- EBAZPENA, 2013ko apirilaren 11koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena (IVAP). Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2013-2014 ikasturterako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko apirilaren 11koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena (IVAP). Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2013-2014 ikasturterako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: HAEE; Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 81
- Hurrenkera-zk.: 2055
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/04/11
- Argitaratze-data: 2013/04/29
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: Funtzio publikoa; Instituzional; Herri Administrazioa
Testu legala
Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 11.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARIA TERESA IRURETAGOIENA IBARGUREN.
Lehenengoa. Helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.
Bigarrena. Nori zuzendua.
Deialdi honetan parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetako langileek, baldin eta euren erakundeak IVAPekin Lankidetza Hitzarmena sinatua badu, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).
Horrez gain, Uraren Euskal Agentziako eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako langileek ere parte hartu dezakete ikastaro hauetan.
Deialdi honetatik kanpo geratzen dira Osakidetzako langileak.
Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Hirugarrena. Ordu-kreditua.
2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki, deialdi honetara biltzen diren eskariek ordu-kredituen sistema izango dute ezarria.
Agindu horren 6. artikuluaren arabera, euskara ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturtearen hasieran.
Ordu-kredituaren kontrolaren ondorioetarako, 2013-2014 ikasturtearen hasiera urria izango da. Eta honako hiru deialdi hauek bilduko dira ikasturtean:
Urrian eskolatzeko deialdia (apiriletik maiatzera bitartean argitaratzen dena)
Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena)
Udako ikastaroak egiteko deialdia (maiatzean argitaratzen dena)
Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:
Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
Otsailean hasten diren ikasleei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
Udan hasten diren ikasleei eskaera egin orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.
Laugarrena. 2013-2014 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2013-2014 ikasturterako, IVAPek bi deialdi kaleratuko ditu.
Honako hau 2013-2014 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia kaleratuko du IVAPek, eta 2013-2014 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.
Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.
Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.
Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez, azaroko deialdian ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, 2 orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.
Bosgarrena. Lanorduetako eskolen antolaketa.
Mailaketa probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du. Horretarako, IVAPek bere erakundearen bitartez jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak.
Mailaketa proba egitera deitu arren langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
IVAPek aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du, baldin eta aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion Zerbitzu zuzendariak; beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.
Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.
Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere erakundeak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II eranskinean daude zehaztuta.
Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek baimendutako eskaeren moduluetan, ordutegietan nahiz ikasteko tokietan.
Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, erakunde bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.
Bestelako ordutegia, edo herria, eskatu duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen erakundera, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.
Matrikula-orriaren bitartez, langilea homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da.
Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula-orria IVAPera.
Matrikula-orria ordaintzea lanordu barruko ikastaroetan.
Langileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
Matrikula-orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2013ko urriaren 18a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta 5 orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.
Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du.
Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari.
IVAPek matrikulari dagokion kostua hartuko du bere gain, eta, barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).
Matrikula-orriaren kostua lanordu barruko ikastaroetan.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaindu beharra.
Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia lortu beharko dute ikastaroetan.
Ikastaroen aprobetxamendu egokia neurtzeko irizpidea ebazpen honen zortzigarren oinarrian zehazten da.
Seigarrena. Eskoletan hastea lanordu barruko ikastaroetan.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiengatik, IVAPek ez du onartuko urriaren 18tik ondoren hasterik eskoletan.
Urriaren 18a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskoletan hasi ez diren langileen eskaerak.
Zazpigarrena. Eskolan berandu hastea lanordu barruko ikastaroetan.
IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaroaren hasieran, herri-erakundeek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere herri-erakundeak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.
Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20a igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean.
Zortzigarrena. Lanorduetako eskoletara joatea eta gutxieneko asistentzia.
Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualitate huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.
Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde bakoitzaren ardura denez, erakunde bakoitzari dagokio langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea eman zaien baimen osoan zehar.
Era berean, erakunde bakoitzaren ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea beren oporrak, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.
Ikaslearen ikasketa prozesua eta administrazioaren baliabideak bermatzeko, IVAPek aprobetxamendu irizpide hau ezartzen du: ikaslearen ikasturte osoko asistentziak %80koa izan behar du gutxienez.
Bederatzigarrena. Eskoletara joateari uztea lanordu barruko ikastaroetan.
Eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio ikasleak IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.
Horretarako, «Jakinarazpena: Euskara eskoletara joateari uztea» (III eranskina) izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.
Eskola-uztearen data inprimakia IVAPen erregistroan sartu den eguna izango da. Inprimakia IVAPera iritsi arte ez da ordu-kredituaren kontaketa etengo.
Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.
Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
www.ivap.euskadi.net
euskara>euskara ikastaroak>zer egin ikastaroa behin betiko uzteko?>eskola uztea jakinarazteko inprimakia.
Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen erakundeari eskola-uztearen berri ematea.
Hamargarrena. Lanorduz kanpoko ikastaroak.
