Euskadi.eus
  • 19/2014 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

19/2014 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3520
  • Xedapen-zk.: 19
  • Xedapen-data: 2014/07/04
  • Argitaratze-data: 2014/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetza-hitzarmena, 2013-2016 aldirako Euskadiko Bake eta Bizikidetza Planaren jarduera-ildoak partekatzeko, diseinatzeko eta garatzeko, gazteriaren eta hezkuntza ez-formalaren esparruan (I. eranskinean jasotzen da).

Hitzarmena, Bernedoko Udalaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arlokoa (II. eranskinean jasotzen da).

Lankidetzako esparru-hitzarmena, Barne Ministerioarekin eta autonomia-erkidegoetan babes zibilaren arloko eskumena duten sailekin, larrialdi-gaietan jarduteko (lIII. eranskinean jasotzen da).

Lankidetza hitzarmena, Euskal Irrati Telebista (Eitb) Erakunde Publikoarekin, elkarlanean aritzeko biztanle gazteen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta jarrerak sustatuko dituzten ikus-entzunezko edukien sorreran eta emisioan (IV. eranskinean jasotzen da).

Hitzarmen-markoa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoaren arteko lankidetzarako, lan-harremanetarako graduko ikasleek kanpoko praktika akademikoak (gradukoak eta curriculumetik kanpokoak) egin ditzaten (V. eranskinean jasotzen da).

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 6an.

PARTE HARTU DUTE

Iñigo Urkullu Renteria jauna, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari.

Itsaso Andueza Fernández andrea, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente gisa, Q-9850001-J zenbakidun IFK duena eta helbide soziala Bilboko Autonomia kaleko 44 zenbakiko beheko solairuan duena.

ADIERAZI DUTE:

Eusko Jaurlaritzak 2013ko azaroaren 27an 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Plana onartu zuen.

Plan honen 17. ekintza-programak, duten garrantziagatik, gazteriaren, kulturaren eta arautu gabeko hezkuntzaren arloetara bideratzen ditu ekimenak, gazteek bakea finkatzeko orduan partaide direla senti dezaten.

Batzar Orokorrean onartutako 2014rako lan-planean jasota dagoen moduan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteak, gizarte osoaren kide aktiboak izanik, oraingo errealitatearen protagonista ere izatea du helburutzat, eta horregatik beren esparrua edukitzea esperientziak, beharrak eta interesak entzunarazi ahal izateko, baita bakearen eta bizikidetzaren arloan ere.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera lan egin nahi du 2013-2016rako Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko partaidetza-esparruak ezartzeko, oinarritzat konpromiso etikoa, politikoa zein gizarte eta hezkuntzakoa hartuta, era horretan ulertuz gazteak beren garaiaren protagonista izan direla, direla eta izango direla.

Hitzarmen honen bitartez lankidetza-esparru bat ezarriko da, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean, lehen azaldutako eginkizuna gauzatzeko, eta finkatu egingo dira alde bakoitzak honako ekintza hauetara bideratu beharreko baliabideak egoki koordinatzeko oinarriak:

Gazteek bakearen eta bizikidetzaren gainean dituzten iritziak eta esperientziak entzun eta erantzutea.

Gazteriaren eremuan bakearen, bizikidetzaren, kulturartekotasunaren eta giza eskubideen aldeko gizarte eta hezkuntza arloko konpromisoa partekatzea.

Bizikidetza-gatazken tratamendu eraikitzailerako tresnak banatzea gazteen artean.

Bizikidetzako eta gizartea elkartzeko kultura lortzeko baliabide eta aplikazio sortzaileen eta artistikoen funtsa sortzea.

Sormena, ekintzailetza eta berrikuntza soziala sustatzea gazteen artean bizikidetza-proiektuei dagokienez.

Adierazitakoaren bidetik, aldeek lankidetzarako oinarrizko hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausulen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Hitzarmen honek lankidetza-esparru bat ezartzea du helburutzat 2013-2016rako Bake eta Bizikidetza Planaren 17. ekintza-programa garatzeko.

Bigarrena. Proiektuen definizioa.

Proiektu hauek zehaztu dira helburu hori lortzearren:

Bizikidetzaren, giza eskubideen eta gatazkak konpontzearen arloko gazteentzako berariazko prestakuntza-programa bat garatzea.

Espazio ireki bat martxan jartzea, gazteek eta gazte taldeek beren testigantza, esperientzia eta ikuspegiak bidaltzeko aukera izan dezaten euskarri desberdinetan (argazkiak, bideoak, marrazkiak, audioa, ipuinak, poesiak, eskultura...), eta horien berri ematea.

Elkarte eta gazteen topaketa bat antolatzea, bakearen eta bizikidetzaren gaineko ikuspegiak elkar trukatzeko eta iraganeko esperientziak, gaur egun garatzen ari diren proiektuak eta etorkizunerako ideiak partekatzeko.

Literaturako, antzerkiko, zinemako eta beste diziplina artistiko batzuetako lanei buruzko erreferentzia-funtsa sortzeko proiektu bat egitea; ikuspegi pedagogikotik begiratuta bakea eta bizikidetza oinarri dituen kulturari ekarpena egiteko erabilgarriak izan daitezkeen eta gazteen elkarteen sare osoarentzat eskuragarri egongo diren lanak.

Hirugarrena. Aldeen konpromisoak.

  1. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak honako hauek egiteko konpromisoa hartu du:

    Gazteen elkarte-sarean «Gizalegez gizartearen eta hezkuntzaren arloko konpromisoa»ri buruzko akordioa zabaltzea, eta haren edukiei buruzko parte hartzeko eta adosteko prozesu bat sustatzea.

    Bizikidetzaren, giza eskubideen eta gatazkak konpontzearen arloko berariazko prestakuntzarako urteko programa, Bonos Elkarrekin Programarekin lotutakoa, gazteen elkarte-sarean dinamizatzea.

    Askotariko sentsibilitateko gazteen arteko topaketak antolatzen laguntzea, erabakitzen den moduan.

    Bakearen eta bizikidetzaren kultura bat lagun dezaketen esperientziak, lekukotasunak eta ikuspegiak biltzea gazteen artean, hainbat euskarritan.

    Bakearen eta bizikidetzaren kultura bat laguntzeko ikuspegi pedagogikotik baliagarriak izan litezkeen literaturako, antzerkiko, zinematografikoa eta bestelako arte-diziplinetako lanen funts bat sortzeko proiektua diseinatzen laguntzea Jarraipen Batzordean, erabakitzen den moduan.

    Baliabide material eta pertsonal egokiak bideratzea konpromiso horiek dinamizatzeko eta garatzeko.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak honako hauek egiteko konpromisoa hartu du:

    Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin elkarlanean aritzea azaldutako proiektuak garatzeko.

    000 euro bideratzea lankidetza hori garatzeko. Zenbateko hori honela ordainduko da:

    Zenbatekoaren % 40 hitzarmen hau sinatzen denean.

    Beste % 40 bat topaketen proiektua, prestakuntzako proiektua eta lekukotasunak biltzeko espazio irekiko proiektua egin ondoren; lehen bi ordainketei dagozkien gastuak justifikatu behar dituzte aurretik, nolanahi ere.

    Gainerako % 20, aipatutako proiektuak bukatu eta literaturako, antzerkiko, zinematografiako zein bestelako arte-diziplinetako lanen funtsaren proiektua aurkeztu ondoren, eta aldez aurretik gastu guztiak justifikatu ostean.

    Laugarrena. Jarrraipen Batzordea.

  1. Batzorde honi dagokio:

    Hitzarmen honen barruan gauzatu beharreko proiektuak onartzea.

    Proiektu bakoitzaren garapenaren jarraipena egitea.

    Hitzarmen honen jarraipena egitea, baita interpretazioa ere, eta aplikatzeko orduan sor litezkeen zalantzak argitzea.

  2. Jarraipen Batzordeak hiru kide izango ditu:

    Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak izendatutako pertsona bat.

    Gazteria eta Kirolak Zuzendaritzak izendatutako pertsona bat.

    Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak izendatutako pertsona bat.

  3. Batzordeko burua izango da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak izendatutako kidea, eta idazkaria Batzordeak berak kideen artean hautatutakoa.

  4. Jarraipenerako batzordearen araubide juridikoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan bildutako kide anitzeko organoei buruzko arauetara egokituko da.

    Bostgarrena. Iraupena.

  1. Hitzarmena sinatzen denetik 2014ko abenduaren 31ra egongo da indarrean.

  2. Luzatu ahal izango da, bi aldeek hala erabakitzen badute, eta idatziz jasotzen badute, betiere horretarako aurrekonturik badago. Horrela gertatuz gero, Jarraipen Batzordeak luzapen-aldirako ekintza-programa onartuko du, baita dagokion diru-zenbatekoa ere. Hitzarmen honi erantsiko zaio programa hori.

    Seigarrena. Hitzarmena baliogabetzea.

  1. Hitzarmena amaituko da aurreko klausulan ezarritako epea bukatzen denean, edota, bestela, bi aldeek idatziz horrela erabakitzen dutenean.

  2. Nolanahi ere, aldeek jarduerak amaitu arte jarraitu beharko dute, baldin eta jardueraren bat egiteko bidean badago edo hirugarrenekin hitzartuta badago, eta hitzarmen honen arabera dagokion zenbatekoa ordaindu bada.

    Azaldutako guztiarekin adostasuna adieraziz, alde biek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, orrialde guztietan, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Aldetik,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA. LEHENDAKARIA,

    Euskadiko Gazte Kontseilua,

    ITSASO ANDUEZA FERNÁNDEZ. PRESIDENTEA.

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, Juana Velasco Arróniz andreak, Bernedoko Udaleko Alkatea eta ordezkari gisa.

Adierazi dute:

  1. 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

  2. 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

  3. Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz.»

  4. Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

  5. Bernedoko Udalak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

  6. Hori guztia ikusita, Bernedoko Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

    Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Bernedoko Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

    HITZARMENAREN HELBURUA

    Lehenengoa. Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Bernedoko Udalak beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

    Bigarrena. Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

    Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

    Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.

    Terminologia juridiko-administratiboa.

    Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.

    EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA 4.HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

    Hirugarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Bernedoko Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

    Laugarrena. Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006eko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

    Bosgarrena. Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

    Seigarrena. Bernedoko Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

    EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

    Zazpigarrena. 1. Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

    1. Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. Kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

    2. Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

      TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

      Zortzigarrena. Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

      Bernedoko Udalak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

      Bernedoko Udalak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

      EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

      Bederatzigarrena. Bernedoko Udalak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Bernedoko Udalaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.

      Bernedoko Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Bernedoko Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzan.

      Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

      KLAUSULA OROKORRAK

      Hamargarrena. Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

      Hamaikagarrena. Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.

      Hamabigarrena. Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

      Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2014ko maiatzaren 29an.

      Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik,

      MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

      Bernedoko Udalaren aldetik,

      JUANA VELASCO ARRÓNIZ.

Madril, 2014ko maiatzaren 16a.

BILDUTA:

Jorge Fernández Díaz jauna, Barne ministroa, abenduaren 21eko 1826/2011 Errege Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua; hain zuzen, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 13.3 artikuluak ematen dizkion eskumenez baliatuta.

Estefanía Beltrán de Heredia andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Lehendakariaren abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuaren bidez izendatua.

Emilio de Llera Suárez-Bárcena jauna, Andaluziako Juntako Justiziako eta Barneko kontseilaria, lehendakariaren maiatzaren 5eko 5/2002 Dekretuaren bidez Kontseilaritzaren legezko ordezkari gisa izendatua, Andaluziako Juntaren urriaren 22ko 9/2007 Administrazioaren Legeak xedatzen duenaren arabera; eta eskuduna, Justizia eta Barne Kontseilaritzaren egitura organikoa finkatzen duen ekainaren 5eko 148/2012 Dekretuaren 1.h) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Javier Fernández Fernández jauna, Asturiasko Printzerriko lehendakaria, maiatzaren 24ko 835/2012 Errege Dekretuaren bidez izendatua.

María Nuria Riera Martos andrea, Balear Uharteetako Gobernuko Herri Administrazioetako kontseilaria, maiatzaren 2ko 7/2013 Dekretuaren bidez izendatua.

Ignacio González González jauna, Madrilgo Erkidegoko lehendakaria, 2013ko irailaren 27ko BOEn argitaratutako irailaren 26ko 1361/2012 Errege Dekretuaren bidez izendatua.

Antonio Silván Rodríguez jauna, Sustapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Gaztela eta Leongo Juntako lehendakariaren ekainaren 27ko 9/2011 Erabakiaren bidez izendatua.

Juan Jesús Vivas Lara jauna, Ceutako Hiriko lehendakaria, ekainaren 13ko 835/2011 Errege Dekretuaren bidez izendatua.

Juan José Imbroda Ortíz jauna, Melillako Hiriko lehendakaria, 2011ko uztailaren 1eko bileran Melillako Biltzarrak hautatua eta uztailaren 4ko 972/201 Errege Dekretuaren bidez izendatua.

Alderdiek ordezkari gisa hartzen dute parte eta beren karguek emandako ahalmenez baliatuz, eta lankidetza-hitzarmen hau ezarri eta sinatzeko gaitasuna eta legitimazioa aitortzen dizkiote elkarri, formalizatzeko nahikoa zuzenbidearen arabera, jarraian aipatuko den helburua izanda. Horren ondorioz, hauek dira egin dituzten

ADIERAZPENAK

Lehenengoa. Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legeak eta bere garapen-arauek, eta autonomia-erkidegoetako autonomia-estatutuek, Konstituzio Auzitegiaren doktrinarekin bat etorriz, Babes Zibileko Sistema Nazionala eratu dute printzipio adierazgarri hauetan oinarriturik: erantzukizuna, antolaketa- eta kudeaketa-autonomia, koordinazioa, osagarritasuna, subsidiariotasuna, elkartasuna, integratzeko gaitasuna eta informazio-bermea.

Bigarrena. Larrialdien kudeaketak berekin dakar esku hartzeko baliabideak eta bitartekoak une egokian erabiltzea eraginpeko biztanleak sorotsi eta ondasunen segurtasuna eta ingurumenaren osotasuna zaintze aldera.

Hirugarrena. Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek larrialdietan esku hartzeko gaitasuna duten zerbitzu espezializatuak dituzte -oro har, nahikoak-, zentzuz begiratuta, Espainiako lurraldean gerta daitekeen edozein larrialdiri aurre egiteko.

Laugarrena. Estatuko Administrazio Orokorrak larrialdiko jarduketei konponbidea ematen laguntzen du baliabideak eta bitartekoak jarriz, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz eta babes zibileko estatu-planetan ezartzen denaren arabera, betiere Estatuko Administrazioak dituen laguntza-funtzioei dagokienez.

Bosgarrena. Esperientziak behin eta berriz erakutsi du autonomia-erkidegoetako administrazioek beren baliabideak jarri ohi dituztela arrisku handiko larrialdi batek eraginpean hartutako autonomia-erkidegoaren esku, laguntza hori askotan eman baita.

Seigarrena. Esperientziak ere erakusten du oztopo teknikoak, ekonomikoak edo antolaketari buruzkoak aurkitzen direla eta horiek eragozten dute larrialdietan esku hartzeko baliabideak jartzean lurralde arteko elkartasunaren printzipioa gauzatzea. Dena den, oztopo horiek ezabatu edo, behintzat, arin litezke antolamendu egokia eta beharrezko baliabideen aldez aurreko prestaketa eginez. Gainera, horrela babes zibileko sistema nazionalaren eraginkortasun orokorra hobetzea lortuko litzateke.

Zazpigarrena. Europar Batasuneko Kontseiluaren 2001eko urriaren 23ko 2001/792/EE Erabakiaren bitartez «babes zibilaren arloan laguntzeko esku-hartzeetan erkidego-mailan elkarlan indartua eskaintzeko mekanismo bat» ezarri zen, EBko Kontseiluaren erabaki hauek garatu baitute: 2004/277/EE, 2007/779/EE, 2008/73/EE eta 2010/481 EB.

Zortzigarrena. Erkidego-mailako mekanismoaren oinarriek balio izan dezakete, betiere beharrezkoak diren egokitzapenak eginda, Espainiako lurraldean larrialdien kudeaketaren arloan lankidetzarako eta elkarri laguntzeko sistema ezartzeko. Bertan Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek parte hartuko dute eta; halaber, Espainiako administrazio publikoen larrialdi-zerbitzuen benetako partaidetza ahalbidetuko dute erkidego-mailako mekanismo horretan.

Horregatik, lehenago esandako guztiari jarraiki, alderdiek erabaki dute Lankidetzarako Esparru Hitzarmen hau sinatzea, dagozkien funtzioak eta eskumenak betetzeko, kontuan hartuz hurrengo

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Barne Ministerioko Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiaren eta autonomia-erkidego sinatzaileetan babes zibil arloan eskudunak diren erakundeen artean lankidetza hobetzea; hain zuzen, arrisku larriko eta larrialdiko egoerak kudeatzeko baliabide erabilgarriak jartzeari dagokionez, babes zibilaren arloan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

Bigarrena. Irismena.

  1. Hitzarmen hau egin da pertsonek, ondasunek eta ingurumenak babes hobea izan dezaten Espainiako lurraldean larrialdia gertatuz gero, baina interes nazionalekotzat jo ez baldin bada. Hala ere, interes nazionaleko larrialdien kasuan ere aplikatu ahal izango da Barne Ministerioak beharrezkotzat jotzen baldin badu.

  2. Hitzarmena ere aplikatuko da Barne Ministerioak eskatuta, kanpoko laguntzarako esku hartzeko baliabideak jarri behar direnean; betiere Kontseiluaren 2001/792/EE Erabakiak babes zibilaren arloan sortutako lankidetza indarturako erkidego-mailako mekanismoaren esparruaren barruan edo indarrean dauden nazioarteko akordio eta itunen arabera edo; bestela, Espainiako lurraldean larrialdia dagoenean, mekanismoa laguntza eskatzeko erabiltzen baldin bada.

  3. Hitzarmena abian jarriko da, indarreko legediarekin bat etorriz, autonomia-erkidegoen artean edo beraien eta Barne Ministerioaren artean indarrean dauden edo ezar daitezkeen lankidetza-hitzarmenak edo -protokoloak bazter utzi gabe.

  4. Esparru-hitzarmen honek berekin ez dakar alderdi sinatzaileentzako betebehar ekonomikorik eta, bere aplikazioa errazte aldera, berariazko hitzarmenak sinatuz garatuko da, zazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera.

    Hirugarrena. Hitzarmenaren xede diren jarduerak.

    Hitzarmen honen xede diren jarduerak hauek ditugu:

  1. Komunikaziorako posta elektroniko bidez sistema komuna ezartzea eta kudeatzea; hain zuzen, larrialdietan jarduteko baliabideen eskariak eta eskaintzak bidaltzeko eta larrialdi horiei loturiko informazioa emateko.

  2. Koordinazio-zentroak zehaztea (autonomia-erkidego bakoitzeko bat). Zerbitzuan 24 orduz egongo dira eta elkarren artean lotu beharko dira, baita Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako Areto Nazionalarekin ere, komunikaziorako sistema arrunta erabiliz.

  3. Eraginpeko autonomia-erkidegoari jardun-taldeak eta/edo aholkularitza teknikoko taldeak uztea.

  4. Mobilizatutako taldeak eraginpeko autonomia-erkidegora eramateko laguntza logistikoa.

  5. Jardun-taldeak eta aholkularitza teknikoko taldeen ezaugarriak zehaztea beren jardun-gaitasunak eta autosufizientzia logistikoa aintzat hartuz.

  6. Taldeetako kideentzat prestakuntza- eta ariketa-programa ezartzea.

  7. Hitzarmenaren aurreikuspenak hobeto garatzeko interesgarriak diren jardunaldi teknikoak eta mintegiak antolatzea.

  8. Europar Batasuneko babes zibilaren arloko erkidego-mailako lankidetza-mekanismoarekiko lotura errazteko neurriak ezartzea.

  9. Hitzarmen honen lehen klausulan zehaztutako helburua lortzen eraginkortasunez laguntzen duen beste edozein jarduera.

    Laugarrena. Barne Ministerioko Babes zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak bete beharreko eginkizunak.

    Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen honen esparruan eginkizun hauek izango ditu:

  1. Beharrezko neurriak hartzea bere menpeko Larrialdietako Areto Nazionala, 24 orduz zerbitzuan baitago, baldintza egokietan sistemaren zerbitzura jar dadin.

  2. Komunikaziorako sistema komuna funtzionamendu-baldintza egokietan sortzea eta mantentzea.

  3. Jardun- eta aholkularitza-taldeak eraginpeko autonomia-erkidegora lekualdatzeko baita laguntza-lanak amaitu ondoren atzera egiteko ere behar diren garraioa eta laguntza logistikoko beste neurri batzuk ahalbidetzea.

  4. Agintari eskudunei baimena eskatzea larrialdian laguntzeko ekipamenduaren barruan dauden ibilgailu bereziak autonomia-erkidego batetik bestera errepidez igarotzeko.

  5. Autonomia-erkidegoetako babes zibil arloko organo eskudunekin elkarlanean, baterako ikastaroak eta ariketak biltzen dituen prestakuntza-programa komuna ezartzea; hain zuzen ere, esku hartzeko taldeen arteko bateragarritasuna eta osagarritasuna bermatuta izanda, babes zibil arloko laguntzarako esku-hartzeak hobeto koordinatzeko.

  6. Autonomia-erkidegoekin lankidetzan, burututako esku-hartzeetan eskuratu diren ezagutzak baliatu ahal izateko jardunaldi teknikoak eta mintegiak biltzen dituen programa ezartzea.

  7. Autonomia-erkidegoekin ados jarrita, jardun-taldeen eta aholkularitza teknikoko taldeen ezaugarriak zehazteari buruzko irizpide komunak sustatzea, betiere bakoitzak dituen jardun-gaitasunak eta autosufizientzia logistikoa aintzat hartuz.

  8. Hitzarmenaren helburuei begira eta hitzarmenean bertan ezarritako prozedurekin bat etorriz, erabil daitezkeen esku hartzeko talde, aditu eta beste baliabide batzuen gaineko datu-basea egitea eta mantentzea.

  9. Europako Batzordeari, berak ezarritako arauekin bat etorriz, babes zibilaren arloko lankidetza indarturako erkidego-mailako mekanismoan aurreikusitakoari jarraituz jarduteko erabilgarri dauden talde eta adituen berri ematea.

  10. Autonomia-erkidegoetako organo eskudunek hautatutako pertsonen parte-hartzea sustatzea eta ahalbidetzea babes zibilaren arloko lankidetza indarturako erkidego-mailako mekanismoaren esparruan Europako Batzordeak antolatutako prestakuntza-jardueretan.

    Osgarrena. Autonomia Erkidegoetan Babes Zibil Arloan eskudunak diren organoen eginkizunak.

    Hitzarmenaren sinatzaileak diren autonomia-erkidegoetako babes zibil arloko organo eskudunek, betiere hitzarmenaren esparruaren barruan, eginkizun hauek beteko dituzte:

  1. Beren lurralde-eremutik kanpo, hala egokituz gero, esku hartzeko mobiliza ditzaketen taldeak eta baliabideak aldez aurretik eta hamabi ordutik gorakoa ez den denbora-tartean zehaztea eta; horrez gain, babes zibilaren arloko lankidetza indarturako erkidego-mailako mekanismoaren esparruaren barruan jarduteko erabilgarri egon litezkeenak zehaztea.

  2. Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiari talde horiei buruzko informazio adierazgarria ematea, baita larrialdiei aurre egiteko erabil daitezkeen beste baliabide batzuei buruzkoa ere; eta, bestetik, beharrezkoa denean, informazio hori eguneratzea.

  3. Ekintzak Koordinatzeko Zentroak aukeratzea. Zentro horiek, 24 ordutan zerbitzuan egongo baitira, hitzarmenaren ondorioetarako jardungo dute.

  4. Komunikaziorako sistema komunaren erabilera ziurtatzeko neurri egokiak hartzea, horretarako ezarriko diren prozedurekin bat.

  5. Autonomia-erkidegoko organo eskudunak hala erabakiko balu, larrialdietan jarduteko taldeen edo beste baliabide batzuen berehalako mobilizazioa ahalbidetze aldera, neurri egokiak hartzea.

  6. Prestakuntza-programa komunaren prestaketan eta garapenean eta baterako ariketetan eta simulazioetan parte hartzea, baita hitzarmenaren helburuak hobeto lortzeko burutuko diren jardunaldi teknikoetan eta mintegietan ere.

    Larrialdi-egoera gertatu den autonomia-erkidegoko organo eskudunari hau dagokio:

    1. Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiari eta autonomia-erkidegoetako organo eskudunei larrialdi-egoerari buruzko informazioa ematea; hain zuzen ere, egon daitezkeen laguntza-eskariei erantzuna emateko egokiak diren neurriak har ditzaten.

    2. Hitzarmen honetan ezarritako prozeduren arabera laguntza-eskariak bideratzea.

    3. Informazio horiek eta laguntza-eskariak transmititzeko komunikaziorako sistema komuna erabiltzea.

      Seigarrena. Larrialdietan Jarduteko Irizpide Orokorrak.

      Interes nazionalekotzat jotzen ez diren larrialdietan jarduteko baliabideak eskatu eta ekartzeko prozesuak sekuentzia honi jarraituko dio:

      1. Autonomia-erkidego batean larrialdi-egoera gertatzen denean, bertan babes zibil arloan eskuduna den organoak Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiari eta gainerako autonomia-erkidegoei laguntza eskatu ahalko die komunikaziorako sistema komunaren bitartez eta behar duen laguntza-mota ahalik eta gehien zehaztuko du.

      2. Autonomia-erkidego bakoitzak une horretan erabiltzeko moduan duen laguntza zehaztuko du eta Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiari hamabi ordutik gorako denbora-tartea igaro baino lehen utz ditzakeen baliabideen berri emango dio, baita baliabide horien ezaugarrien eta beroriek uzteko baldintzen berri ere.

      3. Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak baliabide-proposamena egingo du eta berehala jakinaraziko zaio eraginpeko autonomia-erkidegoari komunikaziorako sistema komunaren bitartez.

      4. Larrialdiak eraginpean hartutako autonomia-erkidegoko organo eskudunak eskaintza hori guztiz edo zati batean onartu ondoren, Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak autonomia-erkidegoekin batera koordinatuko du onartutako laguntza bidaltzea eta, horretarako, egokiak diren premia logistikoak ezarriko dira.

      5. Laguntzarako esku-hartzeak zuzentzea eraginpeko autonomia-erkidegoak hautatutako organoaren ardura izango da. Organo horrek jarraibideak eta, beharrezkoa izanez gero, esku hartzeko taldeei emandako zereginen mugak zehaztuko ditu, burutzeko moduaren xehetasunetan sartu gabe, hori taldeetako arduradunei baitagokie. Premiazkoa izanez gero, eta larrialdiaren zuzendaritza-organoaren eskariz, Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak eskainiko du organo horren eta esku hartzeko bidalitako taldeen arteko lotura operatiboa.

      6. Esku hartzeko laguntza-sistemak ekarritako taldeak jardunean ari diren denboran laguntza jaso duen autonomia-erkidegoko zuzendaritza-organoak jakinaren gainean jarri beharko ditu Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusia eta taldeak bidali dituzten erakundeak egoeraren bilakaerari buruz.

      7. Laguntza beharrezkoa ez denean, eraginpeko autonomia-erkidegoko organo eskudunak hala adieraziko dio Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiari. Horrek, halaber betiere esku hartzeko baliabideak bidali dituzten erakundeekin bat etorriz taldeek atzera egiteko premiazko laguntza logistikoa antolatuko du. Era berean, esku hartzeko baliabideak jarri dituzten erakundeek eskatu ahalko dute beroriek itzultzeko, baldin eta beren lurraldeetan dauden larrialdi-egoerei aurre egiteko beharrezkoa dela irizten badiote.

      8. Interes nazionalekotzat jotako larrialdia izanez gero edo Espainiako lurraldetik kanpo gertatzen bada eta; aldi berean, babes zibil arloko lankidetzarako erkidego-mailako mekanismoa tartean badago, Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak egingo du esku hartzeko taldeak uzteko eskabidea.

        Zazpigarrena. Hitzarmen Bereziak.

        Esparru-hitzarmen honen barruan aurreikuspenak ezartzeko hobekien laguntzen duten hitzarmen bereziak prestatuko dira, batik bat hirugarren klausulan aipatutako jarduerei buruzkoak.

        Hitzarmen berezia nahitaez egin beharko da esparru-hitzarmen hau aplikatzeko lortutako edozein akordioren kasuan alderdietako edozeinentzat gastu-obligazioak eragiten baditu.

        Hitzarmen berezi horiek sinatu aurretik aintzat hartu beharko dituzte ezarritako legezko izapideak eta; bestetik, beroriek garatze aldera lanen, zerbitzuen edo horniduren kontratazioa egitea premiazkoa izanez gero, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 14ko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitakoa beteko dute.

        Zortzigarrena. Esku-hartzeen gastuak esleitzeko irizpideak.

        Esku-hartzeetako gastuen esleipenari dagokionez, burutuko diren hitzarmen bereziek irizpide hauek kontuan izango dituzte:

      1. Arau orokor gisa, laguntza doan eskainiko da. Hala ere, kasu zehatzetan, laguntza-baliabideen titularrek laguntza eman dezakete laguntza hori jasoko duen autonomia-erkidegoak zenbait gastu ordaintzearen baldintzapean.

      2. Eraginpeko autonomia-erkidegora esku hartzeko baliabideak lekualdatzeko eta geroago atzera ekartzeko laguntza logistikoaren gastuak, baita mobilizatutako pertsonak jarduketa-aldian gerta litezkeen istripuetan aseguratzeko gastuak ere, Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartuko ditu, betiere aurrekontuek hala onartzen dioten neurrian.

      3. Esku-hartzeak iraun bitartean, larrialdiak eraginpean hartutako autonomia-erkidegoak beharrezko garraio-motak jarriko ditu eta laguntza-taldeen ostatuaz eta mantenuaz arduratuko da. Dena den, bultzatuko den joera izango da laguntza-taldeek arrazoizko denbora batean logistikoki laguntzarik behar ez izatea.

      4. Interes nazionalekotzat jotako larrialdien kasuan, gorago aipatutako gastu guztiak Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiaren kontura izango dira.

        Bederatzigarrena. Kalteengatiko konpentsazioa.

      1. Larrialdi-egoerak eraginpean hartutako autonomia-erkidegoa laguntza-operazioen ondorioz esku hartzeko taldeek egin ditzaketen kalteen erantzulea izango da.

      2. Laguntza-baliabideen titularrek uko egingo diote laguntza eman dioten autonomia-erkidegoari baliabide horietan gerta litezkeen kalteengatik erreklamazioa egiteari. Hala ere, titular horiek laguntza emateko baldintza hau jar dezakete: laguntza jasoko duen autonomia-erkidegoak laguntzak irauten duen aldian zehar baliabide horiek aseguratzeko gastuak bere gain hartzea.

        Hamargarrena. jarraipen batzordea eta batzorde teknikoak.

      1. Jarraipen Batzordea.

        Jarraipen Batzordea eratuko da eta bere xedea Lankidetzarako Esparru Hitzarmen hau garatu eta betetzen dela zaintzea izango da.

        Bi ordezkarik osatuko dute (titularra eta ordezkoa), alderdi bakoitzak izendatutakoak, eta eginkizun hauek izango ditu:

        1. Esparru-hitzarmen hau interpretatzea eta betetzen den ebaluatzea.

        2. Lankidetzarako Esparru Hitzarmen honetatik sortutako konpromisoak hobeto betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen batzorde teknikoak sortzea.

        3. Alderdiei eskatuko die zazpigarren klausulan aurreikusita dauden lankidetzarako hitzarmen berezien proposamenak aztertzeko eta, hala egokituz gero, onartzeko ere bai.

          Jarraipen Batzordea urtean behin, gutxienez, bilduko da; hain zuzen, Barne Ministerioaren egoitzan edo Batzordeak erabakiko duen tokian eta; halaber, justifikatutako arrazoia izanda, alderdietako batek eskatzen duenean.

          Jarraipen Batzordearen erabakiak batzordeko kideen bi herenen gehiengoak hartuko ditu gutxienez.

      2. Garatzeko eta praktikan jartzeko batzorde teknikoak.

        Batzorde teknikoen helburuak hauek izango dira:

        1. Hitzarmen berezien eta hitzarmenaren helburuak lortzen lagunduko duten beste akordio tekniko batzuen proposamenak lantzea.

        2. Hitzarmen berezien garapenaren jarraipena egitea eta Jarraipen Batzordeari horren berri ematea.

          Batzorde teknikoen osaera Jarraipen Batzordeak zehaztuko du. Batzorde horietan sartu ahalko dira, kasu bakoitzean zehaztuko denaren arabera, esparru-hitzarmenaren alderdi sinatzaileen ordezkariez gain, pertsona adituak, aholkularitza-eginkizunak izango dituztenak.

          Hamaikagarrena. Hitzarmenaren izaera.

          Esparru-hitzarmen honek izaera administratiboa du eta bertan ezarritakoaren arabera arautuko da, Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratuta. Lege horren printzipioak eta irizpideak sor litezkeen zalantzak eta hutsuneak argitzeko aplika daitezke.

          Hitzarmen honen betearazpenaren ondorioz alderdien artean sor litezkeen auzigaiak, Jarraipen Batzordean ezin badira konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzio ordenak aztertu beharko ditu.

          Hamabigarrena. Iraupena

          Lankidetzarako Esparru Hitzarmen honek ondorioak izango ditu sinatzen den egunean bertan, bost urteko iraupena izango du eta isilbidez iraupen bereko aldietan luzatu ahalko da.

          Alderdi sinatzaileetako edozein bereizi ahalko da hitzarmenetik, baina horretarako baldintza bakarra izango da beste alderdiei nahi hori jakinaraztea, gutxienez, bereizketa gauzatuko den eguna baino hiru hilabete lehenago. Horrek, alabaina, ez du aldatuko hitzarmenaren iraupena gainerako alderdientzat.

          Hasieratik hitzarmenaren barruan ez dagoen edozein autonomia-erkidego sartu ahalko da atxikimendu-eranskina sinatuz. Sartzeak eraginak izango ditu sinatzen den egunetik aurrera eta hitzarmena amaitu arte falta den denborarako.

          Eta ados daudela erakusteko, hitzarmen hau sinatzen dute gorago adierazitako tokian eta egunean.

          Barne ministroa,

          JORGE FERNÁNDEZ DÍAZ.

          Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua,

          ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA.

          Andaluziako Juntako Justiziako eta Barneko kontseilaria

          EMILIO DE LLERA SUÁREZ BARCENA.

          Asturiasko Printzerriko lehendakaria,

          JAVIER FERNÁNDEZ FERNÁNDEZ.

          Balear Uharteetako Gobernuko Herri Administrazioetako kontseilaria,

          MARÍA NURIA RIERA MARTOS.

          Madrilgo Erkidegoko lehendakaria,

          IGNACIO GONZÁLEZ GONZÁLEZ.

          Gaztela eta Leongo Juntako Sustapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria,

          ANTONIO SILVÁN RODRÍGUEZ.

          Ceutako Hiriko lehendakaria,

          JUAN JESÚS VIVAS LARA.

          Melillako Hiriko lehendakaria,

          JOSÉ IMBRODA ORTÍZ.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 24an.

BILDU DIRA

Alde batetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburto Rike jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkari-lanetan.

Eta bestetik, Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoko (aurrerantzean EITB) zuzendari nagusi Maite Iturbe Mendialdua andrea, haren izenean eta ordezkari-lanetan.

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE

  1. EITBren 2012 aldirako Kontratu Programaren (2013an zehar luzatu dena, 7. klausulan ezarritakoari jarraiki) helburuen eta xedeen artean, hauxe dago ezarrita: «garapen sozial, zientifiko eta teknikoaren eta letren, arteen eta ondare historiko-artistikoaren garapenaren diziplina eta adierazpen nagusien inguruko ezagutza hedatzen laguntzea».

  2. Kontratu Programa horretan bertan ezarritakoaren arabera, «EITBk, Euskadik informazioaren gizartean duen presentziarekin lotutako konpromisoaren barruan, multimedia-euskarrietako komunikazio-edukien eta -zerbitzuen garapena lagundu eta horretan parte hartu behar du; horretaz aparte, eduki eta zerbitzu horiek administrazio publikoko sozietate eta sailentzat ekoizteko eta horiei hornitzeko gai izan behar da».

  3. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak EITB Taldeko telebista-kanalek eta Interneteko atariek eskaintzen duten euskarria erabiltzeko interesa agertu du. Horien bidez, bere eskumen-esparruekin lotutako herritarrei zuzendutako informazio- eta kontzientziazio-mezuak helarazi nahi ditu sailak, gazteen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta jarrerak sustatzearen ingurukoak, zehazki.

  4. Kontratu Programaren 6.1.3 klausulak honako hau ezartzen du: «Aurreko puntuan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, EITBk lankidetza-hitzarmenak itundu ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzaren Sailekin horrelakorik eskatzen duten helburuak betetzeari lotuta. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du EITBren eta lankidetza xede duten Eusko Jaurlaritzaren Sailen artean hitzarmenak sinatzen lagundu ahal izateko formulak bultzatzeko, Kontratu Programa honen helburuak betez, baita erakunde mailako kanpainak, komunikazio-ekintzak edo babes-ekintzak egitea bultzatzeko ere. Hori guztia kontuan hartuta, Kontratu Programa (EITBk bere gain hartzen duen zerbitzu publikoaren eginkizuna biltzen du eta konpromisoak eta helburuak ezartzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen du Erakundeak bete behar dituela) hau sinatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak, dokumentu honetako 8. klausulan ezarritakoarekin bat etorriz, EITBren eta haren kudeaketa-sozietateen gainean Eusko Jaurlaritzaren berezko zerbitzuei buruz ezartzen duen kontrol berdintsua ezarriko du, eta EITBren jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako egingo dela.»

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmen honen helburua Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta EITBren arteko lankidetza artikulatzea da (bai zuzenean, bai bere sozietate kudeatzaileen bidez), hitzarmen honi gehitutako eranskinean zehazten diren xedeak betetzeko. Xede horiek EITBren 2012 aldirako Kontratu Programaren (2013ko ekitaldian zehar luzatu dena) helburuen barruan daude.

    Funtsean, hitzarmenaren helburua Txikon XTreme 13 kapituluko telesaila ekoiztea eta ematea da. Gazteei zuzendutakoa izango da, eta ekintzailetzari lotutako balioak transmititzea izango da bere asmoa. Horretarako, abenturazko kirolarien eta pertsona ekintzaileen bizitzetako kontakizunen berri emango da, eta bi taldeok partekatzen dituzten jarrerak eta gaitasunak azalduko dira; adibidez, arriskuak eta erabakiak.

    Hartzea, ahalegina eta talde-lana. Kapituluen emisioa 2013ko azaroan hasiko da, eta 2014ko lehenengo seihilekoan amaituko da, gehienez ere.

    Bigarrena. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egin ditzakeen gehieneko ekarpenak, zerbitzuen edukiak eta aurreko klausulan adierazitako emisioen programazioen xehetasunak, 2013ko eta 2014ko ekitaldietan EITB Taldearen barruko hainbat sozietaterekin egitea aurreikusita daudenak, hitzarmen honen eranskinean jaso dira.

    Hirugarrena. Hitzarmen hau betetzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 72600 euro (BEZa barne) emango ditu gehienez ere 2013ko ekitaldian, eta beste 72600 euro (BEZa barne), 2014koan.

    Aipatutako eranskinean adierazten diren kantitateak gehieneko zenbatekoak dira. Horiekin, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hasiera batean ezarritako helburuen hots, I. eranskinean zehaztutako ezaugarriak izango dituen telesailaren 13 kapitulu ekoitzi eta emititzea arabera, kalkulatutako gastuak ordainduko dira. Hala ere, 2013ko edo 2014ko ekitaldian helburuak berriro doitu behar izanez gero, bi aldeek sinatutako eranskin berrietan adierazi beharko dira, eta hitzarmen honetara ondoz ondo gehituko. Horrela, deskripzio moduan, zehaztu beharra dago hasieran adostutako kapitulu kopurua ekoizten edo emititzen ez bada, emititu gabeko kapitulu kopuruarekiko proportzionala den diru-zenbatekoa kenduko dela ordainketatik.

    Ordainketa bi ziurtapen aurkeztu ostean egingo da. Lehenengoa 2013an zehar egindako jarduerei buruzkoa izango da, gutxienez bost kapituluren emisioa hartuko du, eta 2014ko urtarrileko lehenengo hamabostaldian aurkeztu beharko da; bigarrena 2014an aurkeztu beharko da, telesailaren kapitulu guztiak eman ostean. Ziurtapenetan honako hauek zehaztu beharko dira, gutxienez: aurrera eramandako ekintza, emisioaren datak eta ordutegiak, emititutako saioaren iraupena eta erabilitako bitartekoa (ETB1, ETBSAT, eta abar).

    Laugarrena. Hitzarmen hau behar bezala betetzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta hitzarmen honen garapenean batera jarduteko mekanismoa izango da. Batzordea Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendariak eta EITBk zehaztutako beste pertsona batek osatuko dute.

    Bosgarrena. Hitzarmena berau sinatzen denetik kapitulu guztiak telebistan emititzen diren arte egongo da indarrean; emisioa gehienez ere 2014ko lehenengo seihilekoan amaituko da.

    Seigarrena. Hitzarmen hau administratiboa da, eta, beraz, hori aplikatzean eta betetzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenekoak izango dira.

    Adostasunaren seinale, interesatuek bina ale sinatu dituzte, idazpuruan azaltzen den toki eta datan.

    Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua,

    JUAN MARÍA ABURTO RIKE.

    Eitb taldeko zuzendari nagusia,

    MAITE ITURBE MENDIALDUA.

    2013 ETA 2014 URTEETAN HONAKO HAUEK EGITEKO IKUS-ENTZUNEZKO EDUKIEN EKOIZPENA ETA HEDAPENA LAGUNTZEKO EAEKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA) ETA EITBREN ARTEKO HITZARMENAREN I. ERANSKINA:

    HAINBAT KAPITULUZ OSATUTAKO IKUS-ENTZUNEZKO TELEBISTA PROGRAMA: PLANGINTZAKO ETA ENPLEGU BERRIKUNTZAKO ZUZENDARITZA

    A) ETB.

    Helburua ETB1 kanalean Txikon XTreme 13 kapituluko telesaila ematea da. Gazteei zuzendutakoa izango da, eta ekintzailetzari lotutako balioak transmititzea izango da bere asmoa. Horretarako, abenturazko kirolarien eta pertsona ekintzaileen bizitzetako kontakizunen berri emango da, eta bi taldeok partekatzen dituzten jarrerak eta gaitasunak azalduko dira; adibidez, arriskuak eta erabakiak hartzea, ahalegina eta talde-lana.

    Emisioa.

    Emisioen egunak eta ordutegiak bi alderdien arteko akordioaren bitartez ezarriko dira.

    Hala ere, hasiera batean aurreikusitako programazioaren arabera, lehenengo kapituluaren emisioa 2013ko azaroan hasiko da, prime time ordutegian. Hurrengoak ondoz ondoko igandeetan emango dira, harik eta 2014ko otsailean amaitu arte, ziur aski; edozein kasutan, 2014ko lehenengo seihilekoaren barruan amaitu beharko da emisioa. Kapitulu bakoitzak 55 minutu komertzial iraungo du, gutxi gorabehera.

    Prezioa.

    2013 urterako 72600 euroko (BEZa barne) gehieneko aurrekontua ezarri da, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzaren kontura. Halaber, 2014rako zenbateko berdina ezarri da (72600 euro, BEZa barne), Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzaren kontura hori ere.

    Ordaintzeko modua.

    Ordainketa bi ziurtapen aurkeztu ostean egingo da. Lehenengoa 2013an zehar egindako jarduerei buruzkoa izango da, gutxienez bost kapituluren emisioa hartuko du, eta 2014ko urtarrileko lehenengo hamabostaldian aurkeztu beharko da; bigarren ziurtapena 2014an aurkeztu beharko da, telesailaren kapitulu guztiak eman ostean. Ondoren, ordainketa egingo da, Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzak.

    Ikuskatu ostean, betiere. Ziurtapenetan honako hauek zehaztu beharko dira, gutxienez: aurrera eramandako ekintza, emisioaren datak eta ordutegiak, emititutako saioaren iraupena eta erabilitako bitartekoa (ETB1, ETBSAT, eta abar).

Gasteizen, 2014ko ekainaren 18an.

BILDUTA:

Batetik Angel Elias Ortega jauna, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean (aurrerantzean UPV/EHU), Lan Harremanetarako Eskolako zuzendaria, indarrean dagoen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudian ezarritakoa betez,

Eta bestetik Juan María Aburto Rique jauna, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua (aurrerantzean, erakunde laguntzailea) erakunde autonomoko presidentea, horren beraren izenean.

Elkarri onartzen diote beharrezko legezko ahalmena badutela hezkuntzako lankidetza-akordio hau sinatzeko, eta ondokoa

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. UPV/EHUren helburuetako bat hau dela: «Kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea».

Bigarrena. Erakunde laguntzailea etengabeko hobekuntzarekin konprometituta dagoela gure autonomia-erkidegoko ikasleen lanerako gaikuntzan, haien enplegagarritasuna eta enpleguaren esparruko etorkizuneko lan-gaikuntza hobetze aldera.

Hirugarrena. Kanpoko praktika akademikoak ikasleak egindako eta Unibertsitateak ikuskatutako hezkuntza-jarduerak direla, helburua izanik ikasleek prestakuntza akademikoan zehar jasotako ezagutzak aplikatzea eta osatzea, lan-jarduerarako prestatuko dituzten gaitasunak barneratzen lagunduz, haien enplegagarritasuna erraztuz eta ekintzailetzarako gaitasuna sustatuz.

Laugarrena. Curriculumetik kanpoko praktikak ikaslearen prestakuntzaldian borondatez egingo diren jarduera akademiko gisa konfiguratzen direla, eta curriculumaren barruko praktiken xede bera izan arren, ez direla ikasketa-planetan sartzen. Dena den, Tituluaren Europako Gehigarrian ezarritako praktikak izango dira, eta ikasketa-planean hala aurreikusiz gero, hautazko kredituak aitortu ahal izango dira egindako curriculumetik kanpoko praktikengatik.

Bosgarrena. UPV/EHUk Graduko titulazioa/titulazioak eskaintzen d(it)uela Lan Harremanetan, eta erakunde laguntzaileak jarduera enpleguaren sektorean garatzen duela, bitartekaritzaren eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eskumena den enpleguko politika aktiboen kudeaketaren bitartez.

Seigarrena. 1707/2011 Errege Dekretuaren, azaroaren 18koa, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituenaren 7. artikuluak ezartzen duela: «Kanpoko praktikak egiteko, unibertsitateek eta, hala badagokio, haiekin lotura duten praktikak kudeatzeko erakundeek Hezkuntzako Lankidetza Hitzarmenak (.) sinatuko dituzte erakunde laguntzaileekin». Eta aurreikuspen hori Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian ere ageri da, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27ko saioan onartua (EHAA, 2012ko azaroaren 12koa, 218. zk.).

Azaldutakoagatik, bi aldeek

Bakarra. Hezkuntzako Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea, klausula hauek kontuan hartuta.

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Hezkuntzako Lankidetza Hitzarmen honen xedea da UPV/EHUko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako ikasleen curriculumetik kanpoko praktika akademikoak zer terminotan garatuko diren arautzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde laguntzailean, 1707/2011 Errege Dekretuan, azaroaren 18koan, ezarritakoaren arabera, bai eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27ko saioan onartua (EHAA, 2012ko azaroaren 12, 218. zk.) ezarritakoaren arabera ere.

Bigarrena. Praktiken programak.

Dagokion ikasketa-planean ezarritakoa abiapuntu hartuta, tutorearen ardura izango da praktikak egiten hasi baino lehen dagozkion prestakuntza-proiektuak egitea, erakunde laguntzaileko instruktorearekin lankidetzan, I. eranskinean jasotako ereduari jarraituz. Eredu hori hitzarmenean sartuta geratuko da.

Programa horretan, besteak beste, datu hauek zehaztuko dira:

Praktika zer irakaskuntzari dagokion.

Lan Harremanen Gradua.

Praktikak zer erakundetan eta non egingo diren:

Praktikak Zerbitzu Zentraletan edo/eta Enplegu Bulegoetan egingo dira.

Unibertsitateko tutorea.

Erakunde laguntzaileko instruktorea.

Praktiken Programaren arduraduna.

Ikasleen zerrenda.

Hezkuntza-helburuak eta garatu beharreko jarduerak edo atazak.

Oro har, ikasleek gaitasun hauek eskuratuko dituzte:

Enplegu Zerbitzu Publikoaren funtzionamendua ezagutzea.

Enplegu bila dabiltzan pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko bitartekoak eta tresnak ezagutzea.

Enplegu Eskaintzen kudeaketa ezagutzea.

Praktika-programen iraupenak eta ordutegiak.

Praktiken iraupenak eta ordutegiak haien ezaugarrien arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aukeren arabera adostuko dira, praktika bakoitzaren eragina ahalik txikiena izan dadin Lanbideren ohiko jardueran.

Hirugarrena. Elkarte laguntzailearen eta ikaslearen arteko erlazioa.

  1. Kanpoko praktika akademikoak ikasleen prestakuntzarako egiten direnez, hortik ez du zertan sortu lan-harreman bati dagokion obligaziorik, eta haren edukian inolaz ere ez da lanpostu bati dagozkion betebeharrak ordezka litzakeen egitekorik onartuko.

  2. Era berean, ikasketak bukatutakoan ikaslea erakunde laguntzaileko langile bihurtzen bada, praktiketan egindako denbora ez da kontuan hartuko antzinatasuna zehazteko orduan eta langile berria ez da horregatik proba-epea igaro beharrik gabe geratuko, baldin eta aplikatu beharreko lan-hitzarmenean ez bada horrelakorik zehazten.

    Laugarrena. Praktiketako instruktorea.

  1. Erakunde laguntzaileak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzeko, eta haren ardura izango da prestakuntza-jarduerak antolatzea, Praktiken Programako arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin adostuta.

  2. Erakunde laguntzaileak izendatutako instruktorea erakunde horri lotutako pertsona bat izango da, behar adinako esperientzia eta tutoretza eraginkorra burutzeko beharrezko ezagutzak izango dituena. Ezingo da izan Unibertsitatean tutoretzat duen pertsona.

  3. Instruktorea Praktiken Programako arduradunak onartu beharko du, eta horrek esan nahiko du «venia docendi» aitortuko zaiola, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren araudian adierazitako prozedura betez.

    Bosgarrena. Erakunde laguntzaileko instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

  1. Erakunde laguntzaileko instruktoreak eskubide hauek izango ditu:

    1. Bere laguntzaile-jarduera aitortzeko eskubidea, aurreko klausulako 3. zenbakian jasotako terminoetan.

    2. Kanpoko praktikak eta prestakuntza-proiektua arautzen dituen araudia eta haien garapenaren baldintzak ezagutzeko eskubidea.

    3. Unibertsitatean sarrera izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.

    4. Etengabeko prestakuntzan lagungarriak izan daitezkeen instalazioetara eta unibertsitate-zerbitzuetara sarbidea izatea (liburutegiak, mintegiak, etab.).

  2. Gainera, betebehar hauek izango ditu:

    1. Ikasleari harrera egin eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

    2. Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, praktikaren garapena orientatzea eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarrituta.

    3. Ikasleari erakundearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta harentzat interesgarria den araudia ezagutaraztea; batik bat, segurtasunari eta lan-arriskuei buruzkoa.

    4. Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan zehaztutako jardueren garapena Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea, aintzat hartuta aldi berean praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan beharrezkotzat jo litezkeen aldaketak, eta bitarte horretan gerta litezkeen gorabeherak jakinaraztea eta konponbidean jartzea. Haren ardurapeko egitekoa izango da, halaber, azterketak egiteko baimenen kontrola.

    5. Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskinean jasotako ereduari jarraituz.

    6. Ikasleei praktikak egiteko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

    7. Ikasleei praktikak egiteko ezinbestekoak dituzten bitarteko materialak ematea.

    8. Ikasleei erraztasunak eta bultzada ematea, berritzaileak eta ekintzaileak izan daitezen eta hobetzeko proposamenak egin ditzaten.

    9. Unibertsitateko tutoreari erakunderako sarrera irekitzea, bere eginkizunaren araberako helburuak betetzeko.

    10. Instruktore izanda ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

    11. Erakundean praktiketan ari den bitartean, ikasleari beharreko laguntza ematea, egin behar dituen jardueretan izan ditzakeen laneko arazoak konpontze aldera.

      Seigarrena. Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

      1. Kanpoko praktika akademikoetan ari diren bitartean, ikasleek eskubide hauek izango dituzte:

        1. Praktikek irauten duten bitartean, Unibertsitateko irakasle baten edo praktika bideratzen ari den enpresa, instituzio edo erakundean jardunean ari den profesional baten tutoretzarako eskubidea.

        2. Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehaztutako irizpideak kontuan hartuta.

        3. Praktiken ondoren, txostena jasotzeko eskubidea. Praktikak eskaini dituen erakunde laguntzaileak emango du, eta berariaz zehaztuko dira egindako jarduera, haren iraupena eta, hala behar izanez gero, errendimendua. Txostena Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko IV. eranskinean jasotako ereduari jarraituz osatuko da.

        4. Jabetza intelektualerako eta industrialerako eskubidea, arlo bakoitzeko legediak arautzen dituen terminoetan, ikasleek eskubide horren lagapenerako edo transmisiorako dokumentua sinatu ezean.

        5. Erakunde laguntzailearen eskutik segurtasuneko eta lan-arriskuen prebentziorako araudiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea.

        6. Bere jarduera akademikoa, prestakuntza-lana eta ordezkaritza- nahiz partaidetza-betebeharrak betetzeko eskubidea, aldez aurretik erakunde laguntzaileari jakinarazita.

        7. Ikasle ezinduen kasuetan, praktikak besteen baldintza berdinetan egiteko eta tutoretza, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eskubidea. Beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira ikasle ezinduen esku, eskubide hori bermatzearren.

        8. Ikasle ezinduen kasuetan, praktiken garapena ezintasunetik eratorritako edo harekin lotutako jarduera eta egoera pertsonaletara egokitzeko eskubidea.

      2. Gainera, ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten bitartean, betebehar hauek izango dituzte:

        1. Kanpoko praktiken arloan indarrean dagoen araudia, Unibertsitateak ezarritakoa, betetzea.

        2. Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak izendatutako instruktorearen oharrak aintzat hartuz, eta Unibertsitateko tutorearen begiradapean.

        3. Praktikek dirauten bitartean, Unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea, eta haietan sor daitekeen edozein gorabeheraren berri hari ematea. Eskatuko zaizkion dokumentuak, txostenak eta amaierako memoria entregatzea.

        4. Hitzartutako egunean hastea lanean erakunde laguntzailean; hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea, eta erakundearen jarduerarako, segurtasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

        5. Hezkuntza-proiektua garatzea, eta prestasunez betetzea erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak, hitzarmenean zehaztutako lan-lerro nagusien arabera.

        6. Praktiken amaierako memoria eta, behar izanez gero, tarteko txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko V. eranskinean jasotako ereduari jarraituz.

        7. Erakunde laguntzailean egon bitartean eta egonaldiaren ondoren ere, lanbideko sekretuari eustea erakunde laguntzailearen barne-informazioari dagokionez, eta haren jardueren sekretu profesionala zaintzea.

        8. Errespetuzko jarrera erakustea une oro erakunde laguntzailearen politikaren aurrean, eta UPV/EHUren izen ona zaintzea.

        9. Indarrean dagoen araudian aurreikusitako beste edozein betebehar.

      3. Aurreko atalean aurreikusi diren betebeharrak bete ezean, bukatu aurretik utzi ahal izango da praktika bertan behera. Horretarako, UPV/EHUk edo enpresak hitzarmen honetan ezarritako Jarraipen Batzordeari jakinarazi beharko dio, eta hark 10 eguneko gehienezko epean praktika aldez aurretik bertan behera uztearen zergatia erabaki beharko du.

      4. Ikasleak praktikak egitera ez joateko aukera izango du, azterketak dituenean, instruktoreari hiru egun lehenago jakinarazita. Arrazoi akademikoengatiko edo beste arrazoi batzuengatiko absentziak instruktoreari eta tutoreari jakinarazi behar zaizkio, ahalik azkarrena, eta tutoreak eman beharko dio baimena ikasleari.

        Zazpigarrena. Instalazioak eta baliabideak.

        Erakunde laguntzaileak bere instalazioak eta praktikak egiteko beharrezkoak diren baliabideak erabiltzeko moduan daudela bermatuko du, eta zenbat ikasle har ditzakeen zehaztuko du.

        Hitzarmen honen xede den praktikaren bat erakunde laguntzaileren baten dependentzietan egiten bada, erakunde laguntzaileak ez du ordain ekonomikorik jasoko.

        Zortzigarrena. Erantzukizunak eta aseguruak.

      1. UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat hitzartua du, ikasleek praktikak egitean egin litzaketen kalteak estaltzeko.

      2. Erakundeko instruktoreak praktiken jarduera-programan zehaztu ez duen agindu edo jarraibideren baten ondorioz kalteak gertatzen badira, haien erantzukizuna inola ere ez da Unibertsitatearena izango, ez eta praktiketan ari den ikaslearena ere.

      3. Praktikak egiteko, ezinbestekoa izango da 28 urtetik gorako ikasle bakoitzak istripu-aseguru bat izatea, eskola-aseguruaz gain. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk izenpetutako Cum Laude istripu-poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskaintzen duen beste asegururen bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bidez eskaintzen diren kontzeptuak (Cum Laude) aintzat hartzen baditu.

      4. UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetako ikasleek gutxieneko estaldura Cum Laude polizarenaren antzekoa duen istripu-poliza bat kontratatu beharko dute, praktikak bertan burutu behar badituzte.

        Bederatzigarrena. Burtsa edo laguntza.

        Ikasleek ez dute dirurik jasoko praktikak egiteagatik.

        Hamargarrena. Ikasleen datuak babestea.

        Erakunde laguntzailean praktikak egiten ari diren langileen datuak Hitzarmen honetan adierazitako xedeetarako soilik erabiliko dira.

        Hamaikagarrena. UPV/EHUren beste konpromiso batzuk.

      1. Aurrez adierazitakoari kalterik egin gabe, UPV/EHUk parte hartu behar duten ikasleekin konpromiso hau hartzen du:

        1. Hitzarmen honen eta garatu beharreko prestakuntza-proiektuaren berri ematea.

        2. Ikasleak II. eranskinean aurreikusitako dokumentua sina dezala lortzea, eta hartara, hitzarmenari lotzea, hitzarmenaren edukia onartzea, eragiten dion hartan, eta bere datuak aurreko klausulan aurreikusitako ondorioetarako erabiltzeko baimena ematea.

      2. Aurrekoaren ondorioz, ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio UPV/EHUk erakunde laguntzaileari.

        Hamabigarrena. Jarraipen Batzordea.

      1. Praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezkeen interpretazio- eta exekuzio-gorabeherak konpontzeko, Jarraipen Batzorde bat izendatuko da, titulazioaren arduradun diren UPV/EHUko bi ordezkarik eta erakunde laguntzaileko beste bi pertsonak osatua.

      2. Batzorde hori eratzean, bi aldeak txandakatuz joango dira presidentzian; hasierako txanda UPV/EHUri dagokio.

        Hamahirugarrena. Hitzarmenaren indarraldia.

      1. Hitzarmen honek mugagabeko indarraldia izango du sinatzen den unetik urrera. Hala ere, alderdiek bertan behera utzi ahal izango dute; hitzarmenak ikasturte batean ondoriorik ez izatea nahi badute, aurreko ikasturteko martxoa baino lehen adierazi beharko dute.

      2. Hitzarmena bertan behera uzteko nahia idatziz adierazi behar da eta horrek ez du eraginik izango lehendik egiten ari diren praktiketan, praktikak aurretiaz desegiteko seigarren klausulan ezarritakoa kontuan hartu gabe.

        Eta adierazitako guztiarekin ados daudela erakusteko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, idazpuruan aipatutako egunean eta tokian.

        UPV/EHU-ko Lan-Harremanen eskolako zuzendaria,

        ANGEL ELÍAS ORTEGA.

        Lanbide Euskal Enplegu zerbitzuko presidentea,

        JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik