Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2012ko martxoaren 22koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Herrerako eta Galtzarabordako geltokien artean trenbidea bikoizteko eta Altzan geltoki berria egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egitekoa. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak sustatu du, Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udal-barrutietan eraikitzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 22koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Herrerako eta Galtzarabordako geltokien artean trenbidea bikoizteko eta Altzan geltoki berria egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egitekoa. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak sustatu du, Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udal-barrutietan eraikitzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 114
  • Hurrenkera-zk.: 2673
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/03/22
  • Argitaratze-data: 2012/06/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak xedatutakoari jarraikizz, lege horren I. eranskineko B) idatzi-zatian ageri diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbidearen mende daude, eta, jardunbide horri amaiera emateko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartuko den administrazio-erabakiaren aurretik.

Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udal-barrutietan Herrerako eta Galtzarabordako geltokien arteko trenbidea bikoizteko eta Altzan geltoki berria egiteko proiektua onartzeko prozedura hasi da, eta honako hauek aplikatu behar dira: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa, eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duena. Prozedurarekin lotutako izapide hauek egin dira, besteak beste:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehaztea. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eskatuta, 2010eko ekainaren 8an, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duenak, 8.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Ingurumen-organoak 2010ko abuztuaren 12an proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu egin zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak jendaurrean jarri zuen proiektu hori, bai eta proiektu horren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana ere (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 225. zenbakia, 2010eko azaroaren 23koa).

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2011ko apirilaren 12an Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Ingurumen Sailburuordetzari bidali zion espedientea, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duenak, 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Ingurumen-organoak egindako eskaerari erantzunez, 2012ko otsailaren 21ean organo eskudunak dokumentazio gehigarria bidali zuen espedientea osatzeko.

Aipatutako proiektuaren espedientean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertuta, ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoari egokitzen zaiola. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa, eta, bestetik, abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Eta, horrenbestez, honako hau

  1. Herrerako eta Galtzarabordako geltokien arteko trenbidea bikoizteko eta Altzan geltoki berria egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egitea. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak sustatu du, Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udal-barrutietan eraikitzeko.

  2. Proiektua gauzatzeko, honako baldintza hauek finkatzea (baldintza lotesleak dira, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoak, 47.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera):

    A. Proiektua gauzatuko da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirien arabera, eta, zehazki, ebazpen honetan jasotako zehaztapenei jarraikiz.

    B. Proiektua aldatu edo zabaldu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duenak, 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da, arau horren II. eranskineko 9.k) epigrafeari dagokionez.

    Proiektuan egingo diren aldaketa puntualek aurreko idatzi-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, obrak gauzatzeko falta diren gainerako izapideak egiteko garaian sortuz gero, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira aldaketa horiek. Halaber, dagozkion aldaketak proiektuan jaso beharko dira: proiektuaren neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan.

    C. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira, betiere, egitasmoaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta kontrola gauzatzeko jarritako langileek bermatu behar dituzte azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

    Neurri guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza guztiak beteko direla bermatzeko aurrekontua izan beharko dute.

    c.1. Natura-ondarea babesteko neurriak.

    Urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak, Gipuzkoako mendiei buruzkoak, eta urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babestekoak, xedatutakoa betetzearen kalterik gabe, neurri hauek aplikatuko dira:

    1. Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten lan osagarri guztiak ere, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean ezarritako eragin-mugen barruan egingo dira. Aipatutako mugetatik kanpo, obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da.

      Adierazitako barrutitik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, eragina zuzentzeko eta tokia lehengoratzeko neurri egokiak jarriko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

      9. planoan (desjabetzeak eta aldi baterako okupazioak) ageri diren obra-instalazio osagarriak egokitu egin beharko ditu kontratistak, gauzatu nahi diren jarduerek eragingo dituzten ingurumen-inpaktuak murrizteko.

      Instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak obrako zuzendaritzak onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian adierazitako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

    1. Idatzi-zati honen a puntuan adierazitako eragin-eremuaren mugen barruan, okupazio zuzenik aurreikusi ez den eremuetan saihestu beharko da bertako zuhaitzak soiltzea; bereziki, Galtzaraborda inguruan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Obrako zuzendaritzak onetsi beharko ditu babestu beharreko eremu horiek, ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian adierazitako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

      c.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere hartu beharko dira:

    1. Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, obren eta eragiketa osagarrien eraginez kutsatutako urak haietan biltzeko.

      Proiektatutako tuneletako sarbideetan dekantagailu lamelarrak jarriko dira, indusketatik etorriko diren efluenteak tratatzeko prentsa-iragazkiekin.

      Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoen atxikipen ezin hobea bermatzeko, eta, nolanahi ere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

      Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan.

      Aurreko epigrafeetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemen mantentze-lanak egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta uneoro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.

      Dekantatutako jalkinak aldian-aldian jaso eta kudeatuko dira, ebazpen honen 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera.

    2. Molinao errekaren ertzetan ez da lurrik hartuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

    3. Obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko tokiak drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat edukiko ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta urak kutsa ez ditzaten. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenik emango, ez erregaia kargatzeko eta deskargatzeko, ez olioa aldatzeko, ez eta tailerreko jarduerak egiteko ere.

    4. Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa (biribilki modukoa, material pikortatua...) jarri beharko da eskura, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

    5. Bai obren fasean bai ustiapenaren fasean sortutako efluenteen isurketek bete beharko dituzte isurketa horiek baimentzeko eskumena duen organoak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak.

      c.3. Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

    1. Obrek dirauten bitartean, ibilgailuak iragan osteko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko eremuetan. Ureztaketa eta garbiketa-sistema bat jarriko da, aldi baterako estali gabe dauden lurzoruetan edo ibilgailuak pasatzean material partikulatuen igorpenak eragin ditzaketen lurzoruetan erabiltzeko.

    2. Obra-eremuetako irteeratan ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema eta guzti.

      Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira.

    3. Indusketa-materialen garraioa egingo da hezetasun-baldintza hoberenetan, karga estaltzeko baliabideak dituzten ibilgailutan, lohiak edo partikulak sakabanatzea saihesteko.

      c.4. Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

    1. Eraikitzeko fasean aplikatu beharko dira ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan zehaztutako praktika onak, bai obretako makinen mantentze orokorrari bai zarata eta bibrazioa jatorrian murrizteari dagokionez; batez ere, eragin handienak sor daitezkeen obra-eremuetan, esate baterako, Pasaiako geltokia eraikitzean eragina izango duen eremuan eta tunel artifizialari dagokion zatian, baita proiektuaren hasierako eta amaierako eremuetan ere.

    2. Tunela zulatzeko lanak egitean, bibrazio handiena eragiten duten metodoak (mailu hidraulikoak eta abar) ahalik eta gutxien erabiliko dira inguruko eraikinetan eragin nabarmena izan dezaketen eremuetan.

    3. Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara; bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituenak, eta arau osagarriek ezarritakora egokitu beharko dira.

    4. Trenbide-azpiegiturek, funtzionamenduaren faserako aurreikusitako kanporako irtenbidea daukaten ekipamenduak barne hartuta (aireztatze-zuloak, geltokietarako sarbideak eta abar), beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, dagozkien eremu akustikoen kanpoko eta barneko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, aipatutako urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 23. artikuluan xedatutako mugak gainditzen dituenik.

      Halaber, beharrezko neurriak hartuko dira, trenbidearen funtzionamenduak zuzenean edo zeharka eragindako ondorioak direla-eta, aipatutako urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan zaratari dagokionez xedatutako mugak gainditzea saihesteko.

    5. Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, igorpenak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak jarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murriztea helburu hartuta.

    6. Aipatutako urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikizz, beharrezko neurriak hartuko dira, etxebizitzetarako, egoitzetarako, ospitaletarako, edota hezkuntzarako nahiz kulturarako eraikinen barrura ez helarazteko bibraziorik, kalitate akustikoari buruzko helburuak gainditzea eragiten dutenik, aipatutako arauaren 16. artikuluari jarraikiz, IV. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera ebaluaturik.

      c.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Obrek iraun bitartean eta proiektua abian jarri ostean sortuko diren hondakin guztiak kudeatuko dira uztailaren 28ko 22/2011 Legean, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoan, eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera.

      Hondakinei balioa ematea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izanez gero, hondakin horiek baimendutako hondakin-kudeatzaile batengana eraman behar dira.

      Hondakin horiei balioa ematea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

    2. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen duenak, ezarritakoa aintzat hartuko da. Horrenbestez, eraikuntza-proiektuari erantsi behar zaio eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketari buruzko azterketa, aipatutako otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 4.1.a) artikuluan xedatutako edukia duena.

    3. Zabortegira eramateko hondakinak kudeatuko dira abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuak, hondakinak hondakindegian utzita ezabatzea arautzen duenak, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, xedatutakoari jarraikiz. Hondakin horien ezaugarriak bereizi egin beharko dira, 2002ko abenduaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluan eta II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Kutsatzaile-edukia ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik daukaten materialak soilik baimenduko dira betelanetan. Adierazle horiek jasota daude otsailaren 4ko 1/2005 Legean, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoan, I. eranskinean, hain zuzen.

    4. Obra horietako indusketetan ateratako soberakinei dagokienez, proiektuaren sustatzaileak proposatu du eraikuntza-material gisa erabiltzea inguruko eremuetan egin daitezkeen beste obra batzuetan.

      Sustatzaileak ez du aurkeztu proposamen horren garapen zehazturik, behin betiko tokiak eta balantzeak adierazten dituenik. Halere identifikatu ditu jarduera zehatzak, obratik gertu daudenak, ziur aski aldi berean gauzatuko direnak, eta betelanetarako material harritsua beharko dutenak.

      Nolanahi ere, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak erabiliko dira uztailaren 28ko 22/2011 Legean, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoan, ezarritako araubidearen arabera, betiere eraikuntzarako erabiltzen badira, egoera naturalean, ateratako lekutik beste toki edo obra batzuetara eramanda.

      Kudeaketarako araubide hori ez da aplikatuko induskatutako material horiek baldin badaude uztailaren 21eko 22/1973 Legeak, meategien erregimenari buruzkoak, xedatutakoaren aplikazio-eremuan.

      Edozein inguruabar dela medio, indusketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin beharko balira, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakora egokituko da. Gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

      Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar du lur-mugimenduaren balantze zehaztua, bai eta indusketako soberakinen jarraipena ere, ateratako lekutik beste toki edo obra batzuetara eramanda eraikuntzan erabili dituzten materialen ezaugarriak eta kopuruak berariaz adierazita. Gainera, erabilera horretarako gaitzen duten baimenak aurkeztu behar dira, hondakinei buruzko araudiaren esparrukoak edota meategiei buruzko araudiaren esparrukoak.

    5. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan behar dute, izan ere, isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, haien arriskugarritasuna handituko litzateke, edo haien kudeaketa zaildu egingo litzateke.

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek bete beharko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duenak, 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrun ez daitezen.

      Aurreko puntuan aipatutako ontziek etiketatuta egon beharko dute; etiketa horiek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izan beharko dute, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoak.

    6. Olio erabilia kudeatzeko honako xedapen hauek hartuko dira kontuan: ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duena, eta irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duena.

      Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, olio erabilia andel iragazgaitzetan bilduko da, estalitako biltegi batean. Andel horiek behar bezalako etiketak izan behar dituzte, eta zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta.

    7. Arau horiek betetzea errazteko, lan-mota bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak ezarri beharko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte, eta haiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik, erregai eta produktuak biltegiratzetik, ez eta makinak mantentzeko lanak egitetik ere, eta hondakinik ez da erreko.

    8. Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar) pilatzeko eremu jakin bat egokituko da. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (bidoiak eta abar) eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

    9. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta txosten horrek, indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak izan beharko ditu.

      c.6. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    1. Molinaoko itsasadarraren eskuinaldean, proiektuak eragindako eremu batean, bi lursail identifikatu dira (20064-00009 eta 20064-00013 kodeak), irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan, barne hartuta daudenak.

      Lursail horien zati batean, dagokion azpiegitura gauzatuko da tunel artifizial baten bidez, eta, tunel hori eraiki aurretik, aire zabaleko lubaki bat egin behar da.

      Halaber, proiektuan aurreikusita dago lursail horietako beste eremu batzuetan kontratistaren instalazio-eremu bat jartzea obren faseak irauten duen bitartean.

      Instalazio horiek eragindako eremuari eta aipatutako irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan kontuan hartutako beste toki batzuei buruz, Pasaiako Udalak ingurumen-organoari adierazi zion Molinaoko itsasadarraren ertzean parke bat egiteko proiektua gauzatu nahi zuela, eta lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hastea eskatu zuen, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, xedatutakoari jarraikiz.

      Prozedura horretan, Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko irailaren 5eko Ebazpenaren bidez, Pasaiako Udalari baimena eman zitzaion, aipatutako lursail horietan materialak induskatzeko, aldez aurretik aurkeztutako indusketa-planean adierazitakoaren arabera.

      Arestian jasotakoaren kalterik gabe, ebazpen honi dagokion proiektuan aurreikusitako tunel artifiziala eraikitzeko jarduerak jasota daude aipatutako otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17. artikuluan adierazitako kasuetan; horrenbestez, egoki da lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hastea. Kasu horretan, lur-mugimendua egiteko lizentziak, baimenak eta gainerako erabakiak emateko ezinbestekoa da ingurumen-organoak aldez aurretik indusketa-plan bat onartzea, aipatutako lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena egiteko prozeduraren esparruan.

      Lursail horietan kontratistaren instalazio-eremua jartzeari dagokionez, une honetan ez dakigu eremu hori egokitzeko beharrezkoak izango diren jardueren norainokoa. Norainoko hori definitu ostean erabakiko da otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoa aplikatu behar ote den. Nolanahi ere, eremu horretan materialak induskatuz gero, material horien ezaugarriak zehaztu beharko dira, hartara, lurra kutsa dezaketen jardueren ondorioz benetan kutsatu ote diren egiaztatu ahal izateko, eta, ezaugarrien zehazte horren emaitzak ikusita, material horiek kudeatzeko biderik egokiena erabakitzeko. Ezaugarrien zehazte horren emaitzak ingurumen-organoari bidali behar zaizkio, kudeaketari ekin aurretik aintzat har ditzan.

    2. Bestalde, proiektuan, P.K. 0+300ren parean, beste toki bat identifikatu da, hura ere irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan kontuan hartua (20069-00158 kodea). Kasu horretan, ordea, tunela harkaitzean egin beharko da, zulatzeko teknikaz baliatuta, eta trenbidearen oinarria geratuko da 30 metro inguru beherago, egungo kota baino. Gainaldean ez da jarduerarik aurreikusi, ez eta gainaldeko jardueren ondorioz kutsa daitezkeen lurzoruetan eragindako ondoriorik ere; horrenbestez, kasu horretan ez da beharrezkoa lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hastea. Halere, puntu horri dagokionez, proiektua aldatuz gero eta material kutsatzaileak izan ditzaketen lurzoruetan eraginen bat izanez gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, xedatutakoa bete beharko da.

    3. Aurrekoaren kalterik gabe, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, otsailaren 4ko 1/2005 Legean lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ezarritakoa beteko da, halaber.

      c.7. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Uztailaren 3ko 7/1990 Legean, euskal kultura-ondareari buruzkoan, xedatutakoaren kalterik gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela adierazten duen aurkikuntzarik eginez gero, horren berri emango zaio berehala Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari, eta hark adieraziko du zer neurri hartu behar diren.

      c.8. Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.

    1. Obrak kaltetutako eremu guztiak oneratuko dira, bai eta, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Lehengoratze horrek esan nahi du, urbanizatu gabeko aldeetan, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareberrituko direla, eta, hiri eta herri barruko aldeetan, berriz, lorategi-elementuak berriro jarriko direla.

    2. Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur-eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuan landare berriak jartzea eta eremua lehengoratzea errazteko. Landare berriak landatzean kenduko den landaretza-lurra modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Gainera, metatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.

    3. Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

    4. Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

    5. Landareberritzeko proiektu batean jasoko dira aipatutako jarduerak, eta dokumentu hori eraikuntza-proiektuan sartuko da. Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek jaso beharko dituzte landareberritzeko proiektuan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

      c.9. Garbiketa eta obra bukatzea.

      Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-hondar guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta, oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      c.10. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

      Obrak amaitu arte eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obra-zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutakoaren arabera. Gai horiei buruz baldintza-agiriak obra-zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak eman beharko dira, betiere, aholkularitza horretan diharduten adituek egindako txostenak ikusi ostean.

      c.11. Lan-programaren diseinua.

      Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Agiriak hauek dira:

      Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.1.b) idatzi-zatian aurreikusitakoari jarraikiz.

      Ebazpen honen 2.c.1.c) idatzi-zatian zehaztutakoaren arabera babestu beharreko zuhaitzak eta zuhaitz-unadak mugatzea eta balizatzea.

      Ebazpen honen 2.c.2.a) idatzi-zatian aurreikusitako urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokalekuak eta ezaugarriak.

      Ebazpen honen 2.c.3.b) idatzi-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokalekuak eta ezaugarriak.

      D. Ingurumena zaintzeko programa.

      Ingurumena zaintzeko programa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egingo da sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera. Gainera, ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori, halaber, obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko da, eta baldintza horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko du.

      d.1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, betiere, Sailburuordetzari igorri beharko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira.

      d.2. Obraren okupazio-mugen controla.

      Egiaztatu behar da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

      Halaber, kontrolatu behar da makinak, instalazio osagarriak eta soberakin-biltokiak leku egokian eta egoera onean daudela. Gainera, guztiak ere neurri zuzentzaile egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak eta abar).

      d.3. Uren kalitatearen controla.

      Oro har, uretara igorpenak egiteko arriskua dakarten obretan astean behin egiaztatuko da uretara isuri aurretik bideratzeko, drainatzeko eta atxikitzeko gailuek ondo funtzionatzen dutela.

      Halaber, ebazpen honen 2.c.2.a) idatzi-zatian ezarritako urak bideratzeko gailuetatik eta jalkinak atxikitzeko sistemetatik datozen urak isuri aurretik analizatu egingo dira, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik datozenak ere. Hilero analisiak egingo dira, parametro hauek neurtzeko, gutxienez: emaria, pH-a, solido esekiak, eta olio eta koipeak.

      Gainera, Molinao errekaren ibilguan eta inguruetan egingo diren lanek irauten duten bitartean, parametro hauek zehaztuko dira astero, obretatik abiatu eta ibaian gora eta ibaian behera joanda: partikula esekiak, hidrokarburoak, eta olio eta koipeak.

      d.4. Zaratak eta bibrazioak kontrolatzea.

    1. Obren faseak irauten duen bitartean, zaraten eta bibrazioen jarraipena egingo da, haien eraginaren ondorioetarako sentikorragoak diren eremuetan. Ateratako emaitzen arabera ebaluatuko da babesteko eta zuzentzeko neurri gehigarriak hartzeko premia. Bibrazioak kontrolatzeari dagokionez, kontuan hartuko dira mugimenduekiko sentikortasun handiko eraikinak, proiektuaren 15. eranskineko inbentarioan jasota daudenak.

