- EBAZPENA, 2013ko irailaren 12koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, beherago zehaztutako linea elektrikoaren instalatzea baimendu, exekuzio-proiektua onartu eta hura herri-onurakoa dela deklaratzen duena: airetiko eta lurpeko 13,2 kV-ko linea elektrikoa, d/z, Orio-Urdaneta TBAren eta Zarautz-Getaria TBAren airetiko linearen (Baso-etxea TZ eta Arteta landa-etxea TZ) arteko lotunea izena duena, eta Landarbide Zarra TZra doan adarra, Aia eta Zarauzko udalerrietan (Erreferentzia: 24016/ATH 2009-92). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2013ko irailaren 12koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, beherago zehaztutako linea elektrikoaren instalatzea baimendu, exekuzio-proiektua onartu eta hura herri-onurakoa dela deklaratzen duena: airetiko eta lurpeko 13,2 kV-ko linea elektrikoa, d/z, Orio-Urdaneta TBAren eta Zarautz-Getaria TBAren airetiko linearen (Baso-etxea TZ eta Arteta landa-etxea TZ) arteko lotunea izena duena, eta Landarbide Zarra TZra doan adarra, Aia eta Zarauzko udalerrietan (Erreferentzia: 24016/ATH 2009-92).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 211
- Hurrenkera-zk.: 4792
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/09/12
- Argitaratze-data: 2013/11/06
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
2009ko ekainaren 5ean, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k beherago zehaztutako linea elektrikoaren instalatzea baimentzeko, exekuzio-proiektua onartzeko eta hura herri-onurakoa dela deklaratzeko eskatu zuen: airetiko eta lurpeko 13,2 kV-ko linea elektrikoa, d/z, Orio-Urdaneta TBAren eta Zarautz-Getaria TBAren airetiko linearen (Baso-etxea TZ eta Arteta landa-etxea TZ) arteko lotunea izena duena, eta Landarbide Zarra TZra doan adarra, Aia eta Zarauzko udalerrietan. Eskariarekin batera, proiektu teknikoa ere aurkeztu zuen, Jose Antonio Martínez Gómez industria-ingeniariak sinatua eta Perituen eta Industriako Ingeniari Teknikoen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak 2009ko maiatzaren 15ean bisatua.
Energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkataritza, horniketa-jarduerak eta horiek instalatzeko baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan (2000-12-27ko BOE) aurreikusitako ondorioetarako, eta kontuan harturik zer dioten Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 53. artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen Erregelamenduaren 17. artikuluak (1957-06-20ko BOE), argitara eman zen Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ren eskari hori jendaurrean jartzen zuen iragarkia, 2009-10-09ko EHAAn, 2009-09-25eko GAOn eta 2009-09-23an El Diario Vasco egunkarian, hain zuzen ere; eskariarekin batera, enpresa horrek desjabetu beharrekotzat jotzen zituen ondasunen eta eskubideen zerrenda aurkeztu zen.
2009ko irailaren 17an, Zarautz eta Aiako Udalei bidali zitzaien iragarkia, udaletxe horietako ediktu-oholean jartzeko.
2009ko irailaren 8an, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Zarautz eta Aiako Udalei, eskariarekin ados ote zeuden, edo aitzitik, kontra ote zeuden adierazteko eta, hala bazegokion, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko eskatuz; 2009ko azaroaren 5ean, berriz ere igorri zen eskari hori Aiako Udaletxera.
2009ko irailaren 8an, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Uraren Euskal Agentziari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen Zuzendaritza Nagusiari eta Telefónica de España, S.A.ri, eskariarekin ados ote zeuden, edo aitzitik, kontra ote zeuden adierazteko eta, hala bazegokion, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko eskatuz; 2009ko azaroaren 5ean, berriz ere igorri zen eskari hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen Zuzendaritza Nagusira eta Uraren Euskal Agentziara.
Aiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako Zuzendaritza Nagusiak ez zuten erantzun proiektuaren alde edo kontra ote zeuden galdetu zitzaienean, ez eta baldintza teknikoak ezartzeko eskatu zitzaienean ere. Telefónica de España, S.A.k adierazi zuen ados zegoela aurkeztutako proiektuarekin, baldintza batzuk ezarriz. Uraren Euskal Agentziak ohartarazi zuen Uren zuzendariaren 2007ko urriaren 11ko Ebazpenaren bidez baimena eman zitzaiola Iberdrolari, bi puntu hauek lotzen zituen linea ezartzeko: bata Landarbide baserriaren ondoan eta bestea Etxeberri baserriaren ondoan. Linea horren trazatuak Orbelaun eta Sagarrola errekastoa zeharkatzen du eta ez da Eusko Jaurlaritzako sail horrek bidaltzen duen proiektuan dagoena. Beraz, linea hori ezartzeko, Iberdrolak berriro eskatu behar du baimena bulego honetan; Zarauzko Udalak adierazi zuen proiektua baso-babeseko eremutik igarotzen dela, eta, beraz, obra egin aurretik proiektuaren sustatzaileak aztertu beharko du, Zarauzko Plan Orokorraren arabera, proiektuak alde horretan eta batez ere haritzik handienetan izan dezakeen afekzioa.
Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.Uri helarazi zitzaizkion Zarauzko Udalak, Telefónica de España, S.A.k eta Uraren Euskal Agentziak aurkeztutako baldintzak, eta enpresak erantzun zuen ados zegoela Zarauzko Udalak eta Telefónica de España, S.A.k ezarritakoekin. Era berean, Uraren Euskal Agentziaren baimenaren kopia bat aurkeztu zuten, bere eskumeneko afekzioei buruzkoa, afekzio horiek linea elektrikoaren behin betiko trazatuak sorraraziko baititu, Orbelaun eta Sagarrola errekastoak zeharkatuko baititu trazatu horrek.
Horretarako ezarritako jendaurreko informazio-erakustaldian, Idoia Iturri Múgica andreak eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak sinatutako alegazio-idazkiak aurkeztu ziren, eta, labur-labur, honela diote:
Idoia Iturri Mugica andreak adierazten du jabea dela, bere osaba Santos Iturri Etxabe eta bere neba-arrebak Jose Ignacio Iturri Mugica eta Arantza Iturri Mugica bezala. Bere jabetzapeko Landarbide baserriaren lursailetan, zenbait linea elektriko daude, ondasunarentzat nahiko zama gogaikarri direnak. Linea berria bere lursailaren mugara gehiago hurbil zitekeela, kaltea gutxitzeko.
Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen du eraikitzeko den linea berriaren trazatua aldatzeko, parke naturaletik pasa ez dadin eta etorkizun hurbilean-edo aipatutako zuhaitzak moztu ez daitezen, PORN Baliabide Naturalak Ordenatzeko Planean aipatutako puntuetan adierazitakoa betez. Hala egiterik ez badago, Iberdrolak bermatu behar du zuhaitz horiek ez direla inola ere moztuko, gehienez ere kimatu egingo baitira, goialdean, gutxieneko segurtasun-tartea errespeta dadin, eta Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak finkatzen dituen baldintza teknikoei jarraikiz.
2009ko abenduaren 3an, Idoia Iturri Mugica andreak aurkeztutako alegazioak bidali zitzaizkion enpresa eskatzaileari, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri, eta hark erantzun zuen Mugica andreak proposatutako aldaketa hori aztertu eta baloratu zutela enpresako teknikariek, eta linea lursailaren mugara hurbiltzea ezinezkoa dela, mugarriaren beste aldean Pagoetako Parke Naturala hasten delako. Hori dela eta, aldaketa horrek askoz ere eragin handiagoa izango luke babestutako leku horretan.
2009ko abenduaren 3an, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioak bidali zitzaizkion enpresa eskatzaileari, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri, eta hark erantzun zuen konpromisoa hartzen zuela Pagoetako Parke Naturaletik pasatzen den Orio-Urdaneta TAren eta Zarautz-Getaria TAren arteko hartuneko linea elektrikoaren tartea ezartzeak ekarriko duen zortasun-eremu horretan zuhaitzik ez mozteko, eta bai kimatuko direla afektatutako espezieak, segurtasun-neurrietan ezarritako parametroei zehatz eta arretaz kasu eginez eta Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzutik emandako baldintza teknikoei jarraikiz.
2011ko apirilaren 26an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k eskatu zuen proiektu horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin zekiola, alternatiben ingurumen-azterketa, Hibaia-Estudios de Contaminación y Medio Ambiente enpresak egindakoa, aurkeztuz. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskariz, 2011-11-11n Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k burutu zuen ingurumen-inpaktuaren azterketa, ingurumen-inpaktuaren azterketaren eranskin batekin aurkeztu zena; hor zeuden jasota Sail horrek eremu elektromagnetikoek gizakiaren duten eragina dela-eta aipatutako gabeziak.
Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bitartez (2002-12-23ko EHAA), honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio baimenerako prozedurak arautu ziren: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere. Bada, honako hauetan xedatutakoarekin bat etorriaz: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 53. artikulua (1997-11-28ko BOE) eta goi-tentsioko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko Erregelamendua eta ITC-LAT 01etik 09ra arteko jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua (BOE, 2008-03-18), jendaurrean erakutsi zen Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ren eskaria jasotzen zuen iragarkia. Eskari horretan, administrazio-baimena, herri-onurako deklaratzea, burutzapen-proiektua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena onartzea eskatzen ziren, hain zuzen ere 2012-01-23an EHAAn, 2012-01-24an GAOn eta 2011-12-28an El Diario Vasco egunkarian. Eskariarekin batera, enpresa horrek desjabetu beharrekotzat jotzen zituen ondasunen eta eskubideen zerrenda aurkeztu zen.
2011ko abenduaren 15ean, Zarautz eta Aiako Udalei bidali zitzaien iragarkia, udaletxe horietako ediktu-oholean jartzeko.
Horretarako ezarritako jendaurreko informazio-erakustaldian, Idoia Iturri Múgica andreak sinatutako alegazio-idazki bat aurkeztu zen, labur-labur honela dioena:
Idoia Iturri Mugica andreak adierazten du 13. poligonoko 53. partzelaren jabea dela, bere osaba Santos Iturri Etxabe eta bere neba-arrebak Jose Ignacio Iturri Mugica eta Arantza Iturri Mugica bezala. Bere jabetzapeko Landarbide baserriaren lursailetan, zenbait linea elektriko daude, ondasunarentzat nahiko zama gogaikarri direnak. Jabeek Aiako Udalean aurkeztu dute proiektu bat etxe bat Landarbide baserriaren jabetzen barruan eraikitzeko, eta eman egin da baimen hori. Eskatzen du kontzeptu horiek biltzen dituen balio justua askoz ere garestiago ordaintzeko, hirigintza-lizentziak mugatzen edo baliogabetzen ez dituen beste trazatu batek eragin dezakeena baino.
2012ko maiatzaren 8an, Idoia Iturri Mugica andreak aurkeztutako alegazioak igorri zitzaizkion espresa eskatzaileari, alegia Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri, eta hark berretsi egin zuen 2009ko abenduaren 23an emandako erantzuna, eta adierazi zuen linea elektriko horren diseinua ikuspegi tekniko eta ekonomikotik enpresaren interesentzat onena ez bada ere, bera dugu ondoen egokitu dena, lehenengo, eskualdearen ingurumen-baldintzetara, eta bigarrenik, jabe partikularren interesetara.
2013ko apirilaren 5ean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumeneko sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, non aldeko irizpena ematen zion proiektu honen ingurumen-inpaktuari: airetiko eta lurpeko 13,2 kV-ko linea elektrikoa, d/z, Orio-Urdaneta TBAren eta Zarautz-Getaria TBAren airetiko linearen (Baso-etxea TZ eta Arteta landa-etxea TZ) arteko lotunea izena duena, eta Landarbide Zarra TZra doan adarra, Aia eta Zarauzko udalerrietan. Ebazpen horretan, orobat, proiektua egiteko baldintzak ezartzen ziren. Baldintza horiek lotesleak dira, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.2 artikuluan.
OINARRI JURIDIKOAK
Espedientean bete egin dira honako hauetan ezarritako arauzko izapideak: Energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkataritza, horniketa-jarduerak eta horiek instalatzeko baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legearen Erregelamenduaren 17. artikulua; Sektore Elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 53. artikulua; urtarrilaren 11ko Errege Legegintza Dekretuaren 9. artikulua (dekretu horren bidez, Proiektuen Ingurumen Inpaktua Ebaluatzeko Legearen Testu Bategina onartzen da; 2008-01-26ko BOE), Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legean aurreikusitakoa dela-eta; goi-tentsioko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko Erregelamendua eta ITC-LAT 01etik 09ra arteko jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta bat datozen gainerako legeak.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuz (2013-04-24ko EHAA), honako hau
Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri baimena ematea instalazioa egiteko eta honako honen proiektua onartzea: airetiko eta lurpeko 13,2 kV-ko linea elektrikoa, d/z, Orio-Urdaneta TBAren eta Zarautz-Getaria TBAren airetiko linearen (Baso-etxea TZ eta Arteta landa-etxea TZ) arteko lotunea izena duena, eta Landarbide Zarra TZra doan adarra, Aia eta Zarauzko udalerrietan. Honako ezaugarri hauek ditu:
13,2kV-ko airetiko eta lurpeko linea elektrikoa, d/z:
Zerbitzuaren tentsioa: 13,2 kV.
Hariak: 3 LA-78, 3 LA-56 airetik; 3 AP-150 lurpetik.
Euskarriak: Sareta.
Luzera: 1.634 m airetik, eta 35 m lurpetik.
Hasiera: Orio-Urdaneta TBA linearen 26. euskarri aurreikusia; 1. euskarri aurreikusia.
Amaiera: Zarautz-Getaria TBA linearen 140. euskarri aurreikusia; Landarbide TZ.
Baimentzen den instalazioa herri-onurakotzat deklaratzea, eta deklarazio horrek, azaroaren 27ko 54/1997 Legeko 54. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar direla eta okupazioa, gainera, presaz egin behar dela. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.
Ebazpen hau bi dekretu hauen arabera eman da: abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta baldintza orokor hauetan:
Onartutako proiektuaren eta aurkeztutako dokumentazioaren arabera egin beharko dira obrak, eta proiektu honen ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzekin bat etorriz.
Martxan jartzeko epea urtebetekoa izango da, ebazpen honen datatik aurrera.
Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio instalazioen titularrak sail honek Gipuzkoan duen lurralde-ordezkaritzari, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.
Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak errespetatuz ematen da ebazpen hau; eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, baimena hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da -halakorik badago-, eta jabetza-eskubidea errespetatuta.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago 4/1999 Legean (lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).
Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 12a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