IVAPek lanorduz kanpoko ikastaroa egin behar duten ikasleentzako matrikula-orri bana bidaliko du erakundeetara.
Presentziazko ikastaroak lanorduz kanpo.
Lanorduz kanpoko presentziazko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin ahal dira, eta baldintza hauek izan behar dituzte:
Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta 5 orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.
Homologazioa: ikastaroak HABEk homologatua izan behar du, derrigor.
Autoikaskuntzako ikastaroak lanorduz kanpo.
2013-2014 ikasturtean zehar utoikaskuntzako ikastaroak egin ahal izango dira lanorduz kanpo. Ikastaro horiek urrian hasi behar dira eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira.
Eskaera guztietatik kopuru mugatu bat onartuko du IVAPek; alegia, erakunde bakoitzak egiten dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien %20a, gehienez ere. Beraz, autoikaskuntzako eskaera egiteak ez du ziurtatzen automatikoki eskaera onartuko denik.
Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute. IVAPek matrikula bakarra ordainduko dio ikasleari.
Ikastaroak urrian hasiko dira.
Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.
Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroak HABEk homologatuak izan behar dira.
Autoikaskuntzako ikastaroak bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:
Internet erabilita: modalitate honen arabera, ordenagailuko bakarkako lana internet bidez egin ahal izango da. Aldiz, mintza-orduak euskaltegian, edo autoikaskuntzako zentroan, hartuko dira.
Euskaltegira, edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan, edo autoikaskuntzako zentroan, egin ahalko da, bai ordenagailuko bakarkako lana eta bai mintza-orduak ere.
IVAPek matrikula-orri bakarra emango die onarpena duten eskatzaileei.
Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Matrikula egitea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula-orria IVAPera.
Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez du bere gain hartuko 2013ko urriaren 18a baino beranduago entregatu diren matrikula-orriak
Matrikula ordaintzea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Baldintza betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du.
Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari.
IVAPek matrikulari dagokion kostua hartuko du bere gain, eta, barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).
Matrikula-orriaren kostua lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaindu beharra.
Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia lortu beharko dute ikastaroetan.
Ikastaroen aprobetxamendu egokia neurtzeko irizpidea ebazpen honen zortzigarren oinarrian zehazten da.
Eskolan berandu hastea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Deialdi honen zazpigarren oinarrian, lanordu barruko ikastaroetarako ezarri diren irizpide berberak jarraituko dira lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Eskolara joateari uztea lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Deialdi honen bederatzigarren oinarrian, lanordu barruko ikastaroetarako ezarri diren irizpide berberak jarraituko dira lanorduz kanpoko ikastaroetan.
Hamaikagarrena. Eskabideak IVAPen aurkeztea, bai lanordu barrukoak bai lanorduz kanpokoak.
Eskabideak egiteko epea.
Eskabideak IVAPera bidaltzeko, deialdia argitaratzen denetik maiatzaren 31ra bitarteko epea dute erakundeek. Horretarako, erakundeak bidaltzen duen komunikazioaren irteera-data hartuko da kontuan.
Inprimakia: eskabideak egiteko, ondorengo helbide elektroniko honetan jaso daiteke inprimakia:
www.ivap.euskadi.net
(euskara > euskara ikastaroak > 1-2-3he prestatzeko ikastaroak>beste administrazio batzuk> izen emateko inprimakia).
Eskabidea nora: eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera, ondorengo helbidera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Bitarteko funtzionarioen eta aldi baterako langileen eskabideak:
Bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute gutxienez abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela. Horretarako, lan-hitzarmenaren hasiera eta amaiera egunak adierazi beharko dituzte eskaera orrian.
Hamabigarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.
Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da langileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren langileen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta herri-erakunde bakoitzari bere langileenak jakinaraziko dizkio.
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.
Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Horrela, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien herri-erakundeei jakinaraztea bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez, eta baita euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. art.). Onartu egiten dute azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari HABE-, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).
Langileei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Barnetegiko ikastaroak.
Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira. Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegi horien eskaintzaren arabera alda daiteke.
IVAPek matrikula eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.
Bost orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei lan pertsonalerako behar den denbora gehitu beharra dagoelako.
Iraupena: 2013ko urriaren 1etik 2014ko otsailaren 14ra arte. 2013ko abenduaren 23tik 2014ko urtarrilaren 1era arte, biak barne, Gabonetako oporraldia izango da; beraz, horiek ez dira eskola egunak izango.
Modulu honek, betiere, lauhileko iraupena du. Otsailetik aurrera modulu honetan aritzeko azaroko deialdian eman behar da izena.
Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.
Bi orduko ikastaroak.
IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko.
IVAPeko taldeen egutegia: 2013ko urriaren 1etik 2014ko maiatzaren 30era.
Ez da eskolarik izango Gabonetako oporraldian (2013ko abenduaren 23tik 2014ko urtarrilaren 6ra arte, biak barne), eta Aste Santukoan (2014ko apirilaren 14tik 27ra arte, biak barne).
Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.
(Ikus .PDF)


