- EBAZPENA, 2014ko urriaren 7koa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko diru-laguntzen deialdia argitaratzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko urriaren 7koa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko diru-laguntzen deialdia argitaratzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 191
- Hurrenkera-zk.: 4171
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/10/07
- Argitaratze-data: 2014/10/08
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa
Testu legala
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko irailaren 23an egin zuen batzarrean hartutako erabakiaren bidez, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetan pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko laguntzen deialdia onartu da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan. maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatz-zatian araututakoaren arabera, erakunde autonomiadun horretako zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.
Horregatik guztiagatik, honako hau
Lehenengoa. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko laguntzen deialdia argitaratzea, erakunde autonomiadun horren Administrazio Kontseiluak 2014ko irailaren 29an egin zuen bilkuran onartua, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.
Bigarrena. Informatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorenak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 7a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu horiek ematera behartuta dago.
Enplegurako orientazio-zerbitzuak definitzeko, esan genezake informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak direla. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.
Lanbide-orientazioko ekintzak batik bat kolektibo lehenetsi batzuentzat egongo dira bideratuak. Enpleguari buruzko 56/2003 Legearen 19 octies artikuluaren 1. paragrafoak gazteak lehenesten ditu, batik bat prestakuntza-gabeziak dituztenak, emakumeak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtez gorakoak, ezintasunen bat duten edo gizartetik baztertuta dauden pertsonak, eta etorkinak, atzerritarrei buruzko legearekin lotuta. Horrez gainera, artikulu beraren 2. paragrafoak dioenez, kolektibo horien inguruabar bereziak aintzat harturik, Enplegu Zerbitzu Publikoek banakako eta pertsonalizatutako enplegu-ibilbideak diseinatzea bermatuko dute, neurri eta politika guztiak konbinatzen dituztenak, behar bezala egokituak eta doituak bertako pertsonen lanbide-profilari eta beren premia bereziei. Beharra dagoenean, enplegu-zerbitzu publikoek balioetsi egingo dute gizarte-zerbitzuekin koordinatu beharrik ba ote dagoen, pertsona horiei arreta hobea emateko.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea, eta bertan joan daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzaileen enplegagarritasuna balioesteko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko lehentasuna izango du.
Ibilbide pertsonalizatuak ezarri ondoren gauzatuko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintza eta zerbitzu zehatzak, zuzenean edo erakunde laguntzaileen bitartez.
Ikusita langabezia gora egiten ari dela gaur egun, eta ikusita pertsona jakin batzuek egoera berezian daudela enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak jasotzeko garaian, premiazkoa da presazko prozedura bat finkatzea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuekin lan egingo duten erakundeen sare bat aukeratzeko. Enplegu-zerbitzuak erabili eta desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat ezartzen diren ibilbide pertsonalizatuen ondoriozko orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak ematen lagunduko dute sare horretako erakundeek.
Erabaki honen bitartez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakunde espezializatuen laguntza behar duten kolektiboak adierazten dira, desabantaila-egoeran daudenak, haiei zuzendutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak zehazten dira, eta haiek finantzatzeko deialdia egiten da.
Era berean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzendutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.
Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomiadun honen Administrazio Kontseiluak, 2014ko irailaren 29an egindako bilkuran, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzentzen diren enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko laguntzen deialdia onartzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, eta baldintza hauekin:
Deialdi honen xede dira Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonei zuzentzen diren enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko 2014. urtean eman ditzakeen laguntzak. Laguntza horien hartzaileak, berriz, jarduera hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira.
Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 3.222.860 eurokoak dira, horietatik 2.430.036,44 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2014ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 792.823,56 euro 2015eko konpromisozko kreditukoak.
Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak finantzatzen, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan.
Orientazioko ekintzek eta zerbitzuek jaso ditzakete deialdi honetako laguntzak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde laguntzaileen premia baldin badu haiek emateko. Haiek I. eranskinean adierazitako eran emango dira, han zehazten baita zenbat orientazio-ordu eman behar diren kolektibo eta lurralde historiko bakoitzeko.
Jarduerak hauek egingo ditu orientazio-zerbitzuak:
Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko informazioa ematea eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzko informazioa eskaintzea.
Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko datuak eta egoera-informazioak izango dira, erabilgarri izan daitezkeen aldetik erabiltzaileen enplegu-aukerak handitzeko. Banaka, taldeka edo modu orokorrean eman daiteke informazio hori, aurrez aurre edo bitarteko telematikoak baliatuz.
Banakako diagnostikoa eta profila egitea.
Erabiltzaileari emango zaion arreta espezifikoa jasoko da profilean, eta, diagnostikoan, haren trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza eta eskarmentua, interesak, familia-egoera eta balizko aukera-profesionalak adieraziko dira. Horrez gainera, orientazio-jarduerarako berariaz ezartzen den protokoloan adierazgarritzat jotzen diren gainerako ezaugarriak jaso dira. Erabiltzailearen profila osatu eta haren enplegagarritasun-maila zehazteko erabiliko da informazio hori.
Enplegua lortzeko ibilbide pertsonalizatua egitea.
Erabiltzailearen profilari, beharrizanei eta aurreikuspenei erreparatu ondoren, erabiltzaile horrek enplegua eskura dezan egokien irizten den ibilbidea sortuko da, eta hari modu ziur batean jakinaraziko zaio. Ibilbide hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horrez gainera, ekintza nagusi batzuk, haiek egiteko egutegia eta haiek egiaztatu eta jarraitzeko elementuak zehaztuko dira. Ibilbide hori sortzeko, enplegu-akordio pertsonal bat hitzartu eta izenpetu behar dute erabiltzaileak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Lanbideren enplegu-bulegoetan edo deialdi honetan sartzen diren erakunde laguntzaileen bidez egingo dira akordio horiek.
Laguntza pertsonalizatua ibilbidea egiteko eta jarduera-konpromisoak betetzeko.
Tutore edo orientatzaile batek banaka eta modu pertsonalizatuan egingo du erabiltzailearen ibilbidearen jarraipena, eta haren egitekoak izango dira, era berean, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Era berean, erabiltzaileak hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo, baldin eta haiek prestazioen hartzaile baldin badira. Horrez gainera, erabiltzailea suspertzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazio eta laguntza emango du.
Informazio, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria curriculuma osatu eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.
Erabiltzaileei emango zaien informazio eta aholkularitza banakakoa, taldekoa eta orokorrak hartuko ditu, haien gaitasunak eta lanbide-profilak identifikatzeko. Horrez gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak egiteko.
Aholkularitza ematea eta enplegua aktiboki bilatzeko teknikak erabiltzea.
Atal honetan, informazioa emango da eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera erakutsiko da. Azken horietan sartuko dira, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialen erabilera. Erabiltzailearen ezaugarriei erreparatuta, autoenpleguaren eta ekintzailetzaren alorreko aholkularitza-zerbitzura bideratuko dira haiek.
Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.
Erabiltzaileei informazioa ematean eta haiei Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta nazioartean dituzten enplegu-aukeren azterketa arrazoitua egitean zerbitzu-atal hau. Horrez gainera, erabiltzaileen profilari erreparatuta edo profil horren hasierako bilaketa-parametroak modu adostuan aldatu ondoren, eskura dituzten enplegu-politika aktiboen berri emango zaie erabiltzaileei, enpresa, erakunde eta entitate publiko eta pribatuekiko harremanak erraztuz.
Enpresek kontratatzeko eta laneratzeko tresna eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.
Enpresek langileak kontratatzeko eta haiek laneratzeko dituzten tresnei buruzko informazioa emateko laguntza kualifikatua izango da.
Deialdiaren ebazpena 8.6. artikuluan adierazten den moduan jakinarazten den egunetik 2015eko irailaren 30era bitartean egin behar dira diruz lagun daitezkeen orientazioko ekintzak eta zerbitzuak.
Enpresa edo erakunde onuradunak egin behar ditu diruz laguntzen diren orientazioko ekintzak eta zerbitzuak, eta ezin dira haiek hirugarrenekin kontratatu. Enpresen edo erakundeen elkarte edo talde bat baldin bada onuraduna, ez da kontrataziotzat hartuko haien kideek osorik edo zati batean gauzatzea ekintzak edo zerbitzuak.
Honako pertsona hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak:
Enplegurik gabeko pertsonak.
Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.
Eta, oro har, lan egiteko adina duen eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.
Ezinbestekoa izango da baldintza hauetako bat betetzea gutxienez:
Espetxeratutako pertsona izatea, baina haren egoera penalak aukera ematea erakunde laguntzaileren baten orientazio-zerbitzura joateko aukera izatea. Edo zerbitzua abiarazi baino 6 hilabete lehenago espetxeratze-egoeran egondako pertsona izatea.
Ijitoa izatea.
Gutxienez % 33ko ezintasun-maila aitortua duten pertsona izatea.
Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak, baldin eta azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuak, laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duena, horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dituenak, 5. artikuluko b) letratik h) letran adierazitako kolektiboren bateko kideak, edo gizarte-bazterketako egoera edo egoera horretan izateko arriskua behar bezala egiaztatuta duten pertsonak.
Ibilbide pertsonalizatu bat egin nahi duten pertsonek ibilbide horretan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute. Horretarako, 3.2. artikuluko c) letran adierazten den enplegurako akordio pertsonala izenpetu beharko dute.
Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuen hartzaileek aldez aurretik Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta eta altan edo etenduran egon behar dute.
Pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuek egin eta eman ditzakete deialdi honen xede diren enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta horiek egin eta emateko arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta haien sozietate- edo fundazio-xede edo -objektuetako bat gizarte-bazterketako egoeran dauden edo egoera horretan izateko arriskua duten pertsonak eta/edo ezintasunak dituzten pertsonak eta/edo gizarte- edo lan-arloetan desabantaila-egoerak bizi dituzten pertsonak laneratzea baldin bada, eta, beti, enplegurako ekintzak egiteko eta zerbitzuak emateko esperientzia, giza baliabideak eta baliabide materialak baldin badituzte, artikulu honen 3. eta 4. puntuetan arautzen den moduan.
Halaber, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu eta deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. puntuak adierazten diren enpresen edo erakundeen elkarte eta taldeek, nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
Elkarte eta talde horietako kideek beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduera guztiak edo horietako batzuk, eskaeran adierazi beharko dute hori egiteko asmoa dutela eta onuradun-izaera izango dute.
Elkarte edo taldeei elkartutako kideek, beren gain hartzen badute jarduera guztiak edo haien zati bat elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko; betiere, artikulu honen 3. eta 4. puntuan adierazten diren eskakizunak betez. Horrez gainera, deialdi honek onuradun-izaera edukitzeko agintzen dituen gainerako eskakizunak bete behar dituzte.
Aurreko paragrafoetan arautzen dena betetzekoa izango da, eta, horrez gain, enpresen edo erakundeen taldeak nortasun juridikorik ez badu, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da taldearentzat. Pertsona horrek eskumen askietsiak izan behar ditu taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko.
Taldeko kideek diruz lagundutako orientazio-jarduerak betetzeko eginkizunarekiko duten konpromisoa adierazi behar da taldea eratzeko formalizatzen den agirian, baita diru-laguntza banatzeko modua ere. Banaketa hori 6. artikuluan arautzen den moduan egin behar da, kideetako bakoitzak diruz lagundutako jarduera egitean betetzen duen proportzioaren arabera.
Hau da deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak eskuratzeko behar den aurretiazko esperientzia:
Oro har, jarraian adieraziko den ibilbidea izan behar da honako atal hauetan:
Gutxienez bi urteko esperientzia 2007-2010 epean enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta subkontrataziorik gabeak ematen, jarduera hauetakoren bat eginez:
Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.
Laneratzean laguntzeko prozesuak.
Jarduera horiek diru-laguntzen programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:
Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuko I. kapitulua.
Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko martxoaren 9ko Agindua, irabazi-asmorik gabeko erakunde kolaboratzaileek profesionaltasuna, lanbide-informazioa, lanbide-orientazioa eta enplegu-bilaketa aktiboa egiaztatzeko ekintzak egiteko Enpleguko Institutu Nazionalak eman beharreko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urtarrilaren 20ko Agindua, enplegu-orientaziorako eta autoenplegurako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
TAS/2643/2003 Agindua, irailaren 18koa, enpleguaren gai-alorrean programa esperimentalak abian jartzeko diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena.
Halaber, baldintza hori beteko dute enplegurako orientazio-jarduerak egin dituzten erakundeek, baldin eta jarduera horiek abenduaren 16ko 56/2003 Legeak, Enpleguari buruzkoak, 25. artikuluan adierazitako moduan egin badituzte, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuta. Deialdi honen 7.2.d) artikuluak arautzen duen moduan egiaztatu behar dute eskakizun hori betetzen dutela.
Gutxienez urtebeteko esperientzia 2011-2014 epean enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta subkontrataziorik gabeak ematen, honako arau hauek beteta:
Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2011ko martxoaren 31ko erabakiaren bitartez onartua (EHAAn argitaratua, 2011ko apirilaren 27an).
Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko erabakiaren bitartez onartua (2013ko martxoaren 27an argitaratua EHAAn, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20an emandako ebazpenaren bitartez).
Enplegurako orientaziorako beste programa batzuk, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta finantzatuak.
Deialdiaren 4.1. artikuluko a) eta b) letretan adierazten diren kolektiboen arreta emateko, berariaz izan behar dute esperientzia diru-laguntza eskatzen den kolektiboari enplegurako orientazioa emateko alorrean eta lankidetzan jardunda enplegu-zerbitzu publikoekin edo estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko administrazio publikoren batekin. Esperientzia hori egiaztatzeko, berariazko ziurtagiriak eman behar dituzte zerbitzu edo administrazio horiek, eta ziurtagirietan adierazi behar da erakundeak haiekin lan egin duela kolektibo horientzat berariaz zuzendutako orientazio-ekintzak egiten. Ekintzak zer epe edo epetan egin diren zehaztuko dute ziurtagiriek.
Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:
Lokalen eta ekipamenduen egitura egokia izatea, banaka edo taldean egin eta emateko enplegurako orientazio-ekintzak eta orientazio-zerbitzuak, eskatu den diru-laguntzari dagokion eremuko lurralde osoan edo lurralde historikoetan. Baldintza hau betetzeko, kolektibo eta lurralde historiko bakoitzerako II. eranskinean adierazten diren lantokien kopurua izan behar du han adierazten diren kokagune konkretuetan, eta behar bezala beti, III. eranskinak, deialdi honetarako, ezartzen duen udalerrien eskualdekako banaketa.
Lantoki horietako bakoitzak baliabide hauek izan behar ditu gutxienez:
Arreta banakatua emateko bulego bat, erakundeak bakarrik erabiliko duena.
Talde-arretarako gela bat, gutxienez 10 lagunekin jarduteko, lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak dituena eta. Ezingo da gela horren erabilera beste erakunderen batekin konpartitu.
Jarduerei ekitean, giza baliabide propioak izatea, gutxienez teknikari bat kontratatuta, unibertsitate-ikasketak amaituta izango dituena. Giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute eta curriculum egiaztatua enplegurako orientazio-lanen jardun-alorrean. Gainera, ofimatika, internet eta lan-merkatuari buruzko jakintza izan behar dute. Diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoak izatearen konpromisoa hartuko dute erakundeek, eta langile horiek erabiltzaileei EAEko bi hizkuntza ofizialetan hartzeko gai izan behar dute.
Ezintasunen bat duten pertsonei arreta emateko orduetarako diru-laguntza eskatzen duten erakundeek, berriz, orientazio-materialak ezintasun-mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta, hala badagokio, zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.
Enpresen edo erakundeen elkarteen eta taldeen kasuan, kide guztiek bete behar dituzte paragrafo honetako a) eta b) letretan arautzen diren baldintzak haiei dagokien kokagunerako.
Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera, zerga-betebeharretatik salbuetsita egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-, foru- eta toki-erakundeak, baita erakunde horietako batek edo gehiago partaidetutako elkarteak ere.
ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio zehapenik, edo ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.
Orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arruntak eta pertsonalekoak estaltzera bideratuko da; betiere, kontuan izanik diruz lagundutako gehieneko denbora, egunean eta guztira, orientazio-saio bakoitzeko eta orientazioa eman zaion pertsona bakoitzeko, honako taula honetan ageri dena izan behar duela:
(Ikus .PDF)
Langileekin egindako gastu zuzenaren % 140 lagun daiteke diruz.
Diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak izango dira langileekin egiten diren gastu zuzenak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 1.500 orduko.
Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko Enpleguko Lurralde Bulegoetan aurkeztu beharko dira, http://www.lanbide.net web orrian eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Erakundeek eskabideetan adierazi behar dute zer lurralde historikotan nahi duten enplegurako orientazio-zerbitzuak ematen eta zer kolektibo hartu nahi duten, aintzat hartuta, betiere, eskabideak I. eranskinean kolektibo eta lurralde bakoitzerako adierazten diren orientazio-ordu guztiak jaso behar dituela.
Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Erakundearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere, eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.
Deialdi hau EHAAn argitaratzen den eguna baino lehenago erakundeak 5. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako sozietate- edo fundazio-xedea duela adierazten duen eraketako edo sorrerako eskrituren zatiaren kopia.
Enpresen edo erakundeen elkarte eta taldeen kasuan, haiek osatzen dituzten kide guztiek aurkeztu behar dute dokumentazio hori, elkartearen edo taldearen eratze-agiriaz gain.
Azken 4 urteetan orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduera zehatz-mehatz biltzen duen memoria. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak.
Hau aurkeztu behar da 5.3.1.a) artikuluaren azken paragrafoak eskatzen duen esperientzia egiaztatzeko: dagokion enplegu-zerbitzu publikoak emandako ziurtagiria, xehetasunez eta berariaz azalduko duena zer ekintza egin diren eta zer kolektibo izan diren onuradun.
Deialdiaren 5.3.2. artikuluak berariazko esperientziari buruz eskatzen duen ziurtagiria.
Egin beharreko ekintzetarako erabili beharreko metodologia eta teknikak. eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituen memoria.
Deialdiaren 5. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, eta gutxienez honako hauek bilduta:
Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien curriculum vitaea barne.
Erakunde eskatzailearen kokapena azalduko duen txostena, adieraziko duena zer lokal dituen eskuragarri eskatzen dituen diru-laguntzei dagokien lurralde historikoetan eta haien irisgarritasun-baldintzak. Horrez gainera, instalazioen planoak eta irisgarritasun-arauak betetzearen ziurtagiriak aurkeztuko dira.
Deialdiaren 9.1.2.a) artikuluak adierazten duen ibilbide frogagarria egiaztatzeko dokumentazioa.
Deialdi honen 9.1.2.c) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde eskatzaileak enplegu-zentro berezien titularrak direla edo haietan gehiengo partaidetza dutela egiaztatzeko, izaera hori adierazten duen eraketako edo sorrerako eskritura-atalaren kopia aurkeztu behar da.
Eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aurreko paragrafoan adierazitako nahitaezko dokumentazioa atxiki ez bazaie, hamar eguneko epea egongo da hutsegitea zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, bestela erakundeak bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adierazita. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua behartuta egongo da eskaera horri buruzko esanbidezko ebazpena ematera eta jakinaraztera.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.
Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira diru-laguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:
Presidentea: Gotzone Sagardui Goikoetxea, Lan Aktibazioko zuzendaria.
Idazkaria: Jesús M.ª Ordoñez Orzaiz, Lan Aktibazioko Zuzendaritzako Laneratzeko Arloko arduraduna.
Organoko kideak: Amaia Arteaga Dañobeitia eta Angel Altuna Urcelay, Laneratze Areako teknikariak.
Aurreko paragrafoan adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat emango du, eta ematea proposatzen diren diru-laguntzak adieraziko ditu bertan. Proposamen horretan, arreta jasoko duten kolektiboak, lurralde historikoak eta diru-laguntzentzat proposatzen diren zenbatekoak adieraziko dira, baita ukatzea proposatzen direnak eta ukatze horien arrazoiak ere. Interesdunei jakinaraziko zaie behin-behineko ebazpen-proposamen hori, Lanbideren web-orrian argitaratuta: www.lanbide.net
Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Epe hori igarota eta, halakorik izan bada, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.
Ebazpen-proposamenak ez die proposatutako onuradunei eskubiderik emango Administrazioarekiko.
Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren esanbidezko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.
Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.net
Ebazpenean adieraziko dira erakunde onuradunak, erakunde horiek hartu behar dituzten kolektiboak eta lurralde historikoak, diru-laguntzen zenbatekoa, haiek ordaintzeko modua eta epeak, eta diru-laguntzak justifikatzeko modua. Era berean, ukatuak izan diren eskaeren zerrenda jasoko dute, horren arrazoia adierazita.
Ebazpenak beren-beregi adieraziko da EGIFek finantziazioan parte hartuko duela, EAEko 2007-2013 Programa Operatiboaren esparruan.
Prozeduraren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Publizitate-printzipioa betetzearren, betiere, prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea alde batera utzi gabe, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan EGIFekin batera finantzatu dela berariaz adierazita.
Horrela jokatuko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta orientaziorako ekintzei eta zerbitzuei dagozkien diru-laguntzak esleitzeko:
Lurralde historiko eta kolektiboren baterako erakunde eskatzaile bakar bat baldin badago, erakunde horri esleituko zaio diru-laguntza, deialdian jasotako ordu guztietarako.
Eskaera bat baino gehiago egiten baldin bada lurralde historiko eta kolektibo bakoitzerako, horrela jokatuko da eskaerak ebaluatu eta diru-laguntzak esleitzeko:
Deialdiaren 5.3.1. artikuluan arautzen diren eskakizunekin lotuta, 2,5 puntu emango dira erakundeek froga dezaketen ibilbide-urte bakoitzeko, aintzat hartuta erakundeak zer lan egin duen, azken 5 urteetan, gutxienez eskatzen den urte-kopurutik gora, diru-laguntzaren xede izango den kolektiboarekin. Gehienez, 7,5 puntu emango dira.
Prozesuan, 2,5 puntu emango dira erakundeak orientazio-zerbitzua eman nahi duen lurralde historikoan duen bulego bakoitzeko, 5.4.a) artikuluak gutxienekotzat eskatzen eta II. eranskinean zerrendatzen diren kopuruetatik gora. 15 puntu emango dira gehienez.
Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie ezintasunak dituzten pertsonei arreta emateko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakundeen taldeei, baldin eta enplegu-zentro bereziak baldin badira, enplegu-zentro berezien jabeak baldin badira edo enplegu-zentro berezien sozietate-kapitalaren gehiengoa baldin badute harpidetuta, eta, horrez gainera, EAEn lantokiak baldin badituzte. Eskaera erakundeen elkarte edo talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen baldin badu haren baitako erakundeen erdiak gutxienez. Horrez gainera, diru-laguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.
Ebaluazioan, 5 puntu emango zaizkie bazterketa-egoeran dauden edo bazterketa-egoeran izateko arriskuan dauden pertsonei (deialdiko 4.1.d) artikuluan adierazten den kolektiboari) arreta emateko diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeei edo erakundeen elkarteei, baldin eta EAEn lantokiak dituzten laneratze-enpresak baldin badira edo laneratze-enpresen sustatzaile badira. Eskaera erakundeen elkarte edo talderen batek egiten baldin badu, puntuazio hori emango zaio baldin eta, eskaeran adierazten diren datuen arabera, baldintza hori betetzen baldin badu haren baitako erakundeen erdiak gutxienez. Horrez gainera, diru-laguntzen xede diren jarduera guztiak edo haien zati bat egiteko konpromisoa hartu behar dute baldintza hori betetzen duten erakunde horiek.
Lurralde historiko eta kolektibo baterako diru-laguntzen esleipenean berdinketarik ematen baldin bada guztirako puntuazioetan, lehentasun-ordena honetan egingo da esleipena:
Lehentasuna izango dute puntuazio altuena lortu dutenak artikulu honetako 1.2.a) atalean.
Puntu-berdintasunak bere horretan badirau aurreko irizpidea bete ondoren, 1.2.b) atalean puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
Lehen ordainketa 2014. urtean egingo da, ebazpena argitaratu ondoren, eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 75,40 ordainduko da.
Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, erakundek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz; dekretu horrek arautzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra eta bertan ezartzen dira diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideen baldintzak, araubidea eta betebeharrak. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu.
Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.
Bigarren ordainketa 2015.urtean egingo da, eta gainerako % 26,60 edo justifikazioaren ondorioz ordaindu beharrekoa izango den zenbatekoa ordainduko da. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu behar dira diruz lagundutako ekintzak amaitu ondorengo bi hiletan:
Emandako diru-laguntzarekin egin den jardueraren azalpen-memoria.
Erantzukizunpeko adierazpena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-zerbitzu mekanizatuan ageri den informazioa, hartutako pertsonei eta egindako ekintzei buruzkoa (eman diren zerbitzu zehatzak, abiarazi diren enplegu-politiken iraupena eta ekintzak), egiazkoa dela adieraziko duena.
Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langileen nominen eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (TC1 eta TC2 ereduak) kopiak eta ekintzetan egindako gastuen egiaztagiriak.
Deialdi honetan araututako laguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliz.
2026. urtera arte Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen Europako Gizarte Funtsekoak barne eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.
Era berean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.
Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.
Laguntza horiek aditzera emateko material eta ekintza guztietan, laguntzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan, Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla aipatzea eta «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.
Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontularitza-sistema batean eta kontularitza-kode egoki batez identifikatua.
Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango diren erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean egongo balira edo deialdi honetan ezarritako baldintzetakoren bat beteko ez balute, Lanbideko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko lieke jaso gabe dituzten kopuruak jasotzeko eskubidea galdu izana eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, diru-laguntza emandako unetik bertatik sortutako legezko interesekin batera. Horrez gain, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, erantzukizun araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango delarik.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura, honako hau izango da:
Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


