Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko uztailaren 1ekoa, Kulturako sailburuarena, Anucitan (Araba) den Mimbredoko Errota, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko uztailaren 1ekoa, Kulturako sailburuarena, Anucitan (Araba) den Mimbredoko Errota, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 185
  • Hurrenkera-zk.: 4432
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/01
  • Argitaratze-data: 2010/09/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2010eko apirilaren 9an Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez Anucitan (Araba) den Mimbredoko Errotak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko maiatzaren 10eko 85 zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Anucitan (Araba) den Mimbredoko Errota Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den bezala eta II. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Erribera Goitiko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Agindu hau interesdunei, Erribera Goitiko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 1a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Mugaketa

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Honela definitzen da mugatutako eremua: presa barnean sartzen da; presatik, paraleloan, 20 metrora dago aurrealdea eta 10 metrora atzealdea. Orobat, ubidea ere barne sartzen da. Hona ubidearen mugak: ezker aldean, A-3310 errepidea; eskuin aldean, ubidearen luzera osoan, 3 metroko zabalerako distantzia librea. Azkenik, hona errotaren mugak: A-3310 errepidea, eskuin aldean; ibaia, ezker aldean, 20 metrora paraleloan erakinaren atzeko aldera; eta elkarzut, errepidetik hustubide-punturaino, hustubideko ubidearen ibaian, errotaren aurreko aldean.

  2. Mugaketaren justifikazioa

    Egindako mugaketa justifikatuta dago errota osorik gordetzeko beharra dagoelako, hau da, eraikina ez ezik bere azpiegitura hidraulikoa ere babestu beharra dago, oinarrizko elementua baita errota bera definitzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da presa, ubidea eta hustubideko ubidea zaintzea, eta horrexegatik sartu ditugu mugaketaren barruan.

Deskripzioa

Mimbredoko Errota Mimbredon dago, Anuzita herrian, Erriberagoitia udalerrian (Araba). Zehazki, Pobesetik Manzanosera doan A-3310 errepidearen ondoan; errepidearen eta Baia ibaiaren artean.

Presako errota tipikoa da eta funtsezko elementu guztiak mantendu ditu, hala azpiegitura hidraulikoa nola errotaren makineria. Hala, grabitate-presa dauka, aurrealdea apurtxo bat makotuta duena, eta, gutxi gorabehera 40 metroko luzera eta 1,5 metroko garaiera. Ibaiaren ezker-aldean, gainezkabidea dauka, eta alde horretan bertan ubidearen ahokadura dago; ubideak metalezko ataka gordetzen du, harikoa.

Ubidea 300 metroko luzerakoa eta 2 metroko zabalerakoa da, batez beste. Errepidearekiko paraleloa da eta alde handiena induskatuta dago; fabrika-obra azken zatian baino ez. Azken zona horretan gainezkabide zabala dauka.

Errota eraikin xumea da, harlangaitz-hormaz egina, oinplano angeluzuzenekoa, eta etxola bat du erantsia atzealdean. Estalkia bi isurialdekoa da, gailurra fatxadarekiko paralelo dauka; iparraldeko aldean atxikitako etxolan, berriz, isurialde bakarrekoa da. Fatxada hegoaldera begira dago, eta sarbide dinteldun bi ditu: ukuilu-aldera eskuinekotik sartzen da eta ehotze-aretora ezkerretik. Ukuilua lau angeluko gela da, eta eskuin aldean aska bat dago erantsita. Ehotze-aretoa ere lau angelukoa da, eta errotako makinaria duen bankuaz gain, eskuin aldean, beheko sua dago, eta harrizko banku bat hegoaldeko murruari atxikia.

Errotak ez du ontzirik edo antepararik, eta ubidea atxikitako etxolatxotik ahoratzen da, bertan baitaude uhateak, estoldara zenbat ur sartzen zen erregulatzeko erabiltzen zirenak; halaber, estoldan, errota martxan jartzen zuten metalezko errodete bi daude. Estoldak hustubide dintelduna dauka, deskarga-arku baten azpian eta egurrezko burdinazko sareaz. Ubide labur batek eroaten zuen ura ibaira.

Ehotze-aretoaren barruan, fabrika-banku baten gainean (eskaileratxoetatik sartzen da), bi errotarri pare bat asentatzen dira, hauts-babesak, asto gaineko toberak eta garabi-besoak dituztenak. Bankuaren albo batetik estoldara sar daiteke, eskailera-maila zahar batzuen bidez.

Mimbredoko Errotak osorik mantentzen du bere azpiegitura hidraulikoa: presa on bat, ubidea, hustubide-ubidea; errotaren makineria ere hantxe dago. Horrenbestez, Araban dauden mota horretako eraikinen adibide nahikoa osoa eta erakusgarria dugu.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik