- EBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Portu eta Aireportuen zuzendariarena, Gipuzkoako portuetan itsas bidaia turistikoak egiteko administrazio-baimena emateko lehiaketa publikorako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko martxoaren 20koa, Portu eta Aireportuen zuzendariarena, Gipuzkoako portuetan itsas bidaia turistikoak egiteko administrazio-baimena emateko lehiaketa publikorako deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 75
- Hurrenkera-zk.: 1719
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/03/20
- Argitaratze-data: 2012/04/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Herri Administrazioa; Ogasun
Testu legala
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko azaroaren 24ko 607/2009 Dekretua aldatzen duen azaroaren 30eko 328/2010 Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak baliatuz
Lehiaketa publiko honen xedea da 2012an zehar Gipuzkoako portuetan itsas ontzia amarratzeko eta bidaiarientzako itsas garraioko zerbitzu publikoan jarduteko administrazio-baimena ematea.
Lehiaketan nahi duten pertsona fisiko eta juridikoek parte hartu ahal izango dute, espainiarrek nahiz atzerritarrek, baldin eta jarduteko gaitasuna badute, deialdian ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte, eta 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 60.1 artikuluaren araberako kontratatzeko debekurik ez badute.
Espedientea izapidetzen ari den Zuzendaritza: Portu eta Aireportuen Zuzendaritza
kalea: Donostia 1 - Lakua 1-7. solairua; 01010 Vitoria-Gasteiz
Telefonoa: 945 01 97 16/17
Faxa: 945 01 97 86.
Administrazio-baimena eskuratzeko eskabide-orri normalizatua Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren webgunean egongo da (www.garraioak.ejgv.euskadi.net), Portu eta Aireportuen Zuzendaritzaren Baimenak-Emakidak atalean.
Eskabidea eta dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Portu eta Aireportuen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz.
Gutun-azalaren kanpoko aldean honako hau jarri beharko da: «Lehiaketa, Gipuzkoako portuetan 2012an itsas bidaia turistikoak egiteko administrazio-baimena emateko».
Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 20 egun naturaletara amaituko.
Eskabideari, harremanetarako helbidea eta telefonoa ere jarrita, honako agiri hauek gehitu beharko zaizkio:
Eskatzailea pertsona fisikoa bada, interesdunaren NANa edo, ordezkaria badu, ordezkariaren NANa eta notario-ahalordea.
Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresa eratzeko eta, halakorik bada, aldatzeko eskritura, dagokion Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuta.
Baimenen ondorio diren betebeharrei aurre egiteko kaudimen ekonomiko, tekniko eta profesionala egiaztatzea.
Ekonomia- eta finantza-kaudimena egiaztatzeko finantza-erakundeen adierazpenak aurkeztu beharko dira.
Kaudimen teknikoa eta profesionala, parte hartuko duten talde teknikoaren deskribapenaren bidez egiaztatuko da.
Memoria bat, lokalean burutu nahi den jarduera deskribatuko duena eta gutxienez honako hauek jasoko dituena: helburuak eta interesak; ekintzen edukia eta jarduera; baliabideak (giza-baliabideak eta bitarteko materialak); kronograma eta arduradunak.
Zinpeko adierazpena, kontratatzeko debekurik ez duela adierazten duena (3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 60.1 artikulua).
Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehea.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiri positiboa.
Zerbitzuaren ustiapen-plana. Planean zerbitzua kudeatzearen inguruko alderdi nabarmen guztiak jaso beharko dira, hala nola, langile kopurua, horien ordutegia, irekiera-ordutegia, eskatzailearen hobekuntzak, jarriko diren instalazioak, garbiketa-lanen maiztasuna, eta antzekoak.
Dokumentazio osagarria.
Itsas Kapitaintzaren ziurtagiria, berariaz adieraziko duena ontzia bidaiarien garraio publikorako egokia dela, dagokion ikuskapena egin zaiola, eta edozein larrialditarako behar diren elementuak dituela.
Ontzia gure portuetan gidatu behar duten eskifaiako kideen izena, bidaiariak eramateko behar den titulazioa dutela justifikatuta.
Bidaien tarifak.
Ontzien eta jardueraren erantzukizun-asegurua.
Portu eta Aireportuen Zuzendaritzak bestelako agiri osogarriak ere eskatu ahal izango ditu, burutu nahi den jardueraren arabera.
Eskabidean edo harekin batera derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioan akatsen bat antzemanez gero edo osorik ez badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari, Portu eta Aireportuen Zuzendaritzak errekerimendua jakinarazten zaion egunetik aurrera kontatuta, akats horiek zuzentzeko. Epea igaro, eta akatsak zuzendu ez badira, eskabidea baztertu egingo da.
Portu eta Aireportuen zuzendariari dagokio administrazio-baimena nori eman ebaztea.
Eskabideak Portu eta Aireportuen Zuzendaritzako teknikariek aztertuko dute, eta horiek baloratu ondoren, proposamen bat egingo diote Portu eta Aireportuen zuzendariari, eta horrek, bidezko baderitzo, onartu egingo du.
Akordioa eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie.
Eskabideak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Proiektuaren interesa.
Proiektuaren bideragarritasuna eta eragina.
Lanerako metodologia eta prozesua.
Jarriko diren instalazio osagarriak.
Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehea.
Baliabideak optimizatzeko estrategia.
Proiektua ikuspegi berritzaile batetik garatzea.
Proiektuak giza-talde ahulenen parte-hartzea aurreikustea.
Lehenengoa. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bigarrena. Ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, hilabeteko epearen barruan.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 20a.
Portu eta Aireportuen zuzendaria,
FÉLIX JOAQUÍN ASENSIO ROBLES.


