- EBAZPENA, 2012ko uztailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntzen deialdia argitaratzen duena. Proiektu horiek eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak izango dira, eta plan horiek, aldi berean, honako arau honen arabera gauzatutakoak izango dira: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren arabera, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko lagu - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko uztailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntzen deialdia argitaratzen duena. Proiektu horiek eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak izango dira, eta plan horiek, aldi berean, honako arau honen arabera gauzatutakoak izango dira: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren arabera, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko lagu
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 168
- Hurrenkera-zk.: 3908
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/07/26
- Argitaratze-data: 2012/08/29
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2012ko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez, garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntzen deialdia onartu du. Proiektu horiek eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak izango dira, eta plan horiek, aldi berean, honako arau honen arabera gauzatutakoak izango dira: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren arabera, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenaren arabera, alegia. Bestalde, Lanbideren Estatutuen, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutakoen, 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoari jarraikiz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Hori horrela, honako hau
Lehenengoa. Garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntzen deialdia argitaratzea. Proiektu horiek eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak izango dira, eta plan horiek, aldi berean, honako arau honen arabera gauzatutakoak izango dira: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren arabera, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenaren arabera, alegia. Lanbideren Administrazio Kontseiluak akordio bidez onartu zuen agindu hori 2012ko uztailaren 16ko bileran, eta ebazpen honen eranskinean jasotzen da.
Bigarrena. Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Akordioak.
Hirugarrena. Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Akordioaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo berari hilabete bateko epean ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 26a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JAVIER RAMOS SALAZAR.
Tokiko esparrua aproposa da ekoizpen-aukera berriak hautemateko, eta, beraz, enplegu-politikek, haien diseinuan eta kudeaketa-ereduan, kontuan izan behar dute tokiko dimentsioa, eta lurralde bakoitzeko beharretara egokituta egon behar dute. Hori horrela, aukera horiek baliatzen lagunduko duten jarduerak sustatuko dituzte, eta esparru horretan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduera bultzatzeko ekimenak landuko, abenduaren 16ko 56/2003 Legean, enpleguari buruzko oinarrizko araudian, aurreikusten den eran.
Herri-administrazioen arteko erakunde-lankidetza funtsezkoa da tokiko esparruan politika horiek abiarazteko eta/edo dinamizatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak du enplegu-politiken arloko eskumena, 4/2009 Dekretuaren, maiatzaren 8koaren, Lehendakariarenaren, 12. artikuluari jarraiki. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; 20/2009 Dekretuak aldatu zuen. Sail horren eginkizunen artean, nabarmentzekoa da enpleguaren arloko plangintza estrategikoak egitekoa, Plangintza eta Enplegu Sailburuordetzari dagokiona.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sail horri atxikita dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa izateko eskubide osoa garatzen laguntzeko sortu zen, bai eta langileen enplegagarritasuna benetan bermatzen, enpresen beharretara egokitutako langileriaren beharrak asetzen eta gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatzen lagunduko duen lan-merkatu bat eraikitzen laguntzeko ere, enplegu-politikak kudeatuz eta agindutako enplegu-legedia betez.
Xede horien ildotik, urriaren 16ko 3/2011 Legeak honako eginkizun hauek ematen dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari beste batzuen artean: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki eta enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, tokiko erakundeekin lankidetzan enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko.
Bakoitzak bere eskumenen esparruan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Enpleguaren Euskal Estrategia 2011-2014 sortu du, Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 20ko bilkuran onartutakoa; eta, estrategia hori zehazteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak haren Enpleguaren Plan Operatiboa 2012 onartu du, 2012ko otsailaren 14an adostutako akordioaren bidez.
