Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2013ko martxoaren 20koa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia argitaratzen duena; deialdi hori, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bibez onartu zen. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 20koa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia argitaratzen duena; deialdi hori, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bibez onartu zen.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1554
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/03/20
  • Argitaratze-data: 2013/03/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko urtarrilaren 21eko batzarrean onartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du laguntzen deialdia egitea enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, eta organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Adierazitako guztiarengatik, honako hau

Lehenengoa. Enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia argitaratzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartuta, 2013ko urtarrilaren 21eko batzarrean, eta ebazpen honen eranskinean datorrena.

Bigarrena. Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena. Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 20a.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu horiek ematera behartuta dago.

Enplegurako orientazio-zerbitzuak definitzeko, esan genezake informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak direla. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.

Lanbide-orientazioko ekintzak batik bat kolektibo lehenetsi batzuentzat egongo dira bideratuak. Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19 octies artikuluaren 1. puntuak gazteak lehenesten ditu, batik bat prestakuntza-gabeziak dituztenak, emakumeak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtez gorakoak, desgaitasunen bat duten edo gizartetik baztertuta dauden pertsonak, eta etorkinak, atzerritarrei buruzko legearekin lotuta. Horretaz gainera, artikulu beraren 2. puntuak dioenez, kolektibo horien inguruabar bereziak aintzat harturik, Enplegu Zerbitzu Publikoek banakako eta pertsonalizatutako enplegu-ibilbideak diseinatzea bermatuko dute, neurri eta politika guztiak konbinatzen dituztenak, behar bezala egokituak eta doituak bertako pertsonen lanbide-profilari eta beren premia bereziei. Beharra dagoenean, enplegu-zerbitzu publikoek balioetsi egingo dute gizarte-zerbitzuekin koordinatu beharrik ba ote dagoen, pertsona horiei arreta hobea emateko.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea, eta bertan joan daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzaileen enplegagarritasuna balioesteko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko lehentasuna izango du.

Ibilbide pertsonalizatuak ezarri ondoren gauzatuko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintza eta zerbitzu zehatzak, zuzenean edo erakunde laguntzaileen bitartez.

Gaur egun langabezia gora doanez eta, beraz, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak jaso ditzaketen pertsonak gero eta gehiago direnez, premiazko prozedura bat finkatu behar da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuekin lan egingo duten erakundeen sare bat aukeratzeko eta ibilbide pertsonalizatu bakoitzaren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak emateko enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei.

Erabaki honen bitartez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duten orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak zehazten dira, eta haiek finantzatzeko deialdia egiten da.

Akordio honetan aipatutako enplegurako lanbide-orientazioko ekintzak egitearekin batera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua gogoeta egiten ari da etorkizuneko EAEko Lanbide Orientazioko Sistemari buruz.

Era berean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2013ko urtarrilaren 21eko batzarrean, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia onartzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, baldintza hauekin:

Deialdi honen xede dira, 2013ko ekitaldian, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko eman ditzakeen laguntzak. Laguntza horien hartzaileak, berriz, jarduera hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira.

  1. Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 9.201.000 eurokoak dira, horietatik 7.820.850 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2013ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.380.150 euro 2014ko ordainketa-kreditukoak.

  2. Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak finantzatzen, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

  1. Deialdi honen babespean, diruz lagundu ahal izango dira hurrengo paragrafoan deskribatutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak horiek gauzatzeko erakunde laguntzaileen laguntza behar baitu, I. eta II. eranskinetan aurreikusitakoaren arabera. Eranskin horietan zehazten dira lurraldeko jardun-eremuak, jardun-eremu bakoitzean gauzatuko diren zerbitzu motak eta orientazio-orduen kopurua nahiz diru-laguntza jaso dezaketen enplegu-zentroen kopurua.

  2. Honako hauek dira erakunde laguntzaileek gauzatu beharreko orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak:

  1. Enplegu-orientazioa behar duten erabiltzaileentzako zerbitzuak.

    (Ikus .PDF)

  2. Norberaren konturako jardueretarako orientazio-zerbitzuak.

    (Ikus .PDF)

  3. Enplegu Zentroa:

    Espazio fisiko egonkorra da, non erakunde laguntzaileak erabiltzailearen/eskatzailearen eskura jartzen dituen enplegua bilatzeko baliabideak bere kasa kontsulta ditzan, bai eta orientatzaile bat ere, lan-munduan txertatzeko eta horretarako tresnak erabiltzeko laguntza pertsonalizatua emango diona.

    Enplegu Zentroetan taldeentzako tailerrak egin daitezke, norberak bere kasa erabiltzeko tresnak ezagut ditzan.

  1. Deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak erakunde onuradunen langile propioen bitartez gauzatuko dira, azpikontrataziorik gabe.

  2. Talde-ekintzetan gutxienez 4 pertsona egon behar dute, taldeko.

  1. Honako pertsona hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen erabiltzaileak:

    1. Langabeak, zentzu zabalean.

    2. Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.

    3. Aktiboak izan daitezkeen pertsonak.

    4. Eta, oro har, lan egiteko adina duen eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.

  2. Ibilbide pertsonalizatua egin nahi dutenek, parte hartze aktiboa izateko konpromisoa adierazi beharko dute.

  3. Orientazio Zerbitzuaren erabiltzaileek aldez aurretik Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta altan edo etenduran egon behar dute.

  1. Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren orientazio-ekintza eta -zerbitzuak, eta hartarako aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da 3. artikuluan definitutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak behar bezala gauzatzeko baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea.

  2. Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun berezia duten kolektiboentzako orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen kasuan, gizartetik baztertuta dauden edo egon daitezkeen pertsonak eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko helburua duten erakundeek soilik jaso ahal izango dituzte adierazitako jarduera Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

  3. Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

    1. Jarduera egiteko aukeratu den eremuan orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko azpiegitura egokia izatea.

    2. Gutxienez bi urteko esperientzia frogagarria izatea langabeentzako orientazio-ekintzak egiten, informazioko, orientazioko, enplegurako eta/edo autoenplegurako motibatzeko jarduerak egiten, enplegua bilatzeko teknikak eta laneratzen laguntzeko teknikak barne.

      Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuko I. Kapitulua.

      Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko martxoaren 9ko Agindua, irabazi asmorik gabeko erakunde kolaboratzaileek profesionaltasuna, lanbide-informazioa, lanbide-orientazioa eta enplegu-bilaketa aktiboa egiaztatzeko ekintzak egiteko Enpleguko Institutu Nazionalak eman beharreko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

      Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urtarrilaren 20ko Agindua, enplegu-orientaziorako eta autoenplegurako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

      Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia, 2011ko martxoaren 31ko batzarrean hartutakoa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen deialdia onartzen duena.

      Baldintza hori betetzat emango zaie informazioko, orientazioko, enplegurako eta/edo autoenplegurako motibatzeko jarduerak, enplegua bilatzeko teknikak eta laneratzen laguntzeko teknikak garatu dituzten erakundeei, Administrazio Publikoekin lankidetzan, lehen aipatu ez diren programetan, eta 7.2.1 d) artikuluan xedatu bezala egiaztatzen badute.

      3. artikuluko 2.1 eta 2.2 paragrafoetan aurreikusitako ekintzak eta zerbitzuak gauzatu ahal izateko:

      Giza baliabide propioak izatea, gutxienez langile bat teknikari-lanetarako lanaldi osoan kontratatuta (goi edo erdi mailako unibertsitate-ikasketak amaituta eduki behar ditu, urtebetetik gorako esperientzia eta curriculum frogatua enplegu-orientazioan, eta ofimatikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza), eta diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko langile propioak edukitzearen konpromisoa.

      Behar adinako lokalak eta ekipamenduak edukitzea, enplegurako orientazio-jarduerak banaka edo taldeka gauzatzeko. Gutxienez, honako baliabide hauek izan behar dituzte:

      Banakako arretarako bulego bat.

      Talde-arretarako gela bat, gutxienez 10 lagunekin jarduteko, lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak dituena.

      3. artikuluko 2.3 paragrafoan aurreikusitako enplegu-zentrorako:

      Giza baliabide propioak izatea, gutxienez langile bat teknikari lanetarako lanaldi osoan kontratatuta (goi edo erdi mailako unibertsitate-ikasketak amaituta eduki behar ditu, urtebetetik gorako esperientzia eta curriculum frogatua enplegu-orientazioan, eta ofimatikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza).

      Gutxi gorabehera 30 metro karratuko areto bat, enplegu-zentro gisa erabiltzeko, gutxienez hiru ordenagailurekin erabiltzaileentzat.

      Sareko laser-inprimagailu bat, ordenagailu guztiei zerbitzua emateko, edo inprimagailu bat ordenagailu bakoitzeko.

      Interneterako sarbide eraginkorra (gutxienez 5 Megako banda zabala), Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

    1. Desgaitasunen bat duten pertsonen arretan espezializatuta dauden erakundeek, berriz, orientazio-materialak desgaitasun mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta, hala badagokio, zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.

  4. Aurreko paragrafoetan aipatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

    2. Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

  5. Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

1. 3. artikuluko 2.1 eta 2.2 paragrafoetan adierazitako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arruntak eta pertsonalekoak estaltzera bideratuko da, betiere kontuan izanik orientazio-saio bakoitzeko eta orientazioa eman zaion pertsona bakoitzeko diruz lagundutako gehieneko denbora, honako taula honetan ageri dena:

(Ikus .PDF)

Pertsonaleko gastuei dagokienez, honako hauek lagunduko dira diruz:

Diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 1.500 orduko.

Lanaldi osoan kontratatutako langile laguntzaile baten kostuaren % 25, diruz lagundutako ekintzak egiten diharduen langile bakoitzeko.

Diruz lagundutako orientazio-jarduerari lotutako langileen soldata-kostuek eta Gizarte Segurantzakoek diru-laguntzaren % 85 hartuko dute, gutxienez. Horretarako gastua txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da, proportzio horretara egokitzeko.

Gastu arruntzat hartuko dira lokalak erabiltzea eta mantentzea, komunikazioak eta material suntsigarria eta bulegoko materiala.

  1. Honako hau izango da 3. artikuluko 2.3 paragrafoan adierazitako ekintzak eta zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen zenbatekoa:

    000 euro gehienez urtean, instalazioa lanaldi osoan erabiltzeagatik, komunikazioengatik eta ekipamendu informatikoak, bulegoko materiala eta erabiltzaileen esku jarritako informazio- eta prestakuntza-baliabide guztiak erabiltzeagatik.

    000 euro gehienez urtean, enplegu-zentroko ekintzak gauzatzeko urtebetez lanaldi osoan jardundako orientatzailearen soldata-kostuarengatik eta Gizarte Segurantzako enpresa-kotizazioagatik.

    Zenbateko horiek urtebeteri dagozkio. Diruz lagundurako ekintzak eta zerbitzuak gauzatzen diren denbora ez bada urtebetera iristen, gehienezko zenbateko horiek proportzioan murriztuko dira.

  1. Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko Enpleguko Lurralde Bulegoetan aurkeztu beharko dira, http://www.lanbide.net web orrian eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

  1. artikuluko 2.1 eta 2.2 paragrafoetan deskribatutako ekintzei dagokienez, diruz lagunduko den gehieneko ordu kopurua dator I. eranskinean, eta II. eranskinean, berriz, lurralde bakoitzean diru-laguntza emango zaien enplegu-zentroak.

  1. artikuluko 2.1 eta 2.2 paragrafoetan deskribatutako ekintzei dagokienez, erakunde bakoitzak hau adierazi beharko du eskaeran: lurraldeko zein eremutan eskatzen duen orientazio-zerbitzuak ematen laguntzea, eta eremu bakoitzeko zenbat ordu egiteko konpromisoa hartzen duen (ordu horietarako eskatuko du diru-laguntza).

    Bestalde, 3. artikuluko 2.3 paragrafoan deskribatutako ekintzei dagokienez, erakunde bakoitzak adierazi beharko du zein lurralde-eremutan jardungo duen enplegu-zentro gisa.

    Deialdi honen 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako erakundeek soilik eskatu ahal izango dute «desgait./kol. ber. erakund.» gisa markatutako eremuetako enplegu-zentroetarako diru laguntza.

  1. Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  1. Kasu guztietan:

    1. Hirugarren interesdunaren datuen altari buruzko fitxa, erakundearen ordezkariak sinatua eta dagokion bankuak zigilatua (http://www.lanbide.net web orrian eskuratu ahal izango da).

    2. Erakundearen edo enpresaren IFKren kopia, edo NANarena, pertsona fisikoak badira.

    3. Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen dutenak.

    4. Azken 2 urteetan orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduera zehatz-mehatz biltzen duen memoria. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak.

      Baldin eta jarduera horiek gauzatu badira 5.3.b) artikuluan aipatutako araudietatik kanpoko programen babespean, atal honetan aurreikusitako Memoriaz gain aurkeztu beharko da programa kudeatzen duen Administrazio Publikoak egindako ziurtagiri bat, argitaratu zen Buletinari edo argitalpen ofizialari aipamen eginez.

      3. artikuluko 2.1 eta 2.2 paragrafoetan deskribatutako ekintzei dagokienez, honako agiri hauek erantsi beharko dira:

    1. Gauzatu beharreko ekintzetarako erabili beharreko metodologia eta teknikak. eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituen memoria.

      5. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, eta gutxienez honako hauek bilduta:

      Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barne.

      Erakunde eskatzailearen kokapenari, erabil ditzakeen lokalei eta lokalen irisgarritasunari buruzko txosten deskribatzailea.

      3. artikuluko 2.3 paragrafoan deskribatutako ekintzei dagokienez, honako agiri hauek erantsi beharko dira:

    1. Enplegu-zentroko zerbitzua emanez, halakorik egin badu, azken 2 urteetan egindako jarduera biltzen duen memoria deskribatzailea.

    2. Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barne.

    3. Erakunde eskatzailearen kokapenari, erabil ditzakeen lokalei eta lokalen irisgarritasunari buruzko txosten deskribatzailea.

      1. Eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aurreko paragrafoan adierazitako nahitaezko dokumentazioa atxiki ez bazaie, hamar eguneko epea egongo da hutsegitea zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, bestela erakundeak bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adierazita. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua behartuta egongo da eskaera horri buruzko esanbidezko ebazpena ematera eta jakinaraztera.

      2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  1. Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

  2. Aurkezten diren eskaerak hurrengo artikuluan aurreikusitako ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

    Presidentea: Lana Aktibatzeko Zuzendaritzako Laneratze Arloko arduraduna: Jesús María Ordoñez Orzaiz.

    Batzordekideak: Laneratze Arloko bi teknikari: Amaia Arteaga Dañobeitia y Angel Altuna Urcelay; horietako bat idazkaria izango da.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoak ebazpen-proposamen bat egingo du eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.

  4. Prozeduraren ebazpena egin eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahalko da.

  5. Diru-laguntza emateko ebazpenean adieraziko dira erakunde bakoitzari esleitzen zaizkion orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, bai eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta hura ordaintzeko epeak eta justifikatzeko modua ere. Halaber, berariaz adieraziko da EGIFekin batera finantzatu dela, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

  6. Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea eta honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

  7. Publizitate printzipioa betetzearren, betiere diru-laguntza emateko ebazpenak esanbidez eta banan-banan jakinaraztea alde batera utzi gabe, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan EGIFekin batera finantzatu dela berariaz adierazita.

  1. Honela jardungo da 3. artikuluko 2.1 eta 2.2 paragrafoetan aurreikusitako orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei lotutako diru-laguntzaren eskaerak eta esleipena ebaluatzeko:

  1. Enplegu-bulegoaren jardun-eremuan eskatutako orduen guztizko batura diruz lagunduko den ordu kopuruaren berdina edo hori baino txikiagoa bada, eskatu dituen orientazio-orduen araberako diru-laguntza emango zaio erakunde bakoitzari.

  2. Enplegu-bulegoaren jardun-eremuan eskatutako orduen guztizko batura diruz lagunduko den ordu-kopurua baino handiagoa bada, honela ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da diru-laguntza:

    1. Langabeentzako orientazio-ekintzak egiten jardundako gutxieneko bi urtetik gorako urte bakoitzeko puntu bat emango zaio erakundeari, betiere ibilbide hori frogatzen badu; gehienez ere 10 puntu emango zaizkio.

      III. eranskinak dioen moduan, gehienez 10 puntu emango dira zerbitzua eskainiko den instalazioen kokapenagatik, jardun-eremuaren barruan. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago balu jardun-eremuaren barruan, punturik gehien lortzen dituena bakarrik hartuko da kontuan. Erakundeak frogatu beharra dauka lanerako instalazioak dauzkala, diru-laguntza eskatzerakoan.

    1. 2 puntu emango dira, gutxieneko azpiegitura gisa eskatzen den bulegoaz gain, erakundeak banakako arretarako duen bulego bakoitzeko; gehienez 4 puntu emango dira. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago balu jardun-eremuaren barruan, b) atalean punturik gehien lortzen dituena bakarrik hartuko da kontuan.

    2. 1 puntu emango da talde-arretarako beste gela bat edukitzeagatik. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago balu jardun-eremuaren barruan, b) atalean punturik gehien lortzen dituena bakarrik hartuko da kontuan.

      Lurraldeko jardun-eremu berean diru-laguntza eskatzen duen erakunde bakoitzari eremu horretan esleituko diren ordu guztiak kontuan izanik erakundeari dagokion orduen proportzioa emango zaio. Proportzio hori, berriz, eremu berean diharduten erakunde guztiek lortutako guztizko puntuazioari dagokionez, erakunde horrek lortutako puntuazioen proportzio berdina izango da.

      Esleitzeko prozesua amaitutakoan erakunderen bati eskatu dituen diruz lagundutako orientazio-orduak baino ordu gehiago egokitu bazaizkio, soberako ordu horiek gainerako erakundeen artean banatuko dira, erakunde bakoitzak lortutako puntuazioaren eta erakunde guztiek lortutako puntuazioen baturaren arteko proportzio berean.

      1. Honela jardungo da 3. artikuluko 2.3 paragrafoan aurreikusitako orientazio-ekintzei eta -zerbitzuei lotutako diru-laguntzaren eskaerak eta esleipena ebaluatzeko:

      1. Bulegoaren jardun-eremuren batean erakunde bakarrak eskatu badu diru-laguntza, erakunde horri emango zaio.

      2. Erakunde batek baino gehiagok eskatu badu diru-laguntza jardun-eremu berean, era honetan esleituko da diru-laguntza:

        Lehentasuna izango dute lehendik ere enplegu-zentro izatearen esperientzia duten udal-erakundeek edo udalaz gainekoek, bai eta haien mendeko erakundeek ere, eta haien artetik udalaz gainekoek.

        Lehia sortuko balitz udaleko edo udalaz gaineko zenbait erakunderen artean, lehentasuna izango du enplegu-zentro izaten ibilbiderik luzeena frogatzen duenak.

        Eskatzaileen artean arestian adierazitako erakunderik ez badago, honako hauek izango dute lehentasuna, betiere ordena honetan: desgaituen arretan espezializatuta dauden erakundeek, baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboen arretan espezializatuta dauden erakundeek, Lanbide Heziketako ikastetxe publiko nahiz itunpekoek, sindikatuen eta enpresaburuen elkarteek, irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuek, eta gainerako erakundeek.

        Mota bereko hainbat erakundek eskatzen badute diru-laguntza, lehentasuna izango du Enplegu Agentzia izateko baimena duenak.

        Berdinketa apurtu ez bada, erakundeek plantillan dituzten desgaituen ehunekoaren arabera emango da lehentasuna.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

Lehendabizi % 85 ordainduko da, diru-laguntza emateko Ebazpenaren egunaren ondorengo 30 egunen barnean.

Aurretiazko ordainketa horrek bete beharra dauka abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Bigarren zatia, gainerako % 15a, diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epea amaitutakoan ordainduko da, aldez aurretik ekintza horiek justifikatuta. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Diruz lagundutako aldian gauzatutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta, hala badagokio, enplegu-zentroaren jarduera zehatz-mehatz azaltzeko memoria. Bertan agertuko dira arreta jaso duten pertsonak, horiei emandako zerbitzuak eta zerbitzu horien iraupena, eta erabiltzaileei ezarritako enplegu-politika aktiboko ekintzak.

Diruz lagundutako jardunak egin dituzten orientatzaileen eta laguntza-langileen soldata-kostuei buruzko ziurtagiria, eta nominen nahiz Gizarte Segurantzako kotizazioko dokumentuen (TC1 eta TC2) kopiak.

Diruz lagundutako jarduerari lotutako gastu arruntak egiaztatzeko dokumentazioa, alegia, fakturak eta horien ordainagiria.

Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen dutenak.

  1. Diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak deialdi honen Ebazpena ematen den egunetik urtebeteko epean egin beharko dira.

  2. Diruz lagundutako orientazio-jardunak justifikatzeko azken eguna amaitzen direnetik bi hilabete izango da.

  1. Deialdi honetan araututako laguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliz.

    2. 2026. urtera arte Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen Europako Gizarte Funtsekoak barne eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.

  2. Era berean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

    2. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

    3. Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

    4. Laguntza horiek aditzera emateko material eta ekintza guztietan, laguntzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan, Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla aipatzea eta «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.

  3. Diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtsaren aukeratzeko baldintzak bete ditzaten, gastu guztien fakturak, nominak edo frogatzeko baliokideak diren dokumentuak aurkeztu beharko dira, bai eta dagozkien ordainagiriak ere. Era berean, gastuaren kontabilitate-erregistro bereizia eduki beharko da, kontabilitate-kode egoki batez identifikatua.

Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean egongo balira edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat beteko ez balute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko lieke jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea galdu izana eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza Lanbideri itzultzeko betebeharra, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura, honako hau izango da:

  1. Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

  2. Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

  3. Ebazpenean ez-betetzea gertatu dela jasotzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu izana adieraziko du, eta, hala badagokio, dagozkion kopuruak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra, Ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

  4. Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean xedatutakoari jarraikiz, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak haren jabetzako fitxategi automatizatuetan txertatuko ditu honako deialdi honetan araututako laguntzak eskatzeko orrien bidez eskuratutako datu pertsonalak.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)