Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2012ko uztailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bitartez, ezagutzera ematen da lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzak, martxoaren 7ko TAS 718/2008 aginduan aurreikusita daudenak, 2012ko ekitaldian finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, eta baita Lanbideko Administrazio Kontseiluak ekitaldi honetako laguntza programa hori gauzatzeko adostutako baldintzak ere. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2012ko uztailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bitartez, ezagutzera ematen da lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzak, martxoaren 7ko TAS 718/2008 aginduan aurreikusita daudenak, 2012ko ekitaldian finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, eta baita Lanbideko Administrazio Kontseiluak ekitaldi honetako laguntza programa hori gauzatzeko adostutako baldintzak ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 3806
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/07/26
  • Argitaratze-data: 2012/08/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 26. artikuluak enplegurako lanbide-heziketaren lege-esparrua ezartzen du, eta adierazten du enplegurako prestakuntzako azpisistema osatzen duten prestakuntza-ekintzak zuzenduta daudela gaitasun eta kualifikazio profesionalak eskuratzera, hobetzera eta etengabe eguneratzera, biztanleria aktiboaren bizi osoko prestakuntza sustatuz, eta pertsonen beharrizanak enpresek, lurraldeek eta ekoizpen-sektoreek dituztenekin uztartuz.

Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema arautzen duenak, azpisisteman aurreikusitako helburuak lortzeko prestakuntza programatzeko eta eskaintzeko hainbat modu ezartzen ditu; 23. artikuluak, zehazki, Erkidegoan gauzatu beharreko programazioa eta kudeaketa jasotzen du.Prestakuntza-eskaintza garatzeko aurreikusitako bideetako bat da lehentasunez langabezian dauden langileak kontratatzeko konpromisoa barne hartzen dituzten prestakuntza-ekintzak programatzea. Hala, esanbidez jasota dago horrelako ekintzak diru-laguntza publikoekin finantzatuko direla.

Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduak, Errege Dekretua eskaintzaren prestakuntzari dagokionez garatzeko helburua betetzeaz gain, Herri Administrazioek, beren kudeaketa-esparruaren barruan, prestakuntza hori finantzatzeko diru-laguntzen emakida arautu behar duten oinarriak arautu zituen. Aginduaren 21. artikuluak, zehazki, kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzen ezaugarriak zehazten ditu, eta finantzaketaren xede izango diren diru-laguntzak emateko berariazko baldintzak eta irizpideak bereizten ditu, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren eskaintzaren prestakuntzaren esparru nagusiaren barruan.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarriz gero, Lanbidek bere gain hartu du Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura.

TAS/718/2008 Aginduaren indarraldia mugagabea da, eta kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzak ez dira norgehiagokaren erregimenari erantzunez eman, araudi honetan esanbidez jasota dagoen moduan. Horrela, esleitutako aurrekontu-kreditua edo hura eguneratzetik ondorioztatzen dena izango da diru-laguntzak emateko muga.

Horregatik, diru-laguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publizitate-printzipioa betez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.1 eta 2 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak onartu ondoren, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzak 395/2007 Errege Dekretuan eta TAS/718/2008 Aginduan aurreikusita daudenak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa jakinarazi behar da, baita hori eguneratzetik ondoriozta daitekeena ere.

Era berean, kontuan hartuta diru-laguntza horien kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari eskualdatu zaiola, publizitateko eta segurtasun juridikoko printzipioak errespetatzeko, hobe liteke laguntzen hartzaile izan daitezkeenei informazio jakin batzuk ematea, aplikatu beharreko diru-laguntzen prozeduraren eta erregimen juridikoaren inguruan. Bestetik, TAS 718/2008 Aginduan aurreikusita dauden diru-laguntza horiek emateko prozedura arautzeko oinarriak osatu behar dira, 2012ko ekitaldi honetan emango diren diru-laguntzetan aplikagarriak izango diren baldintzak zehazteko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu ondoren, LanbideEuskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2012ko uztailaren 16ko bilkuran, aldez aurretik aipatutako guztia aintzat hartuta, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduan araututako kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzak gauzatzeko diru-laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeko erabakia hartu du, araudi honetan aurreikusitako laguntzak gauzatzeko baldintzak osatuz, eta ildo horretan, Erabaki horren edukia argitara emateko agindua eman du, Ebazpen honek helburu hori bete nahi duela aintzat hartuta.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Lehenengoa. 2012ko uztailaren 16ko bilkuran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzei buruz (martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan aurreikusita eta Dekretu hori garatzen duen martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduan araututa daudenak) hartutako erabaki hau jendaurrean adieraztea:

Lehenengoa. Enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren esparruan, eskaintzaren prestakuntzari dagokionez, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzenduta dauden eta kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako laguntzak (enplegurako lanbide-heziketako azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoak, eta Dekretu hori garatzen duen martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduak araututakoak) 2012ko ekitaldian finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzea,4.880.000 euroko zenbatekoarekin, Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuko 41. Ataleko 3231-Prestakuntza programaren kargura. 4.880.000 euro horietatik 2.521.400 euro 2012ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 510.900 euro 2014ko konpromiso-kredituari.

Hala badagokio, laguntzen emakidaren muga izango den zenbateko hori egunera daiteke, baldin eta, indarreko legeria betez, aurrekontu-aldaketak onartzen badira.Aldaketa horiek eginez gero, aldaketa horiek publiko egingo dira EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez.

Bigarrena. Martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduak barne hartzen dituen laguntzak emateko oinarri arautzaileak osatzea, laguntza horien kudeaketarekin lotutako hainbat alderdi gehitzeko (Euskal Autonomia Erkidegoaren diru-laguntzen antolamenduari eta erregimen juridikoari buruzko araudien aplikazioak eragiten dituenak), eta aldi berean, diru-laguntzetarako programa hau gauzatzeko baldintza jakin batzuk zehazteko. Baldintza horiek aplikagarriak izango dira 2012ko ekitaldi honetan emandako laguntzetan. Eta hori guztia, ondoren adierazten diren baldintzetan:

  1. Eskaerak eta horiek aurkezteko epea.

    Kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzen prestakuntza planari dagozkion diru-laguntzak lortzeko eskaerak aurkezteko, eredu ofiziala beteko da http://www.lanbide.net webgunean, eta diruz lagundu beharreko proiektua deskribatzen duen memoria aurkeztu. Prestakuntza proiektu bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko da, nahiz eta proiektuak prestakuntza-ekintza bat baino gehiago barne hartu.

    Interesdunak eskaeraren kopia bat nahi badu, bi ale aurkeztu beharko ditu.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan aurkeztuko dira eskabideak, Jose Atxotegi 1, Arabako lurralde-esparruan; eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegu Bulegoetan aurkeztuko dira Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde-esparruetan. Modu berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa denaren 38.4 artikuluan aurreikusten den moduan aurkez daitezke eskabideak.

    Prestakuntza zentro batek aurkezten badu eskaera, eta kontratatzeko konpromisoa zentrotik kanpoko enpresa edo erakunde batean gauzatzen bada, ikasleak laneratuko diren enpresak edo erakundeak sinatutako konpromisoa aurkeztu beharko da, eskaera aztertzen jarraitu eta onartu ahal izateko. Konpromiso hori idatziz jasotzen ez bada, ezetsi egingo da eskaera.

    Ebazpen honetan esleitutako baliabide ekonomikoekin finantzatuko diren laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea 2012ko urriaren 31n amaituko da.

  2. Laguntzak emateko prozedura, kudeaketa-organoak, ebazpena eta baliabideak.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskaerak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko ditu aurkeztutako eskaerak, ordenean eta espedientea osatuta dagoen data errespetatuz, xede honetarako onartutako aurrekontua agortu arte. Aurrekontua bukatuz gero, ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira, eta egoera horren berri emango da Lanbideren web orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

    Ebazteko gehienez sei hilabeteko epea izango da diru-laguntza eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta epe hori igarotakoan Ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.

    Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik.

  3. Diru-laguntzak ordaintzea.

    Esleitutako diru-laguntza honela ordainduko da:

    1. Bi ordainketetan ordainduko dira ekitaldi honetan edo honetan eta hurrengoan garatuko diren prestakuntza proiektuak:

      • 80koa izango da lehen ordainketa, eta diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi eta ondoren egingo da.

        Bigarren ordainketan gainerako % 20 ordainduko da, behin prestakuntza-proiektua amaitu eta justifikatu ondoren, 8. puntuan ezarritakoari jarraiki.

    2. Hiru ordainketetan ordainduko dira bi ekitaldi baino gehiagotan zehar garatuko diren prestakuntza-ekintzak:

      • 40koa izango da lehen ordainketa, eta diruz lagundutako prestakuntza-proiektua hasi ondoren egingo da.

        Bigarrena, % 45ekoa, prestakuntza-proiektua hasi eta urtebetera egingo da, proiektuaren bilakaerari buruzko azalpen memoria eta memoria ekonomikoa aurkeztu ondoren. Memoria Lanbidek emango duen ereduari jarraiki prestatuko da.

        Hirugarren ordainketa, % 15eraino, prestakuntza-proiektua amaitutakoan egingo da, diru-laguntza justifikatu ondoren, 8. puntuan ezarritakoari jarraiki, edota, gutxienez proiektuaren % 75 gauzatu eta gero. Azken kasu horretan, proiektuaren bilakaerari buruzko azalpen memoria eta memoria ekonomikoa aurkeztu beharko da, Lanbidek emandako ereduan. Halaber, diru-laguntzaren azken justifikazioa aurkeztu beharko da proiektua bukatutakoan.

