Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariarena; honen bidez onartu egiten da Osasun Txartel Indibidualaren modelo berria, osasun-prestazio publikoetarako eskubidea aitortzen duen dokumentu administratibo gisa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariarena; honen bidez onartu egiten da Osasun Txartel Indibidualaren modelo berria, osasun-prestazio publikoetarako eskubidea aitortzen duen dokumentu administratibo gisa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1567
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/03/20
  • Argitaratze-data: 2012/04/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Estatuko Osasun Sistemaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 57. artikuluaren bidez arautu zen, lehenengoz, Osasun Txartel Indibiduala. Gerora, artikulu hori Osasun Txartel Indibiduala arautzen duen urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretuaren bidez garatu zen. Errege Dekretu horren 2. artikuluan adierazten denez, autonomia-erkidegoetako osasun-administrazioek eta Kudeaketa Sanitarioko Institutu Nazionalak euskarri informatikodun osasun-txartel indibidual bat eskuratuko diete euren lurralde-eremuan bizi diren eta arreta sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta duten pertsonei. Txartel hori Estatuko Osasun Sistema osoan izango da baliagarria, eta sistemaren osasun-zentro eta zerbitzuetara sartzeko aukera emango du, legedian ezarritako eran. Errege Dekretu horren 3. artikuluan ezarrita daude Osasun Txartel Indibidualean jaso beharreko oinarrizko datu komunak.

Hortaz, estatuko arau horretan bilduta daude Osasun Txartel Indibidualean jaso beharreko oinarrizko datuak. Txartel hori Estatuko Osasun Sistema osoan izango da baliagarria, eta autonomia-erkidegoen egitekoa izango da txartela herritarren eskura jartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko araudiari dagokionez, Euskal Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritako Bitariko Batzordeak 1987ko ekainaren 17an sinatutako Akordioaren arabera, asistentzia sanitarioaren arloan Osasun Institutu Nazionalak eskaintzen dituen funtzio eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatuko zaizkio. Akordio hori Osasun Institutu Nazionalaren eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzko azaroaren 6ko 1536/1987 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren bidez onartu zen.

Insaluden transferentzia 1988ko urtarrilaren 1ean gauzatu zen, eta, era horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzu publiko guztiak Euskal Osasun Zerbitzu bakar batean bateratzea lortu zen, hala ezarrita baitzegoen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari buruzko maiatzaren 19ko 10/1983 Legean eta Osasuneko Lege Orokorrean.

Osasun-zerbitzu publikoak bateratzeaz batera, hainbat berrikuntza-neurri hartu beharra zegoen, eta, horien artean, Osasun Txartel Indibiduala indarrean jartzea zen garrantzitsuenetako bat. Izan ere, txartel horrek, batetik, erabiltzaileentzat batasun-ikuspegia zekarren, eta, bestetik, erabiltzaileak banan-banan identifikatzen zituenez, herritarren beharren araberako zerbitzuak antolatzea eta arreta pertsonalizatua eskaintzea ahalbidetu zuen.

Urriaren 4ko 252/1988 Dekretuak Osasun Txartel Indibidualaren erabilera, fakultatiboen atxikipena eta pediatriako arreta eskaintzeko adina arautzen ditu.

Osasun Saileko Zerbitzu eta Araubide Ekonomikoko zuzendariaren 2001eko uztailaren 11ko Ebazpenaren bidez, Osasun Txartel Elektronikoaren ezarpena onartu zen (Osasun Txartel Elektronikoaren Proiektua). Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 45.4 artikuluak honako hau ezartzen du, xedapen-zatian: «Eskumena duen organoak aldez aurretik ontzat eman behar ditu administrazio publikoek euren ahalez baliatzeko erabiliko dituen programa eta aplikazio elektronikoak, informatikoak eta telematikoak. Horrez gain, organo eskudun horrek jakitera eman behar ditu programen eta aplikazioen ezaugarriak».

2001eko ekitaldian abian jarri ziren izapidetze telematikoa (lehenago aipatutako Osasun Txartel Elektronikoa), osasun-prestazio publikoen arloko zenbait prozedura, aseguramendu sanitarioa eta prebentzio-arloko informazio sanitarioa; eta, hain zuzen, berrikuntza horiek ahalbidetu zuten aipatutako osasun-zerbitzuetara sartu ahal izatea, 252/1988 Dekretuan ezarritako moduan sartu ere (urriaren 4ko 252/1988 Dekretua, Osasun Txartel Indibidualaren erabilera ezartzen duena).

Osasun sailburuaren 2004ko azaroaren 22ko Aginduaren bidez, sinadura elektronikoaren erabilpen arauak ezartzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistemarekin bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez harremanetan jartzeko. Horren haritik, herritarren eta EAEKo Osasun Sistemaren Administrazioaren arteko harremanak bideratzeko, agertoki berri bat sortu zen, e-Salud-en jarduera-eremuan, eta agertoki hori telematikoki eskainitako zerbitzu-multzo batean gauzatu zen, Osasuna Eskura deiturikoan, hain zuzen.

Ikuspegi teknikotik, Osasun Txartel Elektronikoari eutsi egin zitzaion, osasun-zerbitzuak baliatzeko giltza zen aldetik betiere, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legean ezarritakoaren arabera, eta erabiltzaileak identifikatzeko tresna zen neurrian betiere, Osasun Txartel Indibidualaren erabilera ezartzen duen urriaren 4ko 252/1988 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Osasun Sailak konpromiso handiagoa hartu zuen ziurtatze-politikak aplikatzerakoan (ziurtagiri aitortua), eta, hala behar zenean, erregistro-erakunde baten egitekoa ere bete zuen. Bestalde, 2004ko azaroaren 22ko Aginduaren bidez, ziurtatze-sistema aldatu zen: sistema horretan sartu ziren bai izenpe elektronikoaren sistema, bai ziurtatze-erakundearen eginkizunak beteko zituen erakundea, hau da, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa (Izenpe), S.A. sozietatea. Azkenik, agindu horretan aurreikuspen berriak egin ziren, zenbait proiektu ezartzea errazteko asmoz, hala nola, errezeta elektronikoa, borondate aurreratuei buruzko agirien kudeaketa EAEko Osasun Sisteman, eta aldi baterako ezintasunaren agiri bidezko kudeaketa, hori guztia informazio-gizartearen zerbitzuetako baliabide teknikoen euskarrien bitartez egina.

Azkenik, teknika telematikoen erabilerari dagokionez, aipatutako aginduan bereziki aintzat hartu zen herritarren eskubideak bermatzea, betiere Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Osasuneko sailburuordearen 2007ko azaroaren 22ko Ebazpenaren bidez, Osasun Txartel Indibidualaren modelo berria onartu zen (ONA), EAEko Osasun Sistemak bermatzen dituen osasun-prestazioetarako eskubidea aitortzen duen dokumentu gisa.

Bestalde, 2008ko urtarrilaren 31n, 232/2007 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, argitaratu zen, eta, beraren bidez arautu egiten da administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera. Dekretu horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa arau-esparru batez hornitzea, hain zuzen ere administrazio-prozedurak bitarteko elektroniko bidez izapidetzeko beharrezko diren printzipio informatzaileak, berme orokorrak eta tresnak arautuko dituena esparru batez, betiere Herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko 11/2007 Legean ezarritako printzipio, eskubide eta bermeak errespetatuz.

Abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren bidez arautu ziren izapidetze elektronikoa gauzatzeko bitartekoak, eta, horien artean, izenpe elektroniko aitortua nabarmentzen da, Administrazioaren eta herritarren jardueren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzen duen tresna gisa.

Abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak onartu egiten du ziurtagiri elektroniko aitortuen erabilera, baldin eta ziurtatze-zerbitzuen emaileek egindakoak badira eta ziurtatze-zerbitzuen emaileak horretarako beharrezkoa den informazioa helarazi badio Administrazioari baldintza teknologiko bideragarrietan eta kosturik eragin gabe.

Abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 20. artikulua betez, Jaurlaritzaren lehendakariordearen 2009ko urtarrilaren 15eko Aginduak arautu egiten du ziurtagiri elektronikoak onartzeko araubidea, hau da: agindu horrek arautu egiten du nolako baldintzak eta betekizunak bete behar dituzten ziurtagiri elektroniko aitortuek eta ziurtagiriak ematen dituzten zerbitzu-emaileek, 232/2007 Dekretuaren aplikazio-eremuan sartuta dauden erakunde publikoekin harremanak bitarteko elektronikoz izateko (abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua, Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena).

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak EAEko Osasun Sistemaren kontzeptuan eta norabidean aldaketa sakona ekarriko duen proiektu bati ekin dio. Aldaketa horren oinarria nagusietako bat informazioaren eta komunikazioaren teknologiak dira, osasun-zerbitzuak urrutitik ematea ahalbidetzen baitute.

Gauzak horrela, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak osasun-txartel berri bat jarriko du martxan, osasun-prestazio publikoetarako eskubidea aitortzen duen dokumentu administratibo gisa. Txartel hori 2012an zabalduko da, eta honako helburu hauek beteko ditu: i) azkar eta era masiboan banatzea, ii) elkarreragingarritasuna bermatzea eta iii) urrutiko izapidetzea ahalbidetzea.

Osasun Txartel Indibidualaren egiteko nagusia da osasun-zerbitzuetara sartzeko aukera bermatzea asistentzia sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta duten pertsonei. Nolanahi ere, osasun zerbitzu ez-presentzialetan, beharrezkoa da gailu elektroniko bat izatea, erabiltzaileari sarbide segurua bermatuko diona.

Ezaugarri tekniko berriei esker, Osasun Txartel Indibidual berriak sarbide segurua bermatuko du, osasun-zerbitzu ez-presentzialetan. Txartel horretatik kanpo utziko da izenpe elektroniko aitortua; izan ere, funtzionaltasun horretarako, egun erabilgarri dauden eta legediak horretarako aitortuak dituen gailuak baliatuko dira.

Hortaz, osasun-txartel berria zabaltzen bukatu ondotik, asistentzia sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta duen orok txartel hori erabiliko du, osasun-zerbitzu ez-presentzialak baliatu ahal izateko.

Horrenbestez, Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuaren 10.1.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 6ko EHAA, 214. zk.), honako hau

Lehenengoa. Txartel berriaren ezaugarri teknikoak onartzea:

Hurbiltasun-antena, K bateko MIFARE NXP txipa duena.

Kriptografia simetrikodun txipa: DES eta 3-DES (gako publikodun kriptografiarik eta ziurtagiri digitalik gabekoa).

Hertsagarritasun handiko banda magnetikoa.

Java txartela, honako estandar hauek edo goragokoak dituena: JavaCard 2.1.x eta Open Platform 2.0.x.

Koordenatu-jokoa.

Bigarrena. Diseinuaren ezaugarriak onartzea: Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Txartel berriak honako datu hauek izango ditu idatzita:

Txartela egin duen administrazio sanitarioa.

Txartelaren titularraren izen-abizenak.

Identifikazio pertsonalaren kodea, txartela egin duen administrazio sanitarioak emana.

Farmazia-prestazioaren modalitatea.

Estatuko Osasun Sistemaren identifikatzailea.

Osarean-en harreman-datuak (web helbidea eta telefono-zenbakia).

Kode-matrizea (koordenatu-jokoa).

Balio-epea.

Osasun Txartel Indibidualaren identifikazio-karaktereak, Braillez idatziak (erabiltzailearen eskariz).

Hirugarrena. Agiri horiek badirela eta balio dutela jakinaraztea EAEko Osasun Sistemako egitura eta zerbitzuei, bai eta Estatuko Osasun Sistemari ere, erabiltzaileek osasun-prestazioak jasotzeko aukera izan dezaten.

Laugarrena. Ebazpen honetako testuan zehaztu denez, Osasun Txartel Indibidual berria honako helburu hauek betetzeko erabiliko da: i) osasun-zerbitzu presentzialetarako sarbidea bermatzea asistentzia sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta duen orori ii) osasun-zerbitzu ez-presentzialetarako sarbide segurua bermatzea, asistentzia sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta duen orori, alde batera utzita izenpe elektroniko aitortuaren funtzionaltasuna; izan ere, funtzionaltasun horren beharra dagoenean, egun erabilgarri dauden eta legediak horretarako aitortuak dituen gailuak baliatuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden gainontzeko osasun-txartel indibidualek ez dute bermatzen segurtasunez sartzea Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak abian jarriko dituen zerbitzu ez-presentzial guztietara, hau da, on line zerbitzuetara. Hortaz, osasun-txartel indibidual berria zabaltzen bukatu ondotik, asistentzia sanitario publikorako eskubidea egiaztatuta duen orok txartel berria erabiliko du, osasun-zerbitzu ez-presentzialetara sartu ahal izateko.

Bosgarrena. Ebazpen hau argitaratzea, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 20a.

Aseguramendu eta Kontratazioko zuzendaria,

PATRICIA ARRATIBEL UGARTE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik