- EBAZPENA, 2013ko irailaren 5ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta Granja Uriagereka, S.L.ri Mungian arrautzak ekoizteko instalazio bat jartzeko ingurumen-baimen bateratua ematen diona. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko irailaren 5ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta Granja Uriagereka, S.L.ri Mungian arrautzak ekoizteko instalazio bat jartzeko ingurumen-baimen bateratua ematen diona.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 202
- Hurrenkera-zk.: 4504
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/09/05
- Argitaratze-data: 2013/10/22
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
2010eko azaroaren 16an, Granja Uriagereka, S.L.k Mungiako udal-mugartean arrautzak ekoizteko proiektu batek daukan ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura izapidetzen hasteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak zein proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.
2010eko azaroaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak zenbait erakunderi txostena egiteko eskatu zien, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabaltasuna eta xehetasun-maila zehazteko. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Osasun Sailari, Ingurumenaren Plangintzaren Zuzendaritzari, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari, eta IHOBE, S.A. Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoari guztiak ere Eusko Jaurlaritzari atxikitako zuzendaritza edo erakundeak; Bizkaiko Foru Aldundiko honako zuzendaritza hauei: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari; baita Mungiako Udalari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari ere.
2011ko otsailaren 15ean, Granja Uriagereka, S.L.k ingurumen-baimen bateratua eman ziezaioten eskatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, arrautzak ekoizteko instalazio baterako, Mungiako udal-mugartean. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:
Egitasmo teknikoa eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana.
Era berean, Mungiako Udalaren txostena aurkeztu zen, 2011ko urtarrilaren 31koa, jardueraren hirigintza-bateragarritasuna egiaztatzekoa.
2011ko otsailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena egin zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabaltasuna eta xehetasun-maila zehazteko.
2011ko apirilaren 11n eta 2011ko irailaren 22an, ingurumenaren ardura duen organoak eskatu zion sustatzaileari beste agiri batzuk aurkez zitzala; horrenbestez, espedientea 2011ko urriaren 5ean osatu zen.
Beharrezko agiri guztiak aurkeztutakoan, Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko azaroaren 16ko Ebazpenaren bidez erabaki da Granja Uriagereka, S.L. enpresak sustatutako proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko aldian, egoki iritzitako alegazioak aurkez daitezen, 2011ko abenduaren 14an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko aldizkarian argitaratuz. Era berean, aldameneko bizilagunei banan-banan egingo zaie dagokien jakinarazpena. Gainera, formatu elektronikoan zegoen espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren esku jarri zen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrian.
Jendaurreko informazioaren izapidea bete ondoren, egiaztatu zen alegaziorik ez zela aurkeztu.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2012ko urtarrilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena eskatu zien honako erakunde hauei: Mungiako Udalari, Osasun Sailari, Ingurumen Plangintzako Zuzendaritzari, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari eta IHOBE Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoari, guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak; baita Bizkaiko Foru Aldundiko honako zuzendaritza hauei ere: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari; emaitza espedientean ageri da.
2013ko uztailaren 16an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Granja Uriagereka, S.L.ren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa erantsita.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamendua onartzen duenak 3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, baimen honetan sartzen dira, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatu ez arren, lege horren aplikazio-eremukoak diren jardueren instalazioetan gauzatzen diren eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa duten ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak.
16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumen-baimen bateratua behar dute 1. eranskineko jardueraren bat garatzen duten instalazioak ustiatzeko. 11. artikuluaren arabera, baimen horren oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplika daitekeen instalazio guztietan arau hori betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten herri-administrazio guztien artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztearren eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen arautegiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Granja Uriagereka, S.L.ren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakinak sortzeko baimena, saneamendu-sare nagusira isurtzekoa, atmosferara isurtzekoa, eta, ingurumen-arloko beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren eta lurrazpiko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkion baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak eginez.
Aipatu uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen baimen bateratua emateko prozedurak ekintza osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak burutu ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituen bitartekoak ordezkatuko ditu. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua, hala badagokio, loteslea izango da udal-agintarientzat, jarduera burutzeko baimena ukatzea edo neurri zuzentzaileak ezartzea baldin badakar, bai eta 16/2002 Legearen 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdietarako ere. Aipatutako 28. artikuluan adierazten da aurrez xedatutakoak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruzko arau autonomiko aplikagarriei, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, jarduera sailkatuen araubidea araututa dagoela otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoan. Aipatutako aginduak aplikatuz, Granja Uriagereka, S.L.ri ingurumen-arloko baimen bateratua emateko prozedurak kontuan hartu ditu otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoan, horretarako ezarritako izapide guztiak. Horrenbestez, espedienteari erantsi zaizkio Mungiako Udalak, Uraren Euskal Agentziak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak eta Kultura Sailak egindako txostenak; emaitza espedientean dago.
Bestalde, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoak, 41. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura bete behar dute nahitaez legearen 1. eranskinean jasota dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin nahi diren plan eta proiektu publiko zein pribatuek. Prozedura hori ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin amaitzen da, eta adierazpen hori beharrezkoa da aipatutako proiektu horiek gauzatzeko edo baimentzeko administrazio-ebazpena eman ahal izateko. Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskinean jasotako proiektuei ere egingo zaie ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ebaluazioa.
Halaber, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoa betez, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta araudi autonomikoan ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran sartu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak izan ditzakeen eraginak batera hartu dira kontuan, haren bideragarritasuna zehaztearren, bai ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, bai eta uztailaren 1eko 16/2002 Legean jasotako gainerako ingurumen-manuen ikuspegitik. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Proposamenean bezala, ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo idatzi-zatian, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira uztailaren 1eko 16/2002 Legea aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin.
Azkenik, instalazioak igor ditzakeen sustantzia kutsakorren igorpen-mugen balioak eta ingurumenaren babesa bermaturik instalazioa ustiatzeko beste baldintza batzuk zehazteko, ebazpen hau ematerakoan aintzat hartu dira, batetik, eskuragarri dauden teknika hoberenen erabilera, eta, bestetik, honako xedapen hauek ezarritako neurriak eta baldintzak: abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuak, gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta horietatik eratorritako produktuei aplikatu beharreko arauak ezartzen dituen azaroaren 5eko 1528/2012 Errege Dekretua, eta Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretua. Bereziki aintzat hartu da Europako Batzordearen 2003ko uztaileko «Reference document on Best Available Techniques on Intensive Rearing of Poultry & Pigs» BREF dokumentuaren edukia, oilategietako hegaztiak hazteari buruzkoa.
Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Granja Uriagereka, S.L.k sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.
Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak xedatutakoari jarraituz, organo honek eskumena du ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko eta ingurumen-baimen bateratua emateko.
Ikusi dira 2013ko uztailaren 16ko Ebazpena, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailarena; otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko lege orokorra; uztailaren 1eko 16/2002 Legea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa; urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Lege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duena; irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko araudia onesten duena; apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituena; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzkoa. Horrez gain, aplikatu beharreko gainerako araudiak ere aintzat hartu dira, eta, horrenbestez,
Lehenengoa. Granja Uriagereka, S.L.k Mungiako udalerrian sustatutako arrautzak ekoizteko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea; aldeko adierazpena egitea, hain zuzen ere, ebazpen honen hirugarren idatzi-zatian ezarritako baldintzekin.
Bigarrena. Granja Uriagereka, S.L.ri ingurumen-baimen bateratua ematea, Mungiako mugartean arrautzak ekoizteko, betiere ebazpen honen hirugarren idatzi-zatian ezarritako baldintzekin (Granja Uriagereka, S.L. Trobika industrialdea, Martintxone bidea z.g., Mungia. IFK: B-48440507).
Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean xedatutakoaren arabera, aipatu jarduera 9.3.a) kategorian dago; kategoria hori 40.000 postu baino gehiago dituzten oilategiko hegazti-hazkuntza intentsiborako instalazioei dagokie, arrautzatarako oiloak badira, edo oilategiko beste hegazti-hazkuntza bati dagokionean, nitrogeno-kopuru hori iraizten badute.
Mungian kokaturiko Granja Uriagereka, S.L. enpresa arrautzatarako oiloen hegazti-ustiategi bat da, eta bi kategoriatako arrautzak ekoizten ditu:
A kategoria: errun berritan jateko arrautzak.
B kategoria: elikagaigintzarako arrautzak.
Instalazioak hiru ekoizpen-nabe ditu, eta beste laugarren bat arrautzak sailkatu, paketatu eta biltegiratzeko. Gaur egun, hiru ekoizpen-nabe horietatik bat bakarrik dago okupatuta, eta 37.000 arrautzetarako oilo daude bertan.
Hegazti-ustiategia handitzeko proiektua dago, gaur egun dauden 37.000 arrautzetarako oiloetatik 90.000 izatera heltzeko. Horretarako, gaur egun erabiltzen ez diren bi nabeak egokitu nahi dira, oiloentzako kaiolak jarri, lurra garbitu eta estolderiak jarri eta nabeak barrutik pintatu, baita nabe artean dagoen lekua egokitu ere eta hegazti-ustiategia itxitura batez inguratu. 3.432 kaiola berri jarriko dira, 53.548 hegazti gehiago sartzeko lekua izateko, baita bi silo ere, 10 tonakoa bakoitza, pentsua gordetzeko, eta bi ur-andel ere, bakoitza 1.000 litrokoa.
Oilo erruleak hornitzaile homologatuei erositakoak dira, eta horiek ustiategian sartzen direneko erregistro bat dago, non oiloen egoera eta haiekin batera jasotzen den dokumentazioa egiaztatzen baita.
Pentsuak fabrika homologatuetatik datoz eta hegazti-granjara kamioi zisternatan iristen dira, eta ondoren nabe bakoitzeko siloetan deskargatzen dira hodi baten bitartez. Sistema automatiko eta programatu baten bidez eramaten da pentsua nabe barruko toberetara; ondoren, pentsua asketan banatzen da automatikoki (prozesu hermetikoa).
Ur-hornidura sare publikotik egiten da. Oiloek edaten duten uraren kalitatea bermatzeko, ura kloratzen da, dosifikagailu bat erabiliz horretarako, kloro-kopurua ez dadin 8 ppm baino gehiagokoa izan. Aldi horretan bertan, eta ura kloratu baino lehen, azidotze-prozesu bat gauzatzen da, kloratzearen desinfektatze-ondorioa handitzeko. Ondoren, ura tarteko deskonpresio-andel batera pasatzen da, kaiolatan sartu baino lehen, non tetina-edontziak baitaude (oiloak mokoaz tetina ukitzen duenean jartzen dira martxan). Edontzien lerroaren atzealdean erreten txiki bat dago, erortzen den ura jasotzeko; ur hori berriro erabil daiteke edateko.
Arrautzak nabearen zabalera osoan ezarrita dagoen garraiatzaile jarraitu baten bitartez jasotzen dira; garraiatzaile horren amaieran unitate teleskopiko bat dago, eta horrek lagatzen ditu arrautzak nabearen alde batean. Sistemak deflektoreak eta plastikozko orraziak ditu, arrautzak zintetatik garraiagailura pasatzeko (garraiagailuaren hasierako eta amaierako birbidalketa). Arrautzak egunero jasotzen dira.
Abere-sabelusteak kaiola azpietan jarrita dauden simaur-zintetan uzten dira, eta hantxe lagatzen dira jasotzen diren arte. Ebakuazioa zuzenean egiten da simaur hori hortik kentzeko kontratatutako enpresako kamioira. Lan hori astean bi aldiz egiten da.
Lerro bakoitzeko goiburuetan eta amaieretan jarritako mekanismoek eta tentsoreek osatzen dute oilo-zirinaren luzetarako garbiketa-sistema. Gailu horiek bandadun ate metalikoz itxita daude eta plastikoz estalitako karrakagailu bat daukate solairu bakoitzean, bandari itsatsitako oilo-zirina ez dadin hortik igaro.
Hildako abereak egunero kentzen dira hortik eta izozkailu batean biltzen, harik eta baimena duen kudeatzaile batek jasotzen dituen arte.
Ekoizpen propioko arrautzen bai eta beste granja batzuetatik ekarritakoen ekoizpen-prozesua arrautzak sailkatu, ontziratu, paketatu eta biltegiratzearekin amaitzen da. Urteko ekoizpena 2.160.000 dozena arrautzakoa da.
Lehen ekoizpeneko arrautzak sailkapen- eta paketatze-plantan jasotzen dira, zinta garraiatzaile sistema baten bitartez. Lehen sailkapeneko zintetan, langileek, begiratu batean zikinak, zurixkak edo sartatuta daudela ikus daitekeen arrautzak baztertzen dituzte; arrautza horiek elikagaigintzarako erabiltzen dira. Puskatutako arrautzak ere baztertu egiten dira, baina horiek hondakin modura kudeatzen dira.
Behaketa-kamara bat dago, aurreko faseetan ezin ikus daitezkeen akatsak atzemateko, oskoleko akatsak zein arrautzaren barnekoak.
Behin arrautza akastunak baztertu ondoren, besteak sailkatzailera pasatzen dira; sailkatzaileak arrautzak pisatu eta kategoriatan banatzen ditu. Makina sailkatzailean inprimagailu bat dago, arrautzaren gainean kodea inprimatzeko; lan hori sailkapenaren aurretik edo ondoren egin daiteke.
Ontziratze-prozesua automatikoki egiten da, eta formatu eta marka desberdineko ontziak erabil daitezke horretarako.
Produktua ontziratu ondoren, kartoizko kaxatan paketatzen da, eskuz; kaxa horiek zigilatu egiten dira eta lehentasunezko kontsumo-data eta trazabilitate lote-zenbakia jartzen zaie. Kaxa horiek produktu amaituaren biltegira eramaten dira.
Tintak, zigiluak eta etiketak jasotzen diren kaxatan gordetzen dira, ontzi eta bilgarriekin batera. Gizakien osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen sustantziaz arrautzak ez kutsatzeko moduan gordetzen dira gauza horiek.
Instalazioak gastatzen dituen baliabide energetikoak honako hauek dira: energia elektrikoa (160.000 Kwh/urtea) instalazioak hornitzeko, eta gasolioa, elektrizitate-hornidurak huts egiten duenean martxan jartzen den talde elektrogenoa martxan jartzeko. Horretarako, 1.000 litroko andel bat dago.
Instalazioaren ur-kontsumoa gutxi gorabehera 8.000 m3koa da urtean, hornidura orokorreko saretik hartzen dena; gehien bat, hegaztiek kontsumitu dezaten erabiltzen da, eta, neurri txikiagoan, nabeak garbitzeko eta osasun-zerbitzuetarako.
Hiru isurketa-puntu aurreikusten dira instalazioetan; horietatik bi Trobika industrialdeko euri urak jasotzeko sistemara doazen euri-kutxatilei dagozkie, eta hirugarren bat ur sanitario eta garbiketakoei.
Ur sanitarioak eta garbiketakoak instalazioetan jarritako saneamendu-sarearen barrena bideratuko dira; komunetako eta aldageletako bi gunetatik lehenengoa sailkapen-nabean eta bigarrena 2. nabean saneamendu-sareko hodi biltzaileko isurketa-puntura. Bidean, hainbat nabe gurutzatzen dira eta nabe horiek garbitzen erabilitako ura jasotzen dute.
Gaur egun, ur horiek minda-hobietara bideratzen dira, eta, ondoren, txerriak ustiatzen dituen Goimar S.L.ren instalazioetan dauden urak tratatzeko andeletara ponpatzen dira.
Proiektuaren xedea ur sanitarioak eta garbiketako urak arazteko sistema bat eraikitzea da, hau da, iragazki biologikoa duen hobi septiko bat egin eta ondoren Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarera isurtzea.
nabearen ondoan dagoen minda-hobia mantentzea nahi da, soilik larrialdietan erabiltzeko, aurreikusitako arazketa-sistema ez dabilenean.
Instalazioak atmosferara isurketak egiteko foku bakarra dauka, instalazioaren ekoizpen-denboraren % 5 baino erabilera txikiagoa duen talde elektrogenoari dagokiona; beraz, kutsadura-foku ez sistematikoa da.
Isurketa lausoei dagokienean, hegaztiak kaiolatan sartzeko eta simaurra aldi baterako biltzeko prozesuetan, amoniakoa eta metanoa duten gasak isuriko dira atmosferara.
Instalazioan sortutako hondakin nagusiak honako hauek dira: oilo-simaurra, oilo-gorpuzkien hondakinak, eta mantentze- eta zerbitzu orokorretako lanetatik sortutako hondakin arriskutsuak.
Uriagereka, S.L granjaren ekoizpen-prozesuak honako europar BREF agirietan jasotako hobekuntza tekniko batzuk sartu ditu: «Intensive rearing of Poultry and Pigs» oilategiko hegaztien eta txerrien hazkuntza intentsiboari buruzkoa. Berrikuspena: behin betiko agiria. Argitaratze-data: 2003ko uztaila; «General Principles of Monitoring» monitorizazioaren oinarri orokorrei buruzkoa. Berrikuspena: behin betikoa. Argitaratze-data: 2003ko uztaila; «Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage» biltegiratze-isurpenei buruzkoa. Berrikuspena: behin betikoa. Argitaratze-data: 2005eko urtarrila. Instalazioak, besteak beste, aipatu agirietan erabilgarri dauden teknikarik onenak bezala hartzen diren honako jarduerak ditu:
Ingurumen-jardunbide egokien kodea aplikatzen da honako jarduera hauetan: langileentzako prestakuntza-programak, garbiketa, aldizkako mantentze-lanak, hornikuntzan zaitu beharreko ingurumen-alderdiak.
Monitorizazioa (ur-kontsumoa, energia, kontsumitutako pentsua, simaur-irteera eta hondakin ekoizpena).
Dieta hautatzea, amoniako-isurpenak eta simaurraren fosfato-edukia gutxitzeko.
Nabe ondo isolatuak izatea.
Kaiolak zeharka jartzeko sistema, simaurra astean bi aldiz kentzen duena zinta simaur garraiatzaileak erabiliz.
Errodadura-azalerak eta nabearteak zolatzea.
Presio handiko garbigailuak.
Hodi fluoreszente bidezko argiteria.
Hobi septikoa.
Biltegiratze-guneak zolatzea.
Estalperik gabeko azaleren mantentze- eta garbiketa-lanak.
Materialen biltegi itxia edo estalia.
Hirugarrena. Mungian (Bizkaia), Granja Uriagereka, S.L.k sustatuta, arrautzak ekoizteko ustiategiari honako baldintzak eta betekizunak ezartzea, abereen ongizateari buruzko arauak eta gainerako arau aplikagarriak eta garapenekoak alde batera utzi gabe:
Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Granja Uriagereka, S.L.k aldaketa horien berri emango du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluak ezartzen duen epea bi urtekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik kontatzen hasita. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.
Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean den araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:
1. Instalazioa eraikitzeko eta egokitzeko baldintza orokorrak.
1.1. Lan-eremua zehaztea eta egokitzea.
Instalazio berriak egokitzeko obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.
Instalazioa egitean, estalitako guneen kanpoaldean kokatzen diren obrako materialak eta eraikitzailearen bestelako beharrak biltzeko eremuak zedarritu eta egokitu egin beharko dira, betiere ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraituz. Eremu horiek obra-jardunbide egokien arabera kudeatuko dira, eta bereziki zainduko dira honako alderdi hauek: ahalik eta lursail gutxien okupatzea, makinaria egoki mantentzea, hautsa eta zarata murriztea eta hondakinak behar bezala kudeatzea.
Baldin eta gune horietan hondakin-urak sortzen badira, efluente horiek jasotzeko eta behar bezala kudeatzeko sistema bat eduki beharko da, lurraren eta uren kutsadura saihesteko.
Hauts-itxurako materiala erabili edo sortuz gero, hautsa barreiatzea saihesteko neurriak hartuko dira, hala nola, halako materialak estaltzea edo, hala behar izanez gero, ureztatzea.
1.2. Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, enbalajeak, erreuseko lehengaiak eta garbiketa-kanpainakoak barne, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.
Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak.
Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeko 10. artikuluko 2. paragrafoak ezarritakoaren arabera, jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan kutsadura-zantzuak hautematen badira, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan, 17. artikuluko seigarren paragrafoak ezarritakoa betez.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Obratako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.
Aurreko puntuan aipatutako ontziek etiketatuta egon beharko dute; etiketa horiek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izan beharko dute, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoak.
Olio erabiliak industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.
Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.
Arau horiek betetzea errazteko, lan-mota bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak ezarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea.
Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak. Gainera, arriskutsuak ez diren hondakinak eta hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira beste leku batean, aurrekoetatik bereizirik. Edukiontzi horiek itxita edukiko dira harik eta kudeatzaileari entregu arte, isuri edota lurrundu egin dela-eta edukia gal ez dadin. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira obran zehar, eta hondakin horiek izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako puntu garbian aldi baterako biltegiratu aurretik.
Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta, txosten horretan, indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak bildu beharko dira.
1.3. Zarata gutxiago sortzeko neurriak.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
1.4. Paisaia berreskuratzea eta lekukotzea.
Eragindako lurrak eta jarduerarekin lotura duten instalazioak paisaiara egokitzeko beharrezko aurreikuspenak jaso beharko ditu proiektuak, haiek ingurunean hobeki integra daitezen.
1.5. Garbiketa eta obraren akabera.
Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-soberakin guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte.
1.6. Obra-amaierako txostena.
Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, obrak egin ahala sortutako gorabeheren berri emango da, eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan jasotako neurri babesleak eta neurri zuzentzaileak noraino bete diren adieraziko da.
Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumen-eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu.
2. Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.
2.1. Diseinuaren eta lana egiteko baldintzak.
2.1.1. Instalazioak.
Granja Uriagereka, S.L.k Mungian duen instalazioa ingurumenera ahalik eta isurpen gutxien egiteko edo eginez diseinatu eta ustiatuko da. Gainera, ebazpen honetan ezarritako baldintzak beteko ditu, baita sektoreko arauetan finkatutako betekizunak ere, berariaz abereen babesari buruzkoak eta aplikagarriak zaizkion higiene- eta osasun-baldintzak.
Instalazioak ustiategian dauden hegazti-kopuruaren araberakoak izango dira, eta oilo erruleen beharrak bete beharko dira honako gai hauetan: okupatutako azalera, giro-tenperatura, haizeztapena, hezetasuna, kaiolen ezaugarriak, eta abar, betiere hegaztien, horien elikagaien eta sabel-usteen erabilera funtzionalaren arabera, eta indarrean dauden arauak betez.
2.1.2. Dietaren kudeaketa.
Ingurumena ahalik eta gehien babesteko eta jarduerak eragindako isurpenak gutxitzeko, eta arazo teknikorik edo ekonomikorik ez badago, honako nutrizio-teknikak aplikatuko dira:
hegaztien nutrizio-beharrak haien adinaren eta ekoizpen-egoerara egokitzea, aldikako elikagaigintza aplikatuz.
Konposatu nitrogenatudun iraizketak gutxitzea, aminoazidoz osatutako proteina gutxiko dietak jarrita. Pentsuetan, proteina gordinari dagokionez, honako mailak lortu beharko dira:
(Ikus .PDF)
Fosforo gutxiko dietak jartzea eta fitasa gehitzea edo digeritzeko errazak diren elikagai-fosfato ez-organikoak erabiltzea, fosforo-iraizketak gutxitzeko. Pentsuetan, proteina gordinari dagokionez, honako mailak lortu beharko dira:
(Ikus .PDF)
2.2. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
2.2.1. Baldintza orokorrak.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokietan zehar kanporatuko da, gasak arazteko sistemaren bat emisio horien ezaugarrien arabera diseinatua igaro ondoren, hala badagokio.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango konfinatuak ez diren igorpenak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.
Neurriak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea ahalik eta gehien murrizteko, eta isuritako efluenteak giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
2.2.2. Fokuak eta isuri barreiatuak identifikatzea. Katalogazioa.
Arrautzak ekoizteko, sailkatzeko, ontziratzeko eta banatzeko instalazioetan, isuri barreiatuak sortzen dira hegaztiak ukuiluratzeko nabeetan, uhal garraiatzaileetako simaurretan eta pentsua siloetan biltegiratzean.
Granja Uriagereka, S.L. enpresan sortutako isurtze barreiatuak ondoren zehazten direnak dira, ukuiluratzeko edukieraren arabera kalkulatuta eta abeltzaintza-sektoreko gasen isurtzeak kalkulatzeko taulen kalkulu-faktoreak erabiliz EPER Espainiaren IPPC Zuzentaraua eta Eusko Jaurlaritzak landutako atmosferara egindako isurtzeak neurtu, zenbatetsi eta kalkulatzeko Gida Teknikoak: metano (CH4) 7.877,7 kg/urtea; amoniako (NH3) 3.078 kg/urtea; oxido nitroso (N2O) 687,78 kg/urtea, eta suspentsioan dauden partikulak (PM10) 8.100 kg/urtea.
Gainera, Granja Uriagereka, S.L.ren instalazioak atmosfera babesteko indarrean den araudiaren arabera ez-sistematiko gisa katalogatutako gune hauek ditu:
(Ikus .PDF)
Foku ez sistematiko horietako bat, bataz beste, urtean hamabi aldiz baino gehiagotan funtzionatzera pasatzen bada, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala duela, edo maiztasuna edozein dela ere, isurpenen iraupena orokorrean hartuta instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino gehiagokoa bada, isurpen sistematikoko foku gisa araupetu beharko da.
2.2.3. Isurketak gutxitzeko neurriak.
Atmosferara egiten diren isurketa kutsatzaileak gutxitzeko, hona neurri hauek hartuko dira:
Isurketa barreiatuak gutxitzeko asmoz, ebazpen honen C.2.1.2 paragrafoan jasotzen diren dieta kudeatzeko teknikak aplikatuko dira.
Simaurra garraiatzeko zintetan bildutako oilo-zirina astean bi aldiz kenduko da, oilategietatik simaurra jasotzeko kamiora, zuzenean. Biltzerakoan, umeltasuna eta urarekin kontaktua saihestu beharko dira, amoniako-isurpenak gehitu ez daitezen.
Pentsua silo itxi metaliko eta hermetikoetan bilduko da. Pentsu-karga siloetara eramatea eta asketan banatzea torloju amaigabearen bidez egingo da.
Errodadura-azalerak, nabearteak, eta pentsua eta simaurra kargatzeko eta deskargatzeko azalerak zolatuta eta garbi egon beharko dute.
2.3. Saneamendu-sistema integralean isurtzeko baldintzak.
2.3.1. Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.
Isuria sortzen duen jarduera-mota nagusia: Hegazti-hazkuntza.
Jarduera-taldea: zooteknia.
Mota-taldea-EJSN: 3-17-01.24.
(Ikus .PDF)
Instalazioak hondakin-urak eta euri-urak bereizteko sareak ditu. Euri-urak teilatuetatik nabearteko eremutik jasotzen dira, eta ez daude kontaktuan ez abereekin ez haien gorozkiekin; beraz, ur garbiak dira eta Trobika industrialdeako euri-urak jasotzeko sistemara eramaten dira.
2.3.2. Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.
isuria: Ur sanitarioak eta garbiketa-urak
(Ikus .PDF)
Efluente horietara ezin da ezer isuri, ez zuzenean ez eta zeharka ere, ezta aldizkako hustuketa sanitarioa egiterakoan sortutako hondakin-urak ere. Proiektu teknikoan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean ezarritakoaren arabera, saneamendu-sareko kolektorera eraman beharko dira ur horiek, arazketa-instalazioetatik igaro ondoren, eta ezingo da isurketarik egin euri-uren ibilgunera ez eta sarera ere.
Isurketak eta ur-kontsumoa gutxitzeko, aldizkako hustuketa sanitarioa egiten denean, nabeak garbitu eta desinfektatu egin beharko dira, lehenik lehorrean, eta, ondoren, presio handiko garbiketa-ekipoak erabiliz, betiere proiektu teknikoan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotakoaren arabera.
2.3.3. Isurpenaren muga-balioak.
Arazketa-instalazioen azken isurketak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera doazen isurketei buruzko Erregelamenduan ageri diren mugak eta baldintzak bete beharko ditu, erakunde horrek aintzat har ditzakeen zehaztapen, aldaketa eta salbuespenekin.
2.3.4. Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.
Hondakin-ura arazteko instalazioak sustatzaileak ingurumen-baimen bateratua eskatzean adierazitakoaren araberakoak izango dira, eta ondoren deskribatuko ditugun oinarrizko elementuak izango dituzte.
Hobi septikoak eta iragazki biologikoak osatzen dute arazketa-sistema. Lehen fase batean, lehen mailako arbastatzea egingo da, eta, ondoren, likidoa bi etapako dekantagailu digestore batera pasatuko da. Digestore horretan geratuko dira solidoak eta jalki daitekeen materia organikozko zatikiak. Koipea ere hor geratuko da, flotazioz bereizita. Azkenik, dekantagailu digestoretik datorren ura berriro araztuko da, betegarri sintetikozko iragazki biologikoak osatzen duen bakterio-iragazkian, zein berariazko azalera handikoa izan ohi da.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 2 metroko diametroa eta 3,3 metroko luzera duen beira zuntzez sendotutako poliesterrezkoa izango da araztegia, eta hiru ganberatan banatuta egongo da. Lehenengo biak dekantaziorako eta digestiorako izango dira eta manpara deflektore batez bereizita egongo dira; guztira, 5 m3-ko bolumena izango dute. Hirugarrenean bakterio iragazkia egongo da, eta ezaugarri hauek izango ditu: 2 m3-ko bolumena, araztu beharreko ura banatzeko goi-barreiatzailea eta 140 m2/m3-ko azalera espezifikoa duen 2 m3-ko Norteox betegarri sintetikoa. Andelak bi hartune ditu garbiketak eta ikusketak egiteko, bai eta sarrera- eta irteera hodiak ere, gainean gelditzen den likidoen deflektorea eta bakterio-iragazkiaren aireztapen-hodiak (iragazki biologikoa).
Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, Granja Uriagereka, S.L. enpresak beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isuriak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, Administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.
Araztegiaren irteeran, efluentea kontrolatzeko kutxeta bat jarriko da; kutxeta horrek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu. Beharrezkoa denean ikuskatzeko moduan kokatuko da kutxatila.
Isuritako emaria neurtzeko sistema bat izan beharko da, uneko balioa eta metatua noiznahi ezagutzeko.
Arazketa-sistema ingurumen-baimen bateratua lortu eta gehienez 3 hilabeteko epean egikaritu beharko da.
Ur tratatuak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera eramateko azpiegitura ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena egiteko irizpideen arabera egingo da, eta C.1 paragrafoan ezarritako neurri babesleak, zuzentzaileak eta zahaberritzaileak hartuko dira.
2.4. Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, hala badagokie, ezaugarritu egin beharko dira haien izaera eta norako egokiena zehazteko.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-mota desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Jatorritik bereizi behar dira hondakinak, eta nahasketak saihestuko dituzten biltze- eta biltegiratze-baliabideak jarri behar dira.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraiki, hondakin orori balioa eman behar zaio; horretarako, kudeatzaile baimendu bati entregatu behar zaizkio. Kasu honetan soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak: aldez aurretik behar bezala egiaztatzen bada ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikaren, ekonomiaren edota ingurumen aldetik. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.
Halaber, hondakin horiek tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraiki.
Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraiki, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazletan ageri dira. 16/2002 Legearen 10. artikuluan (4.d idatzi-zatian) ezarritakoaren kalterik gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kopurua handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.
Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru iragazgaitza izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibatuak sor ditzaketen hondakinei dagokienez, hondakinak biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxura daukaten hondakinei dagokienez, euri-urak ez ditu horiek ukitu behar, ez eta haizeak barreiatu behar ere; beharrezkoa bada, estali egin beharko dira.
Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari bai Mungiako Udalari.
2.4.1. Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:
prozesua: «Zerbitzu orokorrak».
hondakina: «Substantzia arriskutsuz kutsatutako plastikozko ontziak».
Identifikazioa: B48440507/4800003521/1/1.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C/23/24/41//H6//A102(4)//B0019.
EHZ: 150110.
Urtean sortutako kantitatea: 30 kg/urte.
Sailkapen-instalazioetako garbiketa- eta desinfektatze-azpiprozesuan sortzen da.
hondakina: «Bateriak».
Identifikazioa: B48440507/4800003521/1/2.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H6/8//A102(4)//B0019.
EHZ: 160602.
Urtean sortutako kantitatea: 60 kg/urte.
Mantentze-lan orokorreko azpiprozesuan sortzen da, non ekipoak aldatzeko lanak egiten baitira.
hondakina: «Hodi fluoreszenteak».
Identifikazioa: B48440507/4800003521/1/3.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6//A102(4)//B0019.
EHZ: 200121.
Urtean sortutako kantitatea: 50 kg/urtea.
Mantentze-lan orokorreko azpiprozesuan sortzen da, non ekipoak aldatzeko lanak egiten baitira.
hondakina: «Ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak».
Identifikazioa: B48440507/4800003521/1/4.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H6/8//A102(4)//B0019.
EHZ: 160213.
Urtean sortutako kantitatea: 12 kg/urte.
Mantentze-lan orokorreko azpiprozesuan sortzen da, non ekipoak aldatzeko lanak egiten baitira.
hondakina: «Pilak».
Identifikazioa: B48440507/4800003521/1/5.
Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C22//H6//A102(4)//B0019.
EHZ: 200133.
Urtean sortutako kantitatea: 1 kg/urte.
Mantentze-lan orokorreko azpiprozesuan sortzen da, non ekipoak aldatzeko lanak egiten baitira.
hondakina: «Konpresore-purgaketak».
Identifikazioa: B48440507/4800003521/1/6.
Hondakinaren kodea: Q8//R1//L9//C51//H5//A241//B0019.
EHZ: 130802.
Urtean sortutako kantitatea: unekoa.
Mantentze-lan Orokorrak azpiprozesuan, konpresoreak purgatzeko lanetan sortzen da; olioa uretan emultsionatzea da. Hondakinarentzat identifikatutako plastikozko ontzi batean jasotzen da, sortzen den postuan edo postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.
Ezin izango da isuri konpresore-purgak tratatzeko sistema bat instalatuta ez badago.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistema bereiziak erabiliko dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu zezaketen kasuetan.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak (maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa, betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.
Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituenean, eta hori garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.
Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon.
Hondakinak kudeatzaile baimendunaren instalazioetara eraman baino lehen, ezinbestekoa izango da kudeatzaile baimendun horren idatzizko onarpenaren agiria izatea, bertan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarri beharko dira eta tratatuko den hondakinaren ezaugarriak eta administrazioko baimenerako egokia den egiaztatu beharko dira. Agiria Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen beste kudeatzaile batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, xehetasunez adieraziko dira haren ezaugarriak, proposatutako tratamendua egokia dela egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ongi egokitzen zaiela ebazpen honetan jasotako printzipio hierarkikoei.
Hondakin arriskutsuak eraman baino lehen eta, kasuan kasu, toki-aldaketa horren aldez aurretiko jakinarazpena araudiaren arabera ezarritako aurrerapenarekin egin ondoren, kontrol eta jarraipenaren agiria bete beharko da, eta garraiolariari horren laburpen bat entregatu beharko zaio zamarekin batera, jatorritik helmugaraino eraman dezan. Granja Uriagereka, S.L.k onarpen-agirien eta kontrol- eta jarraipen- agirien edo haien baliokidea den agiri ofizialaren artxiboa erregistratu eta gutxienez bost urtez gorde beharko du.
Hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimendunaren instalazioetara eramateko erabiltzen den garraioak salgai horien garraioaren inguruan indarrean dagoen legeak exijitzen dituen baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko da.
Granja Uriagereka, S.L.k sortutako olio erabilia kudeatu beharko du, industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera.
Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak lanpara fluoreszenteak, besteak beste gailu elektriko eta elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoak, xedatutakoa bete beharko dute. Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiazko jakinarazpena egiteko eta kontrolaren eta jarraipenaren agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak gaika bildutako udal-hondakinekin eta horien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman-izanaren egiaztagiriak gutxienez bost urtez gorde beharko dira.
Granja Uriagereka, S.L.k poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, haiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, poliklrorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen horretan, eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete beharko ditu.
Granja Uriagereka, S.L.k Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 (EE) Erregelamenduan, ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoan, zehazturiko substantzia erabiliak bere eskuetan dituen heinean, berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edota birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
Granja Uriagereka, S.L.k urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari sortutako hondakin arriskutsuen jatorria zein den, zein kopuru sortu den, zein erabilera emango zaion eta adierazpenaren xede den ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta daudenen zerrenda. Igorpen hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera egingo da.
Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Granja Uriagereka, S.L.k hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Granja Uriagereka, S.L. hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.
Baldin eta Granja Uriagereka, S.L. ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio. Era berean, urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuaren 15. artikuluak xedatutakoari jarraituz, 11/1997 Legearen garapena eta betearazpena burutzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoa bidali beharko du, behar bezala beteta. Igorpen hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera egingo da.
Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, f) eta g) idatzi-zatietan aipatutako dokumentuak kudeatzaileak EAEkoak direnean eta m) eta n) idatzi-zatietan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, trantsakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.
Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, Granja Uriagereka, S.L.k amiantoak ingurumenean eragitea prebenitzeko eta eragin hori murrizteko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzerakoan jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakina zein motatakoa den eta zein osagai arriskutsu dituen ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota dago hori definitzen dute, bai eta hondakina zein jarduerak eta zein prozesuk sortzen duen ere uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota dago hori. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko II. Esparru Programan (2007-2010) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioa ematea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balidatzeko eskatzen bada.
2.4.2. Hondakin ez-arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:
(Ikus .PDF)
tratamendu biologikotik datozen «araztegiko lohiak» izeneko hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebaluatu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako C.2.4.1 paragrafoan zehazturikoa aplikatu beharko da.
Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzi-hondakinen kasuan.
Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balioa ematea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.
Oro har, hondakin guztiak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek emandako onarpen-agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ongi egokitzen zaiela ebazpen honetan jasotako printzipio hierarkikoei. Granja Uriagereka, S.L. enpresak erregistratu egin beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, eta artxibategian gorde bost urtean gutxienez.
Era berean, Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, hondakinak tokiz aldatzen direnean, horri dagokion identifikazio-agiria atxiki beharko da, aldaketaren jarraipena eta kontrola gauzatzeko.
Erregistro bat edukiko du, eta bertan, ondorengo datu hauek jasoko dira: kopurua, izaera, identifikazio kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera eta lagapen datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.
Baldin eta Granja Uriagereka, S.L. ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio. Era berean, urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuaren 15. artikuluak xedatutakoari jarraituz, 11/1997 Legearen garapena eta betearazpena burutzeko erregelamendua onartzen duen apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoa bidali beharko du, behar bezala beteta. Igorpen hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera egingo da.
Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, e) eta f) idatzi-zatietan aipatutako dokumentuak kudeatzaileak EAEkoak direnean eta h) idatzi-zatian aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, trantsakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.
2.4.3. Abere-azpiproduktuen kudeaketa.
Proiektu teknikoan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean adierazitakoari jarraituz, jardueran sortutako simaurra kaiola azpietan kokatuta dauden uhal garraiatzaile sisteman uzten da, eta sistema horren bidez ateratzen da simaurra jasoko duen kamioira, kanpoan kudeatzeko. Oilo-zirina astean bi aldiz kenduko da nabe guztietatik.
Gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta horien produktu deribatuei dagokienez osasun-arauak finkatzen dituen eta animalia-azpiproduktuei buruzko 1774/2002 (EB) Erregelamendua baliogabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EB) Erregelamenduaren arabera, granjako animaliek sortutako simaurra 2 kategoriako animalia-azpiproduktua da; beraz, horren kudeaketa erregistroa, eta jasotzeko, garraiatzeko eta identifikatzeko baldintzak barne aipatu erregelamenduari eta gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta horien produktu deribatuei dagokienez osasun-arauak finkatzen dituen azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretuari jarraituz egingo da.
Bestalde, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuaren bidez ezarri ziren, besteak beste, simaurra kudeatzeko baldintzak.
Aipatu dekretuan xedatutakoari jarraituz, Granja Uriagereka, S.L.k garatzen duen jarduerak sortutako simaurra kudeatzeko plan bat izan beharko du, dekretu horren I. eranskineko I. kapituluko 2. puntuan ezarritakoa jasotzen duena. Beraz, plan horretan honako gaien inguruko informazioa emango da: sortutako simaur-kantitateen izaera eta aurreikuspena, simaurra jaso eta eramaten den arte biltegiratzeko sistema, eta kasu bakoitzean aurreikusitako azken norakoa.
Era berean, hegazti-ustiategiak erregistro bat izan beharko du, non ekoizpen-erregimena eta kudeatzaileari entregatzea jasotzen diren.
Gai horri aplikatu behar zaizkion arauek ezarritakoa alde batera utzi gabe, simaurra garraiatzeko garraio-sistema hermetikoa eta usaingabea erabiliko da, eta, ahal den neurrian, herri-erdigunetik igarotzea saihestuko duten ibilbideak erabiliko dira.
Bestalde, zenbatetsi da urtean 9 tona hildako abere sortuko direla hegazti-ustiategian. Hondakin horiek gorpuzkiak eramateko baimena duen zerbitzu batek jasoko ditu, arriskuko gai espezifikoak tratatzen dituen instalazio batera eramateko.
Dena dela, ustiategitik hildako abereak kentzea edo eliminatzea honako xedapen hauetan xedatutakoari jarraituz egingo da: gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta horien produktu deribatuei dagokienez osasun-arauak finkatzen dituen eta animalia-azpiproduktuei buruzko 1774/2002 (EB) Erregelamendua baliogabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EB) Erregelamendua; eta gizakiek jateko ez diren animalia-azpiproduktuei eta horien produktu deribatuei dagokienez osasun-arauak finkatzen dituen azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretua.
Baimena duen garraiolari kudeatzaile batek jasotzen dituen arte, hildako animaliak egoki biltegiratu beharko dira, horretarako egokitutako eremu mugatu batean, ekoizpen-nabeetatik bereizita, edukiontzi estankoetan eta horretarako bereziki erabiltzen den izozgailu batean.
2.4.4. Ontziak merkaturatzea.
Granja Uriagereka, S.L.k, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Igorpen hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera egingo da.
Era berean, Granja Uriagereka, S.L.k ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du derrigorrez, zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita. Granja Uriagereka, S.L.k bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.
Baldin eta Granja Uriagereka, S.L..k, urte natural baten zehar, ondoren zehazten diren kantitateak baino gehiagoko hondakinak sortu ahalko dituen ontziratutako produktuak edota industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu:
250 tona, beira soilik bada.
50 tona, altzairua soilik bada.
30 tona, aluminioa soilik bada.
21 tona, plastikoa soilik bada.
16 tona, egurra soilik bada.
14 tona, soilik kartoia edo material konposatua bada.
350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.
Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko iraunaldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Bi agiriok dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.
2.5. Lurzorua eta lurrazpiko urak babesteko baldintzak.
Halaber, Granja Uriagereka, S.L.k ebazpen honetako G.3 atalean jasotako neurriak prebentzioari eta ezohiko funtzionamendua izanez gero jardun beharreko moduari dagozkionak aplikatu beharko ditu, bai eta ebazpen honetako C.2.4 atalean jasotako neurriak ere hondakinen biltegiratzeari dagozkionak.
Era berean, ekoizpen-nabeak zolara iragazgaitza izango dute. Instalazioak garbitzetik eratorritako urak, hustuketa sanitarioa egitetik eratorritakoak barne, arazketa-instalazioetan jaso eta tratatuko dira, saneamendu-kolektorera isuri baino lehen. Pentsua silo itxi eta hermetikoetan bilduko da, eta torloju amaigabearen bitartez banatuko da asketan. Oilo-zirina ukuiluratze-nabeetako kaiola azpietan dauden pentsu uhal-garraiatzaileetan jasoko da, eta zuzenen kamioira eramango, lurrarekin edo urarekin kontakturik izan gabe.
Era berean, simaurrarekin ongarria egiten bada, nekazaritza-jardueran sortutako nitratoen kutsadura dela-eta, kaltebera ez izendatutako Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan aplikatzeko Nekazaritzako Praktika Onen Kodea onartzen duen ekainaren 7ko 112/2011 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta baita simaurra eta mindak ongarri moduan erabiltzeko abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuaren I. eranskineko 3. kapituluaren 6. puntuan ezarritakoak ere.
Alde horretarik, Granja Uriagereka, S.L.ren instalazioak Mungiako udalerrian kokatuta daude, zein nekazaritza-jardueran sortutako nitratoen kutsadura dela-eta eremu kaltebera izendatua ez baita izan, betiere nekazaritza-jardueran sortutako nitratoen kutsadura dela-eta eremu kaltebera izendatzeko arauak ematen dituen abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren arabera.
2.6. Zaratari buruzko baldintzak.
Granja Uriagereka, S.L.k beharrezko neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskineko B1 taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoa denik. Errege Dekretu horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, garatzen da, arau horren IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatutako zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez. Hauek dira, hain zuzen, muga-balioak:
(Ikus .PDF)
Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du III. eranskineko B2 taulan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara, betiere aipatutako urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatuta.
Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da, aipatutako IV. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen baldin badituzte:
Urteko batez bestekoek ez dituzte gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.
Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.
Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-tan gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.
2.7. Usainei buruzko baldintzak.
Neurriak hartuko dira, usain txarrak direla-eta mugakideei arazorik ez sortzeko.
Usainak gutxitzeko erabilgarri dauden teknikarik onenak erabiltzeko gomendioei jarraituz BREF), aldizkako elikagaigintzaren nutrizio-teknikak eta proteina gutxiko dietak ezarriko dira, ebazpen honen C.2.1.2 eta C.2.2.3 paragrafoetan ezarritakoari jarraituz.
2.8. Abereen osasunarekin eta ongizatearekin lotutako baldintzak.
Granja Uriagereka, S.L. enpresak arrautzatarako oiloak babesteko gutxieneko arauak ezartzen dituen urtarrilaren 11ko 3/2002 Errege Dekretuak xedatutakoa bete beharko du.
2.9. Osasun-programari buruzko baldintzak.
Instalazioak, tresnak eta ekipoak aldizka garbituko dira. Behar den guztietan, instalazioak desinfektatu, eta intsektu- eta arratoi-garbiketa egingo da.
Ustiategi guztiek landuko dute delako espeziaren gaixotasun nagusien kontrako osasun-programa bat, betiere albaitariak ikuskatuta, eta indarrean dauden arau sanitarioak beteko dituzte.
Ingurumena zaintzeko programa
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako idatzi-zati hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:
1. Zarataren kontrola.
Hiru urtean behin, 60 segundotan Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq índize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak egiteko maiztasuna.
Aipatu ebaluazioak akustika eremuan espazio- eta denbora-laginketak egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 egiaztagiria duten ingurumen-lankidetzako erakundeek egin beharko dituzte. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.
Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
Sustatzaileak proposamen zehatza egin beharko du, eta proposamen horren barruan zehatz-mehatz adierazi beharko ditu ebaluazio-metodoak, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako prozedurei jarraiki. Dekretu horrek garatzen du azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez. Proposamena ebazpen honen D.4 idatzi-zatian aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginari erantsiko zaio.
2. Jardueraren adierazleak.
Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:
(Ikus .PDF)
Atmosferara egindako isuri barreiatuen estimazioa adierazi beharko da, pabiloika xehatuta, uneko ekitaldian pabiloi bakoitzak duen okupazioaren arabera kalkulatuta, eta EPER Espainiako IPPC Zuzentarauarekin lotutako abeltzaintza-sektoreko gasen isurien kalkulu-tauletako kalkulu faktoreak, eta Eusko Jaurlaritzak emandako airera egindako isuriak neurtzeko, balioesteko eta kalkulatzeko gida teknikoak kalkulatzeko faktoreak erabilita, formatu honen arabera:
(Ikus .PDF)
3. Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisien eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuta geratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira, trantsakzio elektronikoaren bidez IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioa erabilita, betiere Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuaren arabera.
Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 30a baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak, eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.
4. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Programa horrek honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzaren erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.
Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak
1. Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta programatutako mantentze-lanak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez hustuketa sanitarioa, botako diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta, hala dagokionean, baita horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.
Garbiketa horiek egiteko garaian, isurketa-kargak gutxitzeko neurri bereziak hartuko dira, betiere proiektu teknikoan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean ezarritakoari jarraituz.
2. Jarduera uztea.
Jarduera behin betikoz utzi eta gero, sustantzi arriskutsu garrantzitsuak kentzeko, kontrolatzeko, eusteko edo gutxitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu titularrak, onartua duten egungo edo etorkizuneko erabilera aintzak hartuta, horien kokapena ez dadin arrisku esanguratsua gertatu ez giza osasunerako ez eta ingurumenerako ere.
3. Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentzio-neurriak eta jarduketak.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurrien eta funtzionamendu-baldintzen kalterik gabe, honako baldintza hauek bete beharko dira:
Edozer gauza gertatuta ere, jakiteko zer egin simaurra ezin bada instalazioetatik kendu ebazpen honetan ezarritako aldizkakotasunaz, Granja Uriagereka, S.L.k jarduera-protokolo bat izan beharko du, simaurraren kudeaketa alternatibo bat aurreikusiko duena eta ingurumenari ez diola eragingo bermatuko duena.
Besteak beste, simaurra, hondakin arriskutsuak eta produktu kimikoak erabiltzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arrisku handia izan dezaketen gainazal guztiak iragazkaiztuta edukiko dira. Zolak diseinatzean, kontuan hartuko dira drainatzeko eta efluenteak biltzeko gailuak, ingurunean kutsatzaileak barreiatzeko bideak eragozteko.
Lantegiaren barruan gauzatzen diren zola-garbiketetako urak tratamendu lineara bidaliko dira.
Depositu edo baltsen sakonean metatutako solidoei ez zaie ura ubidera atera behar aldizkako garbiketa-lanak egiterakoan; erretiratu egin behar dira kudeatzeko edo zabortegian uzteko.
Hobi septikoa eta iragazki biologikoa ondo garbitu eta mantenduko dira errendimendu egokia bermatzeko. Hala, pilatutako solidoak eta lohiak kendu egin beharko dira aldizka, bai eta iragazki biologikoaren geruza garbitu ere. Saihestu egingo da garbiketan ateratako solidoak ubidera joatea.
Urtean behin instalazio horien garbiketaren eta mantentze-lanen fakturaren kopia bat bidaliko da.
Biltegiratzea.
Prozesurako behar diren lehengai, erregai eta produktu guztiak ingurunean ez barreiatzeko moduan biltegiratuko dira.
Hauts-produktuak gordetzeko, iragazkiak dituzten silo itxiak egongo dira.
Instalazioetako prebentzioko mantentze-lanak.
Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura saihesteko; halaber, ezarritako neurrien jardun egokia bermatu beharko da. Isuri-ihesak daudenean lurzorua, eta, hala dagokionean, ura babesteko zer neurri hartu diren adieraziko da, eta zehatz-mehatz adieraziko dira honako hauei dagozkien alderdi guztiak: eraikuntzako materialei (iragazkaiztea), biltegiratzeko neurri bereziei (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriei, edo gainezkatzerako, kolektore-sarea zaintzeko eta garbitzeko alarma-sistemei (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemei dagozkienak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikusketa- eta kontrol-programa bat jaso beharko du, honako hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulen egoera, presioa arintzeko sistemaren egoera, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskatzeak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua (eta dagokionean, ura) kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Era berean, atmosferaren eta ingurune urtarraren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta zaintza- eta kontrol-sistemen egoera ona bermatzeko neurriak hartuko dira.
Gainera, baimenaren titularrak arazketa-instalazioen funtzionamendua eta isurien kalitatea eta kantitatea kontrolatuko ditu aldizka. Kontrol hori administrazio hidraulikoaren lankidetza-erakunde baten bitartez egin ahalko da, edota zuzenean, baina kasu horretan lankidetza-erakunde batek ikuskapena egin beharko du.
Halaber, erregistro bat eduki behar da, eta bertan adierazi behar dira aldizka egindako mantentze-lanak, bai eta antzemandako gorabeherak ere.
Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura, husteko prozesuan ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen produktuen jarioak sakabanatu ez daitezen.
Gorabeheraren bat gertatuz gero jarduteko modua.
Jarduteko protokolo bat eduki behar da eskura, ingurunean eragin negatibo garrantzitsuak eragin ditzaketen gorabeherak edo ezohiko jardunak gertatuz gero erabiltzeko. Protokoloak, gutxienez, honako gai hauek argi eta garbi zehaztu behar ditu, gerta daitekeen gorabehera edo anomalia jardun bakoitzarentzat:
Jarraitu beharreko jardunak, hurrengo idatzi-zatian zehazten den jakinarazpena agintariei helaraztea barne hartuta.
Jardunen segida.
Jardun bakoitzaren arduraduna(k).
Istripuz isurketarik gertatuko balitz, berehala geldiaraziko da.
Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserba-ontziak, isuriei eusteko xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko ontziak, kaltetutako inguruneak isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.
Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (betiere, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpenean honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
Gertakari-mota.
Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).
Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
Sortutako ondorioak.
Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.
Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
Gertakari-mota.
Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
Iraupena.
Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.
Eragindako kalteen kalkulua.
Hartutako neurri zuzentzaileak.
Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.
Halaber, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio instalazioaren etengabeko prozesu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako mantentze-lanak barne hartuta. Jakinarazpen hori 15 egun lehenago egin behar da, gutxienez.
Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti guztiak bete beharko dira.
Instalazioek suteen aurkako babesaren alorrean indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Sailburuordetzari.
Granja Uriagereka, S.L.k atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuak jakinaraziko dizkio urtero Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Poluitzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egin eta eguneratuta edukitzeko, E-PRTR Inbentarioko emisioei eta ingurumen-baimen integratuei buruzko informazio-hornikuntza arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
Ekitaldi bakoitzari buruzko informazio hori helarazi behar da hurrengo martxoaren 31 baino lehen, Ingurumen Aitorpen Jakinarazpenaren bidez (e-IAJ). Informazio hori helarazteko, aipatu Ingurumen Aitormenari (e-IAJ) erantsitako datu teknikoak eta/edo prozedurazkoak IKS-eeM Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren erakundeen bertsioaren bidez jaso behar dira. Bertsio hori eskura dago honako webgune honetan: www.eper-euskadi.net). Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.
Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-transakzioak Ingurumen Aitorpen (e-IAJ) horren bidez egingo dira, ahal dela.
Informazio hori publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituenak, xedatutakoari jarraiki (lege horrek 2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu) eta bermatuko da betiere abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, datu pertsonalak babesteari buruzkoak, xedatutakoa.
Instalazioa aldatzea.
Instalazioetan egiten den edozein aldaketa jakinarazi egin beharko da; horretarako, hona helbide elektronikoan datorren formularioa beteko da:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc
Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, organo horrek eskatutako aldaketa kalifikatu eta funtsezkoa den ala ez esango du.
Era berean, proiektatutako aldaketa Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean, edo proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko I. eranskinean sartuta badago, hizpide dugun aldaketari baimena eman aurretik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaio.
Baldin eta aldaketa ez badago jasota ez 3/1998 Legearen IB eranskinean ez 1/1208 Errege Dekretu Legegilearen I. eranskinean, baina bai horren II. eranskinean, organo honek gehienez ere hiru hilabeteko epean erabakiko du aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.
Laugarrena. Ebazpen honek eragina izateko, aldez aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako hirugarren idatzi-zatiko honako puntu hauetan xedatutako baldintzak betetzen direla:
1.6. Obra-amaierako txostena.
2.1.2. Jan-edanaren kudeaketa-neurriak bete imanaren egiaztagiria.
2.3.4. Hondakin-uren arazketa- eta hustuketa-instalazioak martxan jarri izanaren egiaztagiria. Isurketa-gunearen koordenadak adierako dira.
2.4.2.a). Ispilu-sarrera duten hondakinen ezaugarriak eta sortutako kantitateak (LER 19 08 12 kodea).
2.4.1.f) eta C.2.4.2.d). Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen onarpen-agiriak.
2.4.3.b). Simaurra kudeatzeko plana eta erregistro-eredua.
4. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua.
1. Mantentze-lanetan sortutako isurien eta hondakinen aurreikuspena, eta kudeaketa-proposamena eta tratamendua.
3.a). Jarduera-protokoloa izatea, edozer gauza gertatuta ere jakiteko zer egin simaurra ezin bada instalazioetatik kendu ezarritako aldizkakotasunaz.
3.m). Suteen aurkako babes-araudia betetzen dela egiaztatzea.
Era berean, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, ikuskapen bisita hori egin aurretik, sustatzaileak «as built» proiektua eta teknikari eskudunak alderdi horiek bete direla adieraziz emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari.
Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, Ingurumen Sailburuordetzak ingurumen-baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori luzatu egin ahal izango da, behar bezala arrazoituz gero eta sustatzaileak aldez aurretik eskatuz gero.
Instalazioa ezingo da abiarazi ingurumen-baimen bateratua eraginkorra dela adierazi arte. Nolanahi ere, abiarazteko probaldi bat egin ahal izango da, gehienez ere bost hilabetekoa, eta, probaldi horretan, neurri zuzentzaileak eraginkorrak direla egiaztatzeari ekingo zaio, besteak beste.
Bosgarrena. Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Artikulu horiek betetzearen kalterik gabe, ebazpen honen baldintzak ingurumena zaintzeko programan jasotakoak barne hartuta aldatu ahal izango dira, jardueraren sustatzaileak eskatuta, behar bezala justifikatuz gero. Gainera, ofizioz aldatu ahal izango dira honako egoera hauetan:
araudi berria indarrean sartzen bada.
ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.
Seigarrena. Granja Uriagereka, S.L.k ebazpen honen xede den instalazioan titulartasun-eskualdatzerik eginez gero, eskualdatze hori Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, onar dezan.
Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:
Ebazpen honetako laugarren idatzi-zatian ingurumen-baimen bateratuaren eraginkortasunari buruz ezarritako baldintzak epearen barruan ez betetzea, interesdunak epea luzatzeko arrazoitutako eskaria egin ez badu.
Granja Uriagereka, S.L. enpresaren nortasun juridikoa iraungitzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.
Baimena eraginkorra dela adierazten duen ebazpenean ezarritako arrazoiengatik.
Zortzigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Granja Uriagereka, S.L.ri, Mungiako Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Bederatzigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Hamargarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoen arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 5a.
Ingurumeneko sailburuordea,
JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