        Ordainketa aurreratuek 180.303,64 euroko zenbatekoa gainditzen badute, bankuko abala aurkeztu beharko da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua betez.

        Gainera, ordainketa guztietan, Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela adieraziko duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko da.

  4. Prestakuntza-ekintza, kontratazio-konpromisoa eta lan-kontratuen eskakizunak.

    Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko ekintzen bidez eskainiko dira soilik.

    Kontratazio-konpromisoa prestakuntza emandako langile guztien ehuneko baten arabera ezarriko da, enpresen eta tokiko enplegu-merkatuaren zirkunstantzien arabera. Konpromiso hori ez da inola ere izango prestakuntza emandako langileen % 60tik beherakoa. Prestakuntza emandako langileak bi hilabeteko epean kontratatuko dira, prestakuntza-ekintza bukatzen dutenetik.

    Lan-kontratuak mugagabeak izango dira lehentasunez, edo bestela gutxienez 6 hilabetekoak eta lanaldi osokoak. Lanaldi erdian urtebetez laneratzeko konpromisoak ere onar daitezke.

    Laneratzea prestakuntza-ekintzarako eskaera aurkeztean aintzat hartutako enpresetan egin beharko da, eta, kasu bakarrean onartuko da beste enpresa batzuetan laneratzea, alegia: laneratzeko proiektua sustatzen duten enpresetako batean laneratzea eragozten duten arrazoiak, dokumentu bidez justifikatuak, dauden kasuetan. Halaber, jasotako prestakuntzaren eta eskainitako okupazioaren arteko lotura errespetatu beharko da.

    Kontratazio-konpromisoa ez betetzeak jasotako diru-laguntza osoa edo horren zati bat nahitaez itzuli beharra ekarriko du, salbu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko iritziz konpromiso hori betetzea eragozten duten arrazoiak edo zirkunstantziak badaude. Nolanahi ere, arrazoi horiek ezinbestekoak izan behar dute.

  5. Kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzetako partaideak.

    Programazio-ildo honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute:

    1. Lehentasunez, eta prestakuntza hasten duten pertsonen guztizkoarekiko gutxienez 100etik 60ko partaidetzarekin, Enplegu Zerbitzu Publikoetan izena emanda dauden langabetuek.

    2. Lehentasunik gabe, eta prestakuntza hasten duten pertsonen guztizkoarekiko 100etik 40ko partaidetzarekin, gehienez ere, lanean egonik laguntza eskatzen duten langileek.

      Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetako partaideek horietara sartzeko eskakizunak bete behar dituzte, eta langabetu gisa izena emanda egon Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, prestakuntzaren hasieran; eta lanean ari diren langileen kasuan, dagokien eskaera aurkeztu behar dute. Nekazaritzako erregimen berezian alta emandako langileak jarduneko langiletzat hartuko dira.

      Prestakuntza-ekintzak www.Lanbide.net web orrian argitaratuko dira, honako argibide hauekin batera: izena emateko epea, prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izateko bete beharreko eskakizunak, eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen hautaketa egingo du aurreko atalean aurreikusitako pertsonen artean. Horrela eskatzen duten prestakuntza-ekintzetan, hautaketa-probak egingo dira ekintza behar bezala aprobetxatuko dela eta kualifikagarriak diren ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutzen maila erreala zehazteko.

      Euskal Enplegu Estrategiarekin (2011-2014) eta Espainiako Enplegu Estrategiarekin (2012-2014) bat eginez, prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eta dagokion hautaketa-proba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen arabera lehentasuna ezarriko da, honako ordena honetan:

      Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten hauek: 30 urte arteko gazteak, batez ere prestakuntza-gabeziak dituztenak; emakumeak, langabetuen kolektiboan duten pisuaren proportzioan; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; ahalmen urritasunak dituztenak; langabezia agortuta duten eta berriz profesionalki gaitzeko PREPARA programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Txertaketako Errenta Aktiboaren eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileak; eta Genero Indarkeriaren biktimak.

      Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

      Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.

      Aurreko kolektiboen artean nahikoa ikasle ez badago, jarduneko langileek prestakuntza-ekintzan parte hartu ahal izango dute, baina prestakuntza-ekintzako ikasleen % 40 izango dira, gehienez.

      Parte-hartzaileen ehunekoa ekintza hasten duten langile guztiei dagokienez ezarri da. Prestakuntza hasieran duten lan-egoeraren arabera hartuko dira langileak jardunekotzat edo langabetzat.

      Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduko 12.3. artikuluan ezarritakoaren arabera, prestakuntza-ekintzaren iraupenaren lehen laurdenean langileek ikastaroa uzten badute, ikastaroa utzitakoen ordez beste langile batzuk hasteko aukera izango da. Hortaz, ekintza hasi duten langileen guztizkoa prestakuntza-ekintzaren % 25 betetzen denean zenbatuko da, orduan amaituko baita ikasle gehiago hasteko aukera.

      Orduan bete beharko da deialdian ezarritako ehunekoa, betiere langabeentzako gutxieneko % 60 eta jardunekoentzako gutxieneko % 40 errespetatuta. Bestela esanda, prestakuntza-ekintzan jarraitzen duten ikasleen % 60 gutxienez langabeak ziren ekintzan hasi zirenean, nahiz eta ekintzaren iraupenaren aurreneko % 25ean haien egoera aldatu egin den.

      Dena den, ekintzaren hasierako % 25 horretan parte-hartzaileek ekintza utzi eta ordezten ez badira, eta prestakuntza-ekintzetan jarraitzen duten langabeen kopurua % 60tik beherakoa bada, prestakuntza-ekintzak normaltasunez jarraituko du, eta ez da bertan behera utziko.

  6. Lanez kanpoko praktikak.

    Kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten ikastaroetan lanez kanpoko praktikak egitea beharrezkoa bada, praktika horiek ikastaroa bukatu eta bi hilabeteko epearen barruan egingo dira. Epe horretan, halaber, kontratatzeko hartutako konpromisoa gauzatu beharko da.

    Profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden lanez kanpoko praktikek prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 75eko iraupena izango dute gehienez, eta ez dute 120 ordu baino gehiago izango.

    Lanbide-praktikak prestakuntza-moduluak amaitu eta ebaluazio positiboz gainditu ondoren egingo dira, lehentasunez. Salbuespeneko kasuetan, eta behar bezala justifikatuta badago, lanbide-praktikak prestakuntza-ekintzarekin batera egin ahal izango dira. Praktika prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi duten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek, praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika utzi behar izatea ekarriko du.

    Lanez kanpoko praktikak enpresen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako eta prestakuntza-zentroek dinamizatuko dituzten hitzarmenen bidez arautuko dira.

  7. Lantokiko Prestakuntza Modulua.

    Prestakuntzak profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzea helburu duen kasuetan, proiektua eskatzerakoan eskuratutako konpromisoaren emaitzazko kontratazioarekin baliozkotu ahal izango da lantokiko prestakuntza modulua. Horrelakoetan, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak, eskuratutako prestakuntzarekin lotutako jardunean hiru hilabeteko eskarmentua gainditzen duen unean.

    Prestakuntza zentroek/erakundeek lantokiko prestakuntza modulua aurreikusi beharko dute kontratatzeko konpromisoaren xede izango ez diren ikasleentzat.

    Kontratua gauzatzeko, aurretik lantokiko prestakuntza modulua egitea beharrezkoa ikusten bada, prestakuntza-zentrokoa amaitu eta bi hilabeteko epearen barruan egingo da lantokiko prestakuntza.

    Onartutako proiektuaren helburua ez bada ziurtagiri osoa lortzea, eta konpetentzia-atal bat edo hainbat eskaintzen badira, lanez kanpoko praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza modulua. Horrelakoetan, 6. puntuan ezarritakoa beteko da.

  8. Kudeaketa-prozedurak, partaideak kanpoan uzteko eta prestakuntza-ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko prozedurak, diru-laguntzaren kitapena, eta kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten ekintzen kostuen justifikazioa.

    Langabezian dauden langileei lehentasunez zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko enplegurako lanbide heziketako azpisistemaren esparruko eta lan eskaintzarako prestakuntzaren inguruko diru-laguntzen 2012ko deialdian xedatutakoari jarraiki gauzatuko dira kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duten prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko programa hau exekutatzeko, jarraitzeko, ebaluatzeko eta justifikatzeko gainontzeko prozedura guztiak.

    Diru-laguntzaren kitapena egiteko espedientea onartutakoan hartutako kontratatzeko konpromisoa bete dela justifikatu beharko da.

  9. Aplikatzekoa den diru-laguntzen araudi orokorra.

    Diru-laguntzen programa honetan Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua onartzen duena eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako diru-laguntzen erregimen juridikoa izango da aplikagarri, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

Hirugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Ebazpen honen bidez argitara eman den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako Erabakia.

Laugarrena. Ebazpen honen bidez argitara eman den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako Erabaki honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da aipatutako organoaren aurrean, hilabeteko epean argitaratze-egunaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean argitaratze-egunaren biharamunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JAVIER RAMOS SALAZAR.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik