- AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntzetarako deia egiteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntzetarako deia egiteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 170
- Hurrenkera-zk.: 4320
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/07/27
- Argitaratze-data: 2011/09/07
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Europar Batasunaren Liburu Zuriak (Europar espazio bakarrerako ibilbide-orria: garraio-politika lehiakor eta jasangarri baterako bidea) kate logistiko multimodalen errendimendua optimizatzeko helburuaren alde egiten du, eta horretarako energiaren aldetik garraiobide eraginkorragoak erabiltzea bultzatzen du, besteak beste, trenbideko eta itsasoko garraioa.
Europar Batasunak askotan azpimarratu du itsasoko eta trenbideko garraioa zeinen garrantzitsuak diren mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko, Europar Batasunaren barruan kohesioa handitzeko, eta garraioaren eragingarritasuna planteamendu intermodalaren bidez hobetzeko. Gainera, onartzen du itsas garraioa Europako Erkidego mailan, estatu mailan eta eskualde mailan bultzatu behar dela.
Laguntza-programa honen bitartez errepideko salgaien ibilgailu astunetatik karga itsasora eta trenbidera eraman nahi da, ahal den neurrian euskal errepide-sarea kamioi astunetatik arintzeko.
«Garraio Iraunkorraren Gidaplana, Garraio-politika erkidea Euskadin, 2002-2012» agirian Euskadiren garraio-politikarako ezarritako helburuak kontuan izanik, garraiobideen arteko bestelako oreka bat sustatu nahi baitute, laguntza hauek testuinguru horretan sartuko lirateke, laguntzen xedea baita aterik ateko garraio-zerbitzuen katea intermodalean errepideko garraioari pisua kentzea eta errepidetik kendutako karga hori itsasoz eta trenez garraiatzea.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, garraiobideen arteko bestelako oreka bat lortzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, horretarako, garraiobiderik iraunkorrenak eta garbienak sustatuz.
Agindu honen helburua da salgaien trenbideko, itsasoko eta errepideko garraio konbinatua sustatzeko laguntza ekonomikoak emateko era zehaztea.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (2008ko urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zenbakia). Aginduan, izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EEAO L 379 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.
Ondorioz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik, honako hau
Agindu honen xedea da salgaien garraio konbinatuaren sustapenerako laguntza ekonomikoak egiteko deialdia egitea; hain zuzen, honako konbinazio hauek lagunduko dira:
Itsaso eta errepideko garraioa, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako portuen artean.
Errepideko eta trenbideko garraioa, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako geltokien artean.
Trenbideko eta itsasoko garraioa, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko kide diren estatuetako geltoki edo portuen artean.
Diruz laguntzekoak diren garraio-eragiketak 2011n egin beharko dira.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorretako kredituetatik hartuta.
Diru-laguntza jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:
Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
Salgaien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.
Bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko. Merkaturatzeko sozietateen eta garraiolari kooperatiben kasuan, onuradun izateko, bazkideek edo kooperatibistek salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gutxienez hiru baimen izan beharko dituzte.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Euskal Autonomia Erkidegoko portuen eta geltokien eta Europar Batasuneko kide diren estatuetan dauden portuen edo geltokien arteko garraioen tarifengatiko gastuen ehuneko jakin bat lagunduko da.
Gidaririk gabe doazen gurpil gaineko kargak (Ro-Ro motakoak) itsasoz garraiatzeak edo erdiatoietan egiten diren trenbideko garraioak eragindako gastuak soilik lagunduko dira diruz.
Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko Diru-laguntzak izango dira. Zehazki ehuneko hauek emango dira:
(Ikus .PDF)
Hiru zerga-ekitalditan, onuradun bakoitzak ezin izango du guztira ehun mila euro baino gehiago jaso.
Diru-laguntza garaiz eta forman aurkezten diren eta agindu honetan jasotako baldintza subjektibo eta objektibo guztiak betetzen dituztenei emango zaie, artikulu honen 3. eta 4. idatzi-zatietan adierazitako mugarekin.
Agindu honetan arautako laguntzak finantzatzeko 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei ezarri bezala erantzuteko (ehunekoari eta gehieneko diru kopuruari dagokionean), hasierako kalkuluak hartu eta diru kopuru osoarekiko legozkiekeen ehunekoari eutsiz banatuko da dirua.
Izapidetze elektronikoa administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautzen dute.
Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.net-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/ayuda_subvencion/transportecombinado2010/eu_combinad/abandono_2011.html.
Eskabidea egiteko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik. Era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du interesdunak; horretarako, organo eskudunari horren berri eman eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du. Hala ezartzen dute Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren 4.4 eta 21.2 artikuluek, hurrenez hurren.
Eskabideak, eranskinean datorren eskabide-orria behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzari helaraziko zaizkio. Eskabidearen eredua agindu honen I. eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.net-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 4. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko txartela edo IFK.
Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
Eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duten Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria.
Diruz laguntzekoak diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.
Azalpen-memoria, honako hauek jasoko dituena: itsasoko edo trenbideko zerbitzuen erabilpenaren gaineko aurreikuspena, garraiatu beharreko karga motaren deskripzio orokorra, kargaren abiapuntu eta helmuga izango diren estatuak, eta interesgarri jotzen den beste edozer.
Ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko, gutxienez eskatutako baimen kopurua baduela adierazten duen agiria.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.
Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:
Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta.
Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71. artikuluetan ezarritako eran.
Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.
Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.
Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraioetako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.
Ebazpena azaroa amaitu baino lehen hartuko da, eta interesdunei banaka jakinaraziko zaie azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako eran.
Ebazpenean horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
Aurreko atalean ezarritako epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Interesdunei zuzenean jakinarazteaz gainera, jende orok jakin dezan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrendarekin eta emandako diru-laguntzekin.
Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.
Dirua, Diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta Diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastua faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da, dena batera. Gastu horiek II. eranskinean datorren taularen arabera zehaztuko dira. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez badira, 2011ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira behin betiko fakturak.
Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo Diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, Diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, E Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
Lehenengoa. Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


