- 7/2014 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu7/2014 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 40
- Hurrenkera-zk.: 991
- Xedapen-zk.: 7
- Xedapen-data: 2014/02/14
- Argitaratze-data: 2014/02/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena. Lankidetza-hitzarmen hori Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketako gradu titulua, Unibertsitatearen berezko titulua, lortzera bideratutako azterlanak garatzeko egingo da I. eranskinean jasotzen da.
Oñatiko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Zuazola Larraña BHI-ko kirol-instalazioa berritzeko eta instalazio hori erabiltzeko, II. eranskinean jasotzen da.
Euskal Estatistika Erakundearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, statistika gaietarako III. eranskinean jasotzen da III. eranskinean jasotzen da.
Nafarroako Foru Komunitateko Euskarabidea-Euskararen Institutua erakunde autonomoarekin lankidetza-hitzarmena. Helburua: hizkuntza politikari buruzko berariazko, IV. eranskinean jasotzen da.
Bizkaiko Foru Aldundi eta Labayru Institutuarekin hitzarmena, 2012-2015eko lan programa finantzatzeko V. eranskinean jasotzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
Arkauti, 2012ko irailaren 19an.
BILDU DIRA:
Alde batetik Francisco Javier Gil Goikuria jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasketen antolamendurako errektoreordea.
Eta bestetik Elena Moreno andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria.
PARTE HARTU DUTE:
Lehenengoak, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasketen antolamendurako errektoreordeaden aldetik eta haren izenean eta ordezkaritzan jardunez.
Bigarrenak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari den aldetik eta haren izenean eta ordezkaritzan jardunez, Polizia eta Larrialdietako egiturari buruzko martxoaren 30eko 96/2010 Dekretuaren 8.1.a) artikuluaren arabera.
Alde biek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko beharrezkoa den gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri.
HAU ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa. Europar Batasunak esan duela erabateko segurtasunak, larrialdietako gestioak eta prebentzioak hainbat alderdi eta esparru barne hartzen dituztela, lanpostu berriak sortuko dituztenak. Gai hauen ikuspegi orokorrak hainbat alderdi eta esparru juridiko, zientifiko eta tekniko barne hartzen ditu, hala nola, lan-prebentzioa, segurtasun publikoa eta pribatua, banku-segurtasuna, elikadura-segurtasuna, segurtasun-informatikoa, arriskuen ebaluazioa, industria segurtasuna, babes zibila eta hondamendiak.
Bigarrena. Euskal Herriko Unibertsitateak, goi mailako ikasketa zentroa izanik, ikasleen formazio integrala hartzen duela bere gain, ikasleek ikasketa emankorrak egiteko eta lan munduan sartzeko.
Hirugarrena. Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako etengabeko prestakuntza eta ikastaro osagarrien Berezko Tituluaren helburua dela ikasketa ofizialen planetan ez dauden ikasketak eskaintzea. Ikasketa eta ikastaro hauek egiten dituztenei garapen profesionala, zientifikoa, teknikoa eta artistikoa hobetzeko aukera ematen die. Horretarako, erakunde eta enpresen arteko lankidetza-harremanak ezartzen ditu.
Laugarrena. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, bere aldetik, arduratzen dela, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei laguntza eta babes lanak ematen dizkieten erakunde publiko edo pribatuen arteko koordinazioaz, helburu hauek betetzeko egokiak izan daitezkeen prestakuntza- eta dibulgazio- ekintzak sustatzeko eta garatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak ematen dizkion eskuduntzen arabera.
Bosgarrena. Segurtasun publikoaren ikuskera integralaren esparruaren barruan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagozkiola hainbat profesionalen ezagutza tekniko eta edukien eguneratze eta hobekuntza iraunkorra. Horrela teknologia berrien ahalmen guztiarekin, teknika berrien eta heziketa berrien garapenean aurrera egingo du.
Seigarrena. Erakunde bientzat interesgarria dela lankidetza eraberritzea «Segurtasun eta Larrialdietarako Gestioa» Berezko Tituluaren edizio berria garatzeko, segurtasun eta larrialdi arloetan emango dien kalitateko eta goi mailako prestakuntza eskaintzeko.
Zazpigarrena. Ondorioz, adierazitakoari jarraituz eta bi erakundeen arteko lankidetza instituzionalizatze aldera, biek hitzarmen hau sinatzea erabaki dutela. Era berean, diru kontuak ere hitzartu dituzte klausula hauei jarraituz.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen funtsezko helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak «Segurtasun eta Larrialdietarako Gestioa» Graduatu ikasketei dagokien Unibertsitateko Berezko Titulua lortzeko elkarri laguntza emateko baldintzak arautzea 2012-2013, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetarako.
Bigarrena. Hezkuntza programaren berezitasunak.
Titulua, 180 ECTS (European Credit Transfer System) kreditukoa, 3 ikasturtetan egituratuta dago. Urte bakoitzean 60 ECTS kreditu.
Lehenengo ikasturtea ikasle guztientzako bera da. Barne Ministerioak homologazioa emateko beharrezko diren edukiak ematen dira eta horrela lortzen dira dagokion alorrean Segurtasun zuzendari lan egiteko gaikuntza, Lan Arriskuen prebentzioko Oinarrizkoa eta Segurtasun Aholkulari lan egiteko gaikuntza lortzeko azterketa egiteko beharrezkoa den formakuntza.
Bigarren ikasturtean larrialdi eta segurtasun espezialitateak emango dira. Izan ere, segurtasun publiko edo pribatuko alorrean, babes zibileko eta larrialdietako alorretan sartzeko aukera emango duten ikasgaiak sakonduko dira.
Hirugarren ikasturtea batez ere praktikoa izango da. Bukaeran gradu bukaerako lan bat egin behar da eta baita alorreko erakunde, instituzio eta enpresetan practicum bat ere. Horretarako, aipatutako erakunde biek dagozkion praktika-hitzarmenak sinatuko dituzte.
Hirugarrena. Non izango diren eskolak.
Eskolak, Eibarko Otaola Etorbideko 29an dagoen Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko UE-n edo baldintzak betetzen dituen Euskal Herriko Unibertsitateko egoitzaren batean izango dira.
Laugarrena. Finantziazioa, bereizgarriak eta helburua.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2012-2015 ikasturteetarako 169.500 euroko diru-laguntza emango du. Diru-laguntza hau honela banatuko da:
2012. urtean 49.500 euro.
2013. urtean 60.000 euro.
2014. urtean 60.000 euro.
Diru hau honela ordainduko zaio Euskal Herriko Unibertsitateari:
2012. urteari dagokiona hitzarmen hau sinatu ondoren ordainduko zaio.
Gainontzeko ikasturteei dagokiena, ikasturte bakoitza hasi baino lehen ordainduko zaio.
Aipatutako dirua, Berezko Tituluaren aurrekontuko partida hauetako gastuei aurre egiteko izango da:
Irakasleen eta Batzorde Akademikoko kideen soldatak eta dietak.
Administrazio eta zerbitzuetako langileen soldatak.
Material didaktikoa, suntsigarria eta bulegokoa.
Ikasleen istripu arriskuetarako aseguru-primak.
Berezko Titulutik eratortzen diren bestelako kostuak.
Euskal Herriko Unibertsitateak, ikastaro bakoitzeko eskolaldia amaitu eta ondorengo hiru hilabeteko apean, diru sarrera eta gastu guztiak jasotzen dituen kontuen egoera aurkeztuko dio urtero Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, jatorrizko kontabilitate-agiri edo haien kopia konpultsatuen bitartez, egiaztaturik.
Gastuak ez zuritzeak zein jasotako kopurua beste helburu batekin erabiltzeak, ordura arte jasotako diru ekarpena osorik edo partzialki itzultzea ekarriko du, gehi sortutako interes legalak, dirulaguntzen itzulketarako prozedura orokorra aurreikusten duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz.
Bosgarrena. Euskal Herriko Unibertsitatearen betebeharrak.
Euskal Herriko Unibertsitatea titulazioaren zuzendaritza akademikoaz arduratuko da. Horretarako zuzendaria eta gutxienez Batzorde Komisioko hiru kideetatik bi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak izango dira lanaldi osoz.
Euskal Herriko Unibertsitatea dokumentu honen Bigarren Klausulan adierazitakoari jarraituz, prestakuntza-arloaz arduratuko da. Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko UE arduratuko da prestakuntza-arloaren antolaketa, kudeaketa eta garapenaz. Honengatik, bere gain hartuko ditu Berezko Tituluak arautzen dituen Legedi Orokorrean eta 2010-12-22an Gobernu Batzordeak onartutako Berezko Irakaskuntzak arautzen dituen Araudi Bateratuan ezarritako funtzioak.
Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko UE-k erakunde biek adostutako lokalak utziko ditu Berezko Tituluak eskatzen dituen jarduerak baldintza egokietan gauzatu ahal izateko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreak, Berezko Titulua sinatuko dio Hitzarmen honek helburu duen prestakuntza gainditzen duen ikasleari.
Euskal Herriko Unibertsitateak aseguru-poliza bat hitzartu beharko du ikasleen istripu-arriskuetarako.
Seigarrena. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren betebeharrak.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak laugarren klausulan aipatutako Berezko Titulutik eratortzen diren kostuak finantzatzeko konpromisoa hartuko du.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berarekin harremanak dituzten Euskadiko segurtasun alorreko erakunde eta instituzio egokienetan ikasleek praktikak egin ahal izateko beharrezkoak diren gestioak gauzatuko ditu.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Batzorde Akademikoan Ikastegiko zuzendariak izendatutako ordezkari bat izango du.
Zazpigarrena. Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen honen helburu, ekintzak, eduki eta egikaritzaren kontrol eta jarraipen egokia bermatzeko, honen harpidetzatik eratorritako betebehar eta eskubideen koordinazio, interpretazio eta kontrol batzordea eratuko da. Batzorde hau, hitzarmen hau sinatzen duten erakundeen ordezkariek osatuko dute. Batzorde honek bere garapen eta jarraipenaren nondik norakoak ezagutuko ditu. Horretarako hitzarmena betetzen dela aztertu, kalitatea bermatu eta politika bateratua eta beharrezkotzat jotzen diren koordinazio ekintzak sustatuko ditu.
Batzorde hau Akademia Antolakuntzako Errektoreordeak izendatutako UPV/EHUko hiru kidek eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izendatutako beste hiru kidek osatuko dute. UPV/EHUk izendatutakoen artean, Lehendakari gisa Akademia Antolakuntzako errektoreordea, tituluari dagokion ikasketen arloko Unibertsitateko Doktoregoko Azpibatzordeko kide bat eta titulazioari dagokion Zuzendari Akademikoetako bat egongo dira.
Batzordeak ondoko funtzioak bete beharko ditu:
Hitzarmena gauzatzean sor litezkeen interpretazio-gorabeherak ebaztea.
Hitzarmena gauzatzean sor litezkeen betetze-gorabeherak ebaztea eta hobetzea.
Hitzarmena luzatzeari buruzko arrazoitutako proposamenak egitea.
Hitzarmena sinatzen duten alderdiek edozein klausula betetzen ez dela salatuz gero jakinaraztea.
Urteko memoria egitea eta hitzarmena sinatzen duten alderdiei honen berri ematea.
Klausula honetan araututako Batzordeak, emango zaizkion funtzionamendu-arauak jarraituz egingo du lan. Arau horiek azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Publikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidegoari buruzkoak, II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzako xedatutakoak errespetatuko dituzte.
Zortzigarrena. Hitzarmena interpretatzeko erregimena.
Hitzarmen honek administrazio izaera du eta beraz, bere interpretazioa eta garapena dagozkion legedi administratiboaren arabera arautuko da.
Hitzarmen honek edo bere betetzeak sor ditzakeen arazoak Jarraipen Batzordeak erabaki beharko ditu, aurreko klausulan ezartzen denari jarraituz.
Bederatzigarrena. Hitzarmenaren iraupena eta eraginak.
Hitzarmen hau 2012-2013, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan egongo da indarrean.
Hitzarmenak izenpetua den unetik izango du eragina eta sinatzaileak behartuko ditu, eta 2014-2015 ikasturtea bukatu arte iraungo du.
Hamargarrena. Hitzarmena iraungitzea.
Hitzarmena aurreko klausulan ezarritako indarreko epea igaro delako iraungiko da.
Hori guztia kontuan hartuta, eta ezarritakoarekin ados egonik, alde bien ordezkariek dokumentu hau sinatu dute, hiru aletan, goian esandako lekuan eta egunean.
Euskal Herriko Unibertsitatea,
FRANCISCO JAVIER GIL GOIKOURIA.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia,
ELENA MORENO ZALDÍBAR.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailak 19.
BILDU DIRA:
Batetik, Isabel Celaá Andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua.
Bestetik, Mikel Biain Berraondo jauna, Oñatiko Udaleko Alkatea.
AZALDU DUTE:
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoa Oñatiko Zuazola-Larraña BHIren eraikinak hartzen duen lurzatiaren jabe da, 1982ko abenduaren 29an Gasteizko Eduardo Arana y Andreu notario jaunaren aurrean lurzatia bereizteko egindako Obra Berriaren Deklarazioko eta Salerosketako eskrituraren arabera.
Bereizitako eta salerositako lurzatiak 15.901 m2-ko azalera du, eta horren gainean gorago aipatutako Institutuak kokaleku duen eraikina altxatu zen. Eraikinak 3.879,29 m2-ko azalera hartzen du.
Bigarrena. Udalak 108.856 euroko kontu-saila du, gorago aipatutako hezkuntza-eraikinari atxikitako futbol-zelaiaren terrenoan urbanizazioa, obra zibila eta kirol-ekipamendua egiteko.
Hirugarrena. Udal horren 2010eko martxoaren 11ko Gobernu Batzarrean zera erabaki zela, kirol-instalazioa berritzeko proiektua eguneratzea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, zegokion administrazio-hitzarmena negoziatu, onartu eta sinatzeko eskatzea. Hitzarmen horren bitartez honako hauek arautu eta ezarriko ziren: instalazioak modernizatu eta egokitzeko lanak gauzatu eta ordaintzeko erantzukizuna eta instalazio horren erabilera-erregimena. Ikasturtean zehar eskola-ordutegian ikastetxeko ikasleek erabiliko dute, eta aipatu ordutegitik kanpo, asteburuetan eta oporraldietan Oñatiko udalerriko biztanleek.
Laugarrena. Hezkuntza Sailak eta institutuko Zuzendaritzak uste dute egingo den hobekuntzak balio erantsia ematen diola ikastetxeko ekipamenduari eta erabilera misto eta partekatuaren proposamena egokia dela. Salbuespen gisa, aipatutako instalazioa Zuazola-Larraña BHIko ikasleek bakarrik erabiliko dute, ikasturtean zehar, irailetik ekainera (biak barne), eskola-orduetan.
Asteburuetan urte osoan zehar, eta egunero eskola-orduetatik kanpo, Oñatiko herritar guztientzat egongo da irekita kirol-instalazioaren erabilera.
Erabilera publikoa izango du, asteburuetan eta oporraldietan, urtero egingo den erabilera-egutegiaren eta -ordutegiaren arabera, nolanahi ere goian aipatu diren ikastetxeko zuzendaritzaren eskakizunak jasoz.
Goian azaldutakoaren arabera,
Lehenengoa. Xedea.
Hitzarmen honen xedea da lankidetza-esparru bat finkatzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta Oñatiko Udalaren artean, Zuazola Larraña BHIko kirol-instalazioa berritzeko eta instalazio hori erabiltzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak (aurrerantzean, Saila): baimena ematen dio Oñatiko Udalari, Eusko Jaurlaritzaren jabetzako Larraña BHI eskola-eraikinean kokatutako San Lorentzo futbol-zelaian obrak egiteko. Obra horiekin, asfaltoa eta zoladura bota, ura ekartzeko hodiak eta energia elektrikoa eroateko tutuak jarri eta kirol-instalazioa eraikinetik bereizi eta instalazioaren ingurunea itxiko duten beharrezko itxiturak jartzeko lanak egingo dira. Hala ere, aipatu itxituretan ikasleak ikastetxetik kirol-pistara zuzenean sartu ahal izateko ateak egongo dira.
Bigarrena. Kirol-instalazioak erabiltzea.
Kirol-instalazioak erabiltzeko eskubide esklusiboa izango dute:
Aurreko puntuan aipatutako ikastetxeko ikasleek:
(Ikus .PDF)
Oñatiko herritarrek erabili ahal izango dute instalazioa:
(Ikus .PDF)
Larraña auzoan kokatutako sarbidea izango da jendearentzako sarrera, eta bertan oinezkoentzako atea egokituko da. Ikastetxera materialak garraiatu eta sartzeko erabiltzen diren bi ateak bere horretan utziko dira, baina debekatuta egongo da partikularren ibilgailuak horietatik sartzea.
Hirugarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta iraungipena.
Hitzarmenaren indarraldia eta iraungitzeko kasuak jabari publikoa erabiltzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako baimen berezian ezarritakoak dira. Hitzarmena baimen horren zati bereiztezina da, eta inola ere ez da luzatuko 10 urte baino gehiagoz (luzapenak barne).
Laugarrena. Finantziazioa.
Oñatiko Udalak obraren kostu osoa hartzen du bere gain, eta tartean: kirol-instalazioa berritzeko lanak, instalazioa bera eta elementu osagarriak legeztatu eta martxan jartzeko jarduketak, berrikuntza- eta hobekuntza-proiektuan aurreikusitako beharrezko kirol-ekipamendua erosi eta jartzea, mantentze-lanen gastuak, ikastetxearen eraikinen fatxadetan sortutako kalteak barne (leihoak, kristalak, etab.), instalazio eta zerbitzu osagarrien kontserbazioa, argindar, gas eta ur hornidura eta instalazioen asegurua. Ikastetxea arduratuko da instalazioa ireki, itxi eta zaintzeaz, eskola-egunetan eskola-ordutegian; eta Oñatiko Udala, denbora-tarte horietatik kanpo, asteburuetan eta oporraldietan.
Bosgarrena. Erantsitako agiriak.
Hitzarmen honi erantsitako plan orokorrean zehazten dira futbol-zelaiaren inguruko itxituraren ezaugarriak: 3 metroko altuerako altzairu galbanizatuzko zutoinak, 0,60 metroko beso okerrarekin, eta hari bikoitzeko altzairu galbanizatu eta plastifikatuzko sarea. Gainera, oinezkoentzako bi ateen eta mantentzeko atearen kokapena eta baloiei eusteko bi sare-tarteen kokapena zehazten dira.
Eta adierazitakoarekin bat datozela egiaztatzeko, bertaratuko aldeek ale bitan sinatzen dute hitzarmen hau, goian adierazitako tokian eta egunean.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Oñatiko Udaleko alkatea,
MIKEL BIAIN BERRAONDO.
(Ikus .PDF)
Batetik, Javier Forcada Saiz jauna, Instituto Vasco de Estadística / Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean Eustat) zuzendari nagusia, erakunde horren izenean eta ordezkaritzan, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Elkartearen Estatistikari buruzkoak, 31. artikuluaren bidez eta urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuak, Eustaten egitura organikoa ezartzen duenak, 4. artikuluaren bidez emandako ahalmenen babesean, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 18an emandako baimenaren babesean.
Bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean UPV/EHU) errektorea, Unibertsitateko Estatutuek kargu horretarako emandako ahalmenen babesean (Estatutuak otsailaren 24ko 17/2004 Dekretuaren bidez onartu ziren) eta kargu horretarako egindako izendapenaren babesean (abenduaren 30eko 238/2008 Dekretuaren bidez izendatua; 2009ko urtarrilaren 7ko EHAA).
Bi aldeek hitzarmen hau betetzeko behar besteko gaitasun juridiko aitortzen diote elkarri. Horretarako, ondokoa
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa. Eustat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Erakunde Autonomoa da, apirilaren 23ko 4/1986 Legearen bidez sortua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika ofizialak planifikatu, arautu eta banatzeko erreferentziako autoritatea da, helburu duena emaitza homogeneo eta alderagarriak ematea eta lurralde horretan estatistikaren ekoizpenean parte hartu nahi dutenei beren jarduna erraztea.
Bigarrena. UPV/EHU unibertsitate publikoa da euskal gizartearekin zerbitzu konpromiso handia daukana, eta modu aktiboan inguru sozioekonomikoaren garapenaren alde egiten duena. Bere helburuen artean ditu ezagutza sortu eta transferitzea, ikerketaren bidez eta emaitzak gizartera transferituta, goi mailako hezkuntza eta profesionalen etengabeko prestakuntza.
Hirugarrena. Bi erakundeek badakite zein garrantzitsuak diren azterlan eta proiektu zientifikoen garapenerako ekonomia, gizarte eta demografiaren arloan estatistika publikoek ematen dituzten datuak.
Laugarrena. Hori guztia kontuan hartuta, UPV/EHUk eta Eustatek estatistiken arloko harremanetarako oinarrizko hitzarmena sinatu zuten 1998ko urriaren 20an.
Bosgarrena. Denbora luzea joan da hitzarmen hura sinatu zenetik, eta urte hauetan bi erakundeek eta euskal gizarteak berak izandako bilakaerak eraginda aukera berriak, premia berriak eta interes berriak sortu dira, eta, beraz, komenigarria da UPV/EHUk eta Eustatek sinatutako oinarrizko lankidetza hitzarmen hura eguneratzea.
Horrela, bada, bi erakundeen interesak osagarriak izanik, bi alderdiek
ADOSTU DUTE:
Lehenengoa. UPV/EHUk eta Eustatek 1998ko urriaren 20an harremanetarako sinatutako oinarrizko hitzarmena indarrik gabe uztea.
Bigarrena. Lankidetzako oinarrizko hitzarmen hau sinatzea, honako zehaztapenen arabera:
ZEHAZTAPENAK:
Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen helburua da UPV/EHUren eta Eustaten arteko lankidetzarako eremua ahalbidetzea, hartara bi erakundeen indarrak bateratzeko; guztia arau zabal batzuk ezarrita beren harremanak eta kolaborazioak ugaldu eta bideratzeko aurretik zehaztutako esparru baten barruan eta bi erakundeon helburuak lortze aldera.
Ondokoak dira lankidetza honen bidez lortu nahi diren helburu orokorrak:
Ezagutza bultzatzea, UPV/EHUk estatistikako informazioa erabiltzea eta ustiatzea.
Eustaten zerbitzuak ondo prestatutako erabiltzaileengana hurbiltzea (ikertzaileengana, ikerketa taldeengana, irakasleengana eta ikasleengana).
Bi erakundeen interesekoak diren berrikuntza arloekin lotutako ikerketa lerroak sortu eta garatzea, besteak beste arlo hauetan: estatistika-matematikaren alorra, datuen zabalkunde eta bistaratzea, datuen babesa eta konfidentzialtasuna, adierazle sintetikoen garapena, estatistika ekonomiko eta soziodemografikoen arloko analisi ereduak, datuak lortu, ustiatu eta zabaltzeko prozesuetarako teknologia berrien erabilera.
Bigarrena. Elkarlanean egingo diren jarduerak.
Aipatutako helburuak lortze aldera, ondokoak egingo dira, batzuk aipatzearren:
Eustaten aldetik:
Sarietarako deialdiak, estatistika publikoa oinarri dutenak.
Estatistikari buruzko ikastaroak eta mintegiak antolatzea.
Mikrodatuetarako sarbidea erraztea datuok ikerketan erabiltzeko xedez.
Prestakuntza bekak.
Ikerketako bekak.
Azterlan monografikoak eta panoramikoak bultzatzea UPV/EHUren partaidetzarekin.
Ikerketa proiektuak.
Neurrira eskatutako datuetan hobaria edo salbuetsita izatea, datuok irabazi asmorik ez duten eta laguntza izan duten ikerketetarako edo azterlanetarako badira edo emaitzak erabilgarriak badira gizarterako edo Eustaterako.
Irakasleentzako, ikertzaileentzako edo ikasleentzako interesagarriak izan daitezkeen Eustateko zerbitzuak eta estatistika informazioa aurkeztea.
UPV/EHUren aldetik:
UPV/EHUren web orrian ikusgarri jartzea Eustaterako lotura.
Ikastaro eta mintegietarako lokalak uztea.
Estatistika ofizialarekin zerikusia duten ikerketa lerroak sustatzea.
Eustatek bere aldetik jarriko dituen elementuak garatzeko erraztasuna eta laguntza ematea.
Hirugarrena. Oinarrizko hitzarmenaren garapena.
Lankidetzako oinarrizko hitzarmen honen babesean eta aipatutako lankidetza eremuan egingo diren jarduera eta proiektu bakoitzerako tramitazio zehatza egingo da, kasuan kasuko araudiari jarraituz. Tramitazioan xehetasunekin jaso beharko dira lankidetzaren nondik norakoak, bai ekonomiaren arlokoak (horrelakorik egonez gero), bai bi alderdiek onartutako bestelakoak.
Hitzarmen hau garatzeko egindako hitzarmen, akordio, kontratu eta bestelako agirietan, kasuan kasuko agirian berariazko direnez gain, ondokoak jaso beharko dira:
Elkarlanean egindako ikerketako emaitzen titulartasuna eta emaitzok nola ustiatuko diren, eta ikerketan parte hartzen dutenentzako konfidentzialtasun araubidea.
Elkarrekin erabili beharreko ikerketarako azpiegituren banaketa, eta, behar izanez gero, horiek erabiltzeko baldintzak. Azpiegituren erabilera jasota ageri beharko da programa eta proiektuetan.
Laugarrena. Lankidetzari zabalkundea ematea.
Bi erakundeok konpromisoa hartzen dute hitzarmen honek helburu duen lankidetza nabarmentzeko, bai eta hitzarmen honen babesean sinatzen diren hitzarmen zehatzena ere.
Horrela, bada, lankidetzako oinarrizko hitzarmen honen ondorioz sortutako ezagutzarekin egindako argitalpen guztietan edo ezagutza hori zabaldu eta ustiatzeko egindako jarduera guztietan berariaz jasota ageri beharko da bi alderdien arteko lankidetza eta bermatu egin beharko da bien irudia, egoki diren beste batzuekin batera, nabarmenduta ageriko dela, antzeko tamaina edo ezaugarriekin.
Bosgarrena. Datu pertsonalen babesa.
Informazioa zabaltzerakoan datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiari jarraitu beharko zaio, bereziki, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan zehaztutakoari.
Seigarrena. Konfidentzialtasuna.
Hitzarmen honen babesean emandako informazio eta dokumentu guztiak konfidentzialak izango dira, eta bi alderdiek konpromisoa hartzen dute datuak ez zabaltzeko eta hirugarrenei ez emateko.
Zazpigarrena. Hitzarmenaren jarraipena.
Bi aldeetako edozeinek bilerarako eskaria egin ahal izango du hitzarmena bultzatzeko, jarraipena egiteko, gorabeherak eta arazoak konpontzeko eta jarduerak programatu edo jardueren balorazioa egiteko. Jarraipenerako, gutxien dela urtean behi bilera bat egiteko konpromisoa hartzen dute aldeek.
Bileren akta egingo da eta jasota ageri beharko dira kideek hartutako erabakiak.
Lankidetzako oinarrizko hitzarmen honen babesean egindako hitzarmen zehatzetan, hitzarmen bakoitzari jarraituz egin diren jardueren jarraipena deskribatuko da.
Zortzigarrena. Indarraldia.
Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta epe hori amaitzean automatikoki luzatuko da beste hiru urtez, eta horrela hiru urtetik hiru urtera, aldeetako batek hitzarmena denuntziatzen ez badu; horrela eginez gero, epea bukatu baino gutxien dela hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio beste aldeari bide egiaztagarriren baten bidez.
Bederatzigarrena. Aldaketak.
Alderdi bietako batek egindako eskariari jarraituz, hitzarmen hau aldatu ahal izango da biak ados jarrita. Hitzarmenean egindako aldaketek eragina izan dezaten, idatziz jaso beharko dira eta behin bi aldeek sinatutakoan, hitzarmenari erantsiko zaizkio.
Hamargarrena. Arazoak konpontzea.
Aldeek konpromisoa hartzen dute beren esku dauden baliabide guztiak erabiliz, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez, hitzarmen honen betearazpenari buruz sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko.
Hamaikagarrena. Hitzarmena bertan behera geratzea eta ondorioak.
Oinarrizko hitzarmen hau bertan behera utziz gero, honen babesean sinatutako hitzarmen eta kontratuak indarrean jarraituko dute indarraldia bukatu arte.
Bi aldeek irakurri dute hitzarmen hau eta ados daude bertan adierazitakoarekin. Beraz, hitzarmenaren bina ale sinatu dute ondorio bakarrerako, goian adierazitako leku eta egunean.
Leioa, 2012ko irailaren 27a.
Instituto Vasco de Estadística / Euskal Estatistika Erakundearen aldetik,
JAVIER FORCADA SAINZ.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Iruña, 2012ko uztailaren 5a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Blanca Urgell Lázaro andrea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua.
Beste aldetik, José Iribas Sánchez de Boado jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilaria.
Bi aldeek, zeinek beren gobernuen ordezkari moduan jarduten duten, egintza hori gauzatzeko ahalmena dute eta ondorio horretarako
ADIERAZTEN DUTE:
Espainiako Konstituzioak, Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak autonomia erkidegoei aukera ematen dietela elkarlanean aritzeko eta Hitzarmen honetan ordezkaturiko bi autonomia erkidegoei dagokienez euskararen arloan eskumenak izateko.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanaren bidea aukeratu dutela, beti abiatuz erakundeek elkarri dioten errespetutik eta bi erkidegoen errealitate politiko eta soziolinguistiko desberdinetatik, legeek erkidego bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hizkuntzaren arloan elkarlanean aritu nahi dutela, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak 2009ko uztailaren 3an sinatu zuten Lankidetzarako Protokolo Nagusiko hirugarren klausulako C letran ezarritakoari jarraikiz.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egoki dakusatela lankidetza teknikorako esparru hauek zehaztea: euskararen babesa eta garapena, ikerketa, dokumentazioa, eta ezagutzen eta informazioaren trukea.
Komeni dela bi administrazioak elkarlanean aritzea, beharrezkoak ez diren bikoiztasunak eta gastuak saihesteko eta ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko, gorago aipatutako Lankidetzarako Protokolo Nagusian zehazturik dauden arrazionaltasuna, soiltasuna, gardentasuna eta baliabideen ekonomia gordez.
Bi aldeek erabaki dutela Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen hau sinatu eta honako klausula hauek betetzea:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Xedea.
Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen honen xedea da bi erakunde sinatzaileen arteko lankidetza bultzatzea euskarari dagozkion alderdi jakin batzuetan. Administrazio bakoitzak Hitzarmen honetan bildutako programak egin edo garatuko ditu, nork bere ahal ekonomikoen heinean.
Bigarrena. Ezarpen esparruak:
Ezarpen esparruak ondoko hauek dira:
Euskara helduei irakastea.
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) bitartez, eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua ados daude bi administrazioek helduentzako euskararen irakaskuntzan egiten dituzten ekintzetan lankidetza bultzatzeko.
Hori dela-eta, bi aldeek adierazten dute ondoko arlo hauetan elkarlanean segitu beharra dagoela:
Bi erkidegoetan helduei euskara irakasteko curriculuma garatu eta parekatzea.
Irakaskuntza horretan aritzen diren irakasleen berariazko prestakuntza. Bi administrazioek beren langileei aukera emanen diete helduentzako euskararen irakaskuntzan administrazio bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko, betiere kontuan hartuz jatorrizko administrazioak oro har prestakuntzarako ezarrita dituen bertaratze irizpideak eta prestakuntza ematen duen administrazioak jarduera horretan langileak hartzeko duen gaitasuna.
Curriculumeko materialak prestatu eta hedatzea, bi administrazioek hala egitea egokitzat jotzen denean.
Curriculumean eta curriculumeko materialetan argi ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea bi entitate politiko, instituzional eta administratibo ezberdin direla.
Hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapena.
Era berean, elkarlanean arituko dira bi administrazioak euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri harturik, eta bi administrazioek elkarrekiko ezagutza emanen diete ematen dituzten tituluei.
Ikerketa eta mapa soziolinguistikoak.
Bi administrazioak elkarlanean arituko dira administrazio bakoitzak eskuratzen dituen datuak erkidego bakoitzean euskararen errealitatea islatzeko erabil daitezen.
Hala, azterlan eta ikerketa soziolinguistikoen gaineko informazioa trukatuko dute eta esperientziak partekatuko dituzte, adierazle soziolinguistikoen sistemak eta hizkuntza politika prestatzeari eta garatzeari dagokionez.
Ahal dela, azterlanak erkidego bakoitzean egiteko datak egokituko dira, dela euskararen inkesta, euskararen mapa soziolinguistikoa egiteko, dela aurrekoak osabeteko dituzten bestelako eragiketa estatistikoak egin behar direnean.
Arlo honetan argi ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea administrazio publiko desberdinak dituzten bi erakunde desberdin direla.
Euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpenak.
Bi administrazioak elkarlanean arituko dira arlo hauetan:
Espainiako eta atzerriko lege-arauak, baita Europar Batasuneko itun eta zuzentarauak ere, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara itzultzea.
Zinpeko itzultzaile eta interpreteentzako egiaztapenei elkarrekiko ezagutza ematea.
Bi administrazioetako itzulpen zerbitzuek egindako itzulpenek balioa izanen dute bi erkidegoetan.
Itzulpen memoriak.
Bi aldeek hitzematen dute itzulpen memorien banku publikoa sortu eta mantenduko dutela, bi administrazioetako itzultzaileek beren lanean erabil dezaten; bi administrazioek sortutako itzulpen corpusa banku horretara bilduko da.
Terminologia.
Bi administrazioek erabaki dute terminologiaren arloan modu eraginkorrean elkarlanean arituko direla, terminoen onarpena, glosarioen trukea eta haien hedapena modu bateratuan egin dadin.
Horretarako, deialdia egin ez duen administrazioaren ordezkari batek gonbita izan dezake beste administrazioaren Terminologia Batzordean aritzeko.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
Bi aldeek hitzematen dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien esparruan dauden baliabideen inbentarioa eginen dutela, horretan interesa duten erabiltzaileek errazago eskura ditzaten eta baliabide horiek euskaraz sortu edo egokitzeko ahaleginetan bikoiztasunik egin ez dadin.
Euskara nazioartean hedatzeko programak eta euskarazko irakurleak atzerriko unibertsitateetan.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlana sustatuko du Etxepare Euskal Institutuaren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren artean. Erakunde hauek eskumena dute euskara eta euskal kultura nazioartean hedatzeko, eta, hartara, bi erakunde horietako edozeinek helburu horiekin prestatzen dituen programetan parte hartzera gonbida dezake bestea.
Hizkuntzaren kultura-sustapena.
Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza elkarlanean aritzen ahal dira euskararen kultura-sustapeneko programak egiten edo haietan parte hartzen; arloak, honako hauek:
Ekinaldien eta materialen hedapena.
Bi administrazioek antolaturiko ekitaldietan parte hartzea.
Hirugarrena. Indarraldia.
Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen honek sinatzen den unean hartuko du indarra. Urtero luzatzen dela ulertuko da, isilbidean, ez badu behinik behin aldeetako edozeinek indarrik gabe utzi nahi duela adierazten, gutxienez indarraldia bukatu aurretik hilabeteko epean.
Laugarrena. Lankidetza Hitzarmenaren jarraipena.
Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen honen betetze-mailari jarraipena egiteko, bi aldeek adostu dute alde biko Batzorde Mistoa eratzea. Batzorde horrek lau kide izanen ditu: bi, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak izendatuak, eta beste bi, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak izendatuak.
Batzorde horretan parte har dezakete gorago adierazi diren HABE edo Etxepare Euskal Institutuko ordezkariek, landu beharreko gaiak haiek egotea eskatzen duenean.
Hitzarmen honetan zehaztutako aplikazio esparruetako bakoitza garatzeko erkidego bakoitzeko organo eskudunek alde biko Batzorde Mistoari nork bere esparruko jarduera proposamena eta bakoitzak egindakoaren txostena bidaliko diote.
Batzorde Mistoari dagozkio ekitaldi bakoitzean egin beharreko jarduera zehatzen azterketa eta proposamena egitea eta Hitzarmen honetan jasotako erabakien balorazioa egitea, haien alderdi pedagogikoak, antolaketa alderdiak eta administrazio alderdiak kontuan hartuz.
Batzorde Mistoa bilduko da, gutxienez urtean behin eta alde bakoitzak eskatzen duen guztietan. Bilera bakoitzeko akta idatziko da. Batzordeak izanen dituen egitekoak gauzatzeko alde bien zerbitzu teknikoen laguntza izanen du.
Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen hau alda daiteke bi aldeak aldaketarekin ados badaude; halakoetan, behar den eranskina gehituko zaio Hitzarmenari.
Aurrekoarekin bat eginez, Lankidetzarako Berariazko Hitzarmen hau izenpetu dute, euskaraz zein gaztelaniaz, bi aletan, gorago aipatutako lekuan eta egunean.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren izenean,
JOSÉ IRIBAS SÁNCHEZ DE BOADO.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren izenean,
BLANCA URGELL LÁZARO.
Batetik, Lourdes Auzmendi Ayerbe andreak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren ordezkari eta haren izenean, eta Miren Josune Ariztondo Akarregi andreak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako foru diputatuak.
Bestetik, Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria jaunak, Labayru Ikastegiko zuzendariak.
PARTE HARTZEN DUTELARIK:
Lehenengo biek nork bere erakundearen izenean eta haren ordezkari.
Azkenak Labayru Ikastegiaren izenean eta haren ordezkari.
Honako hitzarmen hau elkarri aitortzeko gai direlarik, hauxe
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa. Labayru Institutuak, izaera juridiko propioa duenak eta sortu zenetik euskal kultura haren jardueraren interesgunean duenak, bere estatutuetan lehentasunezko helburutzat jasotzen du euskal kulturaren balioak garatzeko eta eguneratzeko lan eta zerbitzuak sustatzea.
Bigarrena. Elizbarrutiko Institutu honek euskal kulturaren esparruan garatzen dituen jardueren interes orokorra aintzat hartuz, administrazio parte-hartzaileek aipatutako Institutuarekin arlo finantzario eta materialean lankidetzan aritzeko bide formala antolatzeko aukera onetsi dute, horrela, arlo horretan haren etorkizuneko jarduketaren garapen osatuago eta eraginkorragoa ahalbidetzeko.
Hori guztia dela medio, alderdiek hitzarmen hau egitea adostu dute, honakoei jarraiki
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea, batetik, Labayru Ikastegiaren, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmen oinarriak finkatzea da eta era berean, erakundearen aurreranzko ekintzabidea ziurtatzeko alde desberdinek bere gain hartzen dituzten betebeharrak, diruzkoak zein baliabidezkoak, arautzea.
Bigarrena. Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau lau urtez izango da indarrean, baldin eta helburu horretarako aurrekontu-kreditu nahikoa eta egokia badago izendatuta hitzarmen-kideen aurrekontu orokorretan, ekitaldi bakoitzean. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan.
Hirugarrena. Labayru Ikastegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.
Honako baldintza hauek betetzeko konpromisoa hartzen du, luze-zabalean, Labayru Ikastegiak:
Aurrekontu arlokoak.
Hitzarmen honetan sortzen den Jarraipen Batzordeari honakoak aurkeztu beharko dizkio:
Aurrekontu arrunta (ezein programari berariaz ez egotzitako gastuak):
Langile-taldearen osaera eta kostua.
Funtzionamendu-gastuak.
Inbertsioak.
Programa-aurrekontuak (jadanik abian dauden edo abian jarriko diren lan-programen gastuak).
Jardute-arlokoak zein materialak.
Era berean, hurrengo ekitaldian burutuko dituen programen jarduketa-plan bat ere aurkeztu beharko du. Urte anitzeko jarduketa-planen kasuan, aurrekontu horrek urteetan banakatua egon beharko du.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan jasotako laguntza eta diru-laguntzen araubidearen eraginpean egongo da Labayru Institutua, xedapen horren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharren menpe, baita maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauan ezarritakoen pean ere; horrek arautzen du Foru Administrazioak emandako diru-laguntzen erregimen juridiko orokorra. Halaber, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko du Labayru Institutuak.
Bestelako betebeharrak.
Jarduketa-planean begiz jotako egitekoek etenik izanez gero, horren guztiaren berri emango dio Labayru Ikastegiak Jarraipen Batzordeari; halaber, bere programa, nahiz ikerketa-proiektuen txosten edo memoriak interpretatzeko xehetasunak emango dizkio batzordeari, horrek eskatuz gero.
Euskal Herriaren lurraldeetako unibertsitateekin, publiko zein pribatuekin, hizkuntzalaritzaren alorreko ikertzaileen prestakuntza-lanean parte hartuko du Labayru Ikastegiak, beraiek hala eskatzen badiote.
Horrez gain, hitzarmen honen babesean egindako kultur jardueretan, Labayru Institutuak administrazio sinatzaileen lankidetza erakutsiko du argi, aipatutako jardueren inguruko material orotan, edozein euskarritan editatzen direla, administrazio horien logotipoak jarriz.
Laugarrena. Hitzarmena izenpetzen duten herri-aginteen betebeharrak.
Hitzarmen honen indarraldian, urteko aurrekontuak jasotzen dituzten lege-egitasmoetan edo foru-arauetan, Labayru Ikastegiarentzako diru-izendapena onartuko duten ardura hartzen dute bere gain, Labayru Ikastegiak hitzarmen honetan jasotakoa bete ahal izan dezan. Hori horrela izango da, betiere, hitzarmen honen 2. klausulan jasotakoa betetzen bada.
Bosgarrena. Prozedura.
Ekitaldi bakoitzean, eta Jarraipen Batzordeak jarritako epearen barruan, Labayru Ikastegiak hurrengo ekitaldian burutuko dituen programen jarduketa-plana eta behin-behineko aurrekontuak (arrunta eta programenak) aurkeztu beharko dizkio batzorde horri.
Jarraipen Batzordeak aipaturiko dokumentuak aztertuko ditu eta administrazio sinatzaileei proposatuko die hurrengo ekitaldian Labayru Ikastegiari izendatuko zaion ekarpen ekonomikoa, haiek aurreikusi eta, balegokio, aurrekontu-izapidetza aurrera eramateko.
Aipatutako aurrekontuak zehatz-mehatz bereiztu beharko ditu Labayru Ikastegiaren funtzionamendu arrunterako zatia zein programak finantzatzekoa.
Herri-administrazio sinatzaileek, Jarraipen Batzordeak baloratu ondoren eta aurrekontuek ahalbidetzen dien heinean, Labayru Ikastegiari egin beharreko ekarpenak handitu ditzakete, bakarka nahiz elkarrekin, Labayru Ikastegiak egin nahi dituen eta bere aurrekontu arruntean jaso gabe dauden programa ez-ohikoak nahiz hitzarmen hau indarrean den bitartean proposa daitekeen bestelako edozein jarduera finantzatze aldera.
Nolanahi ere, honek ez die inolako konpromisorik sortuko ekarpena ez handitzea erabakitzen duten herri aginteei.
Urtean urteko diru-laguntzen ordainketa, era honetan bideratuko da:
Eusko Jaurlaritza:
Lehenengo ordainketa batean diru-laguntza izendunaren % 70 emango zaie:
Hitzarmena indarrean dagoen lehenengo urtean esparru-hitzarmena sinatu ondoren.
Hurrengo hiru urteetan, lehenengo seihilekoan.
Gainerako % 30a emandako diru-laguntza osoa justifikatu ondoren. Horretarako, hurrengo urteko urtarrilaren 31rako, Labayru Ikastegiak urteko aurrekontuen likidazioa (arrunta eta programenak) eta dirua zertan erabili den azaltzen duen oroitidazkia aurkeztu beharko ditu.
Bizkaiko Foru Aldundia:
Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aurrekontuei buruzko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauan eta lankidetza hitzarmenak fiskalizatzeko araudia onesten duen ekainaren 5eko 105/2001 Foru Dekretuaren II. kapituluan ezarritakoaren arabera.
Gaur egun indarrean dagoen legediari jarraituz, bai hitzarmen hau izenpetu aurretik, bai diru-laguntzak jaso aurretik, urtean-urtean Labayru Ikastegiak ogasunari ordaindu beharreko zergak, batetik, eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, eta zuzenbide publikoko gainerakoak, bestetik, egunean dituen ziurtagiriak aurkeztuko ditu.
Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartu diren baldintzak aldatu badira, eta, edonola ere, aldi berean beste administrazio batzuen edota beste erakunde publiko nahiz pribatuen laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, edo, helburu berarekin beste edozein sarrera nahiz baliabide lortzen bada, orduan, emandako diru-laguntzen zenbatekoa aldarazi ahal izango da.
Hitzarmen honetan aurreikusitako laguntzen diru-kopurua ezin izango da izan, inondik ere, beste edozein erakunde edo pertsona pribatuk nahiz publikok, bakarka nahiz batera, helburu berarekin emandako diru-laguntza eta laguntzekin, ez eta ere, helburu berarekin jasotako ezein diru sarrera edo baliabiderekin batuta, lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa izango balitz, administrazio sinatzaileek dagokion diru-itzulketako espedientea izapidetuko lukete.
Seigarrena. Jarraipen Batzordea.
Hitzarmen hau izenpetu eta, beranduenik, handik hilabeteko epean Jarraipen Batzordea izendatuko da bertan aurreikusten diren jarduerak aztertu eta garatzeko, bai eta ordaindutako gastuen segimendua egiteko ere; horrela, ezarritako helburuak betetzen direla bermatzeko. Horretarako, Jarraipen Batzordeak hitzarmena aplikatzeko irizpideak ezarriko ditu eta sor litezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak konponduko.
Ondoko kideoz osatuko da Batzordea:
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, batzordeburuari dagokion egitekoa beteko duena.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara zuzendari nagusia.
Labayru Ikastegiko zuzendaria edo berak izendaturiko ordezkoa.
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordeko idazkariari dagokion egitekoa beteko duena.
Batzordeko bileretara Labayru Ikastegiko beste hiru ordezkarik joan ahal izango dute. Berauek hitza izango dute, baina ez botorik.
Batzordearen eginkizun dira hitzarmen hau behar bezala betetzeko koordinazio- eta kontrol-lanaz gain:
Labayru Ikastegia hitzartutako lanak zuzen eta garaiz bideratzen ari den baloratzea eta zaintzea.
Herri-aginteek horren beharra ikusten duten kasuetan, Labayru Ikastegiari esleituriko corpus-plangintzaren alorreko beharrak edota lehentasun-iritziak aurkeztea.
Labayru Ikastegiaren programen (herri-aginteek diruz lagundutakoen) emaitzak argitaratzeari dagokion guztia proposatzea.
Labayru Ikastegiari egingo zaion ekarpen ekonomikoa proposatzea, bai eta herri-aginte bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa proposatzea ere.
Bileren deialdiak zein aipatutako batzordearen funtzionamendu-erregimenak Administrazio Prozedurako Legearen I. tituluaren II. kapituluan xedatzen denari jarraituko dio, betiere hitzarmen honen klausuletan ezarritakoaren aurka ez doanetan.
Batzordea eratzeko quorumak haren kideen gehiengoa behar izango du.
Orokorrean Batzordearen erabakiak botoen gehiengoaren arabera hartuko dira. Batzordeburuaren botoa erabakigarria izango da.
Urtean zehar, gutxienez, bi bilera egingo dira, lehena, lehenbiziko seihilekoan aurrekontuen likidazioa eta aurreko ekitaldian emandako dirua zertan erabili den azaltzen duen oroitidazkia aztertzeko, eta, bigarrena, bigarren seihilekoan, Ikastegiak aurkeztutako hurrengo urterako aurrekontuak aztertzeko eta herri-aginteen Lege eta Foru-Arau Egitasmoetan aurreikusitako ekarpen ekonomikoa proposatzeko.
Horiez gain, Batzordeko bi kidek gutxienez hala eskaturik, Jarraipen Batzordeko buruak hilabeteko epean gehienez, ez-ohiko bilerarako deia egin ahal izango du.
Jarraipen Batzordearen buru eta idazkari karguen ordezkotza-sistema finkatzeko, kontuan izango da Administrazio eta Prozedura Legeak (30/1992) bere 23.2 eta 25.2 artikuluetan jasotzen duena.
Zazpigarrena. Hitzarmena bukatzeko arrazoiak.
Hitzarmen hau indargabetu egin ahal izango da, ondoko gertaera hauetariko bat suertatzen denean:
Sinatzaile diren alde guztien adostasuna.
Labayru Ikastegiak bere eginbeharretan hutsegite larria izatea. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak tramitaturiko espedientean halaxe adierazitakoan hartuko da hutsegite hori aintzakotzat.
Alderdietako edozeinek salatzea. Gainerako alderdiei salaketa horren berri eman beharko zaie jakinarazpena egin baino 2 hilabete lehenago.
Beste edozein, hitzarmenaren ondoriozkoa izanik, baldin eta indarrean dagoen legeria jasota badago.
Zortzigarrena. Dirua itzultzea.
Hitzarmen hau bere horretan betetzen ez bada, edota emandako dirua bestelako eginkizunetarako erabiltzen, ez da ordainketarik egingo eta xede horretarako lehendik jasotako laguntza-kopuruak dagozkien administrazioen diruzaintza nagusietara itzuli beharko dira, berez legozkiokeen lege-ekintzez eta isunez gainera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege aldetik.
Bederatzigarrena. Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta Jarraipen Batzordeari dagokio haren edukiak interpretatzea. Interpretazio horretatik eratorritako arazoak dagozkien administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eskumenekoak izango dira. Beraz, horien egitekoa izango da haiek aztertzea.
Hamargarrena. Hitzarmenaren kudeaketaren ardura.
Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritza izango da hitzarmen honen kudeaketaren arduradun.
Hamaikagarrena. Azkena.
Hitzartutakoa hala ager dadin, eta esan bezala betetzeko, partaideek honako dokumentu honen hiru ale izenpetzen dituzte orrialde guztietan.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko, martxoaren 14a.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako sailburuordea,
LOURDES AUZMENDI AYERBE.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura diputatua,
MIREN JOSUNE ARIZTONDO AKARREGI.
Labayru Ikastegiko zuzendaria,
ADOLFO AREJITA OÑARTE-ETXEBARRIA.


