- EBAZPENA, 2013ko urtarrilaren 24koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko, 2013. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egiten dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko urtarrilaren 24koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko, 2013. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egiten dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: HABE; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 36
- Hurrenkera-zk.: 963
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/01/24
- Argitaratze-data: 2013/02/20
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura zehazten du, oinarri hartuz Kulturako sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindua, HEOC onartu eta lehen hiru mailak arautzen dituena, eta Kulturako sailburuaren 2006ko martxoaren 13ko Agindua, HEOCen laugarren mailari dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartzen dituena.
Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak helburu du euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetza finkatu eta hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratura (EEMB) egokitzea.
Ildo beretik, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du, ikasleak duen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, azterketariak ezinbestekoa izango duela maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea.
Horrela, egiaztatze-proba bakoitzak Dekretu horretan eta Agindu horietan gaitasun-maila bakoitza zedarritzeko finkatutako helburuak eta edukiak (linguistikoak, testualak, estrategikoak...) neurtuko ditu, trebetasunez trebetasun, betiere, HEOCen, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduan eta Ebazpen honetan finkaturiko ebaluazio-irizpideei jarraikiz.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 12. artikuluak, ziurtagiriok lortzeko gaitasun-probon ezaugarri orokorrak ematen dituenak, eskumena ematen dio HABEren zuzendari nagusiari ebazpenez gaitasun-proben ohiko deialdiak egin eta azterketaldion beharrezko xehetasunak arautzeko.
Zehaztasunez aztertu da nola gauzatu diren azken urteotan HABEk antolatutako gaitasun-probetako deialdiak: jarritako proben ezaugarriak, antolaketa-modua, izaniko ikasle-kopurua mailaka, azterketarien banaketa lurraldez lurralde, aztertzaile eta tutoreek aplikatutako ebaluazio-irizpideak, azterketariek izandako emaitzak eta erreklamazio-autuak zein gora jotzeko eduki eta auzigaiak. HABEn egin den gogoeta-aldi horren ondorioz, eragile ezberdinek proposatutako hobekuntzak bildu dira ebazpen honetara, egiaztatze-prozesuaren eta gaitasun-proben hobekuntza izaki helburu nagusia.
Hori dela eta,
Oinarrizko Antolaketa
Ebazpen honen xedea da HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko, 2013. urteko ohiko azterketa-deialdiak egin eta prozedurak zehaztea.
Deialdiok HEOCen zedarritutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetako ikasleen gaitasun komunikatiboa egiaztatzeko egiten dira.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua dira azterketariaren hizkuntza-gaitasunaren neurketaren oinarri eta barruti, hurrenez hurren.
Gaitasun-proba hauek ebazpen honen eranskineko edukietara egokituko dira: ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa. Maila horiek egiaztatu nahi dituen azterketariak HEOCen maila bakoitzarentzat trebetasun bakoitzean xedatutako gutxienekoak gainditu beharko ditu.
Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.net atariaren bidez egingo dira, azterketak berraztertzeko eskaerei, erreklamazioei eta administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.net ataria erabiliz gauzatuko ditu ebazpen honetan horrela xedatutako izapideak.
Ebazpen honetan jasotako egiaztatze-prozesuan interesdun denak prozedura, puntuazioen konputoa, edo emaitzetan errakuntzarik gertatu dela uste badu, erreklamazioa jar dezake, betiere, honako gutxienekoak ematen baditu:
Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.
Nortasun-agiriaren zenbakia.
Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.
Gertaeren eta egindako errakuntzaren deskripzioa, errakuntza hori gertatu dela erakusten duten agirien eta bestelakoen ekarpenarekin batera.
Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.
Erreklamaziogilearen izenpea.
Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, gertakaria suertatu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Interesdunek, halaber, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradunari, mailaz mailako epaimahaiaren buruari eta Azterketa-batzordearenari errekurtsoaren mamiari buruzko txostena eska liezaieke; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren irizpena ere eska lezake.
Erreklamazioak zein gorako errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira zuzenduko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan, ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.
Erreklamazioak emaitzak argitaratu aurretik ebatziko dira.
Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo ebazpen honetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.
Azterketariak bere espedientea ikusi nahi badu, dagokion deialdiko behin betiko emaitzak argitaratu eta hamar eguneko epea izango du HABEren Azterketa-batzordeburuari idatziz eskaera egiteko.
Azterketa-deialdi hauetara aurkezteko, azterketariak ondoren zehazten diren gutxieneko baldintzak bete beharko ditu.
Euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro homologaturen batean matrikulatuta egotea.
Azterketariak HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologaturen batean matrikulatuta egon beharko du 2012ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean lehenengo, bigarren eta hirugarren mailan; eta 2011ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean laugarren mailan.
Mailaren atalasea bermatua izatea.
Azterketariak 2012ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan 1., 2. eta 3. mailan, eta 2011ko urriaren 1etik aurrera 4. mailan, lau hizkuntza-trebetasunetan, dagokion mailaren atalasea iritsia izan beharko du euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan 2013ko apirilaren 26rako lehenengo deialdian eta irailaren 20rako bigarren deialdian. Ondorio horietarako, euskaltegiak Q87 aplikazioan sartu dituen datuak hartuko ditu kontuan HABEk.
Mailaren atalasea bermatua ez izan eta beheragoko maila batean aurkezteko aukera.
Euskaltegian matrikulatuta egon eta, behar den datarako, ikasten ari den maila euskaltegian gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du, betiere, artikulu honen 6.2 puntuan ezarritako epealdian, gutxienez, euskaltegiko curriculum proiektuaren araberako urrats bat gainditu badu. Aukera hori izateko ere, epealdi horretan euskaltegiak Q87 aplikazioan sartutako datuak hartuko ditu HABEk kontuan.
HABEren berariazko aplikazio informatikoaren prozedurei jarraikiz, deialdi bakoitzeko, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak matrikulaturik dituen ikasleon datuak eta gaitasun-mailen gutxienekoak ziurtatuko dizkio HABEri, deialdiaren egutegian adierazitako egunetarako, Q87 aplikazio informatikoaren mailaz mailako kodeetan:
Lehen maila: 106 kodea.
Bigarren maila: 109 edo 201 kodeak.
Hirugarren maila: 112 edo 202 kodeak.
Laugarren maila: 401 eta 411 kodeak.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 19. artikuluari jarraikiz, HABEren Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzuko Ebaluazio zein Programa Berezietarako Atalei dagokie deialdion antolaketa burutzea.
Deialdion Xehetasunak
Ohiko bi deialdi izango dira 2013. urtean.
HABEk www.habe.euskadi.net atariaren bidez emango du jakitera bi deialdiok egituratzeko antolatu duen egutegia: matrikula egiteko epeak, onartuen behin-behineko zein betiko zerrendak argitaratzeko egunak, irakurmena eta entzumena neurtzeko euskaltegiek jarritako egunak, idazmena eta mintzamena neurtzeko proben datak eta behin-behineko zein behin betiko emaitzak jakinarazteko datak.
HABEk egutegian aurreikusitako egunak alda ditzake deialdion kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.
Egiaztatzegintzan matrikula egin eta gero, azterketari batek egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira eta emandako egunean proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa behar du izan. Halaber, eskari horrek behar beste oinarritzen duen karia azaltzen duen txosten edo agiria behar du ezinbestez.
HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko data aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari.
Gaitasun-proba egiteko izen-ematea Interneten bidez bideratuko da, www.habe.euskadi.net atarian matrikula-inprimakia betez.
Matrikula egitearekin batera, Ebazpen honetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.
Matrikula 30 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Kulturako sailburuaren 2012ko irailaren 11ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituenak.
Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagotara aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi bakar baterako izango da. Halaber, 17. artikuluaren arabera, bigarren deialdian mintzamen-proba besterik egin behar ez duten azterketariek ere 30 euroko matrikula-tasa ordaindu beharko dute maila bakoitzeko.
Matrikularen ordainketa ere Internet bidez egingo da edo, bestela, horretarako bidea ematen duten aurrezki-kutxa edo banketxeetan, izena ematean eskuratu den matrikula-inprimakia erabiliz eta bertan adierazitako epearen barruan. Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin izana salbuetsiz.
HABEk matrikularen ordainketa ziurtatutakoan emango du gauzatutzat eta osatutzat matrikulatze-prozesua.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen zerrenda osatuko du HABEk eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko.
Ebazpen hau indarrean jarri eta hamar eguneko epean argitaratuko ditu HABEk www.habe.euskadi.net atarian 2013. urteko deialdietarako aurreikusitako datak eta lekuak.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte HABEk zein euskaltegiek, bakoitzak neurtzen dituen trebetasunen eremuetan, azterketari horren aukerak bermatzeko, betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.
Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, dagokion HABEren lurralde-arduradunari edota euskaltegiko idazkaritzari egin beharko die eskaera, duen elbarritasuna agiri ofizialez zurituz eta eskatzen duen egokitzapena azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.
Eskari hauen aurrean, HABEk zein euskaltegiak denbora nahiz baliabideak egokituko dizkiote behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko Orden/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.
Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketariaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.
Gaitasun-probok lau mailetan egingo dira, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 7. artikuluaren eta ebazpen honen eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.
HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraikiz, Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzuko Ebaluazio-atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri hartuz.
HABEren Didaktika-zerbitzuak mintzamena eta idazmena neurtzeko probak aplikatu egingo ditu, horretarako berariaz ezarritako egun eta tokietan. Euskaltegiek, berriz, entzumena eta irakurmena neurtzekoak aplikatuko dituzte, mailaz maila egutegian zehaztutako datetan.
HABEren Ebaluazio-atalak entzumena eta irakurmena neurtzeko probak euskaltegiko zuzendariaren eskura jarriko ditu Interneten, egutegian aurreikusitako egunetan, proba bat eguneko eta mailako. Euskaltegiko zuzendariak izango du probak ikusi ahal izateko pasahitza eta bere ardurapekoa izango da, azterketariei jarri aurretik, probok isilpean gordetzea.
Entzumena eta irakurmena neurtzeko antolaketaren nondik norakoak (ordutegia, lekuak eta azterketarien zerrendak) froga-eguna baino sei egun natural lehenago emango dizkio aditzera euskaltegi bakoitzak lurralde-batzordeari, horrek egokitzapen beharrik ikusiko balu, hiru eguneko epean euskaltegiari jakinarazi eta egokitzapenak garaiz egin ahal izateko.
Entzumeneko eta irakurmeneko probak gainditu ez dituenari ez zaio zuzenduko idazmeneko proba. Mintzameneko probara aurkezteko, bestalde, gainditua izan beharko du azterketariak idazmenari dagokiona.
Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
Laugarren mailako proiektua euskaltegiak ontzat eman ondoren (Q87n, 411 kodearekin), hurrengo bi urteetako lau deialdietan baliatu ahal izango du azterketariak, laugarren maila egiaztatu ahal izateko. Deialdi horien ondoren iraungi egingo zaio proiektuari euskaltegiak aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk ofizioz baja emango dio Q87n.
Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko jarritako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.
Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakus dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azkenengo emaitza jartzean.
Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaile zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatuz. Ikasturtean zehar ikasle-talde batekin aritutako irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak egin beharko dio uko egoera horri azterketaldiaren antolaketa-garaian.
Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.
Zuzenketa-oharrak berariazko fitxa digital batera bilduko dira, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
Idazmen-proba.
Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan.
Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoa kontuan hartuz, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa eman:
Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.
Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10a baino gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu emango zaizkio, baldin eta 2011ko urtarrilaren 19ko Kulturako sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta Ebazpen honen eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan, azterketariak gutxienez Ongi kalifikazioa lortu badu atal guztietan.
Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gehiago falta bazaio, 5 puntu emango zaizkio.
Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:
Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko beharrezko gutxienekoak baino handiagoak direnean, Epaimahaiari proposatuko zaion emaitza adostutako bi kalifikazioen artekoa izango da eta azterketa-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko beharrezko gutxienekoetara iristen ez direnean, Epaimahaiari proposatuko zaion emaitza adostutako bi kalifikazioen artekoa izango da eta azterketa-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu gaitasun-probak eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio Epaimahaiari.
Mintzamen-proba.
Mintzamen-proba bina aztertzailek egin eta zuzenduko dute eta azterketa-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua.
Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena dagokion Epaimahaiaren eskura jarriko du.
Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira.
Irakurmen- eta entzumen-probak.
Gaitasun-probaren atal hauek euskaltegi bakoitzaren ardurapekoak izango dira. Azterketa burutu eta zuzendu ondoren, lortutako kalifikazioak proposamen-akta batera bildu eta emaitzok HABEk berariaz jarritako datutegi batean sartuko ditu euskaltegi bakoitzak, betiere, ezarritako data eta prozedurari jarraikiz, dagokion epaimahaiari bere horretan aurkezteko.
Azterketak euskaltegian gordeko dira.
2013ko lehen deialdian idazmen-proba gainditu, baina gaitasun-probaren gutxienekoak lortu ez dituen azterketariari «Irakurmena», «Entzumena» eta «Idazmena» ataletako emaitzak gorde egingo zaizkio 2013ko bigarren deialdirako.
Aztertzaileen entzumen- eta irakurmen-atalei dagozkien aktak euskaltegi bakoitzak egingo ditu, mailaz maila. Idazmen eta mintzameneko proposamen-aktak, berriz, maila bakoitzeko Epaimahaiaren egiteko izango dira.
Idazmen-ataleko kalifikazio-orria eta egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.net atarian.
Gaitasun-proben behin-behineko zein behin betiko emaitzak www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun. Eta egiaztagiriak luzatzeari begira, HABEren zuzendari nagusiari jakinaraziko zaizkio, Erregistroan alta emateko.
Egiaztatze-deialdi hauen kudeaketan, gaitasun-probotan parte hartu duen azterketariaren datu pertsonalak erabili eta argitara ematen dira deialdi bakoitzaren aldian aldiko ataletan (matrikulatzean, onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzean, azterketen emaitzak jakinaraztean...). Hori dela eta, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuz indarrean jarritakoa kontuan hartuz, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriak bete ahal izateko, deialdi hauetan parte hartzen duen azterketariak baimena ematen dio HABEri bere datu pertsonalak ebazpen honetan aurreikusitako prozeduretan erabili eta argitaratzeko.
Datu eta informazio hau guztia izaera pertsonala duen fitxategi batean egongo da jasota. Datuok ezagutzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edota datuon aurka egiteko azterketariak dituen eskubideez baliatu nahi izanez gero, HABEren Erregistro Nagusira jo beharko du.
Deialdion Ondorioak
Gaitasun-proba gainditu eta mailaren bat egiaztatu duen azterketariak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.net atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, aurrezki kutxa edo banku bidez edo Internet erabiliz dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urtetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.net atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.
Lehenengoa. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Bigarrena. Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.
Hirugarrena. Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Donostia, 2013ko urtarrilaren 24a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.
(Ikus .PDF)


