- EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena eta Lezama Demoliciones, S.L.k sustatutako hondakin-kudeaketarako instalazio bat Muskizen jartzeko ingurumen-baimen bateratua ematen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko maiatzaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena eta Lezama Demoliciones, S.L.k sustatutako hondakin-kudeaketarako instalazio bat Muskizen jartzeko ingurumen-baimen bateratua ematen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 3206
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/05/16
- Argitaratze-data: 2012/07/13
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
Gaur egun, Lezama Demoliciones, S.L.k desortzio termikoz tratatzeko instalazio bat dauka Muskizen, unitate mugikor bitartez Petróleos del Norte, S.A. findegiko hondakin jakin batzuk tratatzeko.
Instalazio hori 2009ko martxoan abiarazi zuten. Horretarako, Lezama Demoliciones, S.L.k izapidetu zituen derrigorrezko administrazio-baimenak, besteak beste:
Hondakin arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena, Ingurumeneko sailburuordeak 2008ko abenduaren 23ko ebazpenaren bidez emana. Horrenbestez, Lezama Demoliciones, S.L. enpresari baimena eman zion ebazpen horretan adierazitako hondakin arriskutsuak unitate mugikor bitartez desortzioz tratatzeko jarduerari ekiteko.
2009ko martxoaren 16ko ebazpena, Ingurumeneko sailburuordearena, Lezama Demoliciones, S.L.ren jarduera (alegia, hondakin arriskutsu jakin batzuk unitate mugikor bitartez desortzioz tratatzeko jarduera) gauzatzeko hondakin arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena indarrean jartzen duena.
2011ko otsailaren 22ko ebazpena, Ingurumeneko sailburuordearena, hondakin arriskutsuen kudeatzaile izateko enpresari emandako EU2/168/09 baimenaren iraunaldia luzatzen duena, baimen horretan adierazitako hondakin arriskutsuak unitate mugikor bitartez desortzioz tratatzeko.
2011ko irailaren 17ko ebazpena, Ingurumeneko sailburuordearena, Lezama Demoliciones, S.L. enpresari hondakin arriskutsuen kudeatzaile izateko emandako EU2/168/09 baimenaren iraunaldia luzatzen duena, baimen horretan adierazitako hondakin arriskutsuak unitate mugikor bitartez desortzioz tratatzeko.
Lezama Demoliciones, S.L.k erabaki du bere Muskizko instalazioa unitate finko bihurtzea. Horretarako, ingurumen-baimen bateratua lortu behar du, uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, xedatutakoari jarraiki.
2009ko urriaren 28an, Lezama Demoliciones, S.L.k Eusko Jaurlaritzako garai hartako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari eskatu zion Muskizko udalerrian hondakinak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura eta ingurumen-baimen bateratua izapidetzen hastea, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoak, eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, xedatutakoaren arabera.
Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:
Ingurumen-baimen bateraturako oinarrizko proiektua, eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana.
Aurkeztu zuen, halaber, 2008ko apirilaren 16an Muskizko Udalari txosten urbanistikoa eskatu izanaren agiriaren kopia.
2009ko azaroaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien txostena egitea, ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabaltasuna eta zehaztasun-maila erabakitzeko. Zehazki, irizpena eskatu zien honako erakunde hauei: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Kultura Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta Muskizko Udalari.
2010eko otsailaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena egin zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabaltasuna eta xehetasun-maila zehazteko.
2010eko maiatzaren 17an eta 2011ko urtarrilaren 24an, ingurumen-organoak eskatu zion sustatzaileari beste agiri batzuk aurkez zitzala; horrenbestez, espedientea 2011ko otsailaren 9an osatu zen.
Beharrezko agiri guztiak aurkeztu zirela egiaztatutakoan, Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko maiatzaren 6ko ebazpenaren bidez erabaki zen Lezama Demoliciones, S.L.k sustatutako proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko aldian, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren 2011ko ekainaren 1ean. Halaber, 2011ko ekainaren 26an, zegokion iragarkia argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan, eta banakako jakinarazpenak egin zitzaizkien auzoko mugakideei. Gainera, formatu elektronikoan zegoen espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren esku jarri zen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrian.
Jendaurreko erakustaldiaren izapidean zenbait alegazio-idatzi aurkeztu dira, eta ebazpen honen I. eranskinean jaso dira ingurumen-organo honek alegazio horiei buruz egin dituen oharpenak.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, xedatutakoari jarraiki, 2011ko uztailaren 13an Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena eskatu zien Muskizko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Sailari. Eskaera horiei emandako erantzunak espedientean jasota daude.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa, garatzeko eta betearazteko emandako Erregelamenduaren 6. artikuluak araututakoari jarraiki, jendaurreko erakustaldiko izapidean bildutako alegazioak helarazi zitzaizkion sustatzaileari 2011ko abuztuaren 3an.
2011ko irailaren 14an, Lezama Demoliciones, S.L.k organo honi helarazi zizkion jendaurreko erakustaldiko izapidean bildutako alegazioei buruzko oharpenak.
2011ko urriaren 14an eta azaroaren 24an, Lezama Demoliciones, S.L.k azalpen gehigarri batzuk erantsi zizkion espedienteari.
2012ko apirilaren 3an, uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, 20. artikuluan xedatutakoari jarraiki, espediente osoa interesdunen esku jarri zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa erantsita.
2012ko maiatzaren 2an, Lezama Demoliciones, S.L.k espedienteari erantsi dizkio ebazpen-proposamenaren aurkako zenbait alegazio, instalazioan onar daitezken hondakinei eta ikatz aktiboko iragazkia paraleloan jartzeari buruzkoak.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak,1. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitzea eta kontrolatzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriz; helburua da ingurumen guztia ondo babestea.
Apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamendua onartzen duenak, 3. artikuluan xedatutakoari jarraiki, baimen honetan sartzen dira, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatu ez arren, lege horren aplikazio-eremukoak diren jardueren instalazioetan gauzatzen diren eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa duten ekoizpen-elementu eta lerro guztiak.
16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumen-baimen bateratua behar da 1. eranskineko jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. Halaber, 11. artikuluari jarraiki, baimenaren oinarrizko helburua da baldintzak ezartzea, araua aplikatu behar den instalazio guztietan arau hori betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten herri-administrazio guztien artean koordinatutako prozedura bat erabiliko da, izapideak erraztearren eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen arautegiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bilduko dira. Lezama Demoliciones, S.L.ren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakinak sortzeko eta kudeatzeko baimena, atmosferara isurtzeko baimena, eta, ingurumen-arloko beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren kutsadura prebenitzeari eta zuzentzeari dagozkion baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartzen dute, nahitaezko txostenak eginez.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak ordeztuko du jarduera sailkatuen udal-baimena emateko prozedura, udal-agintarien behin betiko ebazpenari dagokionean izan ezik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua, hala badagokio, loteslea izango da udal-agintarientzat, lizentziak ukatzea edo neurri zuzentzaileak ezartzea baldin badakar, bai eta 16/2002 Legearen 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdietarako ere. Aipatutako 29. artikuluan adierazten da aurrez xedatutakoak ez diela kalterik egiten jarduera sailkatuei buruzko arau autonomiko aplikagarriei, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, jarduera sailkatuen araubidea araututa dagoela otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoan. Aipatutako aginduak aplikatuz, Lezama Demoliciones, S.L.ri ingurumen-arloko baimen bateratua emateko prozedurak kontuan hartu ditu otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoan, horretarako ezarritako izapide guztiak. Horrenbestez, espedienteari erantsi zaizkio Muskizko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak eta Osasun Sailak egindako txostenak (emaitza espedientean dago).
Bestalde, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoak, 41. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura bete behar dute nahitaez legearen 1. eranskinean jasota dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin nahi diren plan eta proiektu publiko zein pribatuek. Prozedura hori ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin amaitzen da, eta adierazpen hori beharrezkoa da aipatutako proiektu horiek gauzatzeko edo baimentzeko administrazio-ebazpena eman ahal izateko.
Halaber, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoa betez, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta araudi autonomikoan ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran sartu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legean adierazitakoari jarraiki, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak izan ditzakeen eraginak batera hartu dira kontuan, haren bideragarritasuna zehaztearren, bai ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, bai eta uztailaren 1eko 16/2002 Legean jasotako gainerako ingurumen-manuen ikuspegitik. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Proposamenean bezala, ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo idatz-zatian, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira uztailaren 1eko 16/2002 Legea aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion neurri zuzentzaileekin.
Azkenik, instalazioak igor ditzakeen substantzia poluitzaileen emisioaren balio-mugak eta instalazioaren ustiaketarako bestelako baldintzak zehazte aldera, ingurumena bere osotasunean ondo babestuko dela bermatzeko, ebazpen-proposamen hau egiterakoan kontuan hartu dira erabilgarri dauden teknika onenak baliatzea, eta sektorean aplikatu beharreko araudian ezarritako neurri eta baldintzak ere aintzat hartu dira. Bereziki kontuan izan da Europako Batzordearen 2006ko abuztuko BREF agiri honen edukia: «Reference Document on Best Available Techniques for the Surface Treatment of Metals and Plastics».
Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, eta aurkeztu diren alegazioak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Lezama Demoliciones, S.L.k sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, 20. artikuluak arautzen duen entzunaldi-izapidea bete ondoren, izapide horretan egin diren oharpen eta alegazioak aztertu dira, ebazpen hau emateko.
Abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, xedatutakoari jarraiki, organo honek eskumena du ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko eta ingurumen-baimen bateratua emateko.
Ikusi dira 2012ko apirilaren 3ko ebazpena, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailarena; otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkideko ingurugiroa babesteko lege orokorra; uztailaren 1eko 16/2002 Legea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa; urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Lege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duena; irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko araudia onesten duena; abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzkoa. Horrez gain, aplikatu beharreko gainerako araudiak ere aintzat hartu dira, eta, horrenbestez,
EBAtzi DUT:
Lehenengoa. Lezama Demoliciones, S.L.k Muskizko udalerrian sustatutako hondakinen kudeaketarako instalazioaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea; aldeko adierazpena egitea, hain zuzen ere, ebazpen honen hirugarren idatz-zatian ezarritako baldintzekin.
Bigarrena. Lezama Demoliciones, S.L.ri (Trapagaranen helbidea duena, Trapagarango Elkartegia - Ugarte auzoa z/g - 17-21 mod.; eta IFK B-81179897) ingurumen-baimen bateratua ematea Muskizko udalerrian hondakinak kudeatzeko instalazioa finkatzeko, ebazpen honen hirugarren idatz-zatian ezarritako baldintzekin.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, 1. eranskinean xedatutakoaren arabera, aipatu jarduerari honako kategoria hau dagokio: 5.1. «Hondakin arriskutsuak balorizatzeko instalazioak, erabilitako olioak kudeatzeko eta hondakin horiek hondakindegietan ez beste leku batzuetan ezabatzeko erabiltzen direnak barne, egunean 10 tona baino gehiago har ditzaketenak».
Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazioa Muskizko udalerrian dago, Petróleos del Norte, S.A.ren findegian, hain zuzen. Instalazioak 1.234 m2-ko azalera hartzen du, eta urbanizatuta dago.
Instalazioan gauzatzeko planteatutako jarduera da Petróleos del Norte, S.A.ren findegian sortutako hondakinak kudeatzea, hidrokarburoak berreskuratzeko eta lohiak deshidratatzeko lerroetan, atmosfera anaerobioan tenperatura handiko desortzio termikoan oinarritutako prozesuaren bidez.
Desortzio termikoak ematen duen produktua erregai gisa erabiltzen da beste instalazio batzuetan, aplikatu beharreko berariazko arauei jarraiki. Gainera, prozesuan gasak sortzen dira, eta gas horiek kondentsatu eta tratatu egiten dira, bi zatiki hauek bereizteko: batetik, hidrokarburoak, berriz ere findegira eramaten direnak, eta, bestetik, ura, Lezama Demoliciones S.L.ren instalazioan berrerabiltzen dena. Kondentsatu gabe geratu diren gasak prozesura bidaltzen dira berriz ere.
Lehen adierazi bezala, desortzio termikorako instalazioa jarrita dago jada; horrenbestez, ez da aurreikusi instalazio eta egokitzapen-obrarik egitea.
Instalazioaren gehienezko kudeaketa-ahalmena da 2 t/h; hau da, urtean 15.000 t inguru. Petróleos del Norte, S.A.k aurreikusitakoaren arabera, 8.000 t hondakin sortuko ditu urtean. Hortaz, instalazioak ahalmen nahikoa du, noizbehinkako pilaketa-gailurrei erantzuteko, bai eta instalazioa bera edo findegia mantentzeko lanen ondorioz sortutako hondakinei aurre egiteko ere.
Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazioan unitate hauek daude:
Hondakinen elikatze-sistema.
Desortzio eta kondentsazio modulua.
Urak tratatzeko modulua.
Gasak tratatzeko modulua.
Produktu desorbatua hozteko eta deskargatzeko sistema.
Zerbitzu lagungarriak.
Aipatutako unitate horietako bakoitzean egiten diren prozesuak azalduko ditugu.
Hondakinen elikatze-sistema.
Findegiko lohi biologiko eta kimikoen zentrifugazio-unitatetik datozen lohiak bi andeletan metatzen dira, eta findegiko metaketa-baltsatik ponpatu ezin diren lohiak, berriz, instalazioko elikatze-toberatik sartzen dira.
Hondakinak tutueria baten bidez bidaltzen dira lohiak metatzeko andeletatik atmosfera anaerobioan desortzio termikoa gauzatzeko unitatea (ADTU) elikatzeko torloju amaigabera, abiadura aldakorreko ponpa mono batek eraginda. Ponpatu ezin diren lohiei dagokienez, elikatze-toberaren irteerako abiadura aldakorreko torloju amaigabeak zinta garraiatzaile estali batean uzten ditu hondakinak; horrenbestez, dosifika daitezke ADTUra sartzen diren materialak. Pisatzeko sistema bat dauka zinta garraiatzaileak, eta, sistema horren bidez, elikatze-abiadura kontrola daiteke, eta egoki iritzitako denbora jakin batean tratatutako tonei buruzko datuak lor daitezke.
Garraio-elementu horren estalkia eta zigiluak ahalik eta hermetikoen izateko diseinatu dira, horrenbestez ADTUra kanpoko aire gutxiago sartzeko.
Desortzio eta kondentsazio modulua.
Atmosfera anaerobioan desortzio termikoa gauzatzeko unitatea (ADTU).
ADTU da zeharka berotzeko ekipo birakaria, eta tratatu beharreko materiala ez du zuzenean ukitzen. Lohiak elikatze-sistematik danbor zilindrikoaren sarrerara eramaten dira, eta danbor hori kanpotik berotzen da, gasoliozko erregailuen bidez. Aipatu danbor eta erregailuek karkasa isolatzaile baten barruan enkapsulatuta daude, eta karkasa horrek berotze-ganbera baten zereginak betetzen ditu.
Berotasunak danborraren paretak zeharkatu eta barruko materiala berotzen du, kutsatzaileak lurruntzeko behar den tenperatura lortu arte, eta kutsatzaile horiek gas-korrontera bideratzen dira. Tratatu beharreko materialari berotasuna hobeto helarazteko, danborra biraka dabil etengabe, barruko materiala iraularaziz. Berotze-prozesu hori atmosfera anaerobioan gertatzen da; hartara, danborraren barruko oxidazio-prozesuak saihesten dira.
Labean presio negatiboa dago, haizagailu nagusiaren eraginez; horrenbestez saihesten da kutsatzaileak eduki ditzakeen edozein gasek labetik kanpora ihes egitea.
Tratatutako material hori konfigurazio bereziko balbula baten bidez deskargatzen da, eta balbula horrek eragozten du danborraren barruan atmosfera anaerobioa galtzea.
ADTUtik atera ostean, prozesu-gasak lurruna berreskuratzeko unitatera bidaltzen dira.
Gero, jarraian azalduko dugun bezala, trukatzailetik datozen gas ahituak ADTU unitatera eramaten dira, han errausteko.
Lurruna berreskuratzeko unitatea.
Lurruna berreskuratzeko unitatean, prozesu-gasak zenbait fasetan hozten dira. Kondentsazio bidez, zati likido bat berreskuratu eta ura tratatzeko modulura bidaltzen da.
Prozesu-gasak pre-scrubber batera eramaten dira lehenbizi, eta han, ura gehituta, partikula eta hidrokarburo gehientsuenak kentzen zaizkie. Halaber, gasen tenperatura jaisten da, 45 şC ingurura iritsi arte.
Pre-scrubber horretatik hozte-dorre batera pasatzen dira prozesu-gasak, benturi efektuaren bidez, eta hozte-dorrean kondentsatu egiten dira. Kondentsatutako guztia urak tratatzeko unitatera eramaten da. Kondentsatu gabe geratu diren gasek, berriz, uraren bidez hozten den kondentsagailu eta bero-trukagailu bat zeharkatzen dute, eta haien tenperatura jaisten da.
Haize-makina batek gas ahituak bidaltzen ditu bero-trukagailutik ADTUra, han errausteko.
Sistema guztia erabat zigilatuta eta presio negatiboan dago, lurrunak kanpora igortzea eragozteko.
Urak tratatzeko modulua.
Uren tratamendurako unitatearen osagaiak dira hidrokarburoen eta uren bereizgailu bat eta hozte-lerro bat.
Hidrokarburoen bereizgailua.
Lurruna berreskuratzeko unitatean prozesu-gasak kondentsatu ondoren, likido hori hidrokarburoen bereizgailura iristen da. Berreskuratutako hidrokarburoa findegira itzultzen da, 11 m3-ko edukiera duen arketa baten bidez. Solidoak prozesuaren hasierara joaten dira berriro.
Prozesu-ur tratatuak hoztea.
Prozesu-ura, hidrokarburoen bereizgailuaren bidez tratatu ostean, bero-trukagailuan eta hozte-dorrean barrena pasatzean epeldu egiten da.
Hoztu ondoren, ur tratatua andel batean biltzen da, instalazioan berrerabiltzeko.
Gasak tratatzeko modulua.
Gas ahituak, hoztu ostean, ADTUko errekuntza-ganberara eramaten dira, han errausteko. Egoera jakin batzuetan, matxuraren bat gertatuz gero edo elektrizitate-hornidurarik gabe geratuz gero, gas ahituak kanpora bota daitezke, ikatz aktibozko iragazki batean pasa ostean.
Produktu desorbatua hozteko eta deskargatzeko sistema.
Desortzio-unitatean ekoiztutako material guztia ADTUren irteeratik errota nahaslera eramaten da, material horren irteera-tenperaturari egokitutako zinta baten bidez.
Errota nahaslera iritsitakoan, ura gehitzen zaio, material desorbatua hozteko eta hautsa sortzea eragozteko. Horren ondoren, zinta garraiatzaile baten bidez eramaten da biltegira, eta han gordetzen da, azken kontsumitzaileari bidali arte.
Material desorbatua garraiatzeko erabiltzen diren zinta garraiatzaileen eta torloju amaigabeen sistemak estalita daude, eta zigilatze-sistemak erabiltzen dituzte, haizeak materiala barreia ez dezan. Material hori gordetzeko eta bidaltzeko, bilgarri iragazgaitzak erabiltzen dira.
Errota nahaslean gertatzen den hozte-prozesuan sortutako ur-lurrunak energia baxuko scrubber batera bidaltzen dira, han kondentsa daitezen.
Zerbitzu lagungarriak.
Instalazioan gauzatzen den produkzio-prozesuari loturik, prozesu lagungarri bat dago, instalazioaren zola tutu malgu bidez garbitzean datzana. Garbiketa hori astero egiten da, eta maiztasun handiagoz ere egin daiteke noiz edo noiz.
Instalazioan energia-baliabide hauek erabiliko dira:
Energia elektrikoa: urtean 1.456,6 MWh kontsumituko direla aurreikusi da; energia hori produkzio-prozesu nagusi eta lagungarrietako ekipoetan erabiliko da.
B gasolioa: urtean 680 m3 kontsumituko direla aurreikusi da; gasolio hori desortzio termikoa gauzatzeko unitateko errekuntza-ganberako erregailuetan erabiliko da.
Propanoa: urtean 10 m3 kontsumituko direla aurreikusi da; propano hori desortzio termikoa gauzatzeko unitateko errekuntza-ganberako erregailuak abiarazteko erabiliko da.
Instalazioan kontsumituko den ura honako iturri hauetatik hartuko da:
Sareko ura: urtean 1.110 m3 kontsumituko direla aurreikusi da, honako erabilera hauek kontuan hartuta: hozteko sistema, material desorbatua egokitzeko hozte-errota, hondakinak tratatzeko lanak hastea, eta prozesu-uraren andela betetzea.
Findegiko ur gordina: urtean 3.208 m3 kontsumituko direla aurreikusi da; ur hori instalazioko zola garbitzeko erabiliko da.
Prozesu-ur tratatua (berriz zirkulazioan jartzeko): 25 m3-ko andel batean bildu eta tenperatura baxuko scrubberrera bidaliko da, hozte-errotan material desorbatua egokitzeko prozesuan sortutako gasak kondentsatzeko. Halaber, lurruna berreskuratzeko unitateko ekipoetan erabiliko da; zehazki, pre-scrubberrean eta gasen benturi dorrean.
Instalaziotik atmosferara egingo diren emisio konfinatu oro ADTUren emisio-fokuari lotuta egongo da. Foku horretan bypass bat ere egongo da, prozesu-gas ahituak igortzeko (matxuraren bat gertatuz gero edo elektrizitate-hornidurarik gabe geratuz gero, eta, arazo horien ondorioz, ADTUn gas horiek ezin badira erraustu). Emisio-foku horrek ikatz aktibozko iragazki bat dauka, emisioak murrizteko sistema gisa.
Halaber, produktu desorbatuaren manipulazioari loturik, partikulen emisio lausoa sor daiteke instalazioan. Emisio lauso horiek ahalik eta gehien murrizteko, zinta garraiatzaile eta torloju amaigabe estaliak erabiltzen dira, bai eta bilgarri iragazgaitzak ere.
Hondakin-urei dagokienez, fluxu hauek sortuko dira:
Prozesu-urak: urtean 7.730,5 m3 isuriko direla aurreikusi da.
Garbiketa-urak: urtean 3.208,5 m3 isuriko direla aurreikusi da.
Fluxu horiek findegiko hondakin-urak arazteko sistemara isuriko dira.
Euri-urak bildu eta findegiko hondakin-uren sarera bideratzen dira, eta urtean 1.340 m3-ko isuriak aurreikusi dira.
Instalazioan sortzen diren hondakin arriskutsu nagusiak gasak arazteko prozesuan sortzen dira, eta urtean 1.000 kg-tik behera izaten dira. Gainera, noiz edo noiz, mantentze-lanetan hondakin batzuk sortzen dira. Petróleos del Norte, S.A.k bere gain hartzen ditu hondakin horiek, eta findegiko gainerako mantentze-lanen hondakinekin batera kudeatzeaz arduratzen da. Instalazioan sortzen diren hondakin ez-arriskutsuak paperak eta plastikoak dira funtsean, eta urtean 1.000 kg-tik behera izaten dira.
Eskuragarri dauden teknika onenen arteko neurri hauek hartzen ditu barne, besteak beste, jarduerak:
(Ikus .PDF)
Hirugarrena. Honako baldintza eta betekizun hauek jartzea Muskizko udalerrian Lezama Demoliciones, S.L.k sustatutako hondakinak kudeatzeko instalazioak bete ditzan:
Lezama Demoliciones, S.L.k zortziehun mila (800.000) euroko erantzukizun zibileko asegurua eratu beharko du, baimenaren xede den jarduera dela-eta hirugarren pertsonei edo haien ondasunei eragin dakizkiekeen kalteak ordaintzeko nahiz ingurumenean eragindako kaltea konpontzeko edo lehengoratzeko kostuei aurre egiteko.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.
Hirurogeita hamabi mila (72.000) euroko fidantza-prestazioa, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 28. artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraiki (Errege Dekretu horren bidez onartu zen maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa), artikulu horren 3. idatz-zatian xedatutako edozein modutan eratu ahal izango dena. Fidantza horren zenbatekoa hondakinak tratatzeko gehienezko ahalmenaren araberakoa izango da (2 t/h).
Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.
Lezama Demoliciones, S.L.k Administrazioarekiko harremanen goi-tituludun arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio Ingurumeneko sailburuordetzari.
Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoak, 47.8 artikuluan ezartzen duen epea bi urtekoa izango da, ebazpen hau jakinarazitako egunetik kontatzen hasita. Horretarako, sustatzaileak Ingurumeneko sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.
Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira sustatzaileak Ingurumeneko sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita dagoen bezala, indarrean dagoen araudia eta ondorengo idatz-zatietan ezarritakoa betez.
1. Hondakinak jasotzeko, ikuskatzeko eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.
Baimen hau da idatz-zati honetan zehaztutako hondakinak, Petróleos del Norte, S.A.ren Muskizko findegian sortuak, desortzio termikoz tratatuta kudeatzeko jarduera soilik baimentzeko.
Ebazpen honetan adierazi gabeko hondakinak ezin izango dira onartu. Nolanahi ere, kudea daitezkeen hondakinen eremua zabaltzeko, beharrezkoa izango da Ingurumeneko sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, ebazpen honetako I. idatz-zatian jasotako aldaketa-erregimenaren arabera.
1.1. Onar daitezkeen hondakinak.
Instalazioan tratatzeko, idatz-zati honetan jasotzen diren hondakinak soilik onartu dira, ondoren adierazten diren EHZ (Europako hondakinen zerrenda) kodeei dagozkien hondakinak, hain zuzen, baldin eta hondakin horiek betetzen badituzte organo honek onetsitako onarpen-agirian ezarritako onarpen-baldintzak, bai eta onartzeko eta jasotzeko irizpideak ere, atal honetan adierazitakoari jarraiki.
(Ikus .PDF)
Nolanahi ere, baimen honen eremutik kanpo geratzen dira PCB eta/edo PCT daukaten edo substantzia horiekin kutsatuta dauden hondakin arriskutsuak (osagaien kodea: C32).
1.2. Hondakinen sarreraren kontrola.
Instalazioak funtzionatzen duen bitartean, bertan tratatuak izateko iristen diren hondakinen kontrola eraman beharko da, hondakin horiek ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko. Kontrol horretan egiaztatu beharko da hondakinak jasotzeko prozedura, sustatzaileak Ingurumeneko sailburuordetza honi aurkeztutakoa, betetzen dela.
Hondakina jaso aurretik, onarpen-prozeduran adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, eta, hala badagokio, jasotze hori gauzatuko da. Horretarako, kontrol eta jarraipenerako agirian kudeatzaileari dagokion atala bete beharko da.
Hondakin-partida bat baztertu egiten bada, ez dituelako betetzen onartzeko parametro mugatzaileak, berehala jakinarazi beharko zaio Ingurumeneko sailburuordetzari. Horrekin batera, jatorria, kantitatea, enpresa garraiatzailea, bazterketaren arrazoia, baztertutako hondakinaren helmuga eta bestelako gorabeherei buruzko datuak eman beharko dira.
1.3. Zama-lanak.
Gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak betez egingo dira zamalanak hondakin arriskutsuak tratatzeko instalazioan.
Instalazioan hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko emisiorik edo emisio lausorik ez egoteko, edo, bestela, emisio horiek ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, ekipoen iragazgaiztasuna funtsezkoa da.
1.4. Jasotako hondakinen biltegiratzea.
Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.
Prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak herrestatzea eragozteko moduan biltegiratu beharko dira instalazioan onartutako hondakinak.
Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiazioak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin-mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea dakartenetarako edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.
Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumeneko sailburuordetzari, bai Muskizko Udalari.
1.5. Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.
Lezama Demoliciones, S.L.k artxiboan erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-eskaerak, onarpen-agiriak eta kontrolerako eta jarraipenerako agiriak, bost urtean gutxienez (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 37.2 artikulua).
Lezama Demoliciones, S.L.k, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoari jarraiki, artxibategi fisiko edo telematikoa izan beharko du, esku hartutako jarduera guztiak ordena kronologikoan jasotzen dituena. Erregistro horretan ondorengo datu hauek jaso beharko dira: tratatzen diren hondakinen kantitatea, izaera, osaketa eta identifikazio kodea; hondakinaren jatorria eta zein prozesutik datorren; enpresa sortzailea eta enpresa garraiatzailea; hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta harrera-eguna; hartutako hondakin arriskutsuen partida bakoitzaren kontrol- eta jarraipen- agiriko erreferentzia zenbakia; biltegiratze-aldia eta datak; norako den eta izango dituen tratamendu-jarduerak, egunak, kontrol-parametroak eta prozesuari buruzko datuak. Halaber, onartu ez diren partidei buruzko datuak ere jasoko dira artxibategian (jatorria, kantitatea, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta norako alternatiboa).
Ebazpen honetako E.1.2. idatz-zatian aipatutako kontrolen emaitzak atal honetan arautzen den artxibategian jasoko dira, bai eta Lezama Demoliciones, S.L.k gauzatu ditzakeen egiaztapenenak ere.
Informazioa artxibatuta egongo da hiru urtez, gutxienez.
Egindako kudeaketa-jarduera guztiak jasotzen dituen txosten bat aurkeztu beharko du hilero Ingurumeneko sailburuordetzan Lezama Demoliciones, S.L.k. Txosten hori, hain zuzen, idatz-zati honetan adierazitako artxibategiaren laburpen bat izango da.
Halaber, urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen, jardueren urteko oroitidazkia aurkeztu beharko da uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuko 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.
Aurreko idatz-zatietan adierazitako agiriak Ingurumeneko sailburuordetzara bidali beharko dira, transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabilita.
2. Instalazioak funtzionatzeko baldintza orokorrak.
2.1. Onartutako hondakinak tratatzeko baldintzak.
Desortzio-ganberako tenperatura, presioa eta atmosfera kontrolatzeko gailu automatikoak izan behar ditu instalazioak, bai eta funtzionamendu egokia eta prozesuaren eraginkortasuna bermatzearren zehaztutako parametroak erregulatzeko sistema elektronikoa ere. Kontrol-elementu horiek neurtutako datu guztiak jasoko dira, neurketa-egunarekin batera, deskutsatze-prozesu bakoitzari dagokion erregistroan.
Instalazioaren diseinuan kontuan hartu behar da elikatze-sistemen, atmosfera anaerobioan desortzio termikoa gauzatzeko unitatearen eta material desorbatua egokitzeko gailuaren funtzionamendurako ezinbestekoa izan behar duela lurruna berreskuratzeko unitateak eta gasak tratatzeko moduluak aldi berean funtzionatzea.
Halaber, elikatze-sistemak funtzionatzeko, desortzio-unitateak 250 şC hartu behar ditu.
Desorbagailuan sortutako gas guztiak lurruna berreskuratzeko unitatera bideratuko dira, herrestan eramandako lurrunkor, ur eta partikulak atxikitzeko. Unitate horretako bero-trukatzailetik datozen gas ahituak ADTUra eramaten dira, han errausteko.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, matxuraren bat gertatuz gero edo elektrizitate-hornidurarik gabe geratuz gero, aipatu gas ahituak kanpora bota daitezke. Kasu horretan, segurtasun-neurri gehigarri bat hartu behar da: ikatz aktibozko bi iragazki instalatu behar dira paraleloan. Gasak azken kondentsagailutik irtetean ikatz aktibozko iragazkietatik pasako dira, eta iragazki horiek atxikiko dituzte aurreko etapetan kondentsatu gabeko konposatu organikoak.
Lezama Demoliciones, S.L.k aurreko idatz-zatian aipatutako emisioak kontrolatuko ditu, ikatz aktibozko ohe xurgatzailearen bilakaerari erreparatzeko, eta, behar denean, ohe berria jartzeko. Sugar-ionizazioaren detektagailu (FID) baten bidez gauzatuko da kontrola, eta neurketak egingo dira gas ahituak igortzen diren lan-txanda bakoitzean behin, gutxienez. FID bidez egindako neurketan 250 mgC/Nm3 gaindituz gero, behintzat, ikatz aktibozko iragazkia aldatu egin behar da.
2.2. Tratamenduaren ondoriozko efluente eta produktuak kudeatzeko baldintzak.
Tratamenduan sortutako produktu desorbatua biltegiratzeko eta erabiltzeko kondizioek eragotzi behar dute haizearen eraginez produktua barreiatzea, bai eta lixibiazioak sortzea ere.
Desortzio prozesuan sortutako efluente likidoak Petróleos del Norte, S.A.ren Muskizko instalazioko hondakin-uren araztegira eramango dira, ebazpen honen E.2.4.4 idatz-zatian azaldutakoari jarraiki. Jardueran sortutako gainerako efluente guztiak banan-banan jaso eta egoki kudeatu behar dira, bakoitzaren izaeraren arabera.
Berreskuratutako hidrokarburoa Petróleos del Norte, S.A.ren Muskizko instalazioko prozesuaren hasierara eramango da.
Desortzioaren ondoren lortutako zatiki solidoari balio energetikoa emango zaio, baimena duten instalazioetan erregai gisa erabiltzeko.
Aurreko idatz-zatian adierazitako balio energetikoa ematea bideraezina baldin bada, eta produktu desorbatua hondakin gisa kudeatu behar bada, Ingurumeneko sailburuordetzak onartu beharko du kudeaketa-bidea, sortutako hondakinaren ezaugarriak zehaztu ostean, hondakinen esparruan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.
Desortzio prozesuan sortutako produktuaren lagina osatuko da hilero, bidalketa bakoitzari dagozkion laginak bilduta. Hiru hiletik behin, kanpoko laborategi akreditatu batean aztertuko dute hileroko lagina, aurreikusitako helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Honako hauek aztertuko dira, gutxienez: fenolak, BTEXak, olioak eta koipeak, eta bero-ahalmena.
Aurreko idatz-zatian xedatutako kontrolez gain, kanpoko laborategi akreditatu batek produktu desorbatuaren ezaugarritze osoa egingo du, hondakin-mota bakoitzeko, honako parametro hauek kontuan hartuta:
Halogenoak guztira
Fluorra
Sufrea
PCBak eta PCTak
Metal astunak:
Hg
Cd+Hg+Tl
Sb+As+Pb+Cr+Co+Cu+Mn+Ni+V
2.3. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
2.3.1. Baldintza orokorrak.
Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazioa, atmosferarako emisioei dagokienez, ebazpen honetan ezarrita dauden muga-balioak ez gainditzeko moduan diseinatu, ekipatu, eraiki eta ustiatuko da.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokietan zehar kanporatuko da, gasak arazteko sistemaren bat emisio horien ezaugarrien arabera diseinatua igaro ondoren, hala badagokio. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango konfinatuak ez diren emisioak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
2.3.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazioak atmosfera babesteko indarrean den araudiaren arabera katalogatutako gune hauek ditu:
(Ikus .PDF)
Halaber, litekeena da instalazioan produktu desorbatua manipulatzean partikulen emisio lausoak sortzea.
2.3.3. Isurpenen muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean atmosferara igorriko diren emisioek ez dituzte muga-balio hauek gaindituko:
(Ikus .PDF)
(1) Fluxua > 100 g/h izanez gero.
(2) Fluxua > 1 kg/h izanez gero.
Emisioen muga-balioak honako baldintza hauei dagozkie: 273 K-ko tenperatura eta 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
Neurtutako parametroek ez dituzte emisioen muga-balioak gainditu behar arauzko aldizkako ikuskapenetan (hiru neurketa, bakoitza ordubetekoa gutxienez) zortzi orduren barruan neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, zenbatekoak ez badu muga-balioa % 40tik gora gainditzen. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi horretako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an, muga-balioa gehienez % 25 gainditzea onartuko da. Tolerantzia horiek gorabehera, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eragin-eremuko immisio-mailek ezin izango dituzte inoiz higiene aldetik onargarriak diren balioak gainditu.
2.3.4. Gasak hartu eta kanporatzeko sistemak.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniek ez dute ebazpen honen E.2.3.2 idatz-zatian jasota dagoen gailur-kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri ezarriko dira, industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurre hartzeari eta zuzentzeari buruz 1976ko urriaren 18an Industria Ministerioak emandako agindua betetzearren; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.
Zehazki, laginak hartzeko aurreikusten diren zuloen kokapen eta ezaugarriei dagokienez, egokitu behar dira laginak hartzeko gunetik fluxuaren noranzkoaren eta kontrako noranzkoaren arabera (L1 eta L2 parametroak) neurketa-gunea baino lehenago dagoen fluxu gaseosoko edozein perturbaziora arteko distantziak, 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Produktu desorbatuen manipulazioari lotutako partikulen emisio lausoak minimizatzea helburu hartuta, zinta garraiatzaile eta torloju amaigabe estaliak erabiliko dira, bai eta bilgarri iragazgaitzak ere.
2.4. Saneamendu-sistema integralean isurtzeko baldintzak.
2.4.1. Isurketen sailkapena, jatorria, gune hartzailea eta kokapena.
(Ikus .PDF)
2.4.2. Gehienezko isurketa-emariak eta bolumenak.
isurketa.
(Ikus .PDF)
2.4.3. Isurpenen muga-balioak.
Isurketak bete beharko ditu Petróleos del Norte, S.A.k bere hondakin-uren sarean efluenteak jasotzeko jarritako muga eta baldintzak. Sare horretara isuri nahi diren efluenteetan kutsatzaileren bat baldin badago, eta Petróleos del Norte, S.A.k kutsatzaile hori isurtzeko baimenik ez badauka, aipatu efluenteak ezingo dira isuri.
2.4.4. Arazketa eta ebakuazio-instalazioak.
Hondakin-ura arazteko instalazioak izango dira sustatzaileak ingurumen-baimen bateratua eskatzean adierazitakoaren araberakoak, eta ondoren deskribatuko ditugun oinarrizko elementuak izango dituzte.
Berriz zirkulazioan jartzen ez den hondakin-uren zatia (% 3 gutxi gorabehera) Petróleos del Norte, S.A. findegiko tratamendu-instalaziora bidaltzen da, desortzio termikorako instalazioko uren tratamendurako unitatetik igaro ondoren.
Uren tratamendurako unitatearen osagaiak dira hidrokarburoen eta uren bereizgailu bat eta hozte-lerro bat.
Lurruna berreskuratzeko unitatean prozesuko gasak kondentsatu ondoren, likido hori hidrokarburoen bereizgailura iristen da, eta han hidrokarburoak uretatik eta solidoetatik bereizten dira. Berreskuratutako hidrokarburoa findegiko 11 m3-ko kutxatila batera bidaltzen da, eta handik findegiaren slopetako TKtara bidaliko da. Solidoak prozesuaren hasierara joaten dira berriro.
Prozesu-ura, hidrokarburoen bereizgailuaren bidez tratatu ostean, epeldu egiten da, bero-trukagailuan eta hozte-dorrean barrena pasatzean.
Hoztu ondoren, ur tratatua andel batean biltzen da, berriz ere prozesura bidaltzeko.
2.5. Lantegian ekoizten diren hondakinen kudeaketa egokia bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, hala badagokie, ezaugarritu egin beharko dira haien izaera eta norako egokiena zehazteko.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-mota desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Jatorritik bereizi behar dira hondakinak, eta nahasketak saihestuko dituzten biltze eta biltegiratze-baliabideak jarri behar dira.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraiki, hondakin orori balioa eman behar zaio; horretarako, kudeatzaile baimendu bati entregatu behar zaizkio. Hondakinak ezabatu ahal dira soilik aldez aurretik behar bezala egiaztatuz gero teknika, ekonomia edo ingurumen aldetik ez dela bideragarria hondakin horiei balioa ematea. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.
Halaber, hondakin horiek tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraiki.
Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraiki, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazletan ageri dira. 16/2002 Legearen 10. artikuluan (2.d idatz-zatian) ezarritakoaren kalterik gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kopurua handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.
Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru iragazgaitza izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiazioak sor ditzaketen hondakinen kasuan, hondakinak biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumeneko sailburuordetzari bai Muskizko Udalari.
Erregistro fisiko edo telematiko bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasotzen dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera eta lagatze-datak, bilketa-maiztasuna eta garraiatzeko modua.
Ingurumen-organoari artxibo horren kopia bidali beharko zaio, urtean behin arriskutsuak ez diren hondakinen kasuan, eta sei hilean behin hondakin arriskutsuen kasuan.
2.5.1. Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak.
prozesua: gasak garbitzea eta iragaztea.
hondakina: ikatz aktibo ahitua.
Identifikazioa: B81179897/NIMA/1/ 1
Hondakinaren kodea: Q9//D15//S40//C41//H5//A950//B9208
EHZ: 190110
Urtean sortutako kantitatea: < 1.000 kg
Norakoa: Kudeatzaile baimendua
Hondakina 200 l-ko balezta-itxiturako bidoi hermetiko batean sartzen da, eta nabe estalian hondakin arriskutsuak biltegiratzeko identifikatutako gunera eramaten da.
Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzerakoan jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakina zein motatakoa den eta zein osagai arriskutsu dituen (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota) definitzen dute, bai eta hondakina zein jarduerak eta zein prozesuk sortzen duen ere (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota).
Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko II. Esparru Programan (2011-2014) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioa ematea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balidatzeko eskatzen bada.
Mantentze-lanetan sortutako hondakin arriskutsuak.
Ebazpen honen bigarren idatz-zatian jasota dagoen bezala, mantentze-lanetan hondakin batzuk sortzen dira, eta Petróleos del Norte, S.A.k hartzen du bere gain hondakin horien kudeaketaren ardura, findegiko mantentze-lanetan sortzen diren gainerako hondakinekin batera kudeatzeko. Honako hondakin hauek dira, hain zuzen (EHZ kodea parentesi artean adierazita):
Laborategiko hondakinak (EHZ: 160506).
Hondakin oliotsuez inpregnatutako sepiolita (EHZ: 150202).
Ontzi hutsak (EHZ: 150110).
Olio erabiliak (EHZ: 130208).
Fluoreszenteak (EHZ: 200121).
Bateriak (EHZ: 200133).
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, isuriren bat gertatu eta nahasiz gero arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakin-moten kasuetan.
Hondakin arriskutsuak ontziratzeko bete beharko dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duenak, 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontzi eta ontzikiek itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurreko idatz-zatian aipatutako ontzi edo ontziek etiketatuta egon behar dute; argi, erraz irakurtzeko moduan, ez ezabatzeko moduan, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideak oinarri hartuta.
Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon. Ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.
Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumeneko sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik, hala badagokio. Beharrezkoa izanez gero, ezaugarritze xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ongi egokitzen zaiela ebazpen honetan jasotako printzipio hierarkikoei.
Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren kopia bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik norakoraino eraman dezan. Lezama Demoliciones, S.L.k onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen- agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.
Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak betetzen dituela indarrean dagoen legerian horrelako gaiak garraiatzeko xedatutako baldintzak.
Lezama Demoliciones, S.L.k sortutako olio erabilia kudeatu beharko du, ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuak, industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duenak, xedatutakoaren arabera, eta irailaren 29ko 259/1998 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan erabilitako olioen kudeaketa arautzen duenak, xedatutakoari jarraiki.
Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak (hodi fluoreszenteak, besteak beste) kudeatuko dira otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuak, tresna elektriko eta elektroniko eta haien hondakinak kudeatzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoak, xedatutakoa.
Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko, eta kontrol eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko azpiegituren bidez ematen diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak jaso izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.
Edonola ere, ebazpen honen E.2.5 idatz-zatiaren i epigrafean definitutako artxiboan sartuko dira sortutako ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak.
Lezama Demoliciones, S.L.k PCBak dituzten edo izan ditzaketen tresnak dauzkan bitartean, bete beharko ditu tresna horiek behar bezala kudeatzeko neurriak. Neurri horiek jasota daude bai abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta substantzia horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituenean, bai dekretu hori aldatzeko emandako 228/2006 Errege Dekretuan, otsailaren 24koan.
Lezama demoliciones, S.L.k Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 (EE) Erregelamenduan, ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoan, zehazturiko substantzia erabiliak bere eskuetan dituen heinean, berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edota birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
Amiantoa daukaten hondakinak detektatuz gero, Lezama Demoliciones, S.L.k bete beharko ditu otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeari eta murrizteari buruzkoan, adierazitako eskakizunak (3. artikulua). Halaber, amiantoa daukaten hondakinak kudeatzeko manipulazio-lanak egingo dira martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan, amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua dakarten lanei aplikagarri zaizkien gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenei buruzkoan, ezarritako betekizunen arabera.
Lezama Demoliciones, S.L.k urteko adierazi beharko dio Ingurumeneko sailburuordetzari sortutako hondakin arriskutsuen jatorria zein den, zenbat hondakin sortu den, zer erabilera emango zaien, eta adierazpenari dagokion ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.
Idatz-zati honetako g eta h epigrafeetan (kudeatzaileak EAEn badaude) eta o epigrafean, eta ebazpen honetako E.2.5 idatz-zatiko i epigrafean aipatutako agiriak Ingurumeneko sailburuordetzari bidali behar zaizkio, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM sistemako entitateen bertsioaren bitartez.
2.5.2. Arriskurik gabeko hondakinak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:
(Ikus .PDF)
Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzi-hondakinen kasuan.
Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balioa ematea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.
Oro har, hondakin guztiek izan beharko dute onarpen-agiria, bidali baino lehen. Agiri hori kudeatzaileak emango du, eta bertan zehaztuko dira onarpen-baldintzak. Agiri horren kopia bidali behar zaio Ingurumeneko sailburuordetzari, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ongi egokitzen zaiela ebazpen honetan jasotako printzipio hierarkikoei. Lezama Demoliciones, S.L.k onarpen-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde beharko ditu, hiru urtez gutxienez, nahitaezko agiriak izanez gero.
Halaber, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraiki, hondakindegi baimenduan biltzekoak diren hondakin ez-arriskutsuak lekualdatu aurretik, haien jarraipen eta kontrol-agiria bete beharko da. Agiri horiek hiru urtez gorde behar dira.
Idatz-zati honetako d eta e epigrafeetan (kudeatzaileak EAEn badaude) eta ebazpen honetako E.2.5 idatz-zatiko i epigrafean aipatutako agiriak Ingurumeneko sailburuordetzari bidali behar zaizkio, ahal dela IKS-eeM sistemaren bidez.
2.6. Lurzoruaren babesaren inguruko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoan, eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoan, ezarritako eginbeharrak betetzeko aurkeztutako aurretiko txostenaren arabera, eta bertan jasotako gomendioei jarraiki, Lezama Demoliciones, S.L.k ebazpen honen G.3 idatz-zatian bildutako neurriak hartuko ditu, prebentzioari eta ezohiko funtzionamenduetan izan beharreko jarduketari buruzkoak, bai eta ebazpen honen E.1.4 eta E.2.5 idatz-zatietan bildutakoak ere, hondakinak biltegiratzeari buruzkoak.
Gainera, instalazioa abian jarri ondoren, edozein arrazoirengatik lurzoruak hondeatzea dakarten obrak aurreikusiz gero, hondeatu behar diren materialen ezaugarriak zehaztu behar dira; batetik, kutsadurarik egonez gero sor litezkeen eraginak prebenitzeko, eta, bestetik, material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehazteko. Ezaugarriak zehaztearen emaitzak eta aurreikusitako helmuga zehatza Ingurumeneko sailburuordetza honi igorri behar zaizkio, material horiek atera aurretik, lanak onartzeko. Azterketa eta onarpena, hala badagokio, ebazpen honetako I. idatz-zatian jasotako aldaketa-araubidearen esparruan egingo dira.
2.7. Zarataren inguruko baldintzak.
Lezama Demoliciones, S.L.k beharrezko neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskineko B1 taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoa denik. Errege Dekretu horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, garatzen da, arau horren IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatutako zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez. Hauek dira, hain zuzen, muga-balioak:
(Ikus .PDF)
Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da, aipatutako IV. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen baldin badituzte:
Urteko batez bestekoek ez dituzte gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.
Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.
Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-tan gainditzen aipatutako III. eranskineko B1 edo B2 taulek ezarritako balioak.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.
Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako idatz-zati hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:
1. Atmosferarako emisioak kontrolatzea.
Lezama Demoliciones, S.L.k emisioak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:
(Ikus .PDF)
Aurreko idatz-zatian adierazitako neurketa guztiak kontrol-erakunde baimendu (BKE) batek egingo ditu (hiru neurketa, bakoitza ordubetekoa gutxienez, zortzi orduren barruan neurtuta). Neurketa horiek eta dagozkien txostenak Ingurumeneko sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan ezarritakoaren araberakoak izan beharko dute.
Arestian eskatutako parametro guztien neurketen BKE txostenak bidali beharko dira.
Dokumentazio eguneratuaren bidez, erregistro bat egingo da euskarri informatikoan (edo, horrelakorik ezean, paper-euskarrian), urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta katalogo hori aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituenak, 8. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Erregistro horretan jasoko dira Ingurumeneko sailburuordetzak emandako «IPPC instalazioek Atmosfera Kutsa dezaketen isurien Erregistro-liburua lortzeko instrukzio teknikoa» agirian ezarritako prozedura, eduki eta formatuen arabera egindako neurketen, gorabeheren, kontrolen eta ikuskapenen emaitzak. Dokumentazio horrek eguneratuta egon beharko du, eta, ingurumen-ikuskatzaileek eskatzen badute, eskuragarri izango dute 10 urtez gutxienez.
2. Zarataren kontrola.
Instalazioa abian jarritakoan, adierazle akustikoak kalkulatzeko Lk,d, Lk,e eta Lk.n metodoen bitartez egingo da ebaluazioa.
Neurketa bidezko ebaluazioak egiten badira, ENAC erakundeak espazio eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte neurketa guztiak. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.
Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumeneko sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.
Sustatzaileak proposamen zehatza egin beharko du, eta proposamen horren barruan zehatz-mehatz adierazi beharko ditu ebaluazio-metodoak, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako prozedurei jarraiki. Dekretu horrek garatzen du azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez. Proposamena ebazpen honen F.5 idatz-zatian aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginari erantsiko zaio.
3. Jardueraren adierazleak.
Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:
(Ikus .PDF)
4. Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisien eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumeneko sailburuordetzari bidaliko zaizkio. Ebazpen honen idatz-zatitan ezarritakoaren kalterik gabe, bidalketa urtero egingo da, martxoaren 30a baino lehen betiere, eta, ingurumena zaintzeko programako emaitzekin batera, txosten bat aurkeztuko da. Txosten hori ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde independente batek egin beharko du, eta bertan adieraziko da neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, bai eta prozesuak kontrolatzeko sistemak ere. Halaber, ingurunearen kalitatea eta emaitzen analisia adieraziko dira, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, haien balizko arrazoiak eta konponbideak, bai eta laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.
5. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Programa horrek honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzaren erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.
Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.
1. Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei eta martxan jartzeko eta geldiarazteko eragiketei dagokienez, sortuko diren kutsagarrien eta hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta, hala dagokionean, kutsagarri eta hondakin horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere egin beharko du.
Geldialdi, abiarazte eta garbiketa guztietan kargen isurketa ahalik eta txikiena izateko neurriak hartuko dira.
2. Jarduera uztea.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: otsailaren 4ko 1/2005 Legea lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Lezama Demoliciones, S.L.k lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
3. Ezohiko funtzionamendua denean aplikatzeko prebentzio-neurriak eta jardunak.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurrien eta funtzionamendu-baldintzen kalterik gabe, honako baldintza hauek bete beharko dira:
Hondakin arriskutsuak eta produktu kimikoak erabiltzeak, besteak beste, lurzorua eta ura kutsatzeko arriskua eragin dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arrisku handiko gainazal guztiak iragazgaitzak izan beharko dute. Zolak diseinatzean, kontuan hartuko dira drainatzeko eta efluenteak biltzeko gailuak, ingurunean kutsatzaileak barreiatzeko bideak eragozteko.
Biltegiratzeko tokia.
Prozesurako behar diren lehengai, erregai eta produktu guztiak ingurunean ez barreiatzeko moduan biltegiratuko dira.
Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumeneko sailburuordetzari aurkeztuko zaizkio erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak.
Instalazioetako prebentzioko mantentze-lanak.
Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura saihesteko; halaber, ezarritako neurrien jardun egokia bermatu beharko da. Isuri-ihesak daudenean lurzorua (eta, hala egokituz gero, ura) babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz-mehatz adieraziko da alderdi hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainezkatzeez ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaintzea eta garbitzea (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa-mota), eta lurzorura isuritakoa biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak, zaintzeko eta kontrolatzeko programa bat eduki beharko du, alderdi hauek bilduko dituena: iragazgaiztasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulen egoera, presioa arintzeko sistemaren egoera, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskatzeak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua (eta, hala egokituz gero, ura) kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Era berean, atmosferaren eta ingurune urtarraren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta zaintza eta kontrol-sistemen egoera ona bermatzeko neurriak hartuko dira. Gainera, berariaz erantsi beharko da ebazpen honetako E.2.1.e) idatz-zatian aipatutako FIDaren kalibraketa-plana.
Halaber, erregistro bat eduki behar da, eta bertan adierazi behar dira aldizka egindako mantentze-lanak, bai eta antzemandako gorabeherak ere.
Ingurumeneko sailburuordetzari bidaliko zaizkio kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura, husteko prozesuan ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen produktuen jarioak barreiatzea eragotzi behar duena.
Gorabeheraren bat gertatuz gero jarduteko modua.
Jarduteko protokolo bat eduki behar da eskura, ingurunean eragin negatibo garrantzitsuak eragin ditzaketen gorabeherak edo ezohiko jardunak gertatuz gero erabiltzeko. Protokoloak, gutxienez, honako gai hauek argi eta garbi zehaztu behar ditu, gerta daitekeen gorabehera edo ezohiko jardun bakoitzarentzat:
Jarraitu beharreko jardunak, hurrengo idatz-zatian zehazten den jakinarazpena agintariei helaraztea barne hartuta.
Jardunen segida.
Jardun bakoitzaren arduraduna(k).
Istripuz isurketarik gertatuko balitz, berehala geldiaraziko da.
Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserba-ontziak, isuriei eusteko xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko ontziak, kaltetutako inguruneak isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.
Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumeneko sailburuordetzari (betiere, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpenean honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
Gertakari-mota.
Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).
Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
Sortutako ondorioak.
Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.
Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumeneko sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
Gertakari-mota.
Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
Iraupena.
Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.
Eragindako kalteen kalkulua.
Hartutako neurri zuzentzaileak.
Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.
Halaber, sustatzaileak Ingurumeneko sailburuordetzari jakinaraziko dizkio instalazioaren etengabeko prozesu batean aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, aurreikusitako mantentze-lanak barne hartuta. Jakinarazpen hori 15 egun lehenago egin behar da, gutxienez.
Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
Instalazioek suteen aurkako babesaren alorrean indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumeneko sailburuordetzari.
Lezama Demoliciones, S.L.k atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuak jakinaraziko dizkio urtero Ingurumeneko sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Poluitzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, E-PRTR Inbentarioko emisioei eta ingurumeneko baimen bateratuei buruzko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraiki.
Ekitaldi bakoitzari buruzko informazio hori helarazi behar da hurrengo martxoaren 31 baino lehen, Ingurumen Aitorpen Jakinarazpenaren bidez (e-IAJ). Informazio hori helarazteko, aipatu Ingurumen Aitormenari (e-IAJ) erantsitako datu teknikoak eta/edo prozedurazkoak IKS-eeM Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren erakundeen bertsioaren bidez jaso behar dira. Bertsio hori eskura dago honako webgune honetan: www.eper-euskadi.net). Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.
Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-transakzioak Ingurumen Aitorpen (e-IAJ) horren bidez egingo dira, ahal dela.
Informazio hori publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituenak, xedatutakoari jarraiki (lege horrek 2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu) eta bermatuko da betiere abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, datu pertsonalak babesteari buruzkoak, xedatutakoa.
Instalazioan aldaketak egitea.
Ingurumen-baimen bateratu honi dagokion instalazioan aldaketak egiteko, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10.3 artikuluan xedatutako komunikazio-erregimena bete behar da, eta, funtsezko aldaketak izanez gero, ingurumen-baimen bateratu berri bat beharko da.
Halaber, proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Dekretu Legegileak, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, 3.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio, aipatu arauaren II. eranskineko 9.k epigrafeari dagokionez.
Laugarrena. Ebazpen honek eragina izateko, aldez aurretik Ingurumeneko sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako hirugarren idatz-zatiko honako puntu hauetan xedatutako baldintzak betetzen direla:
Erantzukizun zibileko asegurua.
Fidantza.
1.5. Instalazioan kudeatutako hondakinei buruzko erregistro-eredua.
2.5.i. Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuei eta ez-arriskutsuei buruzko artxibo-eredua.
2.5.1.g eta E.2.5.2.d. Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak onartzeko agiriak.
1.d. Atmosferarako emisioen erregistro-eredua.
2.d. Zarata kontrolatzeko proposamena.
5. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
1. Martxan jartzeko eta geldiarazteko eragiketetako emisio eta hondakinen zenbatespena, eta kudeaketarako eta tratamendurako proposamena.
3.b. Biltegiratzeko instalazioen egiaztapena.
3.c. Prebentzioko mantentze-lanei buruzko eskuliburua.
3. Mantentze-lanak eta gertakariak erregistratzeko eredua.
3.e. Kubetak husteko protokoloa.
3.f. Gorabeheraren bat gertatuz gero jarduteko protokoloa.
3.i. Suteen aurkako babes-araudia betetzen dela egiaztatzea.
Era berean, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, ikuskapen-bisita hori egin aurretik, sustatzaileak «as built» proiektua eta teknikari eskudunak alderdi horiek bete direla adieraziz emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dizkio Ingurumeneko sailburuordetzari.
Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, Ingurumeneko sailburuordetzak ingurumen-baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori luzatu egin ahal izango da, behar bezala arrazoituz gero eta sustatzaileak aldez aurretik eskatuz gero.
Instalazioa ezingo da abiarazi ingurumen-baimen bateratua eraginkorra dela adierazi arte. Nolanahi ere, abiarazteko probaldi bat egin ahal izango da, gehienez ere bost hilabetekoa, eta, probaldi horretan, neurri zuzentzaileak eraginkorrak direla egiaztatzeari ekingo zaio, besteak beste. Probaldi horretan, ebazpen honetako F.1 idatz-zatian ezarritako neurketak egingo dira, bai eta potentzia akustikoak neurtzeko kanpaina bat ere. Aurreko neurketa horien emaitzak Ingurumeneko sailburuordetzari igorriko zaizkio, lehen aipatutako ikuskapen-bisita horren aurretik. Halaber igorriko da espero diren immisioen modelizazio bat (honako maila akustiko hauen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e eta Lk,n), potentzia akustikoen neurketa-kanpainetan eskuratutako zarata-fokuen emisioen datu errealak oinarri hartuta egingo dena.
Bosgarrena. Ingurumen-baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, ondorioak eragiten dituen egunetik kontatzen hasita, aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Epe hori igarotzean baimena berritu behar da eta, hala badagokio, elkarren segidako aldietarako eguneratuko da.
Ingurumen-baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin behar du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Seigarrena. Edonola ere, Administrazioak bere kabuz aldatu ahal izango du ingurumen-baimen bateratua, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuetan.
Artikulu horiek betetzearen kalterik gabe, ebazpen honen baldintzak ingurumena zaintzeko programan jasotakoak barne hartuta aldatu ahal izango dira, jardueraren sustatzaileak eskatuta, behar bezala justifikatuz gero. Gainera, ofizioz aldatu ahal izango dira honako egoera hauetan:
Araudi berria indarrean jartzen bada.
Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.
Zazpigarrena. Lezama Demoliciones, S.L.k ebazpen honen xede den instalazioan titulartasun-eskualdatzerik eginez gero, eskualdatze hori Ingurumeneko sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, onar dezan.
Zortzigarrena. Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:
Ez egiaztatzea, epe barruan, ebazpen honetako laugarren idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzen direla (ingurumen-baimen bateratuak ondorioak izateko ezarritakoak, alegia), non eta interesdunak ez duen epe-luzatzea eskatzen, behar bezala justifikatuta.
Lezama Demoliciones, S.L.ren nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan.
Baimena eraginkorra dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.
Bederatzigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Lezama Demoliciones, S.L.ri, Muskizko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Hamargarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Hamaikagarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hori guztia azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraiki (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 16a.
Ingurumeneko sailburuordea,
Ş ARANZAZU Leturiondo ARANZAMENDI.
Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko maiatzaren 6ko ebazpenaren bidez hasi zen Lezama Demoliciones, S.L.k Muskizko udal-barrutian sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako aurkeztutako proiektua eta ingurumen inpaktuari buruzko azterketa ingurumen-baimen bateratuaren prozeduraren esparruan sustatua jendaurrean jartzeko izapidea, eta eduki bereko zenbait alegazio-idazki aurkeztu dira.
Gainera, aipatu ebazpenean ezarritako epea agortu ondoren, Muskizko Udalak alegazio-idazki bat aurkeztu du.
Hurrengo ataletan egingo den analisian agerian geratuko da Ingurumeneko sailburuordetza honek, goiburuan adierazitako instalazioaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta ingurumen-baimen bateratua eman aurretik, behar bezala berrikusi dituela alegazioek instalazio horri buruz planteatutako ingurumen-alderdi guztiak. Horrenbestez, proiektuan jasotako neurri zuzentzaileen eta ingurumen-baimen bateratuaren prozedura honen bidez xedatutako neurri osagarrien helburua da instalazioak ingurumenean izan ditzakeen inpaktuak minimizatzea. Eskuragarri dauden teknika onenak baliatuko dira helburu hori lortzeko eta ingurumena, oro har, ondo babesteko.
Hurrengo ataletan zehaztasunez adieraziko da nola hartu diren kontuan aurkeztutako alegazioak. Jarraian laburtuko ditugu eskaera horiek, zenbait iruzkin erantsita:
Proiektua sartu behar zen findegi guztirako ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran, bai eta Petronorren unitate berrien proiektuaren («Fuel-olioak murrizteko unitateak - FMU proiektua») ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan ere.
Petróleos del Norte, S.A.k (Petronor) Muskizko, Zierbenako eta Abantoko udal-barrutietan sustatutako petrolioa fintzeko jarduerarako ingurumen-baimen bateratuaren prozedura amaitu zen Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko maiatzaren 6ko ebazpenaren bidez jarduera horretarako ingurumen-baimen bateratua eman zitzaionean.
Halaber, fuel-olioaren produkzioa murrizteko unitate berrien eta energia elektrikoa elkarsortzeko instalazioaren proiektua (FMU), Petróleos del Norte, S.A.k Muskizko udal-barrutian sustatua, amaitu zen Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko azaroaren 19ko ebazpenaren bidez proiektu horren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta ingurumen-baimen bateratua eman zitzaionean.
Ebazpen honen aurrekarietan jasota dagoen bezala, Lezama Demoliciones, S.L.k proiektu horren ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea eskatu zuen 2009ko urriaren 28an, eta orduan hasi zen espediente hori. Hortaz, bistakoa da ezin zela sartu lehen aipatutako prozeduretan, dagoeneko amaituta baitzeuden.
Adierazten da Petronorrek hondakin arriskutsuak murrizteko plana egiteko obligazioa duela, Ingurumeneko sailburuordetzaren 2010eko apirilaren 15eko ebazpenak, Petronorren ingurumen-baimen bateratua aldatu eta eraginkor egiten duenak, adierazitakoari jarraiki, eta kontraesan bat dagoela agindu horren eta proiektuaren artean, hondakinak kudeatzeaz gain haien ustiapen komertziala ere helburu baitu proiektu horrek.
Lezama Demoliciones, S.L.ren jarduera abiatzen da Petróleos del Norte, S.A.ren Muskizko findegian sortutako zenbait hondakin-mota tratatzeko premiari aurre egiteko. Proposatutako tratamendu-mota sartzen da balioa emateko jardueren artean; beraz, hondakinen zati bat aldatu eta egokitu egiten da, erregai gisa erabiltzeko, horretarako baimena duten instalazioetan.
Bestalde, egia da Petróleos del Norte, S.A.k hondakin arriskutsuak minimizatzeko azterketa bat egin behar duela lau urtean behin. Azterketa horretan kontuan hartu behar ditu sortzen dituen hondakin arriskutsu guztiak, ez soilik Lezama Demoliciones, S.L.k kudeatzen dituenak. Hondakinen sortzaileak azterketa hori egiteko obligazioa izateak ez du esan nahi hondakin horiek guztiak nabarmen murriztuko diren segurtasunik dagoenik. Betebehar horrek esan nahi duena da ekoizleak ahalegin guztiak egin behar dituela benetan hondakin gutxiago sortzeko, eta behar bezala justifikatu behar duela ahalegin horiek egin izana.
Ildo horretan adierazi behar da Petróleos del Norte, S.A.k Ingurumeneko sailburuordetza honi aurkeztutako azken txostenean, 2009ko uztailaren 3koan, Lezama Demoliciones, S.L.k kudeatutako hondakinei buruzko zenbait oharpen jasota daudela. Oharpen horien artean azpimarratzekoa da 2000 urtean 5.745 t lohi oliotsu sortu zirela (DAR instalaziokoak, andelak eta ontziak garbitzean sortutakoak eta zentrifugazio-jalkinak barne hartuta); hondakin horiek guztiak bizigabetu eta hondakindegi batera bidaltzen ziren ezabatzeko. Txostena egiteko unean (2009) hondakin horietako gehienei (5.030 t) desortzio termikoz eman zitzaien balioa; horrenbestez lortu zen hondakinek artean zeukaten berotzeko gaitasuna aprobetxatzea eta hondakindegira ez eramatea. Amaitzeko, txostenak adierazten du fuel-olioa murrizteko instalazio berri bat (FMU proiektuaren barnean) abian jartzea aurreikusi dutela, eta, instalazio horri esker, besteak beste, zentrifugazio-jalkinen bolumena murriztuko dela. Petróleos del Norte, S.A.k sortutako hondakin guztiak kontuan hartuta, txostenean adierazitako ondorioa da 2012an eutsiko diotela segurtasun-gordailuetara bidaltzen dituzten hondakin arriskutsuen proportzio txikiari (0,03 kg hondakin / Kt materia prozesatu; 331 t/urteko) eta instalaziotik kanpora bidaltzen dituzten hondakinak nabarmen murriztuko dituztela: % 49 murriztuko dituzte, 2008an sortutakoekin alderatuta; azken zifra 0,21 kg hondakin / Kt materia prozesatu (2.224 t/urteko) ingurukoa izatea espero dute.
Proiektua Muskizko San Julian auzotik 300 metrora dago, gutxi gorabehera, eta ezaugarri horiek dituen instalazio bat ezin da egon jendea bizi den hiri-eremutik 2.000 metro baino gutxiagora, RAMINP (jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen erregelamendua) oraindik ere indarrean dagoela ulertuta; izan ere, ez da onetsi legerik, horrelako jardueretarako 2.000 metroko muga hori ordezkatzen duenik.
Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen erregelamendua indargabetuta dago. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena zaintzeko 3/1998 Lege orokorrak, otsailaren 27koak, arautzen du jarduera sailkatuen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan. Araubide horrek ez du a priori arautzen gutxieneko distantziarik, industria-establezimenduek bete beharrekorik. Kontuan hartu behar da proiektu horrek bi prozedura izan dituela (alegia, ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena). Horrenbestez, kutsatzaile-emisioei eta ingurumenean eragindako ondorioei buruzko azterketa zorrotzak aplikatu zaizkio, zabaltasun nahikoa hartzen duen inguruan, eta prozedura horiek aise ordezkatzen dute distantzia jakin bat errespetatzea xedatzen zuen antzinako neurria. Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura igaro du, eta ez da hauteman ingurumen-inpaktu kritikorik airearen kalitatean, ez eta lantegiaren inguruko uren kalitatean ere; beraz, ez zaio irizten distantzia aintzat hartzen duen neurri gehigarriren bat beharrezkoa denik, ingurumena babesteko hartu diren gainerako neurriez gain.
Ez da hirigintza-bateragarritasunari buruzko nahitaezko txostena aurkeztu.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, agintzen du ingurumen-baimenaren eskaerarekin batera aurkeztu behar dela instalazioaren kokapenaren arabera dagokion Udalaren txostena. Txosten horretan Udalak adierazi behar du hiri-plangintzarekin bateragarria dela proiektua. Halaber, lege horren 15. artikuluak adierazten du Udalaren txostenaren ordez txosten-eskaeraren kopia aurkez daitekeela, Udalak ez badu txostenik egin hogeita hamar eguneko epean.
Espedientean jasota dago Lezama Demoliciones, S.L.k Muskizko Udalari egindako txosten-eskaeraren kopia. Eskaera horretan, enpresaren jarduera hiri-plangintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen hirigintza-txostena eskatzen zion Udalari.
Ez da azaltzen zergatik erabiliko den gasolioa, gutxiago kutsatzen duen beste erregairen bat erabili beharrean, esate baterako, gas likidotua.
Desortzio-ekipoak sufre gutxiko gasolioarekin funtzionatzen du, eta noiz edo noiz biodieselarekin (FAME). Oso gasolio gutxi erabiliko du (680 m3 / urteko) industria-prozesu arrunt gehientsuenetan erabili ohi diren errekuntza-ekipoek behar duten kantitatearen parekoa. Horregatik, gasolioa erabiltzea, eta ez bestelako erregaiak, ez da garrantzitsutzat jo instalazioaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitean.
Airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzaren Abantoko estazioan 2006ko neurketetan erregistratutako atmosferaren kutsadurari buruzko datuak aipatu ordez datu eguneratuagoak eman behar dira. Airearen kalitatea kontrolatzeko estazio bat dago Muskizko San Julian auzoan (jardueratik 300 metrora); 2010eko udaz geroztik funtzionatzen du, eta espedientean ez da aipatu ere egiten. Bestalde, Muskizko Udalak programa bat abian jarri du, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatearekin batera, airea kontrolatzeko bi estaziotan astean bitan konposatu organiko lurrunkorrak analizatzeko, eta datu horiek ematea beharrezkoa dela dirudi.
Proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan erabiltzen dira atmosfera-kutsadurari buruz 2002tik 2008ra bitartean erregistratutako datuak. Ingurumen-baimen bateratua 2009ko urrian eskatu zela kontuan hartuta, esan daiteke eskura zeuden datu egokienak erabili zituztela aurkeztutako dokumentazio horretan ingurua deskribatzeko, airearen kalitateari dagokionez.
Konposatu organiko lurrunkorrei (KOL) dagokienez, kontuan hartu behar da instalazio horren emisioak hutsalak direla; izan ere, instalazioan KOLak ezerezten dira.
Instalazio horrek eragingo duen atmosfera-kutsaduraren inpaktu sinergikoa kalkulatu behar da, atmosferan eragindako gainerako inpaktuak (findegi guztiaren funtzionamenduarena, fuel-olioak murrizteko unitatearena eta birsortze-instalazio berriarena) kontuan hartuta.
Lezama Demoliciones, S.L.ren instalaziorako aurreikusitako atmosferarako emisioak hutsalak dira, Petróleos del Norte, S.A.ren Muskizko findegiko emisioak, oro har, kontuan hartuz gero. Ez da ahaztu behar findegiko hondakinak kudeatzeko jarduera osagarria dela instalazioa. Bestalde, instalazioko emisio-fokuak garrantzi gutxikotzat jotzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-establezimenduekin, oro har, alderatuta. Igorriko diren emariak eta espero diren kutsatzaile-kontzentrazio txikiak aintzat hartuta, atera den ondorioa da ez dagoela instalazioaren metatze-eraginei edo eragin sinergikoei buruzko azterketen premiarik; hortaz, ingurumen-organoak ez dio inoiz eskatu sustatzaileari horrelako azterketarik.
Ur-kontsumoari dagokionez, adierazten da kontsumo horren zati bat euri-urak izango direla. Ez da kontuan hartu, ordea, ingurumen-baimen bateraturako prozeduretan Petronorrek emandako datuen arabera, euri-urak erabilera jakin batzuetarako esleituta zeudela, eta ekarpen horren kalkulua taula eta azterketetan ageri zela. Euri-ur erabilgarri gutxiago egoteak Petronorreko isurian izango duen inpaktua kalkulatu behar da.
Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazioak sareko ura, urak tratatzeko unitatean tratatutako eta egokitutako prozesu-ura eta Petronorren findegiko ur gordina kontsumituko du.
Prozesuan erabilitako uraren ia % 90 berriz erabiliko da, batez ere energia baxuko scrubberrean eta lurruna berreskuratzeko unitatean.
Euri-urak ez dira prozesura sartzen. Kutxatilen bidez bildu eta Petróleos del Norte, S.A.ren findegiko ur-sarera bidaltzen dira.
Azterketak dio Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazioak bere jarduera Petronorren findegiaren barruan egiten duenez, zaila dela instalazioak berariaz eragiten duen soinu-immisioa ebaluatzea. Halaber, adierazten du Lezama Demoliciones, S.L. 2009az geroztik ari dela jarduera hori garatzen, instalazio mugikor baten bidez, toki berean. Beraz, sortutako zarata-immisioen eraginak jasota egongo dira, oro har, Petronorrek ingurumen-baimen bateratua eskuratzeko egindako azterketan. Baina, orain arte, zarata horiek ez dira kontuan hartu findegiak sortutako zarata guztien multzoan.
Zaraten eragin negatiboa murriztea helburu hartuta, proposatzen da zarata horien mapa egitea, eta emisio horiek minimizatzeko hartu beharreko atxikitze-neurriei ekitea, bai pantailen bidez, bai emisio-fokuak kapsuletan sartzearen bidez.
Aurreko adierazpen horiek jasota daude sustatzaileak aurkeztutako dokumentuetan, Lezama Demoliciones, S.L.k ingurumen-organoaren eskakizunak bete izanaren kalterik gabe, aplikatu behar duen araudi berriaren arabera egin beharreko zaraten azterketari dagokionez. Horrenbestez, 2010eko maiatzean Lezama Demoliciones, S.L.ri eskatu zitzaion, besteak beste, jarduerak lursailaren mugan eta gertuen dauden etxebizitzetan eragindako zarata-immisioen kalkulua egitea, ingurumenaren indargabetze-gaitasuna oinarri hartuta (distantzia, hesi natural nahiz artifizialak). Horretarako, adierazi zitzaien abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuak, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzekoak, ezarritako kalkulu-metodoa, ingurumeneko zarata ebaluatzeari eta kudeatzeari dagokionez.
Horrenbestez, aurkeztutako dokumentazioan, zaraten azterketa osoa ageri da, zaraten immisio-foku nagusiak kontuan hartuta, eta foku horietan sortutako zarata-immisioek inguruan eragiten duten soinuaren kalkulua egin da, gertuen dauden etxebizitzak barne hartuta.
Ekipoen datuei eta emisio-fokuetatik lursailaren mugetara dauden distantziei erreparatuta, atera daitekeen ondorioa da Lezama Demoliciones, S.L.ren desortzio-instalazioaren jarduerak sortutako zarata-immisioaren eragina ez dela nabarmena, findegian gauzatutako jarduera guztien multzoan.
Bestalde, ebazpen honetan jasota daude sustatzaileak, bere jarduera gauzatzean, zaratari dagokionez errespetatu beharreko balio-mugak (hirugarren idatz-zatia, E.2.7).
Halaber, ingurumena zaintzeko programan xedatzen da sustatzaileak zarataren ebaluazioak egin behar dituela, aurkeztutako dokumentazioan zarata-foku garrantzitsuei loturiko ondorio negatiboak arintzearren planteatutako neurri teknikoen baliotasuna bermatzeko (hirugarren idatz-zatia, F.2).
Proiektuak ziurtzat jotzen du oraingo instalazioa eraitsi beharko dela. Halere, ez obren fasean, ez funtzionamendu fasean, ez da jarduera hori ebaluatzen.
Aurkeztutako dokumentazioan eraispenari buruz ageri diren aipamenak okerrak dira. Ebazpen honen «Aurrekariak» atalean jasota dagoen bezala, gaur egun Lezama Demoliciones, S.L.k desortzio termikoz tratatzeko instalazio bat dauka Muskizen, unitate mugikor baten bitartez Petróleos del Norte, S.A. findegiko hondakin jakin batzuk tratatzeko. Instalazio horrek hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimena dauka, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko abenduaren 23ko ebazpenaren bidez emana, eta lehendik zegoen instalazioa eraitsi zuen aurreko jabeak.
Proiektuak alternatibak aipatzen dituenean, adierazten du sistema horren abantaila dela «kamioi-trafiko gutxiago» izatea, baina ez du zehazten zer-nolako kamioi-trafikoa eragingo duen hautatutako aukera horrek. Proiektu horrek findegiaren egungo eta etorkizuneko jarduerari (egunean ehun-berrehun bat kamioi ibiliko dira) erantsiko dion gehiegizko trafikoaren eta horrek eragingo duen kutsaduraren ebaluazio sinergikorik ez da egiten.
Aurkeztutako dokumentazioak adierazten du kamioi-trafiko handiagoa eragiten dela bizigabetu eta hondakindegira eramanda, proposatutako desortzio termiko bidezko tratamenduarekin baino. Adierazpen horrek ez du xehetasunik ematen, baina bistakoa da bizigabetu eta hondakindegira eramateko tratamendu hori hizpide ditugun hondakin guztiei aplikatu beharko litzaiekeela, eta findegitik kanpo dauden instalazioetara eraman beharko liratekeela. «In situ» desortzioaren alternatiba aukeratuz gero, hondakinen zati txiki bat soilik eramaten da findegiko eremutik kanpora, eta horrek eragiten duen trafikoa hutsala da. Dena dela, Petróleos del Norte, S.A.ren jardueraren ondorioz eragindako kamioi-trafikoa da; izan ere, Lezama Demoliciones, S.L.ren jarduerak eragindako trafikoa produktu desorbatuaren garraioari soilik dagokio: urtean 1.000 t inguru, hau da, 125 kamioi gutxi gora behera.
Ez dago alternatiben azterketari buruzko informazio nahikoa. Egiatan, azaldutako alternatiba bakarra gaur egungoa da.
Lezama Demoliciones, S.L.k ingurumen-baimen bateratua eskatu du, gaur egun Petróleos del Norte, S.A.ren Muskizko instalazioetan daukan unitate mugikorra finko bihurtzeko. Beraz, logikoa da instalazio hori jartzeko beste lekurik ez planteatzea; izan ere, argi eta garbi dago aukeratutako tokia egokiena dela.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala, instalazioa jartzeko toki hori hautatzeak abantaila ukaezinak ditu ingurumenaren ikuspegitik: industria-lurzoruan dago, findegiko unitateekin batera, eta zerbitzu-sareak partekatzen dituzte; gainera, ez dakar industria-lurzoruak okupatutako azalera gehitzea. Lehen leku horretan zeuden instalazioen zati bat aprobetxatzen da, eta egungo instalazio mugikor hori jartzeko ez zen eremua prestatzeko premiarik izan, beharrezko obra zibila egina baitzegoen.
Bestalde, prozesu-alternatiben azterketa egiten du sustatzaileak, erabilgarri dauden teknika onenak erabiltzen direla justifikatzeko. Izan ere, proposatutako teknika desortzio termikoa Europako Batzordearen 2006ko abuztuko BREF dokumentuan («Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries») jasotako erabilgarri dauden teknika onenetako bat da. Teknologia horren alternatiba, lehen esan bezala, hondakinak bizigabetu eta hondakindegian ezabatzea da.
«Barbadungo Itsasadarra» Garrantzi Komunitarioko Lekua da eta proiektu honetatik metro gutxira dago; aipatzen da, baina ez da ebaluaziorik egiten. Halere, proiektuak inpaktu txikia duela jotzen da. Jardueratik 300 metro ingurura dagoen eremu babestu horretan eragingo diren ondorioak kontuan hartu behar dira.
Proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Lezama Demoliciones, S.L.ren instalazio guztia Petróleos del Norte, S.A.ren lursailean dago, Natura 2000 Sareko «Barbadun Itsasadarra» (ES2130003) dagoen tokiko mugetatik kanpo. Ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten duenez, atmosferara eta uretara bidaliko diren emisio-tasa urriak eta jardueraren ondorioz sortuko diren zaraten eta hondakinen tasa txikiak kontuan hartuta, aurreikusitako jarduerek ez dakarte inguruko balio naturalak aldatzea eta ez dute arriskuan jarriko «Barbadungo Itsasadarra» Garrantzi Komunitarioko Lekuko habitat guztien osotasuna. Ingurumen-organo hau ados dago adierazpen horrekin; hortaz, sustatzaileari ez zaio eskatu azterketa zehatzagoa egitea, jarduerak «Barbadungo Itsasadarra» Garrantzi Komunitarioko Lekuan eragin ditzakeen ondorioei dagokienez.
Scrubberretik datozen lurrun ahituen irteera aldatzea proposatzen da, ADTUko beheko errekuntza-ganberara bidaltzeko, han erre daitezen; hartara eragozten da hidrokarburoen balizko emisioak atmosferara igortzea, eta, gainera, egon daitezkeen usain-iturriak minimizatzen dira.
Ebazpen honetan xedatutakoaren arabera (ikus bigarren idatz-zatia) gas ahituak, hoztu ostean, ADTUko errekuntza-ganberara eramaten dira, han errausteko.
Material desorbatua lantzeko tokia itxita egotea proposatzen da, hauts-itxurako materiala baita.
Ebazpen honen hirugarren idatz-zatian (E.2.2) xedatutakoaren arabera, tratamenduan sortutako produktu desorbatua biltegiratzeko eta erabiltzeko kondizioek eragotzi behar dute haizearen eraginez produktua barreiatzea, bai eta lixibiazioak sortzea ere. Ildo horretan, sustatzaileak proposatzen du zinta garraiatzaileak eta torloju amaigabe estaliak erabiltzea, bai eta bilgarri iragazgaitzak ere.
Ikus-inpaktua arintzeko neurriak hartzea proposatzen da; esate baterako, inpaktu handiko eremuetan hosto iraunkorreko zuhaitzak landatzea, edo zuhaitz horiek eta lehen aipatutako zarataren aurkako pantailak batera erabiltzea.
Desortzio-instalazioa findegiko industria-egituraren barruan dago, eta 1.234 m2-ko lursail txiki bat hartzen du. Horrenbestez, industria-konplexuaren eremu txiki batean zuhaitzak landatzea ez da soluzio bideragarria instalazioaren ikus-integraziorako.
Dena dela, findegiaren ingurumen-baimen bateratuei buruzko prozeduren esparruan, Ingurumeneko sailburuordetzak aintzat hartu eta eskatu zuen instalazio hori paisaian integratzeko neurriak hartzea. Esate baterako, Barbadun ibaiaren parean, 3. instalazioko hozte-dorretik A-8ko biaduktura bitarteko zatian, zuhaitzak landatuko dira lursailaren kanpoko ertzean (lursailaren iparraldeko muga, «Barbadungo Itsasadarra» Garrantzi Komunitarioko Lekuarekin mugakidea). Hartara, industria-instalazioen ikus-inpaktua minimizatuko da, bai bidegorria erabiltzen dutenentzat, bai Barbadun ibaiaren ertzeko bidexkan ibiltzen direnentzat, bai BI-3794 errepidearen erabiltzaileentzat, bai San Juliango auzotarrentzat. Proiektuan bertako espezieak hautatu dira; hain zuzen ere, gertuko ingurunean berez garatzen diren zuhaitz eta zuhaixken multzoak: kantauriar artadiak, haltzadiak eta haran-hondoko hariztiak. Espezie horien artean hosto iraunkorreko zuhaitzak ere badaude.


