- EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinen bidez Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 5eko Ebazpenaren 2.c.1.1 atala aldatzen baita. Ebazpen haren bidez, Osmako (Gaubea, Araba) Tumecillo ibaia bideratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten zen (Uraren Euskal Agentziak sustatu zuen proiektua). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko maiatzaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinen bidez Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 5eko Ebazpenaren 2.c.1.1 atala aldatzen baita. Ebazpen haren bidez, Osmako (Gaubea, Araba) Tumecillo ibaia bideratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten zen (Uraren Euskal Agentziak sustatu zuen proiektua).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 126
- Hurrenkera-zk.: 3025
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/05/24
- Argitaratze-data: 2013/07/03
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena
Testu legala
Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 5eko Ebazpenaren bidez, Osmako (Gaubea, Araba) Tumecillo ibaia bideratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin zen (Uraren Euskal Agentziak sustatzen zuen proiektua).
Ebazpen horren 2.c.1.1 atalean xedatzen denez, Tumecillo ibaian ezin izango dela ezer eraiki, interes bereziko gunea da-eta bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta igarabarentzat (Lutra lutra). Espezie horiek dagozkien kudeaketa-planetan jaso ziren, martxoaren 15etik abuztuaren 31ra bitartean, espezie horien populazioak zaintzeko, beren ugalketa-garaian.
Atal horretan esaten da, orobat, Tumecillo ibaian obrak egin ahal izateko, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak txostena egin beharko duela aurretik, bi espezieen kudeaketa-planetan ezarritakoarekin bat etorriz.
2013ko maiatzaren 16an, Uraren Euskal Agentziak ingurumen-organoari eskatu dio Ingurumen Inpaktuari buruzko Adierazpenaren 2.c.1.1 atala aldatzeko, Tumecillo ibaian eraikuntza-lanik egin ezin den denbora-tarteari dagokionez.
Eskari horrekin batera, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailaren Ingurumen eta Biodibertsitate Zerbitzuaren Tumecillo ibaiaren bideratzeko proiektuari buruzko 2012ko azaroaren 23ko txostena aurkeztu zen, Uraren Euskal Agentziaren eskariz eman zena (txosten horren bidez balioztatu nahi zen proiektuaren eragina proiektuaren eremuan mehatxaturik zeuden espezieen kudeaketa-planetan ezarritako helburuetan). Txosten horren bidez debekatu egin da obrak egitea, martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean, bisoi europarrarentzat interes berezia duen eremuan, denbora-tarte hori erabakigarria baita espezie horren ugalketan, bere kudeaketa-planean ezarrita dagoen bezala, eta, era berean, prebentzio-neurriak ezarri dira, igarabaren populazioek gaixotasunik izan ez dezaten, ugalketa eta hazkuntza aldiak dirauen bitartean.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak organo horrek baitu Arabako Lurralde Historikoan mehatxatuta dagoen faunaren kudeaketaren ardura bere txostenari kasu eginik egoki ikusten du eraikuntza-lanak egiteko aipatutako debeku-aldia, eta, beraz, aldatu egin behar dela 2012ko irailaren 5eko Ebazpenaren 2.c.1.1 atalaren edukia.
Organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Honako xedapen hauek aztertu dira: Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Proiektuen ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea. Horrenbestez, honako hau
Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 5eko Ebazpenaren 2.c.1.1 atala aldatzea. Ebazpen horren bidez, Osmako (Gaubea, Araba) Tumecillo ibaia bideratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten zen (Uraren Euskal Agentziak sustatu zuen proiektua). Aldi berean, Tumecillo ibaian eraikuntza-lanik egin ezin izango den denbora-tartea ezartzen da (martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean).
Ebazpen hau Uraren Euskal Agentziari eta Gaubeako Udalari jakinaraztea.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


