- 22/2013 EBAZPENA, uztailaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu22/2013 EBAZPENA, uztailaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 165
- Hurrenkera-zk.: 3794
- Xedapen-zk.: 22
- Xedapen-data: 2013/07/08
- Argitaratze-data: 2013/08/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko hitzarmena, Vitoria-Gasteizen sustapena finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen egoitza den aldetik; I. eranskinean jasotzen da.
Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eta Gabiriako Udalaren artekoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko. (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak Udal Erregistroetan aurkezteko lankidetza), II. eranskinean jasotzen da.
Hitzarmena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Erakundeen artekoa hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan. Hitzarmena, Arraia-Maeztuko Udalaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, III. eranskinean jasotzen da.
Euskal Estatistika Erakundearekin eta Estatistikako Institutu Nazionalarekin lankidetza hitzarmena. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko etxerik gabeko pertsonei buruzko inkesta, 2012. urtekoa, egitea, IV. eranskinean jasotzen da.
Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena, Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko dena; V. eranskinean jasotzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 8.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ
Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 2a.
BILDUTA:
Alde batetik, Iñigo Urkullo jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordez.
Eta bestetik, Javier Maroto Aranzabal jauna, Vitoria-Gasteizko Udalaren alkate-udalburua.
Bi ordezkariek gaitasun juridiko nahikoa aitortzen diote elkarri; horrenbestez, dokumentu hau sinatzen dute, ordezten dituzten erakundeen izenean, eta
ADIERAZI DUTE:
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, xedatutakoari jarraiki, «Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez finkatuko da Euskal Herriko Autonomia Erkidego osorako erakundeen egoitza Autonomia Erkidegoaren lurralde barruan».
Xedapen hori oinarri hartuta, maiatzaren 23ko 1/1980 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitzari buruzkoak, Vitoria-Gasteiz izendatu zuen Eusko Legebiltzarraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuaren egoitza.
Horrenbestez, Vitoria-Gasteizko Udalak, erakunde erkideen (Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra) eta haiei lotutako gainerako erakundeen (Arartekoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia...) egoitza den aldetik, gastu arruntak dakartzaten jarduerak egin behar ditu hainbat arlotan: segurtasuna eta babes zibila (ekitaldi publikoak), hirigintza eta espazio publikoen mantentze-lanak, historia-ondarearen babesa eta hiriburuaren irudia hobetzea. Jarduera horiek udal-aurrekontuetan eragiten dute eta Udalak ezin die gastu hori benetako erabiltzaileei ordainarazi.
Testuinguru horretan, egungo Jaurlaritzak, eta haren barruan Herri Administrazio eta Justizia Sailak toki-araubidean eskumenak dituenak, Lehendakariaren 20/2012 Dekretuak, abenduaren 15ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki X. legealdi honetan Vitoria-Gasteiz sustatzeko borondatea azaldu du, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik.
Horretarako, apirilaren 7ko 7/1985 Legeak, toki-araubidearen oinarriak arautzen dituenak, 25. artikulutik 28. artikulura bitartean xedatutakoari jarraiki, Vitoria-Gasteizko Udalaren eskumenen alorrean finantzatu nahi dira Vitoria-Gasteizko Udalak izan ditzakeen gastu arruntak, udal-aurrekontuetako I. eta II. kapituluei dagozkienak, baldin eta helburu hauek badituzte, oro har: hiri-inguruneari egoera ezin hobean eustea, herritarren eta hainbat arrazoigatik hiria bisitatzen duten pertsonen segurtasuna, eta zerbitzu publikoak oro har hobetzea helburu duten gastuak.
Horregatik guztiagatik, guztien interesei erreparatuz eta abagunea aintzat hartuta, baliabideen erabileran efizientzia handiagoa lortzea helburu izanik, lehen aipaturikoek Lankidetza Hitzarmena sinatzen dute, honako klausula hauetan adierazitakoaren arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Xedea.
Hitzarmen honen helburu nagusia da aldeen eskubide eta betebeharrak arautuko dituen esparru juridikoa ezartzea, azken helburua lortzeko; alegia, Vitoria-Gasteiz sustatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Aurrekontu Orokorren bidez, helburu horretarako erabiliko duen zenbatekoarekin ordainduko dira Vitoria-Gasteizko Udalak egingo dituen udal-aurrekontuko I. eta II. kapituluetako gastuak, oro har xede hauetarako izango direnak: hiri-inguruneari egoera ezin hobean eustea, herritarren eta hainbat arrazoigatik hiria bisitatzen duten pertsonen segurtasuna, eta zerbitzu publikoak oro har hobetzea helburu duten gastuak. Horiek guztiak Vitoria-Gasteiz Eusko Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza gisa sustatzeagatik eragindako gastuak izango dira. Izan ere, maiatzaren 23ko 1/1980 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitza izendatu zen Vitoria-Gasteiz.
Bigarrena. Aldeen konpromisoak.
Hitzarmen hau gauzatzeko, alde sinatzaileek honako konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain:
Herri Administrazio eta Justizia Sailak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
Bost milioi euroko (5.000.000) ekarpen ekonomikoa egitea Hitzarmen honen iraunaldiko urte bakoitzean; hau da, 2013, 2014, 2015 eta 2016 ekitaldietan. Diru-laguntza hori Lehenengo klausulan zehaztutako gastu arruntak ordaintzeko erabiliko da.
Hitzarmen hau egoki gauzatzeko behar diren koordinazio-mekanismoak antolatzea.
Hitzarmen honen xedea betetzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekintza oro garatzea eta gauzatzea.
Laugarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordea eratzea eta lideratzea.
Vitoria-Gasteizko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
Emandako ekarpen ekonomikoa erabiltzea laguntzaren xede diren gastuak ordaintzeko.
Herri Administrazio eta Justizia Sailari helaraztea jarduerak gauzatzearen ondorioz egin beharreko administrazio-kudeaketarako eskatutako datu guztiak.
Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jardueren menpe egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratutako diru-laguntzei dagokienez. Halaber, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe egotea.
Gastuak justifikatzea, Hirugarren klausulan xedatutakoari jarraituz.
Laugarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordean aktiboki parte hartzea, eta hari jakinaraztea laguntza jasotzeko baldintzetan gerta daitekeen aldaketa oro.
Emandako diru-laguntzaren publizitateari eta zabalkundeari buruz Seigarren klausulan ezarritako eginbeharrak betetzea.
Laugarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari eta diru-laguntza kudeatzeaz arduratuko den organoari jakinaraztea helburu bererako jasotako diru-laguntza, diru-sarrera zein baliabideak, edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatuk emandakoak aintzat hartuta.
Hirugarrena. Ordaintzeko modua eta justifikazioa.
Urte bakoitzean eman beharrekoa ordainduko da, egindako gastua diru-laguntzaren xedea betetzeko baliatu dela egiaztatu ondoren. Horretarako, faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, edota ordaindutako zenbatekoen ziurtagiri xehatua, Udalbatzarreko idazkari nagusiak nahiz udaleko kontu-hartzaile nagusiak egina. Diru-laguntzaren ordainketa partzialak egin ahal izango dira, betiere egindako gastuak justifikatuz gero, adierazitakoari jarraituz.
Dena dela, urte bakoitzari dagokion zenbatekoa justifikatu beharko da dagokion ekitaldiko abenduaren 31 baino lehenago. Gastua epe horretan egiten ez bada, edota gastua egin dela egiaztatzen duen agiririk aurkezten ez bada adierazitako epean, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, justifikatu gabeko zenbateko horri dagokionez behintzat.
Nolanahi ere, Vitoria-Gasteizko Udalak bost urtez gordeko ditu Hitzarmen honen xedea gauzatzeko gastuak egiaztatzeko agiri guztiak, eta Eusko Jaurlaritzaren esku egongo dira dokumentu horiek, egin beharreko egiaztapenak egin ditzan.
Laugarrena. Hitzarmenaren jarraipen batzordea.
Emandako finantziazioaren jarraipena egingo duen Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde horretan lau ordezkarik parte hartuko dute: Herri Administrazio eta Justizia Saileko bi ordezkari, eta Vitoria-Gasteizko Udaleko bi ordezkari. Eusko Jaurlaritzak beste sail batzuetako langileei deitzeko aukera izango du, aholkulari gisa, Hitzarmen honen bidez araututako finantziazioari emandako xedea egiaztatzearekin lotuta baldin badaude.
Jarraipen Batzordearen lehendakaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskuetan egongo da; hain zuzen, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzako ordezkari baten eskuetan. Idazkari-lanak Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzara atxikitako langileek beteko dituzte.
Batzordeak berak onartzen dituen funtzionamendu-arauen arabera arautuko da klausula honetan finkaturiko Batzordea, eta arau horiek errespetatuko dituzte azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Prozedura Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, II. Tituluaren II. Kapituluan kide anitzeko organoentzat aurreikusitako xedapenak.
Bosgarrena. Konkurrentzia.
Vitoria-Gasteizko Udalak jasotako ekarpen ekonomikoa bateragarria da helburu eta xede bererako beste administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako ekarpenekin. Edonola ere, ekarpen ekonomikoen zenbatekoek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren guztirako kostua.
Laguntzen batura handiagoa izanez gero aipatu kostua baino, soberakin hori bateraezina dela joko da, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailak eman beharreko zenbatekoari kenduko zaio.
Seigarrena. Publizitatea eta zabalkundea.
Vitoria-Gasteizko Udalak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik, udalerriari buruz hedatutako informazio, komunikazio, publizitate eta zabalkunde-jarduera orotan, berariaz adieraziko da Vitoria-Gasteiz EAEko erakunde erkideen egoitza gisa sustatzeko finantziazioa Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak eman duela, eta Eusko Jaurlaritzaren logotipo ofiziala erantsiko da, Sailaren izena adierazita, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duenak, xedatutakoari jarraituz.
Klausula hau betetzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren bidez, errekerimendua helaraziko dio Vitoria-Gasteizko Udalari, adostutakoa betetzeari ekin diezaion. Behin eta berriz hausteak (bitan baino gehiagotan hautsi bada, hala dela joko da) urte horri dagokion diru-laguntza kentzea eragin dezake.
Zazpigarrena. Hitzarmenaren izaera juridikoa eta interpretazioa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta herri-administrazioen arteko lankidetza hitzarmenei aplika dakiekeen antolamendu juridikoaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena. Zehazki, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Prozedura Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 9. artikuluan xedatutakoaren eta aplikatu beharreko toki-araubidearen arabera arautuko da.