Tresna estrategikoaren eta operatiboaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politikaren tokiko dimentsioa sendotu nahi da. Horretarako, errealitate sozialera egokitutako esku hartzeko eredu malgu bat ezarri behar da, eta ongi ezagutu behar dira ekoizpen-ingurunea eta esku hartzen duten eragileak. Ildo horretatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea da lehentasuna duten tokiko esparruetan enplegua sustatzeko plan espezifikoak diseinatzen eta gauzatzen laguntzea aktiboki, langabeziaren eraginak EAEn dispertsio geografiko handia duela kontuan hartuta.
Halaber, lurralde-kohesioa bultzatu nahi du; horretarako, enplegu politikaren tokiko dimentsioa sendotzen du tokiko eragile guztiek xedeak partekatzeko, konpromisoak hartzeko eta jarduera-irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.
Enpleguaren Plan Operatiboa 2012n aipatzen den eran, erakundeek eta eragile sozialek eta ekonomikoek lankidetzan jardun behar dute ekintza politikoko, sozialeko eta enpresa-ekintzako xede komun batzuen inguruan, baina lankidetza horrek ez du mugatu behar erakunde autonomoak egoera honetan, Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzu den heinean baliabide publikoen gainean egingo duen gobernu-ekintzara soilik.
Orain arte esandako guztia kontuan hartuta, 2012ko maiatzaren 9ko Aginduari, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarenari, jarraiki, eskualdeetako enplegu-planak landuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Eskualde bakoitzeko azterketa sakonak izango dira, eta adostasun handiz eraikiko, partekatuko eta landuko dira eskualde bateko edo hori osatzen duten udalerri bateko edo batzuetako garapen ekonomikoan eta sozialean parte hartzen duten tokiko erakundeen, eragile sozialen, enpresen eta beste erakunde batzuen artean.
Eskualdeetako enplegu-planetatik abiatuta, proiektu zehatzak sortuko dira enplegua eta tokiko garapena sustatzeko, eta lan-merkatuko aldaketek eragindako desorekak gainditzeko. Honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte, batez ere, garapen ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko proiektuen esparruan gauzatuko diren ekintzek:
Baliabideak optimizatzea.
Erakundeen arteko lankidetza eta laguntza.
Informazioaren gizartearen esparruko hobekuntzak.
Berrikuntza proiektuetan eta baliabideetan.
Zerikusia duten alderdien motibazioa eta parte-hartzea.
Proiektua iraunkorra eta autonomoa izatea.
Pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea enplegua sortzea.
Inguruko egoera sozioekonomikoa piztea.
Proiektua bideragarria izatea.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2012ko uztailaren 16ko bilkuran onartu zuen garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak sustatzeko laguntzen deialdia. Proiektu horiek eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak izango dira, eta plan horiek, aldi berean, honako arau honen arabera gauzatutakoak izango dira: 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarenaren, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenaren arabera alegia. Honako hau xedatzen du agindu horrek:
Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioei laguntzak ematea enplegua sortzeko proiektuak abiaraz ditzaten. Jardueraren xede den lurraldeko garapen sozioekonomikoan eragingo dute proiektu horiek, eta hori modernizatuko. Gainera, eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak izango dira. Plan horiek, aldi berean, honako arau honen arabera gauzatutakoak izango dira: 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarenaren, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenaren arabera alegia (2012ko maiatzaren 23ko EHAAn argitaratu zen).
Tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektu berezitzat joko dira, eta, beraz, deialdi honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte, 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarenean, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenean, xedatutakoari jarraiki gauzatutako eskualdeetako enplegu-planetan sartutako proiektuak. Gainera, aipatutako deialdi horren bidez diruz lagunduta egon behar dute, bai eta bukatuta eta Lanbiden aurkeztuta ere; bestela, diru-laguntzarik jaso ez badute, proiektu berezientzako laguntzen deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuta egon behar dute. Azken horiei dagokienez, aipatutako aginduaren 6. artikuluan laguntza horien onuradun posibletzat jotako erakundeek 2012ko urriaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte eskualdeetako enplegu-planak, Lanbidek baliozkotu ditzan.
Eskualdeetako planen proiektu horien artean, ulertzen da diru-laguntza jaso ahal izango dutela sustapenaren xede den gune geografikoan lan-merkatuko aldaketek sortutako desoreka guztiak gainditu eta enplegua sustatzeko xedea duten ekintza edo neurri guztiek. Hortaz, aplikazio-eremuan garrantzi estrategikoa duten kalitatezko enplegu berriak sortzera bideratu beharko dira.
Honako jarduera-esparru hauetako batera zuzendutako proiektu bereziak bultzatuko ditu laguntzen deialdi honek: irisgarritasuna eta mugikortasuna, nitxo berriak (I+G+b, enplegu berdea, teknologia berriak eta sare digitalak, eraikuntza iraunkorra, etab.), azpiegiturak eta komunikazioak, guneko lanbide eta jarduera tradizionalak berreskuratzea, industria-ondarea berreskuratzea (fisikoa eta kulturala), udalerriko ondare publikoa birgaitzea eta ingururako interes berezia duten kultura-jarduerak berreskuratzea.
Halaber, langabezia-indize altua duten udalerrietatik datozen proiektuak bultzatuko dira. Krisi ekonomikoaren eragin handia pairatzen duten guneetan, hau da, langabezia nabarmen ugaritu den tokietan, ekonomia eta enplegua berpizteko politika aktibotzat jotzen da neurri hori, eta enplegua berreskuratzeko eta hobetzeko xedea du. Neurri horrek, beraz, lurralde-oreka lortzea du xede, eta lurraldeen arteko desberdintasunak murriztea lan-aukerei eta oparotasun ekonomikoari dagokienez.
Deialdi honi dagokionez, gune pobretutzat joko dira, hiru lurralde historikoetako hiriburuez gainera, 2012ko apirilean 14,1ko langabezia-indizea baino altuagoa duten udalerriak, SISPEren eskariaren hileroko estatistika-fitxategiari jarraiki. Deialdi honen II. eranskinean jasotzen dira horiek.
Eskualdeetako enplegu-planetatik igorritako proiektu jakin batzuk, zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke, ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso.
Gainera, lana eta familia bateragarri egiteko neurri edo zerbitzu osagarriak sartzea eskatzen duten proiektuetan, esparru horretako jarduerak sartzea balioetsiko da.
Hori horrela, deialdi honetako diru-laguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimen bereziek:
Enplegu eta prestakuntzako proiektuak.
Eskualdeetako enplegu-planekin lotutako proiektuak dira, eta enplegua eta prestakuntza eskaintzen dizkiete laneratzeko zailtasunak dituzten eta lana aurkitzeko egoera hobe dezaketen eta hobetu nahi duten pertsonei. Prestakuntza teoriko-praktikorako eta lantokiko prestakuntzarako tresnak eskaini behar ditu proiektuak, eta banakako jarraipena egin behar du proiektu osoan zehar, honako fase hauetan:
Lanerako prestakuntza: espezialitate jakin bateko teoria eta praktika.
Lantokiko prestakuntza parte-hartzaile guztientzat, gutxienez sei (6) hilabeteko kontratuen bidez.
Banakako jarraipena egitea eta laneratzeko plan bat zehaztea behin proiektua amaitutakoan.
Deialdi honetako laguntzaren bat jasoko duten enplegu eta prestakuntzako proiektuetako bakoitzak Lanbiden lana eskatutako 6 pertsona eduki behar ditu gutxienez izena emanda. Horien % 50ek gutxienez DSBE jasotzen egon behar du, eta gainerako % 50en artean, % 30 DSBE jasotzen ez duten lehentasunezko kolektibo hauetako batekoa izango da: lana eskatu duten eta kualifikazio baxua duten 30 urte baino gutxiagoko pertsonak, lana eskatu duten 45 urtetik gorako pertsonak iraupen luzeko langabetuak direnak, gizarte-bazterketako egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonak, minusbaliotasuna duten pertsonak, erregimen irekian giltzapetuta dauden pertsonak.
Enplegu eta prestakuntzako proiektuaren kontratazio-fasean diru-laguntza hau jasotzeko, kontratuak sei (6) hilabetekoak izango dira gutxienez; edonola ere, lehenengo sei hilabeteetarako emango da laguntza, Gizarte Segurantzarekin lotutako gastuak kontuan izan gabe.
Ekintzailetzako eta autoenpleguko proiektuak.
Laguntza hauen xedea da eskualdeetako enplegu-planetan proposatutako enpresa-ekimenak sortzen laguntzea eta horiek sustatzea, bai autoenplegukoak, bai eta beste edozein forma juridikotakoak ere (kooperatibak, lan-sozietateak, etab.), tokiko garapenaren ikuspegitik, eta lurralde-eremu bakoitzeko enplegu-hobi berriekin eta interes estrategikoko sektoreekin lotutakoak, eskualdeetako enplegu-planetan zehaztutakoari jarraiki.
Ekintzailetzako eta autoenpleguko laguntza hauen bidez, enpresa berriak eta autonomoak sortzen lagundu nahi da; horretarako, zerbitzu integral bat emango zaio erabiltzaileari, orientazioa, negozioa abiarazteko aholkuak, eskumenak eskuratzea eta jabekuntza barne hartuko dituena.
Honako mota hauetako laguntzak jasotzen ditu deialdi honek:
Bideragarritasun-azterketa eta enpresa-plana lantzeko aholkuak.
Abiarazteko aholkuak: eratze-fasea, sektoreko berezko espezialitate teknikoetako laguntza teknikoa zein izapideei, laguntzei eta finantziazio-moduei buruzko laguntza teknikoa.
Edonola ere, 2013ko urria baino lehenago EJZn Ekonomia Jardueren gaineko Zerga alta eginda egon beharko da.
Kontratatzen laguntzeko proiektuak.
Eskualdeetako enplegu-planekin lotutako proiektu berezien esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabetu gisa izena emandako pertsona langileak kontratatzen laguntzeko laguntzak emango dira.
Xedea da laguntza ekonomikoa ematea enpresa- eta/edo udal-ekimenei, edozein forma juridiko dutela ere, eskualdeetako enplegu-planekin lotutako proiektu berezi baten esparruan pertsonak kontratatzeko, betiere, lehendik zeuden edo bere garaian egondako programen jarraipena ez bada.
Deialdi honetako laguntzaren bat jasoko duten kontratazio-proiektuetako bakoitzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lana eskatutako 6 pertsona eduki behar ditu gutxienez izena emanda. Horien % 50ek gutxienez DSBE jasotzen egon behar du, eta gainerako % 50en artean, % 30 DSBE jasotzen ez duten lehentasunezko kolektibo hauetako batekoa izango da: lana eskatu duten eta kualifikazio baxua duten 30 urte baino gutxiagoko pertsonak, lana eskatu duten 45 urtetik gorako pertsonak iraupen luzeko langabetuak direnak, gizarte-bazterketako egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonak, minusbaliotasuna duten pertsonak, erregimen irekian giltzapetuta dauden pertsonak.
Diru-laguntza hau jasotzeko, kontratuak sei (6) hilabetekoak izango dira gutxienez; edonola ere, lehenengo sei hilabeteetarako emango da laguntza, Gizarte Segurantzarekin lotutako gastuak kontuan izan gabe.
Prestakuntza-proiektu espezializatuak.
Eskualdeetako enplegu-planekin lotutako prestakuntza-planak izango dira beti, eta eskualde bakoitzerako espezifikoak; ez dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-arloko urteko programazio arruntean jasota egongo, ez egungoan, ez eta potentzialean ere.
Prestakuntza-ekintzen xedea izango da langileei trebakuntza ematea lanpostu jakin bat betetzeko; langileak duen esperientziaren osagarri den prestakuntza emango zaio eta/edo berriz trebatzeko prestakuntza berria. Edonola ere, ad-hoc prestakuntza bat da, pertsona-taldeen eta enpresa jakinen beharren arabera antolatuko dena:
Aplikazio-eremuko lana suntsitzeko EEE prozesuan dauden enpresetako langile-taldeak berriz trebatzeko prestakuntza.
Langabetu-taldeak trebatzeko prestakuntza enpresako jarduera-ildo berrien gainean.
Prestakuntzan espezializatutako bertako erakundeak edo kanpokoak, publikoak edo pribatuak izanda ere, arduratuko dira prestakuntza-ekintzak gauzatzeaz.
Euskal Autonomia Erkidegoa da deialdi honen aplikazio-eremua, eta proiektu bakoitzaren eremu espezifikoa dagokion eskualdeko planean onartutakoa izango da.
Deialdi honetan jasotako diru-laguntzetarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak hamalau milioi (14.000.000) eurokoak dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2012-2013 ekitaldirako duen aurrekontutik hartuko dira horiek. Deialdi honetan ezarritako irizpideei jarraiki gune pobretuei laguntzeko, aurreko kontu-saileko zazpi milioi (7.000.000) euro gordeko dira gune horietan gauzatuko diren proiektuetarako.
Diru-laguntzen gehienezko zenbateko batzuk ezarri dira eskualdeko enplegu-plan bakoitzean zehaztutako lurralde-eremu bakoitzerako, 2012ko maiatzaren 9ko Aginduari, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarenari, eskualdeetako enplegu-lanak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenari, jarraiki, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak gune pobretuak ekonomikoki bultzatzeko dituen irizpideen arabera. Deialdi honen I. eta II. eranskinetan zehazten dira, hurrenez hurren, gune pobretuak, eta lurralde-eremu bakoitzean biltzen diren udalerriak.
Lehen esandakoaren ildotik, gehienezko aurrekontuaren banaketari buruzko honako taula honek azaltzen du lurralde-eremu bakoitzerako diruz lagun daitekeen gehienezko aurrekontua:
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Eskualdeko enplegu-planen bat baldin badago taula horretan jasotako eskualdeekin bat ez datorren lurralde-eremu baterako, 2012ko maiatzaren 9ko Aginduaren, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarenaren, eskualdeetako enplegu-planak dinamizatzeko laguntzak deitzen dituenaren, 2. artikuluaren 3. puntuari jarraiki, eskualde horretako proiektu berezien aurrekontua modu proportzionalean banatuko zaio erreferentziazko udalerriari, 2012ko urtarrilaren 1eko egoeraren arabera.
Behin deialdi honen xede diren proiektuak egiteko eskabideak jasotakoan, eta aurkeztutako proiektuek deialdi honen 2. eta 5. puntuetan xedatutako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasuna aintzat hartuta, esleitutako gehienezko aurrekontua agortu arte.
Lurralde bateko proiektuentzat emango den diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehienezko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu soberan dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren % 85eko gehienezkora arte finantzatu. Soberan dauden funtsak baldintza hori betetzen duten proiektuen artean banantzerakoan, proiektu bakoitzaren guztirako aurrekontuarekiko modu proportzionalean egingo da banaketa.
Deialdi honetako diru-laguntza jaso ahal izango da garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuak abiarazteko eta gauzatzeko, arau honen 2. artikuluan aurreikusitako baldin-tzetan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzak ez du inola ere gaindituko proiektuarentzat onartutako oinarrizko aurrekontuaren % 85.
Oro har, honako gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz lehen aipatutako proiektu-moten arabera:
Enplegu eta prestakuntzako proiektuak: diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da pertsona parte-hartzaile bakoitzeko, eta, zehazki, honako gastu hauetarako eman ahal izango da laguntza:
Proiektuaren babesean sortutako enplegu zuzena. Lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100eko laguntza ezarriko da gehienez ere sei (6) hilabetez, Gizarte Segurantzarekin lotutako gastuak kontuan hartu gabe.
Proiektua gauzatzeko prestakuntzarekin eta prestakuntza espezializaturako laguntzarekin lotutako gastuak; erakundeak berak edo kanpoko eragile laguntzaileek eman dezakete prestakuntza hori.
Enplegu eta prestakuntzako proiektuen jarraipena egiteaz eta horiek koordinatzeaz arduratzen diren langileen barneko gastuak. Ez dute gaindituko proiektuaren guztirako gastuaren % 5.
Ekintzailetzako eta autoenpleguko proiektuak: diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko, eta, zehazki, honako gastu hauetarako eman ahal izango da laguntza:
Bideragarritasun-azterketa eta enpresa-plana lantzeko aholku-gastuak.
Abiarazteko aholku-gastuak: eratze-fasea, sektoreko berezko espezialitate teknikoetako laguntza teknikoa zein izapideei, laguntzei eta finantziazio-moduei buruzko laguntza teknikoa.
Ekintzailetza eta autoenpleguko proiektuen jarraipena egiteaz eta horiek koordinatzeaz arduratzen diren langileen barneko gastuak. Ez dute gaindituko proiektuaren guztirako gastuaren % 10.
Kontratatzen laguntzeko proiektuak: proiektuaren babesean sortutako enplegu zuzena ere diruz lagun daiteke; horretarako, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100eko laguntza ezarriko da gehienez ere sei (6) hilabetez, Gizarte Segurantzarekin lotutako gastuak kontuan hartu gabe.
Prestakuntza-proiektu espezializatuak. Honako gastu hauetarako eman ahal izango da diru-laguntza:
Proiektua gauzatzeko prestakuntzarekin eta prestakuntza espezializaturako laguntzarekin lotutako gastuak; erakundeak berak edo kanpoko eragile laguntzaileek eman dezakete prestakuntza hori. Prestakuntza-ekintza bakoitzagatik emango den diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa ezartzeko, ekintza horren ordu-kopurua eta ikasle-kopurua biderkatuko dira, eta 13 euro/ordu emango.
Prestakuntza-plan espezializatuko proiektuen jarraipena egiteaz eta horiek koordinatzeaz arduratzen diren langileen barneko gastuak. Ez dute gaindituko proiektuaren guztirako gastuaren % 5.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke, aurrez horretarako eskabidea aurkeztuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, taldeak, udalerri-taldeak edo udalerriak, eskualdeko enplegu-plan batetik sortutako proiektu estrategikoak gauzatzen badituzte lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzeko.
Eskualdeko enplegu-plana aurkeztu zuen pertsonak aurkeztu beharko du eskabidea.
Honako baldintza eta eskakizun hauek bete beharko dituzten erakunde onuradunek:
Gizarte Segurantzako kotizazio guztiak ordainduta izatea.
Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio zehapenik, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.
Diru-laguntzak esleitzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehazpen-prozedurak, artean izapideetan daudenak.
Eredu ofizialean aurkeztu beharko dira eskabideak, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.
Halaber, 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 38.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein modutan ere aurkeztu ahal izango da.
Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa (1) izango da eskualdeko enplegu-plana amaitu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari aurkeztu zaionetik, edo, hala badagokio, 2. artikuluaren lehenengo paragrafoan aipatzen denari jarraiki, hori baliozkotzen denetik.
Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
Garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuaren memoria teknikoa. Deialdiko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko adina informazio jaso beharko du memoriak.
Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiri eguneratua, erakunde eskatzaileak haren betebehar guztiak beteta dituela ziurtatzen duena.
Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
Lan Aktibazioko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.
Zuzendari Nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea amaituko du, eta, horren kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio zuzendari nagusiari hilabete bateko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da dagokion eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, diru-laguntzaren eskabidea onartu egin dela ulertuko da.
Publizitate-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
Erakunde onuradunek 2013ko irailaren 30 baino lehenago gauzatu beharko dute garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektua.
Ebazpenaren unean aurrerakin bat sartuko da kontuan, dagokion proiektua gauzatzeko laguntzen guztirako zenbatekoaren % 40koa.
Deialdia ebatzi eta bost hilabete pasatakoan, bigarren ordainketa bat egingo da, emandako laguntzaren guztirako zenbatekoaren % 35ekoa. Bigarren ordainketa hori likidatzeko, proiektua gauzatze-fasean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eman beharko du kontu-hartzaileak.
Proiektua amaitu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baliozkotutakoan emango da gainerako % 25. Proiektu bat behar bezala gauzatu dela onartzeko, amaierako memoria jaso eta onartu beharko da, proiektua gauzatu den udalerriko kontu-hartzailearen ziurtagiriarekin eta/edo aipatutako jarduerak eragindako gastuen justifikazioarekin batera.
Gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozen guztiak, justifikatzeko epea amaitu baino lehen ordaindu direnak. Epe hori hiru hilabetekoa izango da proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen, 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoaren, testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
Laguntza eman duen erakundeak egin beharreko egiaztapen-jardueren mende jartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gauzatuko dituzten kontrol-jardueren mende ere.
Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
Laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
Kofinantzatutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea; halaber, jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapideetan badago, horren berri ematea.
Honako dokumentu hauek egitea eta proiektuaren urteko jarduera amaitzean aurkeztea:
Jardueraren memoria; honako hauek jasoko ditu gutxienez:
Gauzatutako jardueren deskribapena.
Lortutako emaitzak, sortutako enpleguei eta jarduera ekonomikoari dagokionez.
Hobekuntza-ekintzak.
Erabilitako baliabideak.
Kostu ekonomikoa.
Proiektua gauzatu den udalerriko kontu-hartzailearen ziurtagiria eta/edo aipatutako jarduerak eragindako gastuen justifikazioa.
Edonola ere, aurkeztutako dokumentazioa ez bada nahikoa emandako zenbatekoa behar bezala justifikatzeko, erakunde onuradunari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango zaio hori konpontzeko. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran onartutako zenbateko ekonomikoa.
Deialdi honen babesean proiektuentzat diru-laguntzak jasota ere, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk ere jaso ahal izango dira. Edonola ere, finantziazio-iturri guztiengandik jasotako zenbatekoen guztirakoak ez du inola ere gaindituko diru-laguntzaren xede diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, murriztu egingo da diru-laguntzaren zenbatekoa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egoki irizten dituen ikuskatze- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango ditu deialdi honetan xedatutako baldintzak betetzen direla bermatzeko.
Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste diru-laguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako zenbatekoa aldatuko da hori emateko ezarritako irizpideei eta mugei jarraiki; betiere, laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxienezko eskakizunak betetzen badira.
Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan.
Deialdi honetan aurreikusitako zenbatekoen onuradun diren erakundeak Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo ez badute betetzen deialdi honetan jasotako eskakizunen bat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaintzeko dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galaraziko die, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta diru-laguntza ordaindu zeneko unetik sortutako interesak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Diruzaintzari itzultzera behartuko ditu. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.
Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egoki irizten dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
Behin alegazioak jasotakoan, edo horrelakorik aurkeztu ez bada ere epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Itzultze-prozedura ebazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da.
Ez-betetzeren bat dagoela ulertzen badu prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galaraziko du, eta, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Diruzaintzari itzultzeko betebeharra ezarriko du; itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Borondatezko alditzat joko da epe hori.
Borondatezko aldian ez badira zenbateko horiek itzultzen, horiek premiamendu-bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
15/1999 Legean, abenduaren 13koan, datu pertsonalak babesteari buruzkoan, xedatutakoari jarraiki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak haren fitxategi automatizatuetan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntzak eskatzeko orrien bidez eskuratutako datu pertsonalak.
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea 1 01009 Vitoria-Gasteiz).
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