    2. Linea berria zerbitzuan jarri ondoren, zaraten kontrol bat egin beharko da trenbidea gainazalean doan eremuetan.

      Halaber, eraikin sentikorrenei eragindako bibrazioen kontrol bat egin beharko da.

    3. Kontrolak diseinatzeko garaian kontuan hartuko dira azaroaren 17ko 37/2003 Legean, zaratari buruzkoan, eta hura garatzeko araudietan ezarritako metodologiak.

      d.5. Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

      Bermealdian aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakastari.

      d.6. Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

      Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren testu bategina prestatu beharko du, ingurumen-eraginari buruzko azterlanean proposatutako betebehar oro eta ebazpen honetan adierazi diren eginbide guztiak bilduko dituena.

      Programa horretan zehaztuko dira kontrolatu beharreko parametroak, haietako bakoitzerako erreferentziako balioak adierazita; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokalekuei buruzko kartografia xehatua, kontrolen maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak ere jasoko dira.

      d.7. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

      Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumen-gaietan aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta berariaz adieraziko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, bai eta haien balizko zioak eta konponbideak ere.

      Sustatzaileak euskarri egokian jasoko ditu datuak, bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskueran egongo dira, kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzearen kalterik gabe.

      E. Arautegi berria indarrean sartzearen edota inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharraren ondorioz, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, neurtu beharreko parametroei, neurketaren aldizkakotasunari eta parametro horiek errespetatu beharreko mugei dagokienez. Halaber, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz nahiz ofizioz, erabaki dezake neurri babesle eta zuzentzaileak aldatzea edo ingurumena zaintzeko programan aldaketak egitea, programa horren emaitzei erreparatu ostean edo ingurumen-inpaktuak direla-eta ezarritako neurri babesle, zuzentzaile nahiz konpentsatzaile guztiak nahikoak ez direla ikusi ondoren.

      F. Ebazpen honetako aurreko idatzi-zatietan ezarritakoaren kalterik gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, onarpena eman diezaion:

      f.1. Eraikuntza-proiektua onetsi baino lehen, ebazpen honetako 2.d.6 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari dagokion agiri bategina.

      f.2. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruetan eragina duten obrak hasi aurretik, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasteko eskabidea.

      G. Halaber, eta aurreko idatzi-zatietan ezarritakoaren kalterik gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean txerta ditzaten:

      g.1. Eraikuntza-proiektua onetsi baino lehen, eragindako azalerak landareberritzeko proiektu bat, ebazpen honetako 2.c.8.e) idatzi-zatian aurreikusitakoari jarraikiz.

      g.2. Obrak amaitu eta 2 hilabeteko epea bete baino lehen, obrak egin bitartean sortu diren gorabeherei buruzko erregistroa, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zer neurriraino bete diren adierazten duen agiria ere, ebazpen honetako 2.d.1 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera.

      g.3. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea bete baino lehen, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar du lur-mugimenduaren balantze zehaztua, bai eta indusketako soberakinen jarraipena ere, ateratako lekutik beste toki edo obra batzuetara eramanda eraikuntzan erabili dituzten materialen ezaugarriak eta kopuruak berariaz adierazita. Gainera, erabilera horretarako gaitzen duten baimenak aurkeztu beharko ditu, hondakinei buruzko araudiaren esparrukoak edota meategiei buruzko araudiaren esparrukoak, hori guztia ebazpen honen 2.c.5.d) idatzi-zatian xedatutakoari jarraikiz.

      g.4. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea bete baino lehen, obren fasean sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako 2.c.5.i) idatzi-zatian adierazitakoaren arabera.

      g.5. Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honetako 2.d.7 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

  3. Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoak, 47.8 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, 2 urteko epea ezartzea proiektua gauzatzen hasteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada proiektua gauzatzen hasi gabe, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Halere, organo eskudunak luzatu ahal izango du hasteko epea, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

  4. Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duenak, 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari aldez aurretik jakinarazi beharko dio proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

    Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 22a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    1. ª ARANZAZU Leturiondo ARANZAMENDI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik