- AGINDUA, 2008ko urriaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan 2008ko ekitaldian premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko dirulaguntzen deialdia egiten da. Azterlan eta analisi horiek, gainera, gaitasuna eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, betiere, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2008ko urriaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan 2008ko ekitaldian premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko dirulaguntzen deialdia egiten da. Azterlan eta analisi horiek, gainera, gaitasuna eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, betiere, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 212
- Hurrenkera-zk.: 6134
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/10/28
- Argitaratze-data: 2008/11/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia; Funtzio publikoa
Testu legala
1995eko irailaren 27an izenpetu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa, lana duten langileen etengabeko prestakuntzaren ingurukoa, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei eta langileei aplikatzekoa.
Akordio horretako aurreikuspenak betetzeko, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, lana duten langileen etengabeko prestakuntza osoaz arduratzea du helburu, etengabeko prestakuntza kudeatzen eta zuzentzen du, eta enpresa, langile eta ikastetxeen artean etengabeko lanbide heziketarako interesa eta jarduera horrek ahalik eta zabalkunde eta eraginkortasun handiena erdiesteko baldintzak sustatzeko erantzukizun orokorra du.
Bestalde, Lehendakariaren 8/2005 Dekretuak, ekainaren 27koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Sailak sortzen, kentzen eta aldatzen dituenak eta horien eginkizunak eta jarduera-eremuak zehazten dituenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari ematen dizkio, besteak beste, bizitzan zehar kualifikazioak eskuratu edo handitzea dakarten eginkizun guztiak.
Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren bidez sortu da Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetza. Sailburuordetza horri emaniko eginkizunen artean, aipaturiko 222/2001 Dekretuaren 16.1.i) artikuluak Hobetuz Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren jarduera sustatzeko eta Administrazio Publikoen ordezkaritza zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizunak ezartzen ditu.
Etengabeko lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.
Enpresa batetako langileen prestakuntza-premien diagnostiko egokia egitean diagnostikoaren ondorioz lantzen diren prestakuntza-planen eraginkortasuna ziurtatuta geratzen da. Hori dela eta, premien azterlanak eta diagnostikoak dira enpresa batetako langileen prestakuntzarako oinarria.
Lanean ari diren langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, etengabeko prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, honakoa
Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek egiten dituzten premiak hautemateko azterlan eta analisiak (Diagnostikoak) garatzeko laguntzak arautzea.
Deialdi hau garatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak 1.000.000,00 euro dira gehienez, agindu honetako hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe. Funtsa horiek Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren (erakunde lankidea) esku utziko ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, ordainketa bakar bat eginez; eta ordainketa hori agindu hau argitaratu eta berehala egingo da.
Aipatutako funtsen kontura finantzatuko dira deialdi honen babespean garatzen diren premiak hautemateko azterlan eta analisiak (Diagnostikoak), baldin eta horien finantzaketa Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean eskatu bada eta bertan zehaztutako baldintzak betetzen badira.
Laguntza horiek, lehia, publizitate eta objektibotasuneko printzipioak kontuan hartuta emango dira.
Deialdi honetan barne hartzen diren laguntzak, bateragarriak dira xede berdinarekin jasotzen diren bestelako laguntzekin, betiere gainfinantzaketa edo bi finantzaketa gertatzen ez badira.
Lurralde-esparrua.
Deialdi honetan adierazitako laguntzak EAEn lantegiak dituzten enpresetarako izango dira eta lantoki horiekin erlazioan egiten diren jardueretara bideratuko dira.
Langile-esparrua.
EAEko enpresek eskura ditzakete laguntzak, ETEak lehentasunez. Europako Batasunaren definizioaren arabera, enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) hartuko da 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen enpresa, urteko negozio-bolumena 50 milioitik gorakoa ez duena edo zeinaren balantze orokorrak 43 milioi euro gainditzen ez dituen, eta bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago beste enpresa batena ez dela, edo ETEen definizioari erantzuten ez dioten beste zenbait enpresena batera.
Enpresetarako aurreikusitako baldintza beretan eskuratu ahal izango dituzte laguntzak enpresa taldeek. Enpresa taldea osatzen duten enpresetan honako egoeraren bat gertatzen dela egiaztatzen denean ulertuko da enpresa taldea osatzen dela:
Beren balantzeak bateratzen dituztenak.
Enpresa nagusi beraren filialez osatuta daudenak.
Zuzendaritza eraginkor komuna dutenak.
Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskaeraren titularra.
Sektore/esparru eta/edo enpresa jakin batzuen elkarteei zuzendutako premiak aztertzeko eta hautemateko azterlanak ere finantzatu ahal izango dira deialdi honen barruan, betiere elkarte hori osatzen duten enpresen artean lotura naturalen bat dagoela frogatzen bada eta azterlanaren xede den esparru/sektorean garrantzia duten Entitate bat buru badute, eta, gainera, enpresa horiek azterlanaren ondorioz sor daitezkeen prestakuntza-ekimenak abian jartzeko konpromiso argia hartu badute.
Kasu horretan, azterlanaren xede den esparru/sektoreko Entitate garrantzitsu bat izango da laguntza-eskaeraren egilea eta onuraduna.
Ezin izango da onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legeko Testu Bateginaren (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldarazia) 50. artikuluko 5. atalean, ezarritako kausaren batean dagoen inor.
Denbora-esparrua.
2008ko urtarrilaren 1etik 2009ko irailaren 15era bitartean egindako Premiak Hautemateko Azterlanak eta Analisiak aurkeztu ahal izango dira 2008ko deialdi honetara, betiere helburu bera betetzeko Eusko Jaurlaritzaren 2007ko deialdira aurkeztu ez baziren (EHAA, 2007ko azaroaren 19koa).
Finantza-esparrua.
Deialdi honen barruan dirulaguntza jaso dezaketen ekimenen finantziazioa baldintzatuta dago, aurrekontuen araberakoa izango baita, deialdi honetako 1. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko dirulaguntza merezi duela egiaztatzen ez duen prestakuntza-ekimenik ez da finantzatuko.
Honako alderdiei buruzko gogoeta eta analisia biltzen duen dokumentua hartzen da premiak hautemateko azterlan eta analisitzat (diagnostikotzat):
Erakundeen eta bertako langileen jakintzen egoerari buruzkoa, eta horien gainean egiten den kudeaketari buruzkoa.
Batetik, erakunde baten partaideen jakintzen, trebetasunen eta/edo jarreren eta, bestetik, erakunde horren etorkizuneko proiektua bermatzeko beharrezkoak diren jakintzen, trebetasunen eta/edo jarreren arteko desorekei buruzkoa.
Hautemandako desoreka gainditzeko egin beharreko ekintzen eta ekimenen deskribapen sistematikoari eta orokorrari buruzkoa. Deskribapen horretan honako alderdiak barne hartu beharko dira: azterlanaren ondoriozko ekintzen eta ekimenen hierarkizazioa eta denbora-plangintza, horien bitartez lortu nahi diren helburuak, horretarako jarraitu behar diren metodologiak, eta kostu ekonomikoari buruzko aurreikuspena.
Hori guztia enpresarentzat erabilgarria izango den tresna baten bitartez egituratuko da, hau da, enpresari bere prestakuntza-plana definitzeko, zehazteko, kudeatzeko eta ebaluatzeko aukera emango dion tresna baten bitartez.
Abian jartzen den premiak hautemateko azterlan eta analisian jarraituko den prozesua, bestalde, lagungarria izango da:
Enpresaren gabezia zehatzetara egokituko diren prestakuntza-premiak lortzeko (ez da ikastaroen katalogo orokorra izango).
Premiak sistematizatzeko, eta garatu beharreko ekintzen plangintza eta ebaluazioa egiteko -alderdi teknikoan, pedagogikoan edo ekonomikoan-.
Prestakuntzan egin diren ahaleginen errentagarritasuna ebaluatzeko.
Produktu edo zerbitzuetan eta prozesuetan kalitatea areagotzeko.
Antolakuntzako eta kudeaketako metodo eta sistema berrien aplikazioa errazteko.
Langileak enpresaren helburuetan gehiago integratzeko, motibatzeko eta konprometitzeko.
Deialdi honen bitartez, eskaera aurkezteko unean jada eginda dauden Premiak Hautemateko Azterlanak eta Analisiak finantzatu ahal izango dira. Halaber, Premiak Hautemateko Azterlanak eta Analisiak, aurreko 2.3. artikuluan adierazitako denbora-tartean hasi direnak (egiten ari dira), finantzatu ahal izango dira. Azterlanak bi motatakoak izan daitezke:
Enpresa eskatzaileak kontratatutako kanpoko entitateek egindako azterlanak (kanpoko diagnostikoak).
Zentzu horretan, EAEko enpresek esparruko informazio garrantzitsua eskura edukitzeko eta, modu horretan, premiak aztertzeko, hautemateko eta kudeatzeko metodologia desberdinak eskura edukitzeko edo horiek aplikatzen esperientzia handia duten entitateen laguntza eskura edukitzeko, enpresa eskatzaileek metodologien eta entitateen datu-base bat edukiko dute eskura www.hobetuz.com web orrian.
Enpresa eskatzaileko bertako langile gaituek egindako azterlanak (barruko diagnostikoak).
Kasu horretan, dagokion eskaera aurkeztu ondoren eta beharrezkotzat jotzen bada, Hobetuz-ek enpresa eskatzaileko arduradunekin ados jarri beharko du diagnostikoa egiteko funtsezko alderdien inguruan, hala nola, jarraitu beharreko metodologiaren inguruan, diagnostikoa egin behar duten pertsonen eta beren gaitasunen inguruan, edota amaieran lortu beharreko produktuaren inguruan.
Nolanahi ere, Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiek urte anitzeko denbora-irismena izan beharko dute (2 urte gutxienez).
Deialdi honen barruan aurkezten diren Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak honako ezaugarrien arabera aztertuko dira:
Aurkeztutako azterlana egiteko erabili den metodologiaren sendotasuna/trinkotasuna, eta azterlana metodologia horren berariazko ezaugarrietara egokitzea.
Aurkeztutako azterlanaren koherentzia, aztertzen dituen enpresei dagokienez.
Azterlan bakoitzaren berezitasunak, azterlana garatu den enpresaren ikuspegitik.
Enpresaren barruko eragileek azterlana egitean izan duten parte-hartzea.
Azterlana egiteko dedikazioa.
Enpresa hartzailearentzat azterlanak izango duen erabilgarritasuna.
35-100 langile artean dituzten enpresek sustatutako azterlanak.
Xede berarekin dirulaguntzarik jaso ez duten enpresek aurkeztutako azterlanak.
Zailtasun bereziak dituzten sektoreei buruzko azterlanak.
Kualifikazioen Euskal Sistemara (Moduluen Katalogora) lotutako prestakuntza-eskaintzaren bitartez azter daitezkeen gaitasunak oinarrian dituzten azterketak.
Azterlanen proiektuen kasuan, honako alderdi hauek baloratuko dira: aurkeztutako azterlanen beharra/aukera/lehentasuna eta proposatu den metodologia aplikatzeko orduan hornitzailearen lehiakortasuna eta aurretiko esperientzia.
2.2.c) atalean bildutako azterlanen kasuan, baloratu egingo da, lehen adierazitako alderdiez gain, azterlanak 10 eta 100 langile bitartean duten eta, berez dituzten ezaugarriak direla eta, prestakuntza eskuratzeko zailtasun bereziak dituzten ETEetara zuzenduta egotea. Era berean, EAEn lanean ari diren biztanleriaren gainean duen eragina baloratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketaren lehiakortasuna, berrikuntza eta hobekuntza lortzeko jada ezarri dauden politikekin erlazionatutako proiektuekin zerikusia edukitzea. Kasu horretan, etengabeko prestakuntzarako laguntzak emateko egiten diren deialdietan plana gauzatzeko aukera ere baloratuko da.
Aurkeztutako proiektu bakoitzak gehienez 100 puntu lortu ahalko ditu, eta haztapen berdina erabiliko da atal guztietan. Ez dira finantzatuko, bestalde, aztertu eta balioztatu ondoren, 50 puntutik beherako puntuazioa lortu duten proiektuak.
Laguntza zehaztea:
Dagoeneko egin diren Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisien kasuan (barrukoak zein kanpokoak), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dokumentua laguntza-programa eraentzen duten baldintzetara egokitzen den baieztatuko du, eta deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera emango du dirulaguntza.
Laguntzaren eskaera azterlan-proiektu bati dagokionean (egiten ari diren azterketak eta/edo azterlan-proiektuak barne hartuta), berau baloratu eta gero, lehentxeago ezarritako irizpideen araberako finantziazioa emango zaio aurkeztutako azterlanari, amaierako dokumentuaren balorazioa egin artean. Amaierako dokumentu horretan egiaztatuko da aurkeztu den Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisia finkatutako zehaztapenetara egokitzen den.
Diagnostikoko amaierako dokumentua aurkezten denean, laguntza emateko erabakian onartzen den metodologiari dagokionez desegokitzapenak edo desbideratzeak hautematen badira, edo azterlanaren ondorioek behar besteko sendotasunik ez badute, atzeratu egingo da azterlanari esleitutako laguntzaren ordainketa, eta epe zehatza ezarriko zaio enpresa onuradunari amaierako dokumentua osatzeko edo egokitzeko. Hori egin ondoren, dokumentua baloratu egingo da eta, hala badagokio, esleitutako laguntza doitu egingo da, dagokion likidazio-ebazpen bidez.
Diagnostikoak egoki balioztatuko badira, erabiltzaileek eskatzen zaizkien datuak eta burutzapen-prozesua ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren datuak jarri beharko dituzte Hobetuz-en eskura.
Premiak hautemateko azterlan eta analisiak finantzatzeko modulu ekonomikoak:
Enpresen eta enpresa taldeen Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisietarako -deialdi honen kargura finantzatu nahi diren azterlan eta analisietarako, alegia- eman daitekeen gehienezko dirulaguntza zuzenean lotzen da erreferentziazko enpresen tamainarekin. Honako banaketari jarraituko zaio:
Langile kop. Finantzaketa
Minimoa - Maximoa (eurotan)
50 artean 1.860 - 3.100
100 artean 2.595 - 4.325
101-250 artean 3.336 - 5.560
250 baino gehiago 4.452 - 7.420
Onartutako proiektu bakoitzari ezarri ahal zaion modulua 4. artikuluan adierazitako irizpideei jarraituz egindako balorazio teknikoan lortu den puntuazioarekiko proportzioan erabakiko da.
Deialdi honetako 2.2.c) artikuluan barne hartutako azterlanen proiektuen kasuan, taulan adierazitako moduluak gainditu ahal izango dira. Horretarako, azterlanaren garapenean parte hartu duen enpresa kopurua hartuko da kontuan.
Erabilgarri dagoen kreditua nahikoa ez bada, onartutako eskaeren artean hainbanatuko da, hasiera batean emandako finantzaketarekiko proportzioan.
Lehiari buruzko Europako Araudia.
Prestakuntza-premien diagnostikoak egiteko ematen diren dirulaguntzak, lehentasunez, Batzordearen 1998/2001 Arautegian definitzen den «de minimis» araura egokituko dira (2006-12-28 EBAO). «De minimis» araua aplikatu ezin denean, eskatzaileek prestakuntza-premiei buruzko diagnostikoan egindako inbertsio-ahalegina egiaztatu beharko dute, eta ahalegin horrek ondoren eransten den taulan adierazten diren ehunekoak, gutxienez, izan beharko ditu (dirulaguntza jaso dezakeen diagnostikoaren gaineko ehunekoak izango dira). Horretarako, prestakuntzarako laguntzei buruzko 68/2001 Erregelamenduari edo enpresa txiki eta ertainetarako laguntzei buruzko 70/2001 Erregelamenduari jarraituko zaio. Ondorengo taulan ikus daitezke aplikatuko diren ehunekoak.
Enpresa mota Prestakuntza-premien diagnostiko mota
Kanpokoa Barrukoa
ETE % 50 % 60
ETE ez direnak % 70 % 70
Finantza daitezkeen gastuak.
Honako gastuak finantzatu ahal izango dira:
Kanpoko erakunde batek egindako azterlanak direnean, kanpoko erakunde horren zerbitzuen kontratazioari dagokion gastua.
Enpresaren barruko langileek egindako azterlanak direnean, azterlana egiteaz arduratu diren pertsonek lan horri eskainitako orduei dagokien ordainsaria. Kasu horretan, diagnostikoa egiteaz arduratu diren pertsonez gain enpresako beste pertsona batzuek parte hartu badute, horren ondoriozko kostuak ere justifikatu ahal izango dira, betiere inbertsio-ahalegina egiaztatu ahal izateko -hori beharrezkoa denean-.
Deialdiko 2.2.c) atalean bildutako azterlan proiektuetan, proiektua egiteari eta kudeatzeri lotuta erakunde titularrak jasaten dituen bestelako kostuak onartu egingo dira, hala nola, enpresekin topaketak antolatzea, joan-etorriak, jakinarazpenak, erakundearen gastu orokorrak... Gastu horiek ezin izango dute kostu finantzagarrien % 15 gainditu.
Eskaerak: eskaera-eredu normalizatuak www.hobetuz.com web orrian eskura daitezke, bai eta Hobetuz-en lurralde-bulegoetan ere.
Eskaerak aurkeztea: Hobetuz-era zuzendutako eskaerak aipatu Fundazioaren egoitzetan aurkeztu beharko da:
Arabako lurralde-egoitza, Dato kalea, 14-16, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz;
Bizkaiko lurralde-egoitza, Kale Nagusia 35, 6. solairua, 48009 Bilbao;
Donostiako lurralde-egoitza, Manterola kalea 4, 1.a, 20007 Donostia-San Sebastián.
Bestalde, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.
Eskaera horiek paperean eta Hobetuzek deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira, eta eskaera horiei enpresaren legezko ordezkariak behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko den dokumentazioa gaineratuko zaie, aurretik aditzera eman den moduan.
Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliogarritzat.
Eskaerak ondorio horietarako diseinatutako eskaera-inprimakiei egokituko zaizkie, eta honako informazioa barne hartu beharko dute:
Eskatzailea identifikatzeko datuak.
Enpresa eskatzailearen datu orokorrak.
Dagokion ordezkaritza frogatuko duen dokumentazioa, eta erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, betiere aurreko deialdietan Hobetuzi aurkeztu ez bazaio edo lehenago aurkeztutakoa aldatu bada. Ordezkaritza egiaztatzeko dokumentuek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan behar dute.
Laguntzaren mende dauden ekimenen gain-finantziazioa eta dirulaguntzen bikoiztasuna saihestearren, titularrak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du halakorik gerta daitekeenean. Aitorpen horretan jarduera bererako beste Administrazio Publiko batzuei edo beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu zaizkien -edota jaso diren- beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko da eta horien zenbatekoa adierazi beharko da.
Edozein Administrazio Publikok prestakuntzaren arloan emandako dirulaguntzen ondorioz, itzultze-prozeduratan ez egotearen zinpeko aitorpena, edo, hala badagokio, eskatu zaizkion itzultzeak egin izanaren zinpeko aitorpena.
Egindako azterlanaren kopia, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurreko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak, eta enpresak azterlan hori egiteko izan dituen gastuen ziurtagiriak.
Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisien azterlan proiektua bada, eskatzaileak azterlana egiteko hautatutako metodologia zehatz-mehatz adierazi beharko du, eta azterlana egiteaz arduratuko diren pertsonen izena eta gaitasuna eman beharko du aditzera, bai eta azterlana egiteko aintzat hartutako faseak, lanak egiteko egutegia eta azterlanerako aurrekontua ere. Horrekin batera, Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurreko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak gaineratu beharko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legeko Testu Bateginaren (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldarazia) 50. artikuluko 5. atalean xedatutakoaren arabera, laguntza edo dirulaguntzen deialdietara ez aurkezteko zigorrik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.
Deialdi honen aurrekontuaren kontura eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da eta 2008ko urriaren 24a arte zabalik egongo da.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskaera betetzean interesdunak datu horiek Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren fitxategi automatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean gauzatu daitezke (Kale Nagusia 35-6.a, 48009 Bilbao).
Aurkeztutako eskaerek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenean, interesdunek 10 eguneko epea edukiko dute falta diren agiriak aurkezteko edo osatzeko; horrela egiten ez badute, atzera botako dira aurkeztutako eskaerak, betiere 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 42. artikuluan ezartzen duen moduan, eskaera bertan behera uzteko ebazpena hartu ondoren.
Hobetuzek jasotako eskaerak aztertu eta ebazpen-proposamenak luzatuko dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailari.
Lanbide Heziketa eta Etengabeko Prestakuntzako sailburuordeak hartuko du dagokion ebazpena eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa aurkez diezaiokete interesa duten pertsonek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epean.
Hobetuzek ebazpenaren berri emango die pertsona interesdunei, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta lau hilabeteko epean. Denbora horretan jakinarazpenik egiten ez bada, eskaera atzera bota dela ulertuko da.
Dirulaguntza ematearen aldeko erabakia denean, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa jakinaraziko da.
Eskatzaileak 10 eguneko epea izango du erabakia onartzen duen adierazteko.
Aurkeztutako eskaeran adierazten denaren arabera egin beharko dira deialdi honen bitartez finantzatzen diren Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak; gainera, eta hala badagokio, ondorio horretarako egiten den emakida-erabakian adierazitako baldintzak bete beharko dira. Azterlan eta analisi horiek amaitzen direnean aurkeztu behar dira. Edozein modutan, azterlan eta analisiak 2009ko irailaren 15a baino lehen amaitu beharko dira.
Azterlan-proiektuen kasuan, erakunde onuradunak azterlana egiteko izan dituen gastuen justifikazioa igorri beharko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari, eta egindako azterlanaren amaierako dokumentuarekin batera helaraziko du, proiektua bukatu eta hilabeteko epe barruan eta 2009ko irailaren 15a baino lehen.
Azterlana edo analisia jada egina badago, eskatzaileak, eskaera aurkezten duen unean, azterlana egiteko sortutako gastuak ziurtatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du, 6.2.f) artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Kostuak fakturen bitartez edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumenturen bidez justifikatuko dira, eta kostuak behar bezain zehatz adieraziko dira beti, funtsak zuzen aplikatu direla egiaztatzeko eta Hobetuzek emandako ereduaren arabera.
Emandako finantzazioaren ordainketa behin egingo da, aurkezten den behin betiko agiriaren balorazioa egin eta gero. Horrez gain, Ogasun eta Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak eta jasandako gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira ordainketa egin aurretik.
Onartzen den laguntza eskaeraren titularra den enpresari ordainduko zaio beti.
Azterlan-proiektuen kasuan, Hobetuzek aurkeztu den dokumentuaren gainean egiten duen balorazioaren arabera likidatuko dira laguntzak, eta bere garaian onartutako dirulaguntza izango da muga.
Aurreko atalean adierazitakoaren ildotik, aurkeztutako dokumentazioa aztertutakoan, Hobetuzek dirulaguntzen amaierako likidazioa egingo du. Onuradunari emango zaio amaierako likidazioaren berri, hamar eguneko epea emanez alegazioak egin edo egokitzat jotzen dituen justifikazio-dokumentuak aurkezteko; ondoren, behin betiko ebazpena emango da, hala badagokio.
Behin betiko likidaziotik 15 egun igaro ondoren, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren egindako ordainketak justifikatzeko moduan egon beharko du dirulaguntzaren onuradun den erakundeak.
Hobetuzek egiaztatu beharko du dirulaguntzak behar bezala justifikatzen direla, eta Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak deialdi honetan finkatutako zehaztapenen arabera egiten direla. Hobetuzek, halaber, dirulaguntza jaso duten gastuen merkatuko balioa egiaztatu ahal izango du.
Dirulaguntzen erakunde onuradunek nahitaez onartu beharko dituzte Hobetuzek egiten dituen egiaztapen eta kontroleko jardunak, edota Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituztenak.
Dirulaguntza ordaindu ondoren, 1/1997 Dekretu Legegileak, azaroaren 11koak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzkoak, xedatutakoaren arabera, dirulaguntzak itzultzeko arrazoiren bat dagoela egiaztatuz gero, Hobetuzek, edo hala badagokio, administrazio eskudunak, laguntzaren onuradunari igorritako idatziarekin emango zaio hasiera itzultze-prozesuari. Bertan, bete ez dituen puntuak adieraziko zaizkio, eta hamabost eguneko epean alegazioak edo beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentazioak aurkez ditzan eskatuko zaio.
Epea amaituta, alegaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak atzera bota badira, funtsen jatorriaren araberako administrazio-eskudunak hartuko du erabakia, eta dirua itzultzea eskatuko du. Erabaki horretan adierazitako epean itzuli beharko da laguntzaren zenbatekoa. Hala ere, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Eusko Jaurlaritzari, eskaera-idatziarekin eta alegazioekin batera -eta, hala badagokio, alegazio horiek gaitzesteko proposamenarekin batera-, administrazio eskudunak zenbateko hori itzultzeko eskakizuna erabaki dezan.
Epea amaitutakoan dirua itzuli ez bada, administrazio eskudunak premiamendu bidez berreskuratzeko behar diren izapideak egingo ditu. Itzuli beharreko zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira.
Lehenengoa. Entitate laguntzaile izendatzea.
Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen kudeaketarako eta ordainketarako entitate laguntzaile, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluaren arabera.
Aipatutako 52. artikuluak dioenez, agindu honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.
Bigarrena. Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, betebeharrak izango dira ondorengoak:
Etengabeko prestakuntzaren jarduerak egiteko funtsak amaierako onuradunen artean banatzea.
Dirulaguntzei esker prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.
Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, 2009ko azaroaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako dirulaguntzak, egindako ordainketak, eta, oro har, funts horiekin egindako etengabeko prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.
Funtsen kudeaketa dela-eta, honako erakundeek egin ditzaketen egiaztatze-jarduerei men egitea: Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez; Herri kontuen Euskal Epaitegiak; eta Europako Gizarte Funtsak.
Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei dirulaguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz.
Hirugarrena. Hobetuzen egitura teknikoaren finantzaketa.
Aurreko atalean ezarritakoaren kalterik gabe, agindu honetan arautzen diren funtsek finantzatuko dituzte Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren egitura teknikoak kudeatzeko eta ebaluatzeko egin beharreko gastuak eta inbertsioak, baldin eta kontzeptu horren ondoriozko guztizko aplikazioak Fundazio horrek ekitaldi honetarako kudeatzen duen guztizko aurrekontuaren ehuneko 15 gainditzen ez badu. Deitutako laguntzen ebazpenean zehaztuko da portzentaje hori.
Laugarrena. Finantziazio-soberakinen azken likidazioa.
Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek 2009ko irailaren 30erako aplikatu ez dituzten finantzazio-soberakinak eta agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak hurrengo ekitaldirako funtsetan gaineratuko ditu Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Dena den, aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango die horren berri.
Agindu honen bigarren xedapen gehigarriaren c) atalean aurreikusten diren ondorioetarako, Hobetuz Fundazioak ekitaldi bakoitzean egiten dituen likidazioak edozein direla ere, agindu honetan aipatzen diren funts guztien amaierako likidazioa 2009. urtean egingo da. Hala, 2009ko ekitaldiko abenduaren 31 arte aplikatu gabeko finantzazio-soberakinik gertatuz gero, edo emandako dirulaguntzaren aplikazioa 2010eko ekainaren 30 baino lehen justifikatu ez bada, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak soberakin horiek itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.
Bosgarrena. Deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdia argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileei ez zaie eskatuko data dela eta bete ezin den baldintzarik betetzeko.
Aipatutako kasu guztietan, 2007ko azaroaren 13ko Agindurako (azaroaren 19ko EHAA) ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira. Aipatutako aginduaren bitartez deitzen dira EAEko enpresek 2007an egiten dituzten prestakuntza-premiak aztertzeko eta hautemateko azterlanen finantzaketarako dirulaguntzak. Azterlan eta analisi horiek, gainera, gaitasuna eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, betiere, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Sailean, eta horretarako ere bi hilabeteko epea izango dute, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena. Honako agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 28a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


