- EBAZPENA, 2012ko otsailaren 29koa, HABEren zuzendari nagusiarena, Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera, egiaztatzeko gaitasun-proben deialdi berezia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko otsailaren 29koa, HABEren zuzendari nagusiarena, Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera, egiaztatzeko gaitasun-proben deialdi berezia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Kultura Saila; HABE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 59
- Hurrenkera-zk.: 1406
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/29
- Argitaratze-data: 2012/03/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Funtzio publikoa; Instituzional
Testu legala
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak zehazten du Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura, oinarri hartuz Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma onartzen duten 2000ko urtarrilaren 24ko eta 2006ko martxoaren 13ko Aginduak.
Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak helburu du euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetza finkatu eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzea.
Horrela, aipatutako 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak, 9. artikuluan, aurreikusten du deialdi ohiko zein bereziak egiteko aukera, eta xedatzen Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutakoak beti bereziak izango direla.
Ildo beretik, aipatu Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du, ikaslearen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango duela azterketariak maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea.
Azkenik, aipatu Aginduak zehaztutakoa jarraituz eta garatu nahian, eskumena ematen zaio HABEren zuzendari nagusiari, ebazpenez gaitasun-proben deialdiak egin eta azterketaldion beharrezko xehetasunak arautzeko.
Hori dela eta,
Oinarrizko antolaketa
Ebazpen honen xedea da 2012. urteko azterketa-deialdi berezia egitea Euskal Etxeetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua dira azterketariaren hizkuntza-gaitasunaren neurketaren oinarri.
Deialdia HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak zedarritutako lehen, bigarren eta hirugarren mailak egiaztatzeko egiten da.
Ebazpen honi atxikirik doan I. eranskinera bilduta daude gaitasun-proba hauen ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa. Maila horiek egiaztatu nahi dituen azterketariak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzarentzat xedatutako gutxienekoak trebetasun bakoitzean gainditu beharko ditu, ahoz zein idatziz.
Gaitasun-probok azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboa neurtzeko dira.
Euskal Etxeetako azterketari-kopurua aurreikusita, 2012. urtean Madril, Bartzelona eta Buenos Airesen egingo dira euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko azterketak.
Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.net atariaren bidez egingo dira, administrazioarekiko errekurtsoen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, ikaslegoak www.habe.euskadi.net erabiliz gauzatuko ditu Ebazpen honetan horrela xedatutako izapideak.
Azterketariek onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenden aurka egiteko edota proba idatzi edo ahozkoan izan emaitzen aurka egiteko, erreklamazioa aurkez lezakete. Erreklamazioak, lehenengo aukeran deialdiaren arduradunari zuzenduko zaizkio, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi egun naturaleko epean; eta bigarrenean, emaitzen aurka denetan, epaimahaiari, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bost egun naturaleko epean, horretarako www.habe.euskadi.net atarian berariaz emandako erreklamazio-inprimakia betez.
Posta elektronikoz igorriko zaio erreklamaziogileari, berak emandako helbidera, aurkeztutako erreklamazioari buruzko erabakia oinarritzen duen irizpen arrazoitua.
Azterketariak bere espedientea ikusi nahi badu, deialdiko behin betiko zerrendak argitaratu eta hamar eguneko epea izango du HABEren Azterketa-batzordearen buruari eskaera egiteko. Idatziak zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako egoitzarena da: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Azterketariek onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenden aurka zein emandako behin betiko emaitzen aurka, HABEren zuzendari nagusiaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa egin dezakete idatziz, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean. Bi aukerotan, HABEren zuzendari nagusiak, horrela badagokio, irizpena eskatuko dio HABEren Azterketa-batzordeko buruari, hamar eguneko epean dagokion irizpena eman beharko duelarik.
Egiaztatze-deialdiko gora jotzeko errekurtsoen idatziak zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako Erregistro Nagusiarena da: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Halere, egiaztatze-deialdi honetako gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo ebazpen honetan jasotako ohiko prozedurak.
Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen erregistroan inskribatuta dagoen Euskal Etxeren batean matrikulatua izatea.
Azterketariak Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen erregistroan inskribatuta dagoen Euskal Etxeren batean 2011ko uztailaren 1etik 2012ko martxoaren 30a bitartean euskara ikastaroetan matrikulatuta egon behar du.
Maila aitortua.
Egiaztatze-deialdi honetara aurkezteko, ezinbestekoa izango du azterketariak matrikulatu nahi dueneko maila gainditua izatea Euskal Etxean aurreko atalean aipatutako datetarako.
Euskal Etxean matrikulatuta egon eta, behar den datarako, ikasten ari den maila Euskal Etxean gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du, nahiz eta maila horretan Euskal Etxean matrikulatuta izan ez.
Euskal Etxeak, Ebazpen honen 6. artikuluan adierazitako egunerako, deialdiaren arduradunari luzatuko dio akreditazio-probetan parte hartu nahi duten ikasleen zerrenda, euren datuak jasoz eta dagozkien gaitasun-mailen gutxienekoak egoki ziurtatuz, mailaz mailako kodeetan:
Lehen maila: 106 kodea.
Bigarren maila: 109 edo 201 kodeak.
Hirugarren maila: 112 edo 202 kodeak.
Deialdiaren xehetasunak
HABEk www.habe.euskadi.net atarian emango du jakitera deialdia egituratzeko antolatu den egutegia: matrikula-epea; onartuen behin-behineko zerrendak eta behin betiko zerrendak argitaratzeko egunak; proba idatziaren data; proba idatziaren emaitzak argitaratzeko eguna; ahozko probaren data; ahozko probaren emaitzak argitaratzeko eguna eta emaitza orokorrak jakinarazteko data.
HABEk egutegian azalduko diren egunak alda ditzake deialdirako prozeduretan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.
Matrikula 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Kulturako sailburuaren 2011ko irailaren 23ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoetarako.
Gaitasun-proba egiteko izena ematea internet bidez bideratuko da, www.habe.euskadi.net atarian matrikula-inprimakia betez.
Matrikularen ordainketa ere internet bidez egin ahal izango da edo, bestela, bide hori eskaintzen duten aurrezki-kutxa edo banketxeetan, izena ematean eskuratu den matrikula-inprimakia erabiliz eta bertan esaten den epearen barruan. Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez dira bueltatuko; oker bat izan, eta maila bereko matrikula birritan ordaindu izana salbuetsiz.
HABEk azterketariaren matrikularen ordainketa ziurtatutakoan emango du gauzatutzat eta osatutzat matrikulatze-prozesua.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen behin-behineko zerrendak osatuko ditu HABEk eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko.
Erreklamazio-epea amaitu ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraiki, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko ditu HABEk azterketari horren aukerak bermatzeko. Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, eskaera egin beharko dio azterketariak, dagokion Euskal Etxearen bidez, deialdiaren arduradunari azterketaldirako matrikula egiteko garaian, bertan elbarritasuna agiri ofizialez zurituz eta zer egokitzapen eskatzen duen azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema...).
Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere ekainaren 9ko,1822/2006 PRE Aginduari, edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraiki.
HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraiki, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio-atalak ahozko zein idatzizko probak diseinatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri izaki.
Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik; eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.
Gaitasun-probok deialdiko lehen, bigarren eta hirugarren mailetan egingo dira, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 7. artikuluaren eta Ebazpen honen I. eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.
Euskal Etxe bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan partehartzea eskatzen duten azterketari-kopurua 10 baino gutxiago bada, idatzizko eta ahozko azterketak egun berean eta azterketari guztiei egingo zaizkie. Bestela, egun ezberdinetan egingo dira, eta ahozko probara aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da proba idatzia gainditua izatea.
Dena den, gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak I. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzean gaitasun-probak 100 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
Gaitasun-probetarako hizkuntz trebetasunak neurtzeko probek Euskaltzaindiak indarrean jarritako arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.
Azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts lezake, ahozkotasuna neurtzeko jarritako probetan, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun eta jariotasun-maila hau aintzat hartu eta balioetsiko dute, azterketarioi azkeneko emaitza jartzean.
Gaitasun-probok azterketa norena den jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek, zuzenketa anonimoa bermatuz.
Idazmena. Eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoa kontuan hartuz, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa eman:
Eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean kalifikatuko da.
Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10a baino gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu jarriko zaizkio, baldin eta 2011ko urtarrilaren 19ko Kulturako sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta ebazpen honen eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan azterketariak ONGI kalifikazioa lortzen badu.
Eskatutako hitz-kopurua baino % 10 gutxiago idatzi badu azterketariak, kasu guztietan, 5 puntu emango zaizkio.
Mintzamena. Mintzamena neurtzeko gaitasun-proba guztiak grabatu egingo dira.
Idatzizko zein ahozko proben kalifikazio-aktak egingo dira. Ondorioz, bi akta-eredu izango dira: proba idatziarena eta ahozko probarena, epaimahaiko kideek izenpetuko dituztenak, aztertzaile eta tutorearen balorazioak jaso ondoren.
Gaitasun-proben idatzizko eta ahozko emaitzak, eta behin betiko emaitzak argitaratuko dira www.habe.euskadi.net atarian, mailaz maila, trebetasunez trebetasun. Eta egiaztagiriak luzatzeari begira, HABEren zuzendari nagusiari jakinaraziko zaizkio, ondoren erregistroan alta emanak izan daitezen.
Gaitasun-probon kudeaketan, parte hartu duen azterketariaren datu pertsonalak erabili eta argitara ematen dira deialdiaren aldian aldiko urratsetan (matrikulatzean, onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzean, azterketen emaitzak jakinaraztean...). Hori dela eta, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuz indarrean jarritakoa kontuan hartuz, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriak bete ahal izateko, deialdi honetan parte hartzen duen azterketariak baimena ematen dio HABEri bere datu pertsonalak Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduretan erabili eta argitaratzeko.
Datu eta informazio hau guztia izaera pertsonala duen fitxategi batean egongo da jasota. Datuok ezagutzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edota datuon aurka egiteko azterketariak dituen eskubidez baliatu nahi izanez gero, HABEren Erregistro Nagusira jo behar du.
Deialdiaren ondorengoak
2011ko abenduaren 23ko 6/2011 Legearen 29. artikuluak zehaztutakoaren arabera, 2012. urtean, 19,83 euroko tasa ordaindu beharko da egiaztatu den maila bakoitzeko agiria eskuratzeko, eta 1,84 euro agiriaren duplikatua eskuratzeko. Hurrengo urteetan, agiria eskatuko balitz, eskari-unean indarrean legokeen tasa ordaindu beharko litzateke.
HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, eskatu eta gaitasun-proba gainditu duen azterketariari, behin honek eskatu eta, aurrezki-kutxa edo banku bidez edo internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
Funtzio-esleipenak eta izendapenak.
Ebazpen honetan araututako deialdiaren antolaketa eta gauzatzea dela eta, segidan aipatzen diren funtzio-esleipenak eta izendapenak egiten dira:
Azterketa-batzordea: Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 13. artikuluak ezarritakoari jarraiki, 2012. urtean izango diren deialdietarako eratutako Azterketa-batzordeak, aipatu artikuluak ezartzen dizkion funtzioez gain, deialdi berezi hau dela eta, bere egingo ditu aipatutako Aginduak maila bakoitzeko epaimahaiei ezartzen dizkienak.
Deialdiaren arduraduna: deialdi berezi honen arduradunak bere egingo ditu aipatutako Aginduak, 17. eta 18. artikuluetan Tutoreei eta Lurralde-arduradunei ezarritako funtzioak.
Horretarako, deialdi berezi honen Arduradun izendatzen da: Jose Francisco Zinkunegi Uzkudun.
Aztertzaileak: aipatutako Aginduaren 16. artikuluak ezarritako funtzioak eta betebeharrak izango dituztelarik, aztertzaile izendatzen dira:
Errukine Olaziregi Gomez: Madrilgo Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.
Jose Angel Odiaga Galletebeitia: Bartzelonako Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.
Gabriel Arce: Buenos Airesen egingo diren egiaztatze-probetarako.
Sabrina Otegui: Buenos Airesen egingo diren egiaztatze-probetarako.
Halaber, proba hauek zuzentzeko eta baloratzeko, deialdi honetan aztertzaile aritu ahal izango dute, horretarako baldintzak betez, 2012ko ohiko deialdietarako izendatuak izan direnek.
Lehenengoa. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita jarriko da indarrean.
Bigarrena. Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.
Hirugarrena. Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Donostia-San Sebastián, 2012ko otsailaren 29a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA IÑAKI URIBE BURGOA.
(Ikus .PDF)


