Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2013ko martxoaren 19koa, Ingurumeneko sailburuordearena; honen bidez, Abadiño-Azpeitia 1 eta 2 lineako Corrugados TAEko Adar izeneko 132 kV-ko tentsioko zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa aldatzeko Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk Azpeitiko udalerrian sustatutako proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 19koa, Ingurumeneko sailburuordearena; honen bidez, Abadiño-Azpeitia 1 eta 2 lineako Corrugados TAEko Adar izeneko 132 kV-ko tentsioko zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa aldatzeko Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk Azpeitiko udalerrian sustatutako proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 89
  • Hurrenkera-zk.: 2205
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/03/19
  • Argitaratze-data: 2013/05/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Abadiño-Azpeitia 1 eta 2 lineako Corrugados TAEko Adar izeneko 132 kV-ko tentsioko zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa aldatzeko Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk Azpeitiko udalerrian sustatutako proiektua baimentzeko prozedura hasi denez, eta nahitaez aplikatu beharrekoa denez Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorrean xedatutakoa, eta proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa, ondoren aipatzen diren izapideak egin dira proiektu horri dagokionez, besteak beste:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehaztea. Proiektuaren sustatzaileak hala eskatuta, 2011ko martxoaren 10ean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2011ko ekainaren 9an, proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena egin zuen ingurumen-organoak, eta, hori eginda, hasitako izapidetzea bukatu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jendaurrean jarri zuen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 86. zk., 2012ko maiatzaren 8koa, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 100. zk., 2012ko maiatzaren 23koa).

Entzunaldiaren izapidea. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei, 2012ko maiatzaren 3an.

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea. 2012ko uztailaren 27an, Energia eta Meategietako Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion dosierra, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2013ko otsailaren 18an, ingurumen-organoak formulatutako betekizunekin bat, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, zenbait xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko egitura organikoa eta zereginak finkatzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan, Ingurumen Sailburuordetzak, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko organo eskuduna denez, hauxe

  1. Abadiño-Azpeitia 1 eta 2 lineako Corrugados TAEko Adar izeneko 132 kV-ko tentsioko zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoa aldatzeko Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk Azpeitiko udalerrian sustatutako proiektuaren aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egitea.

  2. Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki:

    A. Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

    B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

    Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak hau da, aurreko paragrafoan adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

    C. Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera egikarituko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

    Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

    c.1. Ondare naturala babesteko neurriak.

    Urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak, Gipuzkoako mendiei buruzkoak, eta urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babestekoak, xedatutakoa betetzeaz gain, neurri hauek ere aplikatuko dira:

    c.1.1. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

    c.1.2. Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatz-zatian adierazten den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

    c.1.3. Kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak eta muntaketa- eta maniobra-eremuak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira. Eremu horiek ezin izango dira inoiz kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan (baso-masa autoktonoetan, ur-bazterreko landaredian edo lehentasunezko interesa duten habitatetan), ezta ibilguetatik hurbil dauden lurretan ere.

    Obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, euskarriak muntatzeko plataformek, obrako materialek, baita hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek ere, okupatzen dituzten eremuak behar bezala zehaztuko dira xehetasunezko kartografian. Muga hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatz-zatian aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

    c.1.4. Oraingo linearen euskarriak desmuntatzeko beharrezkoak diren laneko plataformak soil-soilik linearen segurtasun-kalean sortuko dira, eta, horrela, saihestu egingo da linea horrek gainetik hegaldatzen duen landareari erasatea.

    c.1.5. Zuhaitz-landaredi naturala ebakitzea saihestuko da euskarriak, segurtasun-linea, sarbideak edo euskarriak muntatzeko plataformak eraikitzeagatik zuzeneko eragina aurrez ikusten ez den eremuetan.

    Obrak hasi aurretik eta haien zuinketa egiten den bitartean, proiektuak eragindako gainazalean ibilbide zehatzak egingo dira, aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten eta kontserba daitezkeen zuhaitzak antzeman eta markatzeko; obratik gertuen dauden eta makinen kolpeak jasateko arriskua duten aleak babestu egingo dira.

    c.1.6. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendi eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritzak 2012ko ekainaren 11n emandako txostenari jarraiki, eraginpean hartutako administrazioen entzunaldiaren izapidean, proiektuak baso-masa autoktonoak (harizti azidofiloa) kaltetuz gero, ahal bada inausi edo lepatu egingo da eremu sentikor horietan, eta behar-beharrezkoa denean baino ez da mozketarik egingo. Moztu edo lepatu beharreko zuhaitzen inguruko erabakia edo irizpideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazitako Zuzendaritzarekin koordinatuta hartu beharko dira.

    c.1.7. Trazatuak zuhaitz autoktonoak zeharkatzen dituen tokietan, kableak eskuz jarriko dira, lur orotarako ibilgailuak eta makineria astuna erabili gabe.

    c.1.8. Proiektuaren egikaritzearen eremuan, ez da baztertzen Ilex aquifolium espeziea (espezie hori «bakanen» kategorian dago Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan). Obrak hasi aurretik, lurraren prospekzioa egingo da linea elektrikoaren trazadurak zeharkatutako baso-eremuan bereziki, espezie hori detektatzeko eta kalterik ez eragiteko. Hala badagokio, kaltetutako aleak birlandatzeko aukera hartuko da kontuan.

    c.1.9. Hegaztiek eta faunak goi-tentsioko linea elektronikoetan talka egiteaz edo elektrokutatzeaz babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa aparte utzi gabe, hegaztiak babesteko gailuak instalatuko dira, Urola ibaiak zeharkatzen duen baoaren eremuan eta lur-konexioko kableetan bereziki.

    c.1.10. Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduan ezarritakoa bete beharko da Gipuzkoako Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik.

    c.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, esanbidez debekatuko da makineria konpontzea edo makineriaren olioa aldatzea horretarako esanbidez zuzenduta ez dauden eremuetan. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

    c.3. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

    Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

    c.4. Soinuen eta bibrazioen eragina gutxitzeko neurriak.

    c.4.1. Eraikuntza-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

    c.4.2. Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

    c.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    c.5.1. Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, baita indusketetatik eratorritakoak ere, Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

    Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

    c.5.2. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

    Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak hainbat zatitan bereizi beharko dira horietako bakoitzean obra osorako aurreikusitako hondakin-kantitateak 112/2012 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako mugak gainditzen dituenean.

    Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrak aparte utzi gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

    c.5.3. Zabortegira bidali beharreko hondakinak hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren, eta horien aldaketen arabera kudeatuko dira.

    c.5.4. Jardueraren soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

    Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki poluitzaileak dauzkaten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraiki.

    c.5.5. Hondakin arriskutsuetarako ontzietan kontuan izan beharko dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

    Arestian aipatzen diren ontzi edo ontzikiek etiketatuta egon behar dute. Etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

    c.5.6. Olio erabilia kudeatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

    Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

    c.5.7. Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

    Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak eta abar). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiziko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

    c.6. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea aparte utzi gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2012ko maiatzaren 24an eraginpean hartutako administrazioen entzunaldiaren izapidean emandako txostenean adierazita dauden neurri babesleak eta zuzentzaileak hartu beharko dira.

    Obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zein neurri hartu behar diren.

    c.7. Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

    c.7.1. Obrek kaltetutako gainazalen leheneratzea proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako agirietan aurreikusitakoarekin bat etorriz egin behar da.

    c.7.2. Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

    c.7.3. Lanek erasandako eremu guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz, kaltetu direnak ere. Leheneratze-lan horietan, eraginpean hartutako espazio guztiak berriz estaliko dira landarez, baldin eta landare-estaldura izan dezaketen eremuak badira.

    Horretarako, bertako espezieak, inguruko landaredi potentzialekoak, erein eta landatuko dira, batez ere euskarrien inguruan, materiala biltzeko guneetan, horrelakorik badago, sarbideetako lur-erauzketetan eta ezpondetan, eta linearen mantentze-lanetarako gordeko ez diren sarbideetan. Leheneratze hori landaredirik gabe gelditzen den segurtasun-bidean ere egin beharko da. Ildo horretatik, zuhaixka eta zuhaitz autoktonoak sartuko dira, halako ezaugarriak dituen linea batek ezartzen dituen baldintzak bete daitezen, neurriari, bertikalki garatzeko gaitasunari eta erregaitasunari dagokionez.

    c.7.4. Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

    c.7.5. Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

    c.8. Obra garbitzea eta amaitzea.

    Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta oro har, garbitze-lanetatik sortutako hondakinak lan-eremutik kendu eta ebazpen honen 2.c.5 idatz-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    c.9. Eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzko kautela-neurriak.

    Linea eta azpiestazio elektrikoa funtzionatzen ari direnean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ezingo dituzte Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan adierazitako erreferentziako mugak eta oinarrizko mugaketak gainditu. Gomendio hori, pertsonek eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) duten esposizioari buruzkoa da.

    c.10. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

    Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan trebatutako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

    c.11.. Lan-programa diseinatzea.

    Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, aurreko idatz-zatian aipatutako Ingurumen Aholkularitzak txostena egin ondoren. Bildu beharreko agiriak honako hauek dira:

    Honako hauetarako sarreren kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasuna: euskarriak, laneko plataformak, makineriaren parkea, eta obrako materialen eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuak.

    Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Ebazpen honen 2.c.5.2 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

    Obrek eraginpean hartutako gainazalen ingurumen-leheneratzerako aurreikusitako neurriak, Ebazpen honen 2.v.7 idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

    D. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna).

    Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

    d.1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira.

    Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legeriak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

    d.2. Obraren okupazio-mugen kontrola.

    Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako gainazala baino eremu handiagoa izango.

    d.3. Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

    Linea elektrikoarekin kaltetutako espazioa berreskuratu eta ondorengo bi urtean, ereite- eta landatze-lanen arrakastaren jarraipena egingo da.

    d.4. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

    Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenean ezarritako betekizunak biltzeko.

    Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

    d.5. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Nolanahi ere, obrak eta leheneratzearen bermealdia amaitu ondoren bidaliko dira, hau da, leheneratzea egin eta bi urte igaro ondoren. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan aditua den erakunde batek egindako txostena ere bidali beharko da. Txosten hori emaitzen azterketa bat izango da, eta, batez ere, epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakari horiek izatearen arrazoiak eta irtenbideak, eta, aurretik zehaztu ez diren kasuetan, lagin-hartzearen xehetasunak adieraziko dira.

    Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

    E. Neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.

    F. Ebazpen honen aurreko idatz-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

    f.1. Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bategina.

    Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko du eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren.

    f.2. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean, obrak egin bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

    f.3. Leheneratzea amaitu eta bi urte igaro ondoren, Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak, ebazpen honen 2.d.5 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko epea ezartzea proiektua martxan jartzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

  4. Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 19a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.