Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2015eko irailaren 16koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deialdia egiten duena salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2015eko irailaren 16koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deialdia egiten duena salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 185
  • Hurrenkera-zk.: 4081
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/09/16
  • Argitaratze-data: 2015/09/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria

Testu legala

Salgai arriskutsuak nazioarteko errepidez garraiatzeko akordio europarrarekin (ADR) lotuta, otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren arabera, arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan behar dute salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zamalanak egiten dituzten enpresek. Gainera, dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaileek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren eta Europar Parlamentuaren 2008ko irailaren 24ko 2008/68/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan, salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasunari buruzkoan, xedatuta dago horretarako azterketak autonomia erkidego bakoitzeko organo eskudunak deitu beharko dituela, eta deitu ere, gutxienez urtean behin.

Gainera, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduaren bidez xedatu denez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo proga izango da, eta ikuskatzaile berrientzako jarritako baldintza berberak izango dira.

Ondorioz, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan xedatutakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 15.1.j artikuluak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabilita,

Lehenengoa. Azterketen esparrua.

  1. Lanbide-gaitasunerako azterketetarako deialdia egiten da salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzailearen titulua lortzeko edota, titulua izanik, iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko, baldin eta titulu horiek ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo urtean iraungitzen bazaizkie.

  2. Errepideko garraioaren barruan, izangai berriek, nahi izanez gero, azterketa osoa edo aukeratutako espezialitateak soilik egin ahal izango dituzte. Hona hemen salgai motari jarraikiz bereizitako espezialitate horiek:

  1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.

  2. salgai mota: gasak.

  1. salgai mota: erradioaktiboak.

    3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

    Nazio Batuen Erakundeak 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

  1. Titulua berritzeko aurkezten direnek lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahalko dute azterketa.

    Bigarrena. Azterketak.

    Izangai berrien zein titulua berritu behar dutenen azterketak osatuko dituzten probak, eta azterketen egitura eta kalifikatzeko modua, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakora egokituko dira.

    Hirugarrena. Eskabideak.

  1. Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen (www.euskadi.net/consejeros) web-orriaren bidez aurkeztu beharko da.

  2. Eskabidea aurkezteko, hamar egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

  3. Eskabide-orria webgunearen bidez betetakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 20,94 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua eta Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. idatzi-zatia).

    Tasak, zuzenean, interneteko webgune horren bidez (linean) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (lineatik kanpo) ordaindu ahal izango dira.

    Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander eta Banco Guipuzcoano) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da nahitaez, ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

    Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

  4. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

    Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera atera eta hurrengo egunetik aurrera, 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

    Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten argitaratuko ditu.

    Laugarrena. Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

    Epaimahaia

    Mahaiburua: Maria Luisa Madinabeitia Rivarés

    Mahaikideak: Arantxa Unamuno Lekuona

    Rafael Fernandez Perez

    Francisco Javier Rivas Dominguez

    Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández

    Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian jarriko dira.

    Bosgarrena. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

    Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

    Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez (www.euskadi.net/consejeros) egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak interneten argitaratuko dira.

    Azterketa egiteko, izangaiek arkatza eta ezabagoma eraman beharko dituzte.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.

    Garraio Plangintzaren zuzendaria,

    MARCO BORONAT ELIZALDE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik