- EBAZPENA, 2012ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bitartez martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan araututako laguntzak finantzatzeko 2012ko ekitaldian esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa jakinarazten da, araudi horretan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten enpresei lanez kanpoko praktikak egin izanaren konpentsazio gisa, eta araudi horretan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langa - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2012ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Ebazpen honen bitartez martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan araututako laguntzak finantzatzeko 2012ko ekitaldian esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa jakinarazten da, araudi horretan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten enpresei lanez kanpoko praktikak egin izanaren konpentsazio gisa, eta araudi horretan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langa
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 162
- Hurrenkera-zk.: 3807
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/07/30
- Argitaratze-data: 2012/08/21
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 26. artikuluan, Enplegurako Lanbide Heziketaren lege-esparrua finkatzen da. Bertan adierazten da, enplegurako lanbideko azpisistemaren prestakuntza-ekintzen helburu dela lanbide-kualifikazioak eta -eskuduntzak eskuratzea, hobetzea eta etengabe eguneratzea, biztanleria aktiboaren bizitza osorako heziketa bultzatuz, eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta produkzio-sektoreen beharrak elkarren artean uztartuz.
Enplegurako lanbide-heziketako azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak azpisisteman bilatutako helburuak eskuratzeko behar dituzten heziketa-eskaintzako eta -programazioko bide diferenteak ezartzen ditu. Hala, 25. artikuluan, eta eskaintza-heziketaren barruan, bereziki langile langabeei zuzendutako heziketa-ekintzen oinarrizko erregulazioa biltzen da. Ekintza hauen helburu nagusia da produkzio-sistemak behar dituen enplegutan langabeak laneratzea.
395/2007 Errege Dekretuko 25. artikuluan bertan praktika egiten duten pertsonekin lan-erlaziorik sortuko ez duten laneko praktikak egiteko enpresekin akordioak bultzatzeko beharra adierazten da. Horren ondorioz enpresek praktikako ikasle/ordu bakoitzeko dirua jaso dezakete. Era berean, talde jakinentzako beka, garraio, mantenu, bizileku, eta laneko eta etxeko eginkizunak onez bateratzeko kontzeptu gisa, heziketa-ekintzetan parte hartuko duten langileei laguntzak ematea aurreikusi dute.
Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduak 395/2007 Errege Dekretua garatzen du eskaintza egiteari dagokionean. Gainera, lanez aparteko praktika profesionalak egiteagatik enpresei ordain ekonomikoak eta heziketa-ekintzak, eta heziketa horietan parte hartzen duten ikasleei laguntzak eta bekak finantzatzeko diru-laguntza publikoak ematea arautuko duten oinarriak erregulatzen ditu.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren mendeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izeneko erakunde autonomoa eskuduna da gaur egun, enplegu-programak kudeatzeko, enpleguaren inguruko heziketarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak sortzeko eta autoenplegua sustatzeko, kasurako indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarri bezala. 2011ko urtarrilaren 1ean lanean hasi zenetik, Lanbidek bere gain hartu zituen Euskal Autonomia Erkidegoari transferitutako funtzioen eta zerbitzuen kudeaketa, enplegurako lanbide-heziketaren, enpleguaren eta lanaren esparruan lan-legeria gauzatzeko.
TAS/718/2008 Agindua indarraldi mugagabeko araudia da. Halaber, Aginduaren III. Kapituluan arautzen dituzten ikasleentzako laguntzak eta bekak emateak, eta lanez kanpoko praktika profesionalak gauzatzeagatik enpresei ordain ekonomikoak emateak ez dute norgehiagokako erregimena jarraitzen, araudi honetan berariaz adierazten den moduan. Era horretan, laguntza horiek finantzatzeko urtero esleituko duten aurrekontu-kreditua, edo bere eguneratzearen ondoriozkoa, laguntza hauen muga izango da.
Azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegile bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.1 eta 2. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta indarraldi mugagabeko arauetan erregulatutako diru-laguntzen deialdien arabera artikulu honetako 5. paragrafoan xedatutakoa analogikoki aplikatuz, diru-laguntzaren jarduerak jarraitu behar duen publizitate-printzipioa betez, ekitaldi bakoitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartu ondoren, honako hau egin behar da: TAS/718/2008 Aginduaren III. Kapituluan araututako eskaintza osatzeko modalitateetan parte hartzen duten ikasleei laguntzak eta bekak ezagutzera eman, eta lanetik kanpoko praktika profesionalak burutzeagatik enpresei konpentsazio ekonomikoak finantzatzeko esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa ezagutzera eman, bai eta hura eguneratu ondoren gera daitekeen kopurua ere.
Era berean, publizitate eta segurtasun juridikoko printzipioak errespetatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko erakunde autonomoaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoak laguntza horien kudeaketa bere gain hartzean aplikatu beharreko diru-laguntzen erregimen juridikoarekin eta prozedurarekin lotutako alderdi jakinetako laguntzen onuradun potentzialak ezagutzera ematea komeni da. Halaber, aipatu behar da TAS 718/2008 Ordenan aurreikusitako laguntza hauek erregulatzen dituzten oinarriak osatu egin behar direla, diru-laguntzen programa hau gauzatzeko baldintza jakinak zehazteko. Baldintza horiek 2012ko ekitaldi honetan emandako diru-laguntzetan aplikatuko dituzte.
2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2012ko uztailaren 27an egindako bileran, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan erregulatzen diren aipatutako laguntzak 2012ko ekitaldian finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzea erabaki du, eta Erabaki horren edukiak ezagutzera emateko agindu du; hori baita Ebazpen honen helburua.
Hori guztia kontuan hartuz, hau
Lehenengoa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2012ko uztailaren 27 bileran, erakunde autonomoaren zuzendari nagusiak proposatuta eta aldez aurretik dagokion deliberamendua burututa, honako Erabaki hau hartu duela ezagutzera ematea:
Lehenengoa. Eskaintza osatzeko arloan martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan araututako laguntzak finantzatzeko 2012. urtean baliabide ekonomikoak esleitzea. Baliabide horiek esleituko dituzte lanetik kanpoko praktikak egiteagatik enpresei konpentsatzeko, eta araudi horietan erregulatutako eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langabeei laguntzak eta bekak emateko. Guztira, 1.000.000 euro emango dituzte, 2012ko ekitaldiaren ordainketa-kredituari dagozkionak, eta 3231Heziketa, 41. Atala-Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua programaren kargura izango dira.
Hala badagokio, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badituzte, kopuru hori handitu egin daiteke. Aldaketa horiek gertatzen badira, horren berri emango dute EHAAn argitaratutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez.
Esleitutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa edo gehikuntza ondoren finkatuko dena, laguntzak emateko muga izango da. Funtsak agortzen badira, EHAAn iragarriko dute Lanbideko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez.
Aurrekontu-kreditu honen bitartez, EAEko langabeei bereziki zuzendutako eskaintza-heziketako programazioen eta deialdien babesean diruz lagundutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langabeen laguntzak eta bekak ordainduko dituzte, baita kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duen heziketa-programa ere. Ekintza horiek guztiak 2011ko eta 2012ko ekitaldietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta kudeatzen ditu, 395/2007 EDren eta TAS 718/2008 Aginduaren arau-esparruan. Halaber, 2012ko ekitaldian emango eta ordainduko dituzten heziketa-zerbitzu horien barne dauden lanez kanpoko praktikak egiteagatik enpresei eman beharreko konpentsazio ekonomikoak ere ordainduko dituzte kreditu honen bitartez.
Bigarrena. Martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. Kapituluan jasotako diru-laguntzen banaketak erregulatzeko oinarri arautzaileak egokitzea eta osatzea, laguntza hauen kudeaketari buruzko zenbait alderdi barne hartzeko. Alderdi horietan eragina izango dute Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko diru-laguntzen erregimen juridikoko eta antolakuntzako araudien aplikazioek. Era berean, eragina izango dute 2012ko ekitaldi honetan emandako laguntzei aplikatuko dizkieten gauzatze-baldintza zehatzek ere. Hori guztia ondorengo termino hauetan:
Langile langabeentzako bekekin eta laguntzekin lotuta.
Garraiorako, bizilekurako, mantenurako eta laneko eta etxeko eginkizunak onez bateratzeko laguntzak eta bekak aurkezteko eskaerak eta epea.
Diru-laguntza hauek lortzeko eskaerak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan (Atxortegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz; 01009 PK) eta Lanbideko enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, http://www.lanbide.net webgunean eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.
Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.
Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Hiri barruko garraio publikoko laguntza jasotzeko: etxetik ikastetxera joateko garraio publikoa erabiltzeko beharrari buruzko ardurapeko aitorpena.
