- 216/2012 EBAZPENA, 2012ko apirilaren 20koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearena, eskumen jakin batzuk BOMSeko gainontzeko zuzendaritza-karguei eskuordetzan emateko eta izenpea eskuordetzan emateko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu216/2012 EBAZPENA, 2012ko apirilaren 20koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentearena, eskumen jakin batzuk BOMSeko gainontzeko zuzendaritza-karguei eskuordetzan emateko eta izenpea eskuordetzan emateko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 99
- Hurrenkera-zk.: 2256
- Xedapen-zk.: 216
- Xedapen-data: 2012/04/20
- Argitaratze-data: 2012/05/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herri Administrazioa; EAEko udalak
Testu legala
Zerbitzu-erakunde honi legez dagozkion eskumenei begira eta haien gauzatze praktikoa dela-eta,
Oinarritzat hartuz ondorengo
EGITATEAK
Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendaritza-gerentziak eskumenak edo, behar izanez gero, izenpea eskuordetzan emateko araubidearen beharra aztertu du eta erabaki du araubidea ezartzea komenigarria dela, betiere Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan aurreikusten dena osatzeko.
Planteamendu hori Osakidetzako beste hainbat zerbitzu-erakundetan egin denarekin bat dator, administrazio kudeaketaren funtzionamendua hobetzen du, ahal diren funtzioak eta beharrezkotzat jotzen direnak deskontzentratzen baititu.
Lehenengoa. «Eskumena eskuordetzan ematea»ri dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 12.1 artikuluaren arabera: «Eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumena berena duten administrazioko organoek baliatuko dute, baldin eta, lege honetan zein beste batzuetan ezarritako moduan, eskuordetzan ematen ez bada edo goragokoak eskumena bereganatzen ez badu».
Salbuespen hori Osakidetza Euskal osasun zerbitzuaren Estatutu Sozialen 15. artikuluan jasota dago. Artikulu horren arabera, zuzendaritza-karguek bere gain hartu ahal izango dituzte zuzendari gerenteak eskuordetzan emandako funtzioak eta eginkizunak, betiere euren menpe dauden zerbitzu eta unitateen jardueren jarraipena eta ikuskapena eginez.
Nahikoa izango da, jarraipen eta ikuskapen betekizun horrez gain, aipatu 30/1992 Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea, alegia:
Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.
Ezin dira inola ere eskuordetzan eman:
Estatuko burutzarekin, estatuko gobernuko lehendakaritzarekin, Gorte Nagusiekin, autonomia erkidegoetako gobernu-kontseiluetako lehendakaritzekin eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrekin diren harremanei buruzko eskumenak.
Xedapen orokorrak emateko eskumena.
Errekurtsoak ebazteko eskumena, errekurtsopeko egintza eman zuen administrazio-organoari.
Lege-mailako arauetan hala agindutako gaietako eskumenak.
Eskumenak eskuordetzan ematea eta horien eskuordetza kentzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu behar dira; horretarako, kontuan izango da zein administraziotakoa den organo eskuordetza-emailea eta eskumena zein lurralde eremutan duen.
Administrazioaren ebazpenak eskuordetzaz baliatuz ematen badira, espresuki adierazi behar da ebazpen horiek eskuordetzaz baliatuz eman direla, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira.
Legeren batek espresuki baimenduta ez bada, ezin zaizkio inori eskuordetzan eman norberak eskuordetzaz baliatuz erabiltzen dituen eskumenak.
Nahiz eta prozeduraren arauan nahitaezko izapide gisa ezarri irizpena edo txostena eman behar dela, hori ez da eragozpen izango prozedura ebazteko eskumena eskuordetzan emateko; dena den, ezin da eskuordetzan eman gai jakin bat ebazteko eskumena, dagokion prozeduran aldez aurretik gai horri buruzko nahitaezko irizpena edo txostena emanda dagoenean.
Eskuordetza eman duen organoak edozein unetan ken dezake.
Kide anitzeko organo batek bereak dituen eskumenak erabiltzerakoan quorum berezia behar badu ohiko jardueran, quorum bera beharko du beti eskumen horiek inori eskuordetzan ematerakoan ere.
Bigarrena. «Izenpea eskuordetzan ematea»ri dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 16. artikuluaren arabera,
«1. Administrazioko organoetako titularrek, beren eskumeneko gaietan, ebazpenak eta egintza administratiboak izenpetzeko eskumena eskuordetzan eman diezaiekete mendeko organo edo unitateetako titularrei, 13. artikuluan adierazitako mugen barruan.
Izenpea eskuordetzan emateak ez du aldatzen organo eskuordetza-emailearen eskumena, eta, balio izateko, ez du argitaratu beharrik.
Eskuordetzaz izenpetutako ebazpen eta egintzetan adierazi egin behar da zeinek duen jatorrizko eskumena.
Zehatzeko ebazpenetan ezin da izenpea eskuordetzan eman.»
Ondorioz, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ematen didan ahalmena erabiliz, honako hau
Lehenengoa. Langileak kudeatzeko eta kontratatzeko arloan ditudan eskumenak Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Pertsonaleko zuzendariari eskuordetzan ematea.
Bigarrena. Medikuen zaintza-lanen eta erizainen zaintza-lanen antolaketa eta onarpena Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari medikoari eta erizaintzako zuzendariari eskuordetzan ematea, hurrenez hurren.
Hirugarrena. Zuzendari medikoari eskuordetzan ematea Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Kontratazio Organoak kontratazio administratiboko gaietan duen eskumena (Osakidetzako Estatutuen 20. artikulua).
Laugarrena. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Ekonomia eta Finantzetako zuzendariari eskuordetzan ematea Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko eremu orokorreko edo korporatiboko gastua onartzeko eta baimentzeko eskumena eta lanen, ondasunen eta zerbitzuen eskaintzak eta aurrekontua onartzeko eta baiesteko eskumena.
Bosgarrena. Zerbitzu orokorretako buruei eta/edo administrazioko arduradunei, bakoitzak dagokion arloan jardunik, eskuordetzan ematea, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko egoitza nagusiko, ospitalez kanpoko bitartekoetako eta Bermeo, Zaldibar eta Zamudioko ospitaleetako gastua onartzeko eta baimentzeko eskumena eta lanen, ondasunen eta zerbitzuen eskaintzak eta aurrekontua onartzeko eta baiesteko eskumena.
Seigarrena. Ebazpen hau eskumenak edo eginkizunak eskuordetzan ematen zaizkien zuzendariei edo arduradunei jakinaraztea.
Zazpigarrena. Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.
Zortzigarrena. Ebazpen honek, behin betikoa denez gero, eman den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta gai honi buruz Osakidetzako zerbitzu-erakunde honetarako aurretik emandako edozein ebazpen indargabetzen du.
Bilbao, 2012ko apirilaren 20a.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendari gerentea,
CARLOS PEREIRA RODRIGUEZ.


