- EBAZPENA, 2014ko martxoaren 6koa, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2014-2015 aldirako Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerketa sustatzearren bi diru-laguntza emateko merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko martxoaren 6koa, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2014-2015 aldirako Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerketa sustatzearren bi diru-laguntza emateko merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: HAEE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 50
- Hurrenkera-zk.: 1226
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/03/06
- Argitaratze-data: 2014/03/13
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Administrazio-jardunbideen plangintza ona egiteko ezinbestekoa da Herri-Administrazioa, Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zientzia aztertu eta ikertzea.
Uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortu zuen legeak, erakunde horri, beste batzuen artean, honako xede hauek aitortzen dizkio: lege, finantziazio eta estatistika arloetan, Euskal Herriko administrazio publikoetako berezitasunak ikertzea, irakastea eta zabaltzea, eta Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, Euskal Herriko Administrazioetan ezartzearekin batera.
Deialdi honen helburua ikerketa-arlo horiek suspertzea da, eta, burutuko diren lanen bitartez, Euskadiko herri-administrazioen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea.
Aurreko deialdietako esperientziari eta Gizarte Zientzien inguruko ikerketan gaur egun dagoen errealitateari bagagozkio, taldeka burututako ikerketa nabarmen indartzen ari dela ikus dezakegu. Hori dela eta, taldekako ikerketak emaitza aberasgarriak lor ditzakeela aintzat har dezakegu, pertsona ezberdinen ekarpenez hornitzen dela kontuan izanik, pertsonok ikuspuntu ezberdinak dauzkatelako eta proiektu berean ikasketa ikuspegi ezberdinak aintzat hartzea ekar dezaketelako.
Hortaz, aurtengo edizioan, bi diru-laguntza aurkezten dira, haietako bat banakako ikertzaileei zuzendutakoa, eta bestea ikerketa taldeei zuzendutakoa. Taldeok honelakoak izan daitezke: finkatuak, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duten proiektuari ekiteko ad hoc eratuak.
Ondorioz, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko ikerlanak egiteko bi diru-laguntzatarako deialdia zabaltzen da.
Hori horrela, honako hau
Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen honen argitalpena egin den eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Errekurtsoari erantzuna ematen ez bazaio, ezezkotzat hartu beharko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean eragina izango du.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 6a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
Lehenengoa. Xedea.
Deialdi honen helburua da, norgehiagoka-prozeduraren araubidez, bi diru-laguntza emateko oinarri-arauak ezartzea, Herri-Administrazioarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerlanak egitearren. Aurkez daitezkeen azterketek eta ikerlanek aitaturiko gaiak jorra ditzakete hainbat ikerkuntza ikuspuntutik, eta euskal herri-administrazioen jardun publikoaren arloarekin lotura izan beharko dute.
Bigarrena. Diru-laguntza modalitateak eta zenbatekoa.
Diru-laguntza horien esleipena eta kudeaketa Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak egingo du. Deialdi honetan diru-laguntza modalitate hauek aurreikusten dira:
I Modalitatea: Ikertzaile bakar batek egindako ikerketa-proiektua da. Diru-laguntza modalitate honek bost mila (5.000) euroko ordainsaria du.
II Modalitatea: Ikerketa talde batek egindako ikerketa-proiektua da. Diru-laguntza modalitate honek hamar mila (10.000) euroko ordainsaria du.
Betiere, diru-laguntza modalitate bakoitzaren gehieneko zenbatekoa kobratzeko eskubidea, baldintzatuta dago bukatutako ikerlanek jasoko duten balorazioetara, hamabigarren oinarri-arauaren arabera.
Hirugarrena. I Modalitatearen baldintzak banakako parte-hartzea.
Diru-laguntza modalitate hau eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:
Pertsona fisikoa izatea eta norberaren izenean parte hartzea.
Administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2013ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.
Goi-mailako unibertsitate-tituluduna izatea.
Laugarrena. II Modalitatearen baldintzak ikerketa talde gisa parte hartzea.
Diru-laguntza modalitate hau eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:
Ikerketa taldea gutxienez bi ikertzailez osaturik egongo da.
Ikerketa taldearen partaideen erdiak, gutxienez, administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2013ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.
Ikerketa taldearen partaide guztiak goi-mailako unibertsitate-tituludunak izatea.
Bosgarrena. Baztertzeko arrazoiak.
Deialdi honetako diru-laguntzak eskatzeko kanpo geratuko dira ondorengoak:
Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekua, administrazio-zehapen edo penalen bat izan duten pertsona fisikoak. Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.
Diru-laguntza hauek edo Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerketa sustatzearren deitutako bestelako diru-laguntzak hartu dituztenak, azken hiru urteetan. Era berean, diru-laguntza hauek bateraezinak izango dira proiektu berbera burutzeko beste edozein laguntza edo diru-laguntza publiko nahiz pribaturekin.
Deialdi honetan eskabide bat baino gehiago aurkezten dutenak.
Oinarri-arau honetan jasotzen diren baztertzeko arrazoiak (II Modalitateari dagokionez) eskatzaile batengan ematen badira, baztertzeko arrazoi hauek ikerketa taldeko kidei guztiei eragiten dietela ulertuko da.
Seigarrena. Betebeharrak.
Diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek dituzte:
Beraiek aukeratutako gairen bati buruzko ikerlana garatu, eta Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu beharko dute; ikerlana monografia bat izan behar da eta hori dena deialdi honetan ezarritako epearen eta baldintzen arabera. Ikerlanaren gaiak Herri-Administrazio, Zuzenbide Publiko edo Administrazio Zientziaren inguruan izan behar dira.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin bildu beharko dira, hala eskatzen bazaie.
II. Modalitateari dagokionez, memorian berariaz adierazi beharko da ikerketa taldeko kide bakoitzak burutuko duen lana eta baita jasoko duen diru-laguntzaren ehunekoa ere. Ikerketa taldeko kide guztiak onuraduntzat joko dira. Onuradun gisa dagozkion betebehar guztiak betetzeko, ikerketa taldeak ordezkari bat izendatu beharko du, ahalorde askietsiekin. Ordezkaririk izendatzen ez bada, ikerketa taldearekin egin beharreko ekintza guztiak, lehen tokian dagoen kidearekin egingo dira.
Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, diru-laguntza hauen jasotzaileen betebeharrak honako hauek ere izango dira:
Diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzea.
Diru-laguntza ematen duen erakundeari frogatu behar dio eskatzen diren beharkizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela.
Erakunde emaileak beharrezko ikusten dituen egiaztatze-jarduketak onartu behar ditu jasotzaileak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduketen esanetara egon behar du, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoenetara ere.
Erakunde emaileari jakinarazi behar dio bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela helburu berbererako, edozein dela ere administrazio edo erakunde (publiko zein pribatu) emailea.
Diru-laguntza emateko arrazoiren bat, bai objektiboki, bai subjektiboki, aldatzen bada, erakunde emaileari jakinarazi behar dio.
Zazpigarrena. Eskabidearen edota proiektuaren aldaketak.
Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzeko bidea hurrengoek eman lezakete: diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzen edozein aldaketa izateak; eta nolanahi ere, helburu berarentzat beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak aldi berean jaso izateak.
Xede horretarako, diru-laguntzen baldintzen aldaketak hurrengoak direla ulertuko da, besteak beste:
Deialdi honetako oinarri-arauak bere osotasunean edo zati batean ez betetzea.
Datuak ezkutatzea, haiek aldatzea, edo eskabidean edozein manipulazio egitea.
Ikerketa-proiektu berean beste erakunde publiko edo pribatuetatik datorren finantzaketa metatzea.
Nahikoa justifikatu gabe, ikerketa-proiektuak aldaketa esanguratsuak izatea, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeari aurretiazko jakinarazpenik egin ez zaionean.
Ikerketa taldearen osaeran erabateko edo zatikako aldaketak egotea, II Modalitatearen kasuan.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aztertu egingo ditu ikerketa-proiektuak edo ikerketa taldearen osaerak izandako aldaketen maila eta esanahia; eta, horren ondorioz, erabakiko du emandako diru-laguntza guztiz edo zatika itzultzeko espedienteari hasiera eman behar zaion.
Dena den, esleipenaren ebazpena baliogabetzea eta jasotako diru-laguntza itzultzea bide eman beharko duten eskabidearen funtsezko aldaketatzat, hurrengoak joko dira: deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintza bat edo batzuk galtzea dakarten aldaketak; edo jasotako puntuazioak galtzea, deialdi honetan pertsona edo talde horri diru-laguntza esleitzea eragozteko moduko mailan.
Zortzigarrena. Eskabideak: aurkezteko epea eta modua.
Aurkezteko modua.
Diru-laguntza hauek eskuratzeko eskabideak izapidetze elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, hurrengo arauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.
Eskabidea egiteko inprimakiak derrigorrez erabili beharko dira, eta hurrengo erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dituzte: Bosgarren oinarri-arauan zehazten diren inguruabarrak deialdian parte hartzea eragozten duten inguruabar moduan aldi berean gertatzen ez direla adierazten dutenak.
Eskabideen izapidetze elektronikoa hurrengo helbide elektronikoan egingo da: www.ivap.euskadi.net/ikerketa_sustatzea_2014/r61-2347/eu
Pertsona bakoitzeko eskabide muga.
Pertsona bakoitzak parte hartzeko eskabide bakarra baino ezingo du aurkeztu, eta bertan diru-laguntzaren bi modalitateen arteko bat aukeratu beharko du. Hauxe betetzen ez bada, deialdi honetako bosgarren oinarri-arauan jasotzen diren baztertze arrazoietariko bat bezala hartuko da.
Aurkezpena egiteko baldintzak.
Eskabidea egiten duten pertsonek norbere burua hurrengoen bidez identifikatu beharko dute:
NAN elektronikoa.
ONA Txartela (Osasun Nortasun Agiria).
Izenpe-ren Herritarraren ziurtagiria.
Izenpe-ren Langile publikoaren ziurtagiria.
«Fábrica Nacional de Moneda y Timbre»-ren pertsona fisikoaren nortasun ziurtagiri elektronikoa (CERES).
CAMERFIRMA-ren pertsona fisikoaren ziurtagiria.
FIRMA PROFESIONAL-en pertsona fisiko eta elkargokide profesionalaren ziurtagiriak.
Aipatutakoez gain, eskabideak aurkezteko epearen bukaera datan erabilgarri dauden ziurtagiri elektronikoak onartuko dira. Ziurtagiriok Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan kontsultatu ahalko dira, hurrengo helbide elektronikoan: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html
Eskabideekin batera aurkeztu behar diren agiriak.
Eskabideekin batera hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira:
Curriculum vitae-a. Eredu normalizatuan aurkeztu daiteke. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak burutzeko dagoen helbide elektronikoan. Curriculum-ak hurrengo atalak izango ditu:
Datu pertsonalak.
Prestakuntza akademikoa.
Burututako lanak eta argitalpen zientifikoak.
Hizkuntzak.
Ikerketa taldeen kasuan, hura osatzen duen pertsona bakoitzaren curriculum-a aurkeztu beharko da.
Ikerketa-proiektuaren txostena. Hauxe derrigorrez eredu normalizatuan aurkeztu beharko da. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak burutzeko dagoen helbide elektronikoan. Agiri honek ezingo ditu 10 orrialde baino gehiago izan.
Unibertsitate-titulua, bai eskabidea norberaren izenean egiten duen pertsonarena, baita ikerketa taldeak osatzen dituzten pertsona bakoitzarena ere.
Erroldatze-ziurtagiria. Bertan Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako administrazio-auzotartasuna adierazi behar da, gutxienez, 2013ko urtarrilaren 1az geroztik. Ikerketa taldeen kasuan, deialdi honetako laugarren oinarri-arauko b) hizkian xedatutakoari so egin beharko zaio.
Pertsona eskatzailearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoaren arabera.
Merezimenduak, aintzat hartu ahal izateko, behar bezala frogatu beharko dira. Horrela egiten ez bada edo eskabideak aurkezteko epez kanpo aurkezten badira, merezimenduen egiaztagiriek ez dute baliorik edukiko.
Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 32 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak zuzentzea.
Eskabideak edo horrekin batera aurkeztu behar den dokumentazioak deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo horien edukia nahikoa ez balitz, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar lanegun dituela osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta horrela ez egitekotan, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak 30/1992 Legearen Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea 71.1 eta 42.1 artikuluen arabera, dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.
Gainerako izapideak.
Https://euskadi.net/y22-home/eu egoitza elektronikoak «Nire Kudeaketak» izeneko atal berezi bat dauka. Bertara jo behar da norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko.
Bederatzigarrena. Eskabideen balorazioa.
Aurkeztutako eskabideen balorazioa, xede horretarako eratuko den Balorazio Batzorde batek burutuko du.
Balorazio-baremoa.
Esleipena burutzeko baremoa, I Modalitateko diru-laguntzetarako eta II Modalitateko diru-laguntzetarako, hurrengoa izango da:
Ikertzailearen curriculuma: gehienez ere 20 puntu.
Hurrengoen ikerketa-kalitatea egiaztatzeko balioko du: pertsona eskatzailearena, norberaren izenean; edo ikerketa taldea osatzen duten pertsonena.
Curriculum-aren balorazio-irizpideak honakoak izango dira:
Doktoregoa. Gehienez ere 6 puntu. Pertsona bakoitzaren doktorego-tituluak batuko dira, aipatu mugaraino, ondoren zehaztutakoaren arabera:
2 puntu: gai «cum laude» kalifikazioa.
Puntu 1: aurreko puntuan jasotako kalifikazioa baino txikiagoa lortzea.
Ikerketaren helburuarekin zuzenki lotutako argitalpenak: gehienez ere 8 puntu. Puntuazioa hurrengo modalitateak baloratuz lortuko da:
Monografiak.
Liburuen kapituluak.
Aldizkarien artikuluak.
Bestelako argitalpenak.
Euskara: 4 puntu.
Bestelako hizkuntzak: gehienez ere 2 puntu. Hizkuntza bakoitzeko puntu bat.
Hizkuntzak dokumentu bidez egiaztatu beharko dira, balorazioan kontuan hartzeko. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren arabera, ezagutza-maila B2 edo handiagoa izan beharko da.
Ikerketa-proiektua: gehienez ere 80 puntu.
Ikerketa-proposamenaren interesa eta garrantzia: gehienez ere 30 puntu. Hurrengo alderdiak baloratuko dira:
Ikerketa-proposamenaren kalitate zientifikoa.
Proiektuaren garapenean ideien argitasuna.
Memoria idazterakoan, hauxe zuzentasunez eta argi azalduta egotea.
Helburuen interesa eta garrantzia, eta haien deskribapen zehatza.
Ikerketa-proposamenaren izaera berritzailea: gehienez ere 30 puntu. Hurrengo alderdiak baloratuko dira:
Ikerketa-gaiaren eta bere helburuen egokitasuna eta berritasuna, hori guztia deialdiaren baldintzekin eta eskabidea mugatzen den arloaren ezagutza propioaren egoerarekin lotuta.
Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, administrazio-teorian nahiz praktikan.
Beste taldeen ikerketarekin gainezarpenik gerta ez dadin baloratuko da.
Proiektuak zientziaren eta gizartearen aurrerapenari ekar diezazkioken onurak.
Ikerketa-proposamenaren diseinua, bideragarritasuna eta metodologia: gehienez ere 20 puntu. Hurrengo alderdiak baloratuko dira:
Proiektua eta lan plangintzaren egokitzea deialdiaren denbora-mugetara.
Proposatutako planteamendu metodologikoak proiektuaren helburuei eta hasierako hipotesiari egokitzea.
Lanaren faseen eta haien iraupenaren plangintza eta deskribapen doitua, beti ere deialdian aurreikusitako epeen barruan. Kronograma nahiz lan-egitasmo bat aurkeztea baloratuko da.
Balorazio baremoko b) atalean 50 puntu baino gehiago lortu ez duten eskabideei ezin izango zaie inolako diru-laguntzarik esleitu.
Merezimenduak hobeki balioesteko egokitzat jotzen bada, elkarrizketa egin ahal izango zaie, bai banakako hautagaiei, bai eta ikerketa taldeak osatzen dituzten pertsonei ere.
Balorazio Batzordea.
Eginkizunak.
Deialdi honen esparruan, Balorazio Batzordeak hurrengo eginkizunak izango ditu:
Aurkeztutako eskabideak baloratzea, diru-laguntza modalitate bakoitzaren esleipen proposamena Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzara helarazteko xedearekin.
Diru-laguntza modalitate bakoitzean esleipendunek egindako ikerlanen kalifikazioa, diru-laguntzen bigarren ordainketa egin edo lehenengo ordainketaren itzulketa-espedientea burutze aldera.
Osaketa.
Honako hauek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:
Batzordeburua:
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
Batzordekideak:
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen arduraduna edo berak izendatutako ordezkoa.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa.
Deialdian adierazten diren gaietan aditu bi. Hauek Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira.
Idazkaria:
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.
Balorazio Batzordea osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.
Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori zurituko da Balorazio Batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen ebazpenean.
Halaber, Balorazio Batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik elkarlanean arituko baitira Balorazio Batzordearekin.
Funtzionamendua.
Balorazio Batzordeak erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko ditu. Kide anitzeko organoa den heinean, oinarri-arau hauetan berariaz jasotzen ez denerako, bere araubidea azaroaren 26ko Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 22-29 artikuluetan jasotakoa izango da.
Hamargarrena. Diru-laguntzak esleitzea eta onartzea.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du, edo diru-laguntza horien esleipena erabat edo partzialki hutsik geratu dela adierazi.
Esleipena.
Diru-laguntzak Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez esleituko dira. Ebazpenak hurrengoa jasoko du:
Diru-laguntzen esleipendun gisa aukeratutako bi ikerketa-proiektuak, bat I Modalitatearen aldetik, eta beste bat II Modalitatearen aldetik.
Hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen zerrenda, modalitateka sailkatuta.
Diru-laguntzak esleitzen dituen Ebazpena, edo deialdia hutsik uzten duena, egun berean deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, deialdia indarrean sartzen den egunetik sei hilabete igaro baino lehenago.
Onarpena.
Diru-laguntza bakoitzaren onarpena esleipendun den pertsona edo ikerketa taldearen aldetik, https://euskadi.net/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, hamar laneguneko epean. Epe hori esleipen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da. Argitalpena egun berean egingo da.
Ikerketa talde bat esleipenduna bada, lehenago aipatutako diru-laguntzaren onarpen-idatzian zehaztu beharko da taldekide bakoitzak zein ehunekotan parte hartzen duen ikerketa-proiektuan, dagozkion ordainketak egite aldera. Agiri hau ere telematikoki aurkeztu beharko da https://euskadi.net/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean.
Balorazio Batzordeak esleipendunei egin ahalko dizkie egoki deritzon oharrak, aurkeztutako ikerketa-proiektuaren aurkibideari eta memoriari dagokionez.
Esleipendun den pertsona edo ikerketa taldearen aldetik diru-laguntza bakoitza onartzeak, deialdi honetako oinarri-arauetan ezartzen diren baldintzak onartu beharra dakar; eta baita, ikerlanaren jarraipenari begira, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzak har litzakeen ebazpenak onartu beharra ere.
Hamaikagarrena. Emandako diru-laguntzen ondoriozko lanak aurkeztea.
Diru-laguntza bakoitzaren xede diren ikerketa-proiektuen ondoriozko monografiak burututa aurkeztu beharko dira, 2015eko uztailaren 16a baino lehenago, https://euskadi.net/y22-home/eu egoitza elektronikoan, «Nire Kudeaketak» izeneko atalaren barruan.
Hamabigarrena. Diru-laguntzak ordaintzea. Haien zenbatekoa zehazteko sistema.
Ordainketak.
Diru-laguntzak bi ordainketetan burutuko dira:
Lehenengo ordainketa, mila eta bostehun (1.500) eurokoa I. modalitaterako, eta hiru mila (3.000) eurokoa II. modalitaterako, diru-laguntza onartzearekin batera. Zenbateko hauek ikerketa-jarduera garatu ahal izatea xede dute.
Bigarren ordainketa, gehienez ere hiru mila eta bostehun (3.500) eurokoa I. modalitaterako, eta zazpi mila (7.000) eurokoa II. modalitaterako.
Ikerlanen kalifikazioa eta diru-laguntzen bigarren ordainketa.
Bigarren ordainketaren zenbateko zehatza aurkeztu diren ikerketa-monografiek lortutako kalifikazioaren araberakoa izango da. Balorazio Batzordeak bederatzigarren oinarriaren b) atalean jarritako irizpideen arabera egingo du bere kalifikazioa. Irizpide horiek bukatutako ikerketa-proiektuari erreferentzia eginez ulertuko dira.
Kalifikazioa Balorazio Batzordeak monografia horien inguruan eginiko analisiaren ondoren emango da, eta gehienez ere hamar puntu jaso ahal izango dira.
Esleitutako diru-laguntza bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa elkarloturik daude, ondoren adierazten den moduan:
8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiek:
modalitatea: hiru mila eta bostehun (3.500) euro.
modalitatea: zazpi mila (7.000) euro.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lan horien argitalpena proposatuko die euren egileei.
5 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiek:
modalitatea: mila (1.000) euro.
modalitatea: bi mila (2.000) euro.
Lan hauek Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gorde egingo dira.
Ez-gai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiek:
Ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketa atzera botatzeko prozedurari hasiera emango zaio.
Emandako diru-laguntza atzera botatzea, dagozkion kasuetan, hurrengo arauetan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Hamahirugarrena. Diru-laguntzei uko egitea.
Diru-laguntzari norberaren izenean uko egitea, edo diru-laguntzari ikerketa talde osoak uko egitea, https://euskadi.net/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Ukoa beste izapiderik gabe onartuko da. Kasu horietan, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontutan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo pertsona edo talde ordezkoari diru-laguntza emango zaion.
Ikerketa talde bateko kide baten edo batzuen aldetik ikerketa-proiektuari zati baten uko egitea, II Modalitatearen kasuan, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeari https://euskadi.net/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko zaio, eta eskabidearen aldaketatzat joko da. Hortaz, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ebaluatu beharko du, emandako diru-laguntza guztiz edo zati baten baliogabetu behar dela zehazteko, baita jasotako zenbatekoen itzulketa burutzeko ere.
Hamalaugarrena. Ikerlanak jabetza intelektualaren erregistroan inskribatzea.
Diru-laguntzaren jasotzaileak II Modalitateko diru-laguntzetan, ikerketa taldearen ordezkari gisa izendatutako pertsonak esleitutako ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan jaso beharko du, ikerlana Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundean jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita urte beteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa izango balitz, eta beti ere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urte beteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko epe berri bat ireki ahal izango da. Lehen aipatutako epean inskribatzeko ezintasuna adierazten duen jakinarazpena jasotzen ez bada, eta beti ere epe hori igaro eta gero, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerlana inskribatu egin duela ulertuko du.
Hamabosgarrena. Burututako ikerlanen nondik-norakoa.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordeko diren burututako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordetako ikerlana, argitaratuta izateko puntuazio nahikorik lortu ez duelako, ez badu Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratzen, eta beste erakunde batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko dio Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta bi ale bidaliko ditu. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lehen liburutegian gordetako ikerlana kenduko du.
Hamaseigarrena. Argitaratze eskubideak eta Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordailua.
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beretzat gordeko ditu deialdi honetatik sortutako ikerlanen gaineko argitaratze eskubideak, beti ere Balorazio Batzordeak egindako analisian argitaratuta izateko kalifikazio nahikoa lortu badute. Helburu horretarako, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lau hilabeteko epean egileari eskuragarri jarriko dio edizio kontratua, formalizatzeko. Lau hilabeteko epea, Balorazio Batzordeak ikerlana aztertu duen bilkura egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko da. Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, kontratua formalizatu eta urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du.
Aurreko lerroaldean ezarritako epeak zenbatzeko, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo-eta Erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten tramiteak eta betebeharrak burutzeko denborak besterik ez dira kontuan hartuko.
Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundetik diru-laguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.
Hamazazpigarrena. Lan-kontratu lotura eza Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin.
Aipaturiko diru-laguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta jasotzailearen artean.
Hemezortzigarrena. Administrazio-isiltasuna.
Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori dena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.
Hemeretzigarrena. Datu pertsonalen babesa.
Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak «Ikerketen sustapena» fitxategi automatizatuan bilduko dira. Fitxategi horren helburua prozesu hau kudeatzea baino ez da izango. Fitxategi horren erabilera eta jarduera antolatzeko datu pertsonalak eta datu pertsonalak dituzten jabetza publikoko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio (Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25ko 2/2004 Legea, eta garapenerako bestelako arauak). Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria da fitxategiaren arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo haien aurka egiteko, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara jo beharko da.