Hiriarteko garraio publikoa erabiltzeko laguntza jasotzeko:
Lehen egunean erabilitako garraio publikoko joan-etorriko txartelak.
Errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.
Norberaren ibilgailuan garraiatzeagatik laguntza jasotzeko: errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.
Mantenurako laguntza jasotzeko:
Lehen egunean erabilitako garraio publikoko joan-etorriko txartelak.
Errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.
Mantenurako eta ostatu hartzeko laguntza jasotzeko:
Garraio-frogagiriak.
Errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.
Errentamendu-kontratua, ostatuko faktura edo ostatu hartu dutela egiaztatzeko beste edozein baliabide.
Laneko eta etxeko eginkizunak onez bateratzeko laguntza jasotzeko:
Familia-liburuaren edo ahaidetasun-mailaren ziurtagiriaren kopia konpultsatua.
Mendetasun-egoera aintzat hartzen duen dokumentuaren kopia konpultsatua. Dokumentu horrek administrazio-agintaritzak edo agintaritza judizialak emandakoa izan behar du.
Familia-unitateko kide guztien diru-sarreren egiaztagiria.
Interesduna bestelako prestaziorik jasotzen ari ez dela adierazten duen erantzukizunezko edo zinpeko aitorpena.
Lanbidek emandako Errenten adierazpenaren inprimakia, betea eta sinatua.
Etxebizitza berean erroldatuta dauden pertsona guztiak bilduko dituen erroldatze-ziurtagiria.
Lanbidek emandako saririk kobratzen ez dutenaren ardurapeko aitorpenaren inprimakia, betea eta sinatua.
Bekak eta laguntzak eskatzeko agiriak aurkezteko hilabeteko epea izango du partaideak heziketa-ekintzan parte hartzen hasten denetik hasita. Heziketa-ekintzan zehar langabeak minusbaliotasun-izaera eskuratuko balu edo genero-indarkeriako biktimaren izaera lortuko balu, baldintza horiek betetzen dituztenentzako zuzendutako beka eskatu ahal izango du, izaera berezi hori eskuratzen duen legezko dataren ondorengo hilabetearen epean.
Eskaera hori dagokion heziketa-ekintza ematen duten lehen hilabete naturalean eskolan egondako egunei lotutako bekari eta/edo laguntzari lotua egongo da.
Hilabete natural bakoitzeko azken egunean eskaera automatikoki eta baldintza berberekin berrituta dagoela ulertuko da, eskatzaileak epe horretan dagozkion heziketa-ekintzetan parte hartu badu. Lanbidek eskatzailea eskoletan izan dela egiaztatuko du ofizioz.
Emateko eta ordaintzeko prozedura, kudeaketako, ebazpeneko eta baliabidetako organoak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Diru Sarreren Bermerako eta Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzak kudeatuko eta bideratuko ditu eskaerak, eta erakunde autonomo honetako Zuzendari Nagusiak izango du eskaerak ebazteko eskuduntza.
Aurreko hilean laguntzak jaso dituzten pertsonak heziketa-ekintzetara bertaratu diren egunak Zuzendari Nagusiak hilero egiaztatu ondoren, eman beharreko bekaren edo laguntzaren zenbatekoaren inguruan ebatziko du eta bertan finkatutakoa ordainduko dute.
Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak aurkeztutako ordena errespetatuz onartuko dituzte, behin betiko osatzen dituzten neurrian eta helburu horretarako onartutako aurrekontu-kopurua agortu arte. Baliabide ekonomikoak agortzen diren hilabetean, baliabide horiek laguntzak ordaintzeko esleituko dituzte, dagozkien heziketa-ekintzak hasteko daten ordena kontuan hartuz eta bertan parte hartzen dutenen hasierako eskaera aurkezteko data kontuan hartuz.
Hilero eman beharreko beka eta laguntzei buruzko erabakia ebazpen bakar batean bilduko dute, eta Lanbideren web orrian argitaratuz jakinaraziko dute. Bertan, laguntza jasoko duten pertsonen izenak eta jasoko duten kopurua adieraziko dituzte. Eskatutako beka edo laguntza ez emateko Ebazpenak banaka jakinaraziko dituzte.
Hasierako diru-laguntza eskatzen duten datatik eta automatikoki berritutako eskaera bakoitzetik sei hilabeteko epea edukiko dute Ebazpena emateko. Epe hori igarota, eskaera onetsi dutela ulertuko da administrazio-isiltasunagatik, horren inguruan berariazko ebazpena egokituko ez balitz.
Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.
Baldintza espezifikoak eta beken eta laguntzen zenbatekoak.
Ondoren aipatuko ditugun langabe hauek bertan adierazitako kopuruagatik jaso ahal izango dute beka:
Pertsona minusbaliatuek, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enplegu-eskaeran baldintza hori frogatuta badago.
Beka horren arabera, eskatzaileak heziketa-ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko 9 euro jasoko du, gehienez.
Genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek, azaroaren 21eko 1917/2008 EDren 7.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-eskaeran baldintza hori frogatuta badago.
Beka horren arabera, eskatzaileak heziketa-ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko 10 euro jasoko du, gehienez.
Hiri barruko garraiorako laguntzaren kasuan, bertaratutako egun bakoitzeko, gehienez, 1,5 euro emango dute.
Hiriarteko garraio publikorako laguntzaren kasuan, joan-etorriko txartelen kostu osoa jasotzeko eskubidea izango dute. Horretarako, aipatutako txartelak aurkeztu beharko dituzte. Heziketa-ekintzaren ordutegirako egokia den garraio publikorik ez badago, norberaren ibilgailuan joateko baimena emango dute, egunero kilometro bakoitzeko 0,19 euro ordainduz.
Mantenu-laguntzari dagokionean eskola-egun bakoitzeko, gehienez, 12 euro ordainduko dizkiete. Ekintza goiz eta arratsaldez ematen denean, mantenurako eskubidea izango dute, betiere bai joateko eta bai etortzeko ibilbideak 50 kilometrotik gorakoak badira.
Ostatu- eta Mantenu-laguntzari dagokionean, egun natural bakoitzeko, gehienez, 80 euro ordainduko dizkiete, eta langabeak, eskolara joateko eta itzultzeko ehun kilometro edo gehiago egin behar dituenean emango diote, eta dagoen garraio-sareagatik eskolen aurretik eta ondoren joan-etorriak egunero egin ezin baditu. Azken egoera hau ematen ote den aztertuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegu Prestakuntzako Zuzendaritzak.
Kasu horretan, ikasleak hasierako eta amaierako bidaiak egiteko klase ekonomikoko garraio-txarteletarako eskubidea izango du. Ostatu hartzeko gastua hainbat ikaslek partekatzen badute, laguntza pertsona horien artean banatuko dute proportzioan. Jasotako laguntzek ezingo dute ostatu hartzeak eragindako kostu erreala baino handiagoa izan.
Laneko eta etxeko eginkizunak onez bateratzeko laguntza egunero IPREMen % 75ekoa izango da, eskolara joandako egun bakoitzeko.
Errenta-gabeziako baldintzak betetzeko helburuarekin, beste hainbaten artean, diru-sarrerak bermatzeko errenta zenbatuko dute.
Lanez kanpoko praktikak egiteagatik enpresentzako konpentsazioekin lortuta.
Lanez kanpoko praktikak burutzen dituzten lantokiko enpresa titularrek, ikasle eta praktika-ordu bakoitzeko 4 euroko konpentsazio ekonomikoa jaso ahal izango dute.
Baldintza orokorrak.
Beken eta laguntzen bateragarritasun-erregimena, eta enpresentzako konpentsazioak.
Akordio honetan aipatzen dituzten bekak, laguntzak eta enpresentzako konpentsazioak, bateraezinak izango dira helburu berarekin Administrazio Publiko honek edo beste edozeinek, edo entitate publiko edo pribatuek eman ditzakeen beste batzuekin.
Aplikatzeko diru-laguntzen inguruko araudi orokorra.
Laguntza-programa honi aplikatu behar zaizkio, batetik Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako diru-laguntza erregimen juridikoa, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horren kudeaketan laguntzen duten erakundeen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa. Horien bitartez, laguntzen onuradunen obligazioak, laguntza horiek itzultzeko arrazoiak eta prozedurak, bermeen araubideak eta zigor-araubidea erregulatzen dituzte beste hainbat gauzaren artean.
Bigarrena. Jakinaraztea Ebazpen honen bidez ezagutzera ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak ondorioak izango dituela Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Hirugarrena. Jakinarazi behar dugu Ebazpen honen bidez ezagutzera ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako Erabakiaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dela organo horretan bertan ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, edo zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 30a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JAVIER RAMOS SALAZAR.


