Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena; agindu honen bidez, EAEn gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateentzat laguntzak iragartzen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena; agindu honen bidez, EAEn gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateentzat laguntzak iragartzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 4423
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/27
  • Argitaratze-data: 2011/09/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa

Testu legala

Osasun eta Kontsumo Sailak positibotzat eta ezinbestekotzat jotzen du gaixoek eta haien familiek osatutako irabazi-asmorik gabeko entitateen laguntza gaixotasunen bat duten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, entitateok, beren ezaugarriak eta esperientzia direla eta, elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza eskatzeko tokia baitira gaixoentzat berentzat nahiz haien familientzat.

Hori dela eta, honako hau

  1. Agindu honen helburua da laguntzak iragartzea EAEn gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateentzat.

  2. 2011ko ekitaldian helburu hauekin egin diren jarduerak finantzatzeko dira laguntza horiek:

    1. Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, beren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.

    2. Gaixoei laguntza eta jarraibideak ematea gizarte- eta osasun-premietan.

    3. Gaixoek eta haien familiek gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.

    4. Gaixoek osasun aldetik besteekiko dituzten desberdintasunak gutxitzea.

Agindu honen helburura bideratuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa hauxe da: hirurehun eta hirurogeita hamar mila (370.000) euro.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzen esleipena bateragarria da administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Diru-laguntzen zenbateko osoa beste laguntza batzuk jaso badira, haiek ere kontatuta ezin izango da izan entitate onuradunak egingo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

  2. Baldin eta lortutako laguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa bada, diru-laguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

  1. Deialdi honetako laguntzak eskatzeko, 1/1997 Legegintzako Dekretuan adierazitako betekizunak bete behar dituzte entitate eskatzaileek eskaerak aurkezteko epea amaitzerako; dekretu hori 1997ko azaroaren 11koa da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen du, eta otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu zuen. Horiez gainera, beste betekizun hauek ere izango dituzte entitateek:

    1. Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien erregistroetan edo administrazio-erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dute diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

    2. Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo besteren bat.

    3. Gaixoen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardun behar dute, eta elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko aukera eman behar diete.

    4. Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dute lan, eta, beraz, han izan behar dute egoitza edo ordezkaritzaren bat.

  2. Zehapen administratibo edo penala jaso dutelako diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten entitateek ezin izango dute lehiaketan parte hartu, jasotako zigorrak ezartzen duen aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

  3. Entitateek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren entitate autonomiadunen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei diru-laguntza hau esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

  1. Osakidetzak edo Osasun eta Kontsumo Sailarekin hitzarmena duten zentroek egiten dituztenen pareko jarduerak.

  2. Hiesaren eta droga-mendekotasunen alorreko jarduerak, halakoetarako berariazko laguntzen deialdiak badaude eta.

  3. Antzeko jarduerak egiten dituen entitate bat baino gehiago egonez gero, herritar gehiagori eragiten dionak izango du lehentasuna.

  1. Laguntza bakoitzaren zenbatekoak jarduera baterako aurkeztu den aurrekontuaren % 80ra arte estal dezake, betiere hainbat faktore kontuan hartuta: jarduerak bat egiten duen Osasun eta Kontsumo Sailaren helburuekin, beste finantziazio-iturririk baduen, bideragarria den, zer-nolako diseinua duen eta egokia den.

  2. Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo entitateen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

    Jarduerarako diru-laguntza erabil daiteke entitateko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbatekoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, beharrezkoak direnak diru-laguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

  3. Diru-laguntza ezin izango da erabili hauek ordaintzeko: finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, berandutza-gainordainak eta zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatiko zehapenak.

  1. Hala nahi dutenek bide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ditzakete prozedura honen izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa, arau hauen bidez erregulatuta dago: abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua, administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzea arautzen duena; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren eta haren Erakunde Autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioen Zuzendariarena, Administrazio Elektronikorako Plataforma Teknologikoa PLATEA ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

  3. Laguntzak aurrez aurre nahiz elektronikoki izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan daude:

    http://www.osanet.euskadi.net/r85-proc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ ayudas as calidad 2011/eu ayuda/ficha procedimiento.html.

  1. Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskaerak. Eskaera-orriaren eredua eskuragarri dago agindu honen I. eranskinean nahiz euskadi.net-en egoitza elektronikoan, aurreko artikuluan adierazitako gunean.

  2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  3. Eskaerak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarren Arretarako Bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan edo, bestela, Administrazio publikoen erregimen juridikoari eta prozedura administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako erakundeetan. Datuak behar bezala jasota dituen instantzia normalizatuaren bidez egingo da eskaera.

    Halaber, eskaerak elektronikoki aurkezteko aukera dago, euskadi.net-eko egoitza elektronikora sartuta.

  4. Laguntza eskatzen duten entitateek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete eskaera eta harekin batera entregatu beharreko agiriak. Entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, halaber, eskaeratik eratorritako ekintzetan, eta prozedura osoan ere bai, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa dena, 6.1 artikuluan ezartzen den moduan.

Diru-laguntzaren eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira, lehendik Eusko Jaurlaritzari eman ez bazaizkio behintzat:

  1. Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, haren memoria, II. eranskineko eredua erabiliz; egoitza elektronikoan eskura daiteke, 7. artikuluan adierazitako gunean.

  2. Entitate eskatzailearen datu orokorrak, III. eranskinean eta aipatutako egoitza elektronikoan dagoen instantzia normalizatua erabiliz.

  3. Eskaera sinatzen duen pertsona edo entitatea ez bada entitatearen eraketa-dokumentuan ageri den zuzendaritza-batzordekoa, ordezkaritza legala egiaztatzen duen agiria. Agiri hori egoitza elektroniko honetan eskura daiteke:

    http://www.euskadi.net/r33-2287/eu/contenidos/formulario/representacion legal/eu form/otorgamiento representacion.html.

  4. Hirugarren interesatuaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera. Inprimaki hori euskadi.net-eko egoitzan dago eskura: http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta terceros/eu 7999/hirugarrenaren alta.html.

    Euskarri elektronikoan (dokumentu eskaneatua, PDF formatuan) edo paperean aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

Diru-laguntzarako eskaerak ez baditu eremu guztiak behar bezala beteak edo ez baditu adierazitako dokumentu guztiak atxikiak, entitate eskatzaileari eskatuko zaio hutsunea betetzeko edo dagozkion dokumentuak entregatzeko hamar egun balioduneko epean, eta esango zaio hala egin ezean atzera botako dela eskaera. Administrazioak eskaera horien esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi egin behar du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  1. Erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz eta eskatzaileen baimenaren beharrik gabe, automatikoki egiaztatuko ditu diru-laguntzen eskatzaileak beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/2997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira betebehar hauek eskaeraren instantzia normalizatuan:

    1. Jakinarazi behar du beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu dizkion helburu berarekin edo antzekoarekin, eta halakorik jaso duen ere bai.

    2. Ezin du egon diru-laguntzak itzultzeko edo zigorra ezartzeko prozesuren batean, edo halakoren batetik irten berria.

    3. Eskaera-egileak ez du izan behar laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio edo zigor-zehapenik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko inolako debekurik ere.

    4. Eskaeran eta harekin batera doazen agirietan jarritako datuek benetakoak izan behar dute, eta eskatzaileak bete egin behar ditu dagozkion betekizunak, indarrean dagoen legediak ezartzen dituen horiek, hain zuzen.

      Erantzukizunpeko adierazpenarekin batera adierazitako edo aurkeztutako dokumentuetan oinarrizko daturen bat zehaztasunik gabe ematen bada, faltsua bada edo ematen ez bada, prozedura eten egingo da horren berri jakiten den unean, dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

      Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli egin behar duela diru-laguntza hala balegokio eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, 2005eko ekainaren 1eko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, izaera pertsonaleko datuak babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki. Fitxategi horretako datuak ez zaizkie hirugarren pertsonei utziko, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak erakunde eskatzaileen artean laguntzak kudeatzeko bakarrik erabiliko du fitxategia. Nahi duenak erabil ditzake legeak aurreikusten dituen eskubideak (eskaeretan sartzeko, eskaerak zuzentzeko, baliogabetzeko edo kontra egiteko), idatzi bat bidaliz Osasun eta Kontsumo Sailaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzara.

  1. Aurkeztutako eskaerak balioesteko, Balioespen-batzordea eratuko da. Batzorde horretako kideak izango dira Osasun Publikoaren Zuzendaria, lehendakari-lanetan jardungo duena, eta Osasun eta Kontsumo Sailaren Lurralde Ordezkaritzetako Osasun Publikoaren zuzendariordeak horietako batek kide anitzeko organoaren idazkari-kargua hartuko du.

  2. Balioespen-batzordeak epe barruan eta modu egokian entregatutako dokumentazioaren arabera ebaluatuko ditu eskaerak.

  3. Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein izango den diru-laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa eta zer puntuazio duen jarduera bakoitzak agindu honetan adierazitako balioespen-irizpideen arabera; gainera, gutxieneko puntuazio bat finkatuko du, lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia, eta ez zaie diru-laguntzarik emango hori baino puntuazioa txikiagoa duten jarduerei. Laguntzetarako aurreikusitako aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu duten jardueretarako aurreikusitako diru-laguntza guztiak emateko, puntuazioa handiena lortu duten jardueretatik hasiko gara diru-laguntzak ematen, harik eta aurrekontu-kreditua agortzen den arte; beraz, jarduera batek gehieneko puntuazioa izango balu, gehieneko diru-laguntzari dagokion zenbatekoa jasoko luke.

  4. Berariaz sortutako Balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat egingo du laguntzak norentzat diren adierazteko.

    Laguntzak kudeatzen dituen organoak eta Balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin.

  5. Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. EAEko Ogasunaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuko 51.4 artikuluari jarraiki, lehiaketaren prozedurak honelakoa izan behar du: diru-laguntzak eman baino lehen, aurkeztutako eskaerak konparatu egiten dira lehentasunak ezartzeko, laguntzaren arau erregulatzaileetan aldez aurretik finkatutako balioespen-irizpideak baliatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balioespen onena lortu dutenei bakarrik esleitzen zaie laguntza.

Hona hemen eskaeren artean lehentasunak ezartzeko erabiliko diren balioespen-irizpideak eta horien haztapena: gehieneko puntuazioa 100 da, eta gutxienekoa, 50 (puntu gutxiago dituzten jarduerek ezin dute laguntzarik jaso).

  1. Jarduerarekin lortu nahi diren helburuen eta hobetu nahi den egoeraren egokitasuna eta garrantzia, 1.2 artikuluan jasotako jokabide-ildoak aintzat hartuta: 20 puntu, gehienez.

  2. Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, besteak beste, jarduera bideragarria den, diseinua egokia den eta proposamena ebaluatzeko modukoa den: 20 puntu, gehienez.

  3. Zeharkako edo zuzeneko hartzaileen edo onuradunen kopurua, jardueraren populazio-estaldura hots, lurralde historiko bat baino gehiagotako pertsonek parte hartzeko benetako aukera eta jarduera hainbat entitateren lankidetzatik edo sare edo federazio baten eskutik etortzea: 15 puntu, gehienez.

  4. Jardueraren diseinuan eta garapenean arreta bereziz tratatzea kaltetutako pertsonen ezberdintasun sozioekonomikoak edo genero-ezberdintasunak: 10 puntu, gehienez.

  5. Jardueraren diseinuan eta garapenean hainbat balio gehigarri sartuta egotea (ekintza boluntarioa, elkarri laguntzea, onuradunek parte hartzea esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan): 5 puntu, gehienez.

  6. Koordinazio bat ezarrita egotea, eta sinergia bat aurreikusita, jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

  7. Proposaturiko jarduera berritzailea izatea: 5 puntu, gehienez.

  8. Elkartearen ibilbidea eta proposaturiko jarduera edo proiektuaren jarraitutasuna: 20 puntu, gehienez.

  1. , b) eta c) puntuetan adierazitako irizpide bakoitzean gutxienez 10 puntu lortu dituzten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.

  1. Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat emango du bere eskumenaz baliatuz eta Balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko die entitate eskatzaileei diru-laguntza eman edo ukatu egin zaien.

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun eta Kontsumoko sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia lehen aipatutako 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak eginiko aldaketa aintzat hartuta.

Indarrean dagoen legedian eta, batez ere, EAEko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan adierazten diren betebeharretatik aplikatu beharrekoez gainera, beste betebehar hauek ere badituzte agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. EHAAn ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar egun balioduneko epean entitate onuradunek laguntzari berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartuta dagoela ulertuko da.

  2. Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu diren betekizunen batean, horren berri idatziz ematea dagokion organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

  3. Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri idatzi ematea dagokion organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

  4. Laguntza ematen duen entitatearen aurrean frogatzea betekizunak eta kondizioak betetzen dituztela eta diru-laguntza lortu duen jarduera hori gauzatuko dela.

  5. Osasun eta Kontsumo Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta kontrol-saio hauek pasatzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik emandako laguntzak diren heinean eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

  6. Jasotako funtsak non erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

  7. Egiten diren dokumentuetan eta iragarkietan Osasun eta Kontsumo Sailaren babesa jaso dela aipatzea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatzen den eran: http://www.euskadi.net/id corporativa/indice e.htm.

  8. Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, entitate eskatzaileek beteta izan behar dituzte beren zerga-betebeharrak Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoak eta Gizarte Segurantzakoak.

  9. Era berean, entitate eskatzaileek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk lortu badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen aldetik, eta horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak esleitu ahal izateko edo esleitua dutenei ordaintzeko.

  1. Ordainketa bakar batean ordainduko da emandako laguntza, justifikazio-agiri hauek aurkeztu ondoren:

    1. Diru-laguntza jaso duen jardueraren deskribapen eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren araberakoa (agindu honen IV. eranskinean dago, eta 7. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke). Memoria horretan, Osasun eta Kontsumo Sailak emandako diruarekin egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute (eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa). Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko azalpen guztiekin eta azalpen bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

    2. Diru-laguntza jaso duen proiektua osorik egin dela ziurtatzen duten faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak. Hala ere, esleipenaren ebazpenean zehaztu bada laguntza zer azalpen ordaintzeko den, gastu horiei dagozkien fakturak baino ez dira aurkeztu behar.

      Originalak itzuli egingo dira, bidaltzean hala eskatzen bada.

    3. Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko fondoekin ordainduta egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala; agiri horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.

    4. Proiekturako funtsekin ordaindutako tailer eta ikastarorik antolatu bada, haietan parte hartu dutenen bertaratze-zerrendak (izen-abizenak eta NAN zenbakia).

      Euskarri elektronikoan (dokumentu eskaneatua, PDF formatuan) edo paperean aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

      Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2011ko abenduaren 10a da.

  2. Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek dira:

    1. Entitate onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Fakturak, baliozkoa izateko, 2011n eginikoa izan behar du.

    2. Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

    3. Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

    4. Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idatzi bat egingo du eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek gutxienez datu hauek izan behar ditu: egilearen eta entitate hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakiak eta helbideak; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

    5. Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua ordaindu daiteke agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen aseguruari diru-laguntza eman ahal izateko, aseguratzaileak edo aseguruaren hartzaileak eginiko egiaztagiri bat adierazi behar da justifikatzeko kontuan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

  3. Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2011. urtean sortutakoak.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, justifikatzeko aurkeztu den dokumentazioan akats edo hutsuneren bat aurkituz gero, erakundeari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo eskatzen zaion dokumentazioa aurkez dezala hamar egun baliodunen epean jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Eskaera aipatutako epean eta forman ez bada betetzen, justifikatu gabekotzat joko da, eta agindu honen 20. artikuluan aurreikusitakoak aplikatuko dira.

Diru-laguntzak esleitzen dituen ebazpena kasu hauetan aldatu ahal izango da: diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira diru-laguntzaren helburua betetzat ematen bada, eta beste erakunde publiko zein pribaturen baten laguntzak edo diru-laguntzak jaso badira. Horretarako, dagokion organo kudeatzaileak aldaketaren ebazpena egingo du. Han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira, esleipenerako ezarritako irizpide eta mugen arabera, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dute gehiegi jasotakoa.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako diru-laguntzen berme- eta itzultze-erregimena arautzen duenak dioenaren arabera, entitate onuradunak ez baditu betetzen ezarritako betekizunak, epeak, laguntzaren asmoa edo, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legeko 53.1 eta 2. artikuluan ezarritakoak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen haren testu bateratua, Osasuneko sailburuordeak adieraziko du, dagozkion prozedura-izapideak bideratu ondoren, entitate horrek galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea eta, hala badagokio, jaso dituen zenbatekoak eta horien interesak itzuli egin behar dizkiola Euskadiko Diruzaintza Orokorrari, hargatik eragotzi gabe beste ekintzaren bat. Diru-laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

Osasun eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan jasotzen diren arauak betetzen direla ziurtatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

Lehenengoa. Administrazio-bidea agortua duen agindu honen aurka, entitate interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Osasun eta Kontsumoko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean; bi errekurtsoen epeak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Bigarrena. Agindu honetan jaso ez diren kontuetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean idatzitakoari jarraiki.

Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik