- EBAZPENA, 2012ko abuztuaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Laguardiako Asa harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko dena. Carlos Santamaría, S.L. merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko abuztuaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Laguardiako Asa harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko dena. Carlos Santamaría, S.L. merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 180
- Hurrenkera-zk.: 4145
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/08/01
- Argitaratze-data: 2012/09/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.
«Laguardiako Asa harrobia ustiatzeko Proiektua onartzeko prozedura hasita egonik (proiektu hori Carlos Santamaría, S.L. merkataritza-sozietateak sustatu du), bi arau aplikatu behar dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzeko diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ezartzea. Eusko Jaurlaritzaren Energia eta Meategien Zuzendaritzak eskatuta, 2010eko azaroaren 15ean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2011ko urtarrilaren 31n, proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali zuen Ingurumen Sailburuordetzak, eta, horrela, hasitako izapidetzea bukatu egin zen.
Jendaurreko informazioaren izapidea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak proiektua jendaurrean jartzea erabaki zuen, eta, orobat, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana. (2011ko irailaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 170. zk.).
Espedientea bidali eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2012ko martxoaren 15ean, Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko (urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko dena).
Jendaurreko informazio-izapidea egin eta eragindako administrazioei entzun ondoren espedienteari erantsi zaion dokumentazio berria ikusita, 2012ko apirilaren 4an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari galdera bat egin zitzaion, Ebro ibaira hondakin-urak isurtzeko baldintzei buruz.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2012ko uztailaren 6an erantzun zuen.
2012ko uztailaren 10ean, Energia eta Meategien Zuzendaritzak espedientea osatzeko dokumentazio gehigarria igorri zuen, ingurumen-organoak egindako eskaerak betez.
Erreferentziako proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdietara egokitzen dela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumen-inpaktuari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera, honako hau
Laguardian Asa harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena egitea; Carlos Santamaría, S.L. merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori.
Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.
A. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko espedienteari erantsitako dokumentazioarekin bat etorriaz gauzatu beharko da proiektua, eta, bereziki, ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera.
Espediente honetan, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran, honako jarduera eta instalazio hauek eragindako ingurumen-inpaktuak hartu dira aintzat: erauzketa-jarduerak, bereizketa-instalazioek (agregakinak birrintzeko eta bereizteko instalazio finko eta mugikorrak; hormigoi-instalazioa eta hotzean asfaltatzeko instalazioa), ibilgailuak gordetzeko instalazio osagarriek eta erregaia hartzeko estazioak eragindakoak, alegia. Aipatutako jarduerak ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoaren arabera egingo dira, eta azterlan horretan eta ebazpen honetako 2.C idatzi-zatian jasotako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuko dira.
Bestalde, lur-zati horretan bertan, beste jarduera batzuk egingo dira, erauzketa-jarduerarekin zuzeneko loturarik ez dutenak (eraikuntza- eta eraiste-hondakinak birziklatzeko instalazioa eta eguzki-instalazio fotovoltaikoa). Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura honetan, lur-zati horretan garatzen diren jarduera guztien funtzionamendu konbinatuak eragindako efektu sinergikoak hartu dira aintzat, eta, halaber, instalazioetan hartutako neurri babesle eta zuzentzaileen egokitasuna eta neurri horien eraginkortasuna zaindu eta kontrolatzeko sistema ebaluatu dira.
B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.
Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatzi-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, jarduerak irauten duen bitartean sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira. Kasu horietan, neurri babesle eta zuzentzaileetan, eta ingurumena zaintzeko programan, aldaketa egokiak egingo dira proiektu berrira egokitzeko.
C. Neurri babesleak eta zuzentzaileak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak honelaxe burutuko dira: proiektuaren titularrak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera. Era horretan, neurri horiek hartzeak, batetik, eta kontrolerako jarritako langileek, bestetik, bermatu ahal izango dituzte azterketan jasotako kalitate-helburuak, eta bai Ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazio honetan ezarritakoak ere. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.
c.1. Proiektuaren eremua.
Jardueraren eragin-eremuaren mugak bat etorriko dira proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoekin, eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren 4. planoan zehaztuta daude («Ustiapenaren perimetroa»). Plano hori, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak igorri zion Ingurumen Sailburuordetzari.
Muga horien erreferentzia bat finkatze aldera, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta.
c.2. Ondare naturala babesteko neurriak.
c.2.1. Ustiapenaren instalazioak Ebro ibaia (ES2110008) Garrantzi Komunitarioko Lekuaren (GKL) ingurunean daude. Leku horren gaineko eragina prebenitzeko, eta instalazioen eta GKLren artean elementu aringarriak ezartzeko, 2 m-ko altuera duen kabailoi bat egingo da, instalazio-eremuaren ekialdeko perimetroaren inguruan.
c.2.2. Erauzketa-lanak natura-interes handiko aldeen ingurunean egiten direnean zehazki, lehentasunezko intereseko 6220* habitateko «Thero-Brachypodietea-ren gramineoei eta urteko landareei dagozkien subestepa-alde»etan arreta handiz jardun beharko da, landare mota horiei kalterik ez egiteko.
Horretarako, sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan definitutako eremuetan, mugaketa zehatza egin eta balizak ezarri beharko dira, eragin ditzakeen jardueretatik babesteko.
c.2.3. Harrobiaren eragin-eremuan, gainera, uhalde-enara (Riparia riparia) hegaztiaren kolonia aktiboak daude. Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan, hegazti hori «kaltebera» gisa dago jasota, eta Diputatuen Kontseiluak martxoaren 7an emandako 22/2000 Foru Dekretuaren bidez onartutako Arabako Lurralde Historikoaren Kudeaketa Planean sartuta dago.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Biodibertsitate Zerbitzuak proiektu honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren esparruan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartu beharko dira neurri horien ezaugarri orokorrak ingurumen-inpaktuaren azterlanean bilduta daude. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango honako xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 10eko Agindua, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen duena, eta testu bakarra onartzen duena; eta lehenago aipatutako Kudeaketa Plana.
c.3. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Uren arloan legeriak xedatutakoren aurka egin gabe, eta, halaber, ibai-arroko erakundeak, bere eskumenpeko ekintzei dagokienez, ezartzen dituen baldintzen aurka egin gabe, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatu beharko dira:
c.3.1. Legarrak erauzteko jarduera maila freatikoaren gainetik garatuko da, lurrazpiko ura kutsatzeko dagoen arriskua areagotu ez dadin.
c.3.2. Instalazioen eremuan sortutako euri- nahiz prozesu-ura biltzeko eta tratatzeko sistemak ingurumen-inpaktuaren azterlanean ezarritakoari jarraituz garatuko dira, eta, gainera, honako neurri hauek ere hartuko dira:
Hormigoi-instalazioko garbiketa-baltsatik datorren ura biltzen duen dekantazio-baltsak pH-a etengabe kontrolatzeko eta zuzentzeko sistema bat izan behar du.
Drainatze- eta tratamendu-elementuak ustiapen-fase eta erritmoetara egokituko dira; hartara, elementu horien tamaina eta tratamendu-gaitasuna egokiak izango dira, isurketa lokalizatu bat bermatzeko, indarreko araudiarekin eta inguru-hartzailearen kalitate-helburuekin bat.
Ura biltzeko eta tratatzeko sistemak aldian-aldian garbitu beharko dira, uneoro edukiera erabilgarri nahikoa eduki dezaten, eta, era horretan, etekinik onena bermatu dezaten.
