- AGINDUA, 2013ko abenduaren 31koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalei ematekoa den «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarirako 2014. urteko deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko abenduaren 31koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalei ematekoa den «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarirako 2014. urteko deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 7
- Hurrenkera-zk.: 103
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/12/31
- Argitaratze-data: 2014/01/13
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Instituzional
Testu legala
Irailaren 9ko 210/2003 Dekretuaren bidez (abenduaren 20ko 422/2005 Dekretuak aldatuta), nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalentzako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak sortu ziren. Bertan xedatutakoa kontuan izanik, 2014. urteko ediziorako deialdia egin da.
Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. 2014. urteko «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» Sarietarako deialdia egitea, nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalentzat, agindu honen eranskin gisa argitaratu diren oinarriekin bat etorriz.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aginduaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Hirugarrena. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedaturikoa ezarriko da agindu honetan aurreikusi ez den guztian.
Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 31.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Lehenengoa. Helburua.
Nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalentzako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» Sariak nekazaritzan edo/eta arrantzan jardun luze eta nabarmena izan duten pertsonei edo kolektiboei emango zaizkie 2014. urtean. Saria emateko, nekazaritza, abeltzaintza eta baso-lanak sartzen ditugu nekazaritza sektorean.
Bigarrena. Sarien ezaugarriak.
Deialdi honetako sariak sektore bakoitzeko pertsona zein kolektibo bati edo ugariri emango zaizkie, epaimahaiak erabakitzen duenaren arabera. Sarietako bakoitza jasotzen duenari ohorezko sari bat emango zaio eta bere lana goresteko jendaurreko ekitaldia egingo da. Sarituriko pertsonak edo kolektiboak saria beren beregi aipa dezake inprimaki profesionaletan, eta bere establezimenduan ikusgarri jar dezake.
Hirugarrena. Onuradunak.
Agindu honen bidez deituriko sariak jaso ahal izateko, nekazaritza edota arrantza sektoreetan eginiko lanean nabarmendu izanaz gain (lehen oinarrian ezarrita bezala), hautagaiek baldintza hauek bete behar dituzte:
Haien ibilbide profesionala batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.
Finkatutako ibilbide profesionala izatea, behar beste denbora iraun duena.
Laugarrena. Hautagaiak aurkeztea.
Sarietarako hautagai izateko, gutxienez Euskal Herriko bi eragile sektorialen babesa behar da eta, nolanahi ere, hautagai izendatutako pertsonaren edo elkartearen onespena beharko du izan. Eragile sektorialak honako hauek izango dira, besteak beste:
Sindikatu izaerako antolakunde profesionalak.
Nekazaritza eta arrantza sektoreetako elkarte profesionalak eta enpresa-elkarteak, eta haien federazio eta konfederazioak.
Bestelako elkarte eta federazioak.
Fundazioak.
Arrantzale-kofradiak.
Kooperatibak.
Nekazaritza eta arrantza sektoreetako profesionalak.
Aurreko idatzi-zatian xedatu denetik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztutako hautagaiak, eta gutxienez bi foru-aldundik elkarrekin aurkezten dituzten hautagaiak.
Sarietarako hautagaiaren izenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Memoria, proposamena egin dutenek abalaturik egon behar da. Bertan, proposatzen den hautagaiaren ibilbide profesionala zehatz-mehatz azalduko da. Ibilbide hori berezi egiten duten une edo gertaerak (entzutetsuak izan direlako edo eragina izan dutelako) azpimarratu egingo dira.
Hautagaien izenak, aurreko idatzi-zatian ezarritako dokumentazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara bidali behar dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetik joz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da hautagaiak aurkezteko epea, eta 2014ko otsailaren 28an amaituko da, biak barne.
Bosgarrena. Sarien kudeaketa.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.
Seigarrena. Epaimahaia.
Aurkeztutako hautagaiak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:
Lehendakaria: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.
Epaimahaikideak:
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikai Politikako sailburuordea.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Zerbitzu Juridikoen burua. Honek idazkari-lanak ere egingo ditu.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkari bana.
Bizkaiko Arrantzale-Kofradien Federazioaren ordezkari bat.
Gipuzkoako Arrantzale-Kofradien Federazioaren ordezkari bat.
Nekazaritzako elkarte profesional eta enpresarialetako bi ordezkari.
Arrantzako elkarte profesional eta enpresarialetako ordezkari bat.
Nekazaritzako kooperatiben ordezkari bat.
«Cluster de alimentación de Euskadi»ko ordezkari bat.
Epaia baino lehen, denbora aski emanez, adieraziko da nortzuk osatuko duten epaimahaia, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpenaren bidez. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori.
Epaimahaikideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dituzte deialdia, gai-zerrenda, hautagaien zerrenda eta dagokion dokumentazioa.
Epaimahaiaren erabakiak bilerara azaldutako kideen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoa izango da erabakigarria. Nolanahi ere, hartzen diren erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izango da kideen bi herenak gutxienez egotea.
Idazkariak hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du. Sarien epaia arrazoi bidez oinarrituko duen irizpena gehituko dio aktari.
Epaimahaiko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan.
Zazpigarrena. Esleipen-irizpideak.
Aurkeztutako hautagaiak baloratzeko, epaimahaiak honako irizpideok hartuko ditu kontuan:
Pertsona edo kolektiboak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza edota arrantza sektoreetan (kasuaren arabera) denbora luzez jardun izana.
Nekazaritza edota arrantza sektoreetan (kasuaren arabera) eginiko ibilbidearen berezko garrantzia.
Pertsona edo kolektiboaren lanak bere sektorean izan duen oihartzuna eta eragina.
Zortzigarrena. Epaimahaiaren epaia.
Epaimahaiak epaian bere uste eta jakituriaren arabera hartutako erabakiaren arrazoiak azaldu behar ditu, deialdi honetako esleipenerako irizpideak kontuan izanik. Saritutako pertsona edo kolektiboen ibilbideaz eta garrantziaz egiten duen balorazioa ere azaldu behar du.
Epaimahaiak sari biak edo bat eman gabe utz ditzake, uste baldin badu proposatutako hautagaien ibilbide profesionalek ez dituztela behar diren ezaugarriak betetzen sari hauetan aintzat hartu ahal izateko.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aginduz ebatziko da prozedura, Epaimahaiaren epaia ezagutaraziz. Agindu hori 2007ko abenduaren 31 aurretik eman beharko da eta banan-banan jakinaraziko zaie pertsona edo/eta elkarte saridunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango da denek jakin dezaten.
Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Alabaina, aginduaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, edo, bestela, zuzenean inpugnazioa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik.
Bederatzigarrena. Jendaurreko gorespena.
Sarituen lana goresteko jendaurreko ekitaldiaren deialdia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak egingo du. Ekitaldi ofizial bat antolatuko da bakoitzari bere saria emateko.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 7koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita nortzuk izango diren «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien 2014ko deialdiko epaimahaikideak (nekazaritza- et
- Ikus: EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2014ko nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionalentzako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien gaineko ebazpena jakinarazten baita.


