- EBAZPENA, 2012ko uztailaren 16koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko modua arautu zuen 2012ko martxoaren 20ko Ebazpenaren babesean aurkezturiko diru-laguntzen eskaerak ebazten dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko uztailaren 16koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko modua arautu zuen 2012ko martxoaren 20ko Ebazpenaren babesean aurkezturiko diru-laguntzen eskaerak ebazten dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 162
- Hurrenkera-zk.: 3809
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/07/16
- Argitaratze-data: 2012/08/21
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
EHAAn, 2012ko apirilaren 16an argitaratu zen Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2012ko martxoaren 20ko Ebazpena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. Ebazpen horren 2. artikuluak deialdi horretarako diru-zuzkidura finkatu zuen, 44.000 eurokoa, modu honetan banatuta: % 60 lehen eperako, eta % 40 bigarren eperako.
Ebazpen horretako 8. artikuluan finkatu zen balorazio-batzordearen osaera, eta artikulu horretan bertan dio balorazio-batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko duela eta EHAAn argitaratuko dela.
Ekainaren 13ko EHAAn, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren uztailaren 2ko Ebazpena argitaratu zen. Ebazpen horrek, batetik, balorazio-batzordeko kideak izendatu zituen, eta, bestetik, deialdiko lehen eperako diru-zuzkidurari 3.000 euro gehitu zizkion.
Honako hauek dira kide horiek:
Lehendakaria: Maria Aitzpea Goenaga Mendiola, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.
Bokalak:
Mari Jose Olaziregi Alustiza andrea.
Bakartxo Arrizabalaga Labrousse andrea.
Koldo Biguri Otxoa de Eribe jauna.
Juan Garzia Garmendia jauna.
Marta Merino Ortiz de Landaluce andrea.
Idazkaria: Kizkitza Galarza Arregui, Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Kultura teknikaria.
Batzordeko kide guztiak bilduta, eskaera guztiak aztertu zituzten, 2012ko martxoaren 20ko Ebazpeneko 9. artikuluko 2. puntuan zehaztutako irizpideen arabera.
Balorazio Batzordeak bere ebazpen-proposamena aurkeztu zion Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
Hori guztia kontuan izanik, Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena ikusita, eta deia egin zuen Ebazpenaren 10. artikuluak egokitu dizkidan betebeharren jardunean, honako hau
Lehenengoa. Ebazpen honen 1. eranskinean azaltzen diren erakunde/pertsona edo itzulpen-proiektuei bertan zehazturiko kopuruko diru-laguntza ematea.
Bigarrena. 2. eranskinean azaltzen diren erakunde/pertsonek egindako diru-laguntza eskaera ezestea, 2012ko martxoaren 20ko Ebazpenaren 9. artikuluko 4. puntuan adierazitakoaren ondorioz nahiz epez kanpo aurkeztu izanaren ondorioz.
Hirugarrena. Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedura honi jarraituz:
Diru-laguntzaren % 50, esleipen-ebazpena argitara eman eta gehienez ere hilabeteko epean ordainduko da.
Gainerako % 50, diruz lagundutako jarduera amaitu eta jarraian adierazten diren agirien bidez justifikatu ondoren:
Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, eta kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.
Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen bankuko ordainagiria, eskatzailea argitaletxea bada.
Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da, onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.
Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada, edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
Laugarrena. Onuradunen betebeharrak.
Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta ondorengo hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.
Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera hitzartutako epean amaitzea.
Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea egiterakoan EEIren logoa jartzea, eta bertan zehatz adieraztea itzulpenerako diru-laguntza jaso duela.
Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
Bosgarrena. Arauak ez betetzea.
Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
Seigarrena. Publizitatea.
Ebazpen hau prozedurako interesatu guztiei jakinaraziko zaie, eta, ondoren, ebatzitako deialdiaren erreferentzia EHAAn argitaratuko da, denek horren berri jakin dezaten.
Zazpigarrena. Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis L 379/5, 2006-12-28 laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak). Arau horiei jarraikiz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa, edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Donostia-San Sebastián, 2012ko uztailaren 16a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


