Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Iberdrola Distribución Eléctrica SLUk sustatua, Abadiano-Basauri 1 eta 2 132 kV-ko lehendik dagoen linea elektrikoaren zortasunak egokitzeko eta zuhaizti mozketaren proiektuaren Ingurumen-Inpaktuari buruzko deklarazioa egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Iberdrola Distribución Eléctrica SLUk sustatua, Abadiano-Basauri 1 eta 2 132 kV-ko lehendik dagoen linea elektrikoaren zortasunak egokitzeko eta zuhaizti mozketaren proiektuaren Ingurumen-Inpaktuari buruzko deklarazioa egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 156
  • Hurrenkera-zk.: 3658
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/06/18
  • Argitaratze-data: 2013/08/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Hirigintza eta etxebizita; Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, haren I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Iberdrola Distribución Eléctrica SLUk sustatuta, Abadiano-Basauri 1 eta 2 132 kV-ko lehendik dagoen linea elektrikoaren zortasunak egokitzeko eta zuhaizti mozketaren proiektuari administrazio-baimena emateko prozedura hasita dagoelarik, honako arau hauek aplikatu behar dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ezartzea. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatuta, 2012ko uztailaren 31n Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. 2012ko urriaren 3an, proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena egin zuen ingurumen-organoak, eta, hori eginda, hasitako izapidetzea bukatu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zuen proiektua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 242. zk., 2012ko abenduaren 19koa, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 14. zk., 2012ko urtarrilaren 21ekoa).

Entzunaldiaren izapidea Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei.

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2013ko maiatzaren 8an, Energia eta Meategietako Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2013ko martxoaren 4an, ingurumen -organoak formulatutako betekizunekin bat, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, zenbait xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan (eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna denez, honako hau

  1. Abadiano-Basauri 1 eta 2 132 kV-ko lehendik dagoen linea elektrikoaren zortasunak egokitzeko eta zuhaizti mozketa, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk sustatua, proiektuaren aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egitea.

  2. Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki:

    A. Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

    Proiektu horren ingurumen-ebaluazioaren prozedurak hartu du kontuan, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio-teknikoaz gain, ingurumen-inpaktuaren prozeduran zehar espedienteari lotuta dauden txostenen edukia.

    B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

    Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak hau da, aurreko paragrafoan adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

    C. Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera egikarituko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

    Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Aurrekoaz gain, honako neurri hauek hartu beharko dira.

    c.1. Ondare naturala babesteko neurriak.

    Bertoko zenbait zuhaitz-motaren jaurpide bereziari buruzko urriaren 14ko 97/11 Foru-Arauan ezarritakoa eta Bizkaiko Foru Aldundian mendiak kudeatzeko eskumena duen organoak ezartzen duena alde batera utzi gabe, natura-interes handiko guneetan honako neurri hauek hartuko dira.

    c.1.1. Gehien sentikorrak eta gehien natura-interesa duten guneetan (zuhaitz autoktonoetako basoak, babestutako flora-espeziearen presentzia, faunarentzat garrantzi bereziko guneak eta abar) ahal bada inausi egingo da eremu sentikor horietan eta behar-beharrezkoa denean baino ez da mozketarik egingo. Bakarrik botako dira gehienezko garapen begetatiboan linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez duen distantzia batera gera litezkeen zuhaitz-espezieak, eta egungo zuhaixka geruza guztia dagoen-dagoenean utzi beharko da. Moztu edo lepatu beharreko zuhaitzen inguruko erabakia edo irizpideak Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu teknikoekin koordinatuta hartu beharko dira.

    Zuhaitzen mozketa edo sasiz garbitzea saihestezina denean, motoserraz egingo da eta ez makineria astunaz lanak zatika egin ahal izateko. Apeoa beti zuzendua izango da, gainerako landaredi autoktonokoa ez ukitzeko.

    Aurrekoarekin harira, Ur Agentziak emandako txostenaren edukiaren ondorioz, 2013ko urtarrilaren 15ekoa, 2 gurutzagune eta paralelismoak ezarri dira, onargarria den eraginaren arabera:

    1. Inauste partzialak onartuta dauden ibilguaren zatiak:

      Linea nagusia: T8-T9, T12-T13, T54-T55, T67-T68. T69-T70, T73-T74, T74-T75, T90-T91, T92-T93, T93-T94, T99-T100, T100-T101, T101-102, T106-T107, T108-T109, T109-T110 euskarriak.

      Eubako AE adarra: T2-T3.

      Alcoako AE adarra: T3-T4.

      Lemoako AE adarra: T2-T3 eta T3-T4.

      Erriberako zuhaitz autoktonoei bakarrik kenduko zaizkie linean kalte eragiten duten goiko adarrak, zuhaitzaren garaieraren osoa heren batekoa gainditu ezean, guneko zaindariak gainbegiratuta eta espeziek geldialdi begetatiboa egiten duten bitartean (neguan).

      Zuhaitz aloktonoak moztu ahalko dira baldin eta berehala zuhaitz txikiak edo hazkundearen erritmoa motela duten zuhaitzak landatuz (zumeak, hurritzak eta haritzak) eta ekintza neguan egin behar da, ibilguetan eragin txikiago izateko eta zaindariak gainbegiratuta.

    2. Ibilguko zatian edo haren lotuta dauden ekosisteman (ez mozketak, ez inausketak) dagoen landarean Kalte berriak ez dira eragingo, EAEko Ibai eta Erreken Ertzak Antolatzeko Arloko Lurralde Planak ezartzen duenaren arabera. Guneak honako hauek dira:

      T8-ST Abadiano, T1-T2, T4-T5, T20-T21, T27-T28, T70-T71, T107-T108 linea nagusiaren euskarrien artean.

      Alcoako adarra: T4-T5, T5-T6, T6-T7, T7-fin.

      Lemoako adarra:T5-T6.

      Atal horietan gomendatzen da (etorkizunean erriberako zuhaitz eta linea elektrikoarekiko interferentziak ekiditeko) euskarriak goratzea, bidea zuzentzea, gidatutako zulaketaz gurutzeak egitea, eta abar.

      c.1.2. Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, eta halakorik egon ezean, dagoen korridorea. Aurreko atalean aipatutako eremu kalteberetan, ahal dela, ez da sarbiderik egingo.

      c.1.3. Lanak, lurzorua erabiltzea eragiten dutenak, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

      c.1.4. Kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak eta muntaketa- eta maniobra-eremuak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira. Eremu horiek ezin izango dira inoiz kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan (baso-masa autoktonoetan, ur-bazterreko landaredian edo lehentasunezko interesa duten habitatetan), ezta ibilguetatik hurbil dauden lurretan ere.

      Obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, euskarriak muntatzeko plataformek, obrako materialek, baita hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek ere, okupatzen dituzten eremuak behar bezala zehaztuko dira xehetasunezko kartografian. Muga hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

      c.1.5. Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

      c.1.6. Bisoi europarraren Kudeaketa Planen eremuetan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak emandako baimenean zehaztutako balditzen arabera egin beharko dira. Baimen horrek mugak ezarri ahalko ditu, jakiteko lanak nola eta noiz egin behar diren, kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, arriskuan dagoen faunaren ziklo biologikoei dagokienez (martxoaren 15a eta uztailaren 31).

      c.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      c.2.1. Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, esanbidez debekatuko da makineria konpontzea edo makineriaren olioa aldatzea horretarako esanbidez zuzenduta ez dauden eremuetan. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

      c.2.2. Sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak burutu diren lursailetan eragina badu, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko du.

      c.3. Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

      Lanak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

      c.4. Soinuen eta bibrazioen eragina gutxitzeko neurriak.

      c.4.1. Lanak dirauen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      c.4.2. Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      c.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      c.5.1. Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, baita indusketetatik eratorritakoak ere, Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

      Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

      Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

      c.5.2. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

      Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrak aparte utzi gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

      c.5.3. Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortzen badira, zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren, eta horien aldaketen arabera kudeatuko dira.

      c.5.4. Jardueraren ustezko soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

      Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki poluitzaileak dauzkaten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraiki.

      c.5.5. Hondakin arriskutsuetarako ontzietan kontuan izan beharko dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Arestian aipatzen diren ontzi edo ontzikiek etiketatuta egon behar dute. Etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

      c.5.6. Olio erabilia kudeatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

      Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

      c.5.7. Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

      Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak eta abar). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiziko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

      c.6. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea aparte utzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zein neurri hartu behar diren.

      c.7. Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

      c.7.1. Obrek kaltetutako gainazalen leheneratzea proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako agirietan aurreikusitakoarekin bat etorriz egin behar da.

      Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

      c.7.2. Mozketa egiten denean (beharrezkoak eta egoki justifikatua diren kasuetan bakarrik) moztu behar diren zuhaitz-eremuak zuhaixka-espeziekin birlandatu beharko dira; espezie horiek baso misto atlantiarrekoak dira.

      c.7.3. Lanek erasandako eremu guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz, kaltetu direnak ere. Leheneratze-lan horietan, eraginpean hartutako espazio guztiak berriz estaliko dira landarez, baldin eta landare-estaldura izan dezaketen eremuak badira.

      Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotu.

      c.7.4. Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

      Halaber, aukera baldin bada, landare inbaditzaileak erauzten saiatuko da.

      c.7.5. Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

      c.8. Praktika onak ezartzeko sistema.

      Langileek praktika onak sistemari jarraituko diote, helburu hauek bermatzeko:

      Obraren okupazio-mugen kontrola.

      Natura-interes handiko guneetan eraginaren kontrola.

      Ibilgu eta erriberako landarean eraginaren kontrola eta, horren ondorioz, bisoi europarraren eremuetan sortutako eragina.

      Hondakinen isurketak ekiditea, lurzoru edo uraren kutsadura ekiditea (oilo-isurien ondorioz edo lurra herrestan).

      Proiektuaren eraginpeko esparruko biztanle-guneetan kauts eta zaratak sortutako eragozpenak ekiditea.

      c.9. Obra garbitzea eta amaitzea.

      Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta oro har, garbitze-lanetatik sortutako hondakinak lan-eremutik kendu eta ebazpen honen 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      c.10. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

      Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan trebatutako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

      Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak, zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, Botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

      c.11. Lan-programa diseinatzea.

      Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak.

      Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, aurreko idatzi-zatian aipatutako Ingurumen Aholkularitzak txostena egin ondoren. Bildu beharreko agiriak honako hauek dira:

      Honako hauetarako sarreren kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasuna: euskarriak, laneko plataformak, makineriaren parkea, eta obrako materialen eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuak.

      Hala badagokio, obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Ebazpen honen 2.c.5.2 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

      D. Ingurumena zaintzeko programa.

      Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan eta Ebazpen honetan aurreikusten denaren arabera egingo da.

      Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

      d.1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Zuzendaritza honetara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira.

      Hala badagokio, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legeriak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

      d.2. Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

      Jardueren ondorioz kaltetutako espazioa berreskuratu eta ondorengo bi urtean, ereite- eta landatze-lanen arrakastaren jarraipena egingo da.

      Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

      E. Neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.

      F. Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

      Agiri hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko du eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren.

      f.1. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean, obrak egin bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

      f.2. Leheneratzea amaitu eta bi urte igaro ondoren, hartutako neurrien arrakasta eta lehenaratzearen emaitzak biltzen dituen txostena, ebazpen honen 2.d.2 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko epea ezartzea proiektua martxan jartzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

  4. Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 18a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik