- EBAZPENA, 2012ko apirilaren 27koa, Garraio eta Herri Lanetako sailburuordearena, «Donostialdeko metroaren informazio-azterlana. Lugaritz-Anoeta tartea» behin betiko onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko apirilaren 27koa, Garraio eta Herri Lanetako sailburuordearena, «Donostialdeko metroaren informazio-azterlana. Lugaritz-Anoeta tartea» behin betiko onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 114
- Hurrenkera-zk.: 2668
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/04/27
- Argitaratze-data: 2012/06/12
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 1eko Aginduaren bidez behin behinean onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren barruan Gipuzkoarako egindako aldaketa: Donostialdean eta inguruko herrietan lehendik dauden trenbideak, Donostia-Hendaia (topoa) eta Bilbo-Donostia lineak, eraldatzea. Diseinu berriarekin trenbideko garraioa guztiz aldatuko da: Zumaia eta Hendaia artean metro motako zerbitzua eskainiko da, eta hiri-eremuan egingo duen bidea handitu egingo da Lugarizko geltokiaren eta Morlansen egingo denaren artean (egungo Amara eta Anoetako geltokien artean), Donostiako udalerrian.
Eta horretarako, «Donostialdeko metroaren informazio-azterlana. Lugaritz-Anoeta tartea» idatzi da.
Guztira 5,5 km-ko luzera izango duen trazadura berria erabat lurpean joango da, burdinbide bikoitzean, eta 5 geltoki berri izango ditu: Benta Berri, Matia-Antiguo, Erdialdea-Kontxa, Easo eta Morlans. Saihesbide hori bidaiarientzat izango da soilik, eta Lugaritz eta Amara arteko ibilbidea salgaientzat eta maniobrak eta mantentze-lanak egiteko erabiliko da. Trazadura berriak 40 milarenera arteko maldak ditu, eta oin-planoan 150 m baino gehiagoko kurbadura-erradioak.
Informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana jendaurrean jarri dira. Horretarako, Herri Lan eta Garraioetako sailburuordearen 2010eko abenduaren 27ko Ebazpena 2011ko otsailaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2. zk.) eta 2011ko martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta, halaber, Donostiako, Udalaren iragarki-taulan jarri zen hogeita hamar egun balioduneko epean, betiere Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduko 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko Legegintzako 1/2008 Errege Dekretuaren 9. artikulua betez.
Informazio publikoa emateko izapidean, alegazio eta iradokizun desberdinak aurkeztu dira. Horiek aztertu ondoren, hala behar zenean aintzat hartu dira, banan-banan eman zaien erantzunetan jasota dagoen bezala.
Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa egin zen; adierazpen horretan, gainera, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu ziren.
Dokumentuari onespen teknikoa eta behin-behinekoa eman zaio gaurko ebazpen baten bidez, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako teknikariek proiektua ikuskatu eta haren aldeko txostena eman baitute; teknikariek egiaztatu dutenez, proiektua teknikoki zuzena da eta bete egiten ditu trenbideen arloko legeria espezifikoa eta, bereziki, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 9. eta 10. artikuluak.
Organo honek eskumena dauka Jaurlaritzaren Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 15.1.e) artikuluaren arabera (Dekretu hori azaroaren 30eko 328/2010 Dekretuaren bidez aldatu zen).
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
Lehenengoa. Behin betiko onartzea «Donostialdeko metroaren informazio-azterlana. Lugaritz-Anoeta tartea», bai eta jendaurreko informazio- eta entzunaldi-espedientea ere.
Bigarrena. Ingurumeneko sailburuordeak 2012ko martxoaren 8ko Ebazpen bidez emandako ingurumen-inpaktuaren gaineko deklarazioan jaso diren preskripzioak aintzat hartu beharko dira onartutako irtenbidea garatuko duten ondorengo eraikitze-proiektuetan.
Agindu honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, idatzi bat helarazi beharko diote organo honi edo Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 27a.
Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea,
ERNESTO JOSÉ GASCO GONZALO.