Hitzarmen honek berak edo hitzarmena betearazteak sortarazitako interpretazio-arazoak Jarraipen Batzordeak konponduko ditu Laugarren klausulan esandakoari jarraiki, eta, hala ezin baliteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eskumena izango dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duenak, xedatutakoaren arabera.
Zortzigarrena. Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2016ko abenduaren 31ra arte iraungo du indarraldiak.
Bederatzigarrena. Hitzarmena ez betetzea eta hutsaltzea.
Vitoria-Gasteizko Udalak jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko betebeharra betetzen ez badu, ekarpen ekonomikoa jasotzeko bete beharreko baldintzak, ekarpenaren helburua, ekarpen ekonomikoa emateko ezarritako baldintzak, edo oro har hitzarmen honetan ezarritako baldintzak bete gabe jasotzen badu ekarpen ekonomikoa, itzuli egin beharko ditu jasotako kopuruak gehi laguntzak ordaindu direnetik aplikatzekoak diren legezko interesak. Horretarako, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak eta betebeharrak xedatzen dituenak ezarritako prozedura jarraituko da. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Eta adostasuna adierazteko, hitzarmen hau izenpetzen dute parte-hartzaileek, bi aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Vitoria-Gasteizko Udalaren alkate-udalburua,
JAVIER MAROTO ARANZABAL.
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA GABIRIAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN 30/1992 LEGEAREN 38.4.b) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO. (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA).
Vitoria-Gasteizen, 2013ko maiatzaren 8an.
BILDU DIRA
Batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua dena, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, eta bestetik,
Ibon Elgarresta Asurabarrena, Gabiriako Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.
Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen Testu Bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.
Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako hau
ADIERAZTEN DUTE
30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administraziotakoak, dela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki-Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.
Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Gabiriako Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da hitzarmen hau dela medio.
Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute. Hona hemen hitzarmenaren
KLAUSULAK:
Lehenengoa. Hitzarmen honen helburua da EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Gabiriako Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.
Bigarrena. EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako lotutako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Gabiriako Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesatuek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Hirugarrena. Gabiriako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
EAEko Administrazioko Organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.
EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesatuaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.
Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.
Laugarrena. EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
Gabiriako Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.
Gabiriako Udalari baliabide egokiak ematea, berorrek, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.
Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.
Bosgarrena. Baldin eta, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.
Seigarrena. Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.
Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.
Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Gabiriako Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.
Zazpigarrena. Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.
Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesatuek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.
Gabiriako Udaleko alkate-lehendakaria,
IBON ELGARRESTA ASURABARRENA.
Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria eta ordezkari gisa, eta
Bestetik, Angel Marcos Perez de Arrilucea Perez de Leceta jaunak, Arraia-Maeztuko Udaleko Alkatea eta ordezkari gisa.
ADIERAZI DUTE:
10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.
6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.
Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz.»
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.
Arraia-Maeztuko Udalak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).
Hori guztia ikusita, Arraia-Maeztuko Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza helburuak lortzeko.
Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Arraia-Maeztuko Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.
HITZARMENAREN HELBURUA
Lehenengoa. Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Arraia-Maeztuko Udalak beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.
Bigarrena. Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:
Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.
Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.
Terminologia juridiko-administratiboa.
Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.
EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA4.HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK
Hirugarrena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Arraia-Maeztuko Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.
Laugarrena. Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006eko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.
Bosgarrena. Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.
Seigarrena. Arraia-Maeztuko Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.
EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK
Zazpigarrena. 1. Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.
Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. Kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.
Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.
TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA
Zortzigarrena. Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.
Arraia-Maeztuko Udalak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.
Arraia-Maeztuko Udalak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.
EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA
Bederatzigarrena. Arraia-Maeztuko Udalaak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Arraia-Maeztuko Udalaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.
Arraia-Maeztuko Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Arraia-Maeztuko Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzan.
Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.
KLAUSULA OROKORRAK
Hamargarrena. Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.
Hamaikagarrena. Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.
Hamabigarrena. Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.
Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2013ko maiatzaren 27an.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik,
MARIA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
Arraia-Maeztuko Udalaren aldetik,
ANGEL MARCOS PÉREZ DE ARRILUCEA PÉREZ DE LECETA.
Alde batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jauna, Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakaria (aurrerantzean INE), institutu horren izenean eta ordez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 6. artikuluan eta hamahirugarren xedapen gehigarrian, eta maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatistikako Institutu Nazionaren Estatutuko 5.2.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta ordez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak ematen dizkion eskudantziak betez, Gobernu Kontseiluak 2013ko apirilaren 30ean emandako baimena dela bide.
ADIERAZTEN DUTE:
INE eta Eustat elkarlanean ari dira estatistika esparruan, eta bi alderdiak daude emaitzekin pozik.
Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-bazterketako prozesuak hobeto ezagutu nahi dituzte, bai eta etxerik gabeko pertsonei arreta emateko zentroen ezaugarriei buruzko azterlan bat eskuratu ere. Horrenbestez, eta kontuan hartuta Konstituzioko 149.1.31 artikuluaren arabera Estatuak estatu-xedeko estatistiketan eskumen esklusiboa duela eta abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsi zuen Euskal Autonomia Estatutuko 10.37. artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak bere xedeetarako estatistiketan eskumen esklusiboa duela, komenigarria da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa horren gaineko jarduera publikoa koordinatzea, beharrezko ez diren bikoiztasunak saihesteko.
Aipatutako helburuak bi bide erabiliz lortu nahi dira: a) Etxerik gabeko pertsonei arreta emateko zentroen ezaugarriei buruzko 2012ko estatistika, abenduaren 7ko 1658/2012 Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatistikako 2013-2016 Plan Nazionalean jasota dagoena; b) Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideei buruzko eragiketa, maiatzaren 22ko 78/2012 Dekretuaren bidez (gaur egun oraindik indarrean dago) onartutako Estatistikako 2012ko Urteko Programan jasota dagoena.
Lankidetza-hitzarmen honen bidez, klausuletan zehaztutako akordioen bidez ikerlan bakar bat egin nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, dagozkien estatistika-planetan aurreikusitako helburua betetzeko beharrezko informazioa lorturik, estatistika-eragiketan bikoiztasunik ez gertatzeko, horrek baliabide publiko gutxiago erabiltzea ekarriko baitu.
KLAUSULAK
Lehena. Lankidetza-hitzarmenaren helburua
Hitzarmen honen helburua INE eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea da, erakunde horiek Etxerik gabeko pertsonei arreta emateko zentroei buruzko estatistika (2012) egin dezaten Euskal Autonomia Erkidegoan.
Estatistika etxerik gabeko pertsonei lojamendu- edota elikadura-zerbitzuak ematen dituzten zentroei zuzenduta dago. Zerbitzu horiek doan, oso gutxi ordainduta edo lan bat egitearen truke jasotzen dituzte pertsona horiek. Estatistikaren helburua zerbitzu horren ezaugarriak ezagutzea da, hala nola eskainitako prestazioa, zerbitzua jasotzen duen populazioa, finantza-iturriak, giza eta finantza baliabideak eta zentroen ezaugarriak.
Bigarrena. Metodologia eta galdetegia
Euskal Autonomia Erkidegoan, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko zentroei buruzko 2012ko estatistika INEk emandako zehaztapen metodologikoak betez egingo da (zehaztapen horiek Eustatekin adostuta egongo dira). Horrela, estatistikaren emaitzak behar bezain fidagarriak izango dira Estatu osorako.
Euskal Autonomia Erkidegoan ikertu beharreko zentroen direktorioa Eustatek eguneratuko du. Eguneratze horren ondotik, INEk behin betiko direktorioa egingo du, bi erakundeek adostu beharko dutena.
Edukiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan erabili beharreko galdetegia Estatu osoarentzako bera izango da. Baina Eustatek eranskin propio bat gehitu ahal izango du, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat soilik interesgarria den informazioa biltzeko. Galdetegiak elebidunak izango dira (gaztelania eta euskara) eta hitzarmena sinatzen duten bi erakundeen anagramak erantsi beharko dira guztietan.
Hirugarrena. Inkestaren sustapena
Eustatek estatistika sustatzeko gutun bat bidaliko die estatistikan parte hartu behar duten zentro guztiei, Euskadin inkesta hori zein modutan egingo den azaltzeko. Gutuna gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo da eta bi erakundeetako ordezkariek sinatuko dute, hau da, Estatistikako Institutu Nazionaleko Plangintza, Koordinazio eta Estatistika Zabalkundearen zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuko dute.
Laugarrena. Datuen bilketa, grabazioa eta arazketa
Eustatek izango du galdetegiak biltzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoan. Bilketa-lana 2013ko bigarren hiruhilekoan egin beharko da.
Eustatek bere gain hartuko du galdetegiak biltzeko beharrezko aplikatiboak sortzeko ardura, bai eta galdetegiak itzultzekoa ere.
Galdetegiak bildu bitartean, Eustatek eskuz eta automatikoki araztu eta balioztatuko ditu galdetegiak, ezarritako arau eta zehaztapen metodologikoei jarraikiz. Prozesu hori 2013ko ekainaren 15a baino lehenago bukatu behar da.
2013ko ekainaren 15a baino lehenago, Eustatek INEri bidaliko dio, ustia dezan, azken fitxategi araztua, INEk aurretiaz ezarritako erregistro-diseinuari egokitua. Epe horretantxe, direktorioari buruzko datuak bildu bitartean gertatutako gorabeheren laburpen bat bidaliko du (altak, bajak, aldaketak).
INEk fitxategia jasotzen duenetik zenbatzen hasiko den 15 eguneko epean Eustati jakinaraziko dio azken fitxategi hori onesten den edo, aitzitik, fitxategian zein funsgabetasun antzeman diren. INEk fitxategia onesten ez badu arrazoiak eman behar izango ditu; ondoren, Eustatek azken fitxategia egiteko beharrezkoak diren erregistroak aldatuko ditu ezartzen den epearen barruan eta biek horren gaineko erabakiren bat adostu ostean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren behin betiko fitxategia, ondorio guztietarako, estatistikaren emaitzen barruan sartuko da.
Bosgarrena. Informazioa zabaltzea
Bai INEk bai Eustatek, bakoitzak bere helburu eta eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten taulak eta emaitzak argitaratu ahal izango dituzte, betiere klausula honetan ezartzen diren zehaztapenekin.
INEren behin betiko fitxategietatik lortutako zabalkundeko produktu guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: INE Eustat Euskal Estatistika-Erakundearekin lankidetzan Euskal Autonomia Erkidegoan».
Era berean, Eustaten behin betiko fitxategietatik lortutako zabalkundeko produktu guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: Eustat INE Estatistikako Institutu Nazionalarekin lankidetzan Euskal Autonomia Erkidegoan».
INEk ez dio jakinaraziko autonomia-erkidegoa baino beherago dagoen maila bati Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko informaziorik. Gainera, INEk Euskal Autonomia Erkidegoari buruz egiten duen hedapen estandarra gainerako autonomia erkidegoetarako egindako bera izango da.
Eustatek, Euskal Autonomia Erkidegoaren helburuak eta eskumenak gauzatzeko, autonomia erkidegoarena baino beheragoko mailan dauden estatistika-emaitzak hedatu ahal izango ditu desagregazio maila eta, betiere, sekretu estatistikoa errespetatzen baditu.
INEk Eustati jakinarazi behar dio azken fitxategia onartzen duela. Lehenago, bi erakundeek ezin izango dituzte zabaldu, ez partez, ez osorik, emaitzak, «behin-behineko emaitza»-tzat joko baitira, eta hala adierazi behar da, berariaz.
Bi erakunde sinatzaileek batera zabalduko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko behin betiko emaitzak, biek aurretiaz ezarritako egunean.
Seigarrena. Estatistika-sekretua
Eustatek eta INEk bere gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute, baina horrez gain, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte.
Zazpigarrena. Segimenduko Batzordea
Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat sortu da. Hona hemen batzordea osatzen duten ordezkariak:
INEren ordezkariak:
Sektoreetako Gizarte Estatistiketako zuzendariorde nagusia.
Laginketaren eta Datuen Bilketaren zuzendariorde nagusia.
Plangintza, Koordinazio eta Estatistika Zabalkundearen Zuzendaritza Nagusiaren ondoko zuzendariorde nagusia.
Eustaten ordezkariak:
Ekoizpeneko eta azterketa estatistikoko zuzendariordea.
Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.
Arlo Juridiko eta Administratiboko arduraduna.
Hitzarmen hau interpretatu edo burutzean sor daitezkeen desadostasunak edo eztabaidak Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu.
Zortzigarrena. Finantzaketa
Hitzarmen honek ez du kontraprestazio ekonomikorik sortuko.
Bederatzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta hitzarmena luzatzeko aukera
Hitzarmen honek sinatu eta biharamunetik izango ditu ondorioak eta aurreikusitako lanak amaitu arte egongo da indarrean (beranduenez, 2013ko abenduaren 31). Ez da luzapenik aurreikusi.
Hamargarrena. Izaera, erregimen juridiko eta jurisdikzio aplikagarriak
Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak bere 4.1.c artikuluari jarraikiz onetsitako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginetik kanpo dago. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. eta 8. artikuluek arautzen dute hitzarmen hau.
Bestalde, aipatu 30/1992 Legeko 8.3. artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmena indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auzi eztabaidagarriak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira, bera arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Eta horrekin guztiarekin ados daudela agertzeko, alderdiek lankidetza-hitzarmenaren lau ale sinatu dituzte 2013ko maiatzaren 8an.
Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakaria,
GREGORIO IZQUIERDO LLANES.
Euskal Estatistika-Erakundearen zuzendari nagusia,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.
Gasteiz, 2013ko ekainaren 5a.
BILDUTA:
Alde batetik, Ana Oregi Bastarrika andrea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Gobernu Kontseiluak 2013ko ekainaren 4ko bileran emandako baimena daukana hitzarmen hau izenpetzeko.
Bestetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV / EHU aurrerantzean) errektorea, haren izenean eta ordezkari, UPV / EHUren Estatutuek emandako eskumenak erabilita. Aldeek honakoa
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa. UPV / EHUren helburu nagusietako bat da ezagutza sortzea eta hedatzea, jakintzaren aurrerapenari eta gizarte garapenari lagunduz, ikerketaren bidez eta ikerketaren emaitzak gizarteari helaraziz. Horretarako, bere giza baliabide, bitarteko tekniko eta azpiegitura guztiak erabiltzen ditu.
Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak Lurralde Antolakuntzari buruzko bere arautegia du; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea. Lege hori garatu dute Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, Lurraldearen Zatiko Planak eta Lurraldearen Arloko Planak onartzeko dekretuek, eta horietan integratuko dira, Florentziako Hitzarmenean ezarritakoarekin bat, paisaiaren inguruko parametroak.
Hirugarrena. Paisaiari buruzko Europar Hitzarmena, Florentziako Hitzarmena ere esaten zaiona, Europako Kontseiluak sustatu du eta, orain arte, 27 estatu kidek eta Europako zenbait eskualdek berretsi dute. Paisaiari buruzkoa soilik den nazioarteko lehen tratatua da, eta, bere ikuskera eta postulatuetan, Europako lurralde osoa kontuan hartzen du, bai natura eta landa eremuak, bai hiri eremuak eta hiri inguruetakoak.
Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoa Paisaiari buruzko Europar Hitzarmeneko printzipioei, arauei eta postulatuei atxiki zitzaien, Gobernu Kontseiluak 2009ko uztailaren 21ean hartutako erabakiaren bidez. Hitzarmen horrek, besteak beste, bi helburu nagusi hauek ditu: paisaien babesa, kudeaketa eta antolakuntza sustatzea eta esparru horretan europar lankidetza antolatzea. Zehazki, paisaia lurraldearen antolamendu politiketan ondo integratzen dela bermatzeko hitzarmen horretan jasotako neurriak bultzatzeko konpromisoa hartu du erkidegoak, bai eta hezkuntza eta sentsibilizazio esparruetan hainbat ekintza abiarazteko eta gai honetan adituak prestatzeko konpromisoa ere.
Bosgarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak eta UPV / EHUk elkarlanean dihardute paisaiaren eta lurraldearen esparruan lankidetza hitzarmenen bitartez, ikerketari eta prestakuntzari lotutako jarduerak eramaten baitituzte aurrera, bai eta bestelako ekintza zehatzak ere.
Erakunde biek bat datoz lurraldearen, paisaiaren eta ondarearen berebiziko garrantzia onartzean. Erakundeek oso interesgarri deritzote UPV / EHUn katedra bat sortzeari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren laguntza izango duena, lurraldearen, paisaiaren eta ondarearen inguruko prestakuntza, sentsibilizazio eta zabalkunde jarduerak bultzatzeko, bai eta ikerketaren eta unibertsitate hedakuntzaren alorrekoak ere, eta lan egingo dute katedra hori UNESCO Katedratzat hartua izan dadin.
Seigarrena. UPV / EHUren Estatutuetako 5. artikuluak eskumen hau aitortzen dio unibertsitateari: «irakaskuntzaren, ikaskuntzaren, ikerketaren eta unibertsitate hedakuntzaren oinarri izango diren egitura espezifikoak eratzea».
Funtzio horiekin lotuta dago «UPV / EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen oinarrizko arautegia» (UPV / EHUren Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 16ko Erabakia), unibertsitate katedrak sortu eta katedren administrazio kudeaketarako gaitasun nahikoa duena.
Hortaz, bi erakundeen arteko lankidetza gauzatzeko xedez, dokumentu honetan jasotzen den lankidetza hitzarmena sinatzea hitzartu dute, jarraian aipatzen diren klausulen arabera,
KLAUSULAK
Lehenengoa. Helburua.
Hitzarmen honen helburua da arautzea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eta UPV / EHUren arteko lankidetza, UPV / EHUren Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedra sortu, garatu eta bultzatzeko.
Katedra hori tresna bat izango da lurraldearen, paisaiaren eta ondarearen antolakuntzari lotutako prestakuntza, ikerketa, sentsibilizazioa, zabalkundea eta gizarte hedakuntza sustatzeko. Horrez gain, nazioartean ospea daukaten ikertzaileen arteko elkarlanerako bidea izango da katedra, ahalbidetuko duena lan egin dezatela harreman estua izanda gizartearen interes eta kezkekin, inguruko beste erakundeekin eta munduko beste lurralde batzuekin.
Bigarrena. UPV / EHUren konpromisoak.
Honako hauek dira UPV / EHUren konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak katedra sortzea onartuko du.
Errektoreak katedraren koordinatzailea izendatuko du.
Lokal bat jarriko du katedraren eskura Arabako Campusean, egoitza izan dezan bertan.
Prestakuntza, ikerketa, zabalkunde eta sentsibilizazio jarduerak bultzatu eta eramango ditu aurrera katedraren esparruan, bat etorrita hitzartuko diren jarduera planarekin eta aurrekontuarekin.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrean justifikatzea katedra honetarako sail horrek egin duen ekarpena zertarako erabili den.
Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedraren kanpo-finantziazioa amaitzen bada, UPV / EHUk katedra hori bertan behera utzi ahal izango du.
Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren konpromisoak.
Honako hauek dira Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren konpromisoak, hitzarmen honi dagokionez:
Sailak parte hartuko du katedraren jardueren jarraipenean eta hitzarmenaren garapenean.
Katedraren ohiko finantziazio eta sustapenean hartuko du parte, kasuan kasuko organoak urtero onartuko duen diru kopuruarekin, hitzarmen honetako bederatzigarren klausulan zehaztutako mugen barruan.
Katedrak antolatuko dituen sentsibilizazio eta zabalkunde jardueretan lagunduko du.
Gainera, erakunde biak elkarlanean arituko dira eta beharrezko tramiteak egingo dituzte katedra Unesco Katedratzat hartua izan dadin.
Laugarrena. Katedraren jarduerak.
Honako hauek dira Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedraren jarduerak, hitzarmen honi dagokionez:
Paisaiari, ondareari eta lurraldeari buruzko azterlanekin, ikerketarekin eta gizarte hedakuntzarekin zerikusia daukaten jarduerak bultzatu eta zabaltzea.
Denen intereseko alorretan diharduten erakundeen arteko truke eta lankidetza harremanak sustatzea, bereziki arloari lotutako Unesco Katedren Munduko Sarearekin.
Prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea katedraren esparruan, eta egingo diren azterlan eta ikerlanetako emaitzak zabaldu eta hedatzea.
Doktorego tesiak egitea bultzatzea, bai eta gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak ere, katedraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari laguntza ematea, sail horrek katedraren esparruan egingo dituen jardueretan.
Jarduera horiei esker, besteak beste, katedra erreferente bihurtuko da bere esparruan, eta UPV / EHUren garapenari lagunduko dio, unibertsitate ikertzailea izan dadin, mundura irekia, bere lurraldean eta kulturan sustraitua.
Bosgarrena. Egoitza.
UPV / EHUren Lurraldea, Paisaia eta Ondarea Katedraren egoitza unibertsitatearen Arabako Campusean egongo da, eta katedrak behar bezala funtziona dezan beharrezkoak diren tokiak erreserbatuko dira.
Katedrak, gainera, presentzia birtuala izango du UPV / EHUk horretarako prestatuko duen webgunean.
Seigarrena. Katedraren arduraduna.
Katedraren arduraduna jardunean dagoen UPV / EHUko irakasle bat izango da, doktore-titulua duena, eta Unibertsitatearekin kontratu-harreman egonkorra duena. Lana egin behar duen eremuan ospe handia duen pertsona bat izan behar da, eta, era berean, ibilbide akademiko aipagarria duena. UPV /EHUko errektoreak izendatuko du arduradun hori, betiere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari entzun ondoren.
Katedraren arduradunak bultzatuko du katedra horren jarduera, eta bere zuzendaritzapean burutuko da jarduera-programa, zeinean sartuko baita mintegiak, zabalkunde-ekintzak eta ikerketa proiektuak egitea.
Horretaz gain, Jarraipen Batzordeari aurkeztu behar dizkio, hark onar ditzan, aurreko urteko kontuak, baita hurrengo ekitaldian egingo diren jarduerak eta dagokion aurrekontua ere.
Katedraren arduradunak, urte bakoitzaren amaieran, egindako jarduerei buruzko memoria bat landuko du, zeina katedra hori atxikia duen UPV / EHUko Errektoreordetzara eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera bidaliko baita.
Zazpigarrena. Jarraipen Batzordea.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta UPV / EHUk erabaki dute Jarraipen Batzorde bat sortzea, hitzarmen honetan adierazitako helburuak beteko direla bermatzeko.
Jarraipen Batzordea UPV / EHUko bi ordezkarik eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bi ordezkarik osatuko dute. Batzorde horren lehendakaritza-lanak bi alderdiek egingo dituzte, txandaka, eta sei hilean behin egingo da aldaketa. UPV / EHU izango da lehendakaritza bere gain hartuko duen lehena.
Jarraipen Batzordeak, besteak beste, honako egiteko hauek izango ditu:
Katedraren urteko jarduera-plana onartzea.
Katedraren urteko aurrekontua onartzea.
Urteko aurrekontu-betearazpena onartzea.
Katedraren arduraduna bileretara joango da; hitz egiteko eskubidea izango du, baina ez boto eskubiderik.
Halaber, katedrari Unesco Katedra izaera aitortzen bazaio, erakunde horren ordezkari bat ere joango da bileretara, zeinak hitz egiteko eskubidea izango baitu, baina ez boto-eskubiderik.
Jarraipen Batzordea, gutxienez, sei hilean behin bilduko da. Bileretarako deialdia Jarraipen Batzordearen lehendakari denak egingo du; hiru hilean behin, behintzat, egin beharko du (kontu-ematea onartzeko, eta jarduerak eta aurrekontua onartzeko), eta aldeetako batek behar bezala justikatuta eskatzen badu ere egin ahal izango du.
Jarraipen Batzordearen izaera kontuan hartuta, aurrekontua onartzeko, ezinbestekoa izango da hitzarmen hau sinatzen duten bi erakundeen ordezkariak bertan egotea, berorren eraginkortasuna bermatu ahal izateko. Nolanahi ere, ez da horren beharrik izango erakunderen batek bere egiten badu deialdiarekin batera bidaltzen zaion proposamena, eta hori idatziz adierazten badu bilera hasi aurretik.
Zortzigarrena. Alde sinatzaileen ekarpenak.
Katedra Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpen monetarioekin eta UPV / EHUren ekarpen ez-monetarioekin finantzatuko da; horiez gainera, aurreikusitako jardueren esparruan lor ditzakeen diru laguntzak, laguntzak eta kanpo finantziazioko bestelako iturriak erabili ahal izango ditu.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpenak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ondoren aipatzen diren kopuruak emango ditu gehienera 2013, 2014 eta 2015eko aurrekontu ekitaldietarako, 13.0.1.09.21.0000.1.418.01.43130.002K aurrekontu sailaren kargura, hitzarmen honetan adierazitako ekintzak eramateko aurrera. Hauek dira urte bakoitzean emango dituen kopuruak:
2013 - 75.000 euro.
2014 - 75.000 euro.
2015 - 75.000 euro.
Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 225.000 euro emango ditu gehienera finantziaziorako. Zenbateko hori behin betikoa da eta ez du onartzen ez eguneratzerik, ez eta egokitzapenik ere; beraz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ez du inolaz ere finantzatuko klausula honetan adierazitako zenbatekoa handitzea ekarriko lukeen aurrekontu desbideratzerik.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekarpen ekonomikoa bateragarria izango da helburu bera erdiesteko dauden bestelako diru laguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin, edozein dela ere laguntzak ematen dituen administrazioa, erakunde publiko edo pribatua, eta horiek estatukoak, Europar Batasunekoak nahiz nazioartekoak izan, betiere diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada, eta jasotzen diren gainerako diru laguntzei buruzko araudiak horri buruz ezartzen duena urratzen ez bada.
UPV / EHUren ekarpenak.
UPV / EHUk lokal bat prestatuko du katedrak erabil dezan, etorkizuneko premien arabera handitu ahal izango dena, toki erabilgarririk egonez gero.
Horrez gainera, katedraren funtzionamenduari lagunduko dio unibertsitateko langileen laguntzarekin, eta bere gain hartuko ditu jarduerak aurrera eramateko erabiliko diren lokalen, azpiegituren eta unibertsitate zerbitzuen mantentze gastuak.
Bederatzigarrena. Ordaintzeko era.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bederatzigarren klausulan ezarritakoaren arabera eta hamargarren klausulako betekizunak kontuan hartuta jarri behar duen zenbatekoa, honela ordainduko zaio UPV / EHUri:
2013. urtean, 75.000 euroko lehenengo ordainketa bat egingo da, hitzarmen hau izenpetu eta 2013ko jarduera-plana onartu ondoren.
2014. urtean, ordainketa bakar bat egingo da, 2013ko ekitaldian justifikatutako gastuen bestekoa izango dena.
2013 eta 2014ko ekitaldietako gastuen gehienezko muga 150.000 eurokoa izango da.
2015ean, ordainketa bakar bat egingo da, honela banatua:
2014ko ekitaldian justifikatutako gastuen % 50.
500 euroko zenbateko finko bat.
2016an, martxoaren 31 baino lehenago, 2015eko ekitaldiaren gastuak justifikatu beharko dira, eta sarreren eta gastuen 2015eko abenduaren 31ko balantzea aurkeztu, likidazioa egiteko.
Hamargarrena. Justifikazioa.
Hitzarmen honi dagozkion ekarpen ekonomikoak justifikatuko dira katedraren Jarraipen Batzordeak burutu diren jarduerak onartzen dituenean, eta, betiere, sailaren aurrean ekitaldiko gastuak justifikatu ondoren, gutxienez, honako dokumentazio hau aurkeztuta:
Txosten akademikoa edo jardueren memoria, hitzarmen honetan jasotako jarduerak zein neurritan bete diren eta zeintzuk emaitza lortu diren arrazoituko duena; txosten horretan, halaber, egitasmoan egindako aurrerapenak azalduko dira.
Txosten edo memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua adierazita. Era berean, atal hauek jasoko dira bertan:
Hitzarmenaren helburuak lortzeko egindako gastuak justifikatzen dituen memoria bat, eta zerrenda sailkatu bat (excel formatuan), ahalbidetuko duena hauek guztiak identifikatzea: hartzekoduna, zenbatekoa, igorpen-eguna, eta, hala badagokio, ordainketa-eguna, betiere, gastu bakoitzaren dokumentu euskarria aipatuta. Euskarri hori izango da faktura edo balio berbera duen dokumentu frogagarri bat, merkataritza-trafiko juridikoan baliozkoa dena, edo administrazio eraginkortasuna duena.
Jarduera horiek finantzatu dituzten beste diru sarrera edo diru laguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoak eta jatorria adierazita.
Unibertsitateak jasotzen dituen diru laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru horren bidez aurrera eramango diren jardueren kostua, berak bakarrik edo estatukoak zein nazioartekoak diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen diru laguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideekin batera.
Hamaikagarrena. Publizitatea eta hedapena.
Katedrak, UPV / EHUko nortasun juridikorik gabeko erakundea denez, unibertsitatearen irudi korporatiboa erabili beharko du unibertsitate jarduerei buruzko komunikazio orotan eta sortutako ezagutza hedatzeko eta zabaltzeko ekitaldi guztietan, eta UPV / EHUren irudi korporatiboaren ikusgarritasuna bermatuko da eskuliburuan aurreikusitako moduan. Ekoizpen zientifikoari dagokionez, UPV / EHU beti agertu beharko da. Katedrak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak ezarritako argibide guztiak errespetatuko ditu, haren irudi korporatiboari dagokionez.
Katedrak egiten dituen ekitaldi eta jarduera guztietan UPV / EHUren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren logotipoak agertuko dira, antzeko neurri eta adierazgarritasunarekin, katedraren erakunde sustatzaile gisa, eragozteke horregatik beste entitate edo erakunde laguntzaile batzuen logotipoak ere agertzea.
Hamabigarrena. Indarraldia.
Lankidetza hitzarmen hau sinatzen den unetik aurrera egongo da indarrean, 2016ko martxoaren 31 arte.
Hamahirugarrena. Izaera eta interpretazioa.
Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta berau interpretatu eta garatuko da administrazio zuzenbidearen arabera.
Edonola ere, hitzarmen honetan xedatuta ez dagoen guztirako UPV / EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen oinarrizko arautegia aplikatuko da.
Hamalaugarrena. Indargabetzea.
Hitzarmen hau baliogabetu egingo da aldeetako batek betetzen ez badu; halakoetan, beste aldea jakinaren gainean jarri beharko da, idatziz, gutxien dela hilabete lehenago.
Hitzarmen honetan jasotako klausulak edota indarreko legedian jasotzen diren izaera bereko beste batzuk ez betetzea hitzarmena baliogabetzeko arrazoia izango da berori izenpetzen duten aldeentzat.
Nolanahi ere, denuntzia jakinarazten den unean hasita dauden jarduerak bukatzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek.
Hitzarmena interpretatu, aldatu edo baliogabetzean eta bere ondorioak aztertzean gerta daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 8.3 artikuluan adierazitakoaz bat.
Hamabosgarrena. Aldaketak.
Hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko, horren berri eman beharko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiari eta UPV / EHUri, ontzat eman dezaten; ondoren, bi erakundeetako organo eskudunek onartu beharko dute aldaketa.
Eta aurreko guztiarekin ados daudela erakusteko, alde biek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,
FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA.
*Errektorea ez egoteagatik, gobemu taldearen egitura eta funtzíonamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Erabakiarekin bat etorrita.


