- EBAZPENA, 2014ko uztailaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduan ezarritako laguntzen 2014ko deialdia. Agindu horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko Hezibi Programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko uztailaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduan ezarritako laguntzen 2014ko deialdia. Agindu horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko Hezibi Programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 135
- Hurrenkera-zk.: 3283
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/07/16
- Argitaratze-data: 2014/07/17
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 10eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, onartu du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduan ezarritako laguntzen 2014ko deialdia egitea. Agindu horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. Deialdi hori argitaratzea erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
Lehenengoa. Argitara ematea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduan ezarritako laguntzen 2014ko deialdia. Agindu horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2014ko uztailaren 10eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena. Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 16a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduak gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzea helburu duen Hezibi Programaren oinarri arautzaileak ezarri zituen. Agindu horren xedea da lanbide-heziketako eredu bat garatzea, txandakatzean oinarritua eta lanbide-heziketako ikasleei eta langabezian dauden gazteei zuzendua, gazteek lanbide-gaitasunak hobetu ditzaten profesionaltasun-ziurtagiri bat edo hasierako lanbide-heziketako titulu bat eskuratuta, enpresako lan-jarduera ordainduarekin txandakatuz, eta, hartara, enpresen premiak eta langileek eskuratutako gaitasunak egokitzen laguntzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak enpleguko eta enplegurako prestakuntzako programak eta autoenplegua eta enpresa-sorkuntza sustatzekoak kudeatzeko eskumena du, baita diru-laguntzak emateko deialdiak onartzeko eta izapidetzeko eskumena ere, halaxe ezarrita baitago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan eta erakunde autonomo horren estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluan.
2012ko urriaren 3ko Aginduaren indarraldia mugagabea da, eta, beraren 13.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, programa finantzatzeko zuzkidura ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-izaerako lege-mailako arauetan kontsignatuko da. Halaber, Lanbideko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da zenbat diru bideratuko den urtero programa honen esparruan egindako prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuen diru-laguntzak finantzatzeko eta, halaber, zenbat diru bideratuko den Hezibi Programan profesionaltasun-ziurtagiri bat lanarekin txandakatuta lortzeko proiektuetako kostu osagarria finantzatzeko. Ebazpen horretan, gainera, diru-laguntzak eskatzeko epea zehaztuko da. Aurrekontu-ekitaldi batean guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-kontsignazio hori gaindituko, eta, baldin eta indarrean dauden legeen arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza gaindituko.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2014ko uztailaren 10eko batzarrean onartu du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduan ezarritako laguntzen 2014ko deialdia egitea (agindu horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko Hezibi Programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira). Hona deialdiaren baldintzak:
Lehenengoa. 1.000.000 euro erabiliko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduan ezarritako laguntzak finantzatzeko. Agindu horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. Diru-zenbateko hori 3231 programaren kargura esleituko da (Prestakuntza; 41. atala Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua): 400.000 euro, 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 600.000 euro, 2014ko konpromiso-kredituari.
Kopuru hori handitu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Bigarrena. 2014an, eskaerak aurkezteko epea hau izango da:
Hezibi programaren barruan profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko heziketa-proiektuak eskatzeko epea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko urriaren 15ean bukatuko.
Programa honen esparruan egindako kontratuei dagozkien diru-laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea 2014ko urriaren 31n amaituko da, eta ezin izango da inola ere gainditu hilabeteko epea, lan-harremana hasten denetik hasita.
Hirugarrena. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.


