Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 21ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2014ko garapenerako lankidetzaren kontura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 21ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2014ko garapenerako lankidetzaren kontura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 444
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/01/21
  • Argitaratze-data: 2014/01/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Hondamendiak edo krisialdi humanitarioak desegituratze sozial eta ekonomikoko prozesuak dira, eta elikagaien eta sanitatearen baldintzetan kalte handia eragiten dute, baita heriotza-tasa handitu ere. Kalamitate naturalek edo gatazka armatuek eragiten dituzte hondamendi horiek, baina azken batean, horien intentsitatea biztanleen kalteberatasun-mailak ezartzen du.

Ekintza humanitarioak gaur egun aurre egin behar dien eszenatoki ohikoenek eta larrienek erronka kontzeptual eta operatibo berriak sortzen ditu, besteak beste printzipio humanitarioak babestea eta ekintza humanitarioa bakea eraikitzeko tresna baliagarri gisa erabiltzea.

Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak 31/2008 Dekretuaren bidez ezarri ditu ekintza humanitarioak burutzeko laguntzak (31/2008 Dekretua, otsailaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitariotarako laguntzak arautzen dituena; 2008ko otsailaren 27ko EHAA, 41. zk.). Dekretu honek ekintza humanitarioko politika bat lankidetza estruktural eta eraldatzailearekin bat eginik formulatzeko eta betearazteko tresna izan nahi du, printzipio humanitarioetan eta pertsonen eskubideetan oinarritutakoa, gai horretan nazioarteko jarrera-kode eta -arauak errespetatzen dituena, koherentea, parte-hartzailea eta epe ertaineko eta luzerako helburuei, esaterako, giza eskubideen defentsari, bakearen eraikuntzari edota etorkizuneko garapenari loturik dagoena.

Esparru humanitarioan lan egiten duten euskal erakundeen izaera heterogeneoa dela medio, 31/2008 Dekretuari ahalik eta malgutasunik handiena ematen saiatu gara. Ildo horretan, etengabeko finantzaketa-linearekin jarraitzeaz gain, beste finantzaketa-linea bat gaineratu da ekintza humanitarioko estrategia markoetarako, espezializazio humanitario handiagoa duten erakundeentzat.

Laguntza horrek etorkizuneko garapenaren oinarriak ezartzen lagundu behar du, alde kalteberak murriztuz eta toki-ahalmenak handituz, horrela sendotzen direlakoan populazioen aurre egite-estrategiak eta erakundeen erantzute-tresnak.

Aipatu otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, eta bertan honako puntu hauek zehaztuko dira: diru-laguntzen zenbatekoa, xedea, eskabide-eredua, epeak, eskabideak aurkezteko tokia, eta ezarritako bi finantzaketa-linea horien balorazio-irizpideak.

Deialdi hau egiteko eskumenari dagokionez, eta ondoko dekretu hauek aplikatuaz: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, lehendakariarena; eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretua; Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen agintaritza.

Laguntza horiek kudeatu eta horretarako eman behar diren ebazpenei dagokienez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena da eskumena (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu era arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikulua; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikulua).

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2013ko abenduaren 4an egindako bilkuran.

Horren ondorioz, honako hau

Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren bidez (2008ko otsailaren 27ko EHAA, 41. zk.) araututako ekintza humanitariotarako laguntzen 2014. urteko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen xedea. Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako ekintza humanitariotarako laguntzak arautzen ditu dekretu horrek. Guztira, 3.600.000 euro emango dira.

Finantzaketa-linea bakoitzerako honako diru-zuzkidura hau egongo da:

  1. Larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorra. 1.600.000 euro.

  2. Ekintza humanitarioko estrategia markoen finantziazio-lerroa: 2.000.000 euro.

    Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako ekintza humanitarioak arautzen dituen 2008ko otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 20. artikuluarekin bat etorriz, zenbateko jakin bat ezin bazaio esleitu ekintza humanitarioko ezein estrategia markori, ekintza humanitarioen kopuru egoki batek eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez duelako edo bete beharreko eskakizunak betetzen ez dituelako, edo eskuragarri dagoen aurrekontu-zuzkidurarako behar adina eskabide jaso ez direlako, zenbateko hori etengabeko finantzaketa-lerrora bideratzeko aukera izango da. Zenbateko hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kanpo Harremanetarako idazkaria nagusiak horretarako ebazpena eman ondoren. Argitaratu egingo dira, halaber, euskal gizartearen parte-hartzetik datozen berariazko funtsen horniduraren bidez etor daitezkeen zenbateko berriak edota Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe gera daitezkeen aurrekontu-baliabideetatik etor daitezkeenak.

    Etengabeko finantzaketa-lerrora zuzendutako funtsak agortzea ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

  1. Larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorra. Finantzazio iraunkorraren lerrorako eskabideak 2014ko aurrekontu-ekitaldian zehar aurkeztu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.

  2. Ekintza humanitarioko estrategia markoen finantziazio-linea: hautagaitzak hilabeteko epean aurkez daitezke, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

    Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke, I. eranskineko ereduaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan (Nafarroa kalea 2, 01007, Vitoria-Gasteiz), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Horretarako, inprimaki normalizatua aurkeztu beharko da, guztiz bete ondoren. Eskabide-eredua honako egoitza elektroniko honetan eskuragarri dago: www.elankidetza.euskadi.net

    Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko.

    Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala xedatuta baitago Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan.

  1. Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

    Erakunde eskatzaileak bete beharreko baldintzak 31/2008 Dekretuaren 7. artikuluan jasota daude (31/2008 Dekretua, otsailaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituena).

  2. Instrukzio.

    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eskabidearen balorazioa helaraziko dio Agentziako Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuari, eta zerbitzu horrek eskabideen azterketa teknikoa eta balorazioa egingo du, eta horren berri emango dio Agentziako Zuzendaritza Batzordeari. Batzorde horrek laguntzak emateko proposamena prestatuko du, horretarako egingo duen bileran.

  3. Erabakia.

    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak 2014an eskatutako laguntzak onetsi edo ezetsiko ditu, kontseilu errektoreak proposatutako irizpideei jarraikiz, eta horren berri emango dio kontseilu errektoreari.

  4. Ordaintzeko modua.

    Ordainketa bakarraren bidez ordainduko dira laguntzak, behin diru-laguntza emateko ebazpena eman ondoren.

  5. Justifikazioa.

    Proiektuaren azken datatik hasi eta lau hilabeteko epean erakunde esleipendunak txosten bat aurkeztu beharko du, Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako ekintza humanitarioetarako laguntzak arautzen dituen 2008ko otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 18. artikuluan aurreikusitako eran. Azken finantza-txostenean, proiektuaren kostu guztien % 100a justifikatu beharko da.

  1. Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

    Erakunde eskatzaileak bete beharreko baldintzak 31/2008 Dekretuaren 21. artikuluan jasota daude (31/2008 Dekretua, otsailaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituena).

  2. Instrukzioa.

    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dio eskabidearen balorazioa, eta kontseilu errektoreak horretarako beren-beregi bilera eginik, eta Garapenerako Lankidetzaren Agentziak aurretiaz txostena bidalirik, behar diren laguntzak ematea proposatuko du.

  3. Erabakia.

    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango edo ukatuko ditu 2014an eskatutako laguntzak. Ebazpena EHAAn argitaratuz jakinaraziko da.

  4. Esanbidezko ebazpenik ez ematea.

    Deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita sei hilabeteko epean esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

  5. Hitzarmena.

    Diru-laguntza onartu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta erakunde eskatzailearen arteko hitzarmena sinatuko da, emandako diru-laguntza bakoitzeko. Horretarako, II. eranskineko ereduari jarraituko zaio.

  6. Ordaintzeko modua.

    Emandako diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:

    Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50, hitzarmena sinatzen den unean.

    Emandako diru-laguntzaren gainerakoa, estrategia markoaren aurrekontu osoaren % 30 egin dela justifikatu ondoren.

  7. Justifikazioa.

    Erakunde eskatzaileak jarraipeneko txosten bat aurkeztu beharko du, aurrekontu osoaren % 30 justifikatzen duenean, bigarren ordainketa jasotzeko aukera emango diona, eta bestalde, amaierako txosten bat aurkeztu beharko du, laguntza gauzatu ondorengo lau hilabeteko epean, hala ezarrita baitago Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako ekintza humanitariotarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 33. artikuluan.

Eskabideak I. eranskineko hautaketa-irizpideen eta baremazioaren arabera baloratuko dira.

Deialdi honen babesean emandako laguntzen zenbatekoak, xede bererako emandako beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin batera, ezingo du gainditu proiektuaren kostu osoa. Hala gertatuz gero, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, dagokion itzulketa-prozedura izapidetuta.

Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada baldintza horiek zehaztuta dauden 31/2008 Dekretuaren 46. artikuluan, eta, edozein kasutan, xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntza jasotzeko 31/2008 Dekretuan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira.

Erakunde esleipendunak ebazpen honetan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak faltsuak badira, jasotako diru-kopurua ematea eragin duenaz bestelako xede baterako erabiltzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan bildutako gainerako ez-betetzeetako bat gertatzen bada, laguntza itzultzeko prozedura izapidetuko da, eta, ondorioz, esleipendunak diru-laguntza galduko du, eta jasotako diru-kopuruak eta dagozkien interesak itzuli beharko ditu, egokitzat jotzen diren gainerako ekintzak bazter utzi gabe, eta hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa betez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, erakunde eskatzaileak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematera, haiek beren eginkizunak betetzeko eskatzen badiete.

Erakunde onuradunei abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2 artikuluan ezarritako berme-araubidea aplikatuko zaie. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dira. Horren indarrez, emandako diru-laguntza onartutzat joko da onuradunak aurkako esanbidezko aitorpenik egiten ez badu, betiere jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera hamar eguneko epean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 34/2007 Dekretua aldatzen duen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretua. Bada, azken dekretu horren 23.4 artikuluak dioenez, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2014ko aurrekontu-ekitaldian, urtean onartzen diren diru-laguntzetarako edozein deialditan onartzen diren diru-laguntzen % 7koa izango da erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa. Diru-laguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretua aplikatuko da, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Eraginkortasuna.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 21a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNgeles ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (16)

Arauaren historia →

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.