- 534/2014 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2013ko azaroaren 15ean emandako 663/2013 Epaiaren betearazpena argitaratzeko. Epai horren bidez, gaitzetsi egin da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarritako apelazio-errekurtsoa María Mar Vázquez Ordoñez andreak Erizaintzako Laguntzaileen hautaketa-prozesua dela-eta jarritako errekurtsoaren aurka (2006ko EPEa). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu534/2014 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2013ko azaroaren 15ean emandako 663/2013 Epaiaren betearazpena argitaratzeko. Epai horren bidez, gaitzetsi egin da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarritako apelazio-errekurtsoa María Mar Vázquez Ordoñez andreak Erizaintzako Laguntzaileen hautaketa-prozesua dela-eta jarritako errekurtsoaren aurka (2006ko EPEa).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 93
- Hurrenkera-zk.: 2178
- Xedapen-zk.: 534
- Xedapen-data: 2014/04/30
- Argitaratze-data: 2014/05/20
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Justizia; Funtzio publikoa
Testu legala
EAEko Auzitegi Nagusiaren 2013ko azaroaren 15eko 663/2013 Epaia ikusi da eta agindu judizialari dagokion administrazio-espedientea aztertu da, ondoko hauetan oinarrituta:
Lehenengoa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 1092/2006 Ebazpenaren bidez, destinoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko osasun-zerbitzuetako erakundeetan izango zuten Teknikari laguntzaile sanitarioen Lanbide Taldeko Erizaintzako Laguntzaile kategoriako (Erizaintzako Laguntzaile eta Osasun Mentaleko Monitore lanpostu funtzionalak) hautaketa-prozesua arautuko zuten oinarri espezifikoak onartu ziren (2006ko urriaren 24ko 203. EHAA). Oinarri orokorrak Osakidetzako-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 1082/2006 Ebazpenaren bidez onartu ziren.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren urriaren 6ko 867/2008 Ebazpenaren aginduz, EHAAn argitaratu zen Erizaintzako Laguntzaile kategoriako (Erizaintzako Laguntzaile eta Osasun Mentaleko Monitore lanpostu funtzionalak) txanda irekiko izangaien behin betiko zerrenda, puntuazio-hurrenkeraren arabera (2008ko urriaren 27ko 205. EHAA). Bertan, María Mar Vázquez Ordoñez andrea sartu zen, 120,2340ko puntuazio globalarekin, eta destinoa hautatzeko aukera zuela.
Geroago, Osakidetzako zuzendari nagusiak urtarrilaren 12ko 15/2009 Ebazpena eman zen, Erizaintzako Laguntzaile kategoriako (Erizaintzako Laguntzaile eta Osasun Mentaleko Monitore lanpostu funtzionalak) txanda irekiko lanpostu hutsak esleitzeko (2009ko otsailaren 6ko EHAA, 26. zk.).
María Mar Vázquez Ordoñez andreari ez zitzaion lanposturik esleitu Erizaintzako Laguntzaileen hautaketa-prozesuan, prozesutik kanpo utzi zelako.
Bigarrena. María Mar Vázquez Ordoñez andreak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen Osakidetzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 12ko 15/2009 Ebazpenaren aurka. Gero, Ebazpen hori, administrazioarekiko auzibidean inpugnatu zen (872/2009 laburtua).
Prozedura judizial horri lehen auzialdian amaiera eman zion epaitzak (Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiaren 2010eko uztailaren 20ko epaia) baietsi egin zuen jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
Geroago, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi nagusiak 2013ko azaroaren 15eko 663/2013 epaia eman zuen. Haren bidez, gaitzetsi egin zuen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiaren 2010eko uztailaren 20ko epaiaren aurka jarritako apelazio-errekurtsoa, eta apelatutako epaia berretsi egin zuen.
EAEko Auzitegi Nagusiaren 2013ko azaroaren 15eko 663/2013 Epaia irmoa dela deklaratu da.
ZUZENBIDE OINARRIAK
Lehenengoa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari dagokio epaia exekutatzea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ematen dizkioten eskumenen arabera.
Bigarrena. Administrazioarekiko auziez arduratzen diren epaitegi eta auzitegiek beren epaiak betearazteko eskumena dute; prozesuko alderdiek, berriz, epai eta ebazpen horiek bertan adierazten den moduan bete behar dituzte, horixe xedatzen baita administrazioarekiko auzietako jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1 eta 103.2 artikuluetan.
Auzitegi Nagusiaren erabaki judizialaren ondorioz (663/2013 Epaia), eta espedientea aztertuta, María Mar Vázquez Ordoñez andrea Erizaintzako Laguntzaileen hautaketa-prozesuan sartzea onartzen da, 120,2340ko puntuazioarekin; horrek dakar aitortu egin behar zaiola destinoa hautatzeko aukera eta horri dagokion esleipena, haren puntuazio globalaren eta, 2006ko EPEaren barruan, prozesuan egindako destino-hautaketaren arabera.
Horiek horrela, bada, María Mar Vázquez Ordoñez andreari destino bat emango zaio, txanda librean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Erizaintzako Laguntzailearen kategorian.
Hirugarrena. Prozedura izapidetzean egin diren gainontzeko administrazio-egintzak, hain zuzen ere, orain aldatutakoekin zerikusirik ez dutenak, bere horretan utziko dira, gauzatu ziren moduan (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 66. artikulua).
Horregatik,
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2013ko azaroaren 15eko 663/2013 epaian jasotakoa bete dadin agintzea. Epai horren bidez, gaitzetsi egin da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarritako apelazio-errekurtsoa María Mar Vázquez Ordoñez andreak Erizaintzako Laguntzaileen hautaketa-prozesua dela-eta jarritako errekurtsoaren aurka.
Bigarrena. Epaitza izapide hauen bitartez gauzatzea:
María Mar Vázquez Ordoñez andrea Erizaintzako Laguntzaileen hautaketa-prozesuan onartzea, 120,2340 punturekin, 2006ko EPEaren barruan.
María Mar Vázquez Ordoñez andreari destino bat ematea, txanda librean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Erizaintzako Laguntzailearen kategorian.
María Mar Vázquez Ordoñez andrea pertsonal estatutario finko izendatzea, Erizaintzako Laguntzaile kategorian, Donostia Unibertsitate Ospitalean.
María Mar Vázquez Ordoñez andreak hilabeteko epea izango du destinoaz jabetzeko, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Destinoko lanpostuaz jabetzeko ekitaldia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian izango da, egoitza zentralean, eta esleipendunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du ekitaldi horretan:
Diziplina-espediente bidez, izangaia administrazio publikoetako zerbitzuetatik ez dagoela baztertuta eta eginkizun publikoetarako ez dagoela ezgaitua adierazten duen zinpeko aitorpena edo agindua.
Azterketa medikoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emandakoa, destinoko lanpostua behar bezala betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko.
Emandako epe horretan aipatutako agiriekin bertaratzen ez bada edo agiri horiek aztertuta antzematen bada 6.2 oinarrian aipatutako betebeharren bat ez duela betetzen, ezingo da jabetu esleitu zaion estatutupeko langilearen destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira bere jarduerak, eta hori ez da eragozpena izango hasierako eskabidean faltsukeriaren bat jartzeagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzeko.
Era berean, interesdunari ohartarazten zaio lanpostuaz jabetzera bertaratzen ez bada, epearen barruan edo (hala dagokionean) luzatutako epean, galdu egingo dituela dagokion Ebazpenak emandako eskubideak.
Jabetzeko eginbidea bete eta hurrengo egunean hasi beharko du lanean dagokion zerbitzu sanitarioetako erakundean.
María Mar Vázquez Ordoñez andreari jaso behar eta jaso ez dituen ordainsariak ematea. Hortik kendu beharko dira, hala dagokionean, lan-errentaren kontzeptu beragatik jasotako ordainsari ekonomikoak, norbere zein besteren konturakoak, eta langabezia-sari edo antzeko kontzeptu moduan jasotakoak. Aldiz, gehitu egin beharko da interes legalaren ondoriozko zenbatekoa.
Hirugarrena. Ebazpen honetan xedatutakoaren eraginetik at geratzen diren gainerako egintza eta izapideek bere hartan jarrai dezatela agintzea.
Laugarrena. Ebazpen hau EHAAn argitara dadila agintzea, María Mar Vázquez Ordoñez andreari jakinaraztea eta Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiari komunikatzea.
Bosgarrena. Epaia betetzeko izapideetan sor daitezkeen gorabeherak aztertzea eta ebaztea aipatutako epaitegiari dagokio, halaxe ezartzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1 eta 109. artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 30a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Aldatzen du: 15/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hutsik geratu diren destinoak txanda ireki bidez esleitzeko agindua ematen duena osasun teknikari laguntzaileen lanbide taldeko Erizaintzako laguntzaileen kat
- Ikus: LISTADO DEFINITIVO AUXLIAR ENFERMERÍA LIBRE, RESOLUCIÓN 867/2008.


