Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2013ko azaroaren 25ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, honako linea elektriko honen egokitzapen-proiektua onura publikokoa dela deklaratzeko dena: 30 kV-ko aireko linea elektrikoa, Oiartzun-Trintxerpe, Pasaiako udalerrian. Erref.: 24064 - ATI 2013/1. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2013ko azaroaren 25ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, honako linea elektriko honen egokitzapen-proiektua onura publikokoa dela deklaratzeko dena: 30 kV-ko aireko linea elektrikoa, Oiartzun-Trintxerpe, Pasaiako udalerrian. Erref.: 24064 - ATI 2013/1.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 25
  • Hurrenkera-zk.: 550
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/11/25
  • Argitaratze-data: 2014/02/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Bat. 2012ko azaroaren 2an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak (Mikeletegi Pasealekua 1-3, Donostia) honako linea elektriko hauek onura publikokoak direla deklaratzea eskatu zuen: 30 kV-ko aireko linea elektrikoa, Oiartzun-Trintxerpe izenekoa, Pasaiako udalerrian, horretarako instantzia helarazi zen, Andoni Larrañaga Irastorza ingeniari tekniko industrialak izenpeturiko proiektu teknikoarekin eta Joseba Arribas Iraola ingeniari industrialak izenpeturiko proiektuaren eranskinarekin batera.

Bi. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. ren eskaera hori jendaurrean erakusgai jarri da 2013-03-22ko EHAAn, 2013-03-12ko GAOn eta 2013-03-12ko El Diario Vasco egunkarian, enpresa horren ustez desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.

Hiru. 2013ko martxoaren 5ean, Pasaiako Udalari igorri zitzaion iragarkia, udaletxeko iragarki-taulan jar zezan.

Lau. 2013ko martxoaren 5ean proiektuaren separata igorri zitzaion Pasaiako Udalari, eta eskatu zitzaion eskariaren alde ala kontra zegoen adierazteko, eta, alde bazegoen, baldintza teknikoak ezartzeko.

Bost. 2013ko apirilaren 4an, Pasaiako Udalak, bere txostenean, aurka zegoela adierazi zuen, eta alegazio hauek egin zituen, laburbilduta:

  1. Proiektuaren katastroko partzela ez dago eguneratua, ez baita aintzat hartu Larrabide Azpi burutzapen-unitatearen birpartzelazio-proiektua (S.2.12.01).

  2. Zenbait partzelari dagokion sarbide-zortasuna handitzeko beharra dagoela justifikatzea falta da, partzela-konfigurazio berriari eta bide izateko gordetako jabetza publikoko partzela bati dagokienez.

    Bide izateko gordetako jabetza eta erabilera publikoko partzelak daudenez, ezin die birpartzelazioaren ondoriozko partzela pribatu berriei eragin, 9030 dorrerako sarbidea bermatua baitago bide publikoen bidez.

  3. Ez dago obren aurka, eta, beraz, enpresa eskatzaileak obra-baimena eskatu beharko du.

    Sei. Pasaiako Udalak egindako txostena helarazi zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, enpresa eskatzaileari, eta azken honek hauek adieraziz erantzun zuen:

  1. Espedientearen planoak sartuko dituzte aldaketan, baita bere kartografia-artxiboetan ere, eta Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzara igorriko dute planoa, partzelen zuzenketa eta guzti, bere eskuetan egon bezain laster.

  2. Jabetza eta erabilera publikoko partzelak erabiltzeko legezko premisari erantzungo diote sarbide hori egiteko, nahiz eta jabetza-aldaketak ez dion eragiten sarbidea fisikoki zehazteari, haren titulartasunari baizik.

    Halaber, adierazi zuen 9030 dorrera egun iritsi behar dutela, eta ezin dela geroratu.

  3. Ezarritako baldintza onartu dute.

    Zazpi. 2013ko urriaren 1ean, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak, Oiartzun-Trintxerpe, 30 kV-ko aireko linea elektrikoa egokitzeko proiektu berri bat aurkeztu zuen Pasaiako Udalaren txostenari erantzuna emateko.

    Zortzi. 2013ko urriaren 16an, Pasaiako Udalari idazki bat helarazi zitzaion proiektuaren aldaketaren eranskinaren separatarekin eta Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k, adostasuna edo desadostasuna adierazteko, udal horren txostenari eman zion erantzunarekin batera, eta adierazi zitzaion ezarritako 10 eguneko epean erantzunik ematen ez bazuen, proiektuari bere adostasuna ematen ziola ulertuko zela.

    Bederatzi. Informazio publikorako aldian, hiru alegazio-idazki aurkeztu ziren, Francisco José Arresek-Igor Echeburuak izenpeturik, eta, horietan, hau adierazten zen, laburbilduta:

  1. 9030 euskarria Larrabide baserriaren parean dago, lurzoru urbanizaezinetik 50 bat metrora, nahiz eta lurzoru urbanizagarriko bi sektorek inguratzen duten: Larrabide Azpi eta Azkuene Goia.

    Pasaiako indarreko Arau Subsidiarioen 172. artikuluan ezartzen duenez, energia elektrikoa banatzeko eroanbideak lurrazpikoak izango dira, salbu eta, udalak hala egoki iritziz gero, herri erditik urrun dauden industria- edo erresidentzia-guneetan.

    1. Larrabide Azpi sektoreko plan partzialak urbanizazio-proiektura igortzen du beharrizanak eta Iberdrolara konektatzeko puntua ezagutzeko. Urbanizazio-proiektu horrek ezartzen duenez, tentsio erdiko sarea lurperatua egongo da trazadura berri guztian.

      Urbanizazio-proiektuaren behin betiko onarpenean zehazten da Arau Subsidiarioen 172. artikuluari jarraikiz, TA eta BT eroanbideak lurrazpikoak izan behar dutela, 30 kV-ko linearen herri barneko deribazioa barne.

    2. Onartutako Azkuene Goia parkeko espazio libreen plan berezian zehazten da jarduketa-eremuan dauden dorre elektrikoak eta tentsio altuko edo ertaineko lineak ordenaziotik kanpo geldituko direla.

  2. Pasaiako araudi urbanistiko orokorrak eta xehatuak ezartzen dutenez, 30 kV-ko tentsio altua hiri-lurrean egon behar da lurperatua.

    Aipatutako sektoreak burutzen badira, 9030 dorrea izango da dorre bakarra inguru guztian.

  3. Sail honek eskatzen du aurkeztutako proiektuaren beharrezko aldaketak formulatzea, Iberdrolak 9030 dorrearen proiektuaren ordezkoa bertan behera utz dezan eta Larrabide Azpi, Larrabide baserria eta Azkuene Goiaren artean dagoen tentsio altuko linea guztia lurpera dezan

  4. 1976ko LLTBren 60. artikuluak berariaz debekatzen du handitze- edo sendotze-obrak egitea, salbu herri-lurretik pasatzen diren aireko lineen zenbait konponketa-obra.

  5. 9030 euskarriaren funtzioa lurzoru urbanizaezinean kokatua Azkuene Goia eta Larrabide Azpi gune urbanoetatik igarotzen den aireko linea sendotzea da.

  6. Administrazioak lan horiek mantentze-lantzat jotzen ditu, eta, haren ustez, ez da horien benetako izaerara egokitzen; halaxe jakinarazi zaio.

    Dagoen euskarria berri batekin trukatzeak eskatuko du orain dagoena eta haren zapatak eraistea euskarri berria eraikitzeko, haren zimentazioa barne: hori ez da mantentze-obra, ordezkatze bat baizik.

  7. Desjabetzeko espediente bat izapidetzen ari da, eta 9030 euskarrirako eta aireko pasoaren zortasunerako lurzoruaren desjabetzea aurretik egin zen; ondorioz, ez da bidezkoa inongo desjabetzerik bideratzea.

    Hamar. Francisco José Arreseren-Igor Echeburuaren alegazioaren berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica S.A.U.ri, eta hark zera erantzun zuen, laburbilduta:

  1. Linea elektrikoa CE.7/1648 espedientean legeztatu zela, eta 1962-04-24an martxan ezarri.

  2. Onura Publikoko Deklaratzeko eskaera Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k, bere instalazioen segurtasunaren mantentzeari eta baldintzei dagokienez, bere gain hartu beharreko legezko inposaketaren ondoriozkoa dela, Tentsio Altuko Lineen Araudiak eskatzen duen bezalaxe. Kasu honetan, beharrezkoa da Oiartzun-Trintxerpe, 30 kV-ko linearen 9030 euskarria berehala ordezkatzea, eta euskarrira heltzeko nahitaezkoa da proiektuan ezarritako sarbide-azalera erabiltzea.

  3. Urbanizazio-proiektuek ez dutela burutzapen-datarik, eta euskarri hori aldatzeko beharra ezin dute proiektu horien burutzapenek baldintzatu.

  4. Alegazioetan proposatzen dela lurzoru urbanizagarriko bi sektoreen artean geldituko litzatekeen zatia lurperatzea, baina ez da zehazten nork finantzatuko duen kanalizazio berriaren eta urbanizatuko diren bi sektoreak batuko dituen kablearen kostua; eta, 1955/2000 Errege Dekretuaren 153. artikuluan ezartzen duenez, «zortasunpeko onibarraren jabeak hala eskatuta, zortasuna aldatzea eskatzaileari berari dagokio».

    OINARRI JURIDIKOAK

    Bat. Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.

    Bi. Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 52. artikuluak onura publikokoak direla deklaratzen du argindarra banatzeko instalazioak, horiek instalatzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta igarobide zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez berarekin dakar ondasun eta eskubide horien hartu beharra eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

    Hiru. Iberdrola Distribución Eléctrica S.A.U.k konplituki erantzun die aurkeztutako alegazioei.

    Lau. Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuz (2013-04-24ko EHAA), honako hau

Onura publikokoak direla deklaratzea espediente honetako instalazio elektrikoak, eta deklarazio horrek, azaroaren 27ko 54/1997 Legeko 54. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar direla eta okupazioa, gainera, presaz egin behar dela. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.

Ebazpen honek ez dakar berekin udal, probintzia edo beste edonon lortu beharreko bestelako baimenak lortu behar ez direnik; izan ere, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak. Halaber, hirugarrenen eskubideak aparte utzi gabe ematen da eta jabetza-eskubidea salbu utziz.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez (lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 25a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.