Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2014ko ekainaren 24koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez baimendu egiten baita eta onura publikoko deklaratzen baita etxean eta merkataritzan erabiltzekoa den gas naturaleko sarearen honako instalazio hau: Donostia Tabakalera Eraikineko gas natural kanalizatua banatzeko sarea handitzea, 5 bar-eko gehieneko operazio-presioan, Donostiako udal-mugarteko Egia auzoan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 24koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez baimendu egiten baita eta onura publikoko deklaratzen baita etxean eta merkataritzan erabiltzekoa den gas naturaleko sarearen honako instalazio hau: Donostia Tabakalera Eraikineko gas natural kanalizatua banatzeko sarea handitzea, 5 bar-eko gehieneko operazio-presioan, Donostiako udal-mugarteko Egia auzoan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 3304
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/06/24
  • Argitaratze-data: 2014/07/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Erref.: RI 20/24.169 CGG 2014/3.

Javier Bermejillo Eguia jaunak, Naturgas Energía Distribución, SAUren izenean eta haren ordez (helbidea: Concha jenerala kalea 20, Bilbao), Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan eskatu zituen, 2014ko otsailaren 25ean, administrazio-baimena eta onura publikoko deklaratzea Tabakalera Eraikina izeneko Donostiako gas natural kanalizatua banatzeko sarea handitzea, 5 bar-eko gehieneko operazio-presioan, Donostiako udal-mugarteko Egia auzoan (Gipuzkoa).

Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

  1. Naturgas Energía Distribución S.A.U.k onura publikoko aitorpenerako eta baimena emateko baterako eskabidea aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, 2014ko otsailaren 25ean, hain zuzen, A taldeko instalazioak exekutatzeko, betiere Gas kanalizatuko zerbitzu publikoko instalazioak baimentzeko eta zerbitzuan jartzeko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan (BOE, 1998-10-08) ezarritakoaren ondorioetarako, dagokion iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2014ko apirilaren 3koan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2014ko martxoaren 26koan, eta El Diario Vasco egunkarian, 2014ko martxoaren 26ko alean. Era berean, Donostiako Udaleko ediktu-taulan jarrita egon zen 2014ko martxoaren 24tik apirilaren 16ra bitartean.

  3. 2014ko martxoaren 19an proiektuaren separatak bidali zitzaizkien udalari eta ukitutako organismoei, hau da, URA-Uraren Euskal Agentziari, ADIF eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Gipuzkoako Itsasertzen Probintzia Zerbitzuari, baimenaren alde edo aurka zeuden adierazteko, eta, hala iritziz gero, baldintza teknikoak ezar zitzaten. 2014ko maiatzaren 8an berriro egin zitzaion eskaera hori Donostiako Udalari. Organismo horiek, Donostiako Udalak izan ezik, txostena bidali zuten (egun desberdinetan) Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzara, eta Naturgas Energía Distribución S.A.U.k onartu egin zituen eskatutako baldintzak 2014ko ekainaren 5ko idazki bidez.

  4. Proiektua jendaurrean egon zen bitartean, Francisco Javier Marquínez Arróniz jaunak, Sagrado Corazón de Mundaiz Ikastetxearen izenean eta haren ordez, alegazioak aurkeztu zituen 2014ko apirilaren 29an. Idazkian azaldu zuenez, ez zegoen ados Naturgasek egindako proiektuan aurreikusitako trazadurarekin, eta, laburbilduz, honako hauek adierazi zituen:

    Jabetza pribaturako eskubidea Espainiako Konstituzioaren 33. artikuluak babesten du, eta Administrazio Publikoak ezin du hura erabili, kasu guztiz mugatu eta justifikatu batzuetan izan ezik. Auzitegi Gorenaren ekainaren 29ko 166/1989 epaiaren arabera, hiru dira Espainiako Konstituzioaren 33.3 artikuluan ezarritako baldintzak:

    1. Onura publikoa edo gizartearen interesa izatea, Causa expropiandi;

    2. Jabetza kendu zaionari dagokion kalte-ordaina ematea;

    3. Legeetan xedatutakoarekin bat etorriz kentzea jabetza (jabetza-kentzeko prozesuaren bermea).

      Kasu honetan, desjabetzeko interesa enpresa pribatu batek proposatu du, eta helburua da gas-hodi batek ikastetxe baten sarrera nagusia zeharkatzea (haur asko dabilen ingurua da).

      Arriskuan jartzen du ikastetxera doazen haur askoren segurtasuna, eta eragozpen larriak eragiten ditu ikastetxearen zereginak normaltasunez garatzeko orduan.

      Kanalizazioa ontzien etxolen azpitik pasatzen da, eta horretan eragina izango du, ezin baita eraikuntza iraunkorrik edo behin-behinekorik eraiki 4 metroko zabaleran. Hori ezarrita dago abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 112. artikuluko 3. puntuan, bertan adierazten baita gas-kanalizazioak doazen zangak definitzen duen zerrendan, gehi gutxieneko segurtasun-tarteetan, ezin dela eraikinik eraiki.

      Sei aukera proposatzen ditu guztira, Álvaro García Gonzalez bide, ubide eta portuetako ingeniariak egindako txosten bidez justifikatuak, egokiagoak eta kostu txikiagokoak direlakoan.

      1. Federico García Lorca pasealekuaren 2. zenbakiaren eta autobus-geltoki berriaren arteko puntutik Tabakaleraraino, trenbidea gurutzatuz, zulaketa bideratu baten bidez. Aukerarik merkeena da 2. aukeraren ostean.

      2. Federico García Lorca pasealekuaren 2. zenbakiaren aurreko ataritik Tabakaleraraino, trenbidea gurutzatuz, zulatze bideratu baten bidez. Aukerarik merkeena.

      3. Federico García Lorca pasealekuaren 5 eta 6. zenbakien arteko puntutik eta zulatze bideratu baten bidez trenbidea gurutzatuta, Mundaiz bidera iritsi arte, 18. zenbakiko eraikinaren hegoaldera. Hortik aurrera, proposatutako proiektuaren trazadura bera. Zulatzearen luzera gutxitzea lortzen da.

      4. Federico García Lorca pasealekuko 7 eta 8 plazatxotik abiatuta eta Mundaiz bidera iritsi arte trenbidea gurutzatuz, azken aparkalekuen eremuan, María Cristina parkearen itxitura-hormaren ondoan. 3. aukeran bezala, zulatzearen luzera murriztea lortzen da.

      5. Federico García Lorca pasealekuko 7 eta 8 plazatxotik abiatuta eta Mundaiz bidera iritsi arte trenbidea gurutzatuz, kale horren 24. zenbakiko eraikinaren iparralderaino. Zulatzearen amaiera Mundaiz ikastetxetik eta Deustuko Unibertsitatetik hurbil geratzen da, eta horiek kontsumitzaile handiak izan daitezke, etorkizunean konexioa egin nahi baldin bada.

      6. Ribera de Loiola pasealekuan hasi eta ibaia gurutzatu zulatze bideratu baten bidez, Egia eta Aldapa kaleen elkarguneraino, eta Egia auzunetik Tabakalera eraikineraino. Abantaila bat dauka, hau da, etorkizunean errazagoa izango litzateke dagoen sarea B presio ertaineko sare bilakatzea.

  5. Francisco Javier Marquínez Arrónizen alegazioaren berri eman zitzaion Naturgas Energía Distribución, SAUri, eta hark honako hau erantzun zuen:

    Naturgas Energía Distribución, SAUk, proiektua baimentzeko eskatzeaz batera, instalazioak onura publikokotzat deklaratzeko eta ukitutako ondasunak okupatzeko eskatu du. Ondasunen desjabetzeak dagokion kalte-ordaina ekarriko du berekin, egin beharreko atxikipenarekin bat datorrena. Beraz, Espainiako Konstituzioaren 33.3 artikuluko bermeak babestuta daude. Gainera, kontuan izan beharrekoa da erabilera publikoa interesdunen onura partikularraren gainetik dagoela.

    Instalazioa egiteko lanek ikasleen segurtasunean izan dezaketen eraginari dagokionez, ahaleginak egingo dira ikasleen egunerokotasunean ahalik eta gutxien eragiteko moduan planifikatzeko lanak, eta lan horiek ikastorduetatik kanpo egiteko aukera aztertuko da.

    Proposatutako 6 aukera horiei dagokienez, denak aztertu ziren baimen eskaeraren proposamena egin aurretik.

    1, 2, 3, 4 eta 5. aukerak A presio ertaineko sare beretik abiatzen dira, eta ez dira onargarriak; izan ere, adar horiek eginez, karga eta ahalmen galdera handiak izango lirateke.

  6. aukera B presio ertaineko sare batetik abiatzen da, eta ez da bideragarria; izan ere, ez dago nahikoa lekurik Urumea ibaia zeharkatu eta kota gainditzeko zulatze bideratuan.

    Ontzien etxolen azpitik hodiak gas-hodiak igaroko direla-eta, etxola hori bateragarria da instalazioarekin; izan ere, araudi sektorialaren arabera ez litzateke eraikuntzatzat hartuko.

    Hornidura ahalmenaren ikuspuntutik eta/edo lanak egiteko ezintasun teknikoari dagokionez, ez da ezagutzen Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k aurkeztutakoa baino aukera egokiagorik; izan ere, hornidura baldintza ezin hobeak ziurtatzen ditu, eta, beste alde batetik, ezin da Urumea ibaia gurutzatu zulatze bideratu baten bidez, ez baitago lekurik, dagoen kota aldea dela eta.

  1. 2014ko maiatzaren 12 eta 23an, prozesuko alegazioen epea amaituta, Mundaiz ikastetxeko Gurasoen Elkarteak idazki bat aurkeztu zuen, 2.031 sinaduraren babesarekin; idazki horretan eskatzen zuen ez zedila egin instalazioa Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k proposatutako eran eta beste aukera batzuk bila zitzatela.

  2. Mundaiz ikastetxeko Gurasoen Elkarteak adierazitakoari Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k erantzun zion, lanak planifikatuko direla ikasleen segurtasunean eraginik ez izateko edo ahalik eta eraginik txikiena izateko moduan eta eragozpenik ez sortzeko moduan. Horretarako, lanak irakas-egutegitik kanpo egiteko aukera aztertuko da.

    Hona hemen ebazpen honen

    OINARRI JURIDIKOAK

  1. Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak du espediente hau ebazteko eskumena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2013-04-24ko EHAA).

  2. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-08ko BOEa) eta gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak (2002-12-31ko BOEa) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen dute gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, eta onura publikokotzat deklaratzen ditu lege horren IV. tituluan aipatzen diren instalazioak, gas-erregaiak kanalizazio bidez hornitzekoak.

  3. Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko Arautegi teknikoa eta horren ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak (2006-09-04ko BOEa) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen du gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, baita sare horiei loturiko Biltegiratzeko Zentroak eraiki aurretik ere.

  4. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sail desagertuaren Industria, Energia etaMeategien Administrazio Zuzendaritzaren 1998-01-12ko Instrukzioa, kanalizatutako gasaren sare eta harguneen Administrazio Baimenei buruzko Espedienteen izapidetzeari buruzkoa.

  5. Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k behar bezala erantzun die Francisco Javier Marquínez Arróniz jaunak egindako alegazioei (sei aukera eskaintzen ditu jatorrizko proiektua ordezteko). Hori dela eta, justifikatutzat jotzen da proposatutako hasierako proiektua.

  6. Espedientearen izapideetan eta edukian egiaztaturik dago bete egiten direla indarreko legerian eta aplikatu beharreko gainontzeko legeetan ezarritako baldintzak eta betekizunak.

    Aipatutako lege-xedapenak IKUSITA eta oro har zein haiekin bat etorrita aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak honako hau

  1. Baimena ematea Naturgas Energía Distribución, S.A.U.ri Tabakalera Eraikina izeneko gas natural kanalizatua banatzeko sarea handitzea deritzon gas naturaleko sarearen eraikuntzarako; hona hemen ezaugarriak:

    Trazadura: dagoen banaketa-sarearen handitzea Tabakalerako Eraikin berria hornitzeko eta sinergiak aprobetxatuz etorkizunean izan daitezkeen eskariei erantzuteko egin nahi da.

    Sarea Ribera de Loiola pasealekuko 12-18 zenbakiko eraikinaren aurrealdeko espaloiko konexio-puntutik abiatzen da. Ribera de Loiola pasealekuko eta Urumea ibaiko bidearen gurutzaketa bideratutako zulatze bidez egingo da PE DN 110 mm-koan.

    Gorantz egingo du PE DN 160 mm-koan, ipar-ekialdeko norabidean, bidearen ertzetik, Sagrado Corazón Mundaiz ikastetxearen titulartasun pribatuko partzelaren barruan, ikastetxearen sarrera nagusiraino. Iparralderantz jarraituko du Mundaiz bidearen ertzetik, eta hortik sarearen adar bat abiatuko da PE DN 110 mm-koan, Tabakalerako eraikin berria hornitzeko.

    Sarearen luzera: 1.050 metro.

    Hodiak: Polietilenozkoa, PE 100-SDR 17,6 DN 160 mm, 730 metroko luzerakoa. Polietilenozkoa, PE 100-SDR 17,6 DN 110 mm, 320 metroko luzerakoa.

    Hargunea: Unitate 1 PE 100-SDR 11 DN 90 mm polietilenozkoa, guztira 15 metrokoa, gutxi gorabehera; eta 2 unitate PE 100-SDR 11 DN 63 mm polietilenozkoak, 5 metrokoak, gutxi gorabehera.

    Gehienezko operazio-presio erlatiboa: 5 bar.

  2. Baimentzen diren instalazioak onura publikokotzat deklaratzea; deklarazio horrek, urriaren 7ko 34/1998 Legeko 105. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dakartza: ondasunak okupatzea edo eraginpeko eskubideak hartu beharra; eta okupazioa, gainera, presaz egin behar da. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak zehazten ditu.

    Instalazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

  1. Baimentzen diren instalazioak martxan jartzeko epea hogeita lau (24) hilabetekoa izango da, eraginpeko finkak benetan okupatzen direnetik, eta gehienez hogeita hamasei (36) hilabete, okupatu aurreko aktak sinatzen direnetik.

  2. Onartutako proiektuari jarraituz egin beharko dira ebazpen honen bidez baimentzen diren instalazioak. Carlos Valiño Colás industria-ingeniari teknikoak izenpetu zuen proiektua eta Aragoiko Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak bisatu zuen 2013ko irailaren 26an (AR03298/13 zenbakia).

  3. Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuei eragiten dieten aldakuntzak sartzeko.

  4. Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin beharreko azterketak, saiakerak eta probak orokorrak nahiz partzialak baimena eskuratu duen enpresak aldez aurretik Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza honi jakinarazi beharko dizkio idazki bidez, behar den aurrerapenarekin.

  5. Instalazioak egiteko lanak amaitu eta gero, Lurralde Ordezkaritza honek obrako zuzendaritzako azken ziurtagiria eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Ziurtagiri horretan azaldu beharko dira egindako instalazioen behin betiko ezaugarriak eta trazadura, baita harguneak ere; era berean, jasota geratuko da instalazioak eraiki eta muntatzerakoan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak onartutako arauak eta aplikagarri zaizkion gainerako Arau Teknikoak errespetatu direla.

  6. Naturgas Energía Distribución, S.A.U.k lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio Lurralde Ordezkaritzari, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri.

  7. Baimen hau lortu arren, udal- eta probintzia-erakundeen lizentzia eta baimenak eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoak lortu beharko ditu eskatzaileak.

    Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

    Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 24a.

    Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

    JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik