- EBAZPENA, 2010eko urriaren 26koa, Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendariarena; honen bidez, Applus Norcontrol SLU enpresa uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakunde izendatzen da behin-behinean. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2010eko urriaren 26koa, Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendariarena; honen bidez, Applus Norcontrol, SLU enpresa uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakunde izendatzen da behin-behinean.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 10
- Hurrenkera-zk.: 200
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/10/26
- Argitaratze-data: 2011/01/17
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Industria; Funtzio publikoa
Testu legala
Erref.: 01-OV-1001 (SUR)
Lehenengoa. 2008ko apirilaren 1ean, Applus Norcontrol SLU enpresari (helbidea: Torrelarragoiti poligonoa, 7 B lurzatia; Zamudio, Bizkaia) behin-behineko baimena eman zitzaion uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen azaroaren 22ko ITC/3720/2006 Aginduan aurreikusitako konponketaren edo aldaketaren ondorengo eta aldizkako egiaztapenaren ondorengo egiaztapen-entseguak egiteko.
2010eko otsailaren 19an, Applus Norcontrol SLU enpresak (metrologia-egoitzaren helbidea: Zumarren hiribidea 1-A, 2. solairua, 201. Bulegoa, Gasteiz) behin-behineko baimena lortzeko beste eskaera bat aurkeztu zuen Arabako Lurralde Ordezkaritzan.
2010eko apirilaren 12an, Applus Norcontrol SLU enpresa behin-behinean izendatu zen.
Bigarrena. 2010eko urriaren 22an, Jose Luis Garcia de Luis jaunak, Applus Norcontrol SLU enpresaren izenean eta haren ordezkari-lanetan, uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen azaroaren 22ko ITC/3720/2006 Aginduan aurreikusitako konponketaren edo aldaketaren ondorengo eta aldizkako egiaztapenaren ondorengo egiaztapen-entseguetarako baimena luzatzeko eskaera aurkeztu zuen Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzan, ENACek egindako auditoretzaren emaitzarekin batera.
Hirugarrena. Erakunde eskatzaileak, egiaztapen metrologikorako baimendutako erakunde izendatzeko, egiaztapen metrologikorako baimendutako erakundeak izendatzeko azaroaren 26ko 1/2007 Zuzentaraua argitaratzen duen Industriako Idazkaritza Nagusiaren 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Horretarako, ENACek egindako irailaren 21eko eta 23ko OC-I/192-A1-17352 auditoretza-txostena aurkeztu da, izapidetzen ari den egiaztagiriari dagokiona (2007-11-29ko Ebazpenaren 4. artikuluko 1. puntua).
Espediente honi ebazpena ematerakoan, beharrezkoa izango da honako hauek kontuan hartzea,
OINARRI JURIDIKOAK
EAEko kontrol metrologikoa gauzatzeko bitartekoak ezartzen dituen 38/2001 Dekretuaren 11. artikuluak zehazten duenez, industria-arloko erakunde eskudunak egiaztapen metrologikorako erakundeak gaitu ahal izango ditu konponketaren edo aldaketaren ondorengo egiaztapenak eta aldizkako egiaztapenak egiteko.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuaren (2009-09-24ko EHAA) 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza da Ebazpen hau hartzeko organo eskuduna.
Neurgailuen kontrol metrologikoa arautzen duen oinarrizko legeria honako hauek osatzen dute: metrologiari buruzko 3/1985 Legeak (ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretuak aldatu zuen), abenduaren 30eko 13/1996 Legeak, abenduaren 30eko 66/1997 Legeak, neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuak, eta aipatutako 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenak.
Agindua, 2004ko apirilaren 26koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena; honen bidez, erregaiak eta erregai likidoak hornitzeko uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemak, eta ibilgailu automobilen pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroak egiaztatzeko erakundeak arautzen dira.
ITC/3720/2006 Aginduak, azaroaren 22koak, uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duenak, entseguak, horien egikaritzea eta onartutako gehieneko akatsak zehazten ditu III. eranskinean.
Adierazitako legezko aginduak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak aztertu ondoren, eta Industria Zerbitzuko buruak proposatuta, honako hau
Applus Norcontrol SLU enpresa (metrologia-egoitzaren helbidea: Zumarren hiribidea 1-A, 2. solairua, 201 Bulegoa; Gasteiz) uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuen edo banagailuen) egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakunde izendatzea. Behin-behineko izendapen hori, ENACen 2010-07-19ko OC-I/192 eranskin teknikoaren (2. berrikuspena) arabera, minutuko 100 litrora bitarteko emariak dituzten hornigailuetara iristen da.
Emandako baimenari honako baldintza hauek jartzea:
Jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoko tresnak biltzen ditu.
Tresnak entseguak gainditzen dituenean, erakundeak betetako egiaztapenaren etiketa jarriko dio. Tresnak entseguak gainditzen ez baditu, zerbitzuz kanpo dauden tresnei dagokien etiketa gorria jarriko dio erakundeak. Hori guztia uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren I. eranskinari jarraiki, eta egiaztapena gainditu ez duen tresnari dagokion Lurralde Ordezkaritzari lehenbailehen jakinarazita.
Dagokion egiaztapena egin ondoren, Applus Norcontrol SLU enpresak tresna zigilatuko du zigiluen bitartez edo, ahal bada eta bortxaezintasuna bermatzen bada, etiketa itsaskor autosuntsigarrien bitartez. Berunezko zigiluak edo antzekoak ez dira inoiz erabiliko; zigiluak, nolanahi ere, jardueraren girorako egokiak eta iraunkorrak izango dira. Espainiako Metrologia Zentroaren (CEM) eta Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza honen gidei eta gomendioei jarraitu beharko zaie.
Kasu guztietan, zigiluek honako inskripzio hauek izango dituzte:
Zigilu normala:
Aurrealdea Atzealdea
Anverso Reverso
Zigilu enbutitua:
Plastikozko zigilua:
Aurrealdea Atzealdea
Anverso Reverso
XX egiaztapena egin den urtearen azken bi digituei dagokie.
Applus Norcontrol SLU enpresak baimendutako entseguetarako ezartzen diren tarifen berri emango dio Zuzendaritza honi urtero.
EAEn egiaztapen metrologikoa egiteko baimenduta dauden erakundeen erregistroari dagokionez, Applus Norcontrol SLU enpresari 01-OV-1001 zenbakia esleitu zaio.
Applus Norcontrol SLU erakundeak honako hauetan xedatutakoari jarraituko dio uneoro: neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretua, azaroaren 22ko ITC/3720/2006 Agindua, 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzak ezartzen duen beste edozein xedapen.
Izendapen hori 2011ko apirilaren 26an iraungiko da, eta interesdunak beste izendapen bat eskatu ahal izango du data hori heldu aurretik, betiere 2007-11-29ko Ebazpenean egiaztapen metrologikorako baimendutako erakundeak izendatzeko ezarritako baldintza guztiak betetzen baditu.
Izendatutako erakundearen jardunen ikuskapena, esku-hartzea eta kontrola egiteko eskumena Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzari dagokio, baita Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari ere. Horretaz gain, baimena lortzeko arrazoi izan ziren baldintzen mantentzea egiaztatzeko ikuskapenak egin ahal izango dituzte.
Aurkeztutako dokumentuetan egiaztatutako inguruabarretan ebazpen honen ondoren gertatutako edozein aldaketa Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, eta hark baimena berretsi edo, hala badagokio, baliogabetu ahal izango du.
Nolanahi ere, kontrol metrologikopeko neurketa-tresnak fabrikatzeko, merkaturatzeko eta konpontzeko jarduerekiko (zerbitzu-prestazioa barne) bateraezintasuna eta independentzia izango da.
Indarrean dagoen legerian aurreikusitakoez gain, honako arrazoi hauek dakarte dagokion baimena baliogabetzea: baimenean ezarritako aginduak ez betetzea, egiaztagiria etetea edo kentzea, eta baimena eman zeneko inguruabarrak asko aldatzea.
Urtero, lehen hiruhilekoaren barruan, egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakundeak egindako jarduerak eta gertatutako gorabeherak jasoko dituen memoria bat bidaliko dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta haren aurka Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epearen barruan, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 26a.
Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendaria,
YOLANDA LÓPEZ FERNÁNDEZ.


