Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2013ko azaroaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia argitaratzen da. Ebazpena Lanbideren Administrazio Kontseiluaren Erabaki bidez onartu zen. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2013ko azaroaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia argitaratzen da. Ebazpena Lanbideren Administrazio Kontseiluaren Erabaki bidez onartu zen.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 217
  • Hurrenkera-zk.: 4950
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/11/13
  • Argitaratze-data: 2013/11/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko urriaren 24ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia onetsi du, eta Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdiaren argitalpena onartzea. 2013ko urriaren 24ko bilkuran onetsi du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdi hori, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena. Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioak.

Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 13a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpeturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakiriko eredua onartu eta alderdiek onetsiriko betekizunak banatu ziren.

Hiruko Akordioaren bitartez Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak eta enpresen, langileen eta ikastetxeen artean etengabeko prestakuntzarako interesa pizteko eta jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko ardura bere gain hartzeko helburuarekin. Hori dela-eta, Hobetuz fundazioak garrantzi handiko parte hartzea izan behar du laguntza-deialdi honetan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika, baita enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema ere.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, eta dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea ere biltzen du funtzio horrek, 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan ezarrita dagoenez. Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta lanerako eta etengabeko prestakuntza bereizi ondoren, pertsona landunei zuzenduriko prestakuntza dago gaur egun, hala eskatzen, enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak barnean hartzen dituena, nola eskaintzen dena. Azken horrek, lehentasunez langile landunei zuzenduriko prestakuntza-planak barnean hartzen ditu.

Langile landunei lehentasunez zuzenduriko enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Horiek horrela, akordio honetan ezarritako finantzaketa duten prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei prestakuntza eskaintzen zaie, osasun eta lan-arriskuen prebentzioaren arloko lanbide arteko akordioaren esparruan, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza arloko langileei ere prestakuntza eskaintzen zaie.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2013ko urriaren 24ko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia onartu zuen, honako baldintza hauekin:

Hona deialdi honen helburua: 2013ko urtarrilaren 1etik azaroaren 28ra bitarteko prestakuntza-ekintzak egiteko 2013ko ekitaldiko laguntzak arautzea, honako hauei zuzenduta daudenak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkarien prestakuntza, EAEko osasun eta lan-arriskuen prebentzioaren arloko lanbide arteko akordioaren esparruan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza arloko langileentzako lan-arriskuak prebenitzeko prestakuntza, «Gela iraunkorra», arlo horretako azpikontratazioa arautzen duen urriaren 18ko 32/2006 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 90.000 euro dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren 2013ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Kopuru hori handitu ahal izango da, dagokion aurrekontu-aldaketa onartzen bada, legeriarekin bat etorriz eta deialdiko ebazpena baino lehen. Horren berri Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da aditzera.

  1. Prebentzio-ordezkarien gaikuntzaren kasuan, Osasun eta lan-arriskuen prebentzioan hartutako lanbide arteko Akordioaren 9. eta 11. artikuluei jarraikiz aurkez litezkeen prestakuntza espezializatuko programei kalterik egin gabe, prestakuntza-ekintzak oinarrizko prestakuntzari buruzkoak izango dira, Osasun eta lan-arriskuen prebentzioan hartutako lanbide arteko Akordioan ezarrita eran, eta bi zati izango ditu: lehenengoa, guztira 32 ordu iraungo duena, prestakuntza teknikoari buruzkoa; eta bigarrena, 16 ordu iraungo duena, arau-prestakuntzari buruzkoa. Ekintza horiek bi modulutan antolatuko dira: lehenengoa, prestakuntza teknikoari buruzkoa, 24 irakasordu izango dituena; eta bigarrena, 12 irakasordu izango dituena, arau-prestakuntzari buruzkoa. Gainerako orduak, modulu horietara joateko lanpostutik alde egin beharrekin lotuta daude.

  2. Edukiak, tekniko nahiz araugintzako izan, Osalanek ezarriko ditu, eta nolanahi ere Osasun eta lan-arriskuen prebentzioan hartutako lanbide arteko Akordioan ezarritakora egokituko dira.

  3. Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.

    Prestakuntza-ekintza bakoitzeko, gehienez ere 15 lagunek jaso ahal izango dute diru-laguntza.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza arloko langileentzako lan-arriskuak prebenitzeko prestakuntza, «Gela iraunkorra», arlo horretako azpikontratazioa arautzen duen Legean ezarritakoarekin bat etorriz, prestakuntza hori osatzen duten orduak eta moduluak behar bezala zehaztu beharko dira aurkezten den proiektuan, eta argi adierazi beharko dira proiektuaren faseak, prestakuntzako elementuak ezarpenari lotutako beste batzuetatik bereiziz.

  1. Prebentzio-ordezkarien gaikuntza denean, oinarrizko ikastaroko prestakuntza teknikoa Osalanek egiaztatutako zentroetan emango da. Horretarako egiaztatutako Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuek ere eman dezakete ikastaro hori, eta beren zerbitzuak itunduta dauzkaten enpresetako prebentzio-ordezkarien prestakuntzarako egiaztatutako prebentzio-zerbitzuek ere bai.

    Arau-prestakuntza eta oinarrizko ikastaroari dagozkion eskubide eta betebeharrei buruzkoa sindikatuek emango dituzte, Osalaneko Kontseilu Nagusiko kide badira, eta, ahal delarik, beren prebentzio-ordezkariek emango dute prestakuntza hori, Osalanek landutako prestakuntza-eskuliburuen edukia oinarritzat harturik.

    Osalaneko Kontseilu Nagusiko kide ez diren sindikatuek Kontseilu Nagusiarekin adostu dezakete beren ordezkarien prestakuntza, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren. Inongo sindikatutako kide ez diren ordezkariek nahi duten sindikatuek emandako arau-prestakuntza jasotzeko eskubidea izango dute.

    Oinarrizko ikastaroko prestakuntza teknikoa emateko egiaztaturik dauden zentroak edo erakundeak egiaztatu ahal izango dira ikastaroaren arau-zatia inongo sindikatutako kide ez diren prebentzio-ordezkariei emateko.

    Oinarrizko Prestakuntza Plana ematen duten zentroak eta irakasleak Osalanen eta Hobetuzen ikuskaritza eta ebaluazioaren menpe egongo dira.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza arloko langileentzako lan-arriskuak prebenitzeko prestakuntza, «Gela iraunkorra», denean, arlo horretako azpikontratazioa arautzen duen Legean ezarritakoarekin bat etorriz, aurkezten den proiektu espezifikoan ondo zehaztu beharko dira proiektu bakoitzerako aurreikusitako edukiak eta prestatzaileak.

  1. Deialdi honen barruan, erakunde batzuek laguntzak eskatu ahal izango dituzte, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoan osasun eta lan-arriskuen prebentzioan hartutako lanbide arteko Akordioarekin bat etorriz prebentzio-ordezkarientzako oinarrizko prestakuntzako planen kudeaketaren ardura dutenek.

  2. Eskaerak Hobetuz Fundazioaren egoitzetan aurkeztuko dira:

    Arabako Lurralde Egoitza, Dato kalea 14-16, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

    Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia 35, 6. solairua, 48009 Bilbao.

    Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola kalea 4, 20007 Donostia.

    Era berean, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.

    Eskaera horiek paperean aurkeztuko dira (www.hobetuz.com) helbide elektronikoan agertzen den ereduaren arabera. Erakunde hartzaileak, halaber, Hobetuz Fundazioak eskainitako aplikatibo informatikoan sartuko ditu datuak.

    Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

    Eskaeretan, Hobetuzek aipatu diren irizpide horiek egokiro baloratzeko behar duen informazioa jaso beharko da, bai eta gauzatu nahi diren prestakuntza-jardueren kostuen aurrekontu zehatza ere.

  3. Eskaerak aurkezteko epea 7 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, irizpide hauetan oinarrituta:

  1. Sindikatu bateko kide izateagatik finantzatutako prestakuntza jasotzeko diskriminaziorik ezaren bermeak.

  2. Prebentzio-ordezkari askori prestakuntza eman izanaren bermeak, lurralde-banaketa orekatua delarik.

  3. Eman beharreko prestakuntzaren kalitatearen bermeak eta eskatzailearen eskura jar daitezkeen funtsen erabileraren eraginkortasunaren bermeak.

  4. Prestakuntza ematen duten erakundeen kontratazio-prozesuan lehiaketa eraginkorra izango dela ziurtatzeko bermeak.

    Irizpide horiek berdin baloratuko dira, eta guztira 100 puntu izango dira. 50 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsita geratuko dira.

Prestakuntza-planak finantzatzeko gehienezko modulu ekonomikoak (parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko kostua) segidan datoz adierazi, emate-moduaren arabera:

(Ikus .PDF)

Prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman daitekeen diru-laguntzarik handiena 15 parte-hartzaileren zenbatekoari dagokiona izango da.

Deialdi hau oinarritzat harturik ematen diren laguntzak bateraezinak izango dira deialdi honetan oinarrituta finantzatzen diren ekintzen beste edozein laguntzarekin.

  1. Behin eskaerak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Nolanahi ere, interesdunari eskatuko zaie 10 eguneko epean zuzendu dezala akatsa, edo derrigorrezko dokumentuak aurkez ditzala, eta hala egiten ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta horretarako, lehenago, ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

  2. Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du, 6. artikuluan jasotako esleipen-irizpideak aplikatzearen ondorio diren lehentasun hurrenkeraren arabera, deialdia finantzatzeko kredituaren gehienezko zenbatekora arte. Proposamen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagozkion ebazpenak emateko.

  3. Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du eta interesdunei jakinaraziko die.

    Ebazpena aldekoa bada, diruz laguntzeko prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, bai eta parte hartzaileen kopurua, ordu-kopurua eta finantzaketa ere.

    Interesdunak 10 eguneko epea izango du emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko, zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen egunaren hurrengotik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, eskaera atzera bota duela hartuko da kontuan.

  4. Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean interesdun bakoitzari jakinarazten zaion egunaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik.

  5. Ebazpena ebazteko eta jakinarazteko gehienez 3 hilabeteko epea izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, eta, epe hori amaitutakoan, eskaera atzera bota dela hartuko da kontuan.

  6. Emate-ebazpena jasota, eta beharrezko aurrerapenaz, laguntzaren onuradunak Hobetuz fundazioari eskatu ahal izango dio aldaketak sartzeko finantzatutako planean, baldin eta finantzatutako ekintzen edukietan, forman eta/edo exekuzio-epeetan eragiten badu. Aldaketa-eskaera hori idazki bidez egingo da, eta behar bezala oinarritu beharko da. Aldaketa horiek Hobetuzek baimendu beharko ditu.

    Parte-hartzaileen kopurua edo irakaskuntzaren modalitatea eraginpean hartzen duten aldaketak direnean, baimendu ahal izango dira ez badute murrizten hasierako eskaera kontuan izanez gero lortuko zen balorazio teknikoa.

  7. Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko du, onuradunen eta emandako kopuruen zerrenda jasoko duena.

  1. Ematen den diru-laguntza prestakuntza-planak egikaritzera bideratuko da.

  2. Deialdi honek finantzatzen dituen prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

  3. Titularrak Hobetuzi honako hauek jakinaraziko dizkio, 2013ko abenduaren 27a baino lehenago:

    Prestakuntza emango den lekuari, emango duen enteari, eta jardueraren datari nahiz ordutegiari buruzko datuak.

    Ikastaroko parte-hartzaileei, haien asistentziari eta ikastaroa bukatu ez duten pertsonei buruzko datuak.

    Datu horiek hobeto jakinarazteko, paper-euskarrian aurkezteaz gain, Hobetuzek aplikazio bat jarriko du titularren eskura, www.hobetuz.com web-orrialdean.

    Betebehar horiek ez badira betetzen, Planaren egikaritzapena justifikatzen denean ez egindakotzat hartuko da dagokion prestakuntza-ekintza.

  4. Titularrek ekintza presentzialetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

    Prestakuntza-ekintza ez presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen kontrolei dagokien dokumentazioa landu beharko du titularrak.

  5. Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-jardueran parte hartu izanaren ziurtagiri bat eman beharko zaio, Hobetuzek ezarritako ereduari jarraikiz. Eredu horretan, gutxienez datu hauek eman beharko dira: jardueraren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, zer egunetan egin den, jasotako prestakuntza-orduak (hala badagokio, ordu presentzialak eta ez-presentzialak adierazi beharko dira).

    Parte hartzeko ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean.

    Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

Diru-laguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, onartutako prestakuntza-jarduera bukatu ondoren, eta justifikazio-memoria Hobetuzen aurkeztu eta gero eta dagokion azken likidazioa onartu ondoren.

Erakunde onuradunak 2013ko abenduaren 27a baino lehenago justifikatu beharko ditu diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-jarduerak gauzatzean izandako gastuak.

Kostuak fakturen bidez edo zuzenbidean baliogarritzat jotako beste edozein frogagiriren bidez justifikatuko dira, baldin eta funtsak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko behar bezain zehazturik badago, eta Hobetuzek arlo horretan ematen dituen Kostuak Zuritzeko Jarraibideekin bat etorriz.

Kanpoko erakunde batekin kontratua sinatuz gero, erakunde horien fakturetako banantzea prestakuntza-jarduera bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak identifikatzeko bestekoa izango da.

Erakunde onuradunek bete beharko dituzte oro har Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen), eta bereziki honako hauek:

  1. Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

  2. Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.

  3. Prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek emandako prestakuntza-ekintzak doakoak izango direla bermatzea.

  4. Honako hauek egingo dituzten egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea: Hobetuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

    Horretarako, bidea emango zaie aipatutako erakunde, entitate era organismoei, lokaletan eta instalazioetan sar daitezen, eta parte-hartzaileekin, langileen legezko ordezkariekin nahiz elkarrizketatu nahi diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko erraztasunak emango dira.

  5. Helburu bererako diru-laguntzak edo laguntzak jaso direla adieraztea, zernahi administrazio publiko edo ente publiko edo pribatutatik datozela ere.

  6. Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu dela adieraztea.

  7. Dirua itzultzeko edo zigortzeko prozedurak jakinaraztea, baldin eta izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi badira, laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emanak direlarik, izapidetza-fasean badaude ere.

  8. Ageriko leku batean, eta onartutako ekimenaren beste komunikazio- eta zabalkunde-bide batzuetan adierazi behar da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko deialdian egindako ekintzak direla, eta nolanahi ere Jaurlaritzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logotipoak azaldu behar dira bertan.

  1. Ezin izango da laguntza ordaintzeko eskatu, eta, hala badagokio, erakunde onuradunek itzuli beharko dute jasotako laguntzak osorik edo haien zati bat, eta laguntza ordaindu zenetiko berandutza-interesa ordaindu beharko da, honako kasu hauetan:

    1. Laguntza eman zenean zuen helburua eta edo emateko ezarri ziren baldintzak ez betetzea. Oro har, helburua bete gabekotzat joko da baldin eta egindako prestakuntza-orduak bider aurkeztu eta onartutako datuen arabera prestatutako ikasle-kopurua egindakoaren % 35era ere iristen ez badira.

    2. Jarduera gauzatu dela justifikatu beharra ez betetzea eta laguntza jasotzeko baldintzak eta betebeharrak betetzea, beharrezko justifikagiriak aurkeztuta.

    3. Laguntza jasotzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

    4. Hobetuzek edo horretarako zilegitasuna duten erakundeek egin beharreko jarraipen- eta kontrol-jarduerak egiten ez uztea edo horretarako eragozpenak jartzea.

    5. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruzko egiazko datuak ez ematea.

    6. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak bestela ez betetzea.

  2. Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

  3. Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko dio dagokion espedientea, errekerimendu-idazkiarekin eta alegazioekin batera, eta, hala badagokio, ebazpen proposamena ere bidaliko dio. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

  4. Borondatezko epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrera publikotzat hartuko dira.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatuta dagoena betetzeko, laguntza-eskabidea betetzean interesdunak datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategietan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Eskuratu, aldatu, indargabetu eta aurkatzeko eskubideak, aipatutako legean aurreikusita daudenak, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean erabil daitezke (Kale Nagusia 35, 6., 48009, Bilbao) edo Lanbide-Euskal-Enplegu Zerbitzuaren aurrean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Erakunde laguntzailea izendatzea.

  1. Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da Deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. artikulu horren arabera, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak deialdi honetako funtsak ematen dituen organoaren izenean jardungo du, eta funts horiek ez dira inola ere bere ondaretzat joko.

  1. Laguntza-deialdi hau finantzatzeko funtsak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko dizkio, erakunde laguntzailea denez, baina, horretarako, deialdiko laguntzak emateko ebazpena hartuko da.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

    Deialdi honetan zehaztutakoez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioak honako betebehar hauek izango ditu:

    Funtsak amaierako erakunde onuradunen artean banatzea.

    Laguntzei esker prestakuntza-ekintzak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea, 2014ko ekainaren 30ean beranduenez, jasotako funtsen erabilera. Orobat, azken onuradunen zerrenda izendun bat aurkeztuko da, non adieraziko baitira emandako lagunak, egindako ordainketak, eta funts horiekin egindako prestakuntza-jardueraren memoria orokorra osatzen duten datu kuantitatiboak eta kualitatiboak.

    Funtsen kudeaketa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jardueren eraginpean jartzea.

    Deialdietan aurreikusten diren ez-betetzeetako bat gertatuz gero, onuradunei diru-laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, betiere kasuan kasu ematen diren ebazpenetan adierazitakoaren arabera.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.

    Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.