- EBAZPENA, 2012ko irailaren 17koa, Energia eta Meategien zuzendariarena; honen bidez, Arrasateko udalerrian, Mondragón-Barrio Concepción 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eta haren deribazioek ukituriko zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzen da. (Espedientea: RI 24055/AT-H-2011-114. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko irailaren 17koa, Energia eta Meategien zuzendariarena; honen bidez, Arrasateko udalerrian, Mondragón-Barrio Concepción 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eta haren deribazioek ukituriko zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzen da. (Espedientea: RI 24055/AT-H-2011-114.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 232
- Hurrenkera-zk.: 5305
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/09/17
- Argitaratze-data: 2012/11/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Industria; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Bat.2011ko irailaren 21ean, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi pasealekua 1-3, Donostia) arestian adierazitako linea onura publikokoa dela deklaratzeko eskatu zuen, haren zortasun-zerrendaren zabalkuntzak eraginpean hartutako ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko; horretaz gain, zabalkuntza horren proiektua eta haren separatak erantsi zituen.
Bi. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2012-05-29an EHAAn 2012-05-03an GAOn, eta 2012-04-25ean El Diario Vasco egunkarian, enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen eskubide eta ondasunen zerrendarekin batera.
Hiru. 2012ko apirilaren 24an Arrasateko Udalari bidali zitzaion iragarkia, udaletxeko ediktu-oholean jartzeko.
Lau. 2012ko apirilaren 3an, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaion Arrasateko Udalari, eskariarekin ados ote zegoen, edo aitzitik, kontra ote zegoen adierazteko eta, hala bazegokion, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko eskatuz; 2012ko maiatzaren 30ean berriz igorri zen eskari hori.
Bost. 2012ko apirilaren 3an Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztutako proiektuaren separata bidali zen eta eskabidearekiko adostasuna edo eragozpenak adierazteko eskatu zen bai eta, hala egokituz gero, baldintza teknikoak ezartzeko. Eskakizun hori berriz ere egin zitzaien 2012ko maiatzaren 30ean.
Sei. Arrasateko udalak ez zion erantzun proiektua onesteko edo baztertzeko eskaerari; Uraren Euskal Agentziak bere adostasuna eman zion zuhaitzak mozteari, baina horretarako baldintza eta betebehar batzuk ezarri zituen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak oniritzia emateko txostena epez kanpo aurkeztu zuen.
Zazpi. 2012ko uztailaren 6an, Uraren Euskal Agentziak jarritako baldintzak jakinarazi zitzaizkion Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari. Enpresak 2012ko uztailaren 11n eman zion erantzuna, eta baldintza guztiak onartu zituen.
Zortzi. Jendaurrean iragarkia jartzeko epearen barruan ez zen alegazio-idazkirik aurkeztu.
OINARRI JURIDIKOAK
Bat. Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.
Bi. Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA) emandako esleipenei jarraiki, honako hau
Arrasate udalerrian Mondragón-Barrio Concepción 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eta haren deribazioek ukituriko zortasun-zerrendaren zabalkuntzaren ondorioetarako onura publikokotzat deklaratzea; zabalkuntza horren ezaugarri nagusiak aurkezturiko proiektuan deskribatzen dira.
Deklarazio horrek berarekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, Lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 17a.
Energia eta Meategien zuzendaria,
JORGE LETAMENDIA BELZUNCE.


