- EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 18koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako hirigintzako ikastaroen erakundeetako eta/edo enpresetako praktika-aldia arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2011ko maiatzaren 18koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako hirigintzako ikastaroen erakundeetako eta/edo enpresetako praktika-aldia arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: HAEE
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 109
- Hurrenkera-zk.: 3040
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/18
- Argitaratze-data: 2011/06/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak 2010eko uztailaren 12ko Ebazpena eman zuen eta, horren bidez, dei egin zen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) 2010ko ekitaldirako Bilbon antolatutako Hirigintzako XXXI. Ikastaroa eta Donostian antolatutako Hirigintzako XXXII. Ikastaroa egiteko (Ebazpena 2010eko abuztuaren 3ko EHAAn argitaratu zen, 148. zenbakian).
Ikastaro horien barruan, erakundeetan eta/edo enpresetan praktikak egiteko denboraldia ezarri da hirigintza-arloan gutxienez hamabi hileko esperientziarik ez duten ikasleentzat.
Hortaz, bada, hauxe
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen XXXI. eta XXXII. Hirigintzako ikastaroetako ikasleek erakundeetan eta/edo enpresetan praktikak egiteko deialdia onestea.
2010-2011 ikasturteko iraupen luzeko hirigintzako ikastaroetako ikasleek, hain zuzen, XXXI. Hirigintzako Ikastaroko (Bilbao) eta XXXII. Hirigintzako Ikastaroko (Donostia-San Sebastián) ikasleek hirigintzako gaietan ikasi dituzten ezagupenak erabiltzea sustatu eta bultzatu. Horretarako, aukerako eta borondatezko praktika-aldiak antolatzen dira erakunde publikoetan eta/edo enpresetan, ikasleek zuzenean jakin ahal izan dezaten arlo publikoko hirigintzako jardueraren berri.
Praktikak egiteko joan-etorriak egin behar dituztenentzat, diru-laguntzak ezarri dira.
Ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte, hala nahi izanez gero. Onuradunak Hirigintzako XXXI. Ikastaroko (Bilbao) eta Hirigintzako XXXII. Ikastaroko (Donostia-San Sebastián) ikasleak izango dira, betiere, deialdi hauetako edo aurreko deialdietako sei moduluetatik gutxienez bost gainditu badituzte eta hirigintza-arloko hamabi hileko lanbide-eskarmenturik ez badute.
Praktikak egiteko ikasleak aukeratzerakoan, bost moduluetan, edota dagokionean sei moduluetan guztira batu dituzten puntuaziorik onenak hartuko dira aintzakotzat. Dena dela, praktikak egin ahal izateko, instituzioek edota erakundeek praktikako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute aurrena. Aurreko deialdian betebehar guztiak bete arren haurdunaldia zela-eta praktikak egin ezin izan zituzten ikasleek ere izango dute aukera oraingo deialdi honetan egiteko.
Praktika-aldiak bost hilabeteko iraupena izango du gutxi gorabehera, hau da, 600 ordu iraungo du gutxi gorabehera (kodea: 2010-cu-37, Bilbao, eta 2010-cu-67, Donostia-San Sebastián). Ikasleak hartzen dituen erakundeak eta/edo enpresak eta LHIEEk egingo dute praktika-aldien ebaluazioa. Praktikak egiteko esleipendun izan den ikasleak praktika horiek bukatzeko konpromisoa hartu behar du.
Ikasleei erakundeak esleitzeko, moduluetako azterketak balioestean eskuratu duten puntuazioa hartuko da aintzat.
Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat izan duten pertsona fisikoak ezin dira deialdi honetara aurkeztu, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehazpenak ere barruan direla.
Goi mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako prestakuntza duten ikasleak praktikak egiteko hartu nahi dituzten euskal administrazio publikoak edo enpresak izango dira erakunde hartzaileak. Praktika-aldia gutxi gorabehera 600 ordukoa izango da (bost hilabete, gutxi gorabehera).
Erakunde eta/edo enpresa hartzaileak ez du inolako erantzukizunik izango praktiketako ikasleak hartzeagatik.
Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat izan duten pertsona fisikoak ezin dira deialdi honetara aurkeztu, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehazpenak ere barruan direla.
Goi mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako ezagupen teoriko garrantzitsuak dituen pertsona bat hirigintzaren eta/edo ingurumenaren arloan praktikak egiteko hartu nahi duten eta dagokion eskaera egiten duten EAEko erakunde publikoek izango dute lehentasuna praktiketako ikasleak hartzeko. Praktika-aldia gutxi gorabehera 600 ordukoa izango da (gutxi gorabehera, bost hilabete), eta 2011ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da. Ondorio horretarako, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak toki- eta foru-erakundeei eta Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuei aukera emango die praktiketako ikasleak edukitzeko. Era berean, hirigintzaren eta/edo ingurumenaren esparruari lotutako enpresek praktiketako ikasleak eduki ahal izango dituzte, erakundeek dituzten baldintza berberekin.
Ikaslea hartzen duen erakundeak edo enpresak praktiketako arduraduna izendatuko du; praktiketako arduraduna praktiketako ikaslea bideratzeaz, zuzentzeaz eta ikuskatzeaz arduratuko da.
Praktikak bukatzean, arduradunak txosten berezi bat egin beharko du alderdi hauek azaltzeko: praktiketako pertsonak bete duen zereginaren zer-nolakoak, lortu duen prestakuntza-maila eta praktika-aldiaren balorazioa. Txosten hori Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolari bidali beharko dio, hilabeteko epean, praktika-aldia bukatzen denetik hasita.
Hala ere, praktikak egin ahal izateko, erakundeek eta/edo enpresek praktikako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute aurrena.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak Ebazpena emango du, eta bertan finkatuko du zein enpresak edo/eta erakundek hartuko dituzten praktika-aldian ari diren pertsona horiek. Erakunde eta enpresa horiek eskabidea noiz egin duten, horren arabera izango da esleipena; horrez gain, aintzakotzat hartuko da praktikak egin behar dituzten ikasleek eurek aukeratutakoa, bost moduluetan (edo seietan, hala badagokio) guztira batu puntuaziorik onenak batu dituztenek lehentasuna izanda. Berdinketarik badago, zozketa egingo da. Ebazpen horren berri emango da, dagokion jakinarazpena eginda.
Praktiketako ikasleek laguntza teknikoa eta/edo juridikoa emango dute, bakoitzak duen unibertsitateko titulazioaren arabera, hirigintzako gaietan, eta, salbuespenez, erakundeak eta/edo enpresak horrela agintzen badie, ingurumeneko gaietan ere bai.
Nolanahi ere, ikasleek lanbide-jarduera eta funtzionarioen jarduna arautzen dituzten arauak errespetatu beharko dituzte; bereziki lanbide-isilpekotasuna bete-betean gorde beharko dute. Hala, beraz, praktiketan egindako lanak ez dio ikasleari lanbide-erantzukizunik sortuko.
Praktika-aldia 2011ko abenduaren 31 baino lehen egin behar da.
Praktiken ordutegiak, erakundearen edo enpresaren lan-ordutegiarekin bat etorrita, praktikak egiteko aukera eman behar du; ikasleak zazpi orduko gehienez lanaldia egin behar du egunean, eta guztira gutxi gorabehera 600 orduko praktika-aldia bete.
Ikasleak bi txosten egin behar ditu bera hartu duen erakundean edo enpresan bete duen zeregina azaltzeko. Lehendabiziko txostena 2011ko urriaren 30a baino lehenago entregatu behar du; bigarrena, 2011ko abenduaren 15 eta 20 tartean igorri behar du Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara.
Erakundeek edota enpresek 600 ordu gutxi gorabehera, praktikak egiten eman ditzaketen ikasleen zerrenda eskatu ahal diote IVAPen menpe dagoen LHIEEri.
2011ko ekitaldian, 18.000 euro bideratuko dira gehienez XXXI. Hirigintzako Ikastarorako (Bilbao), eta beste horrenbeste XXXII. Hirigintzako Ikastarorako (Donostia-San Sebastián), EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen partidaren kargura.
Aurreikuspenen arabera, 9 ikaslek egingo dituzte praktikak, ikastaro bakoitzeko, eta, hortaz, ikasle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu gehienez. Alabaina, jasotzen diren eskabideen arabera, ikasle gehiago har daiteke, eta, beraz, hala izatekotan, laguntzetarako bideratutako guztizko zenbatekoa hainbanatuko da onartutako eskabide guztien artean.
Praktiken ordainketa dena batera egingo da 2011ko abenduaren 31 iritsi aurretik, hau da, ordainketa bakarra egingo da beka osorik burutu ondoren eta, betiere, egindako praktikei buruz ikasle bakoitzak idatzi behar duen azken txostena aurkeztu ondoren.
Oro har, arau orokor modura, praktikei dagokien laguntza jasotzeko eskubide izateko, beharrezkoa izango da, nahitaez, praktikak erabat bukatu izatea; praktikak amaitu ezean, ez da sortuko inolako eskubiderik.
Ildo beretik, praktikak hasi eta lehendabiziko hamar egunen barruan ikasleren batek praktikak egiteari uko egingo badio, eta horren ordez praktikak egitera doan ikasleak geratzen den praktika-aldi osoa burutzen badu, praktikak erabat amaitu direla ulertuko da.
Salbuespen modura, praktikak zati batean egin direla onar daiteke baldin eta, ikaslea hartzeko eta praktikak egiteko ardura duen erakundeari eta/edo enpresari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ikasleak ezinezko izan duenean praktikak amaitzea: horrelakoetan, egindako praktika-aldiari dagokion zati proportzional ordainduko zaio.
Praktikak egiteko laguntza horrek eta, orobat, ikaslearen egonaldiak eta egiten duen jarduerak ez dute inolako lan-, lanbide-edo zerbitzu-harremanik sortuko ikaslearen eta Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren buru den Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean ere; izan ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea bera erakunde horrekin lankidetzan aritzea erabaki duena
Ebazpen honetan aipatzen diren praktikak egingo eta laguntzak jasoko dituzten ikasleek, eskabideak aurkeztu beharko dituzte, I. eranskinean jasotako ereduei jarraiki.
Hauek ere erantsiko dira: NANaren kopia, errolda-egiaztagiria eta eguneratutako curriculum vitaea.
Erakundeek edo/eta enpresek II. eranskinean jasotako eskabidea bete beharko dute.
Eskabideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari bidaliko dizkiote, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzara (helbidea: Errekalde Zumarkalea 18, 1.a, 48009, Bilbao; Telefonoa: 94 403 16 00/04; Faxa: 94 403 16 01; www.ivap.euskadi.net; Posta elektronikoa: evetu@ivap.es).
Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aipatutako edozein modutan aurkeztu daitezke eskabideak.
Aurkeztutako eskabidean akatsen bat badago edo eskabideak zehaztasunik gabekoak badira, eskatzaileari horren berri jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko.
Ikasleek eta erakundeek edota enpresek 31 egun naturaleko epea izango dute deialdi honetako eskabideak aurkezteko, betiere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
LHIEE menpe duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzea.
Lurralde eta Hiri-Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileak izango du, azken batean, ikasleen goi-mailako zuzendaritzaren ardura.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzari buruzko ebazpena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak emango du, EVETUko Kontseiku Errektorearen proposamena ikusita, gehienez bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ebazpen horretan bertan, esleipen-hartzaile izango diren ikasleen zerrendarekin batera, ordezkoen beste bat eta argitara daiteke, ikastaldian lortutako emaitzen batez bestekoaren arabera ordenatua, lehen multzokoren batek uko egiten badu ere.
Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan, eta, era berean, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, epe hori amaitu ondoren interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da.
Adjudikazio-hartzaileei praktikak halako edo bestelako erakundetan edo enpresatan egiteko proposatuko zaie, eta onartu beharko dute proposamena. Izan ere, erakundeek edo enpresek ez diote Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolari beti eskaintza bera egiten, eta ez da erraza izaten hartara egokitzea. Hortaz, inork proposamenen bati ezezkoa ematen baldin badio, praktikak egiteko eskabidea atzera botako zaio. Praktika-aldia onartzeaz gainera, onuradunak berariaz onartu beharko du eman zaion laguntza.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Beteginaren 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak) ezarritako betebehar guztiak bete behar dituzte adjudikazio-hartzaileek.
Orobat, diru-laguntzak duen helburua bete beharko dute, eta, praktiketara joateaz gain, etekina atera beharko diete.
Onuradunek zorrotz bete beharko dute bidegabe jasotako diru-kopuruak itzultzeko beharra ezartzen duen araubide orokorra; eta, era berean, dagozkien berandutza-interesak ordaindu beharko dituzte, eta berezkoak dituzten eginbeharrak ez betetzeagatik finkatutako zigorrak ezarriko zaizkie.
Hargatik, praktikak egin bitartean arazoren bat sortzen bada eta, hori dela-eta, ikasleak praktikak egiten jarraitzerik ez badu, horren berri eman beharko dio Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileari gehienez egutegiko hamar eguneko epean. Jakinarazpena idatziz egingo du. Hamar eguneko epean berariazko jakinarazpenik egin ezik, emandako adjudikazioa baliogabetuta geratuko da.
Praktikak egiteko laguntzarik ezin izango da eman, baldin eta, diru publikoetatik, eginkizun berbera egiteko laguntzak jasotzen badira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aseguru bana egingo die praktiketako ikasleei istripu-, elbarritasun- edo heriotza-kasuetarako.
Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, behar den moduan tratatzeko, eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Idazkaritza Nagusira jo dezakete.
Lehenengoa. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Justizia eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoari buruz, berariaz, ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.
Bigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 18a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.