Ustiategiko hondakin-ura tratatzeko sistema guztien irteeran, kutxatila bana jarriko da, laginak hartzeko.
c.3.2. Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura honen esparruan ingurumen-organoak egindako kontsultaren haritik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten bat egin zuen, 2012ko uztailaren 6an. Txosten horrekin bat etorriz, eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako jarduerek egun indarrean dagoen isurketa-baimenean ezarritako baldintzak aldatzen dituztela ikusita, sustatzaileak proposatzen diren aldaketei buruzko dokumentazioa bidali beharko dio ibai-arroko organoari, beronek baloratu eta, hala iritziz gero, baimena berrikus dezan.
c.3.3. Uraren kalitatean eragina izan dezaketen jarduerak hala nola, deposituak erregaiz betetzea edota hustea, ibilgailuei olioa aldatzea, ibilgailuak zaintzeko edo konpontzeko lanak egitea, eta abar proiektuaren eremuan egin behar baldin badira, instalazio-eremuan egingo dira beti, zola iragazgaitza duen eta isuriak biltzeko sistema daukan eremu batean, betiere ustekabeko isurketen ondorioak arintze aldera.
c.3.4. Horrez gain, legarra erauzteko eremuan, debekatuta egongo da substantzia eta hondakin arriskutsuak gordetzea. Instalazio-eremuan gorde beharko dira gai arriskutsu horiek, estalpean, eta ingurunean zabaldu ezin daitezkeen moduan (hau da, edukinontzi hermetikoetan, bidoietan, drainatze-sarea eta efluenteak biltzeko sarea dutenetan, eta abar).
c.3.5. Nolanahi ere, erauzketa- nahiz instalazio-eremuetan, bietan izan behar da hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa. Material hori eskuragarri egongo da, gai arriskutsuren bat ustekabean isuri edo ihes eginez gero berehala erabili ahal izateko.
c.4. Hauts-isurketak murrizteko neurriak.
Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa). Aurrekoaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:
c.4.1. Partikuletarako muga-balioak urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoak gainditu gabe gauzatu beharko da jarduera.
c.4.2. Agregakinak bereizteko (birrintzea, sailkatzea, hormigoi-instalazioa, hotzean asfaltatzeko instalazioa) eta biltegiratzeko instalazioetan, hauts ugari sortzen den alde guztietan, partikulen isurketa murrizteko gailuak jarri beharko dira.
Zinta garraiatzaileak estalita egongo dira; eta birrintze- eta sailkatze-instalazioek eta zinta garraiatzaileen arteko transferentzia-puntuek ixte-egiturak izango dituzte.
c.4.3. Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko. Instalazioen eremua nahiz harrobiko sarbideak mantendu eta garbitu beharko dira, hautsa ahalik eta gutxien barreia dadin.
c.4.4. Erauzketa-eremuetako eta instalazioen eremuko irteeretan, kamioiak garbitzeko sistemak izango dira. Aipatutako garbiketa-sistemei buruzko proiektu espezifiko bat prestatu beharko du ustiapenaren sustatzaileak, eta Ingurumen Sailburuordetzari helarazi.
c.4.5. Agregakinak garraiatzeko kamioiek zama estaltzeko olanak izango dituzte, haiek airean barreiatu ez daitezen.
c.4.6. Harrobiko sarbideak nahiz harrobietan garraio-kamioiak ibiltzen diren eremuak zolatuta egongo dira.
c.4.7. Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.
c.5. Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
c.5.1. Zarata, sortzen den lekuan, praktika operatibo onak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makinariaren mantentze orokorra egiterakoan.
c.5.2. Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurketa-akustikoei dagokienez, erabilitako makinak kanpoaldean erabilitako makinen soinu emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenei lotu behar zaizkie, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari ere bai.
c.5.3. Era berean, arau horren beraren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduerak beharrezko neurriak hartuko ditu, bere eremu akustikotik kanpoko ingurumenean III. eranskineko B1 taulako muga-balioetan ezarritako zarata-maila ez gainditzeko (IV eranskineko prozedurei jarraituz ebaluatuko da maila hori).
Jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez, aipatutako arauaren 14. eta 16. artikuluetan zaratari buruz ezarritako kalitate helburuak gainditzen badira, jarduera horrek neurriak hartu beharko ditu helburu horiek ez gainditzeko.
c.6. Hondakinak kudeatzeko neurriak.
c.6.1. Jarduerak iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak agintzen duenaren arabera kudeatuko dira meategiko hondakinak.
Debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorazio mota bat, balorazio energetikoa barne dela. Hondakinak ezabatu ahal izango dira soilik aldez aurretik behar bezala egiaztatuz gero, teknika-, ekonomia- edo ingurumen-aldetik ez dela bideragarria hondakin horiei balioa ematea.
c.6.2. Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira, 2002ko abenduaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera; erabaki horrek hondakinak hondakindegian onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen ditu, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluari eta II. eranskinari jarraikiz.
Jarduerako material-soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Kutsatzaile-edukia ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik daukaten materialak soilik onartuko dira betelanetan. Adierazle horiek jasota daude otsailaren 4ko 1/2005 Legean, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoan, I. eranskinean, hain zuzen.
c.6.3. Proiektua gauzatu bitartean eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzen badira (bereizketa-instalazio berriak egiten direlako, eraikin zaharrak eraisten direlako, eta abar), otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatu beharko dira (105/2008 Errege Dekretua, eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duena).
c.6.4. Hondakin arriskutsuentzako ontzietan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena).
Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.
c.6.5. Olio erabilia kudeatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta Olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.
c.6.6. Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, olio erabilia eta gainerako hondakin arriskutsuak andel iragazgaitzetan bilduko dira, estalitako biltegi batean. Andel horiek behar bezala etiketatuta eta zola iragazgaitzen gainean egon beharko dute, edozein ihesi edo isuriri aurre egiteko prestatutako kubetetan edo euste-sistemen barruan.
c.6.7. Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta arduradunon betebeharra izango da langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztela ziurtatzea. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik, erregai eta produktuak biltegiratzean, makineria mantentzeko lanak egitean edo hondakinak erretzean.
c.7. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko instalazioari dagokionez, eta lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen II. eranskinean sartuta dauden jardueraren beste instalazio batzuei dagokienez, sustatzaileak bete egin beharko ditu lurzorua kutsa dezaketen jardueren titularrentzat 1/2005 Legean ezarritako betekizunak, batez ere jarduera edo instalazioa behin betiko uzten denean lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egiteko prozedura hasteari buruzkoak.
c.8. Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko xedapenak gorabehera, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek egoki diren neurriak ezar ditzan.
c.9. Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua leheneratzeko neurriak.
Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan bildutako proposamenarekin bat etorriz gauzatuko dira leheneratze-lanak , «Leheneratze Proiektua» izeneko 4. eranskinean ezarritakoa ere aintzat hartuta («Ingurumen-inpaktuaren Azterlanaren Eranskina. Asa harrobiko meategia. Laguardia, Araba. 2012ko otsaila» dokumentua, Energia eta Meategien Zuzendaritzak 2012ko martxoaren 15ean Ingurumen Sailburuordetzari bidalitakoa), betiere alde batera utzi gabe 115/2000 Dekretuan eta 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoa (ekainaren 20ko 115/2000 Dekretua, Erauzketa-jarduerek aldatutako natur guneak leheneratzeari buruzkoa; ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzkoa). Aurrekoaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:
c.9.1. Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita aurkeztutako leheneratze-planean agertu barik azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.
c.9.2. Ebazpen honen 2.c.2.1 idatzi-zatian aipatutako kabailoi perimetralaren leheneratzea Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak 2011ko abenduaren 16an emandako txostenean ezarritakoarekin bat etorriz egingo da (txosten hori eragindako administrazioei eskainitako entzunaldi-izapidean eman zen). Hartara, leheneratzearen xedea ibai-ertzeko habitata berregitea izango da, eremuko eroankortasunaren gaineko eraginak saiheste aldera.
c.9.3. Lur-mugimenduetan eta leheneratze-lanetan, neurriak hartuko dira, landare inbaditzaileak kontrolatu eta erauzteko, hala nola, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, Reynoutria japonica edo leheneratze-planean aipatzen diren beste batzuk. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.
D. Ingurumena zaintzeko programa.
Jardueraren titularrak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
d.1. Isurketa-uren kalitatea kontrolatzea.
Isurketa baimentzen duen erakunde eskudunak ezarritakoa gorabehera, efluenteen kalitatea aztertuko da, solidoak arazteko eta dekantatzeko sistemetatik ateratzen direnean. Horretarako, lehenengo urtean, hilero neurtuko dira honako parametro hauek:
Araztegia (EDAR).
pH-a
OEK
DBO5
Solido esekiak.
Erabateko hidrokarburoak.
Olioak eta koipeak.
Dekantazio-baltsa nagusia.
pH-a (etengabea).
Eroankortasuna
Solido esekiak.
Aldi horren ondoren, kontrolen maiztasuna isurketen baimenean organo eskudunak ezarritakoa izango da.d
d.2. Airearen kalitatea kontrolatzea.
Esekidurazko partikulen kontrola sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako agiriekin bat etorriz egin behar da. Esekidurazko partikulak hiruhilero neurtuko dira.
Airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuarekin bat etorriz egin beharko dira sustatzaileak proposatutako kalitate-programako neurketak.
d.3. Zarataren kontrola.
Zarataren kontrola hiruhilero egingo da. Neurketak egunez egingo dira, harrobian jardun gehien dagoen momentuetan. Neurketa-neurriak, gainera, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean ezarritakora eta lege hori garatzen duen araudira egokitu beharko dira.
d.4. Uhare-enaren kolonien kontrola eta jarraipena.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Biodibertsitate Zerbitzuak adierazitakoarekin bat etorriz, erasan litekeen eremuan dauden kolonia aktiboen kontrola eta jarraipena egingo da, bai eta kolonia berriena ere, ustiapen-lanek nahiz proiektatutako leheneratze-lanek horien gainean izan dezaketen eragina saiheste aldera. Espezie horren gorpuzkirik edo kolonia berririk agertuz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Arabako Foru Aldundiko aipatutako zerbitzuari.
Halaber, martxotik irailera bitartean, hilero laginketak egingo dira harrobiko ezpondetan, uhare-enaren habiak aurkitzeko. Aleren bat aurkituz gero, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailari jakinaraziko zaio, eta, gainera, Arabako Lurralde Historikoan Uhare-enarak Kudeatzeko Planean ezarritako gomendio guztiak beteko dira.
d.5. Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumen-inpaktuaren azterketan eta ebazpen honetan proposatutako betekizunak biltzeko.
Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.
d.6. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisien eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan emaitzak analizatuko dira, eta batez ere, epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakari horiek izatearen arrazoiak eta irtenbideak; eta aurretik zehaztu ez diren kasuetan lagin-hartzearen xehetasunak aztertuko dira.
Kasu bakoitzean aplika daitekeen arautegia kaltetu gabe, sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira.
E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz edo bere kabuz, neurri babesle eta zuzentzaileak edota ingurumena zaintzeko programa aldatzea erabaki dezake, baldin eta egoki baderitzo ingurumena zaintzeko programaren ondorioak ikusita edo neurri babesleek, zuzentzaileek edo konpentsatzaileek, gerta daitezkeen ingurumen-inpaktuen inguruan erakusten dituzten gabeziak kontuan hartuta.
F. Ebazpen honetako aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean sar daitezen:
f.1. Ebazpen hau argitaratzen denetik hiru hilabeteko epean, kamioiak garbitzeko sistemei buruzko proiektua (ebazpen honen 2.c.4.4 idatzi-zatian ezarrita daude sistema horiek).
f.2. Ebazpen hau jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina, ebazpen honen 2.d.5 idatzi-zatian ezarritakoa.
f.3. Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza, ebazpen honen 2.d.6 idatzi-zatian ezarritakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen du.
Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.
Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 1a.
Ingurumeneko sailburuordea,
ª ARANZAZU Leturiondo ARANZAMENDI.


