- 804/2012 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, laguntzak deitzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu804/2012 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, laguntzak deitzen dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 144
- Hurrenkera-zk.: 3428
- Xedapen-zk.: 804
- Xedapen-data: 2012/06/25
- Argitaratze-data: 2012/07/24
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen V. tituluko 31. artikuluan honako hau ezartzen da: «Etenik gabe sustatuko dira osasun arloko profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen eta gestio eta administrazio sanitarioetako profesionalen prestakuntza, birziklapena eta hobekuntza, diziplinarteko perspektiba batetik».
Ildo beretik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutuen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 3.d) artikuluak Osakidetzaren helburuen artean honako hau adierazten du: «Langile sanitarioek eta ez-sanitarioek dituzten ezaguera espezializatuak eguneratzea eta prestakuntza sustatzea, bai osasunaren arloan, bai kudeaketa zein administrazio sanitarioetan».
Osakidetzako zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 1580/2011 Ebazpenaren hirugarren artikuluan (Osakidetzan plangintza eta prestakuntza-jardueren kudeaketarako irizpide orokorrak ezartzen dituen Ebazpena) honako hau azpimarratzen da, Osakidetzako prestakuntzarekin lortu nahi diren helburuen artean: «Lanpostuaren erantzukizunak, funtzioak eta zereginak betetzeko behar diren gaitasunak eguneratu eta hobetzea eta Osakidetzako langileen birziklapen profesionala eta kualifikazio-hobekuntza sustatzea».
Hori dela eta, aipatutako legedian adierazitako asmoari erantzun ahal izateko Osakidetzaren lehentasuneko jarduera-ildoetako bat da laguntza ekonomikoak ematea bertako profesionalei prestakuntzan eta gaitasun profesionalean erakutsitako ekimen eta esfortzuagatik. Izan ere, horri esker, osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu egingo da.
Azaldutako guztiagatik, indarrean dagoen legediak ematen dizkidan eskumenez baliaturik, honako hau
Lehenengoa. Deialdia egitea eta Osakidetzako langileen etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko laguntzak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea. I. eranskinean jasotzen dira.
Bigarrena. Eskabide-eredu normalizatua onartzea. II. eranskinean dago.
Hirugarrena. Oinarri orokorretako 8. puntuan jasotako aurreikuspenarekin bat etorriz dagokion Zuzendaritzak eman beharreko ziurtagiri-eredu normalizatua onartzea. III. eranskinean dago.
Lehenengoa. Bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoarekin (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua), eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legean ezarritakoarekin (ekainaren 26ko 8/1997 Legea), eta Osakidetzako Estatu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoarekin, ebazpen honen aurka eta, behin betiko, hori garatzeko emango direnen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hurrengo modu hauetan:
Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariak emandako ebazpenen aurka, Osakidetzako zuzendari nagusiari jarri ahalko zaio gora jotzeko errekurtsoa (Araba kalea 45, PK: 01006, Vitoria-Gasteiz).
Zuzendari nagusiak emandako ebazpenen aurka, Osakidetzako Administrazio Kontseiluari aurkez dakioke gora jotzeko errekurtsoa (Araba kalea 45, PK: 01006, Vitoria-Gasteiz).
Bigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 25a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JULIÁN PÉREZ GIL.
Osakidetzako langileen etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko laguntzak arautuko dituzten oinarri orokorrak
Xedea.
Oinarri hauen xedea da baldintzak eta betekizunak ezartzea Osasun arloan etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala egiteko laguntzak eskuratu eta emateko, arlo klinikoetan nahiz kudeaketa eta administrazio arloan, prestigio handiko zentroetan edo erakunde nazionaletan, estaldura-aldi honetan amaitzen direnean: 2011ko irailaren 1etik 2012ko abuztuaren 31ra.
Ikasketen prestakuntza-planak ikasturte akademiko edo modulu bat baino gehiago baditu, ikasketa horiek azken ikasturtearekin batera amaituko dira edota ikasketa-programan ezarritako azken proba amaitzean, ikasketak erabat amaitu direla egiaztatzen duen ziurtagiria eskuratzean.
Hizkuntza bat ikasteko prestakuntza-jarduerak aurkeztutako ziurtagiri ofizialean egiaztatutako datan amaituko dira, eta diru laguntza bakarrik emango zaio laguntza eskatzen duen profesionalari dagokion arloko zuzendariak emandako ziurtagirian onartzen bada ezagutza hori ezinbestekoa dela bere lanpostua normaltasunez betetzeko.
Etengabeko prestakuntza-ikasketak eta birziklapen profesionala honelako ikasketak dira: profesionalek bere lanpostuko erantzukizunak, funtzioak eta zereginak betetzeko behar dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak eguneratu eta hobetzeko diren ikasketak, eta baita bere kualifikazioa hobetzeko eta eboluzio zientifiko eta teknologikoak eta demandek eta beharrek (sozialek nahiz osasun-sistema berarenak) eragindako aldaketetara egokitzen laguntzeko diren ikasketak ere.
Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:
Aldez aurretik Osakidetzak ebatzitako antzeko deialdietan finantzatutako prestakuntza-jarduerak.
Gradu-titulazioa edo baliokidea edo espezialitate klinikoko titulazioa lortzeko diren prestakuntza-jarduerak.
Euskera ikasteko prestakuntza-jarduerak.
Bilkura zientifikoetan parte hartzea, hau da, kongresu, sinposium, jardunaldi, mintegi eta antzeko jardueretan parte hartzea.
Finantzaketa.
Aurreikusitako laguntzen finantzazioa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralaren aurrekontuen kargura izango da, horretarako bereziki aurreikusitako partidaren bitartez.
Etengabeko prestakuntza-ikasketetarako eta birziklapen profesionalerako Laguntza-programaren guztizko zenbatekoa 90.000 eurokoa da.
Laguntzetarako finkatutako kopuru oso hori alda daiteke, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusita, eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren beste laguntza-programa batzuek burutu ondoren agortu gabe gelditu den diruaren arabera.
Emandako diru-laguntza ezingo da inolaz ere onuradunak egindako prestakuntza-jarduerako matrikularen zenbatekoa baino gehiago izan, bera bakarrik edota bestelako erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandakoak kontuan hartuta.
Onuradunak.
Osakidetzako langile guztiak baliatu ahal izango dira laguntza hauetaz. Barruko langile egoiliarrek ere izan ditzakete laguntza hauek (BAME, BAFE, BAPE, BAEE, eta abar), betiere, etengabeko prestakuntzarako jarduerak eta birziklapen profesionala egiteko laguntzak eskatzen badira (erref. 1.1 eta 1.2 punt.).
Horrelako egiaztapena, laguntza-eskabidea aurkezteko datan, ofizioz egingo du korporazioko prestakuntza-zerbitzuak.
Onuradunei ezingo zaie diru-laguntzarik eman eta ordaindu, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakunde autonomoetako Administrazio Orokorrak emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze edo zigortze prozeduraren bat oraindik tramitazioan badago.
Zehapenean aditzera ematen den epean ezingo dute parterik hartu zigor- edo administrazio-zehapenen bat izateagatik diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu dutenek, ez eta legezko debekuren baten ondorioz horretarako ezgaituta daudenek, barne sartuz sexuaren aldetiko diskriminazioren baten ondoriozkoak.
Itzultzeko gastuak.
Diru-laguntzari esker, prestakuntza-jarduerak eragindako matrikula-gastuak ordainduko dira.
Laguntzen eta hornidura ekonomikoen arteko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aitortutako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde publiko nahiz pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzekin. Dena den, ezingo da inolaz ere egon gain-finantzaziorik. Halakorik gertatuz gero, emandako laguntza murriztu egingo da dagokion gehieneko mugaraino.
Norberari emandako diru-laguntza mila euro baino gutxiago eta berrogeita hamar euro baino gehiago izan behar da. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, gutxieneko kopurua baino gutxiagokoa bada, falta den diru-kopurua ordainduko da.
Eskatutako diru-laguntza gutxieneko kopurua baino txikiagoa bada, eskabidean azaltzen den kopurua ordainduko da.
Salbuespen gisa, gehieneko topeak areagotu daitezke baldin eta esleitutako zenbateko osotik nahikoa soberakin gelditzen bada.
Eskabideak.
Pertsona bakoitzak prestakuntza-jarduera baterako bakarrik eska dezake laguntza. Prestakuntza-jarduera ikasketa amaitu dela egiaztatzen duen ziurtagiriarekin identifikatuko da.
Puntu hori betetzen ez bada, atzera botako dira aurkeztutako eskabide guztiak.
Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabidea ebazpen honen II. eranskinean dagoen eredu normalizatuan egingo da.
Eskabide-eredua eskura egongo da intranet korporatiboan www.osakidetza.net helbide elektronikoan, webgune horretan dagoen baliabide telematikoen bitartez bidaltzeko.
Telematikoki bidali ostean, eskatzaileak kopia bat inprimatu beharko du, eta behar bezala sinatu eta erregistratu.
Inskripzio hori deialdiko epe barruan behin sinatutakoan eta Osakidetzako zerbitzu-erakundeetako edozein erregistrotan aurkeztutakoan bakarrik izango da baliozkoa. Kontuan izan behar da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 38.4 artikuluan araututako leku eta forman ere aurkeztu daitekeela.
Eskabidea Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariari zuzendu eta bidaliko zaio, Korporazioko Prestakuntza Zerbitzura (Araba kalea, 45, PK: 01006, Vitoria-Gasteiz).
II. eranskinean dagoen eskabidearekin batera ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar da:
Dagokion ikastetxeko organo eskudunak emandako ziurtagiri originala zigilatua eta sinatua, eskatzaileak laguntza eskatu dueneko ikasketak amaitu dituela egiaztatzen duena. Halaber, tituluaren edo diplomaren fotokopia konpultsatua ere onartuko da.
Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiri originala, bankuko abonu-agiria aurkeztuta, edo ordainagiri originala ordaindu izanaren egiaztagiriarekin, edo ordainketa egiaztatzen duen ikastetxeko organo eskudunak zigilatu eta sinatutako ziurtagiri originala.
Laguntza eskatzen duen profesionalari dagokion arloko zuzendariaren ziurtagiri originala, III. eranskinaren arabera, honako hauek beteta:
Ikasketen probetxugarritasunari eta eskatzailearen lan-jarduerari egokitzeari buruzko balorazioa.
Hizkuntza bat ikasteko prestakuntza-jardueren kasuan, ezagutza hori ezinbestekotzat jotzen dela bere lanpostua normaltasunez betetzeko:
Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2012ko irailaren 30ean bukatuko.
Eskabidean jarritako jakinarazpen eta komunikazio-baliabideak.
Eskabidean ageri den helbidea bakarrik hartuko da kontuan jakinarazpenetarako.
Eskabidean bere telefono-zenbakia adierazten duten eskatzaileek telefono hori erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetzari laguntza kudeatzeko prozesuan zehar komunikatu ahal izateko.
Eskatzailearen erantzukizun esklusiboa dira helbide, telefono-zenbakia eta emandako laguntza jasotzeko kontu-zenbakia gaizki ematea eta horiek aldatu izana ez jakinaraztea Osakidetzari Korporazioko Prestakuntza Zerbitzuari.
Onartutako eta baztertutako eskabide-zerrenda.
Onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Korporazioko Prestakuntza Zerbitzuak aztertuko ditu hasiera batean deialdian eskatzen diren betekizunak ea betetzen diren egiaztatzeko.
Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariak onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda onartuko du ebazpen baten bidez, eta korporazioko intraneten argitaratuko da. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko da.
Eskabideak baztertu edo alde batera utzi dizkieten izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidea zuzentzeko, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zuzentzen ez badu, interesdunak eskabideari uko egiten diola ulertuko da.
Onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda.
Erreklamazio-epea amaitu ostean, Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariak ebazpen bat emango du onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda onartuz, eta hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziz. Ebazpen hori korporazioko intraneten argitaratuko da.
Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa baloratzea.
Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, Erakundeko zuzendari nagusiak izendatutako Balorazio Batzorde bat eratuko da.
Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Giza Baliabideetako Dibisioa Kudeatu, Antolatu eta Garatzeko zuzendariordeak epaimahaiburu lanetan eta lau kide gehiagok eta Prestakuntza Arloko teknikari arduradun batek idazkari lanetan.
Batzorde horrek, eskabideen balorazio egokia egiteko beharrezkotzat joko dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.
Aurreikusitako balorazio- eta neurri-irizpideak aplikatuz, Batzordeak aurkeztutako eskabideak ebaluatuko ditu, eta dagokion ebazpen-proposamena egingo Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariari.
Balorazio eta neurri-irizpideak.
Ondoren azaltzen diren irizpide eta neurri hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balorazio-lan hori:
Ikasketen erabilgarritasuna eta eskatzailearen lan-jarduerarekiko egokiera. % 65era bitartekoa. Irizpide hori honela baloratuko da:
Laguntza eskatzen dueneko prestakuntza-jardueraren aldeko interesa duela azaltzen duen memoria, eskatzaileak berak aurkeztutakoa. Bere lanpostuari lotutako hobekuntza-arloak zehaztu beharko ditu eta prestakuntza horrek zenbateko eragina izango duen. % 40ra bitartean.
Laguntza eskatzen dueneko ikasketen programa, ikasketen maila, helburuak eta eduki espezifikoak zehazten dituena. % 10era bitartean. Honela baloratuko da:
Helburuak: 4 puntu
Edukiak: 6 puntu
Ikasketen probetxugarritasunari buruzko balorazioa altua, ertaina edo baxua profesional eskatzaileari dagokion arloko zuzendariaren ziurtagiriaren arabera. Horretarako, kontuan izan beharko dira prestakuntzak lanpostuan duen eragina, eskatzailearen lan-harremana eta ikastaroaren iraupena ordutan edo kreditutan. % 15era artean hurrengo eskala honen arabera:
Altua: 15 puntu
Ertaina: 8 puntu
Baxua: 4 puntu
Ikasketen lotura Euskadin kronikotasun-erronkari aurre egiteko estrategiarekin eta Osasun eta Kontsumo Saileko, eta Osakidetzako gainerako lehentasunezko arloekin eta zerbitzu-erakundeetako plan eta programa espezifikoekin, profesional eskatzaileari dagokion arloko zuzendariaren ziurtagiriaren arabera. % 25era bitartean. Honela baloratuko da:
Kronikotasun-estrategiekin eta Osasun eta Kontsumo Sailaren, eta Osakidetzaren gainerako lehentasun-arloekin erlazionatutakoak: 25 puntu.
Orokorrean, zerbitzu-erakundeetako plan eta programa espezifikoekin erlazionatutakoak: 15 puntu.
Interesduna atxikita dagoen unitatearen plan eta helburu espezifikoekin erlazionatutakoak: 10 puntu.
Erlazionatu gabeak: 0 puntu.
Ikasketak egin diren zentroaren edo erakundearen prestakuntza-kalitatea. % 10era bitartekoa. Honela baloratuko da:
Prestakuntzako unibertsitate-zentroak: 10 puntu
Ospitaleak, Administrazioko lanbide-eskolak, IVAP-HAEE, Osasun Sistema Nazionaleko autonomia erkidego ezberdinetako osasun-eskolak, etab.: 5 puntu
Lanbide Ikastetxea: 3 puntu
Bestelakoak: 2 puntu
Fase horretan irizpideak baloratzeko aipatzen diren dokumentuak aurkezten ez badira dagozkion atalak «zero punturekin» baloratuko dira.
Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak beteta ere, horrek ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.
Ebazpena.
Ebazpena Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariak emango du, Balorazio Batzordeak proposatu ondoren.
Ebazpenean onuradunen zerrenda eta bakoitzari emandako diru-kopurua jasoko dira.
Deialdia gehienez sei hilabeteko epean ebatziko da, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, ebatzi gabeko eskabideak baztertuak izan direla ulertu behako da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Hala ere, kontuan izan behar da Administrazioa derrigortuta dagoela berariaz ebaztera.
Horrekin batera, laguntza jasoko duten onuradunei dagokion onarpen-dokumentua bidaliko zaie, eta onuradunek behar bezala beteta igorri behar dute Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisiora, Korporazioko Prestakuntza Zerbitzura (Araba kalea 45, PK: 01006, Vitoria-Gasteiz), hamar egun naturaleko epean jasotzen den egunetik kontatzen hasita.
Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, laguntza jasotzeko eskubidea ere galduko da, ebazpen honen 10.4 puntuan ezarritakoaren arabera.
Laguntza ukatzen den kasuetan, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa hilabeteko epean erretiratu ahal izango da esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, interesdunak aldez aurretik hala eskatuta, baldin eta horren aurka errekurtsorik aurkeztu ez bada. Errekurtsoa aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.
Laguntza eskatzeko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, emandako ebazpena ere aldatu ahalko da.
Eta bereziki, beste administrazio batzuk edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuk emandako diru-laguntzekin batera eskuratzen direnean, uko egin behar diote emandako laguntzari edota itzuli egin beharko dituzte ez betetzeagatik, eta horrela zenbatekoak berriro esleitu daitezke gainerako eskatzaileen artean, jatorrian kontuan izandako irizpide beraien arabera.
Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Emandako laguntza ekonomikoak ordaintzea.
Emandako laguntza ekonomikoak nomina ingresatzen den bankuko kontu-zenbakian ordainduko da, aldez aurretik onartu ondoren, eskatzaileak kontrakorik adierazten ez badu onarpen-dokumentuan.
Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
Eman zaion diru-laguntza onartzea, deialdi honetako 10.3 puntuan ezarritakoaren arabera.
Diru-laguntza ematen duen erakundeari, ahalik eta azkarren, jakinarazi behar zaio helburu beragatik beste laguntza batzuk eskatu dituen, eta hala badagokio, laguntzarik, ingresurik edo baliabiderik jaso duen edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen aldetik.
Laguntza emateko kontuan izandako edozein zirkunstantzia-aldaketaren, objektibo nahiz subjektiboaren berri ematea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea beren lana beteaz eskatzen dieten informazio guztia, deialdi honi lotutako diru-laguntzen ingurukoa.
Laguntza itzultzea.
Ondoren adieraziko diren egoeretakoren bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua ere itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:
12. oinarrian zerrendatzen diren betebeharrak ez betetzea.
Onuradunak laguntza jasotzen badu, horretarako bete beharreko baldintzak bete gabe.
Ezarritako kontrol-jarduerei ezezkoa ematea edo traba egitea.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


