Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2012ko apirilaren 18koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena. Honen bidez, Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario kategorian sartzeko Hautaketa prozeduraren deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2012ko apirilaren 18koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena. Honen bidez, Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario kategorian sartzeko Hautaketa prozeduraren deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 1777
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/04/18
  • Argitaratze-data: 2012/04/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Deialdi hau egingo da Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 7. artikuluan, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 52. artikuluan eta hurrengoetan, eta maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuak, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuak eta apirilaren 20ko 120/2010 Dekretuak aipatu Dekretuari egindako aldaketetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontseilu Arautzaileak ere onartu du eta Segurtasuneko sailburuordeak alde horretatik egindako eskaerari erantzun zaio, Herrizaingo Sailak ezarritako helburuen arabera.

Horretan guztian oinarrituta, zuzendari honek ebatzi du Ertzaintzako Egiterapen Eskalako komisario Kategorian sartzeko hautaketa prozedurarako deialdia egitea. Hona hemen

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Barne sustapeneko hautaketa prozeduraren deialdia egin da oposizio-lehiaketa bidez. Horren osagarri gisa, prestakuntza ikastaroa eta praktika-aldia egingo dira; hain zuzen, Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario Kategoriako 30 plaza betetzeko, Euskal Administrazio Publikoen funtzionarioen sailkapeneko A taldeko A2 azpitaldeari dagozkionak; sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera.

Deitutako plazak 30 dira, baina gehiago izan daitezke Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario Kategoriako lanpostu hutsen arabera. Kopurua handituz gero, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan argitaratuko da Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta Hamaikagarren Oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena. Parte hartzeko eskakizunak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izan nahi badute, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Aldez aurreko eskabidea egitea.

    2. Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea, ondorengo baldintzak bilduz.

      1. Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisariondoko Kategoriarekin karrerako funtzionario izendatua izatea. Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea indarrean sartu zenetik komisario kategoriarako egiten den hirugarren deialdia denez, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen Seigarren Xedapen Iragankorreko lehenengo paragrafoak ematen duen ahalmenaren indarrean, funtzionario hauei ez zaie eskatuko Kategoria horretan zerbitzuan emandako denbora gutxieneko mugarik.

      2. Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea indarrean sartu zenetik komisario kategoriarako egiten den hirugarren deialdia denez, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen Seigarren Xedapen Iragankorreko bigarren paragrafoak ematen duen ahalmenaren indarrean, hautaketa prozedura honetan Ertzaintzako Egiterapen Eskalako ofizial edo ofizialondoko Kategoriako karrerako funtzionarioek ere parte ahal izango dute, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

      2.1. Injineru teknikoa, lehen zikloko unibertsitateko diplomatura, arkitekto teknikoa, hirugarren graduko lanbide-heziketa edo antzeko edo maila horiek baino altuagokoak den beste titulu ofizialen bat izatea.

      2.2. Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen Seigarren Xedapen Iragankorreko lehenengo paragrafoak ematen duen ahalmena ezarriz, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalan benetako zerbitzuan lau urte bete izana, eskala horretako kategorietako batean karrerako funtzionario izendatu ondoren.

    3. Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.

    4. BTP gidabaimenaren jabe izatea.

    5. Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik zehapenik jaso ez izana, ezarritako zehapena deuseztatuta geratzea lortu denean izan ezik.

  2. Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek aurreko atalean ezarritako eskakizun guztiak beteta izan beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, prozedura aldian hori egiaztatu behar duten kaltetan izan gabe.

  3. Izangaia onartua izan dadin eta hautaketa-prozesuan parte har dezan nahikoa izango da bere eskabidean eskatutako baldintzak betetzen dituela adieraztea, betiere eskabideak aurkezteko epearen amaierari loturikoak. Eskakizun horiek deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren ziurtagiria beharko du.

  4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, hautaketa prozedurako edozein unetan, prestakuntza ikastaroan edo praktika-aldian zehar, onartuen eta baztertuen zerrenda oneste aldera, organo eskudunak jakingo balu horietako baten batek deialdian parte hartzeko beharrezko baldintzak ez dituela betetzen, hautaketa prozeduratik kanpo utziko luke edo, hala balegokio, prestakuntza ikastarotik edo praktika-alditik, hari entzun ondoren.

  5. Hautaketa prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin proba psikoteknikoak eta nortasun-probak egiteko onespena ematea dakar. Gainera, proba horien emaitza beste balorazio-faktore bat bezala erabiltzea onartu beharko da, oinarri hauetan aurreikusitakoari jarraiki.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek Gobernuaren Gurenet Intraneten bidez egin beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

  2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

  3. Eskabidean adieraziko da oposizioko probak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren.

  4. Eskabidean eskabideak aurkezteko epe muga baino lehen, eskatutako betekizun guztiak betetzen direla adierazi beharko da.

  5. Merezimenduak eskabidean alegatu beharko dira. Aurreko hala bada ere, ez dira egiaztatu beharko Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak, aipatutakoak ofizioz egiaztatuko baititu.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta Bigarren Oinarriaren lehenengo ataleko a), b), c) eta e) idatz-zatietan ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu eta gero, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda ebatziko du eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

  2. Bazter utzitako izangai bakoitzari dagokionez, behin-behineko zerrendak jasoko ditu horiek baztertzea eragin duten arrazoiak; halaber, 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabideak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo ezetsiko dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda (lehen atalean aurreikusitako moduan argitara emango dena. behin betiko bihurtzen duen Ebazpenean.

  4. Aurreko zerrendez gain, argitaratuko diren ondorengo zerrendek ere izangaiaren identifikazioa izango dute zenbaki profesionala adieraziz. Segurtasun-neurri gisa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholaz bestelako toki batean argitaratuko diren emaitzen jakinarazpen guztiak identifikazio-kode baten bidez egingo dira, pertsonak berak ezagutuko baitu.

    Bosgarrena. Epaimahai Kalifikatzailea.

  1. Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da oposizio-lehiaketaren probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, baita izangaiak hautatzeko ere, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahai horrek mahaiburua, lau bokal eta idazkari bat izango ditu.

    Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan argitaratuko da Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta horien ordezkoen izendapena, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bidez. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

  2. Epaimahai Kalifikatzailearen jarduera kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arautegiaren araberakoa izango da.

  3. Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei aplikatuko zaizkie Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeko eta errefusatzeko jasotako arrazoiak.

  4. Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio hautaketa sistema osatzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa. Aipatutakoak askatasun osoz jardungo du, prozeduraren objetibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  5. Epaimahai Kalifikatzaileak, bere jardunerako hautaketa sistema osatzen duten proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari edo adituen laguntza izan dezake. Horien lana, aholkatzea eta teknikoki kolaboratzea izango da.

  6. Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea eragingo du.

  7. Epaimahai Kalifikatzaileak hautaketa sistema garatzeko behar diren neurri guztiak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez. Halaber, oinarri hauen interpretazio eta aplikazioari buruz sortuko diren arazoak ebatzi ditzake, baita bere funtzioak betetzeko ere.

  8. Epaimahaiak ezingo du deitutako plaza kopurua baino izangai gehiago hautatu. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

  9. Epaimahai Kalifikatzailearen akordioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan argitaratuko dira. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

  10. Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegira bidaliko dira.

    Seigarrena. Hautaketa prozesua.

  1. Hautaketa prozesua oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

  2. Lehiaketa fasean ez da inor baztertuko eta bertan lortutako puntuazioa ezin izango da kontuan hartu oposizio faseko ariketak gainditutzat jotzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

    Zazpigarrena. Oposizioa.

    Oposizio fasea proba hauek bata bestearen atzetik egitean datza:

    Polizia-aginterako gaitasun profesionalak ebaluatzeko proba. Proba horretan kasu praktikoak ebatzi edo komisarioaren zereginekin loturiko proiektua/k garatu beharko dute/dituzte, hain zuzen, Ertzaintzaren egiterapen eskalari atxikitako funtsezko gaitasunak menderatzen dituztela ebaluatzeko.

    Proba hau nahitaezkoa eta baztertzailea izango da eta 0tik 50 puntura baloratuko da. Gainditzeko, gutxienez, 25 puntu lortu beharko dira.

    Proba psikoteknikoa, hain zuzen, komisario kategoriari dagozkion lanpostua eta polizia-lanak betetzeko pertsonen gaitasunak eta jarrerak zehaztera bideratuko baita. Ariketa mota hauetakoren bat edo batzuk sar daitezke: test psikoteknikoak, elkarrizketa pertsonalak, talde-dinamikak edo Epaimahaiak egoki iritzitako beste batzuk. Proba hau modu egokian egingo da hautaketa prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko eta, bestetik, merezimendu eta gaitasun-printzipioekin bat etor dadin.

    Proba hau nahitaezkoa izango da eta 0tik 250 puntura baloratuko da.

    Zortzigarrena. Oposizioko proben garapena.

  1. Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

  2. Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

  3. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak.

    Izangaien kopurua kontuan hartuta, eta probak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki dezake probak hainbat txanda eta tokitan egitea.

  4. Automatikoki hautaketa prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak eta/edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azalduko direnei.

    Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietariko batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

  5. Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.

  6. Proba baztertzaile bakoitza bukatzean, Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioaren bitartez, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko da gainditu dutenen eta baztertuta geratu direnen zerrenda; lortutako puntuazioa zehatz adierazita. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

  7. Izangaiek oposizioaren ariketak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahalko dituzte.

    Bederatzigarrena. Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

  1. Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da; horren ondorioz, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenek 18 puntu lortuko dute. Hautaketa prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

  2. Epaimahai Kalifikatzaileak Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna ofizioz egiaztatu eta baloratuko du; hain zuzen, lehendik egiaztatuta edo, EGAren edo baliokidearen jabe direlako, aitortuta dutenen kasuan.

  3. Lehiaketa fasearen merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko ezarritako epean onartuko dira Ertzaintzaren 1. Hizkuntza-eskakizunaren baliokideak diren tituluen egiaztatzeak, jatorrizko edo kopia konpultsatuaren bitartez, 64/2008 Dekretuan (2008ko apirilaren 15eko EHAA) eta 48/2009 Dekretuan (2009ko martxoaren 13ko EHAA) xedatutakoaren arabera. Dekretu horiek ezartzen dituzte Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuen mailekin titulu eta agiri desberdinen baliokidetzak, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean eta Bosgarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitakoen ondorioetarako.

    Hamargarrena. Lehiaketa.

  1. Lehiaketa-fasearen kalifikazioa oposizio fasea gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.

  2. Merezimenduak eskabideak aurkezteko epe barruan izan beharko dira baloratuak izateko.

  3. Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

  4. Oposizio fasea gainditutako pertsonen behin betiko zerrendaren argitaratzearekin batera irekiko da 10 egun balioduneko epea, izangaiaren iritziz, lehiaketa fasean baloratzeko diren merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko; hala badagokio, baita ere, euskararen ezagupen-mailaren balorazioa. Gainditu dutenek, epe horren barruan, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte baloratu beharreko merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak edo horien kopia konpultsatuak.

  5. Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 50 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

  1. Lanbide-historiala gehienez 25 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko da Ertzaintzako lanpostuetan betetako zereginak eta polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

    1. Lanpostuetan egindako jarduerak edo lanak baloratuko dira, baldin eta lanpostu horiek Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako moduetako edozein erabiliz lortu badira.

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan jasotako lanpostu-kodeaz identifikatuko da. Lanpostu-kode baten dotazio desberdinak ez dira lanpostu desberdintzat joko.

    Atal hau gehienez 20 punturekin baloratuko da, hain zuzen, zerbitzu hilabete bakoitzeko hurrengo baremo partzialaren arabera (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita..

    1. Goi-mailako eskalako lanpostuetan: 0,30 puntu.

    2. Komisario kategoriako lanpostuetan: 0,25 puntu.

    3. Komisariondoko kategoriako lanpostuetan: 0,20 puntu.

    4. Ofizial kategoriako lanpostuetan: 0,15 puntu.

    5. Ofizialondoko kategoriako lanpostuetan: 0,10 puntu.

      2. Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 5 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da:

    1. Polizia-lanarengatiko domina: 3 puntu.

    2. Zorion-adierazpena: 2 puntu.

  2. Antzinatasunaren merezimendua Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da. Hori hala izanik, Ertzaintzan emandako antzinatasun urtebete bakoitza 0,6 punturekin baloratuko da (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita., eta gehienezko puntuazioa inola ere ezin izango da 15 puntutik gorakoa izan.

  3. Ikasketak, gaikuntza eta lanbide-hobekuntzarako jarduerak gehienez 7 punturaino baloratuko dira. Atal honetan, baloratzeari begira, espezializazio-ikastaroak, titulazioak eta diplomak kontuan hartzen dira.

    1. Burututako edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak aitortutako espezializazio-ikastaro bakoitzeko, bertan jasota dauden datuen arabera, puntu 1 emango da, baina atal honetan 3 puntuak inola ere ezin izango dira gainditu.

    Hau da atal honetan aipatzen diren espezializazio-ikastaroen katalogoa:

    1. Trafiko Ikastaroa eta/edo Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa.

    2. Orotariko Ikerketa Kriminaleko I. Ikastaroa eta/edo Argiketa Ikastaroa.

    3. Txakur-gidari Ikastaroa.

    4. Bizkartzainak Gaitzeko Ikastaroa.

    5. Esku-hartze arloan Gaitzeko Ikastaroa.

    6. Brigada Mugikorreko Ikastaroa.

    7. Helikoptero-pilotuen Ikastaro Integratua.

    8. LIUBeko Gaikuntza Ikastaroa.

      Atal honen balorazio-ondorioetarako, Trafikoko Espezializazio Ikastaroa eta Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espezializazio Ikastaroa egin eta gainditu izana puntu 1ekin baloratuko da, espezializazio-ikastaro bakartzat hartuta.

      Era berean, Argiketako espezializazio-ikastaroa eta Orotariko Ikerketa Kriminaleko I. Espezializazio Ikastaroa egin eta gainditu izana puntu 1ekin baloratuko da, espezializazio-ikastaro bakartzat hartuta.

      2. Titulu eta diplomei gehienez 4 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

    1. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A2 taldean sartzeko beharrezko tituluetako bat aurkeztuz gero eta, gainera A1 taldean sartzeko beharrezko tituluekin batera doktore-titulua aurkezten badu, doktoretza eta A1 taldean sartzekoak 4punturekin baloratuko dira.

    2. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A2 taldean sartzeko beharrezko tituluetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, A1 taldean sartzeko beharrezko tituluekin batera graduatu ondoko tituluak aurkezten baditu, graduatu ondoko tituluak eta A1 taldean sartzekoak 3,5 punturekin baloratuko dira.

    3. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A2 taldean sartzeko beharrezko titulazioetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, A1 taldean sartzeko beharrezkoak diren titulazio gehigarrietako bat aurkezten badu, titulu gehigarri bakoitza 3 punturekin baloratuko da.

    4. Izangaiak, sartzeko baldintza gisa, Administrazioko A2 taldean sartzeko beharrezko titulazioetako bat aurkeztuz gero eta; gainera, A2 taldean sartzeko beharrezkoak diren titulazio gehigarrietako bat aurkezten badu, titulu gehigarri bakoitza 2 punturekin baloratuko da.

      Sartzeko baldintza gisa aurreikusitako titulazio akademikoak baino maila beheragokoak diren tituluak ez dira baloratuko. Merezimendu gisa goi-mailako titulu bat aurkezten bada, ez dira konputatuko goi-mailako tituluak lortzeko beharrezko bitarteko titulu edo diplomak; ondorioz ez dira merezimendutzat hartuko merezimendu gisa aurkeztutako goi-mailako titulazioa lortzeko beharrezko erdi mailako titulazioak.

  4. B2 mailako maila aurreratua edo maila goragoko ingeles, frantses eta aleman-ezagutzak baloratuko dira, betiere Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren aplikazioaren arabera eta araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzako curriculumaren alderdi oinarrizkoak finkatzen dituen abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuaren arabera. Gehienez 3 punturekin baloratuko dira, baremo honen arabera:

    1. Ingelesa: 3 puntu.

    2. Frantsesa: 2 puntu.

    3. Alemana: puntu 1.

      Hizkuntza-ezagutzak titulu ofizialaren edo titulua emateko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiriaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira.

      Alegatuko diren tituluen jabe izateko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da.

      Ez da titulu horiek egiaztatzeko inolako probarik egingo.

      Ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bakarrik mailarik altuena duena baloratuko da.

      Filologia ingelesa, frantsesa eta alemaneko lizentziaturak puntuazio altuenarekin baloratuko dira.

      Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeles, frantses eta/edo aleman-mailak baloratuko dira ezarritako baliokidetasunen arabera.

      Aipatutako Europako Markoan eta Errege Dekretuan jasota ez dagoen guztiaren inguruan, Epaimahaiak berak zehaztuko du lehiaketarako aurkeztutako hizkuntzaren ezagutzaren diploma egiaztatzailearen onargarritasuna.

      Hamaikagarrena. Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

      1. Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa prozesuko parte hartzaileen lehentasun-ordena.

      2. Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:

        1. Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.

        2. Puntuazio hobea oposizio fasearen proba psikoteknikoan.

        3. Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.

      3. Hautaketa-sistemaren kalifikazioa amaituta, Bosgarren Oinarrian aurreikusitako Epaimahai Kalifikatzaileak horiek onartu, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-taulan argitaratuko ditu eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari bidaliko dizkio:

        1. Oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta.

        2. Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa prozedura gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute.

      4. Aurreko puntuan ezarritako argitalpenaren eta komisarioen prestakuntza ikastaroaren sarreraren artean hautatutako pertsonen zerrendan inguruabarren batengatik edo aldaketarik egonez gero, aldaketa hori zehazten dueneko ebazpena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko da.

        Hamabigarrena. Eskakizunak egiaztatzea eta praktiketako funtzionarioak izendatzea.

      1. Hautatutakoek Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte jatorrizko agiriak (Bigarren Oinarriaren 1. ataleko d. idatz-zatian eskatutako baldintzaren egiaztatzaileak., Hamargarren Oinarriaren 3.b. puntuan aipatzen den argitalpena egiten denetik zenbatutako hamar egun naturalen barruan.

      2. Bigarren Oinarriaren 4. zenbakian ezarritako arauketaren arabera, deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu duten hautatutakoak praktiketako funtzionario izendatuko ditu Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak; hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan argitaratuko den Ebazpenaren bidez eta Prestakuntza ikastaroaren hasiera data ere jarriko da.

      3. Lehen atalean adierazitako epearen barruan, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez dutenak edo, dokumentazio hori aztertuta, eskatutako baldintzetako bat izangaiak ez duela betetzen ondorioztatzen bada, ezin izango da izendatu, jarduera guztiak eraginik gabe geratuko dira eta izendapena egiteko izan ditzakeen eskubide guztiak galduko. Horrelakoetan, eta aurreko atalean adierazitako Ebazpena argitaratu baino lehen, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak hautaketa prozeduratik kanpo uztea eta beste pertsona batzuek ordeztea erabakiko du. Ordezpena egingo dute deitutako plaza kopuruaren barruan daudenek, ezarritako sailkapen-ordenaren lehentasun hurrenkerari jarraituz, aipatu bazterketaren ondorioz, eta eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuta.

        Hamahirugarrena. Prestakuntza ikastaroa.

      1. Prestakuntza ikastaroa egiteko eskubidea duten praktiketako funtzionarioei Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bidez deituko zaie ikastarora aurkezteko.

      2. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, interesdunei jakinaraziko die ikastaroa noiz hasi behar duten.

      3. Prestakuntza ikastaroa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian edo Ikastegiko zuzendariak izendatuko duen zentroan egingo da. Ikasketa planean aurreikusitakoaren arabera emango da eta bertan ezarritako iraupena izango du.

      4. Prestakuntza ikastaroa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontseilu Arautzaileak onartutako ikasketa planaren arabera garatuko da.

      5. Prestakuntza ikastaroaren azken kalifikazioa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-taulan argitaratuko da. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

      6. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak ebatziko du prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak baztertzea hautaketa prozeduratik.

      7. Prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, ikaslearen espedientetik ondorioztatu ahal bada gainditzea ezinezkoa duela, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez prozesutik baztertua izan ahalko da, interesdunari entzun ondoren.

        Hamalaugarrena. Praktika-aldia.

      1. Praktika-aldia prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiek egingo dute; hain zuzen, beren jardun arloen arabera egokiagoak diren zentro edo egoitzetan, praktiketako komisarioen prestakuntza osoa lortze aldera eta, kategoria horri dagokionez, Ertzaintzaren polizia zerbitzuen egitura eta funtzionamendua bereziki ezagutu dezaten.

      2. Praktika-aldia hasi baino lehenago, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak Ebazpena emango du eta, horren bidez, praktika-aldiaren iraupena, baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak ezarri eta praktiketarako destinoak emango dira. Ebazpen hori Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki taulan argitaratuko da.

      3. Praktika-aldian, Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario Kategoriari dagozkion funtzioak betetzeko izangaien eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktika-aldiak iraun bitartean gertatutako egitateen gainean baino ez da izango.

      4. Praktika-aldiaren kalifikazioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki taulan argitaratuko dira. Iragarki-oholean argitaratzen deneko eguna erabakigarria izango da jarri ahal diren inpugnazio eta errekurtsoen epeetarako.

      5. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak praktika-aldia gainditzen ez dutenak hautaketa prozesutik baztertzea ebatziko du.

        Hamabosgarrena. Praktiketako komisarioen Araubide Juridikoa.

      1. Praktiketako komisarioak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Barne Erregimeneko Erregelamenduan ezarritako diziplina-araubidearen menpe egongo dira eta, osagarri gisa, gertakaria irakaskuntza arloko diziplina hutsegite hutsa ez den kasuetarako Euskal Herriko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen menpe.

      2. Praktiketako funtzionarioak direnez, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan zehazturiko ordainsariak jasoko dituzte.

      3. Praktiketako Komisarioei lizentzia emango zaie betetzen ari diren lanpostuari dagokionez ofizialondoko, ofizial edo komisariondoko kategorian. Aipatu lizentzia ordaindua izango da, salbu eta 4/1992 Legearen 54.2 artikuluan aurreikusitako lansariak jasotzearen alde badaude.

        Praktiketako komisarioek izaera horri eutsiko diote, harik eta kategoria horretako karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa prozesutik bazter utzi arte, hala ezartzen baita Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 54. artikuluan. Praktika-aldia bukatzeak ez du berekin ekarriko jatorrizko kategorian lehen betetako destinora bueltatu ahal izatea.

      4. Prestakuntza-ikastaroa eta praktika-aldia, bakoitza bere aldetik, nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira eta horietan parte hartu ez izanak edo horiek ez gainditzeak izangaia hautapen prozesutik kanpo geratzea ekarriko du besterik gabe eta Komisario Kategorian sartzeko eskubideak galduko ditu. Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak ebatziko du baztertzea.

        Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiengatik, ikastarora edo praktika-aldira agertzen ez direnak edo beroriek burutzen ez badituzte, egongo den hurrengoren bat egin dezakete, behin aurrekoa ezinezko egiten zuten gorabeherak desagertuz gero, horretarako eskaria egin ondoren.

        Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari dagokio arrazoia aztertzea eta berak bidezkotzat jotzen duen erabakia hartuko du.

        Hamaseigarrena. Hautaketa prozeduraren behin betiko sailkapena eta karrerako funtzionarioen izendapena.

      1. Hautaketa prozedurako behin betiko sailkapen-ordena oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak, prestakuntza ikastarokoak eta praktika-aldikoak batuz egingo da.

      2. Praktika-aldia amaitu ondorengo bi hilabeteen barruan, eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren proposamenez, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak karrerako funtzionario izendatuko ditu hautaketa prozesua gainditu duten izangaiak; izendapena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki taulan argitaratuko da. Izendapena Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario izango da.

      3. Izendatuak gehienez 10 eguneko epean lanpostuaz jabetuko dira izendapena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Hala egiten ez badute, ezinbesteko kausa dagoenean izan ezik, jarduera guztiak ondoriorik gabe geratuko dira eta karrerako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

        Hamazazpigarrena. Hutsegite larri edo oso larriengatik zehapenak ezartzea.

        Komisario Kategorian sartzeko izangaiek diziplina-espedientea lehendik irekita badute edo geroago irekitzen bazaie, hautaketa prozesuan onartua izatea, horretan jarraitzea eta komisario kategorian sartzea baldintza honen menpean geratuko dira: diziplina espediente horietan izangaiei hutsegite larri edo oso larriengatik zehapenik ez ezartzea.

        Hemezortzigarrena. Errekurtsoak.

        Deialdi honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzan, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka egin dezakete.

        Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izango da bide jurisdikzionaletik jo, harik eta errekurtso hori berariaz ebatzi arte edo isiltasunagatik ustezko ezespena eman arte.

        Interesdunak bide jurisdikzionaletik aurka eginez gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

        Hemeretzigarrena. Kalte-ordainak.

        Izangaien aldetik barneko edozein hautaketa prozesutan aurkeztea borondatezkoa denez gero, hautaketa fasean, prestakuntza ikastaroan edo praktika-aldian sor daitezkeen bidaia-gastuen edo beste batzuen gainean, izangaiek ez dute inolako eskubiderik, beraz Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik.

        Arkauti, 2012ko apirilaren 18a.

        Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,

        ELENA MORENO ZALDIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (10)

Arauaren historia →

Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.