Euskadi.eus
  • 416/2013 DEKRETUA, irailaren 24koa, enpresak finantzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa bat garatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

416/2013 DEKRETUA, irailaren 24koa, enpresak finantzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa bat garatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 196
  • Hurrenkera-zk.: 4342
  • Xedapen-zk.: 416
  • Xedapen-data: 2013/09/24
  • Argitaratze-data: 2013/10/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Egungo krisi ekonomikoa bereizten duen ezaugarrietako bat honako hau da: Euskadiko enpresa-sektorea finantzatzeko ohiko iturriak, merkataritza-trafiko arruntari lotuta daudenak, nabarmen uzkurtu izana.

Finantziazio-gabezia hori arintzeko, 2009-2010, 2011. eta 2012. urteetan abalen programa bat proposatu zen otsailaren 16ko 52/2010 Dekretua (martxoaren 16ko EHAA, 51. zk.), ekainaren 14ko 125/2011 Dekretua (ekainaren 24ko EHAA, 120. zk.) eta uztailaren 10eko 127/2012 Dekretua (uztailaren 19ko EHAA, 141. zk.). Programa horren xedea zen gure ekonomiarako eta enplegurako ezinbestekoa den enpresen kolektibora bereziki bideratutako kapital zirkulatzailea finantzatzea. Enpresa horiek, bakarrik edo beste batzuekin lankidetzan, garrantzizko proiektuetan sartzeko aukera zuten, nazioartean batez ere, eta proiektu horiek garatuz eta gauzatuz, eskari berriak ekartzen zizkieten Euskal Autonomia Erkidegoko hornitzaileei.

Enpresa traktoreek gauzatzen duten eragiketa mota horrek asko lagundu du gure industria-sareak jarraitutasuna izan dezan produkzio- eta enplegu-alorretan.

52/2010 eta 125/2011 Dekretuek honako oinarri hauek zituzten: batetik, EBren Funtzionamendu Itunaren 107.3.b) artikulua; eta, bestetik, itunarekin bateragarriak diren laguntzak ematea ahalbidetzen duen Batzordearen Komunikazio hau: «Europar Batasunaren aldi baterako esparrua, egungo ekonomia- eta finantza-krisialdian finantzaketa eskuratzen laguntzeko estatuko laguntzen neurriei aplikatu beharrekoa». Bestalde, 127/2012 Dekretuak bete egiten zuen Batzordearen Komunikazioan ezarritakoa, estatuek berme gisa emandako laguntzei EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruz.

Hain zuzen ere, berme gisa emandako laguntzak onartzeko araubide bat ezartzean, 155/10 Batzordearen Komunikazioan ezarritako jarraibideak bete beharra dago (komunikazio hori 2008ko ekainaren 20ko EBAOn argitaratu zen, eta estatuek berme gisa emandako laguntzei EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da).

Komunikazio horren arabera, estatuen laguntza mota hori barne-merkatuarekin bateragarritzat hartuko du Batzordeak, Itunaren 87.1 artikuluari jarraikiz, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

Enpresa krisi-egoeran ez egotea.

Bermea finantza-transakzio espezifikoei loturik egotea, eta transakzio horiek iraunaldi eta zenbateko mugatuak izatea.

Bermeak ezingo du estali maileguaren edo bete gabeko beste finantza-obligazioren baten % 80 baino gehiago.

Bermeagatik ordaintzen den prezioa merkatuan oinarritua egotea.

Eusko Jaurlaritzak gure autonomia-erkidegoaren oinarrizko euskarria enpresa-sektorea izaten jarraitzea nahi du, eta horren aldeko apustu aktiboa eginez, beharrezko jotzen du ezohiko jarduera horri eustea, sektorean, eskualde-mailan, ekonomikoki edo gizarteari begira daukaten garrantziarengatik neurri-mota hau justifikatzen duten enpresa-proiektuei laguntzeko.

Laguntza horiek gauzatuko dira ETEei edo ETE-taldeei abal publikoak emanez, inbertsioak edo kapital zirkulatzailea finantzatzeko, bereziki garrantzia emanez industriaren eta enpleguaren sarea mantentzeari. Laguntza horiek emango dira, hain zuzen ere, publikotasun-, konkurrentzia- eta objektibotasun-printzipioen arabera.

Ezohiko Programa horrek aplikatu beharreko Komunikazioa kontuan hartu eta errespetatzen du, eta Europar Batasunak ezarritako laguntza-tipologiara egokituta dago, baita laguntza horiek baimentzeko oinarrizko baldintzetara ere.

Araubidea zehazteko oinarritzat hartuko dira Batzordeak emandako Komunikazioaren xedapenak, zehazki, EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoak.

Halaber, luzatutako Aurrekontu Orokorren erregimenera egokitzen da; izan ere, aplikatu beharreko araudiaren arabera, luzapenean zehar bermeak eman ahal izango dira baldintza berberetan eta luzapena izango duten Aurrekontu Orokorretan baimendutako gehienezko zenbatekora arte. Ildo horretatik, 2013ko ekitaldian eman beharreko abalen gehienezko zenbatekoa 100 milioi euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legearen 9. artikuluan finkatutako mugaren barruan dago.

Ezohiko programa horretan 2012an aplikatutako jardun-irizpideei eutsi zaie. Hona hemen nabarmenenak:

Laguntzaren salbuespen-irizpidea, eskabideak izapidetzeko onartu aurretik hainbat ezaugarri betetzea eskatzen delako.

Laguntza finalistaren kontzeptua, proiektu, eskaera edo kontratu jakin batentzat.

Abal publikoaren figura laguntza lortzeko baliabide orokor gisa erabiltzea, finantziazioa lortze aldera.

Aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta bideratzeko beharrezkotzat hartzen den informazio eta dokumentazio oro aurkezteko obligazioa.

Enpleguari eutsiko zaiola adierazten duen idazki bidezko konpromisoa.

Abal publikoaren bitartez lortutako finantza-baldintzak enpresa hornitzaileei besterenduko zaizkiela adierazten duen idazki bidezko konpromisoa.

Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko baimena izan behar da, baldin eta akzioak hirugarrenei eskualdatzen bazaizkie, eta horrek enpresaren kontrola aldatzea badakar.

Aurkeztutako proiektuak, eskaerak edo kontratuak ebaluatzeko metodologia, enpresa-proiektuaren tratamendu unitarioaren printzipioak abian jarriko dituena; enpresak jasotako laguntza guztiak kontuan hartuko dituen leihatila bakarra; eta, halaber, aurkeztutako proiektuarekiko adostasuna eta bideragarritasunari buruz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako industria-ebaluazioa, bai eta finantza-ebaluazioa ere.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko irailaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea honako hau da: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi handia duten enpresei edo enpresa-taldeei abal publikoak emateko ezohiko programa ezartzea, enpresa horiei finantziazioa lortzea ahalbidetuko diena, kapital zirkulatzailearen premiak estaltzeko; eta beste alde batetik, finantziazio hori lortzeko baldintzak eta prozedura arautzea.

  1. Abalen bidez, 100.000.000 euro emango dira, gehienez, 2013ko ekitaldian. Muga horretaz gainera, dekretu honen babesean emandako abalek, EAEko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legearen 9.1 artikuluaren mendeko gainerako bermeekin batera zenbatuta, ezingo dute gainditu arau horretan ezarritako zenbatekoa.

  2. Dekretu honen babespean araututako eta deitutako abalak publikotasun-, konkurrentzia- eta objektibotasun-printzipioen arabera emango dira. Abalak eskatzeko espedienteak modu ordenatuan ebatziko dira, dekretu honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

  3. Abalak emateko ezarritako diru-zenbatekoa agortuz gero, Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan zenbatekoa noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskabiderik.

  4. Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, gehienezko abal kopurua agortzeagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, organo eskudunaren administrazio-ebazpenaren bitartez.

  5. Abalen gehienezko zenbatekoa eguneratu ahal izango da, legedian ezarritako aurrekontu-aldaketetarako araubidearekin bat etorriz. Halakorik gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordearen ebazpen bidez.

  1. Dekretu honen arabera garatu den ezohiko programan aurreikusitako laguntzak honela gauzatuko dira: industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi berezia duten ETEei edo ETE-taldeei inbertsioak edo kapital zirkulatzailea finantzatzeko abal publikoak emanez.

  2. Enpresa handi bat eta ETE bat bereizteko, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan (2003-05-20ko EBAO, L 124/36) edota hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

    Zehazki, enpresa txiki eta ertainen kategorian, honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak sartuko dira:

    250 langile baino gutxiago dituztenak.

    Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak edo, bestela, urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak.

    Zuzenean edo zeharka, kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez egotea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa baten edo batzuen eskuetan.

  1. Abalen ezohiko programaren onuradun izango dira erauzketako industria-enpresak, eraldaketakoak, ekoizpenekoak, produktua-prozesuarekin eta aurrekoekin lotutako zerbitzu teknikokoak, informazioaren eta komunikazioen sozietatearen eremukoak, teknologian edo berrikuntzan oinarrituta daudenak, betiere lantokia eta/edo ustiaketa-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badute, eta beste baldintza hauek betetzen badituzte:

    Eragin traktore edo enplegurako eragin berezia duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak aurkezten badituzte.

    Beren inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak beren baliabideak erabiliz finantzatzeko zailtasunak dituzten enpresak edo enpresa-taldeak badira, eta egungo finantza-krisia dela medio behar duten finantzazioa lortu ezin dutenak badira.

    Egun bizi duten egoera ekonomikoa eta finantza-egoera nahiz etorkizuneko itxaropenak kontuan hartuta, abalatutako finantza-eragiketa itzultzeko behar adinako ahalmena duela ondoriozta badaiteke.

  2. Krisialdian ez dauden enpresei soilik emango zaie laguntza.

  3. Laguntza ez zaie aplikatuko esportazio-kredituen bermeei.

  4. Kanpoan geratuko dira, halaber, berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak ere, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

  5. Dekretu honek arautzen dituen abalak enpresa onuradunei eman aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea, bai eta eskatzaileak administrazio horrekin exekuzio-aldian zorrik ez izatea.

  6. Laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileak ez du egon behar zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta.

  1. ETE bat krisian egongo da, krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen 2. atalean zehaztutakoaren arabera (2004/C 244/02).

  2. Hasiera batean, eta tamaina edozein izanik ere, enpresa bat krisi-egoeran dagoela esango dugu honako zirkunstantzia hauen arabera:

    1. Bazkideek erantzukizun mugatua duten sozietate bat izanik, sinatutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada, eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo

    2. Erantzukizun mugagabea duen sozietatea izanik, sozietate horren berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada, sozietatearen liburuetan azaltzen denaren arabera, eta funtsen laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo

    3. Enpresa mota guztiei dagokienez, lehiaketa-prozeduraren eraginpean hartzeko baldintza guztiak betetzen badituzte.

Honako hauek izango dira finantza daitezkeen proiektuak: dituzten ezaugarriak direla medio gauzatzeko finantziazio lotu nabarmena behar duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak.

Nolanahi ere, araubide honetan ezarritako laguntzak lortzeko, proiektuak, eskaerak edo kontratuak sektorean eta enplegu-arloan bultzada berria emateko daukan irismen estrategikoa eta garrantzi berezia hartuko dira kontuan.

Honako alderdi hauekin lotura duten proiektuak hartuko dira finantzagarritzat:

Inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, betiere horiek gauzatzeko enpresa-arloko itunak edo ekimenak elkarrekin osatzen badira, eta horrekin merkatu berriak irekitzen badira eta Euskadiko enpresa-sarea nazioartean birkokatzen bada.

Berregituratzeko neurriak aplikatu dituzten enpresek lortutako inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, baldin eta proiektuak, eskaerak edo kontratuak enpresa horietarako enplegua hobetzeko, finkatzeko eta garatzeko plana badakar.

Euskadiko enpresa-sarean ehuneko garrantzitsuetan zuzeneko trakzio-eragina duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak.

Inplikatutako enpresa hornitzaileen katearekin ordaintzeko arrazoizko akordioak biltzen dituzten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, betiere akordio horiekin saihesten bada ordainketen praktika txarrak eta horrek eragiten duen finantza-estutasuna eramatea haiengana.

  1. Dekretu honen arabera emandako finantza-abalek enpresa onuradunen diru-arriskuak bermatuko dituzte. Diru-arrisku horiek laguntzaren xede diren inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak gauzatzeko behar diren finantza-eragiketen ondorioz sortutakoak izango dira.

  2. Abalaren zenbatekoa inbertsio-proiektuarekin, eskaerarekin edo kontratuarekin lotutako finantza-eragiketaren nominalaren % 30 izango da, oro har. Abala abalatutako zenbateko nominalera luzatuko da, gehienez, eta zenbateko horren 6 hilabeteko interesetara, gehienez.

  3. Irizpide orokortzat hartuta, abalaren epea 24 hilabete izango da; epe hori gainditu ahal izango da inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren bideragarritasunak edo iraupenak halakorik justifikatzen badute.

  4. Abalek abalaren komisioa edo prima sorraraziko dute urtean, Eusko Jaurlaritzaren alde, baina ez da ezein komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko. Zenbateko hori aldez aurretik kitatuko da, abal-eragiketa formalizatu zen urteurren bakoitzean, abalatutako finantza-eragiketaren saldo biziaren gainean.

  5. Abalaren urteko prima edo komisioa kalkulatzeko, Batzordearen 155/10 Komunikazioaren 3.3 paragrafoan ezarritako xedapenak I. eranskinean jasotakoak hartuko dira aintzat (komunikazio hori EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

  6. Abalatutako zenbatekoa itzuliko dela bermatze aldera, enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonalaz gain, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak abala emateko beharrezkotzat jotzen dituen kontrabermeak eskatu ahal izango ditu, justifikatuta. Halakoak eskatzen badira, enpresa onuradunak kontrabermeok eratu beharko ditu, abal publikoa formalizatu baino lehen.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuaren 3.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak, Berme Erregistroaren organo kudeatzailea den aldetik, txosten bat egingo du, Industriako sailburuordeak ebazpena eman baino lehen. Txosten horretan honako hauek adieraziko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 37. artikuluan ezarritako muga agortu gabe dagoela; eragiketaren ezaugarri ekonomiko-finantzarioak eta abala bermatzeko neurriak zein diren; eta enpresa eskatzaileak ez daukala exekuzio-aldiko zorrik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin. 11. artikuluan aipatzen den ebazpena onartu ahal izateko, txosten horrek aldekoa izan behar du.

    Eragiketaren ezaugarri ekonomiko-finantzarioei dagokienez, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak 8.4.h) artikuluan eskatzen den dokumentazioa aztertuko du. Eragiketaren edukia merkatuaren baldintza objektiboetara egokituko da, eta, gainera, sektore publikoaren bermea izan beharko du, bai eta berme horrek kobrantzan dakarren segurtasuna ere.

  8. Abalatutako finantza-eragiketak eurotan egingo dira. Atzerriko moneta batean egin nahi badira, Ogasun eta Finantza Sailaren baimena beharko da, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzaren aldeko txostenarekin batera.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituztenek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskaerak eta gainerako agiri osagarriak, eta zuzendaritza horretan bertan (Vitoria-Gasteizko Donostia kalea 1, PK 01010, Araba), sail horretako Lurralde Bulegoetan, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan aurkeztu beharko dira.

  2. Eskaerak aurkezteko epea 2013ko azaroaren 30ean amaituko da, adierazitako zenbatekoa agortzen ez den bitartean.

  3. Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duenak sinatuko du eskaera.

  4. Enpresa eskatzaileak, II. eranskinean azaltzen den eskabidea betetzeaz gain, memoria bat erantsi beharko du. Memoria horretan honako informazio hau bilduko du, gutxienez:

    1. Azken urteotan enpresak izan duen bilakaera, eta, hala badagokio, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko barruan zer neurri hartu diren jakinaraziko da.

    2. Enpresak bere bitartekoak erabiliz inbertsio-proiektuari, eskaerari edo kontratuari ezin diola aurre egin egiaztatzen duen txostena. Adierazitako txostenean zehaztu beharko da enpresak eta langileek zer ahalegin egin dituzten azken bi urte hauetako dibidenduak banatzeko politikari eta soldata-politikari dagokionez, baita ondorengo bi urteetarako aurreikusitako politikari dagokionez ere.

    3. Merkatuaren bilakaeraren inguruko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen direnena.

    4. Enpresak EAEko enpresa-sarean duen integrazio-maila: nolako trakzio-eragina duen.

    5. Enpresa eta haren nazioartekotze-maila.

    6. Salbuespenezko esku-hartzearen oinarria den inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren deskribapena.

    7. Bermatu beharreko eragiketa nagusiari buruzko memoria ekonomikoa eta finantza-arlokoa. Inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren ondorioz zirkulatzailea finantzatzeko sortzen diren premien deskribapena.

    8. Abalatu beharreko finantzaketa-eragiketa(k) formalizatzeko baldintzak.

    9. Enpresa eskatzaileak eskainitako kontrabermeen deskribapena, erantzukizun-aitorpenarekin. Bertan, enpresaren aktiboak osatzen dituzten ondasunak edo eskubideak zehaztu behar dira, ekoizpen-prozesuari lotuta egon ala ez, eta balorazio-irizpide orokorren araberako benetako balioespena egin beharko da, bai eta kargen zehaztapena ere.

    10. Finantziazio-baldintzak, enpresa hornitzaileei bideratuak, baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartuta.

    11. Emaitza Kontuen Aurreikuspena indarreko urterako eta datozen bi urteetarako, eta sentsibilitate-azterketa bat merkatuaren bilakaerari buruzko hainbat hipotesi oinarri hartuta.

    12. Abala formalizatu ostean, eta data horretatik zenbatzen hasita hiru urteko epean, enpresak edo enpresa-taldeak Eusko Jaurlaritzari aurretiazko baimena eskatuko diolako konpromisoa, baldin eta hirugarrenei akzioak besterentzen bazaizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar.

  5. Honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

    1. Enpresa eskatzailea eratu zeneko eskrituraren fotokopia, eta eskritura horrek izandako aldaketena, halakorik izan bada.

    2. Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

    3. Eskatzailearen ordezkatze-ahalordearen fotokopia.

    4. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

    5. Zerga-betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

    6. Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Ikuskatuen fotokopia; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenen fotokopia.

  6. Interesduna edozein motatako enpresa-taldea baldin bada, eskaera bakarra aurkeztuko da; taldea osatzen duen enpresa batek partaidetzaren ehuneko handiena duelako edo beste edozein arrazoirengatik bere gain hartu beharko ditu eragiketaren martxa onerako beharrezkoak diren Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak.

    Hori guztia esanbidez adieraziko da eskaeran; enpresa arduradunak ez ezik, gainerako enpresa parte-hartzaile guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.

    Eskaerarekin batera, artikulu honen 4. eta 5. paragrafoetan aipatutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, taldea osatzen duen enpresa bakoitzari dagokionez.

    Horretaz gain, jakinarazpenei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 33. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

  7. Enpresa eskatzaileak eskaeran gezurrezko daturen bat jartzen badu, eta, bereziki, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.

  8. Edonola ere, Industria Garatzeko Zuzendaritzak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

  9. Dagoeneko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharrik izango. Kasu horretan, noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskaeran, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) idatzi-zatian ezarritako baldintzak beteta. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

  10. Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute dokumentazioarekin batera, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Industria Garatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edota zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsok zuzen ditzan, eta jakinarazi egingo zaio hori horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, Industria Garatzeko zuzendariak ebazpena emango du eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Aurkezten diren eskaeren ebaluazioa eta segimendua egiteko batzorde bat eratuko dute Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordeak batzordeburu arituko da, Industriako sailburuordeak, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariak eta Industria Garatzeko Zuzendariak idazkari arituko da azken hori.

  2. Batzordearen egitekoa izango da aurkeztutako eskabideak ebaluatzea eta laguntza emateko edo ukatzeko ebazpen-proposamena egitea. Halaber, dekretu hau aplikatuz emandako abalen segimendua ere batzorde horri dagokio.

    Horretarako, Industria Garatzeko Zuzendaritzak batzordeari emango dio jasotako abal-eskaeren berri, eta abala emateko ebazpenen berri. Era berean, enpresa onuradunek betebeharrak betetzen dituzten ala ez adierazten duten txostenak bidaliko ditu, baita atzemandako ez-betetzeak eta kasu horretan aplikatu beharreko neurriei buruzko proposamena ere.

  1. Industriako sailburuordeak administrazio-ebazpena eman eta jakinaraziko du, hiru hilabeteko gehienezko epean, betiere eskatutako dokumentazio guztia jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen horretan, abalaren gehienezko zenbatekoa, epea eta beste baldintza batzuk ezarriko dira baldin eta baleude, eta aplikatuko den Europako araudia ere zehaztuko da.

    Aurreko paragrafoan adierazitako epea amaitutakoan ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, enpresak bere eskaera onartu dutela uler dezake, hargatik eragotzi gabe administrazioko erakunde eskudunak eskatutako abalari buruzko esanbidezko ebazpena emateko duen betebeharra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, eskaerak ez baditu betetzen abalak lortzeko betekizunak, eskatutako abala ukatzeko ebazpena emango du Industria Garatzeko zuzendariak, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen proposamenez.

  2. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko. Beraz, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epean eta moduan.

  3. Abala emateko ebazpenak eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, emandako abalen enpresa onuradunen zerrenda eta abalen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

  1. Abala emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bermatutako finantza-eragiketa eta abal-kontratuaren eragiketa gauzatuko dira, hiru hilabeteko epean gehienez. Nolanahi ere, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak epe hori luzatzea izango du, interesdunak berak eskatuta, eta luzapena eragiten duten inguruabarrak aztertu ondoren.

  2. Abal-kontratua Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordeak egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Eragiketetan, Batzordearen honako komunikazio honetan zehaztutakoa bete beharko da: Batzordearen Komunikazioa, EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2008-06-20ko EBAO, C 155/10).

  2. Dekretu honen babespean emandako abalak bateragarriak izango dira Administrazio Publikoek emandako beste edozeinekin.

    Beste administrazio publiko batzuek helburu bera lortzeko emandako laguntzekin batera, abalaren zenbatekoak ezin izango du gainditu proiektu, eskaera edo kontratuaren zenbatekoaren % 80, betiere Batzordearen C155/10 Komunikazioaren 3.2.c) atalean ezarritakoarekin bat etorriz (artikulu honetako 1. paragrafoan aipatu da komunikazio hori).

    Muga hori gaindituz gero, dekretu honen babespean emandako abalaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.

  3. Abalen onuradunek nahitaez jakinarazi beharko dute Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean beste diru-laguntza, laguntza edo abal batzuk jaso dituztela helburu bera lortzeko, baita hasitako zergalditik nahiz aurreko bi zergaldietatik gaur egun arte helburu bera lortzeko jasotako minimis laguntzak ere.

Enpresa onuradunak ez badu betetzen abala emateko ebazpenean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, Industriako zuzendariak, Ebaluazio eta Jarraipen Batzordearen proposamenez emandako dagokion ebazpenaren bitartez, adieraziko du abala jasotzeko eskubidea galdu duela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa abal-emaile gisa dituen erantzukizunetatik aske utzi beharko dela. Zirkunstantzia hori ezinezkoa baldin bada, erakunde hartzekodun nagusiak uko egiten diolako, abalak % 3,5eko urteko komisioa sorraraziko du mugaeguna iritsi arte. Onuradunak ordaindu ez duelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zenbatekoaren zati bat edo zenbateko osoa ordaindu behar badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

Dekretu honetan araututako abalak jasotzen dituzten enpresa onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte, kasu guztietan:

  1. Emandako abala onartzea. Alde horretatik, abala eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez abalari uko egiten ez badiote, abala onartutzat hartuko da.

  2. Abala eman den helbururako erabiltzea.

  3. Eskatzen zaien informazio osagarria bidaltzea Industria Garatzeko Zuzendaritzara, Administrazioak proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren garapen eta gauzatzeari buruz egoki iritzitako egiaztapenak egin ditzan.

  4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunak betez eskatutako informazioa ematea, dekretu honen kargura jasotako abalari dagokionez.

  5. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

Abalak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, abala emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Nolanahi ere, beste administrazio publiko batzuek emandako laguntzak edo abalak lortuz gero eta, hala badagokio, helburu bera lortzeko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortuz gero, abala emateko ebazpena aldatu egingo da, abala 13. artikuluan xedatutakoaren arabera egokitzeko.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko irailaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.