- EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita zenbait diru-baliabide esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Diru-baliabide horien bidez, hain zuzen ere, 2014ko ekitaldian finantzatuko dira maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko maiatzaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita zenbait diru-baliabide esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Diru-baliabide horien bidez, hain zuzen ere, 2014ko ekitaldian finantzatuko dira maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 95
- Hurrenkera-zk.: 2235
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/05/21
- Argitaratze-data: 2014/05/22
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gizarte Gaiak; Ogasun; Herri Administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko maiatzaren 15eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, esleitu egin ditu zenbait diru-baliabide, zehazki maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak finantzatzera bideratuko direnak. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Horregatik guztiagatik, honako hau
Lehenengoa. Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2014ko maiatzaren 15eko bilkuran hartutako Erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira 2014ko ekitaldian finantzatzeko maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak. Ebazpen honen eranskinean jasota dago erabaki horren testua.
Bigarrena. Ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 21a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
Maiatzaren 11ko 1451/1983 Dekretuaren II. kapituluaren xedea da desgaitasuna duten langileen enplegua sustatzeko zenbait neurri arautzea, ohiko enpresetan lana aurkitzen lagunduko dietenak; horretarako, diru-laguntzak bideratuko dira, giza talde horretako kideen kontratazio mugagabearen alde egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena da enplegu-programa orokorrak eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten giza taldeei zuzendutako programa espezifikoak kudeatzea. Hortaz, Lanbide da maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko erakunde eskuduna.
Une honetan ez dago araudi autonomikorik, desgaitasuna duten pertsonak ohiko lan-merkatuan integratzeko laguntzarik arautzen duenik. Hortaz, bien bitartean, laguntza-programa hau exekutatu beharra dago, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean bildutakoarekin bat etorriz (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori; 2013-12-03ko BOE).
Maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuak indarraldia mugagabea dauka. Bestalde, laguntza hauek ez dira lehiaketaren teknikaren bidez ematen. Programa honetara bideratzen den aurrekontu-kreditua, edo hori eguneratzetik sortzen dena, izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala jasota baitago Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren hirugarren xedapen gehigarrian. Agindu horren bidez, arautu egiten da desgaitasuna duten langileen enplegua sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak emateko modua, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarritakoa.
Hori dela-eta, diru-laguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi bakoitzean izango duen aurrekontua onartu ondoren, jakinarazi egin behar da zein den aipatutako errege-dekretuan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, bai eta zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa ere.
Bestalde, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea, diru-laguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.
Adierazitakoa oinarri hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onetsita egonda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2014ko maiatzaren 15eko bileran gaia aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa. Diru-baliabideak esleitzea, 450.000 eurokoak, 3211-Enplegu programaren kargura, hain zuzen ere maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan eta Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak finantzatzeko.
Kopuru hori eguneratu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Emango diren laguntzen bolumen osoak ezingo du gainditu zenbateko hori, edo hori eguneratzetik sortzen dena.
Bigarrena. Laguntza horien kudeaketari buruzko alderdi hauen gaineko informazioa ematea (alderdi horietan eragina izango du Euskal Autonomia Erkidegoko berezko diru-laguntzen antolakuntzako eta erregimen juridikoko araudiak aplikatzeak):
Erabaki honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira. Eranskinean jaso dago eredu ofiziala, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz 01009); eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.
Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lan Aktibazio Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
Ebazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da diru-laguntza eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta epe hori igarotakoan ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Diru-laguntzen programa honetan diru-laguntzen honako araubide juridiko hauek aplikatu beharko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.
Hirugarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau argitara eman dezala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
(Ikus .PDF)


