- EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 27koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, Busturialdeko Ur Partzuergoan gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu bat sortzen eta sailkatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 27koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, Busturialdeko Ur Partzuergoan gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu bat sortzen eta sailkatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 25
- Hurrenkera-zk.: 549
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/01/27
- Argitaratze-data: 2014/02/06
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
2013ko urriaren 21ean, Busturialdeko Ur Partzuergoaren Batzorde Exekutiboak Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu zion Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako idazkari lanpostua sortzeko eta sailkatzeko.
Horretarakoxe bideratu da uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. eta 9. artikuluetan aipatzen den prozedura (esan beharra dago, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen Zazpigarren xedapen iragankorrari jarraikiz, lege hori indarrean jarri 2013ko abenduaren 31 baino lehenago hasitako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioei dagozkien administrazio-prozedurak izapidetzen jarraituko direla eta ebatziko direla hasi zirenean indarrean zeuden xedapenen arabera).
Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, autonomia-erkidegoetako bakoitzari dagokio Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sortzeko, sailkatzeko edo kentzeko eskumena, betiere legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz.
Halaber, uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuak, Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen betetzeari buruzkoak, indarrean dagoena, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Zazpigarren xedapen iragankorraren arabera 2. artikuluan ezartzen ditu funtzionarioen lanpostu horiek sailkatzeko irizpideak. Aipatutako 2. artikuluak jasotzen du autonomia-erkidegoei dagokiela, beren lurralde-eremuaren baitan, Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sailkatzeko arauak eta irizpideak ezartzeko eskumena, betiere biztanleriaren eta Toki Erakundeetako aurrekontuen arabera.
Lanpostu horren sailkapenari dagokionez, jurisprudentziak argitu du uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren lanpostuak sailkatzeko biztanleei eta aurrekontuei buruzko baldintzen interpretazioa; hain zuzen, Zaragozako Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Auzitegiak 2002ko urriaren 4an emandako epaiak, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak 2003ko ekainaren 9an berretsiak, argitu du. Epai horren arabera, legelariak 2. artikulu hori oso-osorik aplikatu nahi izan balie 6. artikuluan aurreikusten diren entitateei (eskualdeei, metropolialdeei, mankomunitateei eta landa- eta hiri-komunitateei), besterik gabe, 2. artikuluan sartuko zituzkeen. Aipatutako jurisprudentziak, ordea, ulertu du horrelako entitateak sailkatu behar direla 2. artikuluko entitate motaren batean, baina ez udalak sailkatzeko erabili diren irizpide berberei jarraikiz, udalak ez baitira Errege Dekretuaren 6. artikuluak aurreikusten dituen entitateen parekideak, eta, beraz, udaletan lanpostu horiek sailkatzeko balio duten irizpideek ez dute zertan balio izan beste erakundeetakoak sailkatzeko. Era berean, epaiak eransten du, udaletan ez bezala, erakunde horietan biztanleria ez dela osagai erabakigarria, baizik eta kudeatzen den aurrekontua eta beren gain hartzen dituzten eskumenak. Irizpide horiek Toki-Jaurbideari buruzko indarrean dauden lege xedapenak biltzen dituen Testu Bateratuak, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak onartuak, 159.1 artikuluan aurreikusten ditu.
Prozeduraren instrukzio-aldian, 2013ko abenduaren 27an, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion aginduzko txostena eman zezala Busturialdeko Ur Partzuergoaren eskaera zela eta. Eskaera horren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik aldeko txostena ematen zaio Busturialdeko Ur Partzuergoko idazkari-kontuhartzaile lanpostua sortzeko eta sailkatzeko eskabideari.
Horregatik guztiagatik, Busturialdeko Ur Partzuergoak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren; Bizkaiko Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 2 artikuluarekin bat etorriz; baita Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera ere, honako hau
Lehenengoa. Busturialdeko Ur Partzuergoko idazkari-lanpostua sortzea, eta hirugarren mailan sailkatzea. Lanpostua Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalako gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.
Bigarrena. Busturialdeko Ur Partzuergoak lanpostu hori bere lanpostu zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez du bide administratiboa agortzen, eta beraren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin, hargatik eragotzi gabe errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bide erabiltzea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. Artikuluaren eta hurrengoen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu ahalko diote ebazpen hori deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 27a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


