- EBAZPENA, 2012ko martxoaren 23koa, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Energia eta Meategien zuzendariarena, Azpeitiko (Gipuzkoa) Nuarbe auzoan Petrolio Gas Likidotua Biltegiratzeko Zentro bat egokitzeko eta gas propano kanalizatua Banatzeko Sare bat eraikitzeko Administrazio Baimenari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko martxoaren 23koa, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Energia eta Meategien zuzendariarena, Azpeitiko (Gipuzkoa) Nuarbe auzoan Petrolio Gas Likidotua Biltegiratzeko Zentro bat egokitzeko eta gas propano kanalizatua Banatzeko Sare bat eraikitzeko Administrazio Baimenari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 97
- Hurrenkera-zk.: 2204
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/03/23
- Argitaratze-data: 2012/05/18
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Industria
Testu legala
Erref.: RI.12.127-CGF. 2011/1.
Jordi Sagués Costa jaunak Repsol Butano, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz, eta jakinarazpenetarako honako helbide hau duela: Pilotegi Bidea 2, 103. bulegoa, Donostia Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan administrazio-baimena eskatu zuen 2011-05-25ean Petrolio Gas Likidotua (PGL) Biltegiratzeko Zentro bat egokitzeko eta MOP 2 bar-ko gas propano kanalizatua Banatzeko Sarea egikaritzeko, Azpeitiko (Gipuzkoa) Nuarbe auzoan. Eskabide horrekin batera, eraikuntza-proiektua aurkeztu zen, eskumeneko teknikariak idatzia eta behar bezala ikus-onetsia.
Era berean, eskabidearen batera, Naturgas Energía Distribución, S.A.U. enpresaren idazki bat aurkeztu zen, eta, bertan, Repsol Butano, S.A.k Nuarbe auzorako eskatutako obraren egikaritzapenarekiko adostasuna adierazi zen; izan ere, Naturgas Energía Distribución, S.A.U. enpresarentzat ez zen bideragarria auzo horretan gas naturala banatzea.
2011-08-11n eta 2011-12-21ean, informazio gehiago aurkezteko eskatu zitzaion Repsol Butano, S.A.ri, eraikuntza-proiektuan aurkeztutakoaren osagarri.
2011-12-19an eta 2012-01-16an, Repsol Butano, S.A.k idazki argigarriak aurkeztu zituen aurreko errekerimenduekin loturik.
GERTAKARIAK
Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Merkataritzako sailburuaren 1989-07-11ko Aginduaren bitartez (1989-07-18ko EHAA, 137. zk.), Gipuzkoako Lurralde Historikoko Azpeitiko udalerrian etxeetan eta merkataritzan erabiltzeko gas naturalaren horniduraren zerbitzu publikoa eskaintzeko administrazio-emakida Naturgas, S.A.ri eman zitzaion.
Ebazpen honek jarraian azaltzen diren oinarri juridikoak ditu:
OINARRI JURIDIKOAK
Energia eta Meategien Zuzendaritza da espediente hau ebazteko eskumena duen organoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA, 184. zk.) ezarritakoarekin bat etorriz.
Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-8ko BOEa) eta gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak (2002-12-31ko BOEa) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen dute gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik.
Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko Arautegi teknikoa eta horren ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak (2006-09-4ko BOEa) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen du gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, baita sare horiei loturiko Biltegiratzeko Zentroak eraiki aurretik ere.
Kanalizatutako gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena eman eta horiek jardunean jartzeari buruzko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuak (1998-06-26ko EHAA) B Presio Ertainean garatutako hiriko eta hiri arteko sareen eta industrialdeen izapidetze-prozedura ezartzen du, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzaren Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sail desagertuaren Industria, Energia eta Meategien Administrazio Zuzendaritzaren 1998-01-12ko Agindua, Kanalizatutako Gasaren Sare eta Harguneen Administrazio Baimenei buruzko Espedienteen izapidetzeari buruzkoa.
Agindu hori jendaurrean jarri da, eta, horretarako, 2012-01-31ko El Diario Vasco egunkarian, 2012-01-24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (15. zk.) eta 2012-02-06ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (26. zk.) argitaratu da eta 20 egunez jendaurrean ikusgai jarri da Azpeitiko Udalaren iragarki-taulan.
Jendaurreko informazioaldia 2012-03-01ean amaitu zen, eta aldi horretan ez da proiektuaren aurkako alegazio bat bera ere aurkeztu Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, ezta eskabiderik edo proiekturik ere, Repsol Butano, S.A.k aurkeztutakoekiko lehia askean.
Aipaturiko lege-xedapenak eta gai honi lotuta oro har aplikatzekoak diren bestelako xedapenak aztertu ondoren, honako hau
Repsol Butano, S.A. enpresari PGLa Biltegiratzeko Zentro bat egokitzeko eta 2 bar-ko Eragiteko Presio Maximoa duen gas propano kanalizatua Banatzeko Sarea egikaritzeko baimena ematea, Azpeitiko (Gipuzkoa) Nuarbe auzoan.
PGLa Biltegiratzeko Zentroaren eta Banaketa Sarearen ezaugarriak aurkeztutako proiektuaren memorian eta planoetan zehaztu dira, eta honako hauek dira:
Biltegiratzeko zentroa (egokitzea):
Oinarrizko ezaugarriak: PGLko lurperaturiko andel 1, 8,334 m3-ko edukierarekin.
Kokapena: Nuarbeko elizaren ondoan dagoen udal-jabetzako lurzati batean. Lurzati hori jabari publikokoa dela eta Azpeitiko Udalak lurzati horren erabileraren lagapena Repsol Butano, S.A.ri egingo diola adierazten duen ziurtagiria espedientean jasota dago.
Aurrekontua: 865 euro (biltegiratzeko zentroa egokitzeko).
Banaketa sarea:
-Trazadura: Banaketa Sarea Biltegiratzeko Zentroaren irteera-balbulan hasiko da. Puntu horretatik hasita, sarea DN40 mm-rekin egikarituko dena mendebalderantz joango da 30 bat metroan, Elizaren eta Nuarbe auzoko 13. atariko Jabeen Erkidegoaren eraikinaren tartetik igaroko da, eta hortik Nuarbeko erdiguneko kale nagusira iritsiko da. Kale nagusian, sarea hiru adarretan banatuko da: lehenak iparralderantz egingo du eta kale nagusiaren bideari jarraituko dio gutxi gorabehera 35 metroan. Bigarrena mendebalderanzko desbideratze laburra da; 15 bat metro izango ditu, eta etorkizunean sarea handitu behar izanez gero erabiltzeko da. Hirugarrena adar nagusia da eta hegoalderantz egingo du Nuarbeko erdiguneko kale nagusitik 160 bat metroan; Nuarbe auzoko 24. atariko eraikina gainditu ostean amaituko da, kap batean. Hirugarren adar horretatik, Nuarbe auzoko 17. atariaren parean, bigarren mailako beste adar bat aterako da; 25 bat metro izango ditu eta ekialderantz egin ostean, kap batean amaituko da.
Hori guztia zehatz-mehatz adierazita dago 10. planoan (kanalizazioa); plano hori Danagas-ek egin zuen 2011ko apirilean, eta aurkeztutako proiektuan sartuta dago.
Banaketa-sarearen luzera: 265 metro, DN40 mm.
Hargune-adarrak: 19 adar, DN32 mm.
Hodien materiala: polietileno PE80, SDR11, 40 eta 32 mm-ko diametro normalizatua.
Aurrekontua: 36.306,08 euro.
Eragiteko presio maximoa: MOP 2 bar (sarearen diseinua gas naturalarekiko bateragarria).
Ebazpen honen bitartez baimendutako instalazioak honako proiektu honen arabera gauzatu beharko dira: Administrazio-baimenaren eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Nuarbe auzoan PGLa biltegiratzeko estazioa eta gasa kanalizazio bidez hornitzeko instalazio osagarriak ezartzeko proiektua. Proiektua Erregai eta Lehergaien ingeniari tekniko Jesús Ruiz Ferreiro jaunak egin zuen (Bilboko Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialean 1.211. elkargokide-zenbakia), eta Euskalherria, Nafarroa, Errioxa eta Soriako Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak eman zion oniritzia 2011-05-09an, 430 zenbakiarekin.
Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Repsol Butano, S.A.k 743,42 euroko fidantza eman beharko du 2 hilabeteko epean, bere betebeharrak beteko dituela bermatzeko. Fidantza hori Euskal Herriko Gordailu Kontu Nagusian osatu beharko da, eskudirutan, estatuko baloreetan edo banku-abalen bitartez, uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluko 3. idatzi-zatian ezarritakoaren arabera. Instalazioak baimendu eta eraiki ondoren, eskumeneko Lurralde Organoak instalazioak abian jartzeko akta egingo du, eta une horretan itzuliko zaio fidantza Repsol Butano, S.A.ri.
Baimendutako instalazioak abian jartzeko hogeita lau (24) hilabeteko epea izango da, baimen-egunetik zenbatzen hasita.
Repsol Butano, S.A. enpresak hornidura egokia eta instalazioak mantentzeko, matxurak konpontzeko, erreklamazioetarako eta, oro har, bezeroentzako arretarako zerbitzu eraginkorra eta behar bezalakoa eman beharko du, eta bere gain izango du baimentzen diren instalazioak zaintzeko eta horiek behar bezala ibiltzeko ardura.
Baimen hau obrak gauzatzeko beharrezkoak diren udal, probintzia edo bestelakoen eskumeneko baimen edo lizentziak alde batera utzita eta horiek kontuan hartu gabe eman da; era berean, honek ez dio eskatzaileari horiek lortzeko betebeharra kentzen.
Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin beharreko azterketak, saiakerak eta probak orokorrak nahiz partzialak baimena eskuratu duen enpresak aldez aurretik Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza honi jakinarazi beharko dizkio idazki bidez, behar den aurrerapenarekin.
Sarea eta Biltegiratzeko Zentroa abian jartzeko, Repsol Butano, S.A.k dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, Obra Zuzendaritzari eta Probei buruzko ziurtagiriak barnean hartuta.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legea betez.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 23a.
Energia eta Meategien zuzendaria,
JORGE JUAN LETAMENDIA BELZUNCE.


