- 90/2023 DEKRETUA, ekainaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko prebentzio-sistemaren barruan prebentzio-zerbitzuen jarduketa sanitarioei eta laneko medikuntzaren gaineko auditoretzak egiteari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu90/2023 DEKRETUA, ekainaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko prebentzio-sistemaren barruan prebentzio-zerbitzuen jarduketa sanitarioei eta laneko medikuntzaren gaineko auditoretzak egiteari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun Saila; Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 125
- Hurrenkera-zk.: 3166
- Xedapen-zk.: 90
- Xedapen-data: 2023/06/20
- Argitaratze-data: 2023/07/03
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Lana eta enplegua
Testu legala
Aurrezaintzako zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jarduera sanitarioak arautzen dituen uztailaren 27ko 306/1999 Dekretuak prebentzio-zerbitzuek eta auditoretza-erakundeek eta kanpo-ebaluazioko erakundeek bete behar izan dituzten baldintza sanitarioak arautu ditu gaur arte, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko laneko osasunaren arloko jarduketa sanitarioen esparrua ere.
Arau horren babespean, prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioak antolatzeko eta arautzeko eredu propioa sortu eta finkatu da, eta, horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoan lana duten biztanle guztien laneko osasuna babestu ahal izan da, oso kalitate-maila onarekin.
Hala ere, bi hamarkada baino gehiago igaro dira indarrean sartu zenetik, eta, beraz, arau berri bat behar da, aipatutako eredua laneko prebentzioaren eta osasunaren arloan sortutako eskakizun berrietara egokitu dadin eta, modu berean, urte hauetan guztietan erreferentziako arau-esparruan izan diren aldaketetara egokitu dadin.
Hauek dira, besteak beste, esparru hori osatzen duten arau-testuak: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzkoa; 33/2011 Lege Orokorra, urriaren 4koa, Osasun Publikoarena; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa; 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa; 1277/2003 Errege Dekretua, urriaren 10ekoa, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimenak emateko oinarri orokorrak finkatzen dituena; 31/2006 Dekretua, otsailaren 21ekoa, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzkoa; eta berau garatzeko emandako xedapenak. Arreta berezia merezi dute ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuan sartutako berrikuntzek. Hain zuzen ere, Errege Dekretu horren bidez, prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dira.
Dekretu honek hainbat alderdi garatzen ditu, laneko osasunaren arloko gobernu-plan eta -estrategietan jada jasota daudenak, bai eta osasun-araudiak edo laneko prebentzioari buruzko araudiak erregulatutako arau-esparruak ere, hala nola, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretua, prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dituena, zeinak barne hartu baitzuen kanpoko prebentzio-zerbitzuen arteko lankidetza-hitzarmenen erregulazioa eta arau honetan berez garatzen diren prebentzio-zerbitzu propioen jarduera sanitarioen azpikontratazioa.
Beste alde batetik, dekretu honen bidez, modu sakonagoan garatu nahi dira zenbait gai, hala nola, laneko historia klinikoa edo Laneko Osasunari buruzko Informazio Sanitarioko sistema. Horrela, informazioa bildu ahal izango da, langileen osasuna babesteko eta lantokietan osasuna sustatzeko politikak diseinatu eta planifikatzeko asmoz. Osasunaren zaintzan aritzen diren prebentzio-zerbitzuek eta laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren auditoretza egiten duten pertsonek edo erakundeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak zehazten dira, arlo hauetan: giza baliabideak, baliabide materialak, ezaugarriak, instalazioak, ekipoak, osasun arloko materiala, prebentzio-zerbitzuetako zerbitzu sanitarioen baimenak, komunikazioak eta erregistroak, eta unitate mugikorrak erabiltzeko baldintzak.
Eskumenak banatzeko sistemarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera sanitarioak egiten dituzten prebentzio-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-agintaritzaren ikuskapena eta kontrola izan beharko dute, alde batera utzita prebentzio-zerbitzuaren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen edo ez, edo instalazio sanitariorik duen edo ez duen Euskal Autonomia Erkidegoan. Agintaritza horrek ebaluatuko du prebentzio-zerbitzuek egiten duten jarduera sanitarioa, gure erkidegoan lan egiten duten pertsonei eragiten baitie. Era berean, egiaztatuko du jarduera hori kalitatezkoa, nahikoa eta egokia ote den, eta antzemandako hutsak konpontzeko eskaera egingo du.
Hori dela eta, dekretu hau idatzi da Aurrezaintzako zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jarduera sanitarioak arautzen dituen uztailaren 27ko 306/1999 Dekretuaren ordez. Modu horretan, zenbait arlo zehaztuko dira: alde batetik, laneko osasunaren eremuko jarduketa sanitarioen esparru berri bat; eta, bestetik, zeintzuk diren bete beharreko betekizun teknikoak eta oinarrizko baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten pertsonen osasunaren zaintzan aritzen diren prebentzio-zerbitzuei dagokienez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko prebentzio-sistemaren barruan laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren kanpo-auditoretza egiten duten pertsonei edo erakundeei dagokienez.
Ondorioz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin, lehendakariak aldez aurretik onarturik, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 20an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea da betekizun tekniko eta oinarrizko baldintza batzuk zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuei eta laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren auditoretza edo kanpo-ebaluazioak egiteko baimena duten pertsona edo erakunde espezializatuei laneko osasunaren arloan eskatzen zaizkien jarduketa sanitarioei buruzkoak, horiek baimentzeko eta, funtzionamenduan dauden bitartean, beren kalitate-estandarrak mantentzeko.
Prebentzio-zerbitzuko zerbitzu sanitarioa prebentzio-zerbitzuen osasun-jarduerarako erabiltzen diren baliabideen eta zentroen eta jarduera hori garatzen duten pertsonen multzoa da. Zentro sanitarioa, berriz, jarduera garatzeko behar diren instalazioak eta ekipamenduak hartzen dituen establezimendu bakoitza da.
Dekretu hau honakoei aplikatuko zaie:
Lan-arriskuen kanpoko prebentzio-zerbitzuei eta, baliabide propioekin edo baliabide mankomunatuekin, edo langileak izendatuta, jarduera sanitario horretan aritzen diren enpresei.
Enpresen prebentzio-sistemaren kanpoko ebaluazioa egiten duten erakundeei.
Lan-arriskuen prebentzioaren esparruko osasun-funtzioak egiten dituzten guztiei.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen eskumena izango da (Laneko Osasun Unitatearen bitartez), osasun-baimenak eta prebentzio-zerbitzuei buruzko txostenak ematea, beharrezkoa diren neurri zehatzak hartzea, bai eta dekretu honetan aurreikusitakoa betearaztea, hargatik eragotzi gabe beste organismo batzuen alde berariaz ezartzen diren eskumenak.
Osasun-baimena eskatu beharko da zentro sanitarioak instalatu eta funtzionamenduan jartzeko, eta zentro horietan funtsezko aldaketak egin behar direnean.
Osasun-baimena da prebentzio-zerbitzuaren jarduera hasi aurretik behar den baimena, bai eta laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren kanpo-auditoretzak egiten dituzten pertsonen edo erakundeen jarduera hasi aurrekoa ere. Eskumena duen agintaritzak ematen du; hau da, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Laneko Osasun Unitatearen bitartez, eta Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
Funtsezko aldaketatzat hartuko da higiezinaren egiturari edo banaketari eragiten diona edo titular-aldaketa dakarrena.
Funtsezkoak ez diren aldaketatzat hartuko dira zuzendari teknikoa aldatzea, osasun-langileen altak eta bajak, eta prebentzio-zerbitzuan baimendutako osasun-langileen dedikazio-araubidea aldatzea. Aldaketa ez-funtsezkotzat joko da, halaber, jarduera osorik zein partzialki aldi baterako etetea. Funtsezkoak ez diren aldaketa horiek ez dute aldez aurreko osasun-baimenik beharko, baina Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari jakinarazi beharko zaizkio, aldaketak gertatu eta, gehienez ere, hilabeteko epean.
Zentro sanitarioen instalazio eta funtzionamendurako osasun-baimenean ezagupen bereziak edo konplexutasun handiko instalazioak (hala nola teknika diagnostiko berezitu osagarriak) behar dituzten aldaketak edo itun berriak egitekotan, edo jarduera sanitario espezifikoen azpikontratazioa eskatzen duten aldaketak egitekotan, kontratu-agiri bat formalizatu beharko da, eta ondorengo 10 eguneko epean jakinarazi beharko zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari.
Osasun arloko publizitatea arautzen duen urriaren 15eko 550/1991 Dekretuaren eraginpean jarriko da prebentzio-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan lan-arriskuak prebenitzeari buruz egindako osasun arloko publizitate oro.
Langileen osasuna kontrolatzeko eta zaintzeko funtzioak gauzatzen dituzten eta prebentzio-zerbitzu propioa nahiz mankomunatua duten enpresek prestazio mediko-farmazeutikoa egiteko edo, kasuaren arabera, sendagaiak aholkatzeko aukera izatea eskatu ahal izango dute, salbu eta enpresa edo erakunde horiek Gizarte Segurantzaren gertakari arruntetarako kudeaketan aritzen badira. Prestazio hori lan-ordutegian agertzen diren osasun-arazo akutuak konpontzera bideratuta dago.
Eskabideak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitatean aurkeztuko dira, preskripzioaren ardura duen medikua edo indikazioaren ardura duen erizaina espresuki adierazita; eta unitate horrek Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailean farmaziaren arloko ardura duen organoari helaraziko dizkio, ebazpen-proposamenarekin batera, gehienez bi hilabeteko epean dagokion ebazpena eman dezan. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du.
Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloan eskumena duen saileko farmaziaren arloko ardura duen organoak nominatiboki emango die baimena aipatutako prestazioaren ardura duten medikuei edo indikazioaren ardura duten erizainei, eta, haiek eskatuta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren errezeta-liburuxka ofizialak emango dizkie. Edozein kasutan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko errezeta ofizialaren bidezko agindua alor horretan indarrean den araudiari jarraikiz egingo da.
Preskripzioa edo indikazioa sendagaiaren erabilera arrazionalerako estrategietara egokituko da, Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak ezarritako eran.
Errezetak erabiltzeko baimena duten medikuek finantzaketa publikoan sartutako sendagaiak baino ezingo dituzte agindu, eta, beraz, alde batera geratuko dira gainerako sendagaiak, efektuak eta osagarriak, eta txertoak.
Erizaintzako langileek baimena izango dute preskripzioa behar duten sendagaiak aholkatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko dagokion emate-aginduaren bidez , baldin eta, aplikatzekoa den araudia betez, jarduketa horiek berezkotzat aitortzen bazaizkie organo eskudunak behar bezala prestatutako protokolo edo praktika kliniko eta asistentzialeko gidaren bidez, eta agintari eskudunak dagokion akreditazioa onartzen badio gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko.
Prestazio mediko-farmazeutikoa edo sendagaiak ematea aholkatzea Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen saileko organo eskudunaren kontrolen mende geratzen dira, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari dagozkion aplikazio-baldintza berberetan. Artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, baimena galdu egingo da, hargatik eragotzi gabe beste erantzukizun-mota batzuk ere egotea.
Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen saila izango da, osasun publikoaren eta adikzioen arloko ardura duen zuzendaritzaren bitartez, prebentzio-zerbitzuaren eta euskal osasun-sistemaren arteko koordinazioaren arduraduna.
Prebentzio-zerbitzuek zeregin hauek izango dituzte:
Zaintza epidemiologikoa egingo dute beren jarduketa-eremuan, eta Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistemak antolatzen dituen sare epidemiologikoko jardueretan eta osasun-kanpainetan lagunduko dute Euskal Autonomia Erkidegoan Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortzen duen abenduaren 24ko 312/1996 Dekretuan jasotako xedapenekin bat etorriz, eta Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean jasotako jarduerei dagokienez.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Osasun Erakunde Integratuekin kolaboratuko dute lanarekin zerikusia duten gaixotasunen diagnostikoari, tratamenduari eta errehabilitazioari dagokienez, eta laneko osasunaren inguruan planifikatzen diren jarduerei dagokienez.
Honako agiri hauek emango dizkiete Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari eta Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen saileko Ikuskaritza Medikoari, hala eskatzen dizkietenean:
Laneko historia klinikoa, dekretu honen 13.2 artikuluak jasotako informazioarekin.
Langileen artean sortzen diren gaixotasunen zerrenda eta, osasun-arrazoiak direla-eta, lanera joan ez direnei buruzko agiria, helburu jakin baterako soilik: identifikatu ahal izatea loturarik ote dagoen gaixotasunaren edo hutsegitearen arrazoien eta lantokietan egon daitezkeen osasun-arriskuen artean.
Urteko memoria (bertan, bereizita jasoko dira aldi horretan zerbitzuak eman zaizkien enpresak edo lantokiak, kasu bakoitzean horien izaera adierazita), eta prebentzio-zerbitzuaren urteko programazioa, biak ere Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 39.2.d artikuluan aipatutakoak.
Beren eginkizunetarako beharrezkoa den beste edozein dokumentazio.
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileek eta langileen osasun-arreta egiten duten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoek elkarri eskatu ahal izango diote esleituta dituzten helburuak betetzeko garrantzitsua den informazio guztia, eta horretarako ezartzen den harreman-ereduaren bidez eman beharko dute informazio hori. Nolanahi ere, langileen intimitaterako eta datu pertsonalen babeserako eskubideak errespetatuko direla bermatuko da, eraginpeko pertsonaren baimen informatua barne, legeak salbuesten duenean izan ezik, zehazki lege hauetan ezarritakoarekin bat: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu.
Aurreko paragrafoan aipatutako osasun-langileek informazio bera eskatu ahal izango diote informazio hori baldintza eta berme berberekin ematen duen beste edozein zerbitzu sanitario publiko edo pribaturi.
Laneko osasunari buruzko osasun-informazioaren sistema Euskal Autonomia Erkidegoko osasun publikoa zaintzeko, laneko arriskuak prebenitzeko eta zaintza epidemiologikorako informazio-iturrietako bat denez, Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumena duen sailak zuzentzen duen Osasun Publikoko Zaintza Sarearekin koordinatuta diseinatu eta ezarriko da.
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuek kolaboratu egingo dute laneko osasunari buruzko informazio sanitarioko sistema sortzen eta mantentzen (sistema hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateak kudeatzen du), laneko osasunari buruz eskatzen zaien informazioa eta datuak emanez, kontuan izanik Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu, eta betiere, pertsonaren duintasunerako eta intimitaterako errespetua bermatuz.
Honakoek osatuko dute laneko osasunari buruzko informazio sanitarioko sistema:
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileek emango duten datuen gutxieneko multzoa, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 39. artikuluan xedatzen den moduan, Eusko Jaurlaritzako osasunaren arloko eskumena duen sailak ezarriko du, Euskadiko Osasun Publikoko Zaintza Sarearen diseinuarekin bat.
Gaixotasun profesional gisa sailka daitezkeen gaixotasunei buruzko komunikazio-sistema, Gizarte Segurantzaren sistemako gaixotasun profesionalen koadroa onartu eta horien jakinarazpen eta erregistroa egiteko irizpideak ezartzen dituen azaroaren 10eko 1299/2006 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta aipatutako Errege Dekretua garatzen duen araudi autonomikoan ezartzen den bezala.
Prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioei buruzko informazio-sistema.
Zaintza epidemiologikoaren arloko eta informazio-sistemen arloko osasun-eskumenen arabera garatzen diren laneko osasunari buruzko informazio-azpisistema guztiak, Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak eta osasun publikoaren arloan aplikatu beharrekoa den araudi autonomikoak ezarritakoak, Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak Euskadiko Osasun Publikoko Zaintza Sarearen diseinuaren arabera zehaztuko duen moduan.
Prebentzio-zerbitzuetako langile fakultatiboei dagokien lurralde historikoko Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari jakinarazi beharko diote artikulu honen 3.b) paragrafoan adierazitako zein gaixotasun har daitezkeen gaixotasun profesionaltzat. Jakinarazpen hori, gehienez ere, 5 egun naturaleko epean egingo da, horren berri izaten den egunetik aurrera.
Laneko osasunari buruzko informazio sanitarioko sistema informazio-sistemen arteko elkarreragingarritasun-eskakizunetara egokituko da, osasun publikoko informazio sisteman integratuko dela bermatze aldera. Eskakizun horiek Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak zehaztutako ditu Euskadiko Osasun Publikoko Zaintza Sarearen diseinuaren arabera.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekiko komunikazioa baliabide elektronikoak erabiliz egingo da, prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioarekin erlazionatutako guztian eta prebentzio-sistemaren barruan laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren kanpo-auditoretza egiten duten pertsonen edo erakundeen jarduera sanitarioarekin erlazionatutako guztian, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Osasunaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitatearen bitartez, langileen osasuna modu indibidualean zein kolektiboan zaintzeko behar diren osasun-protokoloen edukiak eta maiztasunak sortu, eguneratu eta finkatuko ditu, eta gauza bera egingo du lehen laguntzen prestazioarekin ere.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea arduratuko da prebentzio-zerbitzuetan parte hartzen duten osasun-langileen gaitasun profesionala aldian-aldian hobetuz joan dadin. Zehazki, langile horien lan-eremuan, arriskuen prebentzioei eta osasuna sustatzeari buruzko etengabeko prestakuntza sustatuko du. Prestakuntza horrek genero-ikuspegiarekin lotutako ezagutzak ere jasoko ditu, eta osasunaren baldintzatzaile sozialei ere emango die arreta.
Era berean, prebentzio-zerbitzuetan eta auditoretzetan parte hartzen duten osasun-langileen prestakuntza gainbegiratuko du, aldizkako kontrol eta ebaluazioen bitartez.
Prebentzio-zerbitzuetako eta auditoretza-erakundeetako langileek, bai eta, duen karguagatik edo lanbideagatik, langileen osasunari buruzko datuak ezagutuko dituen edozein pertsonak ere, beti bermatu beharko dute beteko dela datu horien konfidentzialtasuna eta, orobat, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu.
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileek zerbitzua ematen dieten langileen laneko historia klinikoa prestatu, eguneratu eta mantenduko dute, hala ezartzen baitute Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, azaroaren 14ko 41/2002 Legeak (informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen oinarrizko legea) eta martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuak (historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa).
Laneko historia klinikoak honakoak jasoko ditu gutxienez:
Aurrekariak eta anamnesi-datuak, miaketa klinikoak, kontrol biologikoa eta lanari atxikitako arriskuen araberako azterketa osagarriak.
Lanpostuaren deskribapen zehatza, lan-baldintzen azterketan atzemandako arriskuak, langileak zenbat denbora ematen duen arrisku horien mende, prebentzio indibidualeko zein neurri hartu diren.
Aurreko lanpostuei, horiek dituzten arriskuei eta langileak horietako bakoitzean egin duen denborari buruzko deskribapena.
Enpresa batek prebentzio-zerbitzu batekin egiten duen jarduera sanitarioa eteten badu eta beste prebentzio-zerbitzu batekin hitzartzen badu diziplina hori, edozein dela ere bien modalitatea, langileen laneko historia klinikoak helaraziko zaizkie laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinan arituko diren prebentzio-zerbitzuko osasun-langileei.
Langileak enpresarekin duen kontratu-harremana amaitzen duenean, bere kabuz edo baimendutako pertsona baten bidez eskatu ahal izango du bere historia kliniko-laboralaren kopia emateko, hargatik eragotzi gabe berak informazio gehiago eskatu ahal izatea kontratuak irauten duen bitartean eta kontratuaren amaieran. Horretarako, prebentzio-zerbitzuek eta enpresek eskubide horren berri emango diete langileei eta beharrezkoak diren komunikazio-mekanismoak finkatuko dituzte, prebentzio-zerbitzuek jakin dezaten kontratu-harremana amaitu egin dela. Horrek guztiak, baina, ez die kalterik egingo kontserbazioaren eta zaintzaren inguruko betebeharrei, hala ezartzen duenean martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuak (historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa).
Lan-harremana amaitu eta gero ere, langileen osasun-egoera aldian-aldian zaindu behar denean, prebentzio-zerbitzuetako medikuek txostena egingo dute, eta txosten hori laneko historia klinikoari erantsiko zaio. Diagnostikoa adierazi beharko da bertan, bai eta osasun-egoera zaintzen jarraitu beharra eragin duen arrazoia ere. Txosten horretan zenbait datu jasoko dira: lanpostuaren deskribapen zehatza, langileak zenbat denbora eman duen lanpostu horretan, lan-baldintzen azterketan antzemandako arriskuak, eta prebentzio indibidualeko zein neurri hartu diren. Txostena, langilearen adostasunarekin betiere, bere osasun-asistentziaren ardura duten zerbitzuei igorriko zaie, aldez aurretik pertsona horri kopia eman ostean, dekretu honen azken xedapenetako hirugarrenean ezarritako prozeduraren arabera.
Prebentzio-zerbitzuek enpresekiko komunikazio-mekanismoak ezarriko dituzte, lehenengoek kontratu-harremana amaitu dela jakin dezaten.
atala
Prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioak
Prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa da baimendutako zerbitzu sanitario batek, laneko medikuntzako espezialista edo enpresa-medikuntzako diplomadun den zuzendari tekniko baten ardurapean, beren menpeko langileei dagokienez burutzen duen jarduera, osasun arloko legediarekin eta lan-arriskuen prebentzioaren legediarekin bat etorriz. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu barnean: langileen osasun integrala sustatzea; osasunaren zaintza indibiduala eta kolektiboa, laneko arriskuen ondorioak garaiz detektatzeko eta laneko arriskuen prebentzioaren alderdi sanitarioak; eta osasun-langileen eta haien legezko ordezkarien eta enpresaburuen artean lan-osasunaren arloko osasun-plan, -programa eta -jarduketen inguruko informazioa, prestakuntza, kontsulta eta parte-hartzea sustatzea; eta Prebentzio-zerbitzuen osasun-jarduera garatzeko baliabideen antolamenduari buruzko oinarrizko irizpideak ezartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuaren 3. artikuluan eta Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 33. artikuluan zehazten direnak.
atala
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileak
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileek beren eskumen profesionalak gauzatzeko beharrezkoa den kualifikazioa izango dute, zaindu beharreko populazioaren eta arriskuen arabera, eta indarrean den araudian oinarrituta bete beharko dituzten funtzioen arabera.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren helburuetarako, edonola ere, medikuek laneko medikuntzako espezialista edo enpresa-medikuntzako diplomadun izan beharko dute, eta erizainek, berriz, laneko erizaintzako espezialista edo enpresa-erizaintzako diplomadun.
Prebentzio-zerbitzuetako zerbitzu sanitarioak laneko medikuntzan espezializatutako titulua duen zuzendari tekniko bat izan beharko du.
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuen jarduera sanitarioan parte hartu ahal izango dute titulu ofiziala duten beste mediku edo erizain espezializatu batzuek, osasungintzaren eremu jakin batean duten gaikuntza eta ekarpen espezializatuaren arabera, baldin eta hori behar bezala egiaztatzen badu prebentzio-zerbitzuak, eta, betiere, zaindu beharreko osasun-arrisku espezifikoei dagokienez.
Prebentzio-zerbitzuko zerbitzu sanitarioan lan egiten dutenek Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legean eta Historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzko martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuan xedatutakoa aplikatuko zaie.
Prebentzio-zerbitzuen parte diren osasun-langileak aipatutako zerbitzuetan arituko dira modu esklusiboan, honako araudietan deskribatutako funtzioetan: Lan Arriskuen Prebentzioaren azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 31.3 artikulua; Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren VI. eta VII. kapituluak; eta Prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuaren 3. artikulua.
Ezingo dute ordutegi berean beste zerbitzu publiko edo pribatuetako jarduerarik egin, eta administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunen araudi orokorra aplikatuko zaie.
Era berean, ezin izango dute lan egin lan-arriskuen prebentzioaren arloan administrazio-jarduketak egitea dagokien erakunde edo zerbitzu publikoetan.
Era berean, ezin izango dute langile fakultatibo gisa lan egin lan-istripuak, lanbide-gaixotasunak, gaixotasun arruntak edo biek eragindako aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa kontrolatzen, prebentzio-zerbitzuko osasun-lanak egiten dituzten enpresa berean, baldin eta prebentzio-zerbitzuak gizarte-segurantzaren kudeaketan erakunde laguntzaile gisa jarduten badu.
Osasun-langileen kopurua eta ordutegia egokitu egingo da zaindu beharreko langileen eta arriskuen ezaugarrietara. Hau izango da gutxieneko zuzkidura:
Gehienez ere bi mila langile, Oinarrizko Osasun Unitate bat.
Bi mila langiletik gora, talde-lanaren eraginkortasun handiagoa hartuko da kontuan, eta, horretarako, ordu/langile/urte irizpidea erabiliko da prebentzio-zerbitzuen osasun-arloa dimentsionatzeko, I. eranskinean adierazitako progresioa hartuz erreferentzia gisa.
Oinarrizko Osasun Unitatea: bi langile izango ditu: alde batetik, laneko medikuntzako mediku espezialista edo enpresa-medikuntzako diplomaduna; eta, bestetik, laneko erizaintzako erizain espezialista edo enpresa-erizaintzako diplomaduna.
Prebentzio-zerbitzuko osasun-langileek beren zaintzapean dituztenean itunpeko enpresetako pertsonak, eta kontuan izanda osasuna modu kolektiboan zaintzea zaila dela produkzio-sektore desberdinetako eta egitura zein arazo desberdinetako hainbeste enpresatan (eta hainbeste langilerekin), gorako faktore zuzentzailea aplikatuko da ordu/langile/urte kopuruan, prebentzio-zerbitzuari esleitutako enpresen kopuruaren arabera, II. eranskinean jasotako moduan.
Medikuen eta erizainen lan-denboraren banaketa, bakoitzaren eskumen profesionalak kontuan izanda, desberdina izan daiteke lan-kargaren arabera eta zerbitzu sanitario bakoitzaren, lantokien eta langileen ezaugarrien arabera, baina ezarritako denbora errespetatuko da.
Prebentzio-zerbitzu propio batean zerbitzu sanitarioa eratzeko, baldin eta bi mila langileren aurreikuspena gainditzen ez bada, lanaldi osoa baino txikiagoak diren ordutegiak onartu ahal izango dira zerbitzuaren dedikaziorako, langile-kopuruaren eta enpresetako arriskuen arabera, lanaldiaren erdia ezarriz gutxieneko gisa.
Prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuek langileen osasuna modu kolektiboan zaintzeari eskainitako denbora zehazteko, kontuan izango da zenbat denboraz dauden langileak arriskuen mende, eta, arau orokor gisa, denbora hori ez da lanaldiaren herena baino txikiagoa izango.
Laneko medikuntzan espezializatutako medikuak edo laneko erizaintzan espezializatutako erizainak prestatzeko baimena duten lan-arriskuen prebentziorako zerbitzuetan, prestakuntza jasotzen ari diren langileak osasun-langile gisa hartuko dira hirugarren prestakuntza-urtetik aurrera medikuen kasuan, eta bigarren prestakuntza-urtetik aurrera erizainen kasuan. Ondorio horietarako, bi egoiliar laneko medikuntzako espezialista bat bezala hartuko dira edo, hala badagokio, laneko erizaintzako espezialista bat bezala, baldin eta prestatzaile funtzioa duen prebentzio-zerbitzuko Oinarrizko Osasun Unitate (OOU) batean badihardute, aplikatu beharreko araudian arautzen diren egoiliarrak baimendu eta ikuskatzeko bermeei kalterik egin gabe.
15.4 artikuluan aipatzen den pertsonal sanitario espezialistaren lan-denbora, kontuan hartuko da, kasu bakoitzean, prebentzio-zerbitzuko pertsonal sanitarioa hornitzeko, osasunerako arrisku espezifikoaren eta arrisku horren eraginpean dauden langile kopuruaren arabera.
atala
Prebentzio-zerbitzuetako zentro sanitarioak
Prebentzio-zerbitzuek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasunaren Unitatearen onarpenerako aurkezten duten jarduera sanitariorako proiektuak bermatu egin beharko du zentro sanitarioen zuzkidura eta ezaugarriak egokiak direla zaindu beharreko langileei, dauden arriskuei eta Euskal Autonomia Erkidegoan duten irisgarritasunari dagokienez.
Zentro sanitario finkoaren lokala propioa, alokatua edo utzitakoa izan daiteke, baina soilik prebentzio-zerbitzuak erabili ahal izango du xede horretarako zehaztutako orduetan. Gainera, baldintza hauek bete beharko ditu:
Sarreran identifikazio-plaka bat jarri beharko da, non adieraziko baitira dagokion osasun-agintaritzaren datuak.
Erabiltzaileak sartzeko eta haiei harrera egiteko espazioak izan beharko ditu, bai eta zerbitzuko eta langileen eremuko laguntza orokorretarako espazioak ere, pertsonen duintasuna eta intimitatea bermatuz prebentzio-zerbitzuko eremu espezifiko batean, beharrezkoa den diziplinarteko koordinazioa albo batera utzi gabe.
Medikuen bulegoak, kontsulta- eta miaketa-eremuak (konketarekin), eta erizainen bulegoak, sendaketa-gelak eta lehen laguntzetarako gelak (konketarekin) izan beharko ditu.
Hornidura elektrikoa eta iturriko ura izan beharko ditu.
Komun independenteak izan beharko ditu esparruan edo inguruetan.
Argiztapen- eta aireztapen-baldintzak bermatu beharko ditu.
Suteen aurkako instalazioa izan beharko du, araudira egokituta.
Apirilaren 20ko 505/2007 Errege Dekretuan (irisgarritasunerako oinarrizko baldintzak onartzen dituena, desgaitasunen bat duten pertsonek, diskriminatuak izan gabe, urbanizatutako eremu publikoetara eta eraikinetara sartu, eta horiek erabili ahal izateko) jasotako oinarrizko baldintzak bete beharko ditu, bai eta apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazioko eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena) ezarritakoa ere.
Lantokietako gutxieneko segurtasun eta osasun baldintzak ezartzen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuak horri buruz xedatzen duena bete beharko du.
Bere ardurapeko langileen osasun-zaintza gauzatzeko ekipamendu eta material egokiak izan beharko ditu, propioak nahiz itunduak. Izan beharreko gutxieneko ekipamenduaren zuzkidura dekretu honen III. eranskinean zehazten da.
Artxiborako ekipoak eta materialak izan beharko ditu, datuen tratamenduaren konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatuko duten zaintza-sistemekin, arau hauetan ezarritakaorekin bat: abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baitu.
Prebentzio-zerbitzuak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasunaren Unitatearen eskura jarri beharko ditu langile gaixoen lehen sorospen, ebakuazio eta lekualdaketarako kasuetan arreta bermatzeko beste osasun-baliabide batzuekin mantentzen diren kontratu edo hitzarmenei dagozkien dokumentu guztiak.
Prebentzio-zerbitzuaren titularrak bermatu beharko du modu zuzenean mantenduko dituela instalazioak eta ekipamendua.
Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan hitzartutakoari jarraikiz, prebentzio-zerbitzuetako osasun-zerbitzuaren funtzionamendurako edo funtsezko aldaketak egiteko baimena edo baimena berritzea, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez egingo da. Ebazpenok eskatzaileari, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-agintaritzari, Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen saileko zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen Erregistroari eta hala badagokie beste lan- eta osasun-agintaritza guztiei jakinarazi beharko zaizkie.
Arestian aipatutako edozein eskaera ebatzi aurretik, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Laneko Osasun Unitateak egiaztatuko du zentro sanitarioak araudiaren baldintzak betetzen dituela eta instalazioaren baimenera egokitzen dela.
Baldintzak betetzen badira, funtzionamendua baimenduko da. Betetzen ez badira, hilabeteko epea emango zaio eskatzaileari, atzemandako hutsegiteak konpontzeko, eta ebazteko eta funtzionamenduari buruzko ebazpena jakinarazteko epea eten egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Prebentzio-zerbitzu batek bere jarduerak erabat eteteko asmoa duenean, aldez aurretik bermatu beharko du beharrezko neurriak dituela zaindutako langileen osasun-arretarako, bai eta jarduera sanitarioan sortutako dokumentazio klinikoa zainduko duela ere. Ondorio horietarako, jarduera eten baino hiru hilabete lehenago gutxienez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari jakinarazi beharko diote, beharrezko neurriak premiatu ditzan.
atala
Unitate mugikorrak
Osasun-ekipo mugikorrak edukiz gero, ekipo osagarriak izango dira, osasunaren zaintza garatzeko orduan Oinarrizko Unitate finkoei babesa emateko asmoz. Era berean, jarduerarekin hasi baino lehen, funtzionamenduan hasteko osasun-baimena izan beharko dute.
Osasun arloko ekipo eta material nahikoa izango dute, langileen zaintza eta arreta egokia bermatzeko beste eta langileen segurtasuna, intimitatearen eta duintasunaren errespetua, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzeko beste, instalazio finkoei eskatzen zaizkien hornidura berberekin. Edonola ere, erabat irisgarriak izango dira desgaitasunen bat duten pertsonentzat.
Unitate mugikor bakoitzeko kideak Oinarrizko Osasun Unitatea (OOU) osatzen duten langileak izango dira, gutxienez.
Beste autonomia-erkidego batzuek baimendutako unitate mugikorrak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean erabili ahal izango dira, jarduketaren berri Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Lan Osasuneko Unitateari eman eta dagokion autonomia-erkidegoaren baimena aurkeztu ondoren, hala ezartzen baitu Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko oinarri orokorrak ezartzen dituen urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluak.
Osasun-ekipo mugikorren titularrak bermatu egin beharko du instalazioak eta ekipamenduak mantentzen direla, dagozkion mantentze-kontratu eguneratuekin eta horietatik eratorritako jardueren erregistroarekin.
Unitate mugikorra ezin izango da enpresa edo lantoki batean erabili, baldin eta, errepidez egindako ibilbiderik laburrena neurtuta, 75 kilometro baino gutxiago badaude hurbileneko prebentzio-zerbitzuko zentro sanitario finkotik zerbitzua jasoko duen enpresara. Hala ere, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Lan Osasuneko Unitateak baimena eman ahal izango du unitate mugikorra distantzia txikiagoetan erabiltzeko, baldin eta enpresak isolatuta edo geografikoki dispertsatuta badaude eta, ondorioz, ez badago aukerarik 60 minutuan baino gutxiagoan zentro sanitario finkora iristeko errepide bidezko garraio arruntean, edo, langileen ezaugarri fisiko edo psikikoak kontuan hartuta, gomendagarria bada prebentzio-zerbitzua lantoki horretara joatea.
Lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuek, funtzionamendurako osasun-baimena izateari kalterik egin gabe, eta prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuaren 5.7 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hilabeteko aurrerapenez jakinarazi beharko diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari zein den unitate mugikorrekin jarduteko eremua, dekretu honetan adierazitako baldintzen arabera; hori egin ezean, ezin izango da osasuna zaintzeko jarduerarik egin.
atala
Prebentzio-sistemaren barruan laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren auditoretza egiten duten pertsonak edo erakundeak
Prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioaren kanpo-auditoretza edo -ebaluazioa laneko medikuntzako espezialistek edo enpresa-medikuntzako diplomadunek egin beharko dute.
Prebentzio-sistemaren barruan laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren kanpo-auditoretza egiten duten pertsonek edo erakundeek onespena jaso beharko dute jarduerari ekin aurretik, eta onespen hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez formalizatuko da.
Laneko medikuntzaren prebentzio-diziplinaren auditoretza egiten duten pertsonei edo erakundeei dagokienez formalizatutako ebazpenak lan-agintaritzari eta interesdunei jakinaraziko zaizkie.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak aldaketa hauek baimenduko ditu:
Auditoretza-erakundearen egoitza sozialaren kokapenaren edo titularraren aldaketa.
Osasun-langileen edo beren dedikazio-erregimenaren aldaketa.
Prebentzio-zerbitzu propio edo mankomunatu batek osasuna zaintzeko egindako jarduerak (kanpoko prebentzio-zerbitzuarekin) azpikontratatzeko orduan, prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da, eta azpikontratatutako jarduera sanitarioaren berri eman beharko zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari, egoera hori efektibo egin eta hurrengo hamar eguneko epean.
Dekretu honen 17. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, kanpoko prebentzio-zerbitzuak une oro mantendu beharko ditu giza baliabideen ratioak, nahikotasunez bete ahal izateko, ez soilik kanpoko prebentzio-zerbitzuaren ituna hitzartu duten enpresekiko jarduera sanitarioak, baizik eta, baita ere, prebentzio-zerbitzu propioak azpikontratatu dituzten enpresekikoak. Era berean, kanpoko prebentzio-zerbitzuak, hamar eguneko epean, egiaztapena eman zuen lan-agintaritzari helarazi beharko dizkio giza baliabideen ratioei eragin diezaieketen azpikontratazioei buruzko datuak.
Aurreko paragrafoan aipatutako jarduera azpikontratatuak inola ere ezingo dira berriro azpikontratatu, eta irizpide jakin batzuk bete beharko ditu; hain zuzen ere, jarduera sanitarioak egitean, prebentzio-zerbitzu propioak jarraitzen dituen irizpide berberak.
Kanpoko prebentzio-zerbitzuek beraien arteko lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, itundutako enpresei jarduera sanitarioak eskaini ahal izateko; horrela, benetako estaldura emango da, lantokiak prebentzio-zerbitzu nagusiaren instalazioetatik urrun edo dispertsatuta daudenean. Lankidetza-akordioetatik eratorritako neurrien kostua inola ere ez da eragindako langileen gain geratuko.
Osasunaren zaintzaren inguruan ezarritako kanpoko prebentzio-zerbitzuen arteko lankidetza-akordioek baldintza hauek bete behar dituzte:
Prebentzio-zerbitzu nagusiak prebentzio-zerbitzu laguntzaileari ematen dion jarduera sanitarioa ezingo da izan haren urteko jardueraren bolumen osoaren % 10 baino handiagoa. Muga hori prebentzio-zerbitzu nagusiak izan beharreko osasun-langileen ratio osoarekiko finkatzen da, dekretu honen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Era berean, dekretu honen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, prebentzio-zerbitzu laguntzaileak une oro mantendu beharko ditu osasun-langileen ratioak, nahikotasunez bete ahal izateko, ez soilik kanpoko prebentzio-zerbitzuen ituna hitzartu duten enpresekiko jarduera sanitarioak, baizik eta, baita ere, lankidetza-akordioen bidez beste prebentzio-zerbitzu batzuk eskatu dizkioten enpresekikoak.
Lankidetzaren bitartez eskatutako jarduerak irizpide jakin batzuk bete beharko ditu; hain zuzen ere, jarduera sanitarioak egitean, kanpoko prebentzio-zerbitzu nagusiak jarraitzen dituen irizpide berberak.
Osasuna modu espezifikoan zaintzeko programa eta osasuna modu kolektiboan zaintzeko programa ezin izango dira lankidetza-akordio bidez eskatu.
Lankidetza-esparruaren barruan osasun-azterketak sartuz gero, osasuna modu espezifikoan zaintzeko programaren garapenean parte hartzeko obligazioa jaso beharko da, prebentzio-zerbitzu nagusiaren gidalerroak betez.
Prebentzio-zerbitzu laguntzaileak bere langile eta baliabide propioekin garatu beharko du prebentzio-zerbitzu nagusiak agindutako jarduera, eta inola ere ezingo du kanpoko prebentzio-zerbitzurik azpikontratatu edo hari agindu jarduera hori egiteko.
Eragindako enpresek aldez aurretik ezagutu eta onartu beharko dute lankidetza-akordioaren edukia, eta horri buruzko kontsultak egin beharko zaizkie enpresa horietako prebentzioko ordezkariei.
Prebentzio-zerbitzu nagusiak eta laguntzaileak lankidetza-akordioen berri eman beharko diote horiek egiaztatu zituen lan-agintaritzari, akordioak indarrean jarri eta hamar eguneko epean. Lan-agintaritzak akordio horien kopia bidaliko du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasunaren Unitatera.
Lankidetzak eragindako osasun-agintaritzak bereizita agertu beharko dira prebentzio-zerbitzu nagusiaren urteroko memorian eta prebentzio-zerbitzu laguntzailearenean.
Prebentzio-zerbitzu nagusiak (propioa zein kanpokoa) eta prebentzio-zerbitzu azpikontratatu edo laguntzaileak beraien artean kolaboratzeko eta koordinatzeko obligazioa izango dute, langileen osasuna ahalik eta ondoen zaindu ahal izateko.
Prebentzio-zerbitzu nagusiak informazio nahikoa eman beharko dio prebentzio-zerbitzu azpikontratatu edo laguntzaileari, agindutako jarduera sanitarioak behar bezala gauzatu ditzan. Era berean, zaintzen dituen langileekiko arreta egokia bermatzeko beharrezkoak diren gidalerroak eta irizpideak ere emango dizkio.
Informazio nahikotzat hartuko da, besteak beste, langilearen lanpostuaren eta egiten dituen zereginen eta horien iraupenaren deskribapena; arriskuen deskribapena eta ebaluazioa, eta langileak zenbat denbora ematen duen arrisku horien mende; prebentzio-neurriak; bereziki sentikorrak diren langileen identifikazioa, hala badagokio; bai eta aplikatu beharreko protokolo medikoen proposamena ere.
Prebentzio-zerbitzuek eta auditoretza-erakundeek beti mantendu beharko dituzte osasun-baimen administratiboa lortzeko izan zituzten gutxieneko osasun-baldintzak. Edozein aldaketa edo bariazio gertatzen bada, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari jakinarazi beharko diote, eta horrek edozein unetan egiaztatu ahal izango du baldintzak mantentzen ote diren.
Laneko Osasun Unitateak ebaluatuko du prebentzio-zerbitzuek garatzen duten jarduera sanitarioa, eta jarduera horren kalitatea, nahikotasuna eta egokitasuna egiaztatuko du, prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezartzen den moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera sanitarioak egiten dituzten prebentzio-zerbitzuek erkidego honetako osasun-agintaritzaren ikuskapena eta kontrola izan beharko dute, alde batera utzita prebentzio-zerbitzuaren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen edo ez, eta/edo instalazio sanitariorik duen edo ez duen Euskal Autonomia Erkidegoan.
Dekretu honetan xedatutakoaren arau-hausteak administrazio-zehapenak eragin ditzake, dagozkion zehapen-espediente administratiboak bideratu eta izapidetu ondoren, betiere arau hauetan oinarrituta: 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 33/2011 Lege Orokorra, urriaren 4koa, Osasun Publikoarena; 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunarena; eta indarrean den gainerako araudia.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zerbitzu propioak arduratuko dira zehapen-espedienteak bideratzeaz eta izapidetzeaz, eta ebazpen-proposamena aurkeztuko diote osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ez da zehapena izango aldez aurreko aginduzko baimen edo erregistro sanitariorik gabeko establezimenduak, instalazioak edo zerbitzuak kautelaz ixtea, ez eta haien funtzionamenduaren jarduna etetea ere, harik eta akatsak konpondu arte, edo osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiengatik eskatutako baldintzak bete arte.
Prebentzio-zerbitzuen datu-erregistroen interkomunikaziorako sistema elektronikoan komunikazioa aurkeztu dela jakinarazten duen mekanismo automatikorik martxan ez dagoen bitartean (hain zuzen ere, mekanismo horrek jakinaraziko lioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari komunikazio hori aurkeztu dela), prebentzio-zerbitzuen jarduera sanitarioa garatzeko baliabideak antolatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dituen ekainaren 17ko 843/2011 Errege Dekretuaren 11.2 artikuluak aipatzen duen komunikazioa Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari bidaliko zaio.
Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko arau guztiak, eta, modu espezifikoan, uztailaren 27ko 306/1999 Dekretua, Aurrezaintzako zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jarduera sanitarioak arautzen dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araudia garatzea.
Eusko Jaurlaritzan lanaren arloan eskumena duen sailaren titularrari eta osasunaren arloan eskumena duen sailaren titularrari ahalmena ematen zaie dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Laneko Osasunari buruzko Informazio Sanitarioko Sistema, gaixotasun profesionalak izan daitezkeen kasuen berri emateko prozedura eta gutxieneko datu-multzoa.
Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, dagokion sailburuaren agindu baten bidez, erregelamenduz garatuko ditu Laneko Osasunari buruzko Informazio Sanitarioko Sistema, gutxieneko datu-multzoa, eta gaixotasun profesionalak izan daitezkeen kasuen berri emateko prozedura; izan ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Osasun Erakunde Integratuetako medikuek horien berri emango diote osasunaren arloan eskumena duen saileko Ikuskaritza Medikoari, eta prebentzio-zerbitzuek, berriz, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasun Unitateari.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Langileen zaintza, lan-harremana amaitu ostean.
Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloan eskumena duen sailak, dagokion aginduaren bitartez, honakoak zehaztuko ditu: lan-arriskuen mende egondako langileekin jarraitu beharreko prozeduren epea, dokumentazio-eredua eta gainerako ezaugarriak, betiere, lan-harremana amaitu ostean, oraindik ere osasunaren zaintza espezifikoa behar duten langileen kasuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Laneko historia klinikoaren eredua.
Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak, titularraren agindu bidez, laneko historia klinikoaren eredua garatuko du, hura lantzeari, eguneratzeari, mantentzeari eta beste ezaugarri batzuei dagokienez.
AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Araudi osagarria.
Dekretu honek ezartzen ez diren alderdiei, gauzatze-aginduei eta bateragarri den guztiari dagokienez, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan xedatutakoa aplikatu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 20an.
Lehendakaria,
IŅIGO URKULLU RENTERIA.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
EKAINAREN 20KO 90/2023 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
PREBENTZIO-ZERBITZUETAKO OSASUN-ZERBITZUETAKO GIZA BALIABIDEEN ZUZKIDURA, TARTEKA BANATUTA
(Ikus .PDF)
EKAINAREN 20KO 90/2023 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
OSASUNA MODU KOLEKTIBOAN ZAINTZERA BIDERATUTAKO ORDU/LANGILE/URTE IRIZPIDEA ZUZENTZEKO TAULA, PREBENTZIO-ZERBITZUAK ARTATUTAKO ENPRESEN KOPURUAREN ARABERA
(Ikus .PDF)
EKAINAREN 20KO 90/2023 DEKRETUAREN III ERANSKINA
PREBENTZIO-ZERBITZUKO ZENTRO SANITARIOETAKO OINARRIZKO OSASUN-EKIPAMENDUA
Audiometro eta kabina audiometriko homologatuak, kanpoko prebentzio-zerbitzu guztietan. Prebentzio-zerbitzu propioen kasuan, soilik euren zerbitzua jasotzen duten enpresetako langileek zarata jasan behar izaten dutenean.
Miaketarako ohatila.
Elektrokardiografoa.
Espirometro edo neumotakografo homologatuak.
Ikusmena kontrolatzeko ekipo homologatua.
Fonendoskopioa.
Esfigmomanometroa.
Oftalmoskopioa.
Otoskopioa.
Errinoskopioa.
Linterna edo kanpoko argi-iturria.
Erreflexu-mailua.
Negatoskopioa, edo ordenagailuko pantaila eta programa egokia, erradiografia digitala erabiltzen bada.
Hozkailua, gehieneko eta gutxieneko tenperaturak markatzen dituen termometroarekin.
Pisu klinikoa.
Tallimetroa.
Larrialdietarako eta lehen laguntzetarako sendagai, material eta ekipo nahikoa.
Hondakin sanitarioetarako edukiontziak, aplikagarria den araudiaren arabera.
Laborategia: propioa edo itundua.
Erradiodiagnostikorako ekipoa: propioa edo itundua.