- EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 29koa, Farmaziako zuzendariarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mediku-errezeten ereduak eguneratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko maiatzaren 29koa, Farmaziako zuzendariarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mediku-errezeten ereduak eguneratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 110
- Hurrenkera-zk.: 2579
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/05/29
- Argitaratze-data: 2014/06/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Mediku-errezetei eta banaketa-aginduei buruzko abenduaren 17ko 1718/2010 Errege Dekretuaren bidez, mediku-errezetek bai paperezko euskarrian, bai euskarri informatikoan izan behar dituzten oinarrizko datuak zehaztu ziren.
Errege Dekretu horren 5. artikuluan hau ezarri zen: «Mediku-errezeta ofizial informatizatuak egokitu egin behar dira erabiltzaileari dagokion erregimena eta kontingentzia koloreka desberdintzeko oinarrizko irizpideetara, zeinak errege-dekretu honetan zehazten baitira. Nolanahi ere, Osasun Sistema Nazionaleko Administrazio eta organismo eskudunek erabaki dezakete edizio informatikoko errezeta ofizial horietan erregimenak koloreen arabera ez desberdintzea, baina beti bermatu behar dute pazienteari dagokion erregimena modu argi batean identifikatzea, banaketa, ekarpenaren kobraketa eta fakturazioa egin ahal izateko».
Gerora, 81/2014 Errege Dekretuaren bidez, aldatu egin zen aipatutako errege-dekretua, eta mediku-errezetek izan behar dituzten ezaugarriak eta zehaztapenak berrikusi ziren (81/2014 Errege Dekretuaren eranskinean jaso ziren).
Errege-dekretu horrek dakarren berrikuntzetako bat da, hain zuzen ere, errezetetan taldeak identifikatzeko erabiltzen diren koloreen kodeak desagertzen direla.
Halaber, 81/2014 Errege Dekretuaren Azken Xedapenetatik Lehenengoak 1718/2010 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua aldatzen du, eta hau ezartzen du: «Osasun Sistema Nazionalaren prestazio farmazeutikoan erabiltzen diren mediku-errezeta ofizialak profesional sanitario baimenduek aginduko dituzte, euren jardunaren barruan, Osasunaren Sistema Nazionalaren eremuan, eta Errege Dekretu honetan ezarritakoaren araberakoak izango dira, hots, kapitulu honetan jasotako zehaztapenak eta Osasun Administrazio eskudunek euren eskumenen eremuan ezartzen dituzten baldintzak beteko dituzte».
Administrazio honek ezartzen dituen zehaztapenen artean, errezetaren kolorearen uniformetasuna nabarmentzen da, eta, oro har, pantone urdina erabiltzen da, honako preskripzio hauetan izan ezik: finantzatu gabeko preskripzioak (zuriak) eta laneko istripuen eta lanbideak eragindako eritasunen preskripzioak (urdin argia). Gainerako zehaztapenak ebazpen honen eranskin gisa argitaratu diren ereduetan ikus daitezke.
Aurreko errezeta-ereduak ere indarrean jarraituko dute 2015eko otsailaren 9ra arte, epe hori ezarri baitzen 81/2014 Errege Dekretuaren Xedapen Iragankor Bakarrean.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 10.b) artikuluaren arabera, Farmazia Zuzendaritzari dagokio farmazia-produktuen legeria betearaztearekin lotutako administrazio-egintzak burutzea.
Horretan oinarrituta, hau
Lehenengoa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesional sanitario baimenduek, baita Farmazia Zuzendaritzak baimendutako beste profesional batzuk ere (egoitza soziosanitarioak artatzen dituzten profesionalak, enpresa-medikuak, Haurren Hortzak Zaintzeko Planeko estomatologoak eta odontologoak (PADI), etxez etxeko larrialdi-zerbitzuko medikuak, mediku ikuskariak eta itundutako zerbitzuak dituzten zentroetako medikuak) jarraian adierazten diren ereduen araberako mediku-errezetak erabiliko dituzte:
Eskuzko errezeta: pantone urdina, eta I. eranskinean ageri den egitura.
Errezeta informatizatua: pantone urdina, eta II. eranskinean ageri den egitura.
Eskuzko R3E errezeta, zentro soziosanitarioetako pazienteentzako preskripzioetarako: pantone urdina, eta III. eranskinean ageri den egitura.
R3E errezeta informatizatua, zentro soziosanitarioetako pazienteentzako preskripzioetarako: pantone urdina, eta IV. eranskinean ageri den egitura.
Eskuzko errezeta, finantzatu gabeko preskripzioetarako: zuria, eta V. eranskinean ageri den egitura.
Eskuzko errezeta, laneko istripuen eta lanbideak eragindako eritasunen preskripzioetarako: urdin argia, eta VI. eranskinean ageri den egitura.
Bigarrena. Orain arteko errezetak agortzen diren arte erabili ahal izango dira, baina, gehienez ere, 2015eko otsailaren 9ra arte.
Hirugarrena. Argitara bedi ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 29a.
Farmaziako zuzendaria,
JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.
(Ikus .PDF)


