Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2012ko martxoaren 26koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendariarena. Honen bidez euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2012-2013 ikasturterako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 26koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendariarena. Honen bidez euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2012-2013 ikasturterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 82
  • Hurrenkera-zk.: 1897
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/03/26
  • Argitaratze-data: 2012/04/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Funtzio publikoa; Instituzional

Testu legala

Lehenengoa. Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.

Bigarrena. Nori zuzendua.

Deialdi honetan parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileek, baldin eta euren erakundeak IVAPekin Lankidetza Hitzarmena sinatua badu, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).

Horrez gain, Uraren Euskal Agentziako eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako langileek ere parte hartu dezakete ikastaro hauetan.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetzako langileak.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Hirugarrena. Ordu-kreditua.

2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki, deialdi honetara biltzen diren eskariek ordu-kredituen sistema izango dute ezarria.

Agindu horren 6. artikuluaren arabera, euskara ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturtearen hasieran.

Ordu-kredituaren kontrolaren ondorioetarako, 2012-2013 ikasturtearen hasiera urria izango da. Eta honako hiru deialdi hauek bilduko dira ikasturtean:

  1. Urrian eskolatzeko deialdia (apiriletik maiatzera bitartean argitaratzen dena)

  2. Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena)

  3. Udako ikastaroak egiteko deialdia (maiatzean argitaratzen dena)

    Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:

    Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

    Otsailean hasten diren ikasleei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

    Udan hasten diren ikasleei eskaera egin orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.

    Laugarrena. 2012-2013 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

    2012-2013 ikasturterako IVAPek bi deialdi kaleratuko ditu:

    Honako hau 2012-2013 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena, alegia.

    Datorren azaroan, oraingo honen deialdi osagarria kaleratuko du IVAPek, eta 2012-2013 ikasturteko bigarren lauhileko eskaintza egingo du.

    Azaroko deialdian, otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek. Ikasle berrien kasuan, bost orduko taldeetarako edo barnetegirako eskaera egin behar izango dute. Urritik hasitako ikasleen kasuan, aldiz, moduluaren aldaketa eskatu ahal izango dute, hau da, modulu trinkoetatik (5 ordukoak, barnetegia) 2 orduko modulura edo alderantziz.

    Beraz, urrian hasi ez direnek ezin izango dute bost ordutik beherako ikastarorik eskatu azaroko deialdian.

    Bosgarrena. Eskolen antolaketa: administrazioko ikastaldeak eta matrikula orriak.

    IVAPek administrazioko ikastaldeak osatuko ditu administrazioko langileekin soilik. Talde horiek, ordutegi jakin batzuetan eta hiriburuetan antolatuko ditu:

    5 ordutan: Bilbon, Donostia-San Sebastiánen eta Vitoria-Gasteizen.

    2 ordutan goizez (8:00-10:00): Bilbon eta Vitoria-Gasteizen. Donostia-San Sebastiánen egitea eskatzen dutenei matrikula orria emango zaie.

    Halaber, gainontzeko ordutegietan ikasi nahi dutenei IVAPek matrikula orria emango die, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen.

    IVAPek hiriburuetan antolatzen dituen taldeen ezaugarriak (ordutegi eta egutegiak) II. eranskinean daude jasota. Ezaugarri horiekin bat datozen eskaerak eta hiriburuetako ikastaro trinkoetarako lanorduetako eskaera guztiak administrazioko ikastaldeetara bideratuko ditu IVAPek. Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek herri-erakunde bakoitzari zerrenda bat helaraziko dio zehazteko non eta noiz eskolatu behar duen langile bakoitzak.

    Bestalde, barnetegia edo beste ordutegirik nahiz beste herririk eskatzen dutenei, baita administrazioko ikastalderik ez duten eskatzaileei ere, matrikula orria bidaliko die IVAPek. Matrikula orriak erakundeetara bidaliko ditu zuzenean; eta, horrela, langileek nahi duten euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan izena eman ahal izango dute. Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu. Barnetegietako ikastaroen ezaugarriak II. eranskinean daude jasota.

    Seigarrena. Administrazioko ikastaldeetako mailaketa.

    Administrazioko ikastaldeetako eskatzaileak taldekatzeko, ezinbestekoa izango da eskatzailearen mailaren berri izatea. Hori dela eta, eskatzailea azken ikasturtean ibili bada IVAPekin eskolatuta, azken ebaluazioaz baliatuko da IVAP hurrengo hasiera maila ezartzeko.

    Aldiz, eskatzailearen mailaren berri ez badu, mailaketa proba egitera deituko du IVAPek, eta proba horren emaitzaren arabera kokatuko du taldeetan.

    Administrazioko ikastaldeetara ez doazen eskatzaileak, berriz, ez ditu deituko IVAPek; beharrezkoa izango balitz, eurek aukeratutako euskaltegian egingo liekete mailaketa proba.

    IVAPek herri-erakunde bakoitzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

    Mailaketa proba egitera deitu arren eskatzailea aurkezten ez bada ezarritako egunean eta orduan, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.

    Aurkeztu ez den eskatzaileari aparteko deia egiteko aukera aztertuko du IVAPek, baldin eta aurkeztu ez izana egokiro arrazoitzen badio eskatzailearen herri-erakundeak IVAPi, idatziz eta, beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.

    Aparteko dei honetara ere aurkezten ez bada eskatzailea, bertan behera utziko du IVAPek haren eskaera.

    Zazpigarrena. Matrikula orriak.

    1. Matrikula orria erabiltzeko baldintzak:

      Eskatzaileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere baldintza hauek betetzen badira:

      1. Matrikula orria garaiz entregatu behar da euskaltegian: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2012ko urriaren 19a baino beranduago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

      2. Gutxieneko iraupena: barnetegiko eta egunean 5 orduko ikastaroek gutxienez lauhileko iraupena izan behar dute. Bestelakoak, ordea, urritik ekainera bitartekoak izan behar dira.

      3. Homologazioa: matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroa HABEk homologatua izan behar da.

    2. Matrikula orria ordaintzea:

      Matrikula orria erabiltzeko baldintzak bete ezean, IVAPek ez du bere gain hartuko haren ordainketa, eta ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari. Alabaina, baldintza horiek betetzen direla baieztatzen bada, IVAPek langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du.

      Matrikula orria ordainagiri baten parekoa da eta, horregatik, langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula orria IVAPera; baina, betiere urriaren 19a baino lehen.

      Kontuan izan behar da, behin matrikula orria onartuta, IVAPek matrikulari dagokion kostua ordaindu egin behar duela; eta, horregatik, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia izan beharko dute ikastaroetan.

      Zortzigarrena. Eskoletan hastea.

      Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiengatik, IVAPek ez du onartuko urriaren 19tik ondoren hasterik eskoletan.

      Urriaren 19a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskoletan hasi ez diren langileen eskaerak.

    1. Eskolan berandu hastea lanordu barruko ikastaroetan.

      IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

      1. IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaroaren hasieran, herri-erakundeek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

      2. Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere herri-erakundeak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.

      3. Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20a igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

        IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

        Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean.

        Bederatzigarrena. Lanorduetako eskoletara joatea eta gutxieneko asistentzia.

        Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualitate huts guztiak herri-erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.

        Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea herri-erakundearen ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.

        Era berean, herri-erakundeen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea beren oporrak, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.

        Ikaslearen ikasketa prozesua eta administrazioaren baliabideak bermatzeko, IVAPek aprobetxamendu irizpide hau ezartzen du: ikaslearen ikasturte osoko asistentziak %80koa izan behar du gutxienez.

        Hamargarrena. Eskoletara joateari uztea.

        Eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio ikasleak IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

        Horretarako, «Jakinarazpena: Euskara eskoletara joateari uztea» (III eranskina) izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.

        Eskola-uztearen data inprimakia IVAPen erregistroan sartu den eguna izango da. Inprimakia IVAPera iritsi arte ez da ordu-kredituaren kontaketa etengo.

        Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.

        Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

        www.ivap.euskadi.net

        euskara>euskara ikastaroak>zer egin ikastaroa behin betiko uzteko?>eskola uztea aurkezteko inprimakia

        Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen erakundeari eskola-uztearen berri ematea.

        Hamaikagarrena. Autoikaskuntzako ikastaroak lanorduz kanpo.

        Autoikaskuntzako ikastaroak egin ahal izango dira 2012-2013 ikasturtean lanorduz kanpo. Ikastaro horiek urrian hasi behar dira eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira.

        Eskaera guztietatik kopuru mugatu bat onartuko du IVAPek; alegia, erakunde bakoitzak egiten dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien %20a, gehienez ere. Beraz, autoikaskuntzako eskaera egiteak ez du ziurtatzen automatikoki eskaera onartuko denik.

        Honatx ikastaro horiek betebeharreko ezaugarriak:

      1. Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute. IVAPek matrikula bakarra ordainduko dio ikasleari.

      2. Ikastaroak urrian hasiko dira.

      3. Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.

      4. Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroak HABEk homologatuak izan behar dira.

      5. Autoikaskuntzako ikastaroak bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:

        Internet erabilita: modalitate honen arabera, ordenagailuko bakarkako lana internet bidez egin ahal izango da. Aldiz, mintza-orduak euskaltegian, edo autoikaskuntzako zentroan, hartuko dira.

        Euskaltegira, edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan, edo autoikaskuntzako zentroan, egin ahalko da, bai ordenagailuko bakarkako lana eta bai mintza-orduak ere.

        IVAPek matrikula orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei, matrikula orri berezia hain zuzen. Autoikaskuntzan matrikulatzeko, orri berezitu hori bakarrik erabili ahalko da.

        Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula orriaren bitartez ikastaro presentzialetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere, hau da, ikastaro presentzialei dagokien matrikula orriaren bitartez ezingo da autoikaskuntzan matrikulatu.

        Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.

        Hamabigarrena. Eskabideak.

        1. Eskabideak egiteko epea: eskabideak IVAPera bidaltzeko, deialdia argitaratzen denetik maiatzaren 31ra bitarteko epea du eskatzailearen erakundeak. Horretarako, erakundeak bidaltzen duen komunikazioaren irteera data hartuko da kontuan.

        2. Inprimakia: eskabideak egiteko, ondorengo helbide elektroniko honetan jaso daiteke inprimakia:

          www.ivap.euskadi.net

          (euskara > euskara ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak>inprimakia)

        3. Eskabidea nora: eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera ondorengo helbidera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

        4. Bitarteko funtzionarioen eta aldi baterako langileen eskabideak:

          Bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute gutxienez abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela. Horretarako, lan-hitzarmenaren hasiera eta amaiera egunak adierazi beharko dituzte eskaera orrian.

          Hamahirugarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

          Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da langileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren langileen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta herri-erakunde bakoitzari bere langileenak jakinaraziko dizkio.

          Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

          Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Horrela, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien herri-erakundeei jakinaraztea bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez, eta baita euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. art.). Onartu egiten dute azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari HABE, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

          Langileei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

  1. Barnetegiko ikastaroak.

    Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira. Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegi horien eskaintzaren arabera alda daiteke.

    IVAPek matrikula eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.

  2. Bost orduko ikastaroak.

    Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei lan pertsonalerako behar den denbora gehitu beharra dagoelako.

    Iraupena: 2012ko urriaren 1etik 2013ko otsailaren 15era arte. 2012ko abenduaren 24tik 2013ko urtarrilaren 1era arte, biak barne, Gabonetako oporraldia izango da; beraz, horiek ez dira eskola egunak izango.

    Modulu honek, betiere, lauhileko iraupena du. Otsailetik aurrera modulu honetan aritzeko azaroko deialdian eman behar da izena.

    Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.

    IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.

  3. Bi orduko ikastaroak.

    Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.

    Ordutegiak:

    Bilbao: 08:00-10:00

    Vitoria-Gasteiz: 08:00-10:00

    Iraupena: modulu horrek ikasturte osoko iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.

    Egutegiak:

    1. Goizez: 2012ko urriaren 1etik 2013ko maiatzaren 31ra.

      Ez da eskolarik izango Gabonetako oporraldian (2012ko abenduaren 24tik 2013ko urtarrilaren 7ra arte, biak barne), eta Aste Santukoan (2013ko martxoaren 28tik apirilaren 5era arte, biak barne).

      Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.

      IVAPek matrikula ordainduko du.

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik