren 16koa, Ingurumen sailburuordearena. Honen bidez ebatzi da Excavaciones Fundi SLk Amorebieta-Etxanon sustatutako Aveleta harrobia handitzeko proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 78
- Hurrenkera-zk.: 1785
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/16
- Argitaratze-data: 2012/04/20
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
2005eko azaroaren 16an, Ingurumen Sailburuordetzak manuzko neurri zuzentzaileen txostena eman zuen, Amorebieta-Etxanoko Udalak jarduera baimena eman ziezaion Excavaciones Fundi SLk sustatutako Aveleta harrobiaren ustiategiari.
2011ko azaroaren 7an, Eusko Jaurlaritzaren Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari Amorebieta-Etxanon Aveleta harrobia eremuko ustiapen-eremua zabaltzeko proiektuaren ingurumen-agiria igorri zion, ingurumen-organoak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar duen erabaki dezan.
Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 3. artikuluari jarraiki, eta II. eranskineko 9.k) artikuluarekin lotuta, I. eta II. eranskinetan agertzen diren eta baimenduta, egikaritzen edo egikaritzeko prozesuan dauden proiektuen aldaketa edo hedapen orok ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar du, kasu bakoitzean ingurumen-organoak horrela xedatzen duenean.
Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen duenez, II. eranskinean jasotako proiekturen bat egin nahi duen pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, autonomia-erkidego bakoitzak xedatzen duen organoari eskatu beharko dio erabakitzeko ea proiektuak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluaziorik behar duen edo ez, III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera.
Aipatutako arauko 17. artikuluaren arabera, aurreko artikuluan aipatutako eskabidea jasotzen duen organoak azalduko du ea proiektuak ingurumenaren gainean duen eragina ebaluatu behar den ala ez, autonomia-erkidegoak ezartzen duen epean. Hala ere, aurretik, proiektuaren betearazpenaren ondorioak jasango dituzten administrazioak, pertsonak eta erakundeak kontsultatuko dira, eta proiektuaren ingurumen arloko dokumentua haien eskueran jarriko da.
2011ko azaroaren 23an, Ingurumeneko sailburuak zabaltze-proiektuaren aldaketak eragiten dien administrazio eta erakundeei jarduketak ingurumenaren gainerako eragina ebaluatzeko prozeduraren pean jarri beharraz eta, hala balitz, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 17.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumenaren gainerako eraginaren ikerketak jaso behar lituzkeen edukiaz eta gutxieneko irismenaz galdetu zien.
Erantzun dute Osasun Sailak, Ondarearen Zuzendaritzak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak eta Osasun Saileko Bizkaiko Lurralde Zuzendariordetzak, guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak bai eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak eta Kultura Zuzendaritzak, eta Ihobek.
Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzaren iritziz proiektua burutzeak ez du osasun publikoan eragin nabarmenik izango.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du sailean ez dagoela lanek eragin dezaketen kultur intereseko elementurik.
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Zuzendaritzak jakinarazi du proiektuak ez duela nekazaritzako lurzoru edo erabileretan eragin nabarmenik izango.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak jakinarazi du harrobiak ez duela lotura geografiko edo funtzionalik Natura-gune Babestuekin Natura 2000 sarea eta babespeko bestelako espazioekin eta ez dela eragin handia izango biodibertsitatean, aldaketaren bidez baimendutako mugez kanpoko neurri zuzentzaileak hartzean.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du ez dagoela Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko Kalifikatutako edo Zerrendatutako Kultura-ondasunik, baina ondare arkeologikoaren harira, proiektuak eragina du eskas ezagututako kultura potentziala duten lurzoruetan, beraz, ezinbestekoa da lurren eduki arkeologikoa ebaluatzeko azterlana egitea, lanari ekin baino lehen.
Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak txostenean adierazi duenez, proiektuaren esparruan ez dago irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako lursailik; lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa da Dekretua.
Proiektuak ingurumenaren gainean izan dezakeen eragina neurtze aldera, eskura dagoen informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, Proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideei heldu zaie. Azterketaren emaitza honako hau izan da:
Proiektuaren ezaugarriak.
Silize hareak ustiatzen dituen harrobiaren ustiatze proiektuaren arabera, 10 metro garai eta 5 metro berma duten 4 banku dira azkenez. Indarreko proiektuaren diseinuaren arabera sortutako ezpondak ez dira egonkorrak eta luizia handiak gertatu dira.
Hortaz, beharrezkoa da proiektua aldatzea ustiategian sortutako ezpondak egonkorrak izan daitezen. Horretarako, bankuak kenduko dira eta beheranzko ustiapena egingo da eta ezponda duten bermak utzi beharrean, aldapa ez oso pikoa utziko da lurrean eta zuloa betetzen joango da antzuekin, hegoaldeko ezponda egonkortzeko eta lurraren jatorrizko morfologia berreskuratzeko.
Proiektuak dakarren aldaketa morfologikoa dela eta, berreskurapena aldatzen da hasierako proiektuari dagokionez, eta egungo proiektuan, sortutako zuloa osorik beteko da.
Bankuetatik harrobiko plazara botako da materialen isurkina. Materiala kamioian eramango da. Horrela txikituko da hauts iturri bat.
Egungo tratamendu plantaren ordez txikitzeko ekipo mugikorra jarriko da, eta hauts gutxiago sortuko da makina modernoagoak direlako.
Urteko produkzioa handituko da, alegia, baliabide oso ustiagarria 240.112 tn izatetik 719.435 tn izatera 24 urteko apean, beraz, ustiapena 6 urtez luzatuko da. Hala ere, produkzio erritmoa handitzea eta ustiatu beharreko osoko kopurua handitzea ez dira handiegiak.
Jarduerak dagoeneko baditu beharrezko instalazio, makinaria eta azpiegiturak, beraz, ez da adierazitakoez gain, beste ekintzarik aurreikusi behar.
Aurrekoaren argira, iritzia da proposatutako zabaltzea ez dela proiektu garrantzitsua, erauzitako baliabideen bolumenari, eragindako azalerari edo iraupenari dagokionez.
Proiektuaren kokapena.
Lehen esan bezala, harrobiak ez du lotura geografiko edo funtzionala Natura-gune Babestuekin, Natura 2000 sarean integratutako lekuekin edo babes figura baten menpeko edo ingurumen baliabide bereziki baliotsuak dituzten lekuekin.
Ustiapen azalera ia landarerik ez duen eta egungo ustiapenak aldatutako eremuan handituko da. Natur landareetako eragina oso txikia da, baldin eta neurriak hartzen badira harrobiak sustatzaileak emandako dokumentazioko mugak gaindi ez ditzan.
Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak.
Proiektua burutzen den bitartean, ingurunea nolabait eragingo da, esekidurazko solidoak tarteka isurtzearen, hauts-igorpenen eta zarata eta bibrazioak sortzearen ondorioz. Hala eta guztiz ere, ez da aurreikusten eragin horiek egungoen mota eta garrantzi desberdinekoak izango direnik. Sustatzaileak aurreikusi dituen neurri zuzentzaileak eta ebazpen honetan ezarritakoak aplikatzen badira, ustialekua zabaltzearen ondoriozko ingurumen-eraginak ez dira garrantzitsuak izango.
Organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua aztertu ondoren, honako hau
Excavaciones Fundi SLk Amorebieta-Etxanon duen Aveleta harrobiaren ustiapena handitzeko proiektuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea, baina ondoko baldintzak bete behar dira proiektua gauzatzeko:
Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartu beharko dira, Ingurumen Sailburuordetzaren 2005eko azaroaren 16ko Aveleta harrobia ustiatzeko jarduerari dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko txostenean ezarritakoak osatzeko, bai eta proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutakoak ere.
Bertako zenbait baso-espeziei buruzko berariazko araudiaren inguruko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan xedatutakoa eta hala badagokio, Bizkaiko Foru Aldundiko mendiak kudeatzeko organo eskudunak ezarritakoa kontuan izaki, natur landareek okupatutako eremuetan (baso azidofiloa, Quercus robur) oso adi ibili beharko da, ustiakuntzarako beharrekoa den azalera baino gehiago ez ukitzeko.
Ustiapen-proiektuan aipatutako eragin-eremutik kanpo ez da inolaz ere kalterik sortuko; ez zuloak irekitzeagatik edota pista eta sarbide berriak, hondakindegiak edo indusketako beste edozein jarduera lagungarrirengatik.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa beteko dela bermatzeko, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta. Zedarritze hori plano takimetrikoan azaldu behar dira: 1:1.000; metro bateko edo bost metroko ekidistantzia mailako bihurguneetarako.
Badauden instalazioetan hauts-igorpenak murrizteko neurri babesle eta zuzentzaileak aurreikusitako birrintzeko talde mugikor berriari zabalduko zaizkio, jarduerak Airearen kalitateari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuan ezarritako muga-balioak ez gaindi ez ditzan.
Ustiategiko hautsa murrizteko sistemari ahalik etekin gehien ateratzeko, hura behar bezala erabiltzeko jardunbide egokien kode bat ezarri behar da eta harrobiko langileei nola erabili irakatsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan ureztapen-sistema aktibatu beharko da eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.
Jarduera urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan jaso da. Dekretu horretan, Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueren Katalogoa gaurkotzen da eta berori aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira; beraz, jarduera baimen-araubidepean eta Atmosfera Kutsa ditzaketen jarduerak garatzeko instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren gainerako betebeharren menpe egin beharko da.
Harrobian sortutako isurketa-urak drainatzeko sarea ustiapenaren fase bakoitzaren geometriara egokitu beharko da, ustiapenak eragindako eremuan dabiltzan ur guztiak bildu eta dekantazio-baltsen sistemara eramateko.
Dekantazio-putzuaren ezaugarriak eta putzu horietatik ubidera urak isurtzeko baldintzak isurtze baimenean ezarritakoak izango dira.
Ura tratatzeko sistemak aldian-aldian garbitu behar dira, tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzeko eta uneoro erabilera gaitasun nahikoa eduki dezaten.
Erregaien zama-lanak, olio aldaketak eta ibilgailuak mantentzeko eta konpontzeko lanak zola iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema dauzkan leku batean egingo dira, nahi gabe egiten diren isurketen ondorioak arintzeko.
Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makinak kanpoaldean erabilitako makinen soinu emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenei lotu behar zaizkie eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari ere bai.
Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 2011/28 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Hondakin guztiak, haien balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, balioztatzaile baimendu bati igorri beharko zaizkio.
Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira 2001eko otsailaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera; erabaki horrek hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen ditu, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluari eta II. eranskinari jarraituz.
Proiektua burutzen den bitartean, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak sortzen badira (onura-instalazio berriak burutzea, instalazio zaharkituak eraistea, etab.), otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan, eraikuntza eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituenean, aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.
Olio erabilia kudatzeko honakoak hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.
Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.
Hondakin eta lurzoru kutsatuen uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatutakoaren kaltetan izan gabe, honako material hauek soilik erabili ahal izango dira: harrobiko plaza betetzeko erauzketa jarduerako errefusak soilik erabili ahal izango dira, bai eta VIE-aren ebaluazioaren balio adierazgarrien azpitik dauden (otsailaren 4ko lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 1/2005 Legearen I. eranskinean biltzen dira balio horiek) kutsatzaile-mugak dituzten lur eta harkaitz indusketako soberakinak ere.
Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko xedapenak gorabehera, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek egoki diren neurriak ezar ditzan.
Erauzketa-jarduerek kaltetutako naturguneak leheneratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta gai honen inguruan aplikatu beharreko gainerako legerian ezarritakoaren kalterik gabe, erauzketak eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, bai eta aurkeztutako lehengoratze-planean ageri ez arren, ustiapenaren ondorioz eraldatu direnak ere.
Landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.
Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzari, proiektuaren sustatzaile Excavaciones Fundi SLri eta Amorebieta-Etxanoko Udalari jakinaraztea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 16a.
Ingurumeneko sailburuordea,
ª ARANZAZU Leturiondo ARANZAMENDI.


